Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2024ko urtarrilaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
188

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 1ekoa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi egiten baita Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari Donostiako udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakinak energetikoki balioztatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua.

EGITATEAK

1.– Ingurumeneko sailburuaren 2010eko apirilaren 23ko Ebazpenaren bitartez (AAI2010), ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatu zen, eta ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAUri Donostiako udal-mugartean sustatutako hondakinak energetikoki balioztatzeko proiekturako, une horretan indarrean zegoen kutsadura modu bateratuan prebenitzeko eta kontrolatzeko araudiaren markoan.

2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2016ko azaroaren 30eko Ebazpenaren bitartez, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAUri emandako ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, Donostiako udal-mugartean sustatutako hondakinak energetikoki balioztatzeko proiekturako.

3.– 2019ko abenduaren 3an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2019ko azaroaren 12ko Batzordearen 2019/7987 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinen errausketari buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (C/2019/7987).

4.– Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko ekainaren 16ko Ebazpenaren bidez, aldatu eta eraginkor egiten dira Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari eman zaizkion ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta ingurumen-baimen bateratua, Donostiako udal-mugartean sustatutako hondakinen balioztatze energetikoaren proiektuari dagozkionak.

5.– 2022ko apirilaren 9an, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea argitaratu zen.

6.– 2023ko irailaren 18an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak eskatu zion Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari aurkez zezala instalazioaren funtzionamenduaren konparazio-azalpen bat, TEO aplikagarriei buruzko ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenekin eta horiei lotutako emisio-mailekin, argudiatuz helburuak bete diren edo betetzea aurreikusten den.

Halaber, eskatu zitzaion lurzoruaren arloko informazio eguneratua eta Legearen araberako txostena prestatzeko aurreikuspena, kontuan hartuta txosten horrek aukera eman behar duela lurzoruaren egoerari buruzko konparazio kuantitatiboa egiteko, baldin eta jarduera eteten bada.

7.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela ikusita, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko urriaren 9ko Ebazpenaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 20 egun baliodunez, ingurumen-baimen bateratua emateko Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak egindako berrikuste-eskabidea, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko; horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2023ko urriaren 17an.

8.– Ingurumen-baimen bateratua jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.

9.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko urriaren 17an eta 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Uraren Euskal Agentziari, Gipuzkoako Osasun Publikoaren Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Donostiako Udalari.

10.– 2023ko azaroaren 24an, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak txostena eman zuen, eta espedientean jaso da txosten horren emaitza.

11.– 2023ko azaroaren 30ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren esku utzi zen espediente osoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

3.– 2019ko abenduaren 3an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2019ko azaroaren 12ko Batzordearen 2019/7987 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinen errausketari buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (C/2019/7987).

4.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

5.– 7/2022 Legeak, laugarren xedapen iragankorrean, baimenen eta komunikazioen araubide iragankorra jaso eta zehazten du «autonomia-erkidegoek lege honetan ezarritakora egokituko dituztela lehendik dauden instalazioen eta jardueren baimenak eta komunikazioak, edo legea indarrean jarri aurretik aurkeztutako eskaerak eta komunikazioak, legea indarrean jarri eta hiru urteko epean.»

Horregatik, ingurumen-baimen bateratua eguneratu eta arau horretara egokitu behar da.

6.– Ingurumen-baimen bateratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko apirilaren 23ko Ebazpenaren baldintzak, ebazpen horren seigarren apartatuan ezarritakoari eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7.– Ebazpen honetan, kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko asmoz instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak zehazteko. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu honen edukia hartu da kontuan: «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Incineration».

8.– Aipatutako IPPC Legearen 3. artikuluak honela definitzen ditu «teknika erabilgarri onenak»: oinarri jakin bat eratzeko teknika batzuen gaitasun praktikoa frogatzen duten jardueren eta ustiapen moten garapen faserik eraginkorrena eta aurreratuena; zehazki, isurtzeko muga-balioen oinarria eratzeko eta emisioak eta ingurumen osoan eta pertsonen osasunean emisioek duten eragina saihesteko edo –hori saihetsezina denean– murrizteko baimenaren beste baldintza batzuen oinarria eratzeko teknikak darabiltzaten jardueren eta ustiapen moten garapen faserik eraginkorrena eta aurreratuena.

9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikulua aplikatuko da, izapideen kontzentrazioari buruzkoa: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioarekin bat, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

10.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Ebazpen hau emateko eskumena du, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako legeria, eta gai honetan aplikatu behar diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari Donostiako udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakinak energetikoki balioztatzeko 2010eko apirilaren 23ko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen bateratua berrikustea eta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legera egokitzea.

Bigarrena.– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari Donostiako udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakinak energetikoki balioztatzeko 2010eko apirilaren 23ko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen bateratua berrikustea, 2019ko azaroaren 12ko Batzordearen 2019/7987 Erabakian jasotako moduan, zeinaren bidez ezarri baitziren hondakinak errausteko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak.

Hirugarrena.– Aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako moduan, behin eta berriz aipatzen den ingurumen-baimen bateratuaren apartatu hauek:

– Bigarrena.

– Hirugarrena, E.2.1 Hondakin onargarriak azpiapartatua.

– Hirugarrena, E.3.3.3 Isurtzeko muga-balioak azpiapartatuta.

– Hirugarrena, E.3.9 Energia-efizientzia azpiapartatu berria.

– Hirugarrena, F.2. Emisio atmosferikoak kontrolatzea azpiapartatua.

– Hirugarrena, F.7 Jardueraren adierazleak azpiapartatua.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, Donostiako Udalari, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Errekurtsoak:

Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 1a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

ERANSKINA

Ingurumen-baimen bateratua aldatu da Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Donostian (Gipuzkoa) hondakinak energetikoki balioztatzeko jardueraren berrikuspen-proiektura egokitzeko. Hau da bertsio berria:

– Bigarrena.

«Bigarrena.– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, egoitza soziala Hernanin (Ibaiondo industrialdea 27, 3.a) eta G20960183 IFK dituenari, ingurumen-baimen bateratua ematea Donostiako udal-mugartean hondakinak energetikoki balioztatzeko, ebazpen honen hirugarren apartatuan zehaztutako baldintzak jarraituz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 1. eranskinaren arabera, jarduera hori 5.2 kategorian dago sartuta: «Udal hondakinak errausteko instalazioak», orduan 3 tona baino gehiago tratatzeko ahalmena dutenak.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa enpresa, Donostiako udalerriko Arzabaleta eremuan (Zubieta auzoa) kokatuko da, 323.000 m2 inguruko lursail batean. Instalaziora sartzeko kontrol-sistemak erradioaktibitatea antzemateko gailua izango hiru baskulen aurretik (sarrerakoa, irteerakoa eta itzulgarria).

Instalazioak honako hondakin hauek jasoko ditu:

– Etxeko hondakinen errefusak.

– Etxeko hondakinekin pareka daitezkeen industria-, merkataritza- eta erakunde-hondakinen errefusak (hemendik aurrera, EHPIMEH).

– Hondakin-uren araztegietako (hemendik aurrera, HUA) lohi lehorrak, gutxienez % 75 gai lehorduna.

– Lehen mailako hondakinen birziklapen eta konpostak sortutako bigarren mailako hondakinak.

– Plastiko materialki balioztaezinak poligonoetako plastiko-nahasketaren bilketan sortuak.

– Hiri-hondakin birziklaezinen antzekoak diren poligonoetako hondakinak, EHPIMEH nahasketa balioztaezinak.

– Hondakin handi birziklaezinak.

– Zepen birziklatze-plantako erreusak, behar beste erre ez diren hondakinak, erregabeak.

Hondakinen tratamendua hiru unitate nagusitan egingo da:

– Tratamendu Mekaniko eta Biologikoko Planta: etxeko hondakinen errefusa prozesatuko du, aurretratamendu mekaniko bitartez, material berreskuragarriak berreskuratzeko. Ondoren, berreskuratu gabeko zatia biolehortze-sistemara bideratuko da. Han, hondakin biodegradagarrienak aerobikoki deskonposatuko dira, eta bero forman askatzen den energia baliatuko da hezetasuna lurruntzeko eta, beraz, hondakina lehortzeko. Hala, energetikoki balioztatzera bideratutako hondakinen kopurua murrizten da eta hondakinaren bero-ahalmena areagotzen da.

Prozesuaren oinarrizko faseak honako hauek dira: hondakinak hobian jaso eta biltegiratzea (gutxieneko edukiera: 3.804 m3); aurretratamendu mekanikoa paper-kartoia, plastikozko ontziak, metal ferrikoak, material ez-ferrikoak eta tetrabrikak berrekuratzeko, sailkapen-tromelen, bereizgailu balistikoen, metal ferrikoen bereizgailuen (overbanda) metal ez-ferrikoen bereizgailu induktiboen, bereizgailu optikoen, uhal garraiatzaileen, poltsa-irekigailuen, prentsen eta abarren bitartez; eta, ondoren, materiala 300 mm-ko zatietan baino txikiagoetan birrinduko da bi birringailutan, biolehortze-fasearen aurretik. Biolehortzearen ostean, balioztatze energetikoko planta elikatuko da, kapsulatutako uhal garraiatzaileen bidez, atmosferarako emisioak bioiragazkiz eta ikatz aktiboarekin iragaziz tratatuta eta hondakin-urak tratatuta. Ikatz aktibo bidezko iragazte-sistemara efluentearen % 75 bideratuko da, bioiragazkitik pasatu ondoren, eta errefusa tximiniara eramango da zuzenean.

Aurretratamenduko plantako airea kanpokoarekin berrituko da, eta aurretratamenduko plantako aire kutsatua biolehortze-prozesuko aire moduan baliatuko da, usainak minimizatzeko.

Bioiragazki bidez eta ondoren ikatz aktiboz arazteko sistema bat ezarriko da, eta biolehortze-ataleko airea xurgatzeko dauden 48 haizagailu zentrifugoek elikatuko dute (haizagailu bana biolehortze-sektoreko). Sistemak lau bioiragazki izango ditu, eraikinaren estalkian kokatuta, guztira 110.000 Nm3/h-ko gaitasunarekin, eta ikatz aktiboko lau iragazte-dorrerekin. Bioiragazkiak estali egingo dira emisioak tximinia batera bideratzeko eta beraz, immisio-foku konfinatu bihurtuko da.

Biolehorketa-instalazioko efluente likidoak sortzeko puntuak honako hauek izango dira:

– Bioiragazkietan sortutako lixibiatuak.

Lixibiatuak zenbait biltodiren bitartez jaso eta A lixibiatu-depositura bideratzen dira. Tratamenduaren ondoren, plantako puntu batzuetan berrerabiltzen dira.

– Hobian, birrinketan eta biolehorketan sortutako lixibiatuak.

Lixibiatuak zenbait biltodiren bitartez jaso eta, lurrazpiko hodi baten bidez, B lixibiatu-depositura bideratzen dira. Ondoren biolehorketa-prozesuan birzirkulatzen dira.

TMB plantak urtean 162.185 tona etxeko hondakinen errefus tratatzeko ahalmena izango du.

– Energetikoki balioztatzeko planta: errausketaren bidez tratatuko dira EHPIMEHen errefusa, HUAetako lohi lehorrak eta bigarren mailako hondakinak bai etxeko hondakinen errefusaren biolehorketan sortutakoak, bai gaika bildutako hondakinak birziklatuz eta konposatuz sortutakoak. Errekuntza-energia elektrizitate bihurtuz aprobetxatuko da.

Energetikoki balioztatzeko unitatearen ahalmena urtean 194.192 tonakoa da. Kudeaketa-eragiketa bat dator «R0101 Hondakinak errausteko instalazioetan erregai gisa erabiltzea nagusiki (errekuntza)» eragiketarekin, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eranskinekoarekin.

Instalazioa honako hauez osatuta dago:

– Bi errausketa-lerro oso, lurruna sortzeko eta gasak arazteko gaitasunarekin.

– Turboalternadore bat, bai eta lehen aipatutako prozesu-lerroetan sortutako lurruna prozesatzeko beharrezko instalazio osagarri guztiak ere (55 bar, 420 ºC).

Ikuspuntu operatibotik, balioztatze energetikoa prozesu-arlo hauetan banatuko da: hondakinak hobian jaso eta biltegiratzea (gutxieneko edukiera: 6.983 m3). Ondoren, zubi-garabi bidez, hondakinak labeetan kargatzen dira. Errausketa-sistema berdinak diren bi errauste-labez osatzen da. Labe bakoitzaren gehieneko gaitasun unitario termiko jarraitua 41,43 MW-koa da eta gaitasun unitario mekaniko baliokidea 12,5 t/h-koa (2.850 kcal/kg-ko hondakinen behe bero-ahalmenerako). Labean sortutako beroa berreskuratze-galdarara garraiatzen da, non tratamendu termikorako lerro bakoitzak gasak arazteko lerro independente bat baitu, 88.100 Nm3/h inguruko diseinu-gaitasunaz.

Labeak erregailu osagarriak ditu, gas natural eta gasolio bidezkoak (dualak), errekuntza egonkortzeko eta hondakinen ekarpen termikoa osatzeko, lurrun asea sortzeko diseinu-gehienekoraino. Erregailu horiek labea abiaraztean funtzionatuko dute diseinu-tenperaturara iritsi arte eta, edozergatik, labearen tenperatura 850.ºC-tatik jaisten denean. Erregailuen guztizko potentzia labearen gehieneko gaitasun termikoaren % 60ren baliokidea da, hau da, labeko 24,8 MW termiko gutxi gorabehera. Erabilitako erregaia gas naturala izango da eta, horren hornidurarik ez dagoenean soilik baliatuko da gasolioa.

Gasak arazteko prozesuak askotariko elementuak ditu: egokitze-erreaktorea, non sodio bikarbonatoa injektatzen baita konposatu azidoak deskonposatzeko; mahuka-iragazkiaren lehen fasea; SCR sistema, Nox deuseztatzeko erredukzio katalitiko selektiboko prozesuaren bidez, non nitrogeno oxidoen erreakzioa amoniakoarekiko efizientziaz egin baitaiteke operazioaren 240.ºC-ekin baldin eta katalizatzaile egokia badago; egokitze-erreaktorea, non kaltzio hidroxidoa injektatzen baita, konposatu azidoak deskonposatzeko, eta ikatz aktiboa, dioxinen eta furanoen eta metal astunen adsortziorako galdararen gasei, eta partikulak iragazteko azken etapa bat, mahuka-iragazki bidez. Irteerako gas-emaria 88.100 Nm3/h ingurukoa izango da (gas hezeei dagokiena) eta emisioa 140.ºC inguruko tenperaturan egingo da.

Hondakin-uren isuriei dagokienez, fluxu hauek sortuko dira:

– Zepak itzaltzeko kanalen gainezkabidea; aldi baterako efluentea, prozesuko uraren biltegian jasoko dena, berrerabiltzeko.

– Galderetako ura desmineralizatzeko plantako efluenteak: alderantzizko osmosiko errefusarenak eta ureztatzeko uren depositura bidaliak, berrerabiltzeko.

– Galdarako purga: prozesuko uren depositura bidalia, berrerabiltzeko.

– Hondakinen hodiko lixibiatuak: putzuan bildu eta labera ponpatzen dira, errausteko.

Gainera, instalazioak ondoko instalazio osagarriak izango ditu:

– Balen prentsa eta balen aldi baterako biltegia: balioztatze energetikorako instalazioa etenda badago eta biolehorketa-instalazioa martxan, hondakin biolehortua paketatu egingo da. Bi pentsa ditu, bakoitzak 40 t/h-ko gaitasunarekin, eta bi fardo-makina, bakoitzak orduko 35 bala sortzeko gaitasunarekin. Plantak gaitasuna izango du hondakin-balak gutxienez 15 egunez biltegiratzeko.

– % 75-90 gai lehor duten HUAetako lohi lehorrak jaso eta biltegiratzeko instalazioa: Bi harrera-toberaz (gutxienez 40 m3-koak) eta lohi lehorrak biltegiratzeko bi silo zilindrikoz (bakoitza 250 m3-ko edukiera erabilgarriduna) osatuta dago, eta horietatik sistema garraiatzaile batek labeko injekzio-sistemara eramango ditu.

Planta fotovoltaikoa: zelula polikristalinozko 1.200 modulu fotovoltaiko opaku inguruz, 100 kW-na potentzia izendatuko hiru inbertsorez, loturiko babesgarriz eta energia-kontagailu batez osatutakoa. Eguzki-esparruko potentzia piko instalatua 335 kWp-koa izango da, eta urtean 305,8 MWh-ko ekoizpen elektrikoa aurreikusten da.

Instalazioan bertan sortutako energia elektrikoa erabiliko da (urteko kontsumo estimatua 21.832 MWh-koa), balioztatze energetikorako instalazioaren, lohi lehorrak hartu eta biltegiratzeko instalazioaren eta ur beroa sortzeko sistemaren funtzionamendurako. Halaber, sareko energia elektrikoa erabiliko da (urteko kontsumo estimatua 16.924 MWh-koa), biolehorketa-instalaziorako, zepak itzaltzeko instalaziorako, paketatu eta fardoak egiteko instalaziorako, balioztatze energetikoko instalazioaren abiarazte eta geldiunerako eta eremu eta zerbitzu komunetarako. Halaber, gasolioa baliatuko da makina mugikorrak funtzionarazteko (gutxi gorabehera urtean 45.000 l-ko kontsumoa), eta gas naturala, balioztatze energetikoko instalazioko erregailu osagarrietan, NOx-a deuseztatzeko SCR sisteman, ur beroa sortzeko sisteman eta larrialdietarako energia-horniketarako (gutxi gorabehera 1.500 MWh-ko kontsumoa).

Ur-kontsumo nagusia uraren birzirkulazioari esker aseko da, egunean 142 m3 inguru (sortutako hondakin-uren % 94 birzirkulatzen da). Kontsumitzen den gainerako ura horniketa-sare orokorretik hartuko da, eta urtean 14.403 m3 ingurukoa izango da. Halaber, ur-kontsumoaren zati txiki bat estalkietako euri-ur eta jariatze-ur garbi aprobetxatuak dira.

Plantan sortuko diren atmosferarako emisioak hiru foku sistematikori lotuta daude, hain zuzen ere, bioiragazkien tximiniari eta balioztatze energetikoko plantaren ildo bakoitzaren gasak arazteko sistemaren bi tximiniei. Era berean, instalazioak bi foku ez sistematiko ditu, gasoliozko multzo elektrogenoaren ihes-gasen hodiari eta amoniakoa biltegiratzeko andelen haizatzeari dagozkienak.

Sortutako hondakin-uren fluxuari dagokionez, planta bakoitzari lotutakoez gain, instalazio osoan honako fluxu komun hauek sortuko dira: plantako garbiketa-urak, berrerabiliko direnak olioak dekantatu eta bereizi ondoren, eta ur beltzak, saneamendu-biltodi publikora isuriko direnak (Añarbeko Urak mankomunitatea). Halaber, estalki eta gainazaleko isurketetako euri-ur garbiak, bai eta bide eta aparkalekuetatik kutsadura eraman dezaketen euri-urak ere, ibilgura isuri aurretik (Arkaitz ubidea), dekantatu eta oliogabetzen duen multzo baten bidez tratatuko dira (gehiegizkoarentzat bypass-arekin).

Hondakin arriskutsu nagusienak balioztatze energetikoko instalazioan gasak araztean sortuko dira eta galdara-labeko tobera eta bihurguneetan jasotako errauts hegazkorrak, egokitze - kontaktu-erreaktoreko dorre-multzoaren azpian jasotako gasen tratamenduko hondakinak eta mahuka-iragazkien toberetan jasotakoak dira. Gainera, instalazioaren mantentze-lanetan beste hondakin arriskutsu batzuk sortuko dira. Instalazioan sortzen diren hondakin ez-arriskutsuak oinarrian balioztatze-prozesuaren, zepak, bereziki, eta metalak bereizteko prozesuaren ondorioz sortutakoak dira.

Instalazioak baditu behar diren baliabide tekniko eta antolakuntzakoak 2019ko azaroaren 12ko 2019/7987 (EB) Betearazpen-erabakia betetzeko. Erabaki horren bidez ezarri ziren hondakinak errausteko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (C/2019/7987). Ondorio horietatik, hauek aplikatu behar dira: 1TEO, 2TEO, 3TEO, 4TEO, 5TEO, 6TEO, 7TEO, 8TEO, 9TEO, 11TEO, 12TEO, 14TEO, 15TEO, 16TEO, 17TEO, 18TEO, 19TEO, 20TEO, 21TEO, 25TEO, 27TEO, 28TEO, 29TEO, 30TEO, 31TEO, 32TEO, 33TEO eta 37TEO.

Halaber, Ebazpen honek bestelako baldintzak ezartzen ditu, errekuntzan giltzarri diren irizpide eta parametroak identifikatu eta errekuntzaren errendimendu ezin hobea lortzeko egokiak diren mugetan, haiek mantendu, kontrolatu eta monitorizatzeko kontrol automatikoko sistema bat erabiltzera bideratutakoak.»

– Hirugarrena, E.2.1 Hondakin onargarriak azpiapartatua.

«E.2.1.– Hondakin onargarriak.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren plantan tratatuko diren hondakinak izango dira hurrengo epigrafeetan bildutakoak, Europako Hondakinen Zerrendan zehaztutakoaren arabera, zeina argitaratu baitzen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez (erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko):

(Ikus .PDF)

Ondorengo baldintzak betetzen dituzten hondakinak soilik onartuko dira:

– Udalak edo aurrez tokiko erakundeak baimendutako kudeatzaile pribatuak jasotako hiri-hondakinak.

– Bide publikoak, berdeguneak, aisialdi-guneak eta hondartzak garbitzean Udalak edo aurrez tokiko erakundeak baimendutako kudeatzaile pribatuak jasotako hondakinak.

Ondoren zerrendatutako hondakinak onargarriak izango dira, horiek onartu aurretik behar bezala justifikatzen bada horien balioztatze materiala edo horien energia-aprobetxamendua ez den beste balioztatze bat teknika, ekonomia edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria.

(Ikus .PDF)

Etxeko jatorria duten edo pareka daitezkeen hondakinen birziklapen, konposta eta ontzi-hondakinen bereizketa eta sailkapenerako operazioetako erreusak soilik onartuko dira. Halaber, paper-industrietan birziklapenera bideratutako paper eta kartoiaren sailkapen-operazioetako erreusak ere onartuko dira.

Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere; horrenbestez, debekatuta dago hondakin arriskutsuak erraustea.

Fabrikan tratatuko den hondakin onargarri berri bakoitzarekin, langileak hasierako karakterizazio bat egingo du, hori errauste-instalazioan tratatzeko aukera egiaztatzearren. Ingurumen Sailburuordetza honen berariazko onespena eskatu beharko du fabrikan hondakin berri bat tratatzeko, eta eskaera horretan egindako karakterizazioaren emaitzak sartu beharko ditu, eta baita hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamen bat ere, eta hala badagokio, partida bakoitza hartu aurretik analizatu behar direnena. Halaber, beharrezkoa balitz, onarpen-protokolorako nahitaezko zehaztapenak jasoko dira. Aurreko paragrafoetan berariaz adierazitako kasuetan, horien balioztatze materialaren ezinezkotasuna ere justifikatuko da.

Hondakin zehatz bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak onespenaren egiaztagiria igorriko dio titularrari, onespenaren baldintzak ezartzen dituena.

Hala eta guztiz ere, salbuespen gisa, ingurumen-organoak, ingurumen-baimen bateratuan onargarri gisa jasotakoak ez diren hondakin ez-arriskutsuak aldi baterako instalazioan onartzeko baimena eman dezake, egoera juridiko edo administratibo bereziengatik edo osasun- edo ingurumen-larrialdi egoeragatik, ezin direnean berrerabilpen- edo birziklatze-operazioen bidez tratatu.

Onartutako hondakin guztiak zuzenean kudeatuko dira energetikoki balioztatzeko unitatean, 20 03 01 hondakina izan ezik (etxeko jatorrikoa), aurretik tratatuko dutena tratamendu mekaniko eta biologikoko unitatean.»

– Hirugarrena, E.3.3.3 Emisioen muga-balioak azpiapartatua.

«E.3.3.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira muga-balio hauek gaindituko:

A) 1. fokua:

(Ikus .PDF)

Emisioen muga-balioak egoera hauei buruzkoak dira: 273 K-ko tenperatura eta 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Emisio-balioak betetzen ote diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

B) 2. eta 3. fokuak. Gasak arazteko sistemako tximiniak (1. eta 2. errauste-lerroa):

Foku horien emisiorako muga-balioak honakoak dira:

a) Eguneko batez besteko balioak:

(Ikus .PDF)

b) Ordu-zatiko batez besteko balioak:

(Ikus .PDF)

c) Gas edo lurrun egoeran dauden metalen emisiorako batez besteko balioak, gutxienez 30 minutu eta gehienez 8 orduko laginketa-aldian barrena neurtuta:

(Ikus .PDF)

d) Dioxina eta furano guztien emisioen batez besteko balioak, baliokidetasun toxikoaren kontzeptua erabiliz kalkulatuta, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren II. eranskineko I. zatiari jarraikiz, gutxienez 6 orduko eta gehienez 8 orduko laginketa-aldian neurtuta:

(Ikus .PDF)

e) Karbono monoxidoaren (CO) kontzentrazioen isurketen muga-balioak (martxan jarri edo gelditzeko aldiak alde batera utzita):

1.– 50 mg/m3 errekuntza-gas, eguneko batez besteko balio gisa kalkulatuta.

2.– 150 mg/m3 errekuntza-gas, gutxienez, neurketa guztien % 95ean, 10 minutuko batez besteko balio gisa kalkulatuta; edo 100 mg/m3 errekuntza-gas neurketa guztietan, 24 orduko edozein alditan hartutako ordu-erdiko batez besteko balio gisa kalkulatuta.

f) Amoniako isurketen muga-balioak, gutxienez 30 minutu eta gehienez 8 orduko laginketa-aldian zehar neurtuta:

(Ikus .PDF)

Atmosferara isurtzeko muga-balioak betetzen direla ulertuko da, ezarritako laginketa-epean zehar neurtutako batez besteko balioetako bakar batek ere, ez badu isurtzeko muga-balioa gainditzen.

g) Tenperatura 273 K, presioa 101,3 KPa eta % 11 guztizko oxigeno eta gas lehorreko baldintza normalizatuei dagozkien mugak bete beharko dira.

h) Hondakinak errausteari buruzko urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 37.9 artikuluaren arabera, atmosferara emisioak egiteko muga-balioak betetzen direla kontuan hartuko da, ondorengo baldintzak errespetatzen direnean:

1.– Eguneko batez besteko balioetako batek ere ez badu gainditzen a) paragrafoan eta aurreko e)1 apartatuan ezarritako emisioaren muga-balioak.

2.– Ordu-zatiko batez besteko balioek b) paragrafoko A zutabeko emisiorako muga-balioak gainditzen ez badituzte, edo bestela, hala dagokionean, urtean barrena ordu-erdiroko batez besteko balioen % 97-ak aurreko b) apartatuko B zutabeko emisiorako muga-balioak gainditzen ez baditu.

3.– Metal pisutsu eta dioxina eta furanoentzat ezarritako laginketa-aldian barrena, batez besteko balioek aurreko c) eta d) apartatuetan ezarritako emisiorako muga-balioak gainditzen ez badituzte.

4.– Aurreko e) 2. apartatuan ezarritakoa betetzen denean.

i) Ordu-erdiko batez besteko balioak eta 10 minutuko batez besteko balioak funtzionamendu errealeko denboraren barruan zehaztuko dira, martxan jartzeko eta gelditzeko aldiak alde batera utzita (hondakinak errausten ari ez badira) eta neurtutako balioetatik abiatuta, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren II. eranskineko 3. apartatuan agertzen den konfiantza-tartearen balioa kendu ondoren. Eguneko batez besteko balioak zehazteko, baliozkotutako batez besteko balio horietatik abiatuko da.»

– Hirugarrena, E.3.9 Energia-efizientzia azpiapartatu berria.

«E.3.9 Energia-efizientzia.

Labe-galdararen energia-efizientzia garbi gordina % 20tik gorakoa izan behar da.»

– Hirugarrena, F.2 azpiapartatua. Emisio atmosferikoen kontrola.

«F.2.– Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

a) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak emisioen kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:

(Ikus .PDF)

b) Nolanahi ere, emisioen kontrolek eta baldintzek Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

Arestian eskatutako parametro guztien neurketen ILE txostenak Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaizkio.

c) Usainen neurketa olfatometria dinamikoaren bidez usainaren kontzentrazioa zehazten duen UNE-EN 13725 arauan xedatutakoaren arabera egingo da.

d) Neurtzeko teknikak 2. eta 3. fokuetarako.

1.– Atmosfera kutsatzen duten substantzien kontzentrazioak modu adierazgarrian neurtuko dira, eta horien azterketa 815/2013 Errege Dekretuaren arabera egingo da.

2.– Kutsatzaile guztien laginketa eta analisia, horien artean dioxinak eta furanoak, eta neurtzeko sistema automatikoak kalibratzeko erreferentziako neurketa-metodoak CEN arauen arabera egingo dira –parametro bakoitzerako 2019/7987 (EB) Betearazpen-erabakia jasotzen dira–.

CEN araurik ez badago, ISO arauak, arau nazionalak, nazioarteko arauak edo bestelako metodoak erabiliko dira, egiaztatuta daudenak eta kalitate zientifiko baliokidea duten datuak eskuratzea bermatuko dutenak.

3.– Edozein neurketaren % 95eko konfiantza-tarteen balioek, eguneko emisioen muga-balioetan, ez dituzte emisioen muga-balio hauen ehunekoak gaindituko:

– Karbono monoxidoa: % 10.

– Sufre dioxidoa: % 20.

– Nitrogeno dioxidoa: % 20.

– Guztizko partikulak: % 30.

– Guztizko karbono organikoa: % 30.

– Hidrogeno kloruroa: % 40.

– Hidrogeno fluoruroa: % 40.

e) Etengabe monitorizatzea 2. eta 3. fokuetan.

Honako elementuak etengabe neurtu beharko dira: partikulak, HCl, HF, KOG, CO, NOx, SO2, Hg, O2, emaria, tenperatura, presioa eta hezetasuna.

Halaber, edozein gertakariren aurrean enpresak ezaugarri berak dituen beste ekipo bat izan beharko du bi fokuetan. Horrela, parametroetako baten neurketa-datuak galduko balira, 4 ordu baino gutxiagoan neurketa-ekipoa ordezkatuko litzateke. Ondorioz, jardueraren operadoreak bermatu beharko du ekipamendu guztiak mantentze-, kalibratze- eta konexio-baldintza egokietan daudela.

Neurtzeko sistema jarraituaren instalazioa, kalibrazioa, kontrola, mantentze-lanak eta jakinarazpenak, eta ekipamenduen, neurketa-sekzio eta -tokien ezaugarriak ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako baldintzen araberakoak izango dira.

Etengabe neurtzeko sistema Euskal Autonomia Erkidegoko airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko sarera kateatu beharko da. Era berean, etengabe funtzionatzen egon beharko du ezohiko funtzionamendu baldintza aldietan, edozer erregairen errekuntza dagoen artean, galdara-labean gelditzen den hondakina barne.

Instalazioen titularrek izango dute neurtzeko sistema jarraituaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta gutxienez 10 urtez gorde beharko dira neurtzeko kontrol jarraituaren bidez erregistratutako datuak.

Neurtzeko sistema jarraituaren funtzionamendu edo mantentze-lan okerrak direla-eta egun batean ordu-erdiko batez besteko 5 baliotik gora baliodunak ez badira, egun hori baliogabetu egingo da. Horregatik urtean hamar egunetik gora baliogabetzen badira, titularrak beharrezko neurriak hartu beharko ditu kontrol-sistema jarraituaren fidagarritasuna hobetzeko.

Elkarren segidako 15 egunetik gora neurtzeko sistema jarraitua konektatu gabe badago edo gaizki badabil, ingurumen-lankidetzako erakundearen bidez etengabe neurtu behar liratekeen parametroen aldizkako autokontrolak egin beharko dira, 15 egunez behin, gorabehera hasten den egunetik hasita, eta neurtzeko sistema jarraituak zuzen jardun arte.

Neurtzeko sistema jarraituaren funtzionamenduari buruzko txosten bat egin eta sailburuordetza honetara igorri beharko da urtero, ingurumenaren arloko eskumenak esleituta dituen sailak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.

Hiru hilean behin, errausketa-prozesuaren efikazia kontrolatuko da, eta bermatuko da zeparen karbono organikoaren guztizkoa (KOG) E.3.2.g apartatuan adierazitako baldintzaren azpitik dagoela.

f) Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina. Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egon beharko da.»

– Hirugarrena, F.7 Jardueraren adierazleak azpiapartatua.

«F.7 Jardueraren adierazleak.

Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduari buruzko parametro adierazle hauen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eraginari dagokionez:

(Ikus .PDF)

Sustatzaileak proposamen zehatz bat egingo du, jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egiteko urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko. Proposamena ebazpen honen F.9 apartatuan aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginean sartuko da.»


Azterketa dokumentala