
9. zk., 2024ko urtarrilaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (399 KB - 24 orri.)
- EPUB (257 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
145
EBAZPENA, 2023ko abenduaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Plus Europako Gizarte Funtsaren 2021-2027 Programaren esparruan Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu beharreko eragiketak hautatzeko deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko abenduaren 26an egin zuen bileran hartutako erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Plus Europako Gizarte Funtsaren 2021-2027 Programaren esparruan Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu beharreko eragiketak hautatzeko deialdia onartu du, eta Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko n) apartatuan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Plus Europako Gizarte Funtsaren 2021-2027 Programaren esparruan Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu beharreko eragiketak hautatzeko deialdia (ebazpen honen eranskin moduan jasotakoa) argitaratzea.
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO PLUS EUROPAKO GIZARTE FUNTSAREN 2021-2027 PROGRAMAREN ESPARRUAN EUROPAKO GIZARTE FUNTSAK KOFINANTZATU BEHARREKO ERAGIKETAK HAUTATZEKO DEIALDIA
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren bidez, honako hauek ezartzen dira: Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Bada, Erregelamendu horren 5.1 artikuluak (Helburu politikoak) funts horiekin babestuko diren bost helburu politikoak aipatzen ditu. Europako Plus Gizarte Funtsak (aurrerantzean, EGF+) laugarren helburu politikoa babestuko du: «Europa sozialagoa eta inklusiboagoa, eskubide sozialen Europako euskarria aplikatuz betiere».
EGF+ari dagokionez, Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duen eta 1296/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren 3.1 artikuluak (EGF+en helburu orokorrak eta egikaritza-metodoak) ezartzen duenez, funts europar horren «helburua da estatu-kideei eta eskualdeei laguntzea, enplegu-maila handiak, bidezko gizarte-babesa eta eskulan gaitua eta erresilientea lortzen, etorkizuneko lan-mundurako prestatua, bai eta gizarte inklusiboak eta kohesionatuak lortzen ere, pobrezia ezabatzeko eta gizarte-eskubideen zutabe europarrean ezarritako printzipioak betetzeko». Gainera, erregelamendu horren 4.1 artikuluak (EGF+en helburu espezifikoak) enpleguko eta lan-mugikortasuneko, hezkuntzako eta gizarte-inklusioko politika sektorialen hamahiru helburu espezifiko jasotzen ditu, funts horrekin babestuko dituenak, pobrezia ezabatzen lagundu ahala. Hartara, 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 5.1.d) artikuluan jasotzen den helburu politikoa lortzen lagunduko da, hots, «Europa sozialagoa eta inklusiboagoa, eskubide sozialen Europako euskarria aplikatuz betiere».
Euskal Autonomia Erkidegoan, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, ezabatu eta aldatzekoak), 9.1.q) artikuluan, Ekonomia eta Ogasun Sailari egozten dizkio «Errekuperazio eta erresilientziako funts europarren azterketa, planifikazio eta kohesio europarreko politikan» jarduteko eginkizunak. Hala, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuaren 11.e) artikuluak Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari esleitzen dizkio honako eginkizun hauek: «Europar Batasunak ezarritako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kudeatutako egitura-funtsek, Kohesio Funtsak eta egiturazkoak ez diren beste finantza-tresna batzuek, eta bereziki Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsek, batera finantzatutako jarduerak programatu, jarraitu eta ebaluatzea, gaiaren arabera eskumena duten sailekin koordinatuta».
Eginkizun horiek betetzen, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza Euskal Autonomia Erkidegoko EGF+ 2021-2027 programa egiteko orduan buru izan da. Haren bosgarren epigrafean (Agintaritzak) kudeaketako «organismo bitartekari» moduan agertzen da.
C (2022) Batzordearen 2022-11-25eko 8751 erabakiaren bidez onartutako EAEko EGF+2021-2027 Programak 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren 4.1 artikuluan jasotzen diren hamahiru helburu espezifikoetatik lau hauetan batzen ditu bere jarduerak:
– A. Enplegu-eskatzaile guztien enplegurako eta aktibazio-neurrietarako sarbidea hobetzea; batez ere, gazteena –Gazte Bermea aplikatuz, bereziki–, iraupen luzeko langabeena, gizarte-egoera ahuleko taldeena eta pertsona ez-aktiboena, norberaren konturako enplegua eta gizarte-ekonomia sustatuz.
– D. Langileak, enpresak eta ekintzaileak aldaketara, zahartze aktibora eta lan-inguru osasuntsuetara eta osasunerako arriskuetara ondo moldatutakoetara egokitu daitezela sustatzea.
– H. Inklusio aktiboa sustatzea, aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta partaidetza sustatzeko, eta enplegagarritasuna hobetzea, bereziki gizarte-egoera ahuleko taldeena.
– L. Pobrezian edo gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea sustatzea, gizarte-egoera ahulean dauden pertsonena eta haurrena barne.
Helburu espezifiko horiek lortzeko, honako lau inbertsio-lehentasunak jarraituko dira, horiek baitira EAEko EGF+ 2021-2027 programako jarduera-ardatzak osatzen dituztenak:
– 1. lehentasuna. Enplegua, egokitzeko gaitasuna, ekintzailetza eta gizarte-ekonomia.
– 2. lehentasuna. Gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka.
– 5. lehentasuna. Gazteen enplegua.
– 7. lehentasuna. Haurren bermea.
Laburbilduz, EAEko EGF+ 2021-2027 Programak honako helburu hauek ditu: zailtasun gehien dituen kolektiboei enplegua eskuratu eta mantentzeko erraztasunak jartzea, biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta lan-merkatuaren beharren arteko desorekak murriztea, gazteen enpleguaren kalitatea hobetzea, gazteen langabezia-tasa altuak murriztuz, eta gazteen enpleguan prekaritateari aurre egitea eta talde zaurgarrietako pertsonak gizartean eta lan-merkatuan integratzea, betiere genero-arrakalak murrizteko eta trantsizio berde eta digitala ahalbidetzeko ahalegin berezia eginez.
Subsidiariotasunaren, proportzionaltasunaren eta finantza-kudeaketa onaren printzipioak bermatu eta partaidetza publiko-pribatua sustatzeko eta elkarte eta gobernantzaren printzipioa hainbat mailatan ziurtatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak erabaki du beste erakunde batzuei kofinantzaketa europarrean parte hartzeko aukera ematea, EGF+ren esku-hartze eremuetan, eta, zehazki, lehen aipatutako 1., 2. eta 5. inbertsio-lehentasunen helburu espezifikoetan sartzen diren eragiketak hautatzeko deialdiaren bidez. Izan ere, horiek lehentasunezkotzat jotzen dira gure autonomia-erkidegoan, eta, hartara, Eusko Jaurlaritzak EGF+ Programan kofinantzatu nahi duen jardueraren osagarritasuna eta gehigarritasuna bermatzen da.
Esku hartzeko eremu horiek (hautatuko diren eragiketen esparrua direnak) enplegu, gizarteratze eta laneratzeko politikaren barruan kokatzen dira.
Euskal Autonomia Erkidegoan, enplegu-politika eta Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Sistema Lan eta Enplegu Sailaren eskumena dira, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lan eta Enplegu Sailari atxikita, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren helburua da enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta langileen enplegagarritasuna bermatzen lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea ere, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria egikarituz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2001 Legean ezartzen den bezala.
Helburu horiek lortzeko, 3/2011 Legeak organismo autonomoari esleitzen dizkion eginkizunen artean sartzen da enplegu-programak, enplegurako prestakuntza-programak eta autoenplegua sustatzeko programak kudeatzea, enpresak sortzea, enplegua sortzen duten tokiko ekimenak babesteko programak diseinatzea edo gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako enplegu-programa espezifikoak egitea. Eta, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen esparruan, Lanbideren erantzukizuna da, besteak beste, Sistemako prestazio ekonomikoak kudeatzea eta gizarteratzeko programa integratu eta pertsonalak negoziatu eta horien jarraipena egitea.
2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 71.3 artikuluaren arabera, estatu-kideak, kudeaketa-agintaritza izendatu ondoren, bitarteko organismo bat edo batzuk izendatu ahalko ditu, bere erantzukizunpeko zereginak egiteko. Artikulu horren arabera, Europako Gizarte Funtseko Administrazio Unitateak (EGFAU) akordio bana sinatu du Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzarekin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin. Akordio horien bidez, bitarteko organismo koordinatzaile eta bitarteko organismo koordinatu izendatu ditu, hurrenez hurren, EAEko EGF+ Programan.
Izendapen horrekin batera, eginkizunak esleitzen dira, akordioetan jasotakoaren arabera. Eginkizun horiek Kudeaketa Agintaritzaren erantzukizunpean egingo dira, eta, Lanbideren kasuan, baita bitarteko organismo koordinatzailearen erantzukizunpean ere (Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza).
Hala, sinatutako akordioetan ageri denez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, bitarteko organismo koordinatua denez gero, finantzatuko diren eragiketak hautatzeaz arduratuko da, eragiketak hautatzeko irizpideak, prozedura eta metodologia ezartzen dituen agiriaren arabera. Agiri hori Jarraipen Batzordeak onartu zuen, 2023ko irailaren 12an, soilik EAEko EGF+ 2021-2027 Programako 1., 2. eta 5. lehentasunen helburu espezifikoetako batzuetan jasotako zenbait neurrirako. Horixe da deialdi honen helburua.
Eta, bestetik, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza arduratuko da, bitarteko organismo koordinatzailea denez gero, eragiketen egikaritzaren jarraipena egiteaz eta egiaztapen egokiak gauzatzeaz, EGFAUren sistema informatikoari beharrezko datuak emanez, Lanbideren lankidetzarekin, eragiketen egikaritza fisiko eta finantzarioaren jarraipen-txostenak egiteko, bai eta eskatutako datuak emanez ere, dirua itzultzeko eskariak eta gastu-ziurtagiriak aurkezteko.
EGFAUrekiko akordio horiek aplikatuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi hau egin du, Administrazio Kontseiluak onar dezan. Deialdia zuzendari nagusiak ebatziko du, eta, bertan, bere eginkizunez gain, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari dagozkionak jasoko ditu, bitarteko organismo koordinatzailea denez gero. Hala, deialdira igarotzen dira lehendik EGFAUrekiko akordioetan eskuratu diren konpromisoak edo/eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuan aipatu Zuzendaritzari esleitzen zaizkion eginkizunekin bat datozenak.
Finantzatu beharreko eragiketak aurkezten dituzten erakundeek, EGF+etik datorren finantzaketa edukitzeaz gain, proiektuen kostu guztia estaltzeko finantzaketa aski dutela bermatu beharko dute, nola euren bitarteko propioen bidez, hala beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik eratorritako finantzaketaren bidez.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horren administrazio-kontseiluak, 2023ko abenduaren 26an egindako bilkuran, onartu egin du Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu beharreko eragiketak hautatzeko deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko Plus EGFren 2021-2027 Programaren esparruan. Hona hemen deialdiaren ezaugarriak:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan erakundeen partaidetza sustatzea EAEko Plus Europako Gizarte Funtsaren 2021-2027 Programan (aurreratzean, EAEko EGF+ 2021-2027 Programa), eta programa honen esparruan kofinantzaketa europarra eskuratuko duten erakundeek egikaritu beharreko eragiketak hautatzea.
2. artikulua.– Finantza-hornidura eta laguntzaren zenbatekoa eragiketa bakoitzeko.
1.– Deialdi honen bidez emango diren EGF+eko laguntzen zenbatekoa gehienez 30.000.000 eurokoa izango da.
Hautatutako eragiketa bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa haren barruan sartutako jarduera guztien kostuaren % 40koa izango da.
2.– EGF+eko laguntzaren finantza-hornidura lehentasunen (Lh) eta helburu espezifikoen (HE) arabera banatzen da, honela:
(Ikus .PDF)
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen eragiketak.
1.– Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagundu daitezkeen eragiketak izango dira beren artean lotutako eta koordinatutako jarduera-multzoak, helburu espezifiko batzuk lortzeko esku-hartze integratua osatzen badute, aurreikusitako ekintza, produktu eta emaitzen arteko kausazko loturak erakusten dituen esku hartzeko logika egoki batean oinarrituta, eta beharrezko giza baliabideak, baliabide materialak eta denbora-tarte jakin bat eskura izanik.
2.– Hautatu eta finantzatuko diren eragiketak zuzenean Helburu Espezifikoekin eta Inbertsio Lehentasunekin lotuta dauden esku hartzeko eremuei buruzkoak izan beharko dira, hain zuzen ere EAEko EGF+ 2021-2027 Programa osatzen duten horien artean deialdi honetarako hautatuak izan direnak (jarraian zerrendatuko dira eta I. eranskinean garatzen dira):
2.1.– Aurkeztutako eragiketen babespean gauzatzen diren ekintzak honako helburu espezifiko hauen barruan sartu beharko dira:
a) A HE. Enplegu-eskatzaile guztien enplegurako eta aktibazio-neurrietarako sarbidea hobetzea; batez ere, gazteena –Gazte Bermea aplikatuz, bereziki–, iraupen luzeko langabeena, lan-merkatuan egoera ahula duten taldeena eta pertsona ez-aktiboena, norberaren konturako enplegua eta gizarte-ekonomia sustatuz.
b) H HE. Inklusio aktiboa sustatzea, aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta partaidetza aktiboa bultzatzeko, eta enplegagarritasuna hobetzea, bereziki gizarte-egoera ahulean dauden taldeena.
2.2.– Deialdi honen babespean aurkezten diren eragiketak EGF+ Programako lehentasunen (ardatzak) honako jarduera-lerro hauetan sartuko dira:
a) 1. lehentasuna: Enplegua, egokitzeko gaitasuna, ekintzailetza eta gizarte-ekonomia, eta A Helburu Espezifikoa:
– 1.A.02. Langabetuak laneratzeko ibilbideak.
– 1.A.05. Talentua atxikitzeko eta erakartzeko neurriak.
– 1.A.06. Autoenplegurako hasierako laguntza, eta hura finkatzeko eta enpresak sortzeko: prestakuntza, orientazioa, informazioa eta aholkularitza.
b) 2. lehentasuna: Gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka, eta H Helburu Espezifikoa.
– 2.H.02. Pertsona zaurgarriak laneratzeko eta gizarteratzeko ibilbideak.
c) 5. lehentasuna: Gazteen enplegua eta A Helburu Espezifikoa.
– 5.A.03. Lan-merkatutik urrunen dauden gazteak laneratzeko ibilbideak.
3.– Eragiketek emaitzetan oinarritutako ikuspuntua izan beharko dute.
4.– Diruz lagungarriak izateko, eragiketek gutxienez 2 milioi euroko kostua eta gehienez 5 milioi euroko kostua izan behar dute.
5.– Erakunde bakoitzak gehienez ere hiru eragiketa aurkeztu ahalko ditu (parte hartzeko eskabideak), eta erakunde bakoitzeko gehienez ere bi eragiketa hautatu ahalko dira. Eragiketa bakoitza artikulu honen 2.2 atalean zehaztutako jarduera-lerro bakarrean sartu beharko da.
Eragiketaren jarduera-lerroa izango da haren jarduera nagusiarekin lotuta dagoena, eragiketa horrek beste jarduera-lerro batekoak diren jarduera osagarriak behar dituen gorabehera.
Beste erakunde batzuekin batera osatutako taldeetan eragiketak aurkezten dituzten erakundeek ezingo dute erakunde independente moduan eragiketarik aurkeztu.
6.– Hautatutako jarduerak dirulaguntzaren barruan egiteko epea 2024ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra bitartekoa izango da.
7.– 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan jasotako printzipio horizontalak bermatze aldera, aurkeztutako eragiketek berariaz eta prestaketa, egikaritza, kudeaketa, jarraipen eta ebaluazioaren fase guztietan aplikatu beharko dituzte printzipio horiek. Honako hauek, hain zuzen:
a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, generoa oro har kontuan hartzea eta genero-ikuspegia txertatzea.
b) Generoa, arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmenak, ezintasuna, adina edo sexu-joera direla-eta jazarpena saihestea. Bereziki kontuan hartuko da desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna.
c) Garapen jasangarria eta «kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioa sustatzea.
8.– Eragiketak kostu sinplifikatuen aukeraren bidez justifikatu beharko dira, 2021/1060 Erregelamenduaren 53.1 artikuluaren b), c), d) eta e) letretan aurreikusitako eta eskabide-formularioan jasotako dirulaguntza-modalitateren batean.
Eragiketa edo bertako jardueraren bat kontratazio publikoan sartzen badira, 2021/1060 Erregelamenduaren 53.1 artikuluko a) letran aurreikusitako modalitatearen bidez justifikatu beharko da, betiere haren zenbatekoa 200.000 eurotik gorakoa bada.
9.– 2.H.02 neurriari buruz aurkeztutako eragiketen artean (pertsona zaurgarriak laneratzeko eta gizarteratzeko ibilbideak), 2. lehentasunean (Gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka), prozeduraren ebazpenean eragiketa bat garrantzia estrategikoko eragiketatzat joko da, hau da, «programa baten helburuak lortzeko orduan ekarpen nabarmena egiten duten eta jarraipen eta komunikazioko neurri partikularrak betetzen dituzten eragiketak» izendatuko dira (2021/1060 Erregelamenduaren 2.5 artikulua).
Eragiketa garrantzia estrategikotzat jotzen bada, erakunde onuradunak, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzarekin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin koordinatuta, jarduera edo komunikazio-egintza antolatuko du, Batzordea eta Kudeaketa Agintaritza arduraduna partaide bihurtuz, dagokion unean (2021/1060 Erregelamenduaren 50.1.e) artikulua).
10.– Finantzaketa bikoitza saihesteko, eta iruzurraren aurkako neurri gisa, EGF+ren finantzaketa eskatzen duten eragiketek ezingo dute beste funts europar baten edo bestelako erkidegoko finantza-tresna baten finantzaketarik jaso.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– EGF+ren kofinantzaketaren onuradun izan daitezke, horretarako eskabidea egin ostean, honako erakunde hauek:
a) Foru-aldundiak eta foru-sektore publikoa.
b) EAEko udalak eta tokiko sektore publikoko erakundeak.
c) EAEko sektore publikoko erakundeak.
d) EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako elkarteak.
e) Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak, EAEn dutenak egoitza edo ordezkaritza, baldin eta horien jarduera eta xede soziala bat badatoz 3.2 artikuluan zehaztutako inbertsio-lehentasunekin eta helburuekin.
Deialdi honen ondoreetarako, irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira behar bezala erregistratutako irabazi-asmorik gabeko fundazio eta elkarteak, bai eta bere onura posibleak haren helburu sozialera edo erreserbak igotzera bideratzen dituen beste edozein erakunde, onurak banatzen ez dituena eta estatutuetan hala jasotzen duena.
2.– Erakunde eskatzailea pertsona juridiko bat denean, erakunde eskatzaile horri atxikitako beste pertsona juridiko batzuek dirulaguntza funtsatzen duten jarduera guztiak edo horietako batzuk haren izenean eta haren kontura gauzatzeko konpromisoa hartzen badute, kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
3.– Era berean, onuradun izan ahalko dira erakundeen nortasun juridikoa ez duten taldeak, artikulu honen 1. atalean aipatzen direnak. Kasu honetan, taldean aurkezten diren erakundeek horietako bat izendatuko dute ordezkari izateko. Ordezkariak botere nahikoa izango du onuradun gisa taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko, eta bera arduratuko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin eta Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzarekin hitz egiteaz, Eusko Jaurlaritzako bitarteko organismo koordinatzailea denez gero. Taldean sartzen den erakunde bakoitza izango da onuraduna, eta deialdi honetan onuradunentzat eskatzen diren partaidetza-baldintzak bete beharko ditu.
Taldea ezingo da desegin, harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan adierazitako preskripzio-epea igaro arte.
Eskabidean, berariaz adierazi beharko dira eragiketa horren barruan taldeko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen egikaritza-konpromisoak, bai eta talde bakoitzak izango duen partaidetza ere, bai finantza-arloan, bai helburuak erdietsi eta adierazleak betetzeko orduan. Informazio hori funtsezko elementua da auditoretzarako. Beraz, halaxe jasota egokitzea nahitaezkoa izango da, eta, baldintza hori betetzen ez bada, eskabidea ukatu ahal izango da.
5. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.
1.– Erakunde partaideek gaitasun tekniko, finantzario eta administratiboari buruzko baldintza hauek egiaztatu beharko dituzte eragiketak era egokian egikaritu eta kudeatzen direla bermatzeko:
1.1.– Erakundearen gaitasun tekniko eta administratiboa.
a) Erakundearen estatutuek edo helburu sozialak EAEko EGF+ 2021-2027 Programarako hautatutako helburu espezifikoekin bat egitea.
b) Aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren, irisgarritasunaren eta garapen jasangarriaren printzipioak errespetatzen dituen ibilbidea.
c) Eragiketaren esku-hartze eremuan eragiketa garatzen duen taldearen gaitasun teknikoa: gutxienez pertsona bat, proiektu europarrak egikaritu, kudeatu eta horien jarraipena egiten gutxienez 5 urteko esperientzia bermatzen duena.
d) Prozedura eta kudeaketa-sistema egokiak, honako hauek bermatzeko:
– Lanaren eta emaitzen mikrodatuak eta adierazleak jasotzea.
– Datuak euskarri informatikoan kudeatzea eta helaraztea. Erakunde eskatzaileek beren aplikazio informatikoen bidez tratatzen duten informazioaren segurtasuna eta osotasuna bermatu beharko dute, horiek leku egokian gordez, bai eta datu pertsonalak babestuz ere.
– Kontabilitatea. Erakunde eskatzaileen betebeharra da kontabilitate-sistema berezia gordetzea Batasunaren finantzaketa jasotzen duten operazio edo ekintzekin lotutako transakzioetarako edo, gutxienez, kontabilitate-kodeketa egoki bat edukitzea, transakzio horiek modu argian identifikatzeko modua ematen duena.
1.2.– Gaitasun finantzarioa.
Erakunde onuradunek gaitasun ekonomiko eta finantzario aski eduki beharko dute laguntzaren xede diren eragiketak beren osotasunean garatzeko eta, horretarako, aurrekontu-hornidura aski dutela ziurtatuko dute.
Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuen kasuan, gaitasun ekonomiko eta finantzario aski dutela ulertuko da, baldin eta, aipatu konpromisoa hartzeaz gain, aurreko ekitaldiko aurrekontuetan duten diru-sarreren zenbatekoa altuagoa bada erakundeak aurkeztutako eskabide guztien kostu osoaren baturaren hamarren bat baino.
2.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:
a) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Administrazioak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, hautatutako erakundeak eta eragiketak zehazten dituen ebazpena eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, baldintza hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharra.
c) Zigortuta egotea zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin.
d) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, barnean harturik Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean aurreikusitakoak, zeina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa horretara behartuta egon Estatuaren araudiaren arabera.
– 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edo indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 2. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik harako hilabetekoa izango da.
2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu eta izapidetuko dira. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze-jarraibideak, eskabide-formularioa eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/61238801 Bertara sartzeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Espedientea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean egongo da eskuragarri (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta), eta haren bidez egingo dira errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta agindu honen eraginpean dauden eskabidea aurkeztu ondorengo gainerako kudeaketak.
3.– Eragiketa bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da eta, harekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
3.1.– Eragiketaren fitxa, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduan: https://www.euskadi.eus/servicios/61238801
3.2.– Gaitasun tekniko eta administratiboa egiaztatzea:
a) Erakundearen estatutuen kopia. Tokiko edo probintziako administrazio publikoek eta horien mendeko erakunde publikoek ez dute baldintza hori bete beharko.
b) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia deskribatzen dituen memoria, sozialki konprometitutako erakunde gisa (5.1.1 artikuluaren b letrako baldintza), berariaz adieraziz azken hiru urteetan egindako jarduera eta lanik esanguratsuenak, aukera-berdintasunaren eta diskriminazio ezaren, irisgarritasunaren eta garapen jasangarriaren printzipioak errespetatu eta sustatzeko konpromisoa erakusten dutenak (gehienez 3 orri).
Berdintasunaren gaineko ibilbidea egiaztatzeko, berdintasunaren gaineko enpresa-ziurtagiriak edo bereizgarriak aurkeztuko dira, edo emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunean lankidetzan diharduen erakunde direlako egiaztagiriak.
c) 5.1.1 artikuluaren c) letran eskatutako esperientziarekin lotutako profesionalen curriculum vitaea eta eragiketaren egikaritza, kudeaketa eta jarraipenera bideratutako langileen zerrenda.
d) Kofinantzatu nahi den eragiketa garatzeko informazioa kudeatzeko sistemak eta prozedurak deskribatzen dituen memoria. Sistemaren funtzionaltasunak eta oinarrizko ezaugarriak zehaztuko dira, 5.1.1 artikuluaren d) letran eskatutakoak (gehienez 2 orri).
3.3.– Finantza-gaitasuna egiaztatzea.
Erakunde publiko eskatzaileek agiri bat aurkeztuko dute, eragiketak egikaritzeko baliabide aski eduki ahal izateko aurrekontu-hornidura jarriko dutela hitzemanez. Agiri horren eredua honako helbide honetan eskuratu ahalko da: https://www.euskadi.eus/servicios/61238801
Irabazi-asmorik gabeko erakundeek, kofinantzaketarako konpromisoaren agiriaz gain, aurreko ekitaldiko urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte.
3.4.– Hainbat erakunderen lankidetza duten eragiketen kasuan, erakundeak kideak badira eta finantzaketa eskatzen duen erakunde juridikoaren izenean badihardute, nahiz nortasun juridikorik gabe elkartutako erakundeak badira, agiri bat erantsiko da, eta, bertan, berariaz adieraziko da, erakunde partaide bakoitzeko, eragiketaren barruan egin beharreko jarduera eta bere ekarpena, bai finantza-mailan, bai helburuak erdietsi eta helburuak betetzeko orduan.
Nortasun juridikorik gabeko taldeek aurkeztutako eragiketetan, gainera, taldea eratzeko sinatutako agiria erantsiko da. Bertan, ordezkari gisa arituko den erakundea izendatuko da.
4.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen edo nahitaezko dokumentazioa jasotzen ez badu, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hutsune edo akatsa konpontzeko, edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.
7. artikulua.– Eskabideak izapidetu eta baloratzeko, egikaritzaren prozedura eta jarraipena ebazteko, eta hautatutako eragiketak justifikatzeko organoak.
1.– Deialdi honen babespean aurkeztutako eskabideak izapidetzeaz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Lan Aktibazioko Zuzendaritza arduratuko da.
2.– EAEko 2021-2027 Programaren barruko EGF+ren kofinantzaketa eskuratzeko eskabideak Balioespen Batzordeak aztertuko ditu; Batzorde hori berariaz sortuko da eginkizun horretarako, eta honako hauek izango ditu kide:
a) Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendaria.
b) Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendaria, edo, haren ordez, hark eskuordetutako pertsona.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Lan Aktibazioko zuzendaria, zeinak, berdinketarik badago, kalitatezko botoa izango baitu.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazio eta Inklusioko zuzendaria, edo, haren ordez, hark eskuordetutako pertsona.
e) Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzan profil teknikoa duten bi pertsona, horretarako izendatuak.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikari-profila duten bi pertsona; horietako batek idazkari-lanak egingo ditu.
g) Berdintasun-teknikari bat.
Balioespen Batzorde honetako kideen osaera (izen eta guzti) EHAAn eta egoitza elektronikoan argitaratuko da, https://www.euskadi.eus/servicios/61238801 helbidean, lehenengo bilera baino lehen.
Balioespen Batzordeko kide izango diren pertsonak izendatzeko orduan, presentzia orekatua bilatuko da gizonen eta emakumeen artean.
Balioespen Batzordeak ezaguera-arlo jakin batzuetako adituen aholkularitza eskatu ahalko du eskabideak aztertzeko orduan, ebaluatu beharreko irizpidearen edo azpi-irizpidearen izaerarengatik gomendagarria denean.
Eskabideak aztertzean, Balioespen Batzordeak agiri gehiago aurkezteko eskatu ahalko die erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua hobeto ulertzeko beharrezkoa bada.
III. eranskinean zehaztutako irizpideen arabera balioetsi ondoren, Balioespen Batzordeak aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpen-proposamena (behin-behinekoa eta behin betikoa) egin eta igorriko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari.
Balioespen Batzordean parte hartzen duten pertsonek interes-gatazkarik ez dagoela azaltzeko adierazpen bat bete beharko dute. Bertan, parte diren prozedurari lotutako interes-gatazkarik ez dagoela adieraziko dute, eta konpromisoa hartuko dute gerora sor daitekeen edozein interes-gatazka berehala deklaratzeko.
Deialdi honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, Balioespen Batzordea kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arauei lotuko zaie, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15-18 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
3.– Eragiketak hautatzeko prozedura Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ebatziko da.
4.– Hautatutako eragiketen eta gastu finantzagarrien egikaritza egiaztatzen duten agiriak berrikusteaz eta egiaztatzeaz Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza arduratuko da, EAEn Europako Plus Gizarte Funtsa programa koordinatzen duen bitarteko organismoa baita.
8. artikulua.– Eragiketak baloratu eta hautatzeko prozedura.
1.– EGF+ek kofinantzatutako eragiketak hautatzeko prozedura norgehiagoka izango da, eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioekin bat etorrita gauzatuko da.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta 3., 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan, Balioespen Batzordeak berariaz aztertuko du ea finantzaketa eskatu duten eragiketek betetzen ote dituzten aukeratuak izateko gutxieneko baldintza eratzen duten nahitaezko irizpide guztiak, II. eranskinean zerrendatuak. Irizpide horietako edozein urratuz gero, eskabidea ukatu egin ahal izango da.
3.– Nahitaezko irizpide guztiak betetzen dituzten eragiketak baloratzeko, III. eranskinean aurreikusitako irizpideak aplikatuko dira, horien arteko lehentasun-ordena ezarriz, handienetik txikienera, lortutako puntuazioaren arabera.
EGF+en finantzaketa jasotzeko, guztira 60 puntu lortu beharko dituzte eragiketek, eta III. eranskinean (balorazio-irizpideak) aipatzen diren blokeetako bakoitzerako jarraian adierazten diren puntuak, gutxienez:
(Ikus .PDF)
Jarduera-lerro bakoitzeko, puntuazio altuena lortu dutenak hautatuko dira, lerro bakoitzerako dagoen finantza-horniduraren mugaraino, 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
4.– Eragiketak baloratu direnean, honako prozesu hau jarraituko da hautaketarako.
4.1.– Jarduera-lerro bakoitzeko, puntuazio altuena lortu dutenak hautatuko dira, lerro bakoitzerako dagoen finantza-horniduraren mugaraino, 2.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
4.2.– Jarduera-lerro bakoitzeko eragiketei eman behar zaizkien zenbateko guztiak batutakoan ez bada 2.2 artikuluan lerro bakoitzerako ezarritako hornidura ekonomikoa agortzen edo gerakina ez bada aski 3.4 artikuluan aurreikusitako eragiketaren gutxieneko kostua finantzatzeko, honela jokatuko da:
a) 1. lehentasunaren kasuan (Enplegua, egokitzeko gaitasuna, ekintzailetza eta gizarte-ekonomia), jarduera-lerro batetik datorren soberako zenbatekoa beste jarduera-lerroetako hornidura ekonomikoan sartuko da, lehentasun horretan eragiketek duten ordenaren arabera. Horren ostean oraindik ere gerakina badago, dirua 5. lehentasunera (Gazteen enplegua) bideratuko da.
b) 2. lehentasunaren kasuan (Gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka), sobera dagoen zenbatekoa 5. lehentasunaren (Gazteen enplegua) hornidura ekonomikoan sartuko da.
c) 5. lehentasunaren kasuan (Gazteen enplegua), sobera dagoen zenbatekoa 1. lehentasuneko (Enplegua, egokitzeko gaitasuna, ekintzailetza eta gizarte-ekonomia) hornidura ekonomikoan sartuko da, lehentasun horretan eragiketek duten ordenaren arabera.
d) Sobera dauden zenbatekoak aurreko ataletan deskribatutakoaren arabera banatu ondoren, gerakina aski bada gutxieneko kostua (2 milioi) duen eragiketa bat finantzatzeko (% 40), baina ez bada eragiketaren kostu osoaren kofinantzatzera iristen (% 40), lehentasun-ordenaren arabera eskubide hobearekin, orduan erakunde eskatzaileari planteatuko zaio jarduera-proposamen bat egiteko aukera, zenbateko eskuragarrira egokitzeko.
4.3.– Erkidegoko finantzaketan azken soberakinik badago, Eusko Jaurlaritzak EAEko EGF+ 2021-2027 Programaren esparruan kofinantzatuko dituen eragiketa propio eta programetarako kofinantzaketa areagotuko du.
9. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Aurreko artikuluan zehaztutako balorazio- eta hautaketa-prozesua amaitutakoan, Balioespen Batzordeak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, ondoren Lanbideko zuzendari orokorrari igortzeko.
2.– Balioespen Batzordeak egindako proposamena ikusitakoan, Lanbideko zuzendari nagusiak behin-behineko ebazpena ezarriko du, eta bertan zehaztuko dira EAEko EGF+ 2021-2027 Programan kofinantzaketa eskuratzeko hautatuak izan diren erakundeak eta eragiketak, bai eta horien zenbatekoa ere, puntuazioa zehaztuz, aplikatutako balorazio-irizpideen arabera. Era berean, behin-behinean ukatutako eskabide guztien zerrenda jasoko da, balorazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.
Behin-behineko ebazpen hori jakinarazteko, egoitza elektronikoan argitaratuko da, https://www.euskadi.eus/servicios/61238801 helbidean. Hala, 10 egun balioduneko epea emango da erakunde interesdunek alegazioak egin ditzaten.
Behin-behineko ebazpenak ez du inolako eskubiderik sortzen onuradun gisa proposatutako erakundeen alde.
3.– Alegazioak aztertu ondoren, Balioespen Batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak emandako behin betiko ebazpena erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie, egoitza elektronikoan argitaratuta, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/61238801
Era berean, banan-banan jakinaraziko zaio erakunde onuradun bakoitzari, eragiketa bakoitzeko laguntzaren baldintzak ezartzen dituen agiri bat erantsiz, egikaritze-aldian egin beharreko jarduerak, finantza-plana, kostu aplikagarriak justifikatzeko aukerak eta egutegia zehaztuta.
5.– Eragiketak onartzen baldin badira, ebazpena jakinarazi eta 10 egun balioduneko epean ez bazaio laguntzari berariaz uko egiten, EAEko EGF+ 2021-2027 Programan parte hartzea onartzen dela ulertuko da.
6.– Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.
7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena https://www.euskadi.eus/servicios/61238801 helbidean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
8.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen erakunde eta eragiketa onuradunen zerrenda, espresuki adierazita jasotako zenbatekoak, eta aipatuta EGFren finantzaketa, EGF + Euskadi 2021-2027 Programaren barruan.
10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen funtsezko betebeharrak izango dira honako hauek:
a) Eusko Jaurlaritzaren aurrean solaskide gisara jardutea, bai eta, hala dagokionean, Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Unitatearen (aurrerantzean, EGFAU) eta Europako Batzordearen aurrean ere.
b) Bereizitako kontabilitate-sistema bat mantentzea laguntzaren xede diren jarduketekin lotutako transakzioetarako edo, gutxienez, kontabilitate-kodeketa egoki bat edukitzea, transakzio horiek eta horien trazabilitatea modu argian identifikatzeko modua ematen duena.
c) Aitortutako gastuak estatuko laguntzei buruzko arau aplikagarrien araberakoak direla eta gastuaren finantzaketa bikoitzik ez dagoela (erkidegoko eta estatuko beste araubide batzuekin) bermatzea, eta Europako Gizarte Funtsaren programako beste aldi batzuekin bat egiten ez duela ziurtatzea.
d) Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzan egiaztatzea jarduerak egin direla, eta laguntzaren xede den eragiketa era egokian burutu dela bermatzeko egiaztagiriak erraztea, horretarako eskatzen zaion dokumentazio guztia aurkeztuta. Bestalde, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak kontrol-prozedura bat ezarriko du administratiboki egiaztatu eta baliozkotu ahal izateko finantza-erakundeek dirua itzultzeko aurkeztutako eskabideak, bai eta in situ egiaztatzeko ere garatzen ari diren proiektuen edo jardueren multzo ordezkagarria.
e) Eragiketaren zuzendaritza, administrazioa, idazkaritza eta koordinazioa hartzea, eginkizun horietako bat ere eskuordetzeko aukerarik gabe.
f) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Unitateak (EGFAU), Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Europako Batzordeko kontrol-organoek edo Europako Kontuen Auzitegiak egiten duten beste edozein finantza-egiaztapen eta kontrol-jarduera onartzea, Europako funtsekin kofinantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera, eta, horretarako, eskatzen zaion informazio guztia ematea.
g) Berariaz jasotzea Europar Batasunaren kofinantzaketa, eta bermatzea eragiketetan parte hartzen duten pertsonek eta, oro har, jendeak Europako Gizarte Funtsaren laguntza ezagutzen dutela; beraz, 2021/1060 Erregelamenduan ezarritako ikusgarritasun-, gardentasun- eta komunikazio-baldintzak bete beharko dituzte.
h) Hautatutako eragiketen zerrendan sartzea onartzea; zerrenda hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean argitaratuko da.
i) Egindako jardueraren eta jasotako funtsen aplikazioaren jatorrizko dokumentuak gordetzea, kudeaketa-agintaritzak erakunde onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik bost urteko epean. Halaber, onuradunek Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote dokumentazio hori zein helbide fisikotan gordetzen den.
j) Bermatzea jardueren azken hartzaileen datuak edukiko direla, mikrodatu mailan, eta jarraipen egokia egin ahal izango dela 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean jasotako emaitzen adierazleak betetzen diren ikusteko.
k) Gordailuan jardun den pertsona bakoitzari eta jarduketa guztiei buruzko informazioa erregistratzea, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak unean-unean adierazten duen moduan, jarduketen benetako emaitza eta eragina neurtu ahal izateko. Betebehar hori betetzean, beti errespetatu beharko da zer aurreikusten duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak, zeina datu pertsonalen tratamenduari buruzkoa baita pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez, eta zeinaren bidez indargabetzen baita 95/46/EB Zuzentaraua.
l) Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak proposatutako eragiketa bakoitzeko datuak erregistratzeko eta biltegiratzeko sistema erabiltzea, eta datu horiek sistema horretan bildu, erregistratu eta biltegiratzen direla eta adierazleei buruzko datuak 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera banakatzen direla bermatzea.
m) Kudeaketa Agintaritzarekin edo, hala badagokio, Lanbiderekin eta Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea, 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 42. artikuluan aurreikusitako datuak helarazteko.
n) Lanbideri, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari eta EGFAUri informazioa ematea eragiketa bakoitzaren egikaritza eta planifikazio fisikoari eta finantzarioari buruz, dagozkien finantza, gauzatze eta emaitzen adierazle komun eta espezifikoak barne, ezartzen diren epeetan, errendimendu-esparrua betetzeko aurreikuspenak edo desbideratzeak ere adierazita, hala badagokio.
o) Arriskua aztertzeko eta iruzurra prebenitzeko Kudeaketa Agintaritzak edo, hala badagokio, bitarteko organismoak proposatutako neurriak aplikatzea, gauzatutako eragiketaren arabera.
p) Berehala jakinaraztea Lanbideri eta Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari eragiketa hautatzeko kontuan hartu den edozein zirkunstantziaren aldaketa.
q) 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan, 2021/1057 (EB) Erregelamenduan eta deialdi honen 3.7 artikuluan aurreikusitako printzipio horizontalak betetzea.
11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Deialdi honen esparruan hautatutako eragiketen gastuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta 3.6 artikuluan araututako gauzatze-aldian egin eta ordaindu badira, hau da, 2024ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra bitartean.
2.– Erakunde onuradunak informazioa izan beharko du, eta Europako Batzordeak garatzen dituen arau nazionalak edo egintza eskuordetuak bete beharko ditu, gastuak diruz laguntzeko moduari eta justifikazio-prozedurei dagokienez. Horretarako, honako arau hauek bete beharko dira:
a) 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 63. artikulutik 68. artikulura bitarteko onargarritasun-arauak eta 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren 16. artikuluko gastua diruz laguntzeko arauak.
b) EGF+ek 2021-2027 programazio-aldian diruz lagun ditzakeen gastuak zehazten dituen estatuko araudia.
c) Europako funtsekin kofinantzatutako eragiketen gastuak finantzatzeari buruzko Erkidegoko, estatuko edo autonomia-erkidegoko araudia, besteak beste, kontratazio publikoaren arloko araudia eta dirulaguntzen arloko araudia aplikatzekoa dena.
3.– Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak, EAEko EGF+ 2021-2027 Programaren bitarteko organismo koordinatzailea den aldetik, 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 74. artikuluan aipatzen diren egiaztapenak egingo ditu, administrazio-mailan nahiz in situ. Laguntzaren erakunde onuradunek aipatutako egiaztapenak egiteko behar den informazio guztia eman beharko diote bitarteko organismo horri.
12. artikulua.– Eragiketak eta gastuak justifikatzea.
1.– Laguntzaren erakunde titular onuradunak urtero aurkeztu beharko du aurreko urteari dagokion gauzatze-txostena, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak eskatutako data eta baldintzetan.
Era berean, informazioa transmititzeko eskakizunak bete beharko dituzte, urtero, 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 41. artikuluan ezarritako errendimendua berrikusteko.
2.– Eragiketa gauzatzen den bitartean, erakunde onuradunak eguneratuta izango du eragiketan parte hartzen duten pertsonen mikrodatuak erregistratzeko eta biltegiratzeko aplikazioa, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak (bitarteko organismo koordinatzailea) bete ahal izan dezan 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritako datu-transmisioaren baldintza.
3.– Laguntzaren erakunde titular onuradunak jarduketak gauzatzetik eratorritako gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkio Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari, horrek emandako jarraibideak eta onartutako kostu-modalitatea aintzat hartuz, betiere.
Eragiketak gauzatzeko gastuen agirizko justifikazioak bermatu beharko du gastuak itzultzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko modua ematen duen kontu-ikuskapeneko pista bat dagoela.
4.– Txostenarekin eta gastuen urteko justifikazioarekin batera, erakundeak Urteko Jardueren Plangintza bidali beharko du, hurrengo urteko plangintza jasoko duena, xehetasun hauekin: helburuak, adierazleak, ekintzak eta horietara bideratutako aurrekontua, eta hasieran emandako eragiketaren kronogramarekiko aurreikusitako desbideratzeak.
13. artikulua.– Ordaintzeko sistema.
1.– Ordainketak erakunde onuradunek egin dituzten gastuen arabera egingo dira, baldin eta erakunde horiek egindako gastuak justifikatzen badituzte, 2021-2027 programazio-aldian EGF+ funtsak diruz lagundu ditzakeen gastuak zehazten dituen estatuko araudian, 2021/1060 (EB) Erregelamenduan, eta Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzaren (bitarteko organismo koordinatzailea) gastuak justifikatzeko prozedura-eskuliburuetan egiaztatutako eran.
2.– 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 74.1 b) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, finantzaketa-eskuragarritasunaren arabera, onuradunek zor duten zenbateko osoa jasoko dutela bermatuko da, laurogei eguneko epean, onuradunak itzulketa-eskaera aurkezten duen egunetik aurrera. Epea eten ahal izango da, onuradunak aurkeztutako informazioak ez badio kudeaketa-agintaritzari aukera ematen zenbatekoa galdagarria den zehazteko.
3.– Erakunde onuradunei ordainketak egingo zaizkie onuradunari ordainketa-eskaera guztiak itzuli arte, hautatutako eragiketari esleitutako Europako Gizarte Funtsaren laguntza osoaren mugarekin eta hautemandako irregulartasunen ondorioz aplikatu beharreko edozein finantza-zuzenketa deskontatuta.
4.– Kudeaketa Agintaritzak, Auditoretza Agintaritzak edo beste kontrol-agintaritza nazional eta europar batzuek egiten dituzten kontrolen ondorioz oroharreko edo proportziozko finantza-zuzenketak egiten badira, erakunde onuradunak bere gain hartuko du Europako Batzordeari aurkeztutako ordainketa-eskaeretan bere gastuen ehunekoari dagokion zatia.
5.– Hala eta guztiz ere, kofinantzaketa ordaintzeko, ezinbestekoa izango da kofinantzatutako eragiketaren esparruan hasitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.
14. artikulua.– Ebazpena aldatzea.
EGF+ laguntza jaso duen erakunderen batek bere eragiketari esleitutako finantzaketa-zenbatekoaren zati bati uko egiten badio, osorik exekutatzeko gai ez delako, edo, dagokion administrazio-prozedurari jarraituz, ezintasun hori erabakitzen bada eta dagokion zenbatekoa jasotzeko eskubidea baliogabetzen bada, zenbatekoa gainerako erakunde onuradunen artean birbanatu ahal izango da, hautatutako eragiketak osatu eta hobetzeko, betiere behar bezala justifikatzen bada eragiketa horiek beharrezkoak direla eta benetan gauzatzen direla.
Birbanaketa horretarako jarraituko den prozedurak erakunde onuradunen konkurrentzia bermatuko du, eta 8. artikuluko 4. apartatuan aurreikusitako esleipen-prozesura eta geldikinak lehentasunen artean birbanatzeko arauetara egokituko da, kontuan hartuta, hasiera batean, funts liberatuei dagokien dirulaguntzen lerroa eta hasierako balorazioaren ondoriozko erakunde interesdunen lehentasun-ordena. Prozedura Lanbideko zuzendari nagusiak ebatziko du, Balioespen Batzordearen proposamena aintzat hartuta.
15. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
1.– Hona hemen deialdi honetan kontuan hartu beharreko araudia:
a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamendua. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere.
b) 2021/1057 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duena eta 1296/2013 Erregelamendua (EB) indargabetzen duena.
c) Europako Gizarte Funtsak 2021-2027 programazio-aldian diruz lagun ditzakeen gastuak zehazten dituen estatuko araudia.
d) Ordezko gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren Erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) araututako dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedurak, oinarrizko legeriari dagokionez, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina ere (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua).
2.– Administrazio-prozedurari dagokionez, deialdi honetan aurreikusi ez diren alderdietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
I. ERANSKINA
EAE-KO EGF+ 2021-2027 PROGRAMAREN ESPARRUAN KOFINANTZATUKO DIREN ERAGIKETAK HAUTATZEKO LEHENTASUNAK ETA HELBURU ESPEZIFIKOAK
1. lehentasuna.– Enplegua, egokitzeko gaitasuna, ekintzailetza eta gizarte-ekonomia.
A Helburu Espezifikoa. Enplegu-eskatzaile guztien enplegurako eta aktibazio-neurrietarako sarbidea hobetzea; batez ere, gazteena –Gazte Bermea aplikatuz, bereziki–, iraupen luzeko langabeena, lan-merkatuan egoera ahula duten taldeena eta pertsona ez-aktiboena, norberaren konturako enplegua eta gizarte-ekonomia sustatuz.
1.A.02 neurria. Langabetuak laneratzeko ibilbideak.
Ibilbide pertsonalizatuak, honako hauek konbinatzen dituzten heinean: lanbide-orientazioa, prestakuntza, birkualifikazioa eta gaitasunen hobekuntza, enplegua bilatzeko laguntza eta bitartekotza, bai eta beste neurri batzuk ere, hala nola lan-praktikak, laneratzeko edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten langabetuentzat.
Jarduera hauetan garrantzia berezia emango zaio trantsizio digital eta berdeari.
1.A.05 neurria. Talentua atxikitzeko eta erakartzeko neurriak.
Pertsonen eta enpresen premien arteko lotura hobetzeko jarduerak, bai EAEko enpresen eta enplegu-eskatzaileen (enplegatuak edo langabetuak) arteko bitartekaritza-ekintza berritzaile eta klasikoen bidez, bai kalitatezko kontrataziorako laguntzen bidez, bai gaitasunen egokitzapen edota ibilbide pertsonalizatuen bidez. Horri esker, kualifikazio handieneko pertsonak atxiki daitezke, eta beste eremu geografiko batzuetara lekualdatu ziren pertsona kualifikatuak erakartzeko aukerak sor daitezke.
Euskal enpresa-ehunak eskatutako kualifikazioa eta esperientzia duten profesionalak erakartzea eta atxikitzea erraztuko duten programak eta ekimenak, bereziki eraldaketa teknologiko-digitalek eta energetiko-klimatiko eta demografikoek planteatutako erronketara egokitzeko behar diren profiletan.
1.A.06 neurria. Autoenplegurako hasierako laguntza, eta hura finkatzeko eta enpresak sortzeko: prestakuntza, orientazioa, informazioa eta aholkularitza.
Enpresak sortzeko aholkularitza, prestakuntza eta laguntza ematea langabeei edo enplegatuei, enpresa definitzeko, sortzeko eta negozioa sendotzeko lehen etapetan. Aholkularitza horrek gai ekonomiko, legal, fiskal, produktibo eta abarrei egingo die erreferentzia, pertsonaren ezaugarrien eta beharren arabera.
Produkzio-sistemetan gertatzen ari diren aldaketak direla eta, hala nola biztanleriaren zahartze orokorra, potentzial handia dago trantsizio berde eta digitalei lotutako ekintzailetza-planetan. Era berean, ekintzailetza, lehendik zeuden negozioen jarraitutasunaren bidez, pertsona askorentzat egokia den lan-alternatiba bat denez, arlo horretan aholkularitza eta laguntza ere eman ahal izango da.
2. lehentasuna.– Gizarte-inklusioa eta pobreziaren aurkako borroka.
H Helburu Espezifikoa. Inklusio aktiboa sustatzea, aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta partaidetza aktiboa bultzatzeko, eta enplegagarritasuna hobetzea, bereziki gizarte-egoera ahulean dauden taldeena.
2.H.02 neurria. Pertsona zaurgarriak laneratzeko eta gizarteratzeko ibilbideak.
Enplegu-ibilbide indibidualizatuak eta pertsonalizatuak garatzea, enplegua bilatzeko diagnostikoa, orientazioa eta laguntza barne, bai eta prestakuntza-ekintzak ere, oinarrizko gaitasunak eta gaitasun sozioprofesionalak eskuratzeko, edo oinarrizko mailako eta enplegurako prestakuntzaren aurreko prestakuntza jasotzeko, besteak beste.
Pertsonen beharretara egokitutako ibilbide indibidualizatuak definitu nahi dira, kolektibo kalteberetan espezializatutako hirugarren sektoreko erakundeekin lankidetzan.
5. lehentasuna.– Gazteen enplegua.
A Helburu Espezifikoa. Enplegu-eskatzaile guztien enplegurako eta aktibazio-neurrietarako sarbidea hobetzea; batez ere, gazteena –Gazte Bermea aplikatuz, bereziki–, iraupen luzeko langabeena, lan-merkatuan egoera ahula duten taldeena eta pertsona ez-aktiboena, norberaren konturako enplegua eta gizarte-ekonomia sustatuz.
5.A.03 neurria. Lan-merkatutik urrunen dauden gazteak laneratzeko ibilbideak.
Ibilbide pertsonalizatuak, lanbide-orientazioa, prestakuntza, birkualifikazioa eta gaitasunen hobekuntza konbinatzen dituzten heinean, oinarrizko gaitasunak eta gaitasun sozioprofesionalak eskuratzea edo enplegurako prestakuntzaren aurreko prestakuntza, enplegua bilatzeko laguntza eta bitartekotza, bai eta lan-merkatutik oso urrun dauden gazteei lan-praktikak egitea ere.
II. ERANSKINA
ERAGIKETAK HAUTATZEKO NAHITAEZKO IRIZPIDEAK
1. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak programan aurreikusitakoa bete behar du, programaren oinarri diren estrategia egokiekin koherentea izan behar du, eta eraginkortasunez lagundu behar du programaren lehentasunaren helburu espezifikoa lortzen, beharren diagnostiko baten bidez, balizko eragin sozioekonomikoaren bitartez, beste eremu edo lurralde batzuetara transferituz, etab.
2. irizpidea.– Eragiketa-proposamena EGF+en jarduera-eremura mugatu behar da, eta dagokion esku-hartze motari eta kokatzen den lehentasunaren helburu espezifikoan deskribatutako antzeko ekintza-mota bati edo batzuei esleitu behar zaie.
3. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak deialdiaren 4. artikuluan aurreikusitako erakundeen profila bete behar du.
4. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak bat etorri behar du parte-hartzaileen profilarekin eta talde hartzaile nagusiekin, kokatzen den lehentasunaren berariazko helbururako.
5. irizpidea.– Eragiketa-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralderako zehaztu behar da.
6. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak barne hartu behar ditu kokatzen den lehentasunaren helburu espezifikorako aurreikusitako errealizazio- eta emaitza-adierazle garrantzitsuenen balio objektiboak (gutxienez bat), eta balio horiek lotura proportzionala izan behar dute helburu-balioak definitzeko metodoarekin. Aurreikusitako balioak sexuaren arabera banakatuta egon behar dira, pertsona fisikoak badira.
7. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak koherentea izan behar du dagokion lehentasunaren helburu espezifikoari aplika dakiokeen gai-baldintza mesedegarria betetzeko ezarritako plangintza-estrategia eta -dokumentuekin.
8. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak koherentea izan behar du Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunarekin, bereziki honako hauekin: benetako babes judizialerako eta epaile inpartzialerako eskubidea, datu pertsonalen babesa, haurraren eskubideak, desgaitasuna duten pertsonen integrazioa, ingurumenaren babesa, hizkuntza-aniztasuna, laneko segurtasuna, adierazpen- eta informazio-askatasuna, biltzeko eta elkartzeko askatasuna, hezkuntzarako eskubidea, enpresa-askatasuna, jabetza-eskubidea, itzultzeko, kanporatzeko eta estraditatzeko kasuetako babesa eta bizitza pribatuaren eta familia-bizitzaren errespetua; Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioarekin (CDPD), Kontseiluaren 2010/48/EE Erabakiarekin bat etorriz; kontratazio publikoari eta estatu-laguntzei buruzko araudiarekin.
9. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak erlazio onena aurkeztu behar du laguntzaren zenbatekoaren, hasitako jardueren eta helburuen lorpenaren artean.
10. irizpidea.– Eragiketaren onuradunak eragiketa arrakastaz egiteko behar diren esperientzia, gaitasuna eta trebakuntza izan behar ditu; EGF+ funtsaren eskakizunei erantzuteko behar beste prozedura eta kudeaketa-sistema, eta eragiketen funtzionamenduaren eta mantentze-lanen kostuak estaltzeko beharrezkoak diren finantza-baliabideak eta -mekanismoak, jasangarritasun finantzarioa bermatzeko.
11. irizpidea.– Eragiketa-proposamena Kudeaketa Agintaritzari edo bitarteko organismoari finantzaketa-eskaera aurkeztu aurretik hasi bada, aplikatu beharreko zuzenbidea bete behar du.
12. irizpidea.– Eragiketa-proposamena materialki amaitu ez den eta programaren araberako finantzaketa-eskaera aurkeztu aurretik osorik gauzatu ez den eragiketa bat izan behar da, lotutako ordainketa guztiak egin diren ala ez kontuan hartu gabe.
13. irizpidea.– 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 66. artikuluaren arabera birkokatu beharreko eragiketa baten parte diren jarduerak edo 2021/106066 (EB) Erregelamenduaren 65. artikuluaren 1. apartatuko a) letrarekin bat etorriz produkzio-jarduera baten transferentzia diren jarduerak ez dira sartu behar eragiketa-proposamenean.
14. irizpidea.– Eragiketa-proposamenari ez dio eragin behar zuzenean Batzordearen irizpen arrazoitu batek, EBFTren 258. artikuluaren araberako ez-betetze bati buruzkoak, gastuaren edo haren gauzatzearen legezkotasuna eta erregulartasuna arriskuan jartzen badu.
15. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak finantza-plan bat aurkeztu behar du, eta erabili beharreko gastua justifikatzeko metodoa deskribatu behar da.
16. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa errespetatu behar du, 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 9.2 artikuluan eta 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren 3. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
17. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatu behar ditu, 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 9.3 artikuluan eta 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren 6. eta 28. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
18. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak irisgarritasunaren printzipioa errespetatu behar du, 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan eta 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.
19. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak garapen jasangarriaren printzipioa errespetatu behar du, 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 9. eta 73. artikuluetan eta 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.
20. irizpidea.– Eragiketa-proposamena hautatua izateko aldian garatu behar da, hau da, 2024ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra bitartean.
21. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak eragiketaren esparruan aurreikusitako jardueren deskribapena eta proiektuak, jarduketak, kudeaketa zuzeneko funtsen banaketa eta abar hautatzeko prozedura argia jaso behar ditu, ezarpenaren jarraipen egokia bermatu ahala.
22. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak eragiketari berari lotutako informazio- eta komunikazio-neurriak edo -ekintzak jaso behar ditu, arauzko eskakizunen arabera.
23. irizpideak.– Eragiketa-proposamena bat etorri behar da Europako beste funts batzuekin eta beste politika batzuekin.
24. irizpidea.– Eragiketa-proposamenak pertsona/erakunde parte-hartzaileen eta haien ingurunearen gaineko inpaktua aurreikusi behar du.
RSS