Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2024ko urtarrilaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
143

180/2023 DEKRETUA, azaroaren 28koa, garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituena.

1/2007 Legeak, otsailaren 22koak, Garapenerako Lankidetzari buruzkoak, garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren arloan egiten diren jarduketak jasotzen ditu, herrien garapen jasangarria toki mailan eta maila globalean sustatzeko konpromisoarekin.

Premisa horrekin, Garapenerako Lankidetzako Funtsaren konturako programetarako laguntzak arautzen dituen apirilaren 3ko 57/2007 Dekretuaren bidez ezarri dira lankidetza-programak egitera zuzendutako laguntzen deialdiak. Araudi horrekin, programak pobreziaren aurkako borrokara bideratu dira, egiturazko aldaketak sustatuko dituzten garapen-prozesu endogenoei lagunduz. Helburu hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren tresnetan ere aplikatu daitekeen arren, programek berezitasun bat zuten; prozesuetan modu estrategiko eta koherenteagoan laguntzeko aukera eskaintzea, tokiko, estatuko eta nazioarteko mailetan, baita proposamen sakonagoak sortzea ere, alderdi sektorialak eta zeharkakoak osotasun batean integratzen dituzten analisi irmoekin eta epe luzeko estrategiekin.

Horretarako, honako elementu bereizgarri hauek jarri ziren tresnaren eskura: finantza-baliabide gehiago, epe luzeagoa, programaren bizi-ziklo osoa finantzatzea (identifikazioa barne), Hegoaldeko tokiko erakundeen indartze instituzionaleko prozesuak finantzatzea eta Euskadin sentsibilizazio-osagai bat txertatzea. Gainera, apartatu horiek identifikazio, garapen eta ebaluazioari buruzko apartatuekin aldi berean eta modu koherentean integratzeko beharra ezarri zen. Puntu honetan adierazten denez, Hegoaldeko herrialdeak eta lurraldeak dira: planetaren hegoaldeko hemisferioan egon gabe ere, garapenerako laguntza ofiziala jasotzeko Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen Garapenerako Laguntza Batzordeak –edo horren baliokidea den erakundeak– hauta ditzakeenak.

Ekainaren 19ko 5/2008 Legea (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duena) onartzean, eta 95/2010 Dekretuan (Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duenean) xedatuaren arabera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetza-politika betearaztea.

Zehazki, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak lortzeko jarduteko gaitasuna dituena. Dirulaguntzen kudeaketan pilatutako esperientziari esker, egin daitezkeen zenbait hobekuntza identifika ditzake, barne-kudeaketa eta erakunde hartzaileek dirulaguntzok eskuratzeko erraztasuna hobetze aldera betiere. Horretarako, ezinbestekoa da dirulaguntzen araudia Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren errealitate juridikora eta praktikara egokitzea.

Azken hamarkadan, programak txertatuta dauden testuingurua asko aldatu da. Egungo globalizazio-fasean bat egiten dute krisi ekonomikoek, instituzionalek, politikoek, sozialek, humanitarioek, ekologikoek, sanitarioek, balio-krisiek eta abarrek. Horiek, izaera globala edukita ere, desberdin eragiten diete lurralde, kolektibo eta pertsonei. Krisi horiek zenbait aldaketaren emaitza dira. Izan ere, lausotu egin dira tokiko, estatuko eta nazioarteko mugak, eta estatuz gaindiko dimentsioa hartu dute garapen-arazoek; hala, munduko herri eta gizarte gehienek partekatzen dituzten erronka globalak izatera pasatu dira. Hain zuzen ere, agertoki hori hartzen dute abiapuntutzat 2030 Agendak eta 2015ean Nazio Batuen Batzar Nagusian onetsi ziren Garapen Jasangarriko Helburuek. Agendaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira: proiekzio unibertsala, Iparraldea/Hegoaldea binomioa gainditzea bilatzen duena; maila anitzeko izaera, aintzat hartuta toki-maila eta maila globala elkarren mendekoak direla eta errealitate beraren zati direla; integraltasunaren aldeko apustua, alegia, helburu komunetara bideratutako politika sektorialak elkarrizketan jartzea; eta agenda garatzeko herrialde guztiei erantzunkidetasunez jokatzeko aldarria, erantzukizun komunak baina bereiziak hartuz.

Erronka globalei hobeto erantzuteak nahitaez esan nahi du berrikuntzaren ikuspegia txertatu behar dela garapenerako lankidetzaren esparruan. Hori lan-estrategietara eta dirulaguntza-tresnetara eraman behar da.

Lan-estrategiei dagokienez, elkarrizketa eta baliabide zein gaitasunen mobilizazioa sustatu behar dira eragile anitzen artean, partekatutako helburu baterantz. Horrela, garapenaren erronkei hobeto erantzungo dieten proposamen egiturazkoagoak eta integralagoak prestatu ahalko dira. Horretarako, halaber, desberdinen arteko harreman-eskema berriak sustatu behar dira, eta esperimentazio- eta ikaskuntza-esparru iraunkor bat eratu. Izan ere, garapenerako lankidetza- eta hezkuntza-esparruen banaketa tradizionala gainditzen lagunduko du horrek.

Dirulaguntza-tresnei dagokienez, aipatutako erronkei egokitu behar zaizkie. Ildo horretan, garapenerako lankidetzako programen araudi berriak eutsi egiten dio giza garapen jasangarria bultzatzeko helburuari. Baina ikuspegi lokal-globalari ezinbesteko zentraltasuna ematen dio lan-estrategiak planteatzeko orduan, eta hori, era berean, haren bereizgarri bihurtzen da.

Horren harira, garapenerako lankidetza-programetan ikuspegi lokal-globala txertatzeak helburu hauek izango ditu: partekatutako egiturazko arazoei eta erronka globalei aurre egitea; Iparraldeko eta Hegoaldeko erakundeen arteko koordinazioa eta artikulazioa hobetzea, arazo horri heltzeko; eragile desberdinen arteko aliantza zabalak ezartzea; tokiko, estatuko eta nazioarteko mailetan ekinbide egituratua bultzatzea; eta subjektuentzako laguntza eta herritartasun globalaren eraikuntza sustatzea.

Esparru kontzeptuala aldatzearekin batera, araugintza-tresna berriak aldaketa garrantzitsuak ekarri ditu kudeaketa-sistemara ere, hauteman diren zailtasunetako batzuk ebazte aldera.

Zehazki, diruz lagun daitezkeen fase bereiziak ezartzen ditu programen identifikaziorako eta exekuziorako. Hartara, exekuzioaren finantzaketa identifikaziotik ondorioztatzen diren behin betiko proposamenen balorazioaren mende dago. Halaber, erakunde eskatzaileek deialdietan parte hartzeko bete behar dituzten administrazio- eta gaitasun-baldintzak arrazionalizatzen dira, eta haien egiaztapen-sistema optimizatzen da. Bestalde, laguntzak emateko prozeduran, programen justifikazio- eta jarraipen-ereduan ere aldaketa batzuk egin dira, tresna malguagoa izateko eta ordainketak proposamenen exekuzio-erritmora hobeto egokitzeko.

Azkenik, programen orientazio estrategikoarekin bat, eutsi egin zaio finantza-zuzkidura handiagoa eta exekuzio-epea luzeagoa izateko apustuari, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste tresna batzuekin alderatuta. Halaber, berretsi egiten da Hegoaldeko tokiko erakundeen indartze-prozesuetarako finantzaketa, eta prozesuok beste erakunde batzuetara ere hedatzen dira, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari ekainaren 19ko 5/2008 Legean (aipatu instituzioa sortzen eta arautzen duena) esleitzen zaion lankidetza-eragileen aldeko babes- eta laguntza-funtzioaren esparruan.

Azken batean, arau-aldaketa horrek bultzada emango dio lankidetza-programen helburuak lortzeari eta, era berean, nazioartean identifikatutako lan-ikuspegi lehenetsiekin eta erronka komunekin lerrokatuko ditu. Horrekin batera, egindako aldaketei esker, hobetu egingo da tresnaren kudeaketa.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, 2023ko azaroaren 28an egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun eta gero, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea garapenerako lankidetzako programak finantzatzera bideratutako laguntzen araubidea arautzea da.

2.– Iparraldean eta Hegoaldean modu koherente eta osagarrian ekintzak integratzen dituzten ekimenak dira garapenerako lankidetzako programak, eta programa horien helburua giza garapen jasangarria sustatzea da, ikuspegi lokal-global batetik.

3.– Ikuspegi lokal-globala elementu zentrala izango da diruz lagundu beharreko programetan. Ondorioz, ikuspegi hori zer neurritan jaso den funtsezko balorazio-irizpidea izango da aurkeztutako laguntza-eskabideetan. Programetan, eta dekretu honen ondorioetarako, honako elementu hauek osatzen dute ikuspegi lokal-globala:

a) Egiturazko arazoak eta erronka globalak jorratzea: tokiko arazoak pobreziaren eta desparekotasunaren egiturazko kausekin erlazionatzea; toki-mailako eta maila globaleko garapen-erronkak erlazionatzea; horiei lurralde bakoitzetik aurre egiteko estrategia egokiak definitzea; estrategia desberdinen arteko koherentzia.

b) Iparraldeko eta Hegoaldeko erakundeen arteko lankidetza: baterako lana eta lan osagarria helburu komun batzuen inguruan; erantzunkidetasuna identifikatutako erronkak jorratzean; sinergiak eta balio erantsia sortzea.

c) Aliantzak: aliantza zabal eta askotarikoak eratzea eragile eta erakundeen artean, hainbat mailatan.

d) Maila anitzeko ekintza: tokiko, nazioko eta nazioarteko mailetan eragin eta egituratzea; lurralde-dinamiken eta estatuko zein nazioarteko esparruko estrategien arteko lotura.

e) Subjektuei laguntza eskaintzea eta herritartasun globala eraikitzea: gaitasunak indartzea analisirako eta kontzientzia kritikoa garatzeko, errealitateak konektatzeko eta eraldaketa-borondatea sustatzeko; ikuspegi politiko-pedagogikoak txertatzea.

2. artikulua.– Garapenerako lankidetzako programen faseak.

1.– Garapenerako lankidetzako programek bi finantzaketa-fase dituzte, bereiziak eta ondoz ondokoak:

a) Identifikazio-fasea: hasierako fasea da, aldatu nahi den errealitatea, arazoak eta erronkak ezaugarritzera bideratua; halaber, testuingurua eta parte hartzaileak aintzat hartuta, esku-hartze estrategia egokiena eta bideragarriena xehe zehaztuko du.

b) Exekuzio-fasea: ondorengo fasea, hautatutako esku hartzeko estrategia garatzera bideratua. Finantzaketa-xedeetarako, ebaluazioa ere fase honen barruan sartzen da.

2.– Finantzaketa-fase bakoitza dagokion deialdi publikoaren bitartez lagunduko da diruz. Identifikazio-faseko deialdian dirulaguntza emateak ez du bermatuko ondorengo exekuzio-faseko deialdian dirulaguntza ematea.

3.– Exekuzio-faseko deialdian lehiatzeko, programaren identifikazio-faseak diruz lagunduta egon behar izan du azken deialdian edo aurrekoan.

4.– Identifikazio-faseko deialdian dirulaguntzaren onuradun diren erakundeek, nahitaez, dagokion eskaera aurkeztu beharko dute ondorengo exekuzio-faseko deialdian lehiatzeko. Deialdi horretan dirulaguntzarik esleitzen ez bazaie, erakundeek berriz aurkeztu ahal izango dute eskabidea, soilik eta esklusiboki, exekuzio-faseko hurrengo deialdian.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Laguntza horietarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik aterako dira.

4. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Laguntza esleitzeko prozedura lehiaketa bidezkoa izango da.

2.– Fase bakoitzerako ezarritako aurrekontu-zuzkidura deialdi bakoitzaren ebazpenean zehaztuko da.

3.– Eskatu eta esleitu beharreko laguntzen zenbatekoek ez dituzte gaindituko muga hauek:

a) Identifikazio-fasean, ekimen bakoitzerako gehieneko zenbatekoa 40.000 euro izango da.

b) Exekuzio-fasean, ekimen bakoitzerako zenbatekoa gutxienez 600.000 euro eta gehienez 1.200.000 euro izango da.

c) Edonola ere, fase bakoitzeko deialdiaren ebazpenean murriztu ahalko da ekimen bakoitzerako eskatu eta esleitu beharreko gutxieneko eta gehieneko zenbatekoa.

4.– Programetan diruz lagundu daitekeen fase bakoitzerako aurreikusitako zuzkiduratik esleitu gabe geratu den soberakina Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste laguntza-deialdi batzuetarako erabili ahal izango da aurrekontu-ekitaldi berean. Soberakin hori sortu ahal izango da, bai hura agortzeko proposamen nahikorik jasotzen ez delako, aurkeztutako proposamenek ezarritako betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutelako, edo baita ere erabilgarri dagoen soberakina deialdiaren ebazpenean ezarritako gutxieneko zenbatekoak baino txikiagoa delako.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileak bete beharreko betekizunak eta horiek egiaztatzeko modua.

1.– Dekretu honetan arautzen diren laguntzak eskatu ahal izango ditu honako betekizun hauek betetzen dituen erakundeak:

1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan izena emanda egotea.

Laguntzak izapidetzen dituen organoak ofizioz egiaztatuko du betekizun hori betetzen dela.

1.2.– Kudeaketa-gaitasuna izatea. Horretarako, erakunde eskatzaileak betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren gutxienez bi dirulaguntza eskuratu izana identifikazio-deialdiaren aurreko hiru ekitaldietan, edo, bestela, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren dirulaguntzak izatea exekuzioan identifikazio-deialdiaren aurreko bost ekitaldietako bakoitzean.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, memoria bat prestatuko da, gutxienez honako alderdi hauek identifikatuko dituena: dirulaguntza eman zitzaion ekimenaren izenburua; espedientearen kodea eta exekuzio-aldia.

b) Identifikazio-deialdiaren aurreko hiru ekitaldietan, garapenerako lankidetzako helburuei loturiko laguntza publikoak justifikatu izana, eta, guztira, programaren exekuzio-faserako eskatu nahi den zenbateko berdinekoak edo handiagokoak izatea.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, memoria bat prestatuko da, gutxienez, honako alderdi hauek identifikatuko dituena: laguntza publikoa jaso zuen ekimenaren izenburua; finantza-erakundea; emandako zenbatekoa; eman zen urtea; justifikatutako zenbatekoa; eta justifikazioaren data.

c) Exekuzio-fase guztian programa kudeatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez pertsona bat kontratatzen dela bermatzea.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena egingo da, erakunde eskatzailearen berariazko konpromisoa zehaztuta. Exekuzio-fasean programa diruz laguntzen bada, gainera, lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko da.

1.3.– Gaitasun estrategikoa izatea. Horretarako, erakunde eskatzaileak betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Plangintza estrategiko bat izatea indarrean, helburu eta ekintza-ildo espezifikoekin, zeinek erakundearen lana bideratuko baitute Euskal Autonomia Erkidegoan eta Hegoaldeko herrialdeekin; plangintza estrategiko hori koherentea izango da aurkeztutako ekimenarekin.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, indarrean dagoen plangintza estrategikoko dokumentua aurkeztuko da, eta aurkeztutako ekimena bertan txertatzen dela azalduko da.

b) Genero-ekitatearen aldeko ekintza-plana indarrean izatea, genero-desparekotasunak ezabatzeko, generoaren zeharkako izaera garatzeko eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko, bai erakundearen barruan, bai bultzatutako ekimenetan.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, indarrean dagoen genero-ekitatearen aldeko ekintza-plana aurkeztu beharko da.

c) Identifikazio-faseko deialdia argitaratu aurreko hiru urteetan, gutxienez, gizarte-eraldaketarako bost hezkuntza-jarduera gauzatu izana Euskal Autonomia Erkidegoan.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, memoria bat aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gizarte-eraldaketako bost hezkuntza-jarduera, gutxienez, identifikatzen eta laburki deskribatzen dituena.

d) Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia izatea programako gaietan, identifikazio-faseko deialdia argitaratu zen dataz aurretiko bost ekitaldiak kontuan hartuta.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, memoria bat aurkeztuko da, gutxienez honako alderdi hauek identifikatuko dituena: programako gaietan garatutako ekimenak, exekuzio-epea, aurrekontua, eta funtsen jatorria.

e) Gutxienez hiru urtez aritu izana elkarlanean diruz lagundu daitekeen programaren exekuzioan, eskatzailearekin batera, gehien parte hartzen duen elkarteko erakundearekin, identifikazio-faseko deialdia argitaratu aurreko bost ekitaldiak kontuan hartuta.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, memoria bat aurkeztuko da, gutxienez honako alderdi hauek identifikatuko dituena: garatutako baterako ekimenak; exekuzio-epea; aurrekontua; eta funtsen jatorria.

1.4.– Exekuzio-fasean lehiatzeko, egin nahi den programako identifikazio-fasean dirulaguntzaren esleipena jasotzea, azken identifikazio-deialdian edo aurrekoan.

Laguntza izapidetzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du betekizun hori betetzen dela.

2.– 1.2 eta 1.3 apartatuetan ezarritako betekizunak identifikazio-faserako eskaerarekin batera egiaztatu behar dira.

3.– 1.2 b) eta 1.3 e) apartatuetan aurreikusten diren betekizunak berriro ere egiaztatuko dira eskaerarekin batera exekuzio-faserako, behin fase horretarako eskatutako dirulaguntzaren zenbateko zehatza eta elkarteko erakundeen arteko banaketa ezartzen direnean. Egiaztapena ofizioz egingo du laguntzak izapidetzen dituen organoak eta, ezin bada ofizioz egiaztatu, erakunde eskatzaileari hori egiaztatzen duen beharrezko den dokumentazioa eskatu ahal izango zaio.

4.– Exekuzio-fasean diruz lagundutako programetarako, 1.2 c) apartatuko betekizunean aipatzen den lan-kontratuaren kopia programaren exekuzio-faseko lehen batzorde mistoa baino lehen aurkeztu behar da.

5.– Ezingo dira izan dirulaguntzen onuradun Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeak.

6.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, erakundeek ezin dute izan laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dieten zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ezin dute izan halakorik eskuratzeko legezko debekurik; ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuagatiko diskriminazioa zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak, eta LGTBIfobia egin, sustatu edo hauspotzeagatik edo bihurketa-terapiak egin edo sustatzeagatik ezarritakoak, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

7.– Erakunde onuradunei dirulaguntza ematea eta, hala dagokienean, horiek ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abian den itzultze- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotearen mende egongo da.

6. artikulua.– Garapenerako lankidetzako programen betekizunak.

1.– Oro har, edozein fasetako laguntzak eskuratzeko, garapenerako lankidetzako programek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Erakunde-elkarte baten bidez garatzea; horretan, erakunde eskatzaileaz gainera, gutxienez, Hegoaldeko herrialde bateko erakunde batek parte hartu beharko du.

Dekretu honen ondorioei begira, Hegoaldeko herrialdeak dira, nahitaez planetaren hegoaldeko hemisferioan egon behar izan gabe, garapenerako laguntza ofiziala jasotzeko Garapenerako Laguntza Batzordeak –edo nazioarteko erakunde baliokideak– hauta ditzakeenak.

b) Jarduerak egitea, eraldaketak sustatzea eta inpaktuak aurreikustea, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai, gutxienez, Hegoaldeko herrialde batean.

2.– Identifikazio-faserako, garapenerako lankidetzako programek, gainera, sei hilabeteko gehieneko iraupena izan behar dute, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen den unetik zenbatzen hasita. Aldi horren barruan, identifikazioaren emaitzak aurkeztu beharko dira.

3.– Exekuzio-faserako, garapenerako lankidetzako programek, gainera, honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Identifikazio-fasean aurkeztutako proposamenarekin koherenteak izatea, baita egindako identifikazioko emaitzekin ere.

b) Gutxienez hogeita lau hilabeteko iraupena izatea, eta gehienez hogeita hamasei hilabetekoa, beste hamabi hilabetez luzatu ahal izango dena; exekuzio-faserako laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo bi hilabeteetan hasi beharko da, eta, betiere, laguntza ematen den aurrekontu-ekitaldiaren barruan.

c) Azken ebaluazioa, kanpokoa edo mistoa, eta gastuak aurreikustea, Hegoaldeko herrialdeetako jatorrizko elkarteko erakundeen indartze instituzionalaren kontzeptuan.

4.– Artikulu honetako aurreko paragrafoetan aurreikusitako baldintzak egiaztatzeko, laguntzak eskatzeko formularioak erabiliko dira, baita, deialdiaren ebazpenean ezartzen den moduan, horiekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak ere.

7. artikulua.– Eskatzaileaz bestelako elkarteko erakundeentzako betekizunak eta horiek egiaztatzeko modua.

1.– Eskatutako dirulaguntzaren % 20an baino gutxiagoan programa exekutatzea bere gain hartzen duten elkarteko erakundeek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

1.1.– Nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuta egotea, gutxienez, identifikazio-faseko deialdira aurkeztu baino urtebete lehenagotik.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, kasuan kasuko erregistroko inskripzio-egiaztagiria eta estatutuen kopia aurkeztuko dira.

Herrialdearen egoerak eragindako ezintasun juridiko edo politikorik badago, betekizun horren ordez, erakundeen esperientzia eta jarduera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztearena bete beharko dute.

1.2.– Irabazi-asmorik ez izatea, edo, bestela, programara egindako ekarpena –egungoa edo etorkizunekoa, zuzenekoa edo zeharkakoa– irabazi-asmorik gabekoa dela bermatzea, eta parte hartzea justifikatuta egotea esku-hartzearen izaerarengatik.

Irabazi-asmorik eza egiaztatzeko, estatutuen kopia aurkeztuko da. Hala dagokionean, irabazi-asmorik gabeko interesa eta esku-hartzean parte hartzea azalpen-memoria baten bitartez egiaztatuko dira.

2.– Eskatutako dirulaguntzaren % 20an baino gehiagoan programa exekutatzea bere gain hartzen duten elkarteko erakundeek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

2.1.– Nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuta egotea, gutxienez, identifikazio-faseko deialdira aurkeztu baino bost urte lehenagotik.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, erregistroko inskripzio-egiaztagiria eta estatutuen kopia aurkeztuko dira.

Herrialdearen egoerak eragindako ezintasun juridiko edo politikorik badago, betekizun horren ordez, erakundeen esperientzia eta jarduera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztearena bete beharko dute.

2.2.– Irabazi-asmorik ez izatea, edo, bestela, programan irabazi-asmorik ez izatea bermatzea –ez egun, ez etorkizunean, ez zuzenean, ez zeharka–, eta parte hartzea justifikatuta egotea esku-hartzearen izaerarengatik.

Irabazi-asmorik eza egiaztatzeko, estatutuen kopia aurkeztuko da. Hala dagokionean, irabazi-asmorik gabeko interesa eta esku-hartzean parte hartzea azalpen-memoria baten bitartez egiaztatuko dira.

2.3.– Kudeaketa-gaitasuna izatea. Horretarako, identifikazio-faseko deialdiaz aurreko hiru ekitaldietan garapenerako lankidetzako helburuei loturiko laguntza publikoak justifikatu izana egiaztatu beharko du, eta horien zenbatekoa, guztira, programaren exekuzio-fasean kudeatzea aurreikusten duen zenbatekoaren % 80 edo gehiago izatea.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, memoria bat prestatuko da, gutxienez honako alderdi hauek identifikatuko dituena: dirulaguntza jaso zuen ekimenaren izenburua; finantza-erakundea; eman zen urtea; laguntzaren onuradun den erakundea; emandako zenbatekoa; elkarteko erakundeari betetzea dagokion zenbatekoa; elkarteko erakundeak justifikatutako zenbatekoa; eta justifikazioaren data.

2.4.– Gaitasun estrategikoa izatea. Horretarako, honako betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Plangintza estrategiko bat izatea indarrean, aurkeztutako ekimenarekiko koherentea izango dena.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, indarrean dagoen plangintza estrategikoko dokumentua aurkeztuko da, eta aurkeztutako ekimena bertan txertatzen dela azalduko da.

b) Genero-politika instituzional bat izatea indarrean, sustatutako ekimenetan genero-ikuspegia txertatzea orientatzen duena.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, indarrean dagoen erakundearen genero-politikaren agiria aurkeztu beharko da. Emakumeen erakundeen eta erakunde feministen kasuan, eta betekizuna betetze aldera, indarrean dagoen plangintza estrategikoak ordezkatu ahal izango du genero-politika instituzionala, betiere lehenetsitako helburuak eta ekintza-ildoak genero-desparekotasunak murriztera, emakumeak ahalduntzera edo haien eskubideak defendatzera bideratuta badaude.

c) Gutxienez, hiru urteko lan-esperientzia izatea programako esku hartzearen esparruan, identifikazio-faseko deialdia argitaratu zen dataz aurretiko bost ekitaldiak kontuan hartuta.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, memoria bat aurkeztuko da, gutxienez honako alderdi hauek identifikatuko dituena: programako gaietan garatutako ekimenak; exekuzio-epea; aurrekontua; eta funtsen jatorria.

d) Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia izatea laguntza exekutatuko den xede-biztanleriarekin, identifikazio-faseko deialdia argitaratu zen dataz aurretiko bost ekitaldiak kontuan hartuta.

Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, memoria bat aurkeztuko da, gutxienez honako alderdi hauek identifikatuko dituena: xede-biztanleriarekin egindako ekimenak; exekuzio-epea; aurrekontua; eta funtsen jatorria.

3.– Artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan ezarritako betekizunak identifikazio-faserako eskaerarekin batera egiaztatu behar dira.

4.– 2.3 apartatuan ezartzen den betekizuna berriro ere egiaztatuko da exekuzio-faserako eskaerarekin batera, behin erakundeak exekutatuko duen dirulaguntzaren amaierako zenbatekoa zehazten denean. Egiaztapena ofizioz egingo du laguntzak izapidetzen dituen organoak eta, ezin bada ofizioz egiaztatu, erakunde eskatzaileari hori egiaztatzen duen beharrezko den dokumentazioa eskatu ahal izango zaio.

5.– Exekuzio-faseko eskaeran, identifikazio-faserako eskaeran aurreikusi ez diren erakundeak elkartean sartzea proposatzen bada, edo hasiera batean eskatutako dirulaguntzaren % 20 baino gutxiago exekutatzea aurreikusi zen erakundeak kopuru hori gaindituko balu, erakunde horiek artikulu honetan aurreikusitako betekizunak bete beharko dituzte. Betekizun horiek betetzen direla egiaztatuko da exekuzio-faserako eskaerarekin batera.

8. artikulua.– Elkarteko erakundeen arteko hitzarmena.

1.– Bai identifikazio-faserako, bai exekuzio-faserako, elkarteko erakunde guztien eskubideak eta betebeharrak hitzarmen batean zehaztuko dira.

2.– Elkarteko erakunde bakoitzak izenpetutako hitzarmenak, gutxienez, honako alderdi hauek jasoko ditu:

a) Erakunde-elkarteak programa nola kudeatuko duen.

b) Elkarteko erakunde bakoitzaren kudeaketa-ardurak, haietako bakoitzak bere gain hartuko duen zenbatekoa adieraziz.

c) Elkartearen barnean sor daitezkeen gatazkak ebazteko sistema.

d) Elkartea desegitea eta programa amaitzea eragin dezaketen kasuak.

3.– Elkarteko erakunde bakoitzak sinatu duen identifikazio-faserako hitzarmena Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara bidali beharko da bi hilabeteko epean, identifikazio-faseko emate-ebazpena argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

4.– Elkarteko erakunde bakoitzak sinatu duen exekuzio-faserako hitzarmena Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara bidali beharko da bi hilabeteko epean, exekuzio-faseko emate-ebazpena argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

9. artikulua.– Betekizunak betetzea.

Laguntza hauek emateko betekizunak identifikazio- eta exekuzio-faseetarako eskaerak aurkezten diren unean bete behar dira, ezarritako epeetan egiaztatu beharko dira eta une oro mantendu beharko dira, diruz lagun daitekeen jarduketa amaitu arte.

10. artikulua.– Deialdia.

1.– Dekretu honetan arautzen diren laguntzen deialdia Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo da.

2.– Dekretu honetan jasotako diruz lagun daitezkeen bi faseak batera deitu ahalko dira, edo zein bere aldetik.

3.– Deialdiaren ebazpena, bai identifikazio-faserako, bai exekuzio-faserako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta honako hauek zehaztuko ditu: xedea, zuzkidura ekonomikoa, Hautaketa Batzordeko kideen izendapena eta eskaerak aurkezteko modua eta epea. Halaber, identifikazio eta exekuzio bakoitzean diruz lagun daitekeen gutxieneko eta gehieneko zenbatekoa zehaztuko ditu, baita erakunde bakoitzak fase bakoitzerako aurkez dezakeen gehieneko eskaera kopurua ere. Era berean, deialdiak mugak ezarri ahal izango ditu diruz lagun daitezkeen gastuetan, eta Afrikan garatzen diren ekimenei eman beharreko laguntzen kopuruaren edo funtsen erreserba bat ezarri ahal izango du. Azkenik, eskabideak baloratzeko irizpideak ere zehaztuko dira deialdian.

4.– Fase bakoitzeko deialdiaren ebazpenak honako hauek zehaztuko ditu: izapidetze elektronikora sartzeko modua, eta formatuak eta bestelako dokumentazioa eskuratzeko sarbide elektronikoa, behar bezala aurkezteko.

11. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastuak dira diruz lagundutako esku-hartzearen izaerari erantzuten diotenak, hertsiki beharrezkoak direnak, eta ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuetan, erosketa-kostua ezingo da inola ere izan merkatuko balioa baino altuagoa.

Elkarteko erakundeek, ahal den neurrian, tokiko baliabide materialak eta giza baliabideak erabili beharko dituzte programan aurreikusitako ekintzak garatzeko. Baliabideek egokiak izan behar dute efizientzia ekonomikoaren ikuspegitik, eta, gainera, ingurumenaren aldetik jasangarriak eta gizartearekiko arduratsuak izan behar dute.

2.– Identifikazio-faserako, diruz lagun daitezkeen gastuak honela sailkatzen dira:

a) Langile-gastuak.

Pertsona fisikoak edo juridikoak kontratatzeari loturikoak, identifikazio-jarduerak egitearekin zuzenean lotuta daudenak.

b) Bidaietarako, egonaldietarako eta ondasun suntsikorretarako gastuak.

Kontratatutako langileen zein tokiko biztanleen ostatu-, mugikortasun- eta mantenu-gastuak, identifikazio-jarduerak garatzeko, eta ekintza horietarako beharrezkoak diren material suntsikorren gastuak.

c) Kudeaketa-gastuak.

Erakunde-elkarteak egiten dituen gastuak, identifikazio-jardueren koordinazio eta jarraipenerako.

Kudeaketa-gastuek, gehienez ere, identifikazio-faserako eskatutako zenbateko osoaren % 10eko dirulaguntza jaso ahal izango dute. Ez da beharrezkoa izango gastu horiek bereiztea, eta justifikatutzat joko dira gainerako gastuak justifikatzen direnean eta identifikazio-fasean konprometitutako ekintzak garatzen direnean.

3.– Exekuzio-faserako, diruz lagun daitezkeen gastuak honela sailkatzen dira:

a) Lursail eta eraikinen gastuak.

Hegoaldeko herrialdeetan lursail edo eraikinak erosteari eta eraikin eta azpiegiturak eraiki edo birgaitzeari loturikoak.

Atal honetan jasotako gastuen artean, honako hauek daude: lursailak edo eraikinak erostea, zerbitzuak eta eskulana kontratatzea, eraikinak eta bestelako azpiegiturak eraikitzearekin edo birgaitzearekin lotutako materialak eta ekipoak erostea edo alokatzea, bai eta nekazaritza eta abeltzaintzako lanei lotutako eskulana ordaintzea ere.

Lursailak edo eraikinak erostearen eta eraikinak eta azpiegiturak eraikitzearen edo birgaitzearen ondoriozko gastuak egozteko, xede-biztanleriaren jabetza-araubidea eta titulartasuna zehaztu beharko dira, eta, hori ezinezkoa bada, dagokion elkarteko erakundearena, nahikoa egiaztagiri aurkeztuta. Halakorik ezean, erabilera-lagapena dokumentatu beharko da, gutxienez 30 urterako, xede-biztanleriaren alde, eta, hori ezinezkoa bada, dagokion elkarteko erakundearen alde.

b) Ekipamendu eta materialen gastuak.

Programako jarduerekin zuzenean erlazionatutako ekipamenduak erosteari edo alokatzeari loturikoak, baita Hegoaldeko herrialdeetako xede-biztanleari intsumoak banatzeari loturikoak ere.

Atal honetan jasotako gastuen artean, honako hauek daude: programako jarduerak gauzatzearekin zuzenean lotutako ekipoak erostea edo alokatzea –funtzionamendu orokorreko ekipamenduak, eraikinak eta azpiegiturak eraikitzeko eta birgaitzeko lanekin lotutakoak izan ezik–, Hegoaldeko herrialdeetan xede-biztanleriari banatu beharreko intsumoak erostea –gaikuntza-materialak izan ezik– eta Hegoaldeko herrialdeetan xede-biztanleriari egin beharreko maileguak, errotazio-funts gisa, bai dirutan bai espezietan.

Xede-biztanleriarentzako maileguen edo errotazio-funtsen kontzeptupean gastuak aurreikusiz gero, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean argitaratutako ereduaren arabera.

c) Xede-biztanleriaren gaitasunak indartzeko eta eragiteko gastuak.

Xede-biztanleriaren prestakuntzarekin eta gaikuntzarekin eta horien erakundeei laguntzearekin zerikusia dutenak, baita eragin-, komunikazio- eta sentsibilizazio-ekintzekin zerikusia dutenak ere.

Atal honetan jasotako gastuen artean, honako hauek daude: kanpoko zerbitzuen kontratazioa eta bidaia- eta egonaldi-gastuak, xede-biztanleriaren gaitasunak indartzeko eta haien erakundeei laguntzeko, baita zabalkundearekin, sentsibilizazioarekin, eragin politikoarekin eta abarrekin lotutako lan espezifikoak egiteko, gaikuntza-materialak erosteko eta egiteko eta prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerekin lotutako espazioak alokatzeko ere.

d) Indartze instituzionaleko gastuak.

Elkarteko erakundeen gaitasunak indartzearekin lotutako gastuak, bereizita.

Atal honetan jasotako gastuen artean, honako hauek daude: kanpoko zerbitzuen kontratazioa, materialen eta intsumoen erosketa eta elkarteko erakundeen indartze instituzionalari lotutako bidaia eta egonaldien gastuak.

Hegoaldeko herrialdeetan jatorria duten elkarteko erakundeen kasuan, haiek barnetik indartzera bideratu ahal izango dira gastuak, ikuspegi integral batetik, haien gaitasunak epe luzera sendotzeko ikuspegiarekin. Ildo horretan, honako esparru hauek landu ahal izango dituzte: politikak eta plangintza egitea, gaitasun teknikoak, jarraipenekoak eta kudeaketakoak indartzea, zeharkako ikuspegiak eta ikuspegi lokal-globala txertatzeko prozesuan sakontzea, eta abar.

Hegoaldeko herrialdeetatik ez datozen elkarteko erakundeen kasuan, beren lan-dinamika eta -estrategietan ikuspegi lokal-globala txertatzeko gaitasunak indartzera soilik bideratu beharko dira gastuak.

e) Langileen gastuak.

Programako jardueren koordinazioari eta exekuzioari zuzenean atxikita dauden langileak kontratatzeari loturikoak.

Atal honetan jasotako gastuak programaren jarduerak garatzearekin zuzenean lotuta dauden pertsona fisikoak kontratatzera bideratzen dira, eta lan-kontratua edo kontratu profesionala izan dezakete. Hala ere, kontratu profesionala dutenen kasuan, lotutako gastuak atal honetan sartuko dira, baldin eta elkarteko erakundeen lan-dinamiketan modu iraunkorrean edo esanguratsuan sartzen badira programa garatzeko. Atal honetan sartzen dira, halaber, atzerrian diren langileak kontratatzeko eta ordaintzeko gastuak, langile horiek bizi diren lekutik lantokira joateko gastuak eta aseguru-gastuak, bisa lortzeko gastuak eta txertaketa-gastuak.

Aholkularitzen eta kanpo-zerbitzu puntualen kontratazioari lotutako gastuak ez dira atal honetan sartuko. Ez eta programaren kudeaketa eta funtzionamendu orokorreko langileen kontratazioari lotutako gastuak ere.

Atzerrian diren langileen parte-hartzea aurreikusiz gero, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean argitaratutako ereduaren arabera. Betiere tokiko giza baliabideen lehentasuna errespetatu beharko da.

f) Ebaluazio-, ikuskaritza- eta sistematizazio-gastuak.

Esku-hartzearen ebaluazioarekin, ikuskaritzarekin eta sistematizazioarekin erlazionatuak. Gastu horiek programa amaitu ondorengo sei hilabeteetan egin ahalko dira.

Atal honetan jasotako gastuen artean, kanpo-auditoretza eta -ebaluazioa edo mistoa egiteko kanpo-zerbitzuak kontratatzeari lotutakoak daude, baita sistematizazio-lanak egiteko langileak kontratatzeari lotutakoak ere. Horrez gain, ebaluazio-, auditoretza- eta sistematizazio-lanei lotutako bidaia- eta egonaldi-gastuak ere jasotzen dira, bai lan horiek egiten dituzten langileentzat, bai zeregin horietan parte hartzen duen xede-biztanleriarentzat; emaitzak zabaltzeari eta sozializatzeari eta kontuak emateari lotutako gastuak ere jasotzen dira.

g) Kudeaketa-gastuak Hegoaldean.

Hegoaldeko herrialdeetako elkarteko erakundeek programaren kudeaketan eta funtzionamendu orokorrean dituzten gastuak.

Atal honetan jasotako gastuen artean, honako hauek daude: programaren kudeaketa, jarraipen eta funtzionamendu orokorrerako langileak kontratatzeari lotutakoak, higiezinen alokairua, zerbitzu publikoen ordainketa eta erakundeen funtzionamendu orokorrerako ekipo eta materialen erosketa edo alokairua, jardueren eta helburuen jarraipena egiteko bidaia eta egonaldien gastuak eta banku-gastuak.

h) Kudeaketa-gastuak Iparraldean.

Hegoaldeko herrialdeetakoak ez diren elkarteko erakundeek programaren kudeaketan eta funtzionamendu orokorrean dituzten gastuak.

Iparraldeko kudeaketa-gastuetarako gehieneko muga aurreikusitako gainerako gastuen baturaren ondoriozko zenbatekoaren % 5 eta % 9 artekoa izango da. Muga hori deialdiaren ebazpenean zehaztuko da.

Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izango atal honetan aurreikusitako gastuak bereiztea, eta justifikatutzat joko dira gainerako gastuak justifikatzen direnean eta exekuzio-fasean konprometitutako ekintzak garatzen direnean.

4.– Gastuak zuzen sailkatzeko eta egozteko, bai aurrekontuan, bai justifikazio-kontuetan, aurreko puntuetan adierazitakoa bete beharko da.

5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean –indarrean dago gaur egun– ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora), gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, zerbitzuon ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago aski erakunderik haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta dirulaguntzaren aurretik egin bada gastua. Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

6.– Exekuzio-faserako, Euskal Autonomia Erkidegoan herritar kritikoak sortzera bideratutako jarduerekin zuzenean lotutako gastuetarako gehieneko muga eskatutako zenbateko osoaren % 15 eta % 30 artekoa izango da. Muga hori dagokion deialdiaren ebazpenean zehaztuko da.

12. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Elkarteko erakundeek hirugarrenekin itundu ahal izango dute identifikazio-fase osoaren garapena.

2.– Betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie elkarteko erakundeei eta kontratistei.

13. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoetatik aurkeztu beharko dituzte identifikazio- eta exekuzio-faseetarako eskaerak eta dokumentazioa. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak Eskabide hori ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman ahal izango du, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

2.– Eskaera osteko izapideak egiteko bitarteko elektronikoak erabiliko dira soilik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunearen bidez.

3.– Identifikazio-fasean lehiatzeko, erakunde eskatzaileek eskaera aurkeztu beharko dute. Horrekin batera, programen profilak aurkeztuko dituzte, dagozkien eranskinekin, deialdiaren ebazpenean onartutako inprimakien bitartez. Programaren profila laburpen-dokumentu bat da, proposatutako esku-hartzea eta parte hartzen duten eragileak oro har azaltzera orientatzen dena. Besteak beste, honako hauei buruzko informazioa izango du: kokapena, testuingurua, helburuak, xede-biztanleria, programaren lan-ildo eta -estrategiak eta aurrekontua, bai eta programa garatzeko erakundeen elkartzea eta planteatutako identifikazio-prozesua ere.

Eskaeran, identifikazio-faserako eskatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, eta exekuzio-faserako eskatzea aurreikusten dena. Bi kasuetan, elkartzea osatzen duten erakundeei kudeatzea dagokien ehunekoa adieraziko da.

Eskabidearekin batera, 5.,6. eta 7. artikuluetan adierazitako betekizunak ere egiaztatu beharko dira, artikulu horietan ezarritako baldintzetan.

4.– Exekuzio-fasean lehiatzeko, azken identifikazio-deialdian dirulaguntzaren onuradun izan ziren erakundeek dagokien eskaera aurkeztu beharko dute. Horrekin batera, programen behin betiko dokumentuak aurkeztuko dituzte, dagozkien eranskinekin, deialdiaren ebazpenean zehaztuko diren formatuen arabera. Programaren behin betiko dokumentuak dokumentu xehatuak dira, behin identifikazioa egin ostean prestatuak, eta jorratuko diren arazoak eta horretarako aurreikusten den esku hartzeko estrategia xehetasun handiz deskribatzen dituztenak. Profiletan adierazitako puntuak zehazteaz gain, besteak beste honako hauei buruzko informazioa izango dute: garatutako identifikazio-prozesua, aurkeztutako profilarekiko egindako aldaketak, planteatutako helburuak eta jarduerak, eta horiek garatzeko eskuragarri dauden metodologia eta baliabideak.

7.5 artikuluan planteatutako kasuan, eskaerak egokitzat jotzen diren betekizunen egiaztapena jaso beharko du.

Eskaeran, elkartzea osatzen duen erakunde bakoitzak exekuzio-faseko dirulaguntzatik zenbat exekutatu behar duen adieraziko da.

5.– Identifikazio-faseko deialdian dirulaguntzen onuradun izan arren, exekuzio-faseko ondo-ondoko deialdian dirulaguntzen esleipendun izan ez diren erakundeek berriz aurkeztu ahal izango dute eskabidea, baina exekuzio-faseko hurrengo deialdian bakarrik. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Lehenago egiaztatu den egoerarekiko egon den edozein aldaketari dagokion dokumentazioa.

b) Programaren behin betiko dokumentu eguneratua, dagozkion eranskinekin, deialdiaren ebazpenean zehaztuko diren formatuen arabera.

6.– Identifikazio-fasean parte hartzeko eskabideak, eskatutako dokumentuekin batera, identifikazio-faserako deialdiaren ebazpenean ezarritako epeetan aurkeztuko dira.

7.– Exekuzio-fasean parte hartzeko eskabideak, eskatutako dokumentuekin batera, exekuzio-faserako deialdiaren ebazpenean ezarritako epeetan aurkeztuko dira.

8.– Profilen aurrekontuak eta programaren behin betiko dokumentuak eurotan eta programak garatu nahi diren herrialdeko edo herrialdeetako legezko monetetan aurkeztuko dira. Eurotan kalkulatzeko, Europako Banku Zentralak edo dagokion herrialdeko edo herrialdeetako Banku Zentralak ezarritako truke-tasa hartuko da kontuan. Kontuan hartu beharreko truke-tasaren data honako hau izango da:

a) Profilen aurrekontuetarako, identifikazio-faseko deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunari dagokiona.

b) Programaren behin betiko dokumentuen aurrekontuetarako, exekuzio-faseko deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunari dagokiona.

14. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Eskaeretan, atal bat eskainiko zaie erantzukizunpeko adierazpenei, eta atal horretan honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

1) Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu dizkiela beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuei, eta, hala badagokio, jaso dituela.

2) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluak aurreikusitako ezein egoeratan ez egotea.

3) Egon edo ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehapen-prozeduretan. Halako prozeduraren batean badago, adierazi beharko du zer prozedura den.

4) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

5) Ez zaio ezarri laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ez du halakorik eskuratzeko legezko debekurik; ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuagatiko diskriminazioa zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak, eta LGTBIfobia egin, sustatu edo hauspotzeagatik edo bihurketa-terapiak egin edo sustatzeagatik ezarritakoak, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

6) Ez egotea Ekonomia Zirkular baterako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan aurreikusitako egoera eta kasu bakar batean ere.

7) Eskaeran eta aurkeztutako gainerako agirietan emandako datuen egiazkotasuna eta zehaztasuna aitortzea, eta hala ez bada, dagokion ardura hartzea, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 28.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

8) Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez pertsona bat kontratatzen dela bermatzea exekuzio-fase guztian programa kudeatzeko, horrek dirulaguntza jasotzen baldin badu.

9) Identifikazio-faseko deialdian dirulaguntzaren onuradun izanez gero, dagokion eskaera aurkeztu beharko du ondo-ondoko exekuzio-faseko deialdian parte hartu ahal izateko.

10) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Adierazpen hori egin ezean, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

15. artikulua.– Laguntzak bideratu eta kudeatzea.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eginkizuna izango da laguntzen azterketa teknikoa egitea eta kudeaketa-zereginak betetzea.

16. artikulua.– Aurkeztutako eskaerako akatsen zuzenketa.

Eskaerak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo eskatutako agiri guztiak ez baditu entregatzen, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.

17. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Bai identifikazio-fasean, bai exekuzio-fasean, aurkeztutako proposamenak aztertu eta baloratzeko, Hautaketa Batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira kideak:

a) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeko presidentea izango da.

b) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako goi-mailako bi teknikari; bietako batek egingo ditu batzordeko idazkari-lanak.

2.– Deialdiaren ebazpenetan ordezkapenak aurreikusi ahal izango dira, karguak hutsik badaude, titularrak bertaratzen ez badira, gaixorik badaude edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada ordezkoak izateko.

3.– Hautaketa Batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa ematekorik ez.

4.– Batzordeak edozein erabaki hartzeko, kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko da.

18. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Identifikazio-fasean lehiatzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eskaerak baloratuko dira hurrengo irizpideen arabera, eta 100 puntuko puntuazioa jaso ahal izango dute, guztira:

a) Proposamenaren egokitasuna (15 puntura arte).

Proposamenaren egokitasuna baloratuko da, honako alderdi hauei erreparatuta: garatzen den testuingurua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak laguntzen dituen prozesuak eta indarrean dauden plangintza-tresnetan ezarritako lehentasunak.

b) Ikuspegi lokal-globala txertatzea (70 puntura arte).

Proposamenean ikuspegi lokal-globala barne hartzea baloratuko da, programen elementu bereizgarriak erreferentzia gisa hartuta.

c) Planteatutako identifikazio-prozesua (15 puntura arte, soilik aurreko apartatuek gutxienez 40 puntu batu dituzten kasuetarako).

Diruz lagunduko den identifikazioaren eta aurkeztutako profilaren artean koherentzia egotea baloratuko da, baita bideragarritasunari loturiko analisi-elementuak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lehenesten dituen zeharkako ikuspegiak integratuta izatea ere.

2.– Exekuzio-fasean lehiatzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eskaerak baloratuko dira hurrengo irizpideen arabera, eta 100 puntuko puntuazioa jaso ahal izango dute, guztira:

a) Esku-hartzearen edukiak (40 puntura arte).

Esku-hartzearen egokitasuna, koherentzia eta bideragarritasuna baloratuko dira. Halaber, aurkeztutako profilarekin duen konexioa eta egindako identifikazio-prozesua aztertuko dira.

b) Ikuspegi lokal-globala eta zeharkako ikuspegiak esku-hartzearen estrategian txertatzea (60 puntura arte).

Ikuspegi lokal-globala txertatzea baloratuko da, baita eskaera egiten den unean indarrean dauden garapenerako lankidetzako plangintzetan ezarritako zeharkako ikuspegiak txertatzea ere.

3.– Balorazio-irizpide horiek deialdi-ebazpenetan zehaztuko dira.

19. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Laguntzak dekretu honetan zehaztutako hautaketa-prozesuarekin, balorazio-irizpideekin eta dagozkien deialdi-ebazpenekin bat etorriz esleituko dira. Betiere, ezarritako betekizun guztiak betetzen dituzten eskaerak bakarrik lagunduko dira diruz, bideragarriak direnak eta genero-ikuspegia jasota dutenak, eta gutxienez 50 puntu eskuratzen dituztenak, diruz lagun daitekeen fase bakoitzeko deialdiaren ebazpenean ezarritako aurrekontu-zuzkiduraren mugara iritsi arte, gehienez ere.

2.– Deialdiaren ebazpenak Afrikan garatuko diren ekimenei eman beharreko laguntza-kopuruaren edo funtsen erreserba bat zehazten badu, eremu geografiko horri atxikitako eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, ezarritako aurreikuspena bete arte, betiere aurreko puntuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta puntuazio handiagoa izan arren eremu horretan garatzen ez diren eskaerak kentzearen kontura. Ezarritako laguntza-kopuruaren edo funtsen erreserbara iristen ez bada, beste eremu geografiko batzuetan kokatutako eskaerei esleitu ahal izango zaizkie laguntzak.

3.– Bai identifikazio-fasean, bai exekuzio-fasean, partzialki baietsiko da deialdian ezarritako kreditua nahikoa ez delako baietsi ezin diren eskaeren artean puntuaziorik onena lortu duen eskaera, eta horren zenbatekoa txikitu egingo da, erabilgarri dagoen zenbatekora iritsi arte. Exekuzio-fasearen kasuan, zenbateko hori deialdiaren ebazpenean ezarritako gutxienekoa baino handiagoa izan beharko da.

20. artikulua.– Emateko ebazpena.

1.– Bai identifikazio-fasean, bai exekuzio-fasean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, Hautaketa Batzordearen proposamena ikusita, eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du.

2.– Ebazpen horiek ez diote bukaera emango administrazio-bideari, eta horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako presidenteari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Identifikazio- eta exekuzio-faseetarako dirulaguntzak emateko ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta argitalpen hori jakinarazpena dela ulertuko da. Hala ere, informazioa emate aldera, ebazpenen komunikazio elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez ere egingo dira.

Ebazpenetan onartutako eta diruz lagundutako eskaeren zerrenda zehaztuko da eta, horietako bakoitzean, lortutako puntuazioa eta onartutako dirulaguntza adieraziko dira, baita emandako laguntzaren zenbateko globala ere. Halaber, ezetsitako edo baztertutako eskaeren zerrenda jasoko da, baita ezestea edo baztertzea eragin duten arrazoiak ere.

4.– Bai identifikazio-fasean, bai exekuzio-fasean, kasuan kasuko prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi bakoitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Epe hori igaro ostean, eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu ahalko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onetsi zuenaren– 51.9 artikuluarekin bat.

21. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Dekretu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea, bai identifikazio-fasean, bai exekuzio-fasean; horretarako, hamar egun balioduneko epea izango dute, dirulaguntza emateko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ezarritako epean ez bada espresuki onartzen, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ulertuko du dirulaguntza ez dela onartu; beraz, zenbateko hori partzialki baietsi zen eskaerara bideratuko da, 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortu ez balitz esleituko litzaiokeen dirulaguntzara heldu arte. Behin zenbateko horretara heldutakoan, soberakina, halakorik baldin badago, funtsak agortzeagatik esleipendun izan ez den puntuazio handieneko hurrengo eskaerara bideratuko da, betiere dekretu honetan aurreikusitako betekizunak betetzen baditu eta zenbateko hori deialdiaren ebazpenean ezarritako gutxienekoa baino handiagoa bada.

b) Exekuzio-faserako laguntza onartzen dutenean, exekuzioa hasteko eta amaitzeko datak adierazi beharko dituzte erakunde onuradunek. Betiere, hasiera-datak 6.3.b) artikuluan ezarritakoa bete beharko du.

2.– Identifikazio-faseko deialdian dirulaguntzaren onuradun diren erakundeek, nahitaez, dagokion eskaera aurkeztu beharko dute ondorengo exekuzio-faseko deialdian lehiatzeko.

Betebehar hori bete ezean, identifikazio-faserako jasotako dirulaguntza itzuli beharko dute.

22. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Dekretu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste laguntza batzuekin, helburu bera badute.

2.– Beste administrazio publiko edo erakunde pribatu edo publiko batzuek, estatukoak edo nazioartekoak izan, emandako dirulaguntzekin bat eginez gero, laguntza horien zenbatekoa ez da izango erakunde onuradunek garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

3.– Gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako laguntzari kenduko zaio garatu beharreko jardueraren kostua gainditzen duen zenbatekoa.

23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntzak ondoren zehazten den moduan ordaindu beharko dira:

1.– Programen identifikazio-fasea ordainketa bakarrean ordainduko da, laguntza onartu ondoren.

2.– Programen exekuzio-fasea jarraian adierazten den eran ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa, diruz lagundutako zenbatekoaren % 50ekoa, laguntza onartu ondoren egingo da.

b) Bigarren ordainketa, falta den zenbatekoarena, emandako dirulaguntzaren % 25 justifikatu denean egingo da, exekuzio-faserako laguntza onartu den aurrekontu-ekitaldiaren hurrengoa amaitu baino lehen betiere.

3.– Erakundeek zuzen jokatu beharko dute funtsak erabiltzean; horrela, esku-hartzearen xedeak betetzeko baino ez dituzte aplikatuko, eta horien trazabilitatea bermatuko dute.

4.– Erakunde onuradunei laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

24. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Identifikazio-faseko justifikazioa sei hilabeteko epearen barruan egingo da, fase horretarako laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Horretarako, justifikazio-kontu bat aurkeztu behar da –gastu-egiaztagiriak erantsita–, zeina honako dokumentu hauez osatuta egongo baita:

a) Azalpen-memoria bat, identifikazioaren emaitzak eta helburuak bete direla zehazten duena.

b) Finantza-memoria bat, aurrekontu-exekuzioa zehazten duena.

2.– Exekuzio-fasea justifikatzeko, egindako gastuaren justifikazio-kontu hauek aurkeztuko dira:

a) Tarteko justifikazio-kontu bat –gastu-egiaztagiriak erantsita–, emandako dirulaguntzaren % 25 exekutatu ostean aurkeztu beharko dena, eta exekuzio-faserako laguntza onartu ondorengo aurrekontu-ekitaldia amaitu baino lehen.

Justifikazio-kontu horretan honako agiri hauek sartuko dira:

– Azalpen-memoria bat, esku-hartzearen emaitzak eta helburuak bete direla zehazten duena.

– Finantza-memoria bat, aurrekontu-exekuzioa zehazten duena.

b) Azken justifikazio-kontua –ikuskaritza-txostena erantsita–, programa amaitu eta ondorengo sei hilabeteetan aurkeztu beharko dena.

Justifikazio-kontu horretan honako agiri hauek sartuko dira:

– Azalpen-memoria bat, esku-hartzearen emaitzak eta helburuak bete direla zehazten duena.

– Finantza-memoria bat, aurrekontu-exekuzioa zehazten duena.

– Programaren azken ebaluazio-txostena.

– Kontu-ikuskaritzaren txostena, programaren exekuzio-fase guztirako, ikuskari edo kontu-ikuskaritzako erakunde batek edo gehiagok egina, eta xedeko herrialdeetako araudiekin bat datorrena. Ikuskaritza-txostena zenbait txosten partzialez osatuta ere egon daiteke; xedeko herrialde bakoitzeko bana.

3.– Kontu-ikuskariek jardule gisa egon behar dute erregistratuta Kontu Kontabilitate eta Auditoretza Institutuaren mendeko Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean. Kontu-ikuskaritzaren txostena atzerrian egiten bada, herrialde horretan edo herrialde horietan jarduleak diren kontu-ikuskariek egin ahalko dute, baldin eta kontu-ikuskaritzan aritzeko gaikuntza-araubide bat baldin badute. Gaikuntza-sistemarik ez badago, herrialdean ezarritako kontu-ikuskariek egin ahal izango dute txostena, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak izendatzen baditu, edo Agentziak berresten baditu, erakunde onuradunak hala proposatu ondoren.

4.– Kontu-ikuskaritzaren txostena egitea ezinezkoa bada, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak baimena eman ahalko du, esku-hartzea garatzeko testuinguruaren arabera eta erakunde onuradunak behar bezala arrazoitutako justifikazioa eman ondoren, dirulaguntzaren guztizko edo zati bateko justifikazioa justifikazio-kontuaren modalitatean egin dadin, gastuen egiaztagiriak erantsita, baina kontu-ikuskaritzaren txostenik gabe.

5.– Justifikazio-kontu hori bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean argitaratutako ereduekin.

6.– Gastuen egiaztagiriak merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten dokumentuak edo fakturak izango dira. Programak garatzen diren lekuen zirkunstantzien ondorioz ezin bada fakturarik lortu, ordainagiriak erabili ahal izango dira justifikatzeko.

25. artikulua.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Exekuzio-faserako dirulaguntza jasotzen duten programetan, Jarraipen Batzorde Misto bat sortuko da. Horretan, pertsona bat egongo da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia ordezkatzen, eta erakunde onuraduna ordezkatzen duen pertsona bat ere egongo da.

Halaber, beste pertsona batzuek ere parte hartu ahalko dute, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, elkarteko erakundeak edo xede-biztanleria ordezkatzen, baita egokitzat jotzen den beste edozeinek ere.

2.– Jarraipen Batzorde Mistoa gutxienez urtean behin bilduko da exekuzio-fasean, baita programa amaitutakoan eta azken justifikazio-kontua aurkeztutakoan ere. Aurrekoari eragin gabe, batzordea bertako kideek nahi adina aldiz bildu ahal izango da.

3.– Exekuzio-fasean, Jarraipen Batzorde Mistoa egin aurretik, erakunde onuradunak aurreko urtean egindako ekintzen txosten sintetikoa entregatu beharko dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari urte natural bakoitzeko lehenengo bi hilabeteetan, baita urte horretan egin beharreko ekintzen kronograma bat ere.

26. artikulua.– Abaletik salbuestea.

Gobernu Kontseiluak baimendu ondoren, 180.303,63 eurotik gorako zenbatekoa duten ordainketa aurreratuetan ez da aurkeztu beharko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duenak) 2. artikuluan arautzen duen abala edo fidantza.

27. artikulua.– Ondasunak dirulaguntzen xedeetara lotzea.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketarekin eskuratutako ondasun guztiak eta horiek sortzen dituzten dibidenduak formalki lotu behar dira egindako esku-hartzearen xedeetara. Duten izaeraren arabera, erositako ondasunak, esku-hartzea amaitutakoan, xede-biztanleriaren jabetzakoak izango dira eta, halakorik ezean, kasuan kasuko elkarteko erakundeen jabetzakoak. Edozein kasutan, ondasunen jabetza behar bezala egiaztatuta eta azalduta utzi behar da azken justifikazio-kontuan, eta batzorde mistoen esparruan baloratu ahalko da, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak aldaketak proposatu ahalko ditu.

28. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzak eskuratzeak, edo helburu berbera lortzeko beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzeak, dirulaguntza emateko ebazpenak aldaraz ditzakete, betiere dirulaguntzaren onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira.

2.– Ondorio horietarako eta 17. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoaren proposamenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak ebazpena emango du emandako dirulaguntzen kopuruak berriro egokitzeko.

3.– Emandako dirulaguntza handitzea ekar dezaketen baldintza-aldaketek ez dute eragingo hasiera batean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzerik.

29. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Laguntzaren erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan edo dekretu honen 21. artikuluaren 2. puntuan aurreikusitako betebeharren bat betetzen ez badu, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura gauzatu ondoren, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du.

2.– Gainera, emandako laguntza ordaindu bada, bidezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra adieraztea, bai eta dirulaguntzen arloan berandutze-interesa eskatzea ere, dirulaguntza ordaintzen denetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

3.– Hori guztia, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutakoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

4.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

30. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura, ezarritako baldintzak eta betebeharrak urratu direnean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003 Legean) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituenean) ezarritako eran egingo da. Hau da:

a) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde onuradunari, eta hamabost eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe bukatu ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak bukatutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez.

c) Ebazpenak ez-betetzeren bat egon dela adierazten badu, osoa edo zati batekoa, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta jasotako zenbatekoak eta aplikatu beharreko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da ebazpenean bertan. Jakinarazpena egiten den egunetik bi hileko epea bukatu baino lehen itzuli beharko da dirua. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

d) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

e) Hamabi hilekoa izango da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.

31. artikulua.– Aldaketak esku-hartzeetan.

1.– Erakunde onuradunak baimen-eskaera bidali beharko dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari, programaren garapenean funtsezko aldaketa oro egin aurretik.

2.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariak, hala badagokio, aldeko ebazpena eman ostean, eskatutako funtsezko aldaketak egin ahalko dira.

3.– Funtsezko aldaketatzat hartzen dira, betiere, xede eta emaitzei, kokapenari, programa kudeatzeko eta garatzeko elkartzea osatzen duten erakundeei eta xede-biztanleriari buruzkoak. Era berean, funtsezkotzat hartuko dira programaren exekuzio-fasean hiru hilabetetik gorako luzapenak pilatzea eta aurrekontu-sailetan egindako edozein aldaketa, aurrekontuan jasotakoaren % 10etik gorakoa bada, 6.000 eurotik gorako aldeak sortzen badituzte soilik.

4.– 19.3 artikuluan adierazitako kasuan, erakunde onuradunak esku-hartzea birformulatu egin beharko du esleitutako zenbatekoaren arabera, eta birformulatutako esku-hartzea hamabost eguneko epean jakinarazi Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari.

5.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak emango du proposatutako aldaketei buruzko ebazpena eta, aldaketa egiteko eskaera ukatuz gero, hasieran ezarritako baldintzetan jarraitu beharko dute programa garatzen erakunde onuradunek.

6.– Exekuzio-fasean hiru hilabetetik beherako luzapenak badaude, ez da beharko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren aurretiazko baimenik, baina jakinarazi eta justifikatu egin beharko dira, hasierako exekuzio-epea amaitu aurretik.

32. artikulua.– Kontrola.

1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Zuzendaritzak aldian behin azter dezake aurreikusitako jarduerak Dekretu honetako helburuei egokitzen zaizkien, behar diren neurri zuzentzaileak finka ditzake, eta egoki iritzitako egiaztapenak egin, laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko. Gainera, hala eskatuz gero, dirulaguntza justifikatzeko dokumentazio guztia eskuratu ahal izango du.

2.– Erakunde onuradunak behartuta daude dagokion deialdiaren kargura jasotzen dituzten dirulaguntzen inguruan Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren zereginak betetzen ari direla, eskatzen dieten informazioa ematera.

3.– Prozesuaren garapenaren egiaztapen bat egiten denean, erakunde onuradunak bermeak eta erraztasunak emango ditu ekintza egiten ari den tokira eta higiezinetara sartzeko, baita ekintzari dagozkion liburu, kontu eta egiaztagiriak eskuratzeko ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen da apirilaren 3ko 57/2007 Dekretua, Garapenerako Lankidetzaren Funtsaren konturako programetarako laguntzak arautzen dituena, baita dekretu honetan ezarritakoaren aurka egiten duen maila bereko edo baxuagoko beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aurreikusitakoaz gain, arau hauek aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak garatua; edo horiek ordezten dituzten lege eta Dekretuak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala