Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2024ko urtarrilaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
343

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 2koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita Hernaniko (Gipuzkoa) Akan soberakin-biltegirako betelana handitzeko proiektuari dagokionez.

AURREKARIAK

2023ko irailaren 20an, Hernaniko Udalak eskaera bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Hernaniko (Gipuzkoa) Akan soberakin-biltegirako betelana handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko urriaren 11n, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena ondo babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egingo zaio hizpide dugun proiektuari, zera ezartzen baitu abenduaren 9ko 10/2021 Legeak E eranskineko 9. taldeko c) epigrafean: «Ibaietatik, lehorretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lehorreko instalazioak, hektarea bat edo azalera handiagoa hartzen badute». Proiektuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren Gipuzkoako adarraren Urnieta-Hernani tarteko plataforma eraikitzeko proiektuaren obren esparruan egin zen betelana handitzea, beste 16.524 m2 okupatuz. Ondoriozko plataformaren gainean, sustatzaileak sagarrondoak landatuko ditu.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hernaniko (Gipuzkoa) Akan soberakin-biltegirako betelana handitzeko proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren txostena formalizatzea, baldintza hauekin:

A) Proiektuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren Gipuzkoako adarraren Urnieta-Hernani tarteko plataforma eraikitzeko proiektuaren obren esparruan egin zen betelana handitzea. Hain zuzen ere, betelanaren azalera 16.524 m2 handituko da. Ondoriozko plataformaren gainean, sustatzaileak sagarrondoak landatuko ditu.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Hernaniko (Gipuzkoa) Akan soberakin-biltegirako betelana handitzeko proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berrian plataforma bat eraikitzeko proiektuaren obren esparruan egin zen betelana handitzea, zeina Hernaniko Ibaiondo industrialdearen eta A-15 autobiaren hegoaldean kokatua baitago. Betelanaren edukiera potentziala 219.602 m3 bazen ere, obrak egin zirenean ez zen kolmatatu, eta, beraz, beste 85.767 m3-ko edukiera izateko aukera galdu zen. Betelanaren azalera 16.524 m2 inguru handituko da. Ondoriozko plataformaren gainean, sustatzaileak sagarrondoak landatuko ditu.

Udalerri mugakideen herri-lanetatik eta partikularren hondeaketa-lanetatik ateratako lur eta arroka naturalak soilik onartuko dira material gisa. Hain zuzen ere, Europako hondakinen zerrendan LER 17 05 04 kodea duten materialak izango dira (Lurra eta harriak, 17 05 03 kodean zehazten ez direnak), Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz –Europako hondakinen zerrenda Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 2014/955/EB Erabakiaren bidez argitaratu zen, zeinak aldatu baitzuen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera–. Berariaz adierazten da ezin izango direla onartu lurzoru kutsatu gisa katalogatu diren partzeletako lurrak.

Jarduketa-eremuan dagoeneko badaude egin nahi den jarduketaren aurretik gauzatuta egon behar duten azpiegitura guztiak, hala nola sarbideak, areka perimetralak eta hondoko draina –zeinak bat egiten baitute beheko aldean kokatuta dagoen dekantazio-putzu batean–, bai eta perimetroko itxitura osoa ere.

A-15 autobiaren azpiko pasabide bat erabiliz sartzen da eremuan, Hernaniko Ibaiondo industrialdetik. Gaur egun, sarbidea hormigoituta dago.

Betelanak babes-areken eta hormigoizko zorrotenen sistema bat du, betelanaren gailurretik eta ezponda perimetraletatik datozen azaleko jariatze-urak bildu eta betelanaren beheko aldean dagoen dekantazio-putzura eramateko. Dekantazio-putzu hori abandonatuta dago gaur egun. Betelanaren drainatzea osatzeko, hondoko drainatzea dago; hau da, drain frantses bat, barrualdean 200 mm-ko PVCzko hoditeria eta sardinezurkako adarrak dituena. Bai hoditeria eta bai drain frantsesa xafla geotestil batekin estalita daude.

Gaur egun, areka perimetralen kota altuagoa denez betelanarena baino, drainatzea ez da egokia, eta, beraz, lubakiak sortzen dira urak eragindako higaduraren ondorioz. Betelana handituz, lursaila eta areka perimetralak lotuko dira.

Betelana egiteko, fase preoperatibo bat egongo da; hau da, lursaileko belar-sastrakak garbituko dira, 20 cm-ko landare-lur geruza bat kenduko da, eta hori guztia pilatu egingo da, lursailaren handitzeak ukitutako azalera lehengoratzeko lanetan berrerabiltzeko. Orobat, gurpilak garbitzeko putzu-sistema bat ezarriko da, betelanera iristeko bidearen hasieran. Gurpilak garbitzeko ura zisterna-kamioi batek eramango du, hartara ez da ur-hargunerik beharko. Putzuak 6,50 metro luze izango den zona horizontal bat izango du, eta kamioiak sartzeko eta irteteko bi arrapala, bakoitza 3,50 metro luze izango dena. Horrez gainera, zeharkako bi horma jarriko dira, urak gainezka egin ez dezan: zona altuetan 20 cm-ko altuera izango dute gutxienez, eta zona baxuetan, berriz, 50 cm-koa, eta 20 cm-ko bizkarra.

Bigarren fasean, betelana bera egingo da, zentsu hertsian. Industria-ingeniari tekniko bat izendatu da betelanaren arduradun tekniko gisa, eta proiektuak ezarriko du nola kontrolatuko diren sarbideak.

Biltegiko ezponden egonkortasuna ziurtatzeko, 3H/1V maldako ezpondekin proiektatu da betelana. Bestalde, materiala zabaldu eta trinkotu egin beharko da, txosten geoteknikoan eskatzen diren ezaugarriak betetzeko.

Proiektuan ez dago aurreikusita ezein zerbitzu-sare instalatzea (elektrizitatea, ur-hornidura, telefonia, etab.). Ez da energia elektrikorik beharko, eta ura hornitzeko, zisterna-kamioi bat erabiliko da.

Ukituko diren zerbitzuei dagokienez, gaur egun betelanaren goiko aldea aireko linea elektriko batek zeharkatzen du, zeinak galibo nahikoa baitauka materiala zabaldu eta trinkotzeko lanak segurtasun-baldintzak betez egin ahal izateko; horrenbestez, ez dago beharrik linea hori aldatzeko. Bestalde, ur-hornidurako bi hodi daude inguruan, baina handitzeak ez die inolaz ere eragingo, ukitutako eremutik kanpo daudelako.

Kalkulatu da, gutxi gorabehera, 10 urteko epea beharko dela betelana osatzeko, nahiz eta adierazi den sustatzailearen interesa epe hori ahalik eta gehien laburtzea dela.

Behin material guztiak biltegiratuta, betelanaren eremu osoaren, sarbidearen eta instalazio lagungarrietako zonaren paisaia lehengoratzeko eta landareztatzeko lanei ekingo zaie. Jarduketa hauek proposatu dira landareztatze-lanetarako: 30 cm-ko landare-lur geruza bat jartzea; hidroereitea, eta ezpondetan eta bazterretan landaketak egitea (Quercus robur, Fraxinus excelsior, Alnus glutinosa eta Acer campestre, unitate bat 16 m2 bakoitzeko, eta Corylus avellana, Crataegus monogyna, Salix atrocinerea eta Cornus sanguínea, bi zuhaixka arbola bakoitzeko). Orobat, mantentze-lanak ere aurreikusita daude.

Betelanaren ondoriozko plataforman ez da ezer landatuko, sustatzaileak sagarrondoak jarri ahal izan ditzan.

Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren plataforma eraikitzeko obretan amaitu gabe geratu zen betelana osatu nahi denez, gero fruta-arbolak landatzeko, eta kokaleku horretan dagoeneko badaudenez aurrez egon beharreko azpiegitura finko guztiak, ez da beharrik egon kokaleku edo sarbide alternatiborik pentsatzeko.

Bestalde, egin nahi den handitzeari esker, lursaila eta areka perimetralak lotuko dira, malda koherenteak berrezarriko dira, eta inguruko estaldurarekin bat datorren landare-estaldura ezarriko da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren xede-eremua Hernaniko Ibaiondo industrialdearen eta A-15 autobiaren hegoaldean dago, ibarbide txiki batean, Akan erreka igarotzen zen lekuan. Akan erreka Urumearen eskuin bazterreko ibaiadar bat da, Akarregi meandroaren parean dagoena. Ibarbidearen beheko aldean, etxebizitza isolatu batzuk daude (Akan, Akanberri, Erratzuberri, Munto, Tturkoenea eta abar). Goiko kotan, berriz, hurbilen dagoen baserria Juanantonenea da, eta eremuaren ipar-ekialdean dago.

Partzelaren drainatzea betelanaren lehenengo fasea egin zenean aldatu zen (areka perimetralak eta hondoko draina); beraz, gaur egun ez dago ur-ibilgurik han. Areka perimetralak egungo lursailaren kotatik gora daudenez, ura modu desordenatuan jariatzen da, eta horrek urak eragindako higadura-arazoak ekartzen ditu berekin.

Lurzoru urbanizaezina da (nekazaritza nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko kategoriakoa), zeina betelanaren hasierako faserako nahitaezkoak ziren azpiegituren exekuzioak eraldatu baitzuen. Gaur egun dagoen landaredia betelanaren lehenengo fasean egin ziren lehengoratze-jarduketen ondoriozkoa da (landare belarkaren eta zurkaren hidroereitea). Betelanak ukitutako eremuan ez dago zuhaitz-masa autoktonorik, ingurunean baitaude, bereziki eremuaren hegoaldean, belardiak, fruta-arbolak eta baso-sailak dituen mosaikoa osatuz.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, betelanaren hegoaldean espezie exotiko inbaditzaileak daude; hain zuzen ere, Cortaderia selloana (panpa-belarra).

EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eremua ez dago balio estrategiko handiko lurzoruetan.

Eragin-eremuan ez dago flora- edo fauna-espezie mehatxaturik, ez naturagune babesturik, ez eta inbentarioan jasotako natura-intereseko lekurik ere. Halaber, eremuak ez du bat egiten EAEko Azpiegitura Berdearen Sarean zehaztutako ezein egitura-elementurekin, ezta Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko Zona Babestuen Erregistroan dagoen ezein elementurekin ere (duela gutxi onartu da erregistro hori, urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez).

Eremua nekazaritza-paisaia batean dago, non, batez ere, belardi eta labore atlantikoak baitaude, ibai-jabarian, hegal eta ibaiarte konkortuekin. EAEko paisaia berezi eta bikainen katalogoaren aurreproiektuaren arabera (2005), eremua Hernaniko ikuseremuan dago (258. zk.), paisaia-balio oso txikia du, eta paisaia oso arrunta da.

Ez dago ondare-intereseko elementurik.

Azkenik, ez da hauteman uholde-arriskurik, ez eta lurzoru kutsaturik ere, eta akuiferoek kutsadurarekiko duten kalteberatasuna oso txikia da. VI. mailako arrisku sismikoa du zona horrek.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla eta, inpaktu nabarmenenak betelanak exekutatzeko fasean sortuko dira, eremura materialak garraiatzeagatik eta eremuan bertan makinek egingo dituzten joan-etorriengatik; horrek guztiak uraren eta airearen kalitatean izango du eragina, hautsa, zarata eta bibrazioak sortuko baitira. Horrez gainera, eremuaren morfologia-aldaketak paisaiari eragingo dio.

Aurkeztu den azterlan akustikoaren arabera, handituko den eremuaren inguruan zazpi etxebizitza isolatu daude, eta baliteke han hautsak, zaratak eta bibrazioek eragina izatea, betelana ustiatzen den bitartean. Dena den, zarata-mapak eta identifikatutako bizitegi-erabilerako eraikinen fatxadetako esposizio mailak aztertu ondoren, kontuan harturik deklaratutako zarata-iturriak eta goiz-arratsalde tartea –tarte horretan funtzionatuko baitu jarduerak–, azterlanean ondorioztatu da ez dela aurreikusten lurraldeko ezein areatan neurri zuzentzaileak hartu behar izango direnik. Hala ere, azterlanak xedatzen du, jardueraren garapena azterlanari lotzen zaiola bermatzeko, behin jarduera ezarrita dagoenean, emaitzak in situ egiaztatu beharko direla, neurketa akustikoak eginez; azken finean, azterlana kalkulu teorikoetan oinarritzen da.

Ez da arrisku nabarmenik detektatu proiektuaren eremuan. Akuiferoek kutsadurarekiko duten kalteberatasuna oso txikia da, eta ez da detektatu higadura- edo uholde-arazorik. Era berean, ez da aurkitu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen partzelarik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait baldintza ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Hernaniko (Gipuzkoa) Akan soberakin-biltegirako betelana handitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

A) Proiektuari ezarritako baldintzak eta neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira, ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Horrez gain, apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

A.1.– Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria.

Bakar-bakarrik onartuko dira hondeaketa-lanetatik ateratako lurrak eta arrokak, Europako hondakinen zerrendan LER 17 05 04 kodea dutenak –Europako hondakinen zerrenda Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 2014/955/EB Erabakiaren bidez ezarri zen, zeinak aldatu baitzuen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia–.

Proiektatutako betelanetik kanpo geratzen dira, berariaz, lehen aipatutako material naturalak, baldin eta:

– Ikusten bada, hondeatzean, material naturalez bestelako material edo objektuekin nahasita daudela, hala nola hormigoi-hondarrak, material zeramikoak, metalak, plastikoak, zurak eta abar.

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinaren arabera eta urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren arabera, materialen jatorria bada lurzorua kutsa dezakeen jardueraren bat hartu duten lurzoruak edo kutsatuta egon daitezkeelako zantzuak dituzten lurzoruak (4/2015 Legea, Lurzorua ez kutsatzekoa eta kutsatutakoa garbitzekoa; 9/2005 Errege Dekretua, Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako irizpide zein estandarrak ezartzen dituena).

A.2.– Proiektuaren eremua.

Jardueraren gehieneko afekzio-eremua bat etorriko da sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduran aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten diren mugekin.

Obrak, bai eta lurra okupatzea berekin dakarten eragiketa lagungarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Gainera, ez da belar-sastrakarik garbituko, ez landarerik kenduko, beteko den gunetik edo okupatuko diren bideetatik kanpo.

Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik egonez gero, hori zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokienak aplikatuko dira.

A.3.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Itxitura perimetralaren zenbait puntutan tarte libreak utzi beharko dira, beheko aldean, lur-arrasetik 15-20 zentimetroko garaierakoak. Betelanak ixteko fasean, hesi guztiak kendu beharko dira.

Kontuan hartuta drainatze-elementuak eta jariatze-urak desbideratzeko elementuak lehendik exekutatuta daudela eta helburua dela animalia txiki gutxiago hiltzea elementu horietan itota edo harrapatuta, teknikari espezialista batek aztertuko du zenbateraino den beharrezkoa elementuok egokitzea, animaliak errazago irten daitezen handik; hala badagokio, ezarri beharreko neurriak ere proposatuko ditu.

Jatorrian bertan hartuko dira neurriak, betelaneko materialak sartzeagatik edo kanpoko landare-lurrak hartzeagatik espezie aloktono inbaditzailerik ez sartzeko eta ez hedatzeko (Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Amaranthus spp., Echinochloa spp., Buddleja davidii, Baccharis halimifolia, banbuak eta abar), eta, halakorik gertatuz gero, detektatzeko; beraz, ez dira erabiliko aipatutako espezieekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak.

Bestalde, betelanak hasi baino lehen, gunearen hegoaldean dauden Cortaderia selloana aleak eta detektatzen den beste edozein espezie aloktono inbaditzaileren aleak desagerrarazi beharko dira. Horretarako, zonaren prospekzioa egingo du teknikari espezialista batek, eta erabakiko du zein den metodologia egokiena espezie bakoitza desagerrarazteko. Halako espezieak dituzten zonetatik hartu den landare-lurra honela kudeatuko dela ziurtatu behar da: inbaditzaileen propagulurik ez duten lurren azpian sartuta, azaletik 3-4 metrora, nola betelaneko gunean bertan, hala hondakindegi baimendu batean.

A.4.– Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

Betelanean materialak metatzearekin lotutako jarduera guztietan, lurzorua, lurpeko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak beteko dira.

Lurra bota aurretik, lurzoru emankorraren goiko geruza modu bereizian erretiratuko da, landareztatze-prozesuaren amaieran berrerabiltzeko. Horretarako, okupatuko den eremuko landare-geruza pilatzeko eremu bat hautatu beharko da, betelanetik behar bezain urruti dagoena, makinen eraginez trinkotu ez dadin, lurzoru lau edo malda txikiko batean. Halaber, behar dena egingo da, pilaketa-eremu horien inguruan istiltzerik egon ez dadin. Geruzak bereizita metatuko dira, gehienez ere 2 metroko altuera eta 3 metroko zabalera duten geruzetan. Komeni da pilaketa-eremuak seinaleztatzea.

Landare-lurra, pilatuta dagoen bitartean, obrako makinen edo lurra zapaltzearen eraginez ez trinkotzea lortu behar da. Orobat, landare-lurraren ezaugarriak mantendu edo hobetzeko ahaleginak egingo dira, gramineoak eta lekadunak ereinda eta ongarritarako erabilita edo lurra estalita.

Pilatutako lurrak aldian behin aztertuko dira, espezie aloktono inbaditzailerik baden detektatzeko, eta, hala badagokio, neurri zuzentzaile egokiak proposatzeko.

Landare-lurra ahalik eta denbora gutxien edukiko da pilatuta. Ahal den neurrian, geruza horiek ahalik eta lasterren zabalduko dira berriro, haren ezaugarri fisikoen galera galarazteko eta hazien ernetze-gaitasuna eta jarduera biologiko naturala aprobetxatzeko. Edonola ere, isurtze-lanak amaitzen direnetik 6 hilabete igaro baino lehen zabaldu beharko da landare-lurra.

Obra-makinetarako eta beste instalazio lagungarri batzuetarako guneak drainatze naturaleko saretik isolatu beharko dira. Bestalde, mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gune iragazgaiztuan egingo dira, horrela ez baita oliorik edo erregairik isuriko lurrean.

Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da, istripuz isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko. Halakoetan, hondakin arriskutsuen kudeatzaile baten bidez gestionatu beharko dira kutsatutako lurrak eta isuria biltzeko erabilitako material xurgatzailea.

Dekantazio-putzua berregokitu egingo da, betelaneko jariatze-ura eta hondoko draineko ura putzura bideratzen daitezen, isuri aurretik dekantatu ahal izateko. Betelanerako sarbidean, gurpilak garbitzeko sistema instalatuko da; haren kokalekua eta ezaugarriak sustatzaileak emandako dokumentazioan adierazita daudenak izango dira.

Jabari publiko hidraulikora egiten den isurketa orok Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena izan beharko du.

A.5.– Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

Proiektuaren exekuzioak ukitutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.

Belar-sastrakak garbitzean sortutako hondakin xehatuen erabilera lehenetsiko da, geroko landareztatze-prozesuan erabili ahal izango diren estaldura organikoak (mulch) sortzeko. Horretarako, belar-sastrakak garbitzetik sortutako materiala pilatzeko gune bat aurkitu beharko da.

Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, betelana amaitutakoan, hura prestatu eta azalera osoaren gainean 30 cm-ko landare-lur geruza bat jarri ondoren, espezie belarkarak hidroereingo dira denean, ingurumen-dokumentuan adierazita dauden dosiak eta espezie-nahasteak erabiliz; ondoren, ingurumen-dokumentuko 6. planoan jasota dauden azaleretan, arbolak eta zuhaixkak landatuko dira, agiri horretan adierazitako espezieak eta proportzioak errespetatuz. Arbolek 4-6 cm-ko perimetroko enborra izango dute, metro bateko altueran neurtuta, eta sustrai-lurrarekin eramango dira; zuhaixkek, berriz, 80-100 cm-ko altuera izango dute, eta edukiontzietan eramango dira. Sustatzaileak adierazitako dentsitatea izango dute landaketek.

Barietate autoktonoak ekoizten dituzten tokiko mintegi egiaztatu eta akreditatuetatik datozen haziak eta landareak erabiltzea aholkatzen da, horien klima- eta lurzoru-baldintzak landareztatu beharreko zonaren antzekoak baitira.

Ezarritako landaredia mantentzeko lanek gutxienez bi hostoketa-fase oso iraungo dute, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.

A.6.– Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

Ahalik eta hauts gutxien sortuko da betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean jalkitzean. Horretarako, neurri hauek hartuko dira:

– Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.

– Garraiatu beharreko zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, azaletik ureztatuko da.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, erratz-makina erabiliz edo ureztatzeak programatuz, detektatzen diren hauts-emisioen kantitatea zein den. Sarbideek egoera onean egon beharko dute une oro, lokatzik gabe. Ureztatzeak egiteko, zisterna-ibilgailuak erabili ahal izango dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

Ez da hondakinik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

A.7.– Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.

Zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata gutxitzen saiatzean, obretan erabilitako tresnen soinu-emisioak kontrolatzean eta abarretan. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira beti.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

A.8.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, alegia, hurrenkera honetan: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, jarioren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

A.9.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lanak egiten direnean aztarna arkeologikorik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

B) Ingurumenaren jarraipena egiteko programa.

B.1.– Zarata kontrolatzea.

Bermatu beharra dagoenez jarduera lotzen zaiola azterlan akustikoan egindako kalkulu teorikoen emaitzei, jarduera funtzionatzen hasi eta gero neurketa akustikoak egingo dira, in situ, zarata-mailak kontrolatzeko. Neurketa hauek egingo dira, zehazki:

– Azterlan akustikoan 7. zenbakiarekin identifikatutako bizitegi-eraikinean neurketa jarraitua egingo da, 1 motako doitasuna eta aire zabaleko kita dituzten estazioak erabiliz, zeren eta, horrela, zarataren monitorizazio jarraitua bermatuko baita. Neurketa jarraitua eginez, ziurtatu beharko da betelanek aurrera egin ahala jardueran sortuko den zarata-maila ez dela izango onartutako maila baina handiagoa, bizitegi-erabilerako eraikin kaltetuenetan, kasuan-kasuan.

– Bizilagunen kexak badaude, zarataren immisio-mailak (LKeq) neurtuko dira noizean behin, jarduerak gehien ukitzen dituen besteren erabilerei balizko eragozpena eragiten zaien leku adierazgarrietan, instalazio guztiak funtzionatzen ari direnean eta intzidentzia-maila handieneko orduetan, FASE guztiak hartuta.

Zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan adierazitakoak izango dira. Neurketak egiteko metodologia abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren II. eranskineko prozedurei lotuko zaie; errege-dekretu horrek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen du, ingurune-zarataren ebaluazioari dagokionez. Orobat, muga-balioak betetzen direla egiaztatzeko prozedura urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 52. artikuluaren araberakoa izango da. Muga-balioak gaindituz gero, egokiak diren neurri zuzentzaileak ezarri beharko dira.

B.2.– Uraren kalitatea kontrolatzea.

Dekantazio-putzuko efluenteak kontrolatzeko, betetze-fasean, parametro hauen laginak bildu eta analizatuko dira, hamabost egunetik behin: pH-a, eroankortasuna, solido esekiak, olioa eta koipeak eta hidrokarburoak. Emaitzen arabera erabakiko da neurri zuzentzaile gehigarriak hartzeko premia dagoen. Printzipioz, sustatzaileak proposatutako gurpil-garbigailuak ez du isuririk sortuko, baina, hala ere, hura hustea beharrezkoa izango balitz, efluentea kontrolatu beharko litzateke, ezer isuri baino lehen.

B.3.– Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren emaitzak.

Jarduera ustiatzen hasten denetik hura utzi arte, urtean behin eskuratu beharko dira ingurumenaren jarraipena egiteko programa osatzen duten analisien eta txostenen emaitzak. Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenaren jarraipena egiteko programaren emaitzak Hernaniko Udalaren egoitza elektronikoan egingo dira publiko, eta, aurrez, ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

C) Jarduera uztea.

Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

Behin jarduera utzita, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da: obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatuko dira, instalazio lagungarriak, gurpil-garbigailua eta dekantazio-putzua barne. Ezarritako landaredia sustraituta dagoenean kenduko da itxitura perimetrala; mantentze-lanak amaitu arte, gutxienez, jarrita utziko da (bi hostoketa-fase oso).

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Hernaniko (Gipuzkoa) Akan soberakin-biltegirako betelana handitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Hernaniko Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 2a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala