
17. zk., 2024ko urtarrilaren 23a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (193 KB - 14 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
341
4/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateekin sinatutako hitzarmena, kontingentzia edo gertakari aldaketa egon den aldi baterako ezintasuneko prozesuetan asistentzia sanitario aurreratua ordaintzeko jarraitu beharreko prozedurari buruzkoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu egin du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateekin sinatutako hitzarmena, kontingentzia edo gertakari aldaketa egon den aldi baterako ezintasuneko prozesuetan asistentzia sanitario aurreratua ordaintzeko jarraitu beharreko prozedurari buruzkoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 16KO 4/2024 EBAZPENARENA
EAE-KO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA GIZARTE SEGURANTZAREKIN ELKARLANEAN ARITZEN DIREN MUTUALITATEEN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, GERTAKARI-ALDAKETA EGON DEN ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO PROZESUETAN ASISTENTZIA SANITARIO AURRERATUA ORDAINTZEKO JARRAITU BEHARREKO PROZEDURARI BURUZKOA
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 8a.
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Osasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz –lehendakariaren irailaren 7ko 27/2020 Dekretuaren bidez izendatua–, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuz.
Eta, bestetik, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateen izenean eta haiek ordezkatuz, eta horietako bakoitzari notario aurrean egun honetan eta sinaduran identifikatutako protokolo-zenbakiarekin emandako ahalordearen arabera, honako mutualitate hauetako zuzendariek: MC Mutual, Mutualia, Umivale Activa, Mutua Montañesa, Mutua Universal, Maz, Mutua Navarra, Mutua Intercomarcal, Fremap, Solimat, Mutua de Andalucía y Ceuta, Asepeyo, Mutua Balear, Unión de Mutuas, Mac, Ibermutua, Fraternidad-Muprespa eta Egarsat.
Alde guztiek hitzartzeko eta izenpetzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta
ADIERAZTEN DUTE
Urte askoan, hasieran lanbide-gertakariei egotzitako aldi baterako ezintasuneko prozesuetan –gero, administrazio-ebazpen edo epai judizial irmoaren ondoren, gaixotasun arruntetik eratorritakotzat jotzen ziren– orain Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitate izenekoek emandako asistentzia sanitarioak eragindako gastuen erantzukizuna judizializatu zen.
Kasu horietan, mutualitateek asistentzia sanitario aurreratua ematen zuten, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 167. artikulua betez. Artikulu horretan ezartzen da langile batek jaso behar duen asistentzia sanitarioaren prestazioa aurreratzeko betebeharra, langile horrek zerbitzuak ematen dituen enpresaren lan-arriskuen estaldura bere gain hartzeagatik. Artikulu horrek, halaber, eskubidea ematen die aurreratutako gastuen itzulketa eskatzeko, baldin eta prestazioaren azken erantzukizuna Osasun Zerbitzu Publikoarena bada.
Geroago, egoitza judizialean argitu zen Osasun Sailari dagokiola aldi baterako ezintasuneko prozesu horietan emandako asistentzia sanitarioaren gastuak bere gain hartzea, eta hori izan zen, hain zuzen ere, oraingoaren aurreko hitzarmenaren jatorria. Hitzarmen horretan, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateei honako hauek ordaintzeko jarraitu beharreko prozedura ezarri zen: administrazio-ebazpenaren edo epai judizial irmoaren bidez azkenean gaixotasun arrunt bati egozten zaion gertakariko prozesuetako gastu aurreratuak, eta ezaugarri berdinetako prozesuetan jada aurreratutako gastuak (jatorri ez-profesionalaren zehaztapen irmoa 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera egin bada), zeinen erreklamazioei ez baitzitzaien erantzun jurisprudentzia-irizpide irmo bat lortu arte.
Hitzarmen honen helburua da, aurrekoarena bezala, aldeen konpromisoak finkatzea, aldi baterako ezintasunaren ondorioz emandako asistentzia sanitarioak eragindako gastuak ordaintzeko jarraitu beharreko prozedurari dagokionez. Gainera, hitzarmenen arlo orokorrean (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena) eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa) indarrean dauden arauetara egokitu nahi du. Baita hauetara ere: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena. Era berean, azken hitzarmenetik hobetu beharreko zenbait prozedura-alderdi adostu dira.
Akordio honek ordeztu egiten du 2012ko uztailaren 12an Vitoria-Gasteizen titulu berarekin sinatutako aurreko akordioa.
Bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hauek izango dira haren klausulak:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmen honen xedea da prozedura bat ezartzea Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateek (aurrerantzean, mutualitatea), haiekin lanbide-gertakariak estalita dituzten langileei emandako asistentzia sanitarioaren ondorioz, gertakaria ez-lanekotzat jo den aldi baterako ezintasuneko prozesuetan, egindako fakturak ordaintzeko.
Bigarrena.– Osasun Sailak, prozedura honen bidez, fakturak ordaintzeko konpromisoa hartzen du, baldin eta gertakariaren zehaztapena GSINen ebazpen batek edo epai judizial batek bermatzen badu.
Hirugarrena.– Osasun Sailak fakturen zenbatekoa ordaintzeko, mutualitateak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
a) Langileen identifikazio-datuak: izena, abizenak, Gizarte Segurantzako afiliazio-zenbakia, OTI zenbakia (jakinez gero) eta NANa, AIZa edo pasaportea.
b) GSINen ebazpenaren edo epai judizialaren kopia.
c) Mutualitatearen erantzukizunpeko adierazpena, ebazpenaren edo epaiaren irmotasunari buruzkoa.
d) Egindako fakturazioa justifikatzen duen informazio kliniko nahikoa.
e) Mutualitatearen jatorrizko fakturak, Laneko Istripuen Mutualitateen Elkartearen tarifen arabera eginak, bai eta asistentzia sanitarioko kanpoko hornitzaileen jatorrizko fakturak ere (halakorik balego). Ez dira halakotzat hartuko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeak.
f) Ikuskaritzak beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia (klinikoa zein ekonomikoa) eskatu ahal izango du jasotako eskaerak ebazteko.
Laugarrena.– Dokumentazio hori mutualitateak Osasun Saileko lurralde-ordezkaritza eskudunari bidali beharko dio, aseguratuaren bizilekua kontuan hartuta. Hona hemen helbideak:
Araba: Gastuen Itzulketako Unitatea.
Osasun Sailaren Arabako lurralde-ordezkaritza.
Olagibel kalea, 38, 01004 Vitoria-Gasteiz.
Bizkaia: Gastuen Itzulketako Unitatea.
Osasun Sailaren Bizkaiko lurralde-ordezkaritza.
Errekalde hiribidea, 39-1.a, 48008 Bilbao.
Gipuzkoa: Gastuen Itzulketako Unitatea.
Osasun Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkaritza.
Antso Jakituna hiribidea, 35, 20010 Donostia.
Lurralde-eskumena duen organoari buruzko zalantzarik izanez gero, dokumentazioa honako helbide honetara ere bidali ahal izango da:
Aseguramendu eta Kontratazio Sanitariorako Zuzendaritza.
Donostia kalea, 1., 01010 Vitoria-Gasteiz.
Bosgarrena.– Fakturen zenbatekoa honako estipulazio hauen arabera ordainduko da:
1.– Emandako asistentzia sanitarioa justifikatzeko mutualitateak aurkeztutako dokumentazioa aseguratuaren bizilekua dela-eta eskuduna den lurralde-ordezkaritzako Gastuak Itzultzeko Unitateak aztertuko du, eta, agiri horiek jaso eta hamabost eguneko epean, emandako tratamendu sanitarioarekin bat datorrela egiaztatuko da, bai eta fakturazioa Laneko Istripuen Mutualitateen Elkarteak onartutako tarifen arabera egin dela ere.
Informazio eta dokumentazio gehigarria aurkeztu behar bada, mutualitateari eskatuko zaio hamar eguneko epean aurkezteko, eta hura jaso arte etengo da ebazpen-proposamena egiteko epea. Dokumentazio hori epe barruan jasotzen ez bada, mutualitate eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
2.– Eskaera emandako tratamenduekin edo adostutako fakturazio-metodoarekin bat ez datorrela irizten denean, hitzarmen honen seigarren klausulan aurreikusitako azterketa-batzorde mistoak aztertuko du gaia.
3.– Eskaera egokitzat jotzen bada, proposamena egingo zaio organo eskudunari hilabeteko epean, dokumentazioa jasotzen denetik zenbatzen hasita.
4.– Gastuen zenbatekoa 25.000 eurotik gorakoa ez bada, lurralde-ordezkaritza eskudunak emango du ebazpena, eta zenbateko hori gainditzen bada, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak.
5.– Ordainketa dagokion ebazpena eman eta hurrengo hilabetean egingo da.
Ordainketa egiteko, transferentzia bat egingo da mutualitateak zehaztuko duen kreditu-erakunde batera (Sailak jada izango du zenbaki hori, haren alde ordainketak baimendu baititu azken bi urteetan). Bestela, bai eta bere aldeko lehen betebeharraren aitorpena denean ere, mutualitateak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak ezarritako ereduan eta Hirugarrenen Erregistroan integratzeko, honako hauek eman beharko ditu: identifikazio fiskaleko kodea, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren transferentziak jasotzeko kreditu-erakunde bateko bezeroaren kontuko kontu-kodea eta helbidea.
6.– Aurreko atalean xedatutakoa seigarren klausulan ezarritako batzordeak aztertu beharreko kasuetan aplikatuko da, salbuespen honekin: ebazpena emateko hilabeteko epea batzordeak dagokion ebazpen-proposamena egiten duenetik hasiko da zenbatzen.
Seigarrena.– Lurralde-ordezkaritzetako gastuak itzultzeko unitateek atzera botatzen dituzten eskaerak azterketa-batzorde misto batek aztertuko ditu. Batzorde hori lurralde-ordezkaritza eskuduneko bi ordezkarik eta inplikatutako mutualitatearen bi ordezkarik osatuko dute, eta guztiek batera, idatziz eta arrazoituta, dagokion ebazpen-proposamena egingo dute.
Proposamena egiteko adostasunik lortzen ez bada, gaia hura ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio, eta hark egoki deritzona ebatziko du.
Zazpigarrena.– Aurreko klausuletan aurreikusitako prozedura aplikagarria izango zaio, halaber, hitzarmen hau indarrean jarri aurreko aldi baterako ezintasuneko prozesuen ondoriozko asistentzia sanitarioaren gastuen itzulketari, betiere prozesu horien jatorri ez-profesionala adierazten duen GSINren ebazpenaren edo epai judizialaren irmotasun-data 2006ko urtarrilaren 1a edo geroagokoa bada.
Zortzigarrena.– Hitzarmen hau suntsiarazi ahal izango da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren 2. apartatuan jasotzen diren suntsiarazpen-arrazoietako edozeinengatik, aldeek, klausula honen hurrengo apartatuetan aurreikusitako baldintzetan, betebeharrak ez betetzea barne. Hitzarmena suntsiaraztearen ondorioak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52. artikuluko 1 eta 3. apartatuetan aurreikusitakoak izango dira.
Sinatzaileek betebeharrak betetzen ez badituzte, horiek bete ez dituen aldeari errekerimendu bat egin ahalko dio beste aldeak, epe jakin baten barruan ez betetzat jo diren betebehar edo konpromisoak bete ditzan. Errekerimendua bederatzigarren klausulan xedatzen den jarraipen-batzordeari jakinaraziko zaio. Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, zuzendu zuen aldeak beste aldeari jakinaraziko dio hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoia, eta, beraz, hitzarmena suntsituko da.
Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau sinatzean, jarraipen-batzorde bat sortuko da. Osasun Saileko Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzako ordezkari batek, lurralde-ordezkaritza bakoitzeko ordezkari batek eta mutualitateetako lau ordezkarik osatuko dute.
Batzordeburua Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ordezkaria izango da. Idazkaria batzordeburua izendatuko du, eta hitzik eta botorik gabe beteko ditu bere eginkizunak, non eta ez den kideetako bat.
Beharrezkoa den guztietan bilduko da Batzordea, edozein alderen eskaerari erantzunez.
Batzorde horren eginkizunak dira hitzarmenaren jarraipena egitea, hitzarmena zaintzea eta kontrolatzea, eta hitzarmena aplikatzean sor daitezkeen interpretazio- eta betetze-arazoei erantzutea.
Hamargarrena.– Akordio hau lau urterako egongo da indarrean, 2023ko maiatzaren 8tik 2027ko maiatzaren 8ra.
Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.
Hamaikagarrena.– Bi aldeek hitzarmen hau betetzearen ondorioz sortzen diren datu pertsonalen fluxu guztien konfidentzialtasuna bermatuko dute, datu pertsonalak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz.
Era berean, bi aldeek beren langileek eta laguntzaileek ere konfidentzialtasuna gordetzeko eta datu pertsonalak babesteko betebeharra errespetatzen dutela kontrolatuko dute, eta batak bestearen aurrean izango du betebehar hori betetzearen erantzukizuna.
Klausula horrek hitzarmen hau arrazoia edozein dela ere iraungi ondoren ere indarrean jarraituko du.
Alde sinatzaileek konpromisoa hartzen dute Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko. Bai eta hau ere: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena.
Alde bakoitzak datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango ditu. Horretarako, idazki bat bidali beharko du erakundeek beren egoitza ofiziala aitortuta duten egoitza sozialetara.
Horretarako, konfidentzialtasunari eta datuen babesari buruzko arduradunen arteko akordioa sinatuko dute (hitzarmen honen I. eranskinean jasota dagoena).
Hamabigarrena.– Hitzarmen hau administratiboa da, 9/2017 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hitzarmena garatu eta gauzatzean aldeen arteko auziren bat sortzen bada eta bederatzigarren klausulan ezarritako jarraipen-batzordeak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
Eta ados daudela adierazteko, aldeek hitzarmen hau formalizatzen eta sinatzen dute, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aldetik.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateen aldetik:
Mc Mutual (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 001. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
MANEL PLANA ALMUNÍ.
Mutualia (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 002. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
IGNACIO LEKUNBERRI HORMAETXEA.
Umivale Activa (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 003. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
HÉCTOR BLASCO GARCÍA.
Mutua Montañesa (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 007. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
ALBERTO MARTÍNEZ LEBEÑA.
Mutua Universal (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 010. Mutualitatea).
Lurralde-zuzendaria,
RODRIGO PINO CORDÓN.
Maz (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 011. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
GUILLERMO DE VILCHEZ LAFUENTE.
Mutua Navarra (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 021. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
JUAN MANUEL GOROSTIAGA AYESTARÁN.
Mutua Intercomarcal (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 039. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
LLUÍS GENÉ TORRANDELL.
Fremap (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 061. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
JESÚS MARÍA ESARTE SOLA.
Solimat (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 072. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
ÁNGEL NICOLÁS GARCÍA.
Mutua de Andalucía y Ceuta (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 115. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
IGNACIO AZCOITIA GÓMEZ.
Asepeyo (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 151. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
ALEJANDRO IÑARETA SERRA.
Mutua Balear (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 183. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
WALFRID IVERN MORELLÓ.
Unión de Mutuas (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 267. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
CARMEN BARBER RODRÍGUEZ.
Mac (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 272. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
JAVIER GONZÁLEZ ORTIZ.
Ibermutua (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 274. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
CARLOS JAVIER SANTOS GARCÍA.
Fraternidad-Muprespa (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 275. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
CARLOS ARANDA MARTÍN.
Egarsat (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 276. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
ALBERT DUAIGUES MESTRES.
ERANSKINA
KONFIDENTZIALTASUNARI ETA DATUEN BABESARI BURUZKO ARDURADUNEN ARTEKO AKORDIOA
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 8a.
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Osasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz –lehendakariaren irailaren 7ko 27/2020 Dekretuaren bidez izendatua–, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuz.
Eta, bestetik, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateen izenean eta haiek ordezkatuz, eta horietako bakoitzari notario aurrean egun honetan eta sinaduran identifikatutako protokolo-zenbakiarekin emandako ahalordearen arabera, honako mutualitate hauetako zuzendariak: MC Mutual, Mutualia, Umivale Activa, Mutua Montañesa, Mutua Universal, Maz, Mutua Navarra, Mutua Intercomarcal, Fremap, Solimat, Mutua de Andalucía y Ceuta, Asepeyo, Mutua Balear, Unión de Mutuas, Mac, Ibermutua, Fraternidad-Muprespa eta Egarsat.
Dokumentu honen ondorioetarako, alde bati edo besteari «aldea» esango zaie banaka eta bereizi gabe, edo, biei batera, «aldeak». Aldeek elkarri aitortzen dizkiote akordio honen bidez betebeharrak hartzeko behar diren ahalmenak eta legezko gaitasuna, eta honako hau
ADIERAZI DUTE:
I.– 2023ko maiatzaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta akordio hau sinatzen duten mutualitateek goiburuan adierazitako hitzarmena formalizatu zuten. Hitzarmen horren helburua da aldeen konpromisoak finkatzea, aldi baterako ezintasunaren ondorioz emandako asistentzia sanitarioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko jarraitu beharreko prozedurari dagokionez, 2023ko maiatzaren 8tik 2027ko maiatzaren 8ra bitarteko lau urteko aldirako.
II.– Hitzarmen horren esparruan datu pertsonalak tratatzen dira, eta, horregatik, konfidentzialtasunari eta datuen babesari buruzko arduradunen arteko akordio hau (aurrerantzean, «akordioa») sinatzen dute. Akordio hori lege-arau aplikagarriek eta akordioan bertan ezartzen diren itunek arautuko dute, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Akordioaren xedea eta aldeen izaera.
Akordio honen xedea da mutualitateak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari sinatzen duen akordioaren arabera jakinarazten dion informazio konfidentzialaren eta datu pertsonalen erabilera arautzea, datu pertsonalen babesa bermatzeko eta Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra eta datu pertsonalen babesari buruzko lege nazional aplikagarriak betetzeko.
Alde bakoitzak datuen tratamenduaren arduradun gisa jarduten du, 2021eko xxaren xx(e)(a)n formalizatutako hitzarmena betez tratatzen dituen datu pertsonalei dagokienez, eta bi aldeek, kontratu honetan tratamenduen arduradunentzako zehazten diren betebeharrez gain, honako hauetan zehaztutakoak ere bete beharko dituzte: Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena.
Bigarrena.– Tratamenduaren xedea eta helburua.
Tratamenduaren xedea da mutualitateak gertakaria ez-lanekotzat jo den aldi baterako ezintasuneko prozesuetan asistentzia sanitarioa eman dien langileei buruzko informazio pertsonala.
Tratamendua da mutualitateak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari langile horien informazioa jakinaraztea, sail horrek mutualitateak fakturatutako zenbatekoaren jatorria egiaztatu ahal izan dezan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, bere aldetik, tratamenduaren helburua lortzeko behar-beharrezkoak diren tratamendu-eragiketak egingo ditu, hala nola datuak biltzea, erregistratzea, egituratzea, kontserbatzea, erkatzea, ezabatzea eta suntsitzea.
Hirugarrena.– Eragindako informazioaren identifikazioa eta interesdunen kategoria.
2021eko xxaren xx(e)ko hitzarmena betetzearen ondoriozko fakturak ordaintzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pazienteen datuen tipologia hauek eskuratuko ditu:
– Identifikazio-datuak (izena, abizenak, NANa/AIZa, Gizarte Segurantzako afiliazio-zenbakia, telefonoa, sinadura, osasun-txartela eta beste identifikazio-datu batzuk).
– Kategoria bereziko datuak (mutualitateak emandako asistentzia justifikatzen duen informazio klinikoa, fakturazioaren ondorioetarako).
– Aldi baterako ezintasunari buruzko GSINen ebazpenen edo epai judizialen kopia.
Laugarrena.– Aldeen betebeharrak.
a) Informatzeko betebeharra.– Aldeek eragindakoei eman behar diete egiten duten datu-tratamenduari buruzko informazioa, gardentasun-printzipioari jarraikiz eta DBEOren 13. eta 14. artikuluetan xedatutakoaren arabera; zehazki, hauek: identifikazio- eta kontaktu-datuak, tratamenduaren helburua eta oinarri juridikoa, kontserbazio-epeak, datuen lagapenak eta transferentziak, eta erabil daitezkeen datuak babesteko eskubideak.
b) Interesdunaren eskubideei erantzutea.– Aldeek berehala eta, betiere, legez ezarritako epearen barruan, erantzungo diete interesdunek datuak babesteko eskubideak baliatzeko egiten dizkieten eskaerei.
Aldeetako batek beste aldeak erantzun behar dion eskaera bat jasotzen badu, alde hartzaileak eragindakoari bere eskubideak betez zuzendu behar zaion dagokion arduradunaren datuak emango dizkio.
c) Konfidentzialtasuna.– Aldeek konpromisoa hartzen dute beren konfidentzialtasun- eta sekretu-betebeharrak betetzeko, eta aldeek 2023ko maiatzaren 8an sinatutako hitzarmenaren ondorioz datuetara sar daitezkeen langile guztiek beteko dituztela bermatzeko arauak ezarriko dituzte.
d) Tratamendu-eragileak.– Aldeek datuen tratamendu-eragileak izendatu eta enplegatu ahal izango dituzte, akordio honetan aipatzen den hitzarmena betetzeko.
Alde bakoitza arduratuko da tratamendu-eragileekin akordio bat sinatzeaz eta enkarguaren xede diren datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren jarraibideak emateaz.
e) Segurtasun-neurriak.– Alde bakoitzak datu pertsonalak babesteko neurri tekniko eta antolaketa-neurri egokiak aplikatuko ditu, arriskuaren arabera bidezkoak direnak, kontuan hartuta teknikaren egoera, aplikazio-kostuak, izaera, testuingurua eta tratamenduaren helburuak, bai eta interesdunen eskubide eta askatasunetarako probabilitate- eta larritasun-arrisku aldakorrak ere; zehazki, honako hauek:
– Datu pertsonalen seudonimizazioa eta zifratzea, hala dagokionean.
– Tratamendu-sistemen eta -zerbitzuen konfidentzialtasun, osotasun, erabilgarritasun eta erresilientzia iraunkorra bermatzeko gaitasuna.
– Datu pertsonalen erabilgarritasuna eta sarbidea berehala leheneratzeko gaitasuna, gorabehera fisikorik edo teknikorik gertatuz gero.
– Tratamenduaren segurtasuna bermatzen duten neurri teknikoen eta antolaketa-neurrien eraginkortasuna aldian-aldian egiaztatzeko, ebaluatzeko eta baloratzeko prozesua.
f) Datuen segurtasun-arrakalak.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak mutualitateari jakinaraziko dizkio, bidegabeko luzamendurik gabe, nolanahi ere gehienez 72 orduko epean, posta elektronikoz, jakin dituen datu pertsonalen segurtasun-urraketak; horrekin batera, gorabehera dokumentatzeko eta jakinarazteko garrantzitsua den informazio guztia ere helarazi beharko dio.
Ez da jakinarazi beharko segurtasun-urraketa hori arriskutsua ez bada pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako.
Gutxienez informazio hau helaraziko da, informazioa edukiz gero:
1.– Datu pertsonalen urraketaren izaeraren deskribapena, bai eta, ahal bada, eragindako interesdunen kategoriak eta gutxi gorabeherako kopurua eta eragindako datu pertsonalen erregistroen kategoriak eta gutxi gorabeherako kopurua ere.
2.– Datuak babesteko ordezkariaren izena eta harremanetarako datuak, edo informazio gehiago eman dezakeen beste harremangune batenak.
3.– Datu pertsonalen segurtasuna urratzeak izan ditzakeen ondorioen deskribapena.
4.– Datu pertsonalen segurtasunaren urraketa konpontzeko hartu diren edo proposatu diren neurriak; neurri horien artean egongo dira, hala badagokio, urraketaren ondorio negatiboak gutxitzeko neurriak.
Informazio guztia batera ematea ezinezkoa bada, eta ezintasun horren neurrian, informazioa mailaka emango da, atzerapen bidegaberik gabe.
g) Lankidetza.– Alde bakoitzak beste aldearen eskura jarriko du bere betebeharrak betetzen dituela frogatzeko eta egiten dituen auditoriak edo ikuskapenak egiteko behar den informazio guztia, bai eta agintari eskudunek egindako eskaerei, errekerimenduei edo auditoretzei erantzuteko behar dena ere.
h) Erantzukizuna.– Aldeek, hala badagokio, haiei eska dakiekeen erantzukizunetik bereiz erantzungo dute, eta beste aldea kalterik egin gabe mantenduko dute, betiere eska daitekeen erantzukizuna haietako bakoitzaren egite edo ez-egite baten ondorio bada eta horrek besteari kalteren bat eragin badio, aplikatu beharreko datuen babeseko legeriaren arabera.
Bosgarrena.– Informazio-eskubidea.
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta 2016/679 (EB) Erregelamenduan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenean, 2016ko apirilaren 27koan, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituenean, xedatutakoarekin bat, parte-hartzaileek honako hauen berri dute:
– Parte-hartzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta alde bakoitzaren erantzukizunaren tratamendu-jardueretan sartuko.
– Parte-hartzailea banakako enpresaburu bat bada, tratamenduaren helburua kontratu-harremanari eustea eta hura garatzea da. Horren legitimazioa kontratu bat gauzatzea da, eta behar den denboran gordeko dira, kontratuaren xedea betetzeko, balizko erantzukizunak zehazteko eta erreklamazioei erantzuteko. Parte-hartzailea pertsona juridiko baten ordezkaria bada, ordezkatzen duen erakundearekin harremanetan jarraitzea da helburua, interes legitimoan oinarrituta, eta mantendu egingo dira haren ordezkaritzak irauten duen bitartean edo hura ezabatzeko eskatzen ez den bitartean.
– Parte-hartzaileek nahitaez eman behar dituzte beren datuak; izan ere, datuak emateari uko eginez gero, ezin izango da kontratua sinatu.
– Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legezko betebeharra dagoenean izan ezik.
– Parte-hartzaileek datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea, datuen eramangarritasunaren gaineko eskubidea eta datuen tratamendua mugatzeko eta tratamenduari aurka egiteko eskubidea baliatu ahalko dituzte, bai eta beren datuen tratamendu automatizatu hutsean oinarritutako erabakien jomuga ez izateko eskubidea ere, bidezkoa denean, kontratu honen goiburuan adierazitako helbidean.
– Aldeetako edozeinek bere langileen edo mendeko pertsonen datu pertsonalak ematen badizkio beste aldeari, jakinarazi baino lehen, dokumentu honetan jasotako alderdien berri eman beharko die, eta, nahitaezkoa bada, tratamendurako adostasuna eskatu eta datuak babesteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, aurreko atalean adierazitako moduan.
Eta jasota gera dadin, bi aldeek irakurri ondoren, aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, akordio hau –2023ko maiatzaren 8ko hitzarmenaren eranskina izango da– sinatzen da, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aldetik.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateen aldetik:
Mc Mutual (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 001. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
MANEL PLANA ALMUNÍ.
Mutualia (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 002. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
IGNACIO LEKUNBERRI HORMAETXEA.
Umivale Activa (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 003. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
HÉCTOR BLASCO GARCÍA.
Mutua Montañesa (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 007. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
ALBERTO MARTÍNEZ LEBEÑA.
Mutua Universal (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 010. Mutualitatea).
Lurralde-zuzendaria,
RODRIGO PINO CORDÓN.
Maz (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 011. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
GUILLERMO DE VILCHEZ LAFUENTE.
Mutua Navarra (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 021. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
JUAN MANUEL GOROSTIAGA AYESTARÁN.
Mutua Intercomarcal (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 039. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
LLUÍS GENÉ TORRANDELL.
Fremap (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 061. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
JESÚS MARÍA ESARTE SOLA.
Solimat (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 072. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
ÁNGEL NICOLÁS GARCÍA.
Mutua de Andalucía y Ceuta (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 115. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
IGNACIO AZCOITIA GÓMEZ.
Asepeyo (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 151. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
ALEJANDRO IÑARETA SERRA.
Mutua Balear (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 183. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
WALFRID IVERN MORELLÓ.
Unión de Mutuas (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 267. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
CARMEN BARBER RODRÍGUEZ.
Mac (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 272. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
JAVIER GONZÁLEZ ORTIZ.
Ibermutua (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 274. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
CARLOS JAVIER SANTOS GARCÍA.
Fraternidad-Muprespa (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 275. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
CARLOS ARANDA MARTÍN.
Egarsat (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den 276. Mutualitatea).
Zuzendari kudeatzailea,
ALBERT DUAIGUES MESTRES.
RSS