
16. zk., 2024ko urtarrilaren 22a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (215 KB - 9 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
316
EBAZPENA, 2023ko abenduaren 23koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko (Araba) Cegasa eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2023ko irailaren 26an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako plan honetan: Vitoria-Gasteizko (Araba) Cegasa eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da; arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.
Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko urriaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Aldi berean, Vitoria-Gasteizko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena ondo babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Vitoria-Gasteizko (Araba) Cegasa eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko (Araba) Cegasa eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Pulsar Krean Blue Logistic Beta SLUk (industria- eta logistika-eremuak birgaitzen dituen enpresa pribatua) egun erabiltzen ez den Cegasaren industria-instalazioa berraktibatzeko asmoa du, eta Planak asmo hori du abiapuntu. Instalazio horiek erabilera produktibo industrialeko hiri-lurzoruan daude.
Lurzatiak –Gamarrako industrialdean dago– industria-erabilerako 19 eraikin bereizi ditu. 1967aren eta 2007aren artean eraiki ziren horiek, eta jada ez dira erabiltzen. Merkatua aztertuta, zehaztu da garatu beharreko produktua erabilera logistikoari lotuta dagoela eta, lurzatiaren neurriak kontuan hartuta (128.627 m2), multioperadore logistikoari.
Horretarako, lehendik dauden nabe bateragarriak birgaitu dira, eta eraikin berriak egin; horretarako, eraikitako espazioa banatu behar da. Egungo hirigintza-araudiaren arabera, eraikitako espazioa banatzen bada, eraikin berriak eraikitzeko gehieneko altuera 8 metrokoa da, eta hori ez da nahikoa, justifikatzen denaren arabera, egin nahi den multioperadore logistikoaren jarduerarako.
Planaren xedea da eraikitzeko gehieneko garaiera 15 metrotan jartzea, eraikin berrietarako, baldin eta eraikitako espazioa banatzen bada, eta 15 metroko garaiera hori gainditzeko aukera ematea, baina atzeraemanguneen baldintza zorrotzenak beteta. Gainerako hirigintza-parametroak eta -baldintzatzaileak ez dira aldatuko, indarrean dagoen ordenantzak arautzen baititu: OR-11. HAPOren eraikuntza industrial isolatua. Beraz, kasu espezifiko batean gehieneko altueraren parametroa aldatu nahi da, eraikin berrietarako, eraikitako espazioa banatzen bada, eta baimendutako gehieneko profilarekin berdindu (15 m), eta, beraz, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, HAPO) dokumentazioan jasotako antolamendu xehatuko elementu bat aldatzen da.
Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak 0 alternatiba edo «esku ez hartzea» jorratzen du. Baztertu egin da hura, Cegasaren enklabeari balioa ematea eragozten duelako; izan ere, haren aprobetxamenduaren zati bat ezingo litzateke gauzatu eta ezingo litzateke birgaitze logistikoaren aldeko ekintza bat egin (suteen aurka babesteko sistema optimoak eta apalategien eta biltegiko ibilgailuen teknologia ezarrita).
1. alternatiba lurzatia banatzea da. Lursailaren tamaina dela eta, ez litzateke lortuko partzela-fronte optimorik, eta ez lirateke optimizatuko ibilgailu astunen maniobra-espazioak. Gainera, ibilgailuen sarrera- eta irteera-puntu ugari sortuko lirateke, bai eta zerbitzuetarako hargune ugari ere. Ezin izango lirateke bateratu suteen aurkako babes-, sarbide- eta zaintza-zerbitzu komunak, eta hori abantaila lehiakorra eta jasangarriagoa da; izan ere, baliabideak ekonomizatzen dira inbertsioa planteatzerakoan. Ezin izango da azaleren aldagarritasunera egokitu biltegiratze- eta logistika-kontratuen eskaerei erantzuteko, hornitzailearen eskari aldakorretara egokitu behar baitira.
2. alternatiba da eraikitako espazioa banatzea eta eraikinen gehieneko altuera 15 m-tan homogeneizatzea. Horrela, ibilgailuak mugitzeko espazioak optimizatzen dira, eta sarbideak, espazio komunak, sareak eta zerbitzuak bateratzen dira eta lursailaren neurriarekin bat datorren antolamendua sortzen da. Moldakortasuna baimentzen da produktuen eta jardueren okupazioan, horrelako higiezinen egungo eskariarekin bat etortzeko are gehiago.
Uste da 2. alternatiba dela egokiena; izan ere, ingurumen-eraginaren antzeko baldintzetan, inplikatutako alderdi guztien planteamenduei erantzuten dien bakarra da.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planaren antolamendu-eremua erabilera produktibo industrialeko hiri-lurzoruko lurzati bat da, eta Gamarrako industrialdean dago. Planaren asmoa da lehendik dauden nabeak birgaitzea eta beste eraikin bat egitea. Horretarako, eraikitako espazioa banatu egin behar da eta, beraz, eraikinaren gehieneko altueraren parametroa aldatu, espazioa banatzen bada, eta 15 m-tan zehaztu (indarrean dagoen ordenantzan, eraikuntzaren gehieneko altuera 8 metrokoa zen kasu horretan); era berean, 15 metroko altuera gainditzeko aukera ezartzen du, atzeraemangune zorrotzagoak betetzearen baldintzapean. Gainerako hirigintza-parametroak eta -baldintzak ez dira aldatuko eta indarrean dagoen ordenantzak arautuko ditu. Hortaz, ez ditu aldatzen ez indarreko zonakatze xehakatua, ez eraikigarritasuna, lerrokadurak eta sestrak, eta lagapen-eremu publikoak nahiz kudeaketa-eremua errespetatzen ditu. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, gaur egun erabiltzen ez diren industrialdeak birgaitzen ditu eta eraikin berrietan nahiz birgaitzen direnetan energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzea ahalbidetzen du.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, lurzoru kutsatuen, uren, kultura- eta natura-ondarearen babesaren, uholde-arriskuaren, zarataren eta kutsadura akustikoaren, hondakinen eta isurketen, eta segurtasunaren eta osasunaren arloan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Azterketa-eremua Vitoria-Gasteizko 56. poligonoko 99. katastro-lurzatia da, eta Artapadura kaleko 11 zenbakian dago. 128.627 m2-ko azalera du eta Cegasaren instalazioak izandakoak hartzen ditu.
Porositatea dela eta iragazkortasun ertaina duten alubioi-metakinei dagokie litologia. Artifizializazioa dela eta, lurzoruek ez dute gaitasun agrologikorik, eta orografia batez ere laua dute.
Ibilgurik hurbilena Zadorra da, eta lursailetik 135 metrora dago; beraz, jarduketa Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren erkidego arteko arroen esparruan dago, Zadorraren Unitate Hidrologikoan. Eremuak ez du barne hartzen Ebroko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Eremua bat dator «Gasteizko alubiala» lurpeko uraren masako «ekialdeko» sektorearekin, eta interes hidrogeologikoko eremu batean dago.
Jarduketa-eremuan ez dago ingurumen-elementu nabarmenik. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka EAEko geologia-interesguneen inbentarioan sartu diren geologia-interesgunerik edo EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik.
Lurzatiaren iparraldeko mugak Natura 2000 Sareko Zadorra ibaia (ES2110010) kontserbazio bereziko eremuaren (aurrerantzean, KBE) «babes-eremu periferikoarekin» egiten du muga, baina, ingurumen-dokumentuan adierazitakoaren arabera, Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, espero da eraginik ez izatea. Bestalde, Salburua KBEa (ES2110014) ere hegaztiak babesteko eremu berezia da (aurrerantzean, HBBE), eta lurzatiaren hego-ekialdetik 1,5 km-ra dago.
Zadorra ibaia, gainera, lotura-interes bereziko ibai-tartea da, eta interes bereziko eremua da animalia hauentzat: bisoia (Muestela lutreola) (322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duena. 2003ko abenduaren 5eko ALHAO), igaraba (Lutra lutra) (880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa, Arabako Lurralde Historikoan igaraba arruntaren (Lutra lutra) (Linnaeus, 1758) kudeaketa plana onartzekoa. 2004ko azaroaren 24ko ALHAO), eta uhalde enara (Riparia riparia) (22/2000 Foru Dekretua, martxoaren 7ko Diputatuen Kontseiluarena, uhalde enara (Riparia riparia) hegaztia kudeatzeko plana onesten duena, arriskuan dagoen espeziea delako eta bere babesak berariazko neurriak eskatzen dituelako. 2000ko martxoaren 27ko ALHAO). Denak ere Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartuta daude; lehenengo biak «Galzorian» kategorian eta azkena «Kaltebera» kategorian.
Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiak (geoEuskadi) hiriguneetan eta lugorrietan sartzen du (landaredi erruderal-nitrofiloa) Planaren eremua.
Aztertutako eremua Vitoria-Gasteizko ikuspen-arroan dago, eta paisaia-balio oso txikia du. Nagusi den paisaia-unitatea eremu antropogenikoan dagoen hiri-paisaia da. Lurzatia ez dago EAEko Paisaia Berezi eta Bikainen Katalogoan.
Planaren xede diren lurzatiek ez dute barne hartzen kultura-ondasun deklaratutako kultura-ondareko elementurik; hala ere, Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostenaren arabera, 898 elementuak (Cegasa) babes-proposamen ertaina du. Zehazki, ekoizpen-nabea eta bulegoak babesteko proposamenak daude; logistika-nabea babesteko, ordea, ez.
Egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoarekin batera doan inpaktu akustikoaren azterketak ondorioztatzen duenez, Planaren eremuan betetzen dira aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, azpimarragarriena da lurzatia lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoela 01059-01607 kodearekin, eta industria-mota gisa erregistratzen dela.
Ingurumen-dokumentu estrategikoaren eta Uraren Euskal Agentziaren txostenaren arabera, «Vitoria-Gasteizko hirigunean Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko proiektua» egiteko obretan (2020ko azaroan amaitu ziren), jarduketak egin ziren, hala nola ibaiaren edukiera hidraulikoa handitzea eta kabailoiak eta euste-elementuak eratzea. Horren ondorioz, Planaren xede den lurzatian jada ez dago uholde-arriskurik, Geoeuskadiko bisorean eskuragarri dagoen kartografiak oraindik ere hori adierazten badu ere.
Bestalde, Plana akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duen eremu batean dago, eta interes hidrogeologikoko eremu batekin bat dator.
Beste arrisku batzuei dagokienez, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzean gertatutako istripuen ondoriozko arrisku oso txikia identifikatu da, eta ez da sismikotasunetik eratorritako arriskurik identifikatu.
Plana garatzearen ondoriozko inpaktu nagusiak obra-fasean sortuko dira, eta honako hauek izango dira, besteak beste: hondakinak sortzea, lur-soberakinak, ustekabeko isurketek lurrazaleko urei eta lurzoruei eragiteko arriskua, emisio atmosferikoak eta akustikoak eta trafikoa handitzea. Lurzoru artifizializatuak berrerabiltzea –hori dakar Planak– positibotzat jotzen da.
Lurzatiak muga egiten du Zadorra ibaia (ES2110010) KBEren «babes-eremu periferikoarekin»; hori Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan jasota dago, eta, gainera, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun-maila handiko eremua da. Hori dela eta, prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak ezarri beharko dira (bestak beste, hauek: instalazio osagarriak eta garbigunea gune iragazgaiztuetan eta ibilgutik ahalik eta urrutien eta hondakinen kudeaketa egokia), KBEn eta haren babes-eremu periferikoan eraginik ez dutela bermatzeko.
Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruak egoteari dagokionez, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat ematen bada.
Kultura-ondareari dagokionez, kontuan hartu beharko dira ekoizpen-nabea eta 898 elementuaren bulegoak. Cegasak babes ertaineko proposamena du, eta, beraz, gomendagarria litzateke eraikinen bolumena eta eraikuntza-elementuak babes-proposamenarekin mantentzea eta horietan egiten diren esku-hartzeak zaharberritze kontserbatzaile gisa definitutako obra motara mugatzea.
Bestalde, paisaia-integrazioko neurriak hartu beharko dira, eraikin berrien altuera 15 m areagotzeak ekarri duen inpaktua murrizteko, eraikitako espazioa banatzen bada.
Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Ildo horretan, planaren xede bakarra da eraikitzeko gehieneko garaiera 15 metrotan jartzea, eraikin berrietarako, baldin eta eraikitako espazioa banatzen bada, eta 15 metroko garaiera hori gainditzeko aukera ematea, baina atzeraemanguneen baldintza zorrotzenak beteta. Gainerako hirigintza-parametroak eta -baldintzak ez dira aldatuko eta indarrean dagoen ordenantzak arautuko ditu.
Aurrekoa, eremuaren egungo egoera, Planaren ondoriozko jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa kontuan hartuta, eta, betiere, indarreko legeria betetzen bada, bereziki lurzoru kutsatuei, kultura- eta natura-ondarearen babesari, zaratari eta kutsadura akustikoari, uholde-arriskuari, urei, hondakinei eta isurketei eta segurtasunari eta osasunari buruzkoa, ez da espero jarduketa horiek ingurumenaren gaineko inpaktu esanguratsurik eragingo dutenik.
3.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Vitoria-Gasteizko (Araba) Cegasa eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.
Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:
Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babesteko neurriak.
– Plana gauzatzearen ondorioz ibilguak zaintzeko eremuan eragina izan dezaketen jarduketa guztiek Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko administrazio-baimena beharko dute gauzatu aurretik. Uraren Euskal Agentzian aurkeztu beharko da eskabidea.
– Planaren ondoriozko jarduketek Zadorrarekiko 15 m-ko nahitaezko gutxieneko atzerapena beteko dute.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
– Obrek irauten duten bitartean, instalazio osagarriak eta garbigunea ahalik eta gehien urrundu beharko dira Zadorratik. Instalazio osagarrien eremuak euri-urak biltzeko areka eta hidrokarburo-iragazkia izango ditu.
– Obran erabiltzen diren makinak hornitzeko eta mantentzeko eragiketak eta horien lubrifikatzaileak aldatzekoak instalazio osagarriak eta garbigunea dauden plataforma iragazgaiztuan egin beharko dira.
– Gainera, material xurgatzaileak egongo dira ustekabeko isurketak biltzeko (erregaiak, olioak, etab.). Halakorik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
– Beharra badago, obrak egin bitartean solidoak lurrazaleko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak ezarriko ditu, adibidez, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
– «Cegasa» 898 elementuaren (babes ertaineko proposamena duten eraikinak) ekoizpen-nabeen eta bulegoen bolumena eta eraikuntza-elementuak mantentzea gomendatzen da, eta bertan egiten diren esku-hartzeak «zaharberritze kontserbatzailea» gisa definitutako obra motara mugatzea. Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa beteko da.
– Maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
– Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da. Ildo horretan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak (01059 01607 kodeak) izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatian lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da. Bestalde, kontuan hartu behar da inbentarioan jasotako lursail horretan jarduketak egin direla PKBL Beta-Artapadura 11 (RUI-0044/22-UG) izeneko espedientearen esparruan, azkenean, ez bada egin ere lurzoruaren kalitatearen adierazpenik.
Paisaia-integrazioari eta berdeguneen tratamenduari buruzko neurriak.
– Plana garatzeko proiektuetan, eraikin berrien altuera 15 m handitzearen ondoriozko paisaia-inpaktua murrizteko neurriak jaso beharko dira, hala nola landare-pantailak eta/edo berdeguneak landareztatzea.
Jarduketa horiek «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenaren arabera egingo dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ondu zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Loreztatze-lanetan ez da inola ere erabiliko inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Loreztatze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, Plana egitean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Hala badagokio, eraikuntza-lanetan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Nolanahi ere, ekainaren 25eko 4/2015 Legea beteko da.
– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.
– Klima-aldaketa: planean klima-aldaketaren ikuspegia txertatzea gomendatzen da, antolamendu-irizpideen eta klima-aldaketaren arteko lotura indartuz. Halaber, gomendatzen da udal-mailan klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko analisirako oinarri gisa honako dokumentu hauek kontuan hartzea: «Euskadiko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa (https://ihobe.maps.arcgis.com/apps/MapSeries/index.html?appid=37ebeeee36fb42cca42c0bbac2d512de eta «Euskadiko klima aldaketaren egoeretan muturreko prezipitazio gertaerei lotutako euro uholdea (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/euskadiko-clima-aldaketaren-egoeretan-muturreko-prezipitazio-gertaerei-lotutako-euro-uholdea)». Azterketa horretan oinarrituta, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurri egokiak ezarriko dira.
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:
• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kantitatea edo/eta kontsumoa murriztea.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, haVts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko (Araba) Cegasa eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Vitoria-Gasteizko (Araba) Cegasa eremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 23a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS