Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2024ko urtarrilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
221

2/2023 FORU ARAUA, abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez aldatzen baitira martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorra, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzkoa, Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko 2021/514 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egiteko (zuzentarau horrek 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen du, fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa), bai eta beste zerga arau batzuk ere.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «2/2023 Foru Araua, abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez aldatzen baitira martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorra, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzkoa, Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko 2021/514 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egiteko (zuzentarau horrek 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen du, fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa), bai eta beste zerga arau batzuk ere»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2023ko abenduaren 21a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko 2021/514 (EB) Zuzentarauak, zeinaren bidez aldatzen baita fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzko 2011/16/EB Zuzentaraua (aurrerantzean, DAC 7), helburu nagusi hauek ditu: Europar Batasunean informazioa trukatzeko eta administrazio lankidetzarako dagoen esparrua hobetzea eta administrazio lankidetza hori eremu berrietara zabaltzea, hartara ekonomiaren digitalizazioak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko eta zerga administrazioei zergak hobeto eta modu eraginkorragoan biltzen laguntzeko. Alde horretatik, bertan informazio obligazio berri bat ezartzen da plataforma digitaletako operadoreei dagokienez.

Era berean, informazioa trukatzeko mekanismoak indartzeko nazioarteko testuinguru batean, kontuan hartu behar dira, batetik, Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna hartara ELGAren eremuan plataforma digitalen bidez lortutako errentari buruzko informazioa automatikoki trukatzeko eta, bestetik, helburu berarekin sinatutako nazioarteko beste akordio batzuk ere. Ildo horretan, Akordio Aldeaniztun horren babespean jurisdikzio sinatzaileei informazio-trukea errazte aldera, hau onartu da: ELGAren baitan Lankidetza Ekonomiaren eta Noizbehinkako Lan Ekonomiaren eremuko «saltzaileei» buruzko informazioa plataforma-operadoreek jakinarazteko arauen eredu bat, aurrerantzean Arau Eredua, DAC 7ren edukiaren oso antzekoa, bereziki, eranskineko behar bezalako arretari buruzko arau eta prozedurei dagokienez.

DAC 7 delakoaren transposizioa eta aipatutako Arau-Eredua barne-zuzenbidean ezartzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren aldaketaren bidez egiten da, lege-mailako arau bidez arautzea gomendatzen duten gaietarako. Transposizio hori erregelamendu bidez sartu beharreko berritasunekin osatzen da.

Bestalde, plataforma-operadoreen informazio-betebehar berriaren araubidea alde batera utzita, DAC 7 arauaren transposizioak 2/2005 Foru Araua hainbat alderditan aldatu beharra eragiten du. Hala, hauek arautzen dira: baterako ikuskapenen araubidea; beste estatu kide batzuetako funtzionarioak Espainian egoteari buruzko gai zehatz batzuk (eta alderantziz, hots, espainiar funtzionarioak beste estatu kide batzuetan egoteari buruzkoak); eta aldibereko kontrolak.

Aurrekoa gorabehera, finantza-kontuei buruzko informazioa eta behar bezalako arreta emateko betebeharrari eta plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa emateko betebeharrari dagokienez, aldaketa puntual bat egin da araudian: bitartekari oro behartuta dago pertsona fisikoa den zergapeko interesdun orori jakinaraztera hari buruzko informazioa Zerga Administrazioari emateko eta 2011/16/EB Zuzentarauaren arabera transferitzeko.

Gainera, plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa emateko azken betebehar horri dagokionez, beharrezkoa da haren araubide juridikoa aldatzea, Espainiak Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna sinatu baitu: informazioa komunikatzeko estandar komunaren eta lurraldez kanpoko egitura opakuen informazioa saihesteko mekanismoei buruzko informazioa automatikoki trukatzeari buruzkoa, eta ELGEren barruan informazioa komunikatzeko estandar komunaren eta lurraldez kanpoko egitura opakuen elusiozko mekanismoei ekiteko nahitaezko informazio-komunikazioko ereduzko arauak. Horren helburua da Zerga Administrazioak beharrezko informazioa eduki ahal izatea, hartara akordio horrek araututako informazioa komunikatzeko estandar komunaren eta lurraldez kanpoko egitura opakuen elusiozko mekanismoak trukatu ahal izateko.

Era berean, aldatu egin behar dira plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa emateko betebehar horretatik eratorritako partikularren arteko betebeharrak, hartara Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (Sala Nagusia) 2022ko abenduaren 8ko epaira egokitzeko, C-694/20 gaiari dagokionez. Epai horrek deklaratu du Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauaren (fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa eta 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen duena) 8. bis ter artikuluko 5. apartatuan jasotzen den betebeharra, Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 25eko 2018/822 (EB) Zuzentarauaren bidez aldatutako bertsioan (DAC 6 izenez ezagutzen dena), zeinak sekretu profesionalak babestutako bitartekariei ezartzen baitie sekretu horren erabilera beren bezeroak ez diren gainerako bitartekariei jakinarazteko, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 7. artikulua urratzen duela abokatuen kasuan. Jurisprudentzia hori jasotze aldera, aldatu egin da plangintza fiskaleko mekanismo jakin batzuen informazio-betebeharraren araubidea, eta jakinarazpen hori ezabatu egin da.

Beste estatu kide bateko funtzionarioak Gipuzkoan eta alderantziz egoteko araubideari buruzko aldaketei dagokienez, jarduketetan komunikazio elektronikoen bidez parte hartzeko gaitasuna aitortzen da.

Komunikazio elektronikoen bidez jarduteko aukera bera aitortzen da aldibereko kontroletan.

DAC 7k sartu duen berritasun nagusietako bat izan da baterako ikuskapenak egiteko aukera dagoela elkarlaguntzaren eremuan. Egoera horren ondorioz, alderdi jakin batzuk arautu behar izan dira ikuskapen-jarduketen araubidean.

Hala, baterako ikuskapenaren kontzeptua definitzen da eta ezartzen da, oro har, aplikatu beharreko araudia Gipuzkoakoa izango dela, ikuskapen-jarduketen araubideari dagokiona, ezartzen diren berezitasunekin, salbu eta jarduketak Espainiatik kanpo garatzen badira; kasu horretan, jarduerak garatzen diren estatu kideko xedapenak aplikatuko dira. Hala ere, horrek ez du inoiz ekarriko beste estatu kide batean jarduten duten Gipuzkoako zerga-administrazioko funtzionarioek Espainiako araudiaren arabera eman ez zaizkien eskumenez baliatu ahal izatea.

Era berean, baterako ikuskapenen garapen praktikoa errazteko, Espainiako zerga-administrazioak eta estatu kide parte-hartzaileek aldez aurretik adostu eta koordinatu beharko dituzte. Espainiako Zerga Administrazioa behartuta dago ondorio horietarako ordezkari bat izendatzera.

DAC 7aren eta aipatutako Akordio Aldeaniztunaren arabera, informazio jakin bat emateko betebehar berri bat ezartzen da, eta Gipuzkoako zerga-administrazioari buruzko «informazioa jakinaraztera behartuta dauden plataforma-operadoreek» bete beharko dute betebehar hori.

Transposizioa foru-arau mailan egiaztatzen da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean sartzen den xedapen gehigarri berri baten bidez, zeina erregelamendu bidez garatuko baita. Xedapen horrek informazio-betebeharraren oinarrizko jarraibideak ezartzen ditu, baita arreta egokiari eta erregistroari buruzko arauak eta prozedurak ere.

Orobat arautzen da betebeharrarekin lotutako eremu material guztiei buruzko zehapen-araubidea, hau da: informazioa ematea, behar bezalako arreta ematea eta erregistratzea. Gainera, arreta egokiaren testuinguruan irregulartasun jakin batzuk egiaztatuz gero aplikatu beharreko balizko neurriak onartzen dira.

Azkenik, betebehardunen dokumentazioa kontserbatzeko eginbeharrak aitortzen dira, baita saltzaileengandik bildutako informazioa jakinaraztekoa ere.

Bestalde, abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aldatzen da, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzkoa. Aldaketa foru-arau horren hirugarren xedapen gehigarrian sartzen da, eta, horrekin batera, apirilaren 24ko 1/2020 Foru Arauaren xedapen iragankor bakarra indargabetzen da, zeinaren bidez Europako Zuzentarauen transposizioarekin lotutako zerga-aldaketak eta beste aldaketa tekniko batzuk sartzen baitira. Erregulazio horren helburua da Kontseiluaren 2017ko urriaren 10eko 2017/1852 (EB) Zuzentarauaren transposizio egokia osatzea. Zuzentarau hori Europar Batasuneko zerga-auziak ebazteko mekanismoei buruzkoa da.

Artikulu bakarra.– Aldatzea martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorra, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzkoa.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean:

Bat.– Aldatu egiten da 80. artikuluaren 2. apartatua, eta 6. apartatua gehitzen zaio; honela geratzen da idatzita:

«2.– Tributuen aplikaziotzat jotzen da, halaber, aurreko zenbakian aipatzen diren Administrazioaren jarduerak eta zergapekoen jarduketak egitea, elkarren laguntzaren esparruan egiten badira.

Zerga Administrazioak, agintaritza eskudunaren bidez, laguntza eska dezake eta, era berean, elkarren laguntza emango du, informazioa trukatzeko, kredituen bilketa egiteko edo laguntza horri buruzko araudian aurrez ikusitako beste helburu batzuetarako; gainera, beste estatu batzuetako agintaritza eskudunekin batera, aldibereko kontroletan parte hartu ahal izango du, elkarren laguntzari buruzko araudian ezarritako baldintzetan.

Beste estatu batzuei elkarri laguntzeko jarduerak garatzean, agintaritza eskudunaren aldez aurreko baimenarekin edo estatuen arteko aldez aurreko akordioarekin, Estatu eskatzaileak izendatutako funtzionarioak bertan egon ahal izango dira edo komunikabide elektronikoen bidez parte hartu ahal izango dute.

Beste estatu batzuetako funtzionarioek Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiten duten jarduera Espainiako araudiarekin bat etorriz egingo da, aplikatzekoa den elkarlaguntzako araudiaren kalterik gabe, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.

Era berean, zerga-administrazioak izendatutako funtzionarioak beste estatu batzuetan egon ahalko dira edo komunikabide elektronikoen bidez parte hartu ahalko dute, agintaritza eskudunak egindako laguntza-eskaeren esparruan, eta elkarlaguntzari buruzko araudian ezarritako baldintzetan jardun ahalko dute.

Laguntza kasu bakoitza erregulatzen duen araudian zehaztutako bitartekoak erabiliz eta agintaritza eskudunaren bitartez egingo dira Zerga Administrazioak elkarren laguntzari buruzko araudia dela-eta beste estatu batzuekin edo nazioarteko zein nazioz gaindiko erakundeekin dituen komunikazioak. Erregulazio espezifikorik ez badago, bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoei emango zaie lehentasuna komunikaziook egiteko.»

«6.– Aldi bereko kontrolak dira beste estatu batekin edo batzuekin batera egindako jarduketak hartara esku hartzen duten estatuentzat interes komun edo osagarrikoak diren pertsona edo erakundeei buruz lortutako informazioa trukatzeko.

Zerga Administrazioak, beste estatu batzuetako agintaritza eskudunekin batera, aldi bereko kontroletan parte hartu ahal izango du, elkarlaguntzari buruzko araudian ezarritako baldintzetan. Parte-hartze horren barruan, artikulu honen 2. apartatuan aipatzen diren Zerga Administrazioak izendatutako funtzionarioek komunikabide elektronikoen bidez parte hartu ahal izango dute.

Kontrol horietan lortutako informazio-trukeei foru arau honen 92. artikuluaren 1 ñ) eta 6. apartatuetan xedatutakoa aplikatuko zaie.»

Bi.– 135 bis artikulua gehitzen da, eduki hau duena:

«135 bis artikulua.– Baterako ikuskapenak.

1.– Baterako ikuskapenak dira Zerga Administrazioak beste Estatu batekin edo batzuekin batera egiten dituen ikuskapen-jarduerak, esku hartzen duten Estatuentzat interes komuna edo osagarria duten pertsona edo erakundeei dagokienez, aplikatu beharreko elkarlaguntzako araudiaren arabera.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak ikuskapen-eskumena duenean Ekonomia Itunean aurreikusitakoaren arabera baterako ikuskapena egiten ari zaion zergapeko bati buruz, honako letra hauetan xedatutakoa aplikatuko da:

a) Ikuskapen horietan Zerga Administrazioko funtzionarioek dituzten eskubideak eta betebeharrak foru arau honen III. tituluko IV. kapituluan aipatzen diren xedapenen arabera arautuko dira, artikulu honetan ezarritako berezitasunekin eta elkarlaguntzari buruzko araudiaren arabera.

Halaber, Espainiako lurraldetik kanpo egiten diren ikuskapen bateratuei dagozkien jarduerek jarduera horiek egiten diren estatuko araudia ere errespetatu beharko dute. Nolanahi ere, horietan parte hartzen duten zerga-administrazioko funtzionarioek ezingo dute baliatu Espainiako legeriak ematen dizkienak baino eskumen gehiago.

b) Baterako ikuskapenean parte hartzen duten Espainia ez diren estatuetako funtzionarioek parte ahal izango dute Espainiako lurraldean egindako ikuskapen horien ondoriozko jardueretan, aplikatu beharreko legeriari jarraikiz eta elkarlaguntzako arauetan ezarritako baldintzetan. Bereziki, zergapekoaren adierazpenak bildu eta foru arau honen 136.1 artikuluan aipatzen diren dokumentuak aztertu ahal izango dituzte.

c) Zergadunek Espainiako estatu-mailako edo, hala badagokio, foru-mailako araudi aplikagarrian aitortutako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte.

d) Zerga Administrazioak Espainiaren jarrera finkatzeko behar diren txostenak egingo ditu, eta erabakiak hartuko ditu.

3.– Zerga Administrazioak eta baterako ikuskapenean esku hartzen duten beste estatu bateko edo batzuetako administrazioak ikuskapena egingo dute, aldez aurretik adostuta eta koordinatuta, hizkuntza-araubideari dagokiona barne.

Agintari eskudunak, nolanahi ere, baterako ikuskapenean esku hartzen duten beste estatuekiko harremanez arduratuko den ordezkari bat izendatuko du. Baterako ikuskapenaren jarduerak Espainian egiten badira, ordezkari horrek gainbegiratu eta koordinatuko ditu.

4.– Baterako ikuskapenaren jarduketen ondorioak, hala badagokio, amaierako txosten batean dokumentatuko dira. Txosten hori zergapekoei jakinaraziko zaie, txostena egin eta 60 egun naturaleko epean. Zerga-administrazioak txosten horren berri emango die ikuskatzeko eskumena duen zergapekoei, Ekonomia Itunean aurreikusitakoaren arabera.

Txosten horretan, hala badagokio, baterako ikuskapenaren gertakari eta inguruabar garrantzitsuak jasoko dira, bai eta haiei aplikatu beharreko zerga-araubidea ere, baldin eta esku hartzen duten estatuak ados jartzen badira; horiek kontuan hartu beharko dira baterako ikuskapenaren ondorioz edo haren jarraipena egitearen ondorioz egin daitezkeen zerga-prozeduretan. Era berean, berariaz jaso ahal izango du edozein gai non aipatutako prozeduretan kontuan hartu ez den akordiorik lortu ez baita.»

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da hamabosgarren xedapen gehigarriaren 7. apartatua:

«7.– Xedapen honetan xedatutakoaren arabera informazioa ematera behartuta dagoen finantza-erakunde orok informazioa eman behar duten pertsona fisiko guztiei jakinarazi behar die haiei buruzko informazioa Zerga Administrazioari emango zaiola eta dagokion estatu kidera transferituko dela, 2011/16/EB Zuzentarauaren eta xedapen honetan adierazten diren nazioarteko akordioen arabera. Kontua informazioa emateko betebeharra duen kontu bihurtzen den lehenengo urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen eman behar da informazio hori.

Era berean, finantza-erakundeak behar besteko aurrerapenaz emango dio pertsona fisikoari hark jasotzeko eskubidea duen informazio guztia, hark bere datu pertsonalak babesteko eskubidea baliatu ahal izan dezan, nolanahi ere hark bildutako informazioa zerga-administrazioari eman aurretik.»

Lau.– Hamazazpigarren xedapen gehigarrian, 1., 2. eta 3. apartatuak aldatzen dira, eta 6. apartatua gehitzen da, eduki honekin:

«1.– Betebehar horren ondorioetarako, pertsona edo erakunde bitartekariek eta zergapeko interesdunek, 2011ko otsailaren 15eko Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren (fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa eta 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen duena) 3. artikuluaren 21. eta 22. paragrafoen arabera, bai eta Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztunaren arabera ere (informazioa komunikatzeko estandar komuneko ihes-mekanismoei eta lurraldez kanpoko egitura opakuei buruzko informazio-truke automatikoari buruzkoa), eta haren nahitaezko informazio-komunikaziorako ereduzko arauen arabera ere (informazioa komunikatzeko estandar komuna saihesteko mekanismoei eta lurraldez kanpoko egitura opakuei heltzeko), eta helburu berarekin sinatutako nazioarteko beste akordio batzuen arabera, Zerga Administrazioari honako informazio hau eman beharko diote, foru arau honen 17.4, 17.5 eta 90. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan:

a) 2011ko otsailaren 15eko Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 3.18 artikuluan definituta dauden mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa, esku-hartzaile edo parte-hartzaile badira eta mekanismoek Zuzentarauaren IV. eranskinean adierazitako ezaugarri bereizgarriak badituzte.

b) Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauaren 3.24 artikuluan aipatzen diren mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarrien eguneratze-informazioa.

c) Aurreko a) eta b) letretan aipatuta dauden plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoak Espainian erabili izanari buruzko informazioa.

d) Informazioa komunikatzeko estandar komuneko eta lurraldez kanpoko egitura opakuetako informazio-truke automatikoari buruzko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztunean eta helburu berarekin sinatutako nazioarteko beste akordio batzuetan definitutako mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa.

Informazioa emateko obligazio honen ondorioetarako, ez dira aitortu beharreko plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismotzat hartuko Europar Batzordeari komunikatu zaizkion eta hark espresuki baimendu dituen araubide fiskaletan oinarritutako akordioak, negozio juridikoak, eskemak edo mugaz gaindiko eragiketak.

2.– Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 8 bis ter artikuluaren 5) apartatuan eta aipatutako ereduzko arauetan aipatzen den sekretu profesionalaren betebeharraren titulartzat hartuko dira bitarteko pertsona edo erakundetzat hartzen direnak, edozein dela ere garatutako jarduera, zeinek aholkularitza eman baitute mugaz gaindiko mekanismo baten diseinuaren, merkaturatzearen, antolaketaren, hura egikaritzeko eskura jartzearen edo haren betearazpena kudeatzearen inguruan, mekanismo hori aplikatu beharreko araudira egokitzen den ebaluatzeko xede bakarrarekin, eta haren ezarpena saiatu edo erraztu gabe.

Sekretu profesionala gordetzera behartutako pertsona edo entitate bitartekaria betebehar horretatik libre gelditu ahal izango da, zergapeko interesdunak modu frogagarri batean komunikatutako baimenaren bidez.

3.– Pertsona edo erakunde bitartekariek Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauan aipatzen diren plangintza fiskaleko mekanismoei eta aipatutako akordio aldeaniztunari buruz informatzeko betebeharra legez eskatzen diren baldintzetan betetzeak ez du esan nahi, legez eska daitezkeen baldintzetan, urratu egingo direnik kontratu edo araudi bidez informazioa zabaltzeari buruz ezarritako murrizketak, eta betebeharpeko subjektuek ez dute inolako erantzukizunik izango informazio horren titular den zergapeko interesdunari dagokionez».

«6.– Xedapen honetan xedatutakoaren arabera informazioa ematera behartuta dagoen bitartekari orok informazioa eman behar duen pertsona fisikoa den zergapeko interesdun bakoitzari jakinarazi beharko dio zergapeko horri buruz eskatzen den informazioa Zerga Administrazioari emango zaiola eta 2011/16/EB Zuzentarauaren eta xedapen honetan adierazitako nazioarteko akordioen arabera transferituko dela. Era berean, bitartekariak behar besteko aurrerapenaz emango dio pertsona fisikoari hark jasotzeko eskubidea duen informazio guztia, hark bere datu pertsonalak babesteko eskubidea baliatu ahal izan dezan, eta, betiere, hark bildutako informazioa zerga-administrazioari eman aurretik.»

Bost.– Hemezortzigarren xedapen gehigarriaren 1. eta 3. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Sekretu profesionalaren eginbeharra dela-eta plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoen aitorpena aurkeztetik salbuetsita dauden bitartekariek modu frogagarrian, eta erregelamenduz ezarritako baldintzetan, eman beharko diete beren bezeroei salbuespen horren berri, izan beste bitartekari batzuk, izan mekanismo horietan parte hartzen duten zergapeko interesdunak.»

«3.– Tributuen arloko arau-haustea izango da xedapen gehigarri honen 1. apartatuan jasota dagoen komunikazioa epearen barruan ez egitea edo komunikazioa egitea datu batzuk aipatu gabe edo datu faltsuak, osatugabeak edo zehaztugabeak emanda.

Apartatu honetan aurreikusitako arau-haustea 600 euroko diruzko isun finkoarekin zehatuko da.

Baldin eta, arau hauste hori egitearekin batera, aitorpena aurkeztu behar izan duen zergapeko interesdunak ez badu epe barruan aurkeztu foru arau honen hamazazpigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuko a) letran aipatutako plangintza fiskaleko mekanismoa, aipatutako aitorpena epe barruan ez aurkezteak dakarren arau haustearen modura jarriko da zehapena, aipatutako xedapen gehigarriaren 4. apartatuan jasotakoaren arabera.»

Sei.– Xedapen gehigarri bat gehitzen da, hogeigarrena, honako hau dioena:

«Hogeigarren xedapen gehigarria.– Informazio-betebeharrak eta beharrezko arreta, elkarlaguntzaren eremuan behartuta dauden plataforma-operadoreen informazio-deklarazioari dagokionez.

1.– "Informazioa jakinaraztera behartuta dauden plataforma-operadoretzat" hartzen diren entitateek arreta egokiko arauak eta prozedurak aplikatu beharko dituzte eta erregistratzeko eta informazioa emateko betebeharrak bete beharko dituzte, 8 bis quater artikuluan eta Fiskalitatearen arloko administrazio-lankidetzari buruzko eta 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen duen Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauaren V. eranskinean xedatutakoaren arabera, bai eta plataforma digitalen bidez lortutako errentari buruzko informazioa automatikoki trukatzeko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztunean eta lankidetza-ekonomiaren eta noizbehinkako lan-ekonomiaren eremuko saltzaileei buruzko informazioa komunikatzeko Arauen Ereduan eta helburu berarekin sinatutako nazioarteko beste akordio batzuetan xedatutakoaren arabera ere.

Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako araudiaren arabera saltzailetzat jotzen diren pertsonek edo erakundeek arreta egokiari buruzko arauak eta prozedurak aplikatzetik eratorritako betebeharrak bete beharko dituzte.

Erregelamendu bidez garatuko dira arreta egokiari buruzko arauak eta prozedurak, bai eta zenbaki honetan aipatzen diren informazioa erregistratzeko eta emateko betebeharrak ere.

Xedapen gehigarri honetan eta berau garatzeko araudian erabilitako terminoek erregelamenduz ezarritako esanahia izango dute, besterik ezarri ezean.

2.– Xedapen gehigarri honen 1. apartatuan aurreikusitako informazioa erregistratzeko eta emateko betebeharrak ez betetzearen ondoriozko arau-hausteak eta zehapenak foru arau honen IV. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko dira, xedapen honetan ezarritako berezitasunekin.

3.– Tributu-arloko arau-haustea izango da 1. apartatuan aipatzen diren behar adinako arretari buruzko arauak eta prozedurak ez betetzea "informazioa jakinaraztera behartuta dauden plataforma-operadoreek".

Zehazki, zenbaki honen ondorioetarako, arau-haustetzat hartuko da arreta egokiko prozeduretatik eratorritako betebeharrak ez betetzea edo oker edo epez kanpo betetzea, honako hauei dagokienez:

a) "Berrikusi behar ez diren saltzaileak" zehaztea.

b) "Saltzaileari" buruzko informazioa biltzea.

c) "Saltzaileari" buruzko informazioa egiaztatzea.

d) "Saltzailea" zein estatutan (batean edo gehiagotan) bizi den zehaztea.

e) Alokatutako ondasun higiezinei buruzko informazioa biltzea.

Apartatu honetan aurreikusitako zerga-arloko arau-haustea 200 euroko diruzko isun finko batez zehatuko da "saltzaile" bakoitzeko, baldin eta behar bezalako arretari buruzko arauak eta prozedurak aplikatzetik eratorritako betebeharrak bete ez baziren.

"Informazioa ematera behartuta dagoen plataforma-operadore" bat kanpoko zerbitzu-emaile batez baliatzen denean behar bezalako arretari buruzko betebeharrak betetzeko, horiek operadore horren erantzukizuna izaten jarraituko dute.

4.– Tributuen arloko arau-haustea da nahitaezko informazioa epean ez jakinaraztea edo informazio faltsua, osatugabea edo zehaztugabea jakinaraztea "saltzaileek" informazioa jakinaraztera behartuta dauden plataforma-operadoreei, aurreko apartatuan aipatzen diren arreta egokiko prozedurak aplikatzetik eratorritako betebeharrak betez.

Zenbaki honetan aurreikusitako zerga-arloko arau-haustea 300 euroko diruzko isun finkoarekin zehatuko da.

5. "Saltzaile" batek "informazioa jakinarazteko betebeharra duen plataforma-operadoreari" arreta egokiko arau eta prozeduren arabera eskatutako informazioa ematen ez dionean, operadorearen hasierako eskaerari buruzko bi oroigarri jaso ondoren eta hasierako eskaera egin zenetik 60 egun naturaleko epea igaro ondoren, operadore horrek "saltzailearen" kontua itxiko du eta plataforman berriz erregistratzea eragotziko du edo "kontraprestazioaren" ordainketa atxikiko dio harik eta eskatu zitzaion informazioa eman arte.

6.– Zergapekoei eska dakizkiekeen deklarazioak, dokumentu-frogak, erregistroak eta behar bezalako arretaren prozedurak aplikatzeko eta xedapen gehigarri honetan aipatzen diren erregistratzeko eta informazioa emateko betebeharrak betetzeko erabiltzen den edozein informazio gorde egin beharko dira, eta Zerga Administrazioaren eskura eduki, informazioa ematea dagokion erreferentzia-aldia amaitu eta hurrengo 10 urteetan.

Foru arau honen arau orokorren arabera xedapen gehigarri honetan informazioa erregistratzeko eta emateko aipatzen diren betebeharrak egiaztatzeko eta ikertzeko ahalmenak alde batera utzi gabe, Zerga Administrazioak egiaztatu eta ikertu ahal izango du "informazioa komunikatzeko betebeharra duten plataforma-operadoreek" aplikatu behar dituzten arreta egokiari buruzko arauak eta prozedurak betetzen direla.

7.– Informazioa jakinaraztera behartuta dagoen plataforma-operadore orok informazioa komunikatu beharreko pertsona fisiko, "saltzaile", bakoitzari jakinarazi beharko dio xedapen honetan horri buruz aipatzen den informazioa zerga-administrazioari emango zaiola eta dagokion estatuari transferituko zaiola, 2011/16/EB Zuzentarauaren eta xedapen honetan adierazitako nazioarteko akordioen arabera. Era berean, operadoreak behar besteko aurrerapenaz emango dio pertsona fisikoari hark jasotzeko eskubidea duen informazio guztia, hark bere datu pertsonalak babesteko eskubidea baliatu ahal izan dezan, eta, nolanahi ere, hark bildutako informazioa zerga-administrazioari eman aurretik.»

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten da apirilaren 24ko 1/2020 Foru Arauaren xedapen iragankor bakarra, zeinaren bidez Europako zuzentarauen transposizioarekin eta beste aldaketa tekniko batzuekin lotutako zerga-aldaketak sartzen baitira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga aldatzea.

Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatua aldatu egiten da eta 12. apartatua gehitzen zaio; hona hemen edukia:

«2.– Xedapen gehigarri honetan jasotakoa aplikatuko zaie, era berean, Kontseiluaren 2017ko urriaren 10eko 2017/1852/EB Zuzentarauak, Europar Batasunean auzi fiskalak ebazteko mekanismoenak, aipatzen dituen errentaren eta, hala badagokio, ondarearen zergapetze bikoitza desagertzea xedatzen duten nazioarteko hitzarmen eta itunetatik eratortzen diren Europar Batasuneko beste estatu kide batzuekiko auziak ebazteko mekanismoei ere. Lortutako akordioa barne-zuzenbidean aurreikusitako epeak alde batera utzita aplikatuko da.»

«12.– Adiskidetasunezko prozedura batean eratutako aholku-batzordeko edo ebazpen alternatiborako batzordeko kideek erabat isilpean gorde beharko dituzte batzordeko eginkizunetan ezagutzen dituzten zerga-datuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 92. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Betebehar hori urratzeak Espainiako araudiaren arabera sor litezkeen legezko erantzukizunak ekarri ahalko ditu, eta, ondorio horietarako, batzorde horietako kideak agintaritzat hartuko dira.

Aurreko paragrafoak xedatutakoak ez dio kalterik egingo, hala badagokio, beren jurisdikzioaren eremuan eragindako estatuen barne-araudiari.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

Foru-arau honen bidez, honako hauek txertatzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga-araudian:

a) Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko 2021/514 (EB) Zuzentaraua, zeinak 2011/16/EB Zuzentaraua aldatu baitu, fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzkoa.

b) Partzialki, Kontseiluaren 2017ko urriaren 10eko 2017/1852 (EB) Zuzentaraua, Europar Batasuneko auzi fiskalak ebazteko mekanismoei buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea eta aplikatzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Hala ere:

a) Artikulu bakarraren bigarren apartatua 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

b) Hirugarren apartatua, laugarren apartatua –Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren hamazazpigarren xedapen gehigarriaren 6. apartatu berriari dagokionez–, eta artikulu bakarraren seigarren apartatua 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.


Azterketa dokumentala