
13. zk., 2024ko urtarrilaren 17a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (141 KB - 4 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
229
EBAZPENA, 2023ko abenduaren 28koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Polizia eta Larrialdietano Euskal Akademia erakunde autonomoarean Zuzendaritza Nagusiaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeen (HABE) Zuzendaritza Nagusiaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa. Akordio hori Ertzaintzaren lehenengo eta bigarren hizkuntza-eskakizunetako hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko kudeaketa materialari buruzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agenteen kategoriako sarrera-ikastaroetako ikasleei euskara emateari buruzkoa da.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak akordio hori sinatu dute, eta behar den publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, arlo honi buruzkoa: Ertzaintzaren lehenengo eta bigarren hizkuntza-eskakizunetako hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko kudeaketa materiala eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agenteen kategoriako sarrera-ikastaroetako ikasleei euskara ematea.
Arkauti, 2023ko abenduaren 28a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.
ERANSKINA
Akordioa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoko eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzkoa, Ertzaintzaren lehenengo eta bigarren hizkuntza-eskakizunetako gaikuntza-ikastaroak egiteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei euskara irakasteko.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Andres Zearreta Otazua jauna, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia (PLEA) erakunde autonomoko zuzendari nagusia, Lehendakariaren urriaren 6ko 219/2020 Dekretuaren bidez izendatua.
Bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lehendakariaren irailaren 7ko 29/2020 Dekretuaren bidez izendatua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) buru gisa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sorrarazteko eta euskaltegiak araupetzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legean ezarritakoaren arabera.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearekin bat etorriz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikitako administrazio izaeradun erakunde autonomoa dela, bere nortasun juridikoa duena eta bere lanak burutzeko gaitasun osoa bere eskuetan daukana. Aipatutako lanen artean, Ertzaintzaren funtzionarioentzako hizkuntza gaikuntzarako ikastaroak programatzeko, antolatzeko eta burutzeko eskumenak daude, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren arabera, maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretu bidez emandako idazketa berrian.
Bigarrena.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoak ez duela giza baliabide eta baliabide material nahikorik Ertzaintzaren lehenengo eta bigarren hizkuntza-eskakizunetako gaikuntza-ikastaro guztiak –horretarako eskumena duen organoak deitutakoak– egiteko, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei euskara irakasteko ere. Beraz, lan hori burutzeko baliabideak izanik, espezialitate-baldintza onenetan burutuko duen erakunde baten eskuetan utzi behar da.
Hirugarrena.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu zeneko azaroaren 25eko 29/1983 Legearekin bat etorriz, HABE erakundea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako izaera administratibodun Erakunde Autonomiaduna dela, bere nortasun juridikoa duena eta bere lanak burutzeko gaitasun osoa bere eskuetan daukana.
Laugarrena.– HABE erakundeak lehen esandako Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren beharrizanei erantzuteko antolaketa eta beharrezko baliabideak dituela.
Bosgarrena.– Arestian esandako horrengatik guztiarengatik, bildutakoek, parte hartzen duten izaerarekin, kudeaketa-gomendioaren akordio hau formalizatzea hitzartu dute, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) hitzartu dute Ertzaintzaren lehenengo eta bigarren hizkuntza-eskakizunetako gaikuntza-ikastaroak egiteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei euskara irakastearen kudeaketa materiala HABEK gauzatzea, Akademiak ez baitauka horretarako beharrezkoak diren baliabide material eta giza baliabiderik.
Bigarrena.– Agintzen den kudeaketa materiala HABEren jarduera hauetan gauzatuko da, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:
a) Ertzaintzaren lehenengo eta bigarren hizkuntza-eskakizunetako gaikuntza-ikastaroak egitea Arkautiko, Erandioko eta/edo Oiartzungo zentroetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak edo Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatutako ikasleentzat, bai eta EAEko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei euskara irakastea ere.
b) Ikastaroan parte hartzen duten ikasleen aprobetxamendu mailaren ebaluazioa eta asistentzia.
c) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak programari eta programa horretan sartuta dauden ikasleei buruz eskatzen duen informazioa bidaltzea, batez ere, ikasleen aprobetxamendu mailei eta horien asistentziari buruzko informazioa.
Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendio honen kudeaketa materialetik sortutako gastuak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako aurrekontuari egotziko zaizkio, HABEk aldez aurretik horren fakturazioa egin ondoren, HABE Erakunde Autonomoak eskaintzen dituen zerbitzuen eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen ditueneko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko abuztuaren 4ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz, eta euskaltegietako kanpoko irakasleen joan-etorrietatik sortutako gastuei dagokienez, zerbitzuengatiko kalte-ordainak ezartzen ditueneko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, ikasleei emango zaizkien ikasmaterial eta langai didaktikoetatik sortutako gastuak dagozkien fakturen bidez ordainduko dira.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erankundearen (HABE) arteko 2023ko kudeaketa-gomendioaren gehienezko aurrekontu mugatzailea zazpiehun mila eurokoa (700.000,00 euro) izango da, BEZ barne, 2023 2074501000 1.22240.23700 2019/001386 partidaren kontura.
Laugarrena.– Kudeaketa-gomendio honek sinatzen denetik 2023ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du eta urtero luzatu ahal izango dira, bi alderdiek hala adostuz gero, gehienez ere lau urtera arte. Luzapen horiek dagokion ekitaldirako aurrekontu-esleipen egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean egongo dira.
Bosgarrena.– Kudeaketa-gomendio honek, zeina Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan aurreikusita baitago, ez du esan nahi Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoari dagozkion eskumenen titulartasuna lagatzen denik, ez eta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzen direnik ere.
Seigarrena.– Kudeaketa-gomendio honen xedea ikusirik, zehaztutako jarduera materiala osatuko duten edo oinarrituko duten izaera juridikoko egitate edo ebazpenak ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoari dagokio.
Zazpigarrena.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaikuntza-ikastaroen kudeaketarako beharrezkoak diren ikasleei buruzko datu pertsonalak HABEri lagako dizkio, Herrizaingo Sailak eta hari atxikitako «Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia» erakunde autonomoak dituzten datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzen dituen Herrizaingo sailburuaren 2003ko irailaren 2ko Aginduaren I. eranskineko 40. apartatuan eta ondorengo aldaketetan xedatutakoaren arabera.
Zortzigarrena.– Kudeaketa-gomendio hau iraungi egingo da bere indarraldia amaitzen denean eta horrez gain, abian dauden jarduketak amaitzea ezertan eragotzi gabe, arrazoi hauengatik:
a) Alderdien arteko adostasunez.
b) Agindutako jarduerak egitea ezinezkoa bada edo ez bada beharrezkoa.
c) Akordio honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, aldeetako edozeinek aldez aurretik iragarrita, behar bezala jakinaraziz. Bertan behera uzteko nahia jakinarazi eta handik hiru hilabetera galduko du indarra kudeaketa-gomendioak.
Esandakoarekin bat datozela frogatzeko, bi aldeek kudeaketa-gomendioa izenpetzen dute.
Arkauti, 2023ko abenduaren 1a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erankundeko lehendakaria,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS