
13. zk., 2024ko urtarrilaren 17a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 2 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
231
AGINDUA, 2023ko azaroaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean itsas haztegietarako interesa duen eremu bat deklaratzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko urtarrilaren 8ko Agindua aldatzen duena.
Arrantza-tradizioa duten Europar Batasuneko estatu kideak akuikulturaren garapen jasangarria bultzatzen ari dira ekonomia eta enplegua sortzeko eta jardueraren benetako garapenerako dauden arazo teknikoak, administratiboak eta ingurumenekoak konpontzeko. Administrazioek, helburu hori lortzeko, honako kudeaketa-tresna hauek erabiltzen dituzte batez ere: lurraldearen plangintza estrategikoa eta kudeaketa integratua.
Testuinguru horretan, Akuikultura Garatzeko 2030 Plan Estrategikoa erreferentziazko tresna da akuikultura-jarduera garatzeko eta aurrera egiteko gida gisa, Euskadiko zeharkako estrategiekin eta Europar Batasuneko estrategia orokorrekin bat etorriz.
Ondorio horietarako, plan estrategikoak lehorrean eta itsaso zabalean akuikulturako instalazioak ezartzeko aproposak diren zenbait espazio mugatzen ditu, eta Euskadiko akuikulturarako merkataritza-interes handiena duten espezieak zehazten ditu.
Agindu honen xedea da 2016ko urtarrilaren 8ko Agindua (itsas haztegietarako interesa duen eremu bat deklaratzen baita Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean) aldatzea, eta intereseko eremu horretan hazi daitezkeen espezieak (ostra, muskuilua eta itsas trikua) zabaltzea, eta algak, zamburiñak eta beste pektinido batzuk gehitzea.
Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 37. artikuluaren arabera, «itsas espezie jakin batzuen hazkuntza garatzeko babes bereziko zenbait alde deklara ditzake Eusko Jaurlaritzak, eta, horretarako, alde horiek bete behar dituzten osasun- eta ingurugiro-baldintzak ezarri behar ditu». 2016ko urtarrilaren 8ko Aginduak horrela egin zuen, eta Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean itsas haztegietarako interesa duen eremu bat deklaratu zuen, espezie jakin batzuk hazteko. Agindu berri honen bidez zabaldu nahi dira intereseko eremuan hazi daitezkeen espezieak, eta hori da agindua aldatzeko arrazoia.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin bat etorriz, sail horren jardun-arloen eta funtzioen artean daude itsas akuikultura antolatzeari dagozkionak.
Hori guztia kontuan izanda, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean itsas haztegietarako interesa duen eremu bat deklaratzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko urtarrilaren 8ko Agindua (2016ko urtarrilaren 18ko EHAA, 10. zk.) aldatzea, koordenatu geografikoak era honetan mantenduz:
43.º 22,222´N 2.º 27,833´W
43.º 20,357´N 2.º 26,302´W
43.º 21,557´N 2.º 28,629´W
43.º 20,933´N 2.º 25,685´W
Bigarrena.– Intereseko eremuan haziko diren espezieak.
– Ostra (Ostrea edulis eta Magallana gigas).
– Muskuilua (Mytilus galloprovincialis, Mytilus edulis).
– Itsas trikua (Paracentrotus lividus).
– Alga (Chondracanthus, Gelidium, Gigartina, Pterocladiella, Saccorhiza, Alaria, Gracilaria, Palmaria, Codium, Cystoseira, Fucus generoetako espezie autoktonoak).
– Zamburiña (Mimachlamys varia), Bolandeira (Aequipecten opercularis) eta Bieira (Pecten maximus).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan ezarritakoa betetzeko behar diren neurriak har ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 30a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
RSS