Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2024ko urtarrilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
205

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 18koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bergarako (Gipuzkoa) A-17 antolamendu xehatuko eremuko Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Bergarako Udalak, 2023ko irailaren 28an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Bergarako A-17 antolamendu xehatuko eremuko Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko azaroaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bergarako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena ondo babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Bergarako A-17 antolamendu xehatuko eremuko Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Bergarako A-17 antolamendu xehatuko eremuko Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana), jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Bergarako Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren helburua da aldatzea eta arautzea Bergarako HAPOaren A.17 antolamendu xehatuko eremuaren lurzati bateko eraikitze-baldintzak.

Aurreikusitako antolamendua berriz doitzea da kontua, HAPOan indarrean dagoen plangintzaren gidalerroak eta proposamenak beteta, eta esku hartzeko ezarritako estrategiari zehatz-mehatz jarraituta. Funtsean, planak aldatu egiten du eraikin-profila, SS-2+SS-1+BS+4+TP izatetik SS-1+BS+4+ATIKOA izatera, etxebizitzen eraikigarritasunari eutsita; horrez gain, solairu eraikigarrien lerrokadurak, sestrak eta garaierak ere finkatzen ditu.

Etxebizitzen eraikigarritasun baimendu guztia hartzeko, aldatu egiten da eraikin-profila; hori horrela, teilatupeko solairua, aldaketaren ondorioz, atiko-solairu atzeraemana bilakatuko da, solairu horretan etxebizitza independenteak proiektatu ahal izan daitezen, etxebizitza horiek araudietan ezarritako bizigarritasun-baldintzak beteta.

Eremuan indarrean dagoen plangintza Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra da (GAO, 139. zk., 2009-07-27). A-17 eremuaren hirigintza-fitxan ahalbidetu egiten da Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakietarako ordezte-jarduketa; hala, eraikinaren oraingo bolumenari eutsi zaio, eta Xehetasun Azterketa baten bidez finkatu dira lerrokadurak, sestra-lerroak eta garaierak. Ondoren, 2019an, lehendik zegoen eraikina guztiz eraitsi zen, egoera ezegonkorra baitzuen; orubea hutsik dago gaur egun.

Aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, zuzeneko jarduketa izanik, plana eraikuntza-proiektu baten bidez garatuko da, zeinak eraikitzeko obra osagarrien eranskina edukiko baitu.

Aukerei dagokienez, aztertu egin da zero edo «ez jarduteko» aukera, eta baztertu egin da; izan ere, aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz, haren alde egitekotan, aurreikusitako bizitegi-eraikinak gauzatu beharko lirateke haien exekuzioa ahalbidetzen ez duten baldintzetan, aintzat hartuta lurzatiaren azalera mugatua eta hura mugatzen duten kaleetako kota-baldintzak. Planean azkenik proposatutako aukerak indusketa-bolumen txikiagoa behar du, lurpeko maila bakarra antolatzen baitu (HAPOak bi maila planteatzen ditu); hobeki erantzuten die eguzkiztapen eta aireztapen arloko arau-eskakizunei; ekipamendu publikoko lokal bat dakar (Udalari lagatzen zaio), eta bete egiten ditu eremurako ezarritako helburu akustikoak.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planean ez dago baldintzatzailerik, besteak beste kokalekuari, izaerari, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planaren antolamendu-eremua hiri-lurzoruko lurzati bat da, eta Bergarako hiri-bilbean sartuta dago. Planak aurreikusitako antolamendua doitzen du; hau da, funtsean, eraikin-profila aldatzen du, eraikigarritasunari eutsita, eta lerrokadurak, sestra-lerroak eta solairu-garaierak finkatzen ditu. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumenaren arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta ziurrenik eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak:

Aztergai den lurzatia Bergarako Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakiei dagokie; lurzatiak 572 m2-ko azalera du, eta Bergarako udalerriaren ekialdean dago. Espoloia parkearen (lurzatiaren mendebaldean) eta Mintegi kalearen (lurzatiaren ekialdean) artean dago. Mintegi kaleak Mariaren Lagundia Ikastolaren joko-pistekin egiten du muga. Lehen, etxebizitzak eta lokalak zeuden hiruki formako lurzatian, baina duela urteak utzi zituzten. Abandonua eta mantentze-lanik eza zirela eta, eraitsi egin zuten eraikuntza 2021ean, eta orube hutsa dago gaur egun.

Eremuan antropizazio-maila handia dago, ingurumen-elementu nabarmenik gabe, eta jabari antropogenikoko hiri-paisaian kokatuta.

Debaren Unitate Hidrologikoan dago (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoa); Deba ibaia lurzatiaren hego-mendebaldetik 125 metrora edo dago, baina 20 metro inguruko kota-aldearekin. Ez du bat egiten Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroan (EBE) jasotako inongo eremurekin.

Adierazi bezala, antropizazio- eta alterazio-maila handiko eremua da; eremuko landaredi erruderal nitrofiloa da, eta flora-espezie inbaditzaile ugari dago; ez dator bat galzoriko faunaren banaketa-eremuekin, eta intereseko fauna-espezierik ere ez dago bertan.

Eremua ez dator bat naturagune babestuekin, ez eta EAEko Korridoreen Sareko elementuekin edo interes geologikoko lekuekin ere. Halaber, ez dator bat beste katalogo batzuetako espazioekin ere (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrenda).

Halaber, eremuan ez dago kultur ondasun izendatutako ondare arkeologiko edo arkitektonikoko elementurik.

Egoera akustikoari dagokionez, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat aurkeztu da. Bertan adierazten denez, zarata-foku nagusiak hurbileko bideak eta trenbidea dira. Azterlan horrek adierazten du gaur egungo egoeran bete egiten direla kalitate akustikoko helburuak aztertu diren hiru aldietan.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, berriz, Planaren eremuan ez da ikusi ingurumen-arrisku nabarmenik.

Plana garatzearen ondorioz izan litezkeen efektuak eraikuntza berria egiteko behar diren obrekin daude lotuta: lur-mugimenduak, eta urbanizatze- eta eraikitze-obrak. Jarduketa horien ondorioz, makinak hara-hona ibiliko dira, landaredia kenduko da, eta emisio atmosferikoak, hondakinak, isuriak, zaratak eta abarrak sortuko dira, eta horrek baliteke eragina izatea lurrazaleko uren kalitatean (kasu horretan, zeharkako afekzioak gertatuko dira agian euri-urak biltzeko sistemen bidez), baita airean eta lurzoruetan ere; guztia hiri-eremuan.

Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Ustiapen-fasean, eremuko bizitegi-jarduera handitzearen ondorio izango dira inpaktuak, eta, ziur aski, eremuko trafikoa eta mugikortasuna areagotuko dituzte, baita hondakinak, energia-iturrien erabilera eta abarrak ere. Nolanahi ere, inpaktu horiek txikiak izango dira, eta eremuaren inguruko egungo erabilerekin pareka daitezke.

Zaratari dagokionez, aurkeztutako analisi akustikoaren emaitzak kontuan hartuta, ez da aurreikusten proposatzen diren jarduketen ondorioz ingurumen-eragin esanguratsurik izango denik eremuaren kalitate akustikoan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasotako barneko espazioetarako kalitate akustikoko helburuak (bizitegi-erabilera) betetzea bermatzen bada.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Aurkeztutako informazioari jarraikiz, Planak eginiko aldaketa nagusia aurreikusitako eraikin-profila aldatzea da. 2009an onetsitako antolamenduari dagokionez (Bergarako HAPOa), Planak sortutako ekintza berriek ez dute ingurumen-inpaktu nabarmenik: ez da aldatzen eremuko lurzoruen kalifikazioa, eta ez dakar lurzoru berririk sailkatzea edo egoera naturaleko bestelako azalerarik eraldatzea. Planaren ondoriozko jarduketak, berriz, sartu egingo dira Plana garatzeko aurreikusitako urbanizazio-proiektuan, proiektu berririk zehaztu beharrik gabe.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak, eta, orobat, aplikaturik neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Bergarako A-17 antolamendu xehatuko eremuko Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira, betiere.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, ez badira kalitate akustikoko helburu horiek betetzen kanpoan, salbu eta ez den Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren bat. Plana onesteko, zehazki bermatuko da 213/2012 Dekretuaren 36., 37. eta 45. artikuluak betetzen direla.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Bergarako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa: obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kendu egingo dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

– Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak aplikatuko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Bergarako A-17 antolamendu xehatuko eremuko Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Bergarako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5. artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Bergarako A-17 antolamendu xehatuko eremuko Mintegi kaleko 2 eta 4 zenbakien Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 18a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala