Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2024ko urtarrilaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
315

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita «Meorio Barria» TZren eta «Islas Bekobarria» TZ berriaren artean (Bizkaia) «4549 L08 Gernika-Kanala Kosta» 13,2 kV-ko ZS-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen tarte berria ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2023ko abuztuaren 14an, Bizkaiko Industriako Lurralde Ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan «Meorio Barria» TZren eta «Islas Bekobarria» TZ berriaren artean (Bizkaia) «4549 L08 Gernika-Kanala Kosta» 13,2 kV-ko ZS-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen tarte berria ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko eskaera egin zuen, horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozeduraren barruan, zeina Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututa baitago.

2023ko urriaren 25ean, Bizkaiko Industriako Lurralde Ordezkaritzak dokumentazio gehigarria helarazi zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko urriaren 26an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari izapidea hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 3. epigrafean ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie honako hauei: «3. Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Zehazki, proiektuaren xedea honako hau da: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan 13,2 kV-ko linea elektriko bat lurperatzea, guztira 2.847 metrokoa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Meorio Barria» TZren eta «Islas Bekobarria» TZ berriaren artean (Bizkaia) «4549 L08 Gernika-Kanala Kosta» 13,2 kV-ko ZS-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen tarte berria ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako hauek jasoz:

A) Proiektuaren xedea Abifaunaren Babes Eremu batean kokatuta dagoen «4549 L08 Gernika-Kanala Kosta» 13,2 kV-ko zirkuitu soileko aireko linea elektrikoaren zenbait tarte lurperatzea da, abifauna linea elektrikoekin talka egiteaz eta elektrokutatzeaz babesteko neurriak ezartzen dituen 1432/2008 Errege Dekretua aplikatuz.

B) «Meorio Barria» TZaren eta «Islas Bekobarria» TZ berriaren artean (Bizkaia) «4549 L08 Gernika-Kanala Kosta» 13,2 kV-ko ZS-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen tarte berria ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Aireko linearen egungo baldintza teknikoak ez datoz bat aipatutako 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako preskripzio teknikoekin, beraz, horietara egokitzeko, linea lurperatu nahi da, Urdaibaiko Biosfera Erreserban bidegorri-zati berri bat eraikiko dela aprobetxatuz.

Zehazki, aurreikusitako jarduketen bidez, «4549 L08 Gernika-Kanala Kosta» 13,2 kV-ko erdi-tentsioko aireko linearen (ETAL) trazaduraren zati bat lurperatuko da, 9107 eta 9137 zenbakidun euskarrien artean (1.756 m aireko eroale eta 38 euskarri desmuntatzea dakar). Gainera, «Martisolo» (200607070) transformazio-zentroa (TZ) eraitsiko da eta euskarri baten gainean dagoen «Islas Bekoa» (202604750) izeneko aire zabaleko transformazio-zentroaren ordez lur gaineko transformazio-zentro trinko berri bat jarriko da haren ondoan. Horrekin guztiarekin, «Meorio Barria» TZ (901168480) eta «Islas Bekobarria» TZ berria (901168610) lotuko dituen lurpeko tarte berri bat proiektatu da.

Proiektuari jarraituz, 2.847 m-ko lurpeko linea elektriko berri bat instalatuko da; horietatik, 1.852 m erdi-tentsioko (ET) linea berri bat izango dira, 20 kV-koa; 995 m, berriz, behe-tentsioko (BT) linea berri bat. Bi lineek zanga bera partekatuko dute ia ibilbide osoan, eta bi lineen lurpeko trazadurak 2.033 metroko luzera izango du guztira. Zehazki, 1.805 m egungo kanalizaziotik pasatuko dira, eta 228 m galtzadatik igaroko den hodi bidezko kanalizazio berri batetik proiektatu dira.

Honako jarduketa hauek proiektatu dira:

Lurpeko tartea.

– Erdi-tentsioko linea elektriko berri bat, «Meorio Barria» TZtik (901168480) «Islas Bekobarria» TZ berriraino (901168610). Linea horrek zirkuitu soileko 1.826 metro ditu guztira.

– Erdi-tentsioko linea elektriko berri bat, «Islas Bekobarria» TZ berritik (901168610) 2003 zenbakidun euskarriraino. Linea horrek zirkuitu sinpleko 26 metro ditu guztira.

– Lur gaineko «Islas Bekobarria» TZ trinko berria (901168610) eraikitzea.

– Behe-tentsioko linea berri bat, «Meorio Barria» TZtik desmuntatu beharreko 2101 zenbakidun euskarriraino (975 m-ko luzera), eta «Islas Bekobarria» TZT berritik desmuntatu beharreko BT12 behe-tentsioko koadroraino («Islas Bekobarria» TZ trinko berritik 20 bat metrora dago). Behe-tentsioko linea horrek zirkuitu soileko 995 metro ditu guztira.

Aireko tartea.

– 9107 zenbakidun deribazio-euskarrian tirante bat instalatzea.

– 2003 zenbakidun euskarrian amarratze-kateak ordeztea.

– 2002 eta 2003 zenbakidun euskarrien arteko baoan eroaleak erregulatzea.

– 2003 zenbakidun euskarrian abifauna babesteko elementuak instalatzea.

– 2003 zenbakidun euskarrian aireko-lurreko pase berria instalatzea.

Desmuntatzeak.

– 2202 euskarriaren eta «Meorio Barria» TZren artean dagoen linea desmuntatzea (901168480). Zirkuitu soileko 60 metro desmuntatu behar dira.

– «Martisolo» (901242440) ATZ eta «Islas Bekoa barria» ATZ (200604750) desmuntatzea. Biak aire zabaleko transformadoreak dira, euskarrien gainean kokatuak.

– 2003 zenbakidun euskarrian dauden kateak desmuntatzea.

– 38 euskarri desmuntatzea: 7 hormigoizkoak, 29 egurrezkoak eta 2 txapazkoak.

– 2201 eta 9124 zenbakidun euskarrietan maniobra-elementuak txatarra bihurtzea, XS fusibleak (BI36594) kasu.

– 9107 eta 9139 zenbakidun euskarrien artean LA-56 linea desmuntatzea. Zirkuitu soileko 1.757 metro desmuntatu behar dira.

Lurpeko linea 160 mm-ko hodietatik igaroko da, gehienez 1 m-ko sakonerako eta 0,42 m-ko zabalerako zangetan.

Instalatu beharreko TZ trinko berria lur gainekoa da, hormigoizko prefabrikatua, etxola motakoa, eta honako neurri hauek ditu: 2,05 x 2,10 x 2,10 m.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, sortuko diren hondakin gehienak eraikuntza eta eraispenekoak izango dira, eta hondakin mota horri dagokion moduan kudeatuko dira, kudeatzaile baimenduen bidez.

Bidalitako dokumentuetan ez da zehazten obrak egiteko epea.

Alternatibei dagokienez, batetik, 0 aukera aztertu da, hau da, esku-hartzerik ez egitea, eta, bestetik, linea lurperatzea planteatzen duten bi garapen-aukera. Bi alternatiben arteko aldea honetan datza: 1. alternatiban, lurpeko linea BI-3234 errepidean dagoen kanalizazio batetik igaroko litzateke; 2. alternatiban, berriz, lurpeko linea kanalizazio berrietatik igaroko litzateke, landa-bideetan eta baso-lurretan zehar. Ingurumen-dokumentuan 1. aukera hautatzea justifikatzen da, ingurumen-irizpideak eta irizpide teknikoak kontuan hartuta.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren xede den linea elektrikoa Gautegiz-Arteaga udal-mugarteko Kanala eta Isla Bekoa auzoen artetik igarotzen da, Oka ibaiaren eskuinaldetik. Zehazki, lurpeko linea berriaren zati handi bat hartuko duen kanalizazioa dagoeneko eginda dago, BI-3234 errepidearen kanpoko ertzekoa da. Egingo diren kanalizazio-tarte berri bakarrak luzera txikikoak izango dira, eta egun dauden beste bide batzuen gainean eraikiko dira, hiri-inguruko eremu batean.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Linea elektrikoa Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren parte den Okako Unitate Hidrologikoan dago. Proiektuaren eremuaren zatirik handiena «Oka kanpoaldea, trantsizio-drainatzea» ur-masaren isuri-arroaren barruan dago, harekiko mugan. Hala ere, proiektatutako jarduketak ez dira ibai-ibilgu bakar batean ere egingo. Eremua itsas-lehorreko jabari publikoaren mugatik kanpo dago, baina zati handi bat haren babes-zortasunean sartzen da.

– Lurpeko hidrologiari dagokionez, lineak Ereńozar ur-masa ukitzen du, eta zati bat Arretxeko lurpeko ur-masen sektorearen barruan ere sartzen da. Halaber, interes hidrogeologikoko gune batean dago.

– Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, linea ukitzen duen Oka ibaia interes ekonomikoko espezieak (moluskuak eta beste ornogabe batzuk) babesteko «Mundakako Itsasadarra» eremu gisa identifikatuta dago. Era berean, mantenugai-ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen hargune batean dago, baita habitatak eta espezieak babesteko eremu batean ere, hainbat babes-figuratan sartzen baita.

– Zehazki, eremua honako hauetan sartuta dago: Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Urdaibaiko Itsasadarreko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (ES0000144), Hezeguneen LAPeko hezeguneen inbentarioan eta EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian. Azkenik, Mundakako Itsasadarra-Gernika ingurua Ramsar hezegune gisa identifikatuta dago.

– Egungo aireko lineak espezie autoktonoen baso-masak zeharkatzen ditu batez ere, bai artadiak (Batasunaren intereseko 9340 habitata), bai baso mistoak. Halaber, Laurus nobilis espezieko zuhaitz-formako sastrakek osatutako orban txiki bat identifikatu da (Batasunaren intereseko 5230 habitata). Bestalde, proiektatutako lurpeko linea berria BI-3234 errepidearen ertzetatik igaroko da, batez ere lehendik dagoen kanalizazio batetik, landare gabeko lur urbanizatuetan zehar.

– Faunari dagokionez, Oka ibaia bisoi europarraren interes bereziko eremutzat hartzen da, espezie hori kudeatzeko Bizkaiko lurralde historikoko planaren arabera. Beste alde batetik, aztergai dugun eremuaren ekialdean, «Urdaibaiko artadi kantauriarrak» gisa identifikatutako interes bereziko gune bat dago, eta hegazti nekrofagoak elikatzeko babesgune bat da, abifauna multzo horren Kudeaketa Planari jarraituz.

– Eremua hegaztiak linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko babes-eremuko Kosta-Urdaibai-Gaztelugatxe sektorean dago. Agindu honen bidez deklaratu ziren eremu horiek: Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez mugatzen baitira mehatxupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak eta argitaratzen baitira abifaunaren babes-eremuak. Zehazki, esku-hartzearen xede den linea elektrikoak ez ditu abifauna babesteko baldintza teknikoak betetzen. Aipatutako eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, Hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoekin talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, proiektuaren eremua ez da uholde-arriskuarekiko kaltebera, eta linearen ibilbidean dauden baso-masek baso-suteak gertatzeko arrisku txikia dute. Horrez gain, eremuan ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioko lurzatirik. Hala ere, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso handia da.

– Ez gaur egun dagoen aireko linearen trazadurak, ez proiektatutako lurpeko trazadurak ez dute ukitzen kultura-ondare katalogatuko ezein elementu.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obra-fasean sortuko dira.

Lurpeko kanalizazio berria egiteko (228 m), zangan zehar 3 metroko zabalerako aldi baterako afekzio-eremu bat sortuko da, eta horrek guztira 684 m2-ko azalera bati eragingo dio. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eremu hori lehendik dauden bideen gainean egongo da oso-osorik. Horrez gain, proiektatutako TZ berria egiteko, 100 m2-ko azalerako lan-plataforma bat jartzea aurreikusten da; horrek landaredia duten bidearen aldameneko lursailetan eragin puntuala izan dezake.

Ez da sarbide berririk egin beharko kanalizazio berria instalatzeko, baina bai lehendik dagoen linea eraisteko. Zehazki, sarbideek landan zehar 4.457 m2-ko okupazioa eragingo dutela aurreikusten da. Proiektuan aurreikusitako behin-behineko okupazio osoa 5.211 m2-koa da.

Ildo horretan, aireko linea-zatia eta haren euskarriak eraisteko, landaretza naturala duten Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eta Urdaibaiko Itsasadarra HBBEaren barruko eremu batzuk zeharkatuko dira, besteak beste, Quercus ilex eta Quercus rotundifolia artadia duen Batasunaren intereseko 9340 habitata. Hala ere, linearen zortasuna aprobetxatuko denez, balizko inpaktuak mugatu egingo dira.

Proiektatutako hondeaketak txikiak direla kontuan hartuta, lur-mugimenduen guztizko bolumena 107,9 m3-koa izango dela aurreikusten da, eta horien zati bat, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, zanga bera betetzeko berrerabiliko da.

Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortu ahal izango dira.

Funtzionamendu-fasean, proiektuak inpaktu global positiboa izango duela uste da, linea elektrikoaren zati horretan abifaunak talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskua deuseztatuko delako. Eusko Jaurlaritzaren Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren txostenaren arabera, proiektua bat dator Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean ezarritakoarekin, energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko azpiegiturak pixkanaka lurperatzeko betebeharrei dagokienez.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan «Meorio Barria» TZren eta «Islas Bekobarria» TZ berriaren artean (Bizkaia) «4549 L08 Gernika-Kanala Kosta» 13,2 kV-ko ZS-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen tarte berria ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obran jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Proiektuak kontuan izan beharko ditu, batetik, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuko zehaztapenak, eta, bestetik, Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren Garrantzizko 4 Leku Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen dituen eta KBE horien eta Urdaibaiko itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak onartzen dituen ekainaren 4ko 358/2013 Dekretukoak.

– Obrak, baita lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta soiltze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta uholde-eremuei eragitea saihestuko da.

Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere Urdaibaiko itsasadarreko HBBEan kokatu, ezta intereseko landare-formazioak dituzten eremu sentikorretan ere (Batasunaren intereseko habitatak eta baso autoktonoak).

Horretarako, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusi ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, eragina proiektua egiteko beharrezkoa den azalerara mugatu dadin.

– Eremu sentikorretan eta natura-balio handienekoetan (Batasunaren intereseko 9340 eta 5230 habitatak, eta baso mistoa) kokatutako euskarriak eta linea elektrikoa eraistean arreta handia jarriko da. Eremu horietan, arreta-neurri zorrotzak ezarriko dira linearen segurtasun-kaletik kanpo dauden espezieei kalterik ez egiteko.

– Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

– Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira zein zuhaitz ebaki edo lepatuko diren erabakitzeko irizpideak.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landarediari kalterik ez eragiteko.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Landan zeharreko sarbideak egiteko eta lehendik dauden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua minimizatuz eta lehen aipatutako eremu kalteberekiko eragina saihestuz egingo dira.

– Proiektuaren eraginpeko eremua bisoi europarraren interes bereziko gunearen mugan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

– Bisoi europarraren aleengan eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, honako hauek kontuan hartuko dira: azaroaren 25eko 9/2021 Legea, EAEko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta itsas fauna eta landaredian arriskuan dauden espezieen EAEko Zerrenda arautzeko duena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduradun gisa, xedatzen duena.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Debekaturik dago, baimen administratiborik izan ezean, ur kontinentalak edo jabari publiko hidraulikoko beste edozein elementu kutsa ditzaketen urak eta hondakinak zuzenean edo zeharka isurtzea.

Paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu beharko dira (aldi baterako bilketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak sartuta, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzeko.

– Proiektua gauzatu ondoren libre geratuko den linearen egungo zortasuna inguruko habitatetako berezko espezieen bidez landareztatuko da, masa horiek zatitzea saihestuz. Zehazki, Batasunaren intereseko 9340 habitata zeharkatzen duen sekzioa lehengoratzeko, Quercus rotundifolia eta Quercus ilex espezieak erabiliko dira lehentasunez, habitat horren oihanpeari dagozkion espezieekin batera. Bestalde, landaredi naturala zegoen linearen antzinako zortasunean, harizti azidofiloko eta harizti/baso mistoko berezko espezieak erabiliko dira, Quercus robur, Fraxinus excelsior, Tilia sp eta Acer sp zuhaitz-espezieak, besteak beste, eta, zuhaixka-geruzan, Cornus sanguinea, Crataegus monogyna, Ligustrum vulgare eta abar.

– Landareztatu beharreko zonaren antzeko klima- eta lurzoru-baldintzak izan eta barietate autoktonoak ekoizten dituzten tokiko haztegi egiaztatu eta akreditatuetatik datozen haziak eta landareak erabiltzea aholkatzen da.

– Makinen, materialen eta abarren erabileraren pean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da, eta konponketa egokiak, beharrezkoa bada.

– Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kendu, eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren. Ondoren, beheragoko geruzetan jarri gabe, ahal den neurrian, jatorrizko lekuan kokatuko da.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunean.

– Bai baldintza-agiriak bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, sei hilabetetik gorako iraupena aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen lurren mugak kontrolatzea.

– Batasunaren intereseko eta intereseko habitatei (baso mistoa), Natura 2000 Sareko Urdaibaiko Itsasadarreko KBEari eta arriskuan dauden fauna-espezieei eragiten zaien kaltea kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruko aholkularitza kualifikatua izan beharko du. Obra-zuzendaritzak baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorreko erabakiak hartu aurretik, aholkularitza hori ematen duten adituek txosten bat egin beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen «Meorio Barria» TZren eta «Islas Bekobarria» TZ berriaren artean (Bizkaia) «4549 L08 Gernika-Kanala Kosta» 13,2 kV-ko ZS-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen tarte berria ezartzeko proiektuari (i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatzen du) ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industriako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Zazpigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 20a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala