Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2024ko urtarrilaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
342

AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta iragartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeentzako 2024ko ekitaldiko laguntzak.

EAEko Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeentzako laguntzak euskal enpresen lehiakortasuna lankidetzaren bidez handitzeko helburu estrategikoaren barruan kokatzen dira, hau da, euskal industriak dituen erronkei erantzuteko oinarrizko estrategietako baten barruan.

Klusterrak dinamizatzeko erakundeak lankidetza publiko-pribatuaren ikuspegian oinarritzen dira, zeinak barruan hartzen baititu enpresa, zientzia-teknologia-berrikuntzaren sistema eta gobernua (helize hirukoitza). Erakundeok klusterren lehiakortasuna hobetzea dute helburu, klusterretako kideen arteko lankidetza erraztuz, batez ere berrikuntza-sistemako eragileen eta ETEen artekoa, eta eskualde-garapenari eta lurraldearen eraldaketa ekonomikoari laguntzea, lankidetzan arituz gobernuarekin berrikuntza, lehiakortasun eta jasangarritasunerako planak, sektore-estrategiak eta politika publikoak ezartzen.

Laguntzen erakunde onuradunak izango dira aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta klusterrak dinamizatzen diharduten erakundeak, bai banakako modalitatean, bai taldekakoan edo federatuan.

Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeei laguntzeko programa «Euskadi martxan» gobernu-programako (2020-2024) «Oparotasuna» ardatzaren barruan dago: ekonomia eta enplegua suspertzea, industria aurreratuan, inbertsioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean oinarritutako estrategia baten bidez. Bertan, konpromiso gisa jasotzen da Industria Garapeneko eta Nazioartekotzeko Plana (2021-2024) onartzea, eta, hain zuzen ere, planaren ekimenetako bat da kluster-politika bultzatzea.

Laguntza horiek arautzen dituen agindua Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluaren babesean dago (651/2014 Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2014-06-26an; L 187 seriea). Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen (aurrerantzean, salbuespen-erregelamendua).

Laguntza horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan daude jasota, zeinaren bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2024., 2025. eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu baitu. Agindu hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratuko da, «www.euskadi.eus», sailari eskainitako esparruaren barruan, eta «Planak eta proiektuak» atalean.

Jarraibide horien arabera, eta Dirulaguntzen Erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua) xedatutakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeei bideratutako 2024ko ekitaldiko laguntzak arautzea eta iragartzea, enpresa txiki eta ertainen eta oro har EAEko ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko.

2.– Hauek hartuko dira klusterrak dinamizatzeko erakundetzat:

– Berezko nortasun juridikoa duten irabazi asmorik gabeko elkarteak (aurrerantzean, «elkarte»), edo

– Berezko nortasun juridikoa duten elkarteen federazioak (aurrerantzean, «federazio»), eta,

– Elkarteen taldeak (aurrerantzean, «talde»), berezko nortasun juridikoa izan edo ez.

3.– Klusterrak dinamizatzeko erakunde batek enpresa bultzatzaileak, enpresa txiki eta ertainak, eragile zientifiko-teknologikoak eta hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak biltzen ditu.

Hau da klusterrak dinamizatzeko erakundeen egitekoa:

– Lankidetzaren bidez klusterraren lehiakortasuna hobetzea, batez ere enpresa txiki eta ertainena.

– Klusterreko kideen erronka komunak identifikatzen laguntzea eta baterako jarduerak sustatzea RIS3 estrategiaren lehentasunekin lerrokatuta dauden arloetan: estrategia, nazioartekotzea, enpresa-berrikuntza, teknologia eta I+G.

– Interes-taldeen beharrei erantzutea.

– Eusko Jaurlaritzaren politiken eskaerei erantzutea.

4.– Agindu honen ondorioetarako, ulertzen da klusterrak direla elkarrengandik aski hurbil diharduten enpresa (handi, ertain eta txiki), eragile zientifiko-teknologiko, hezkuntza- eta prestakuntza-zentro, organismo publiko eta haien elkarte eta halako entitateen multzoa, honako ezaugarri hauek partekatzen dituztenak:

– Balio-kate bateko edo produkzio- eta zerbitzu-eremu bateko kide izatea.

– Kidetasuna izatea, ezagutza edo teknologia aldetik.

– Azken merkatu berera edo merkatu horren segmentu berera bideratuta egotea.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Beren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten 1.2 artikuluan deskribatutako klusterrak dinamizatzeko erakundeak izan daitezke onuradun, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Zenbait urtetarako klusterraren plan estrategiko eguneratu bat izatea. Plana erakunde onuradunen gobernu-organoek onartu behar dute eta www.euskadi.eus atarian argitaratutako Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren arabera garatu behar da.

b) Klusterraren jarduketa-plan bat izatea, urtekoa eta zehatz-mehatz jasoko dituena klusterraren plan estrategikoa inplementatzeko egin beharreko ekintzak, bideratu beharreko baliabideak eta lortu nahi diren emaitzak. Halakorik egonez gero, urteko nazioartekotze-proiektua ere identifikatu beharko du.

c) Masa kritiko nahikoa izatea:

– Klusterrak dinamizatzeko erakundeari kuota ordaintzen dioten enpresa elkartuen kopurua 30 baino handiagoa izan behar da.

– Enpresa elkartuen fakturazioen batura Euskal Autonomia Erkidegoko barne-produktu gordinaren % 1 baino handiagoa izan behar da.

d) Enpresa txiki eta ertainen partaidetza izatea: enpresa elkartuen % 60, gutxienez, izan behar dira enpresa txiki eta ertainak.

Baldintza hauek betetzen dituztenak hartuko dira enpresa txiki eta ertaintzat:

– 250 langile baino gutxiago izatea.

– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.

Enpresa elkartuen eta lotuen kasuan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoa kontuan hartuta egingo da langileen eta mugen zenbaketa.

e) Bere kideen artean alderdi interesdun guztien eta klusterra osatzen duten balio-kateen ordezkaritza izatea: enpresa bultzatzaileak edo integratzaileak, hornitzaile ertain eta txikiak, eragile zientifiko-teknologikoak, prestakuntza-zentroak, unibertsitateak, eta abar.

f) Nazioartekotze-poltsan sartuz gero, nazioartekotze-batzordea, nazioartekotze-taldea edo antzeko egitura espezializatuak izatea.

g) Jarduera-eremua, lurraldeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa izatea, gutxienez.

h) Klusterraren plan estrategikoak, klusterraren jarduketa-planak eta lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna sustatzeko egiten diren jarduketek bat egin dezatela Eusko Jaurlaritzaren Lehiakortasun, Teknologia eta Berrikuntza Estrategiarekin eta XII. Legealdiko Industria eta Nazioartekotze Planarekin, eta lagundu dezatela horiek inplementatzen.

i) Taldeen kasuan, gainera, elkartutako erakundeak ordezkatzen dituen zuzendaritza-batzorde bat izan behar dute. Zuzendaritza-batzordeak bere gain hartuko du proposatutako jarduketak Klusterraren Plan Estrategikoarekin bat etorriz gauzatzeko erantzukizuna.

j) Urteko Jarduketa Plana koordinatzen eta gauzatzen erantzukizun betearazle gorena izango duen pertsona bat izatea. Pertsona hori gerente gisa kontratatuta egon beharko da lanaldi osoan.

Federazioen eta taldeen kasuan, apartatu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, kide diren elkarte guztien magnitudeen batura hartuko da kontuan.

2.– Onuraduna talde bat bada, eskatzailea bertako kide den elkarteetako bat izango da. Eta bere gain hartuko du:

– Ekintzen gauzatzea koordinatzeko erantzukizuna.

– Taldearen ordezkaritza Administrazioarekin izan beharreko elkarrizketa eta harremanetan.

Taldeak ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu behar du, ahalorde askietsia izango duena elkartutako klusterrak dinamizatzeko erakundeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko; ordezkari edo ahaldun horrek ez du klusterrak dinamizatzeko erakundea desegingo, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

Onuraduna federazio bat bada, erakunde eskatzailea federazioa bera izango da, bai eta ordezkaritza eta ekintzen gauzatzea koordinatzeko erantzukizuna bere gain hartuko dituena ere.

Eskaeran berariaz jaso beharko dira federazioa edo taldea osatzen duten elkarteetako bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak.

Federazioak eta taldeak osatzen dituzten elkarte guztiek era solidarioan bete beharko dituzte itzultze-obligazioak, halakorik baldin badago, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak honako hauek bakarrik eskuratu ahalko dituzte:

– Eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituzten entitateek.

– Elkarteen erregistro publikoan inskribatutako entitateek, hau da, elkarteek, federazioek edo taldeek, bai eta azken bi horietako kideek ere.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa betetzen duten entitateek.

4.– Honako hauek ezingo dituzte dirulaguntzak eskuratu:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dieten zehapen penal edo administratiboak jaso dituzten entitateek.

b) Dirulaguntza publikoak lortzea ezgaitzen duen legezko debekuren bat jaso duten entitateek, berdintasuneko araudia ez betetzeagatik edo gardentasuneko eta lansari-berdintasuneko printzipioa ez betetzeagatik sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak dituztenek barne, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin.

c) Laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela deklaratu duen Europako Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren, oraindik ere bete gabe dagoen berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateek.

d) Krisian dauden enpresek, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako kasuren batean dauden entitateek.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (3.868.000,00 euro, zehazki).

Emango diren dirulaguntzen guztizko diru-zenbatekoa ez da izango aipatutako kopurutik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren araubidearekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Laguntza jaso dezaketen jarduketatzat onuradunek 2024ko ekitaldian egiten dituztenak hartuko dira.

Laguntza jaso dezaketen jarduketatzat hartuko dira lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu dutenak.

Jarduketak 2024ko ekitaldian egingo dira, eta laguntza-eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko dira.

Dena den, eskabidea edo, hala badagokio, aurre-eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren jarduketak kontuan izango dira, baldin eta eskatzaileak, ekintzak hasi aurretik, idazkiaren bidez, laguntzaren aurre-eskabide bat aurkeztu badu. Aurre-eskabide horretan, bat etorriz 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Salbuespen Erregelamendu Orokorraren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin, honako informazio hau azalduko da: klusterraren antolakunde dinamizatzailearen (KAD) izena, egingo diren ekintzak deskribatzen dituen urteko jarduketa-plana (planaren hasiera- eta amaiera-datak barne), ekintzen kokapena, kostuen zerrenda eta eskatutako laguntza mota. Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 9. eta 10. artikuluetan adierazten dena kontuan hartuta.

2.– Klusterraren Plan Estrategikoa garatzeko jarduketak lagundu ahal izango dira. Jarduketa horiek klusterrak dinamizatzeko erakundearen urteko klusterraren jarduketa-planean jasoko dira.

Agindu honen I. eranskinean deskribatzen diren jarduketak jarduketa estrategikoko arlo hauetan kokatu beharko dira: Nazioartekotzea, Teknologia-Berrikuntza-Estrategia, eta Agenda 2030 (Garapen Jasangarrirako Helburuak gehitzea).

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Klusterrak dinamizatzeko erakundeek aurreko artikuluan aipatzen diren jarduketak garatzeko ordaindu beharrekoak joko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, izan barneko gastuak (soldatak, gizarte-segurantza eta egiturazko ohiko gastuak) ala kanpoko gastuak (azterketak edo bestelako zerbitzuak azpikontratatzea).

1.– Barneko gastuak.

a) Aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak diren klusterrak dinamizatzeko erakundearen pertsonal-gastuak; soldatak nahiz gizarte-segurantzako gastuak hartuko dira aintzat. Pertsonal-gastuak benetako diru-zenbatekoaren arabera zehaztuko dira, eta, hala badagokio, baita justifikatu ere (soldata gordina eta enpresaren gizarte-segurantzako gastuak).

b) Klusterrak dinamizatzeko erakundearen egiturazko gastuak; pertsonal-gastuen gaineko ehuneko finko gisa kalkulatuko dira (soldata-kostua gehi gizarte-segurantzako kuotak), eta ez dira dokumentu bidez justifikatu beharko. Ehuneko hori % 15 da.

c) Pertsonako ordu-tasa kalkulatzeko, elkartea arautzen duen hitzarmenean ezarritako urteko lanaldi erreala hartuko da kontuan. Horrenbestez, honela kalkulatuko da ordu-tasa: aurreko pertsonal-gastuak eta egiturazko gastuak batu, eta emaitza hitzarmeneko urteko lanaldiko ordu-kopuruaz zatituko da.

Diruz lagundu daitekeen ordu-tasaren muga 69,89 eurokoa izango da.

2.– Kanpoko gastuak. Aurkeztutako ekintzak garatzeko beharrezkoak diren kontratazio-gastuak eskatu ahal izango dira: zerbitzuak ematekoak, aholkularitzakoak, hainbat formatutako promozio-ekintzetakoak (formatu birtualak barne), nazioartean laguntzeko ekintzetakoak eta halakoak. Era berean, justifikazioko kontuaren auditoriaren kostua ere diruz lagundu ahal izango da, 1.500 euroko mugaraino.

3.– Ez da onartuko administrazio instituzionaleko edo sektore publikoko entitateek egindako gasturik, ez eta Basque Trade & Investment sareko bulegoek emandako zerbitzuei dagozkienak ere.

4.– Diruz lagundutako jardueren azpikontratazioak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa bete behar du.

Onuradunak azpikontratatu egin duela ulertuko da hirugarren batzuekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera guztia edo haren zati bat haiek egitea. Onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da horretarako egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Proiektuaren zati baten gauzatzea azpikontratatzen denean, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino azpikontratatu ahal izango du gehienez.

Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.

Azpikontratazioak dirulaguntzaren diru-zenbatekoaren % 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egitea.

b) Dirulaguntza ematen duen entitateak aldez aurretik ematea kontratua egiteko baimena.

Ezingo da kontratua zatikatu, haren diru-zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak ez betetzeko.

Kontratistak onuradunaren mende soilik egongo dira, eta onuradun horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

Aurreko apartatuan jasotakoaren ondorioetarako, onuradunei dagokie dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero beste horrek ere dirulaguntzak arautzen dituen araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera emateko.

Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo entitateekin.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo entitateekin.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Erakunde onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsonak edo entitateak, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

– Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

– Aldez aurretik erakunde emailearen baimena lortzea oinarri arautzaileetan finkatutako baldintzetan.

e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu duten baina betekizunak ez betetzeagatik edo behar den balorazioa ez lortzeagatik laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo entitateak.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

Diruz lagundu daitekeen gastuaren diru-zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean (15.000 euro BEZa gabe zerbitzu eta horniduretarako), onuradunak entitate hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar beste entitate-kopururik ez dagoenean izan ezik edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada izan ezik.

6. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta diru-zenbatekoak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli ezingo diren dirulaguntzak dira eta honako laguntza-muga hauek dituzte:

a) Laguntza-zerbitzuak eta nazioartekotze-jarduketak:

– Onartutako barneko eta kanpoko gastu guztietarako, % 40raino.

Basque Trade & Investment sarearekin elkarlanean egindako proiektuak eta jarduketak izanez gero, onartutako gastuen % 50eraino handituko da.

– Onartutako kanpoko gastuetarako, honako muga hauek aplikatuko dira jarduketa-tipologiaren arabera:

• Zuzeneko merkataritza-misioak: helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50eraino (II. eranskinean dago zerrenda), misioko 50.000 euroren mugarekin.

• Alderantzizko merkataritza-misioak: beharrezko gastuen % 50eraino, misioko 50.000 euroren mugarekin.

• Misioan parte hartzen duten pertsonen joan-etorrietarako, egonaldietarako eta mantenurako gastuak jatorriko herrialdeari dagokion bidaia-poltsaren zenbatekora mugatzen dira (II. eranskinean dago zerrenda).

• Nazioarteko feriak: standak eta dekorazioak eragindako gastuen eta helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50eraino (II. eranskinean dago zerrenda).

• Nazioarteko sustapen- eta zabalkunde-elementuak: proiektu bakoitzaren diru-zenbatekoaren % 50eraino.

– Klusterrak dinamizatzeko erakundeentzako dirulaguntzentzat, 180.000,00 euroko muga deialdian aurkeztutako nazioarteko laguntza-jarduera guztietarako.

b) Enpresek proiektuetan parte hartzeko eta haiei laguntzeko zerbitzuak (nazioartekotze arlokoak salbu): onartutako barneko eta kanpoko gastuen % 40raino.

c) Zaintza-, informazio-, benchmarking- eta estrategia-zerbitzuak: onartutako barneko eta kanpoko gastuen % 40raino.

d) Zabalkunde-jarduerak, jardunaldiak, topaketak eta ekitaldiak (nazioartekoak salbu).

– Onartutako barneko eta kanpoko gastu guztietarako, % 40raino.

– Onartutako kanpo-gastuetarako, % 50eraino, eskaerako 8.000,00 euroko laguntza-mugarekin.

e) Kluster sustapeneko eta garapeneko jarduerak, bazkideak erakartzea, komunikazioa (webguneak, buletinak eta abar):

– Onartutako barneko eta kanpoko gastu guztietarako, % 40raino.

– Onartutako kanpo-gastuetarako, % 50eraino, eskaerako 8.000,00 euroko laguntza-mugarekin.

f) Foroak dinamizatzeko zerbitzuak, jarduketa-ildoak eta lankidetza-proiektuak definitzeko: onartutako barneko eta kanpoko gastuen % 50eraino.

g) Erronka partekatuko proiektu-taldeak dinamizatzeko zerbitzuak –aurretik e) hizkian landua–: onartutako barneko eta kanpoko gastu guztien % 50eraino.

h) Elkarteko talde teknikoaren gaitasunak garatzea: onartutako barneko eta kanpoko gastu guztien % 40raino.

i) Ekintza-pilotuak: onartutako barneko eta kanpoko gastu guztien % 50eraino.

2.– Deialdi honetako baliabide ekonomikoak honako zuzkidura hauek dituzten lau poltsatan banatzen dira:

– Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuak gehitzeko jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 150.000 euro.

– Nazioarteko laguntza-jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 950.000 euro.

– Teknologiako eta trantsizioko jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 1.700.000 euro.

– Berrikuntzako eta Estrategiako jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 1.068.000 euro

a) Klusterrak dinamizatzeko erakunde bakoitzak poltsa bakoitzetik jasoko duen dirulaguntza finkatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:

– Alde batetik, poltsa bakoitzaren zuzkidura klusterrak dinamizatzeko erakunde eskatzaileen artean banatzea. Banaketa horretarako, III. eranskinean ezarritako parametroen ehunekoak aplikatuko dira. Poltsa bakoitzaren parametroak klusterrak dinamizatzeko erakundeei aplikatuko zaizkie, poltsa horrekin bat egiten duten jarduketak egiten badituzte.

– Bestalde, kontuan hartuko dira klusterrak dinamizatzeko erakundeek proposatutako jarduketak. Diruz lagundu daitezkeen jarduketon gastuak honako irizpide hauen arabera finkatuko dira:

• Poltsa bakoitzerako aurkeztutako jarduketetan onartutako gastuak.

• Artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan ezarritako laguntzen mugak.

• Eskaeran zehaztutako jarduketen lehentasun-hurrenkera.

b) Poltsa bakoitzeko zuzkiduren banaketa eta klusterrak dinamizatzeko erakundeek proposatutako jarduketak kontuan hartu ondoren, bi egoera hauetako bat sortuko da:

– III. eranskineko parametroak aplikatu ondoren poltsa jakin batean klusterrak dinamizatzeko erakunde bati dagokion diru-kopurua, poltsa horrekin bat egiten duten jarduketa onartuen gastura iristen da. Egoera horretan, klusterrak dinamizatzeko erakundeari poltsa horrekin bat egiten duten jarduera onartuen diru-zenbateko osoa emango zaio.

– III. eranskineko parametroak aplikatu ondoren poltsa jakin batean klusterrak dinamizatzeko erakunde bati dagokion diru-kopurua, ez da iristen poltsa horrekin bat egiten duten jarduera onartuen gastura. Egoera horretan, esleitutako zuzkidura emango zaio klusterrak dinamizatzeko erakundeari.

c) Poltsa baten zuzkidura esleitu ondoren soberakin bat sortzen bada, soberakin hori bigarren txanda batean banatuko da hasiera batean poltsa horretan onartutako jarduketen gastu osoa ordaindu ez zaien klusterrak dinamizatzeko erakundeen artean. Kasu horretan, ondoz ondoko txandetan eta irizpide berberen arabera, soberakina egoera horretan dauden klusterrak dinamizatzeko erakundeen artean banatuko da.

d) Soberakina agortzen ez bada, Berrikuntza eta Estrategiako poltsan sartuko da, zeina azken lekuan banatuko den.

Klusterrak dinamizatzeko erakunde bakoitzari emango zaion dirulaguntza esleipen-txanden amaieran poltsa bakoitzean esleitutako diru-kopuruen batura izango da.

3.– Onuradun bakoitzak 450.000,00 euroko laguntza jaso ahal izango du gehienez.

7. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere guztira jasotako dirulaguntzek onartutako gastu guztien % 60 gainditzen ez badute. Esandako muga gaindituz gero, agindu honen bidez emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

8. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura eta eskabideak aurkezteko epea.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira dirulaguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira prozedura bakar batean.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2024ko otsailaren 29an amaituko.

9. artikulua.– Eskabideak.

1.– Klusterrak dinamizatzeko erakundeek, elkarte, federazio edo talde izan, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte, eskabide bat aurkeztu beharko dute baliabide elektronikoen bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor daude jasota tramitaziorako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10129101.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, zeina helbide honetan dagoen: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

Halaber, eskatzaileak hirugarrenen erregistro elektronikoan alta eman edo aldatu beharko ditu bere datuak, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak helbidean.

3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskaera –bakarra izango da entitate eskatzaileak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Laguntza-eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan ere, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak dagoeneko badauzkan indarreko agiriak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiri horiek zer egunetan eta zer organo, egoitza edo sailetan aurkeztu ziren.

6.– Dirulaguntza-eskaera bat aurkeztearekin, baimena ematen dio eskatzaileak organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, baimen hori beren-beregi ukatu ahal izango du eskatzaileak; baina, halakorik eginez gero, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.

7.– Orobat, dirulaguntza jasotzeko eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura dezan Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza konkurrenteen egiaztapena, bai eta laguntzok justifikatzeko agiriak ere.

10. artikulua.– Eskabideen edukia.

1.– Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) Klusterraren Plan Estrategikoa: erronka komunak identifikatuko ditu eta erantzunak lankidetzatik planteatu. Plan Estrategikoa egiteko:

– Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidako jarraibideak kontuan hartuko dira.

– Ezarri diren lehentasunei dagokienez, klusterrak dinamizatzeko erakundeak duen jarrera eta egindako ekarpenak islatuko ditu, bai eta Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasuneko eta teknologiako estrategiaren ezarpena ere.

b) Klusterraren urteko jarduketa-plana: aurreko puntuan deskribatutako klusterraren plan estrategikotik eratorriko da eta honako hauek jasoko ditu:

– 2024ko ekitaldian egiteko aurreikusitako jarduketen zehaztapena.

– Ekintza, gastu eta finantzaketa-iturrien xehakapena jasotzen dituen aurrekontua.

– Ekintzetan parte hartzen duten langileen zerrenda.

c) Aurreikusitako finantza-egoerak eta ikuskatutako azkenak.

d) 2023ko ekitaldiko parametro sozioekonomikoen ziurtagiria, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emana, erakunde dinamizatzaile eskatzaileko enpresa elkartuek enpresa txiki eta ertain izaera betetzen dutela egiaztatzeko.

Ziurtagiriak datu hauek jasoko ditu:

– Eskubide osoz elkartutako eta elkarte-kuota sortzen duten enpresen kopurua.

– Euskal Autonomia Erkidegokoak diren enpresen kopurua.

– Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertain direnen kopurua, agindu honen 2.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Elkartze-kuotengatiko diru-sarrerak.

– Ekintza-planari egindako ekarpenengatiko diru-sarrerak.

e) Identifikazio Fiskaleko Txartela.

f) Eskatzailearen ordezkatze-ahalordea, izan elkarte, federazio edo talde. Taldeek ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, ahalorde askietsia izan behar duena taldeari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko.

g) Eskritura edo eratze-akta eta ondorengo aldaketak, bai eta dagozkion erregistroetako inskripzioak ere.

h) Sozietateen gaineko zergaren azken aitorpena.

i) Eskatzailearekin elkartutako klusterreko enpresen eta kideen zerrenda, ordaindutako kuotekin eta parametro sozioekonomikoekin lotutako informazioaren zehaztapenarekin (langile kopurua, fakturazioa, esportazioen ehunekoak, I+G eta abar).

j) Eskatzailea federazio edo talde bat bada, klusterraren plan estrategikoan sinergien aprobetxamendua justifikatu beharko da, baita kideen osagarritasuna ere klusterraren urteko jarduketa-plana gauzatzeko.

Era berean, taldeetan, kideek elkarteetako bat izendatuko dute entitate koordinatzaile gisa eta, programaren ondoreetarako, elkarte hori arduratuko da taldeak aurkeztutako proposamena gauzatzeaz, bai eta programari dagozkion kudeaketa-organoekiko harreman eta elkarrizketez ere.

k) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena –izan elkartea, taldea edo federazioa– eta kideak.

Adierazpena indarreko zehapen-araubide administratibo eta penalaren mende geratuko da honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzko datu-faltsutzerik gertatuz gero:

– Penalki edo administratiboki dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta izatea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean izatea, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin.

– Europako Batzordeak legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jotako laguntzarik jaso izana, edo, jaso izanez gero, laguntza itzuli izana edo itzuli ez izana.

– Krisian dauden enpresak izatea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.

– Laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta legearen aurkako ordainarazpena edo hirigintza-delitua.

– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratua izan izana, konkurtsoan deklaratuta egotea –salbu eta bertan hitzarmen bat eraginkor bihurtu bada–, eta esku-hartze judizialaren pean edota desgaitua egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, artean konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe izanik.

– Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa eragin izana, suntsiarazpen horren errudun deklaratua izanik.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

– Dirulaguntzak jasotzeko debekua izatea. Debeku horrek zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla susma daitekeen enpresei ere eragiten die.

– Merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean izatea: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Lanaldi osoko gerente bat izatea, bai eta elkartutako enpresa-kopuruarekin eta dinamizatzea proposatzen diren jarduketekin bat datorren langile kualifikatuz osatutako lantalde bat ere.

l) Erakunde publiko edo pribatuei helburu bererako eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.

2.– Eskatzailea talde bat bada, taldea osatzen duten entitateek sinatutako akordioa ere aurkeztu beharko du. Akordioak entitate koordinatzaile gisa nork jardungo duen eta zein diren sinatu dituzten ekintzak jaso beharko du.

Eskatzailea federazio bat bada, federazioak lider gisa jardungo du eta federazio gisa egingo dituen ekintzak aurkeztuko ditu, bai eta federazioa osatzen duen elkarte bakoitzak egingo dituenak ere.

3.– Eskatzaileak edo haren partaideek baimena ukatzen badute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak zuzenean betetzen dituztela egiaztatzeko, betebehar horiek betetzea egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera, bai eta eskatzen zaien bakoitzean ere.

4.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, entitate eskatzaileari bitarteko elektronikoen bidez hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

5.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

11. artikulua.– Eskabideak balioestea.

1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio-organoaren osaera:

Lehendakaria: Rosa M.ª Murillas Maza, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako arduraduna. (Ordezkoa: Agustín García Pérez, zuzendaritza horretako arduraduna.)

Epaimahaikideak:

Javier Vallejo Cereceda, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako teknikaria. (Ordezkoa: Mikel Oregui, SPRILUReko teknikari arduraduna).

Maite Subiñas, Basque Trade & Investment sareko Zerbitzu eta Programen arduraduna. (Ordezkoa: Azucena Castro, Basque Trade & Investment sareko arduraduna).

Idazkaria: David Fernández Terreros, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Klusterrak Dinamizatzeko arduraduna. (Ordezkoa: Susana Larrea, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren teknikaria).

3.– Ebaluazio-organoak eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du. Agindu honen 15. artikuluak zehaztu bezala, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak txosten tekniko bat egingo du, eta, nazioartekotze-jarduketa espezifikoetarako, Basque Trade & Investment sarearen balorazio teknikoa izango du.

4.– Ebaluazio-organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Aurkeztutako jarduketen proiektuen analisian alderdi hauek kontuan hartuko dira:

a) Urteko jarduketa-planean proposatutako jarduketak 4.2 artikuluan ezarritako eremuetan kokatu eta hautatu ahal izatea (I. eranskinean dago jasota jarduketon zehaztapena).

b) Jarduketen eta klusterraren plan estrategikoaren artean koherentzia izatea, baita Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasuneko eta teknologiako estrategiarekin bat egitea eta estrategiari ekarpena egitea ere.

c) Aurreikusitako gastuak jarduketetara egokitzea eta, haien izaera kontuan hartuta, hautagarriak izatea, baita agindu honetan ezarritako diru-zenbatekoak, ehunekoak eta mugak errespetatzea ere.

d) Eskatzaileak proposatutako ekintzen lehentasun-ordena egokia izatea, honako hauek kontuan hartuta: ekintza plan estrategikoarekin bat etortzea, aurreikusitako eragina, enpresen parte-hartzearen maila eta kalitatea, eta beharrezko baliabideen eta proposatutako finantzaketaren arteko oreka.

12. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Prozedura horren ebazpena, ebaluazio-organoak proposatuta, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari dagokio, zuzendaritza hori izango baita laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Laguntzak agindu honen 5. eta 6. artikuluetako mugak errespetatuz emango dira, deialdi honen 3. artikuluan esleitutako kreditua agortu arte.

2.– Hartuko den ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren, eta honako hauek zehaztuko dira:

– Dirulaguntza eman zaien onuradunen zerrenda. Alegia:

– Eskatzailearen eta kide guztien izenak (taldeak edo federazioak badira).

– Eskatzaile eta kide bakoitzari emandako dirulaguntzaren diru-zenbatekoa (taldeak edo federazioak badira).

Onuradun bakoitzari honako hauek erantsiko zaizkio: babestutako jarduketa-plana, plan horretako partaidetza eta jarduera bakoitzean esleitutako diru-zenbatekoa.

– Dirulaguntza ukatu zaien erakundeen zerrenda. Horietako bakoitzaren izena adieraziko da, baita dirulaguntza ukatzeko arrazoiak ere.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian esleipendunen zerrenda eta emandako laguntzen diru-zenbatekoak urtero argitaratzeko betebeharra, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin.

5.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, hala, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Industriako sailburuordeari hilabeteko epean, baldin eta esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahalko da errekurtsoa, bi hilabeteko epean esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak entitate onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

13. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntza ordaintzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedaturikoa bete beharko da (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea arautzen duena).

Organo kudeatzaileak aginduko du entitate onuradun bakoitzari (elkarteak, federazioak, taldeak eta azken bi horietako kideak) ordainketa egitea. Honela egingo da ordainketa:

a) Lehen ordainketa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50, onuradunak dirulaguntza berariaz onartu ondoren egingo da.

b) Bigarren ordainketa, behin diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren egingo dena, dirulaguntzaren gainerakoa. Horretarako, jarduera burutu izana justifikatu beharko da, agiri hauek aurkeztuz bitarteko elektronikoen bidez:

– Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete izana justifikatzen duen jarduketen memoria; onuradun bakoitzak egindako jarduerak eta lortutako emaitzak jaso behar dira bertan.

– Onuradun bakoitzaren memoria ekonomiko laburtua; bertan, diruz lagundutako jarduerak aurrera eramateko egindako gastuen egoera-orri adierazgarri bat jaso behar da, gastuak behar bezala taldekatuta, eta, hala badagokio, hasiera batean aurrekontuan aurreikusitako kopuruak eta izandako desbideratzeak zehaztuta.

– Justifikazioko kontuaren auditoretza-txostena, Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuaren mendeko Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean jardule gisa inskribatutako auditore batek egina eta sinatua. Txosten horrek egindako jarduketak berrikusi beharko ditu, maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan xedatutakoaren arabera (agindu horrek kontu-ikuskariek jarduteko araua onesten du Estatuko sektore publikoaren esparruan dirulaguntzak justifikatzen dituzten kontuak berrikusteko lanak egitean, zeinak uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 74. artikuluan aurreikusita dauden), baita jarduketon kostua ere (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72.2 artikuluaren arabera).

Dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera emango diren jarraibideen arabera egingo du txostena elkarte onuradun bakoitzak, eta honako hauek egiaztatu beharko ditu:

a) Onuradunak egindako gastuak diruz laguntzeko modukoak direla, bai agindu arautzaile honetan ezarritakoaren arabera, bai Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera.

b) Aurkeztutako gastuen kontzeptuak bat datozela diruz lagundutako jarduerekin.

c) Fakturetan eta gastuen gainerako egiaztagirietan jasotako gastuak benetan gauzatu eta ordaindu direla.

Berrikusitako faktura guztien zerrenda jaso beharko dute, eta, hala badagokio, diruz lagundu ezin diren gertakari edo zenbateko partzialak edo guztizkoak adierazi beharko dituzte.

d) Aurkeztutako gastuen faktura eta egiaztagiri guztiak bat datozela aplikatzekoa den zerga- eta gizarte-legeriarekin, honako hauek adierazita: zenbatekoa, BEZaren banakapena, hala badagokio, data, kontzeptua, zenbakia eta hornitzailea.

e) Hirugarren pertsonei edo entitate hornitzaileei azpikontratatutako jarduerak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera egin direla.

f) Eskatzaileak jatorrizko fakturak dituela, eta horiek egindako gastuak egiaztatzen dituztela eta onuradunaren kontabilitate-erregistroetan jasota daudela.

g) Bidaia-poltsetan jasotako jardueren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin dituzten joan-etorri guztiek dagozkien egiaztagiriak dituztela.

h) Langileen gastuek dagozkien egiaztagiriak dituztela, gizarte-segurantzari ordaintzekoak barne hartuta, egindako jarduketetan emandako denboragatik horietara bideratutako orduak adierazita.

i) Justifikatutako jarduketa guztiak eskabidea edo, halakorik badago, aurre-eskabidea aurkezten denetik 2024ko abenduaren 31ra arte egin direla.

Justifikatzeko aldia 2025eko martxoaren 10ean bukatuko da. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

Onuradun guztien justifikazioak onartuko dira, bai elkarteenak, bai norberaren izenean aurkeztuak, bai federazioenak eta horien kideenak, bai taldeenak eta horien kideenak.

2.– Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketarik egin, baldin eta entitate onuradunak –aurreko paragrafoan zehaztuetako edozeinek– ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada. Onuraduna federazio edo talde bat bada, ezin izango da dirulaguntzaren ordainketa egin bertako kide guzti-guztiek betebehar horiek egunean izan arte.

Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistroan alta eman beharko du, edo bere datuak aldatu beharko ditu, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa.

3.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.

14. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzen eta dirulaguntzaren aldaketa.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetako bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, dirulaguntzaren aginduak onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira. Horrelakoetan, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak dagokion ebazpena emango du, dirulaguntzen diru-zenbatekoak egoera berrira egokitzeko.

2.– Jarduketek, nahitaez, 2024ko ekitaldirako dirulaguntza emateko ebazpenean jasotakoak hartuko dituzte barnean. Hala ere, jarduketak gauzatzean aldaketarik izanez gero, aldaketok onartu ahal izango dira, baldin eta onuradunak 2024ko abenduaren 31 baino lehen horien jakitun ipini badu zuzendaritza kudeatzailea, eta betiere agindu honen 6. artikuluan jasotako beste jarduketa batzuk ordezten badituzte.

3.– Aldaketek kasuan kasuko egokitzapena ekarriko dute jarduketei eta emandako dirulaguntzari dagokienez, baina horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako dirulaguntzaren diru-zenbatekoa handitzea.

15. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honen ondorioetarako, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia entitate laguntzaile deklaratzen da, Bermeei eta Itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera. Eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira, agindu honetan eta sinatuko den lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin.

2.– SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak funtzio hauek izango ditu:

a) Klusterrak dinamizatzeko erakundeak aurkeztutako klusterraren plan estrategikoa aztertzea. Kontuan izango ditu plana Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren araberakoa den, XII. Legealdiko Industria, Teknologia eta Nazioartekotze Estrategiarekin bat datorren eta zer ekarpen egiten dion, eta proposatzen den klusterraren jarduketa-planaren eta plan estrategikoarekin arteko koherentzia.

b) Ebaluazio-organoari bidaltzeko txosten tekniko bat egitea, garrantzitsuak diren azterketa indibidualez eta erantsiez hornitua, bat etorriz agindu arautzaile honen 11. artikuluan zehaztutakoarekin.

c) Onuradunekin lotura-lanak egitea; horien barruan sartzen dira klusterraren plan estrategikoen eta jarduketa-planen laguntzaren xede diren jarduketak gauzatzearen jarraipena egitea eta jarduera horiek kudeatzen dituzten onuradunek lantaldeetan parte hartzea, haien garapena egiaztatzeko. Gainera, halakorik badago, laguntza justifikatzeko fasean kontuan hartuko diren aldaketa egokiak proposatzea eta onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak egin direla egiaztatzea bigarren ordainketa egin aurretik, eta aipatutako ordainketa egiteko proposamena aurkeztea zuzendaritza kudeatzaileari.

16. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Onuradunak hamar egun izango ditu laguntza onartzeko edo uko egiteko, egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

2.– Laguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.

3.– Alderdi interesdunek –helize hirukoitzaren eredua (hau da, enpresa elkartuak, zientzia-teknologia-berrikuntzaren sistema eta Gobernua)– klusterra dinamizatzeko erakundearen gobernantzan modu eraginkorrean eta informatuan parte hartzen dutela eta erronka komunak definitzen laguntzen dutela bermatzea. Erronka horiei lankidetzan ekin behar zaie, klusterraren plan estrategikoa zehaztuz eta hura ezartzeko jarduketak eginez, zeinak klusterraren urteko jarduketa-planean deskribatzen baitira.

4.– Klusterraren urteko jarduketa-plana eta dirulaguntzak jaso dituzten jarduketak betetzea eta gauzatu direla justifikatzea.

5.– Klusterraren urteko jarduketa-planaren aurrerapen-mailari eta gauzatze-aurreikuspenari buruzko informazioa ematea SPRIri, bai eta lotura-lanak egitea eta laguntzaren xede diren jarduketak kudeatzen dituzten lantaldeetan parte hartzea ere.

6.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak eskatzen duen informazio oro ematea, jasotako dirulaguntzen erabilerari buruz, ekintzetan parte hartzen dutenei buruz, jasotako emaitzei eta abarri buruz. Horrela, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu, dirulaguntzak jaso dituzten ekintzak eta plana garatzeari eta betetzeari dagokionez.

7.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa.

8.– Helburu berarekin edo antzekoarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, edo haiei eskatuz gero, horren berri ematea.

9.– Jarduketa-planarekin eta bertako ekintzekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku mantentzea bost urtez.

10.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskuratzea beren funtzioak betetzen ari direla agindu honen kargura ematen diren dirulaguntzei dagokionez haiek onuradunei eskatutako informazio guztia.

11.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia ematea eta, horretarako, ageriko toki batean diruz lagundutako ekintzak direla aipatzea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logotipo korporatiboa jasota. Taldeen kasuan, ahalegina egingo da zatiketa saihesteko, alegia, partaide bakoitzaren irudi korporatiboa ez erabiltzeko; horrenbestez, irudi korporatibo komun bat hartuko da, estrategia partekatu baten eta kluster kohesionatu baten isla gisa.

12.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta horien garapen-arauetan xedatutakoaren arabera legez eska daitekeen beste edozein betebehar.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Entitate onuradunak urratzen badu agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako edozein betekizun, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikulua. Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

Federazio edo taldeen kasuan, federazio edo talde horiek osatzen dituzten kide guztiek solidarioki erantzungo diote itzultze-betebeharrari.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi beharko zaio, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 16a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala