Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2024ko urtarrilaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
144

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 18koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategoriako karrerako funtzionarioei zuzendutako babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten duena.

Deialdi hau honako arau hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua. Baita ere, azken dekretu horri egindako aldaketen arabera: maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretua, otsailaren 17ko 36/2004 Dekretua, apirilaren 20ko 120/2010 Dekretua eta azaroaren 22ko 142/2022 eta Ertzaintzaren espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023ko Dekretua, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko urriaren 16ko 202/2012 Dekretua eta Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretua.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak jarduera onartu du, eta Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaerari erantzun zaio.

Hori guztia oinarri hartuta, Ertzaintzako oinarrizko eskalako karrerako funtzionarioei zuzendutako babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea erabaki du zuzendari honek. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategoriako karrerako funtzionarioei zuzendutako babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da, oposizio-lehiaketa sistemaren bidez.

2.– 25 lanpostutarako deialdia egiten da.

3.– Hautaketa-prozedura beste fase bat bezala osatuko da, prestakuntza-ikastaro bat eginez. Prozedurak prestakuntza-fase bat eta praktika-fase bat izango ditu, biak nahitaezkoak eta baztertzaileak.

4.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, lanpostu hutsen kopurua handitu ahal izango da, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Handitze hori hamaikagarren oinarriko 3. zenbakian aurreikusitako izapidea baino lehen egin beharko da.

Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek, onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aurretiazko eskaera egitea.

b) Ertzaintzaren karrerako funtzionario izatea.

c) Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategorian zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 97.3 artikuluan ezarritako gutxieneko iraunaldi berezia bete behar ez izatea atxikita dagoen lanpostuan.

e) Ez egotea mediku-bazterketarako arrazoirik; Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzeko Dekretua laugarren aldiz aldatzen duen azaroaren 22ko 142/2022 Dekretuaren eranskinean ikus daitezke mediku-bazterketarako arrazoi horiek.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean beteak izan beharko dituzte aurreko paragrafoan ezarritako baldintza guztiak.

3.– Pertsona onartu eta hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, nahikoa izango da eskabidean adieraztea eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituela, betiere, eskabideak aurkezteko epe-amaiera aintzat harturik.

Baldintza horiek ofizioz egiaztatuko ditu deialdia egin duen organoak. Horretarako, Segurtasun Saileko dagokion organo eskudunak ziurtagiria eman beharko du.

Hala eta guztiz ere, hautaketa-prozedura osoan zehar, parte hartzen dutenei beharrezko proba mediko guztiak egingo zaizkie ebazpen honen bigarren oinarriko 1.e) puntuan aipatutako mediku-bazterketen koadroak jasotakoa betetzen dela egiaztatzeko.

Horretarako izendatutako epaimahai mediko batek egingo du egiaztapen hori.

4.– Hautaketa-prozeduraren edozein unetan, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzeko organo eskudunak ikusten badu, pertsona horietako batek deialdian parte hartzeko baldintzetako bat betetzen ez duela, hasieran edo gerora sortutako inguruabarrengatik, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko du, aldez aurretik entzunda.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek Gurenet sailaren intranetaren bidez egin beharko dute eskaera, bertan eskuragarri egongo den eskabide-eredua betez.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Eskabidean adierazi beharko da zein hizkuntzatan, euskaraz edo gaztelaniaz, egin nahi diren oposizio-probak.

4.– Eskabidean adierazi beharko da eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako.

5.– Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, beraz izangai bakoitzak eskabidean berariaz eta zalantzarik gabe adieraziko du bere osasun-egoera ona dela proba fisikoak egiteko eta bere erantzukizunpean egingo dituela.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

2.– Behin-behineko zerrendan, baztertutako pertsona bakoitzari dagokionez, baztertzea eragin duten arrazoiak jasoko dira, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta, hala badagokio, eskabidearen akatsak zuzentzeko.

3.– Aurkeztutako erreklamazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onartuko edo baztertuko dira. Ebazpen horren bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda behin betiko egingo da, eta hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

Bosgarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Oposizio-probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte-hartzaileak hautatzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahaiburu batek eta bi bokalek osatuko dute epaimahaia, eta bokal horietako batek idazkari-lanak egingo ditu. Osaeran, kideen inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioak beteko dira, bai eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa ere.

Epaimahai kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta horien ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinaraziko da, hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

2.– Epaimahai kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua erregulatzen duten arauek xedatutakoarekin bat arautuko da.

Epaimahai kalifikatzailea osatzen duten pertsonei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluek jasotzen dituzten abstenitzeko eta errefusatzeko arrazoiak aplikatuko zaizkie.

Epaimahai kalifikatzailean parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea ekarriko du.

3.– Hautaketa-sistema osatzen duten probak garatzea eta ebaluatzea epaimahai kalifikatzaileari dagozkio; autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Epaimahai kalifikatzaileak aholkulari espezialistak erabili ahal izango ditu bere lanetarako, hautaketa-prozesuko proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulariek beren espezialitateetan aholkularitza eta laguntza teknikoa baino ez dute emango.

Aholkulari horien jarduna objektibotasun, inpartzialtasun eta konfidentzialtasun printzipioen mende egongo da.

5.– Epaimahaiak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Era berean, oinarri hauetan aurreikusten ez den guztian hautaketa-prozedura garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, eta haren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren arazo guztiak ebatzi ahal izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko ere.

6.– Epaimahai kalifikatzailearen erabakiak hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

7.– Epaimahaia kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:

2023babespertsonala@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak bide horretatik jasotzen dituen idazkiei erantzungo die, betiere Ertzaintzako funtzionarioen helbide elektroniko korporatiboaren helbide indibidualera zuzenduta.

Seigarrena.– Hautaketa-prozesua.

1.– Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa izango da, zeinaren bidez izangaien gaitasuna zehaztuko eta haien arteko lehentasun-ordena finkatuko baita.

2.– Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, hau da, oposizio-fasea osatzen duten ariketa edo proba guztien guztizkoa, merezimenduen ebaluaziotik ateratzen dena gehituta, hala badagokio: ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea, eta polizia-lana aintzatestea. Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioak izangaien lehentasun-ordena zehaztuko du.

Zazpigarrena.– Oposizio-fasean proba hauek egin beharko dira:

1.– Lehenengo proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea. Gaitasun fisikokoa neurtzekoa: 0 puntutik 400era baloratuko da, eta 230 puntu lortu beharko dira proba osatzen duten hiru ariketen artean (deialdi honen eranskinean daude zehaztuta).

Hauek dira hiru ariketa horiek: indarra neurtzekoa (250 puntu), erresistentzia neurtzekoa (100 puntu) eta igerilekukoa (50 puntu). Proba gainditzeko, nahitaezkoa izango da puntuak lortzea proba osatzen duten 11 probetan.

Ariketa fisikoak parte hartzen dutenen erantzukizunpean egingo dira; horretarako, kirol-arropa egokiarekin aurkeztu beharko dute. Ezin izango da eskularrurik edo antzekorik erabili.

– Lehenengo ariketa zortzi probaz osaturik egongo da. Ariketa 0 puntutik 250era baloratuko da.

Proba bakoitza egiteko 30 segundo egongo dira, eta beste 30 proben artean errekuperatzeko. Ahalik eta errepikapen gehien egin beharko dira.

Azken puntuazioa proba bakoitzean lortutako partzialen batura izango da.

– Bigarren ariketa erresistentzia aerobikoko ariketa bakarra egitea izango da. Ariketa hori 0 puntutik 100era baloratuko da.

– Hirugarren ariketan ur-inguruneko bi proba egin beharko dira: ur-azalean mantentzea eta abiadura-proba (100 metro). Nahitaez egin beharko dira bi probak eta lehenengoan 20 puntu eta bigarrenean 30 puntu lortu ahalko dira.

2.– Bigarren proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea. Proba psikoteknikoa da, babes pertsonaleko polizia-lanak behar bezala egiteko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehazteko. Test motako galdetegi-formatuan egingo da.

Proba hori 0 puntutik 120ra baloratuko da. Proba deitutako lanpostuaren lanbide-profilari buruzkoa izango da. Proba lau ariketak osatuko dute, guztiak nahitaezkoak eta baztertzaileak, eta bakoitza 0 puntutik 30era baloratuko da.

a) Arrazoitze-ariketa.

b) Pertzepzio gaitasunari buruzko ariketa (identifikazioa, bereiztea...).

c) Gaitasun espazialari buruzko ariketa.

d) Hitzezko gaitasunari buruzko ariketa.

Ariketa bakoitzean test erako galdetegi bati erantzun beharko zaio idatziz.

Galdetegi horietako galdera bakoitzean lau erantzun posible emango dira aukeratzeko, baina bat bakarra izango da zuzena.

Ariketa horietan, erantzun oker bakoitza erantzun zuzen baten balioaren herenarekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi erantzun dituztenak ez dira zigortuko.

Proba hori gainditzeko, beharrezkoa izango da lau ariketetako bakoitzean, gutxienez 10 puntu lortzea eta gutxienez 60 puntu proba osatzen duten lau ariketen puntuazioa batuta.

Hautaketa-sistema behar bezala errespetatzeko, epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxieneko maila eta proba honetan erakutsitako ezagutza-maila kontuan izanik, izangaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko lortu behar den gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du. Horrelakoetan, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:

IPB = (PZ x PBgeh) / (PZgeh)

Hau da:

IPB = izangaiak lortutako puntuazio bihurtua.

PZ = izangaiak zuzenean lortutako puntuazioa = erantzun zuzenak – (hutsegiteak x 0,333).

PBgeh = ariketan gehienez lortutako puntuazio bihurtua (ariketan gehienez lor daitekeen puntuazioa, deialdiaren oinarrien arabera: 30 puntu).

PZgeh = ariketan zuzenean gehienez lortutako puntuazioa (ariketan zuzenean gehienez lortutako puntuazioa).

3.– Hirugarren proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea. Nortasun orokorraren ezaugarriak, desorekaren edo moldatu ezinaren adierazleak eta deitutako lanpostuaren lanbide-profileko eginkizunak eta zereginak betetzeko izangaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna ebaluatzeko proba.

Proba hori 0 puntutik 300era baloratuko da, eta deitutako lanpostuaren lanbide-profilari buruzkoa izango da. Bi ariketa egin beharko dira, nahitaezkoak eta baztertzaileak biak, 0 puntutik 150era bitartera baloratuko da horietako bakoitza.

Proba honako hau izango da:

a) Nortasun-testa egitea, hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen nortasun orokorraren ezaugarriak eta desorekaren edo moldatu ezinaren adierazleak ebaluatzeko. Testa 0 puntutik 150era bitartean baloratuko da, eta automatikoki baztertuko dira gutxienez 75 puntu lortzen ez dituztenak.

Nortasun-testa eta haren zuzenketa elkarrizketa pertsonala egin aurretik egingo dira.

b) Elkarrizketa pertsonala egitea, izangaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna zehazteko deitutako lanpostuaren lanbide-profileko eginkizunak eta zereginak betetzeko. Elkarrizketa 0 puntutik 150era bitartean baloratuko da, eta automatikoki baztertuko dira gutxienez 75 puntu lortzen ez dituztenak.

Elkarrizketa pertsonala egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute. Curriculum hori eskura jarriko den formatu normalizatuan bete beharko da eta ez da puntuagarria izango, elkarrizketa pertsonala egiteko elementu lagungarria baino ez da.

Zortzigarrena.– Oposizio faseko proben garapena.

1.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki taulan iragarriko dira, gutxienez egutegiko zazpi egun lehenago. Gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira.

2.– Epaimahai kalifikatzaileak probak eta horiek osatzen dituzten ariketak deialdi honetan ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egitea erabaki ahal izango du, baita egun berean hainbat proba egitea ere. Kasu horretan, aurrekoa gainditu dutenekiko bakarrik ebaluatuko da proba bakoitza.

3.– Epaimahaiak automatikoki utziko ditu hautaketa-prozeduratik kanpo nahitaezko probak egiteko egindako deialdira adierazten den egunean, orduan eta lekuan agertzen ez direnak, baita ezinbesteko arrazoiengatik izanda ere. Erregela bera aplikatuko zaie proba edo ariketetako edozein behin hasita dagoela agertzen diren lehiakideei.

Nahitaezko probetako bat ariketa batek baino gehiagok osatzen badute, ez-bertaratutzat joko da horietako batera ez joatea edo atzerapenez heltzea.

Aurreko bi paragrafoetan ezarritakoaren salbuespen gisa, hautaketa probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, epaimahai kalifikatzaileak probak egiteko datak eta/edo lekuak egokitu ahal izango ditu, emakumeen kasuan, baldin eta haurdunaldiagatik arriskuan badaude, erditzeko puntuan badaude edo erditu aurreko edo ondoren badaude; epaimahai kalifikatzaileari jakinarazi beharko diote proba edo ariketa egin aurretik eta mediku-ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dute..

4.– Parte-hartzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak eraman beharko dira aldean, eta epaimahai kalifikatzaileak edozein momentutan eskatu ahal izango du agiri horiek aurkezteko.

5.– Proben emaitzak epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bidez jakinaraziko dira, hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Merezimendu-lehiaketa.

1.– Lehiaketa-faseko kalifikazioa oposizio-fasea gainditu duten pertsonei bakarrik aplikatuko zaie.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egindako merezimenduak bakarrik baloratu ahal izango dira.

3.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta fase horretan lortutako puntuazioa ezin izango da kontuan hartu oposizio-faseko probak gainditzeko.

4.– Lehiaketa-fasean honako hauek baloratuko dira:

4.1.1.– Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea. Balio akademikoa duten tituluak emateko legez gaitutako ikastetxeek emandako ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko dira hizkuntza horiek. Atal honetan 60 puntu emango dira gehienez, xehetasun eta maila hauen arabera:

a) Tarteko maila (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2 edo baliokideak): 10 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b) Maila aurreratua (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko C1 edo goragokoa edo baliokidea): 20 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntza berak ezin izango du balorazio bat baino gehiago ekarri; beraz, maila handienekoa bakarrik hartuko da kontuan.

4.1.2.– Polizia-lana aitortzea:

Polizia-lanari egindako aintzatespenagatik gehienez 30 puntu emango dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzko abenduaren 7ko 146/2022 Dekretuan araututako aitorpenak jaso izana baloratuko da, honako baremo honen arabera:

a) Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorriko domina: 15 puntu.

b) Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdeko domina: 10 puntu.

c) Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina: 5 puntu.

Lehiaketa-faseko emaitzak epaimahai kalifikatzailearen erabaki bidez argitaratuko dira.

Hamargarrena.– Euskararen ezagutzaren balorazioa.

Euskararen ezagutza 80 puntura arte baloratuko da, baremazio honen arabera:

– Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 maila: 40 puntu.

– Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 maila: 80 puntu.

Balorazio bat baino gehiago izanez gero, maila handienekoa bakarrik hartuko da kontuan.

Hautaketa-prozesuaren barruan merezimendu gisa baloratuko den hizkuntza-eskakizunak dituzten pertsonek agiri bidez alegatu eta egiaztatu beharko dute eskaera egiteko unean.

Ez da beharrezkoa izango Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) dauden datuak egiaztatzea. Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari zalantzarik gabeko baimena ematea datu horiek Erregistroan kontsultatzeko.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila horien baliokideak diren titulazioak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan jasotzen dira (297/2010 Dekretua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzekoa), bai eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan ere (47/2012 Dekretua, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta -ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuestekoa).

Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

Hamaikagarrena.– Azken kalifikazioa.

1.– Oposizio-lehiaketaren azken puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, eta, hala badagokio, euskararen jakite-maila baloratzetik ateratzen den puntuazioa gehituko zaio. Hautaketa-prozeduran parte hartu duten pertsonen lehentasun-ordena puntuazio horren arabera zehaztuko da.

2.– Sailkapenean suertatu daitezkeen hurrenkera-berdinketak hausteko, irizpide hauei jarraituko zaie adierazitako hurrenkeraren arabera:

a) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

b) Euskararen ezagutzan lortutako puntuaziorik handiena.

c) Puntuazio onena gaitasun fisikoko proban (oposizio-faseko lehen proba).

3.– Hautaketa-sistema osatzen duen kalifikazioa amaitu ondoren, bosgarren oinarrian aurreikusitako epaimahai kalifikatzaileak honako hauek onartuko eta argitaratuko ditu, hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera, eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari bidaliko dizkio:

a) Hautaketa-sistema gainditu duten pertsonen zerrenda, sailkapen-hurrenkeraren araberakoa.

b) Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko proposatzen dituen 30 pertsonen zerrenda, sailkapen-hurrenkeraren araberakoa. Zerrenda hori hautaketa-sistema gainditu duten 25 pertsonek osatzen dute, gehi beste 5 pertsonek. Hori guztia hautaketa-prozesuaren eta prestakuntza-ikastaroaren inbertsioa optimizatzeko prozedura honek izan duen eskakizun-maila kontuan hartuta.

c) Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko proposatu ez diren pertsonen zerrenda.

Hamabigarrena.– Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroa eta praktikaldia.

Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroak bi zati izango ditu: prestakuntzaldia eta praktikaldia, biak nahitaezkoak eta baztertzaileak, hau da, biak gainditu beharko dira ikastaroa gainditzeko.

A) Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroa.

1.– Hamaikagarren oinarrian xedatutakoaren arabera proposatutako pertsonei babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroa egiteko dei egingo zaie Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Ikastaroetara atxikitzeko, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordena hartuko da kontuan.

3.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izapidetuko du interesdunei ikastaroetan parte har dezaten jakinaraztea, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

Prestakuntza-ikastaroa hasten den egunean ez bertaratzeak harekin ekarriko du agertu ez den pertsonari ikastaroan baja ematea, salbu eta ikastaroan ez agertzeko arrazoia interesdunak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari behar bezala jakinarazitako ezinbesteko arrazoia bada. Ezintasun iragankor baten ondorioz ezin agertzea ezinbesteko arrazoitzat joko da, eta gaixotasunagatiko edo istripuagatiko baja-partearen bidez justifikatu beharko da.

4.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu baino lehen borondatez uzten bada, Administrazioak aukera izango du uko egiten duen pertsonari haren prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzultzeko eskatzeko. Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera).

– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.

5.– Prestakuntza-ikastaroak horiek arautzen dituen ikasketa-planaren arabera egingo dira.

6.– Prestakuntza-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo bertako zuzendari nagusiak izendatzen dituen zentro edo bulegoetan egingo dira.

7.– Prestakuntza-ikastaroetarako atxikipena era askotakoa izan daiteke, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatu beharra, ezkontza, erditzea, erditzearen aurreko edo ondoko egoerak direla-eta. Gorabehera horiek kontuan hartuak ahal izateko, eragindako pertsonek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren aurrean alegatu beharko dituzte, egutegiko hamar egun naturaleko epean, 11.3 oinarrian aurreikusitako argitalpenetatik zenbatzen hasita.

Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatu beharra, ezkontza, erditzea, erditzearen aurreko eta ondoko egoerak direla-eta egokituko litzaiekeen ikastaroa ez den beste batera atxikitako prestakuntza ikastaroa egiten duten pertsonek ez dute kalifikaziorik jasoko prestakuntza aurreratu badute, eta argitaratuko da 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aurre-aurreko lanpostuan sailkatuta dagoen pertsonaren ikastaroaren kalifikazioarekin batera.

Langileak prestakuntza egitea atzeratu behar badu, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aurre-aurreko postuan sailkatuta dagoen pertsonaren eskubide berberak izango ditu; hala ere, prestakuntza atzeratu duen pertsonak prestakuntza gainditu beharko du eskubide berberak izan nahi baditu.

8.– Prestakuntza-ikastaroa egiten den bitartean, Euskal Herriko Poliziaren Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein motatako lizentzia edo baimena emateko organo eskuduna.

Prestakuntza-ikastaroan zehar nahitaez joan behar da eskola-jardueretara, eta zerbitzuaren beharrizantzat hartuko da bertaratze hori edozein baimen-eskaera egiteko orduan.

Aukera eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ikastaro hori egiteko egunak eta/edo lekuak egokitu ahal izango ditu prestakuntza-ikastaroan zehar, emakumeen kasuan, haurdunaldiko arriskua duten, erditzeko dauden edo erditu aurreko edo ondorengo aldian dauden emakumeek hala eskatzen badute, betiere gorabehera horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari jakinarazten bazaizkio ikastaroa egin aurretik eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatzen badira.

9.– Prestakuntza-ikastaro bakoitzaren azken kalifikazioa hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

10.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak kanpoan uztea deklaratuko du.

11.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein unetan, ikaslearen espedientetik ondorioztatzen bada ezin dela ikastaroa gainditu, prozesutik kanpo utzi ahal izango da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, interesdunari entzun ondoren.

Ikastaroa gainditu duten eta oposizio-lehiaketa fasean eta babes pertsonalean espezializatzeko prestakuntza-ikastaroan lortutako puntuaziotik eratorritako puntuen batuketan puntuaziorik handiena lortu duten 25 pertsonak sartuko dira praktikaldian.

B) Praktikaldia.

1.– Praktikaldia Babes eta Segurtasun Unitatean egingo da.

Aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ikastaro hori egiteko egunak eta/edo lekuak egokitu ahal izango ditu prestakuntza-ikastaroan zehar, emakumeen kasuan, haurdunaldiko arriskua duten, erditzeko dauden edo erditu aurreko edo ondorengo aldian dauden emakumeek hala eskatzen badute, betiere gorabehera horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari jakinarazten bazaizkio ikastaro hori egin aurretik eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatzen badira.

2.– Praktikaldia hasi baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpena emango du praktikaldiaren iraupena ezartzeko, hura baloratu eta gainditzeko sistemak eta prozedurak ezartzeko, eta praktiketako destinoak eta horietan hasteko data esleitzeko. Ebazpen hori hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

3.– Praktikaldian, eskolten espezialitateari dagozkion eginkizunak gauzatzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da.

Ebaluazioa praktikaldiak irauten duen bitartean gertatzen diren gertakarien gainean baino ez da egingo.

Praktikaldian zehar inguruabarren bat gertatzen bada hautatutako pertsona batzuei aldi hori osatzea eta espezialitatea lortzea eragozten diena, praktikak egiten hasi ahal izango dira prestakuntza-ikastaroa gainditu dutenak, ezarritako lehentasun-ordenari jarraituz; kasu horretan, praktikaldi osoa egin beharko dute.

4.– Praktikaldiko kalifikazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak argitaratuko ditu, hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak praktikaldia gainditzen ez duten pertsonak kanpoan uztea deklaratuko du.

Hamahirugarrena.– Mediku-bazterketen taulara egokitzea.

1.– Hautaketa-prozeduran, oro har hartuta, parte hartzen dutenei beharrezko proba mediko guztiak egin ahal izango zaizkie, ebazpen honen bigarren oinarriko 1.e) puntuan aipatutako mediku-bazterketen taulak jasotakoa betetzen dutela egiaztatzeko.

2.– Aurreko zenbakian aurreikusitakoaren xedeetarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak epaimahai mediko bat izendatuko du, eta epaimahai horren izendapena hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera jakinaraziko da.

3.– Epaimahai medikoa mahaiburu batek, bi kidek eta idazkari batek osatuko dute.

4.– Epaimahai medikoak ematen dituen txostenak arrazoitu egin beharko dira hautaketa-prozesutik kanpo uzteko arrazoiren bat dagoela ikusten denean, eta kanpoan uzteko prozedurak, nolanahi ere, eragindako pertsonaren entzunaldi-eskubidea errespetatuko du.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio oinarri honetan aurreikusitako arrazoiak direla-eta dena delako izangaia kanpoan uztea.

6.– Oinarri hauetan aurreikusitako epaimahai medikoari bosgarren oinarriko 2. eta 6. zenbakietan jasotako arauak aplikatuko zaizkio.

Hamalaugarrena.– Araubide juridikoa.

1.– Prestakuntza-ikastaroan zehar, ikasleak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Araubideko Erregelamenduak jasotzen dituen barne- eta diziplina-araubideko arauen mende egongo dira, eta, osagarri gisa, irakaskuntza-diziplina falta soila ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubideko arauen mende.

Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, hautapen-prozesutik kanpo uzteko arrazoia izango da aurreko puntuan adierazitako bi arauetako edozeinetan tipifikatutako arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik zehapena ezartzea.

Era berean, Euskal Herriko Poliziaren Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein motatako lizentzia edo baimena emateko organo eskuduna.

Prestakuntza-ikasturtean nahitaez joan behar da eskola-jardueretara, eta zerbitzuaren beharrizantzat hartuko da bertaratze hori edozein baimen-eskaera egiteko.

2.– Hautatutako pertsonei, ikastaroak egiten ari diren bitartean, lizentzia emango zaie momentu horretan betetzen ari diren lanpostuekin loturik.

3.– Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroa gainditzeak ez du berez eskubiderik emango lanpostu jakin bati atxikitzeko, ezta espezialitate hori eskatzen duten lanpostuei esleitutako eginkizunak betetzeko ere. Hala ere, eskoltentzako ikastaroa gainditu duten pertsonak lotuta egongo dira Ertzaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretuaren 5. eta 10. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak behin-behinean atxikiko ditu Giza Baliabideen Zuzendaritzak babes pertsonaleko espezialitatea behar duten plazetara.

4.– Prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta horiek egiten ez hasteak edo ez gainditzeak dena-delako pertsona hautaketa-prozesutik kanpo uztea ekarriko du, bai eta izan ditzakeen eskubide guztiak galtzea ere. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deklaratuko du baztertze hori.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiren bat dela-eta ikastaroan edo praktikaldian parte hartzen ez duten edo ikastaroa osorik egiten ez duten pertsonek hurrengo ikastaroan parte hartu ahal izango dute, inguruabar eragozleak desagertu ondoren, baina horretarako eskaera egin beharko dute aldez aurretik.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio kausa aztertzea, eta hari dagokio gaiarekiko ebazpena ematea.

Hamabosgarrena.– Hautaketa-prozedurako pertsonak identifikatzea.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonak (hautaketa-prozesua, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia) eskabidean erabilitako identifikazio profesionaleko zenbakiaren bidez identifikatuko dira.

Hamaseigarrena.– Argitalpenak.

Berariaz kontrakorik xedatu ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki taulan egingo dira, Gurenet saileko intranetean kontsultatzeko aukera alde batera utzi gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki taulan argitaratzeko data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

Hamazazpigarrena.– Kalte-ordainak.

Pertsonek edozein barne-hautaketa-prozesutara aurkeztea borondatezkoa denez, hautaketan, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian zehar izaten diren bidaia-gastuek edo bestelako gastuek – eskolta-zerbitzuagatiko kalte-ordaintzat hartzen direnek izan ezik – ez dute haiek jasotzeko eskubiderik sortuko, eta, beraz, Administrazioa ez dago gastu horiek ordaintzera behartuta.

Hemezortzigarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkatu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, Administrazioarekiko Auzien epaitegien lurralde-eskumeneko arauak errespetatu beharko dira, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotakoak.

Deialdi honetatik, epaimahai kalifikatzailearen jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren organoetatik datozen administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideak arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

Arkauti, 2023ko abenduaren 18a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala