Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2024ko urtarrilaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
150

AGINDUA, 2023ko abenduaren 14koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena. Horren bitartez, baimendu egiten da, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80. artikuluan eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak orokorrean betetzea, Zarauzko Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko «17-2 OR Irita Antolamendu geroratuko eremua» esparruaren eta «17.3 Amillubi antolamendu zehaztutako eremua» esparruaren arteko etxebizitzen transferentziaren bidez.

Aztertu da Zarauzko Udalak egindako baimen-eskaera, udalerriko hainbat eremutan babes publikoko bizitegi erabilerako hirigintza eraikigarritasunari buruzko legezko aurreikuspena konpentsatzekoa. Izan ere, zenbait eremutan murriztutako estandarra beste eremu zehatz batzuetan sartutakoarekin osatzen da.

GERTAKARIAK

Zarauzko Udalak aurkeztutako eskaera-orriari sarrera-erregistroa egin zitzaion 2023ko azaroaren 24an. Horren bidez, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.7 artikuluan aurreikusitako baimena eskatu zen, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean hainbat eremuren artean babes publikoko etxebizitzen estandarra transferitzeko.

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Zarauzko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketaren espedienteak aldeko txostena jaso du Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeko Gipuzkoako hirigintza plangintzarako atalak 2023ko azaroaren 13an egindako bilkuran (5/2023), behin betiko onartua izan aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen den espedientea ebazteko, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.7 artikuluan, eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 15.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako eskaerak babes publikoko etxebizitzetarako lurzoru estandarraren konpentsazioa planteatzen du udalerriaren «17-2 OR Irita antolamendu geroratuko eremua» eta «17.3 Amillubi antolamendu zehaztutako eremua» esparruen baitan. Horrela, «17.3 Amillubi» eremuan planteatutako bizitegi-eraikigarritasunaren gehikuntzari dagokion sabai babestuaren zenbatekoa «17-2 Irita» eremuan programatuta dagoen gehiegizko eraikigarritasunarekin konpentsatuko da.

3.– Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketak bizitegi-eraikigarritasuna 13.100 m2t handitzea planteatzen du «17-2 Irita» eremuan, eta 6.400 m2t «17.3 Amillubi» eremuan, halako moldez non babes publikoko araubideren bati atxikitako gutxieneko zenbatekoak 7.800 m2t diren, eta babes sozialeko etxebizitzaren gutxieneko zenbatekoa 3.900 m2t-koa izango da; eta gainerakoa, 7.800 m2t-ra artekoa, etxebizitza tasatuena.

Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketaren arabera 13.100 m2t dira babes sozialeko etxebizitzentzat eta 1.900 m2t etxebizitza tasatuentzat.

4.– Hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 15.1 artikuluaren arabera, egitura-antolamenduaren aldaketa puntualetan, transferentzia hori egiteko bermatu behar da aldez aurretik edo aldi berean gauzatuko dela transferitutako estandarra, eta, bestela, Udal Administrazioak onetsi behar du –interesdunek eskatuta– Udal Lurzoru Ondarean sartzea; horrenbestez, dagokion konpentsazioa jasoko du, osorik edo partzialki salbuetsitako eremuko eraikigarritasunaren zati bat eskuratuta, edo dagokion balio ekonomikoa jasoko du, aipatutako dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua, baita Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak emandako aldeko txostena ere aztertuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearekin eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita, aipatutako Legearen 80.7 artikuluak eta aipatutako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako transferentzia baimentzea, Zarauzko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketan.

Bigarrena.– Baimen hori Zarauzko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketaren testuari, espedientea bete izanaren justifikazioa eransteari baldintzatua geratuko da, 2/2006 Legearen 80. artikuluaren eta 123/2012 Dekretuaren 14. eta 15. artikuluen arabera.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko zenbakietan ezarritako baldintzen arabera ematen da, eta baliorik gabe geratuko da baldin eta beste baldintza batzuen pean ematen bada behin betiko onespena eta horrek inplikatutako eremuren bat aldatzea badakar (hartzaileak edo igorleak) babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarren betetze globalean.

Laugarrena.– Zarauzko Udalari agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da, eta administrazio-bideari amaiera ematen dio. Interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, bi hilabeteko epean hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Halaber, nahi izanez gero eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Kasu horretan ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri berraztertzeko errekurtsoa espresuki erabaki edo bere ustezko ezespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 14a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala