Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2024ko urtarrilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
234

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 1ekoa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez Zabalgarbi SAri emandako ingurumen-baimen bateratua berrikusten baita Bilboko udal-mugartean (Bizkaia) hondakin ez-arriskutsuen balorizazio energetikoko jarduerarako.

EGITATEAK

1.– 2000ko irailaren 19ko Ebazpenaren bidez, orduko Ingurumeneko sailburuordeak Zabalgarbi SAk Bilbon sustatutako «Bizkaiko hiri-hondakin solidoen balorizazio energetikoko planta» proiekturako ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatu zuen.

2.– 2008ko apirilaren 30eko hasierako Ebazpenaren bidez, orduko Ingurumeneko sailburuordeak ingurumen-baimen bateratua eman zion Zabalgarbi SAri, Bilbon (Bizkaia) sustatutako hiri-hondakinen balorizazio energetikoko jarduerarako.

3.– Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2010eko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez, Zabalgarbi SAk 2008ko apirilaren 30 Ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebatzi zen.

4.– Orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko martxoaren 23ko Ebazpenaren bidez, Zabalgarbi SAri emandako ingurumen-baimen bateratua aldatu eta indarrean jarri zen, Bilbon (Bizkaia) sustatutako hondakinen balorizazio energetikoko jarduerarako.

5.– 2015eko abenduaren 30ean, 2016ko azaroaren 14an, 2020ko azaroaren 10ean eta 2023ko martxoaren 30ean, emandako ingurumen-baimen bateratua aldatzeko ebazpenak eman ziren.

6.– 2017ko abuztuaren 17an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko 2017/1442 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira errekuntza-instalazio handietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

7.– 2019ko abenduaren 3an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/7987 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinen errausketarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (C/2019/7887).

8.– 2022ko apirilaren 9an, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea onartu zen.

9.– 2023ko irailaren 7an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Zabalgarbi SAri eskatu zion aurkez zezala instalazioaren funtzionamenduaren eta TEO aplikagarriei buruzko ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenak baliatuta izango lukeenaren arteko alderaketa, eta loturiko emisio-mailena ere bai, maila horiek betetzen zituela edo betetzea aurreikusten zuela adierazteko.

Halaber, eskura zuen lurzoruaren arloko informazio eguneratua eskatu zion eta Legearen araberako txosten bat prestatzeko aurreikuspena, kontuan hartuz jarduera utziz gero lurzoruaren egoera kuantitatiboki alderatzeko aukera eman behar duela txosten horrek.

10.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu eta gero, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko urriaren 9ko Iragarkiaren bidez, Zabalgarbi Nervión SAren ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena jendaurrean jarri zen 20 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen iragarkia, 2023ko urriaren 17an.

11.– Ingurumen-baimen bateratua jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

12.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko urriaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena egiteko eskatu zien Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari eta Bilboko Udalari.

13.– 2023ko urriaren 27an eta azaroaren 8an, hurrenez hurren, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetzaren txostenak jaso ziren. Horien emaitza espedientean dago jasota.

14.– 2023ko azaroaren 30ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Zabalgarbi SAren esku utzi zen espedientea.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

3.– Zabalgarbi SAren instalazioko jarduera nagusia hondakinen errausketa da.

4.– 2017ko abuztuaren 17an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko 2017/1442 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira errekuntza-instalazio handietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

5.– 2019ko abenduaren 3an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/7987 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinen errausketarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (C/2019/7887).

6.– 7/2022 Legeak, laugarren xedapen iragankorrean, baimenen eta komunikazioen araubide iragankorra jasotzen du, eta honako hau ezartzen: «Autonomia-erkidegoek lege honetan ezarritakora egokituko dituzte lehendik dauden instalazioen eta jardueren baimenak eta komunikazioak, edo legea indarrean jarri aurretik aurkeztutako eskaerak eta komunikazioak, legea indarrean jarri eta hiru urteko epean».

Beraz, ingurumen-baimen bateratua eguneratu behar da, aipatu araura egokitzeko.

7.– Ingurumen-baimen bateratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren baldintzak, ebazpen horren bosgarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

8.– Ebazpen honetan, kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko asmoz instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak zehazteko. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu hauen edukiak hartu dira aintzat: «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Incineration» eta «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Large Combustion Plants».

9.– Zabalgarbi SAk hondakinen errausketarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioez emandako informazioan, dioxina eta furanoen emisioak sei hilean behin kontrolatzeko eskatzen da, erreferentziako arauarekin bat, organo honentzat orain arte ezarrita egon den hiru hilean behingoaren ordez.

Ingurumena zaintzeko programaren historia-erregistroak aztertuta, egiaztatu da erregistroak dioxina eta furanoen emisioen muga-balioetatik nabarmen behera daudela eta egonkorrak direla. Ondorioz, ez dago zertan aplikatu laginketa-prozedura epe luzera, 2019/7987 Erabakiari jarraikiz.

Bestalde, araudiari erreparatuta (815/2013 ED, 37.6 artikulua), esan behar da kontrola eskatutako epean finkatu daitekeen egoera dugula aurrean.

Hala ere, organo honen iritzian, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 22.6 artikulua eta 3. eranskina kontuan hartuta, finkatutako aldizkakotasunari eutsi behar zaio, egungo kontrolen maiztasuna teknika erabilgarri onenari dagokiolako.

10.– Errekuntza-instalazio handietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioen arabera, berreskuratze-galdararen emisioen muga-balioa, Nox-en kasuan, 55 mg/Nm3-koa da urtean, batez beste, eta 80 mg/Nm3-koa egunean, batez beste.

Zabalgarbi SAri orain arte eskatu zaizkion betekizunak, nabarmen murriztailegoak dira, beraz, erdiets litekeen teknika erabilgarri onenetako bat izanik, aurretiazko balioei eutsi behar zaie, orain arte bete izan diren horiei, hain zuzen.

11.– Aipatutako IPPC Legearen 3. artikuluak honela definitzen ditu «teknika erabilgarri onenak»: jarduerak eta horien ustiapen modalitateak garatzeko faserik eraginkorrena eta aurreratuena, zeinak erakusten baitu zenbait teknikak badutela emisioen muga-balioen eta baimeneko beste baldintza batzuen oinarri izateko ahalmen praktikoa, emisioak eta ingurumenaren eta pertsonen osasunaren gaineko inpaktua saiheste aldera edo, besterik ezin bada, murrizte aldera.

12.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikulua aplikatuko da, zeina izapideen kontzentrazioari buruzkoa baita: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioarekin bat, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

13.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Ebazpen hau emateko eskumena du, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako legeria eta oro har zein berariaz gai honetan aplikagarri diren gainerako arau guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zabalgarbi SAri Bilbon (Bizkaia) hiri-hondakinen balorizazio energetikoko jarduera gauzatzeko 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen bateratua berrikustea, eta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legera egokitzea.

Bigarrena.– Zabalgarbi SAri Bilbon (Bizkaia) hiri-hondakinen balorizazio energetikoko jarduera gauzatzeko 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen bateratua berrikustea, Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko 2017/1442 (EB) Betearazpen Erabakian (errekuntza-instalazio handietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzekoa) eta Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/7987 Erabakian (hondakinen errausketarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzekoa) jasotako baldintzen arabera.

Hirugarrena.– Ebazpen honen eranskinean zehaztutako eran, ingurumen-baimen bateratuaren apartatu hauek aldatzea:

– Lehena.

– Bigarrena, D.3.3 azpiapartatua, Emisioen muga-balioak.

– Bigarrena, D.3.5 azpiapartatu berria, Energia-efizientzia.

– Bigarrena, D.9.2 azpiapartatua, Emisio atmosferikoen kontrola.

– Bigarrena, D.9.7 azpiapartatua, Jardueraren adierazleak.

Laugarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Zabalgarbi SAri, Bilboko Udalari, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Errekurtsoak:

Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 1a.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala