Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2024ko urtarrilaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
102

119/2023 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin eta Josep Carreras Fundazioarekin sinatutako hitzarmena, leuzemiaren aurka borrokatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin eta Josep Carreras Fundazioarekin sinatutako hitzarmena, leuzemiaren aurka borrokatzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 28a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 28KO 119/2023 EBAZPENARENA.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO OSASUN SAILAREN, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ETA LEUZEMIAREN AURKAKO BORROKARAKO JOSEP CARRERAS FUNDAZIOAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 28an.
BILDU DIRA:

Alde batetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko sailburua, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4. artikuluak aitortzen dizkion eskumenak baliatuz.

Beste aldetik, María Rosa Pérez Esquerdo andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko (aurrerantzean, Osakidetza) zuzendari nagusia, haren izenean eta hura ordezkatuz jarduteko gaitua, 255/1997 Dekretuarekin bat etorriz (ente publikoaren estatutuak ezartzen dituena), estatutu horien 11. artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuz.

Eta, azkenik, Calixto Mut Terrés-Camaló jauna, leuzemiaren aurkako borrokarako Josep Carreras Nazioarteko Fundazioaren patronatuko idazkari gisa eta erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz. Fundazioa Bartzelonan sortu zen 1988ko uztailaren 14an, Kataluniako Generalitateko Fundazio Pribatuen Erregistroan 424 erregistro-zenbakia du (IFK: G58734070), Patronatuak 2021eko martxoaren 10ean hartutako erabakiaren indarrez dituen ahalmenekin bat dator, eta 2021eko apirilaren 9an Blanca M.ª García Oquedo andreak Kataluniako Notario Elkargoaren aurrean sinatutako eskrituran (protokoloko 860 zenbakia) aurkeztu zen jendaurrean.

Sinatzaile guztiek, dagokien kargua betez dihardutela, hitzarmen hau sinatzeko behar den lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, honako hau:

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Indarrean dagoen araudia aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan honako eskumen hauek gauzatzea: plangintza eta antolamendu sanitarioa; osasun publikoa eta elikagaien eta ingurumenaren osasunaren babesa; zaintza epidemiologikoa; farmaziako antolamendua; adikzioen kudeaketa; sailari atxikitako edo haren mendeko erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeen eta erregelamenduen arabera; bai eta legeek eta erregelamenduek esleitzen dizkieten ahalmen guztiak ere.

Bigarrena.– Osakidetza Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publiko bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-zerbitzuak emateaz arduratzen da. Bere jardueraren ardatzak osasuna sustatzea, gaixotasunak prebenitzea, sendatzea eta errehabilitazioa dira, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen (ekainaren 26ko 8/1997 Legea) xedapenekin, Estatuko Osasun Zorroa ezartzen duen Errege Dekretuarekin (irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretua) eta estatuko eta autonomia-erkidegoko gainerako arauekin bat etorrita.

Aurrekoa kontuan hartuta, Osakidetzaren asistentzia-funtzioen artean dago organoak, zelulak eta ehunak erauztea eta transplantatzea, bai eta zelula ama hematopoietikoen emaileei, dagokien erregistroetan sartutakoei, buruzko informazioa kudeatzea ere.

Hirugarrena.– Leuzemiaren aurkako borrokarako Josep Carreras Nazioarteko Fundazioak (aurrerantzean, «Fundazioa») mantentzen eta kudeatzen du Hezur-muin Emaileen Erregistroa (aurrerantzean, «REDMO»), Osasun eta Kontsumo Ministerioak aitortua. Erregistroa Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren, Josep Carreras Fundazioaren eta Estatuko Transplanteen Erakundearen arteko hitzarmenaren arabera egin da, zeina ahaidetasunik gabeko zelula ama hematopoietikoen transplanteen programa garatzekoa den, 1994ko ekainaren 13koa, aldian-aldian berritua, dagozkion arau-aldaketekin; azken aldaketa 2021-06-02an egin zen, alde horien artean sinatutako jatorrizko hitzarmenari erantsita (2021eko ekainaren 14ko BOEn argitaratua).

Laugarrena.– Osasun Ministerioaren, Fundazioaren eta Transplanteen Estatuko Erakundearen (ONT) artean eginiko eta indarrean dagoen hitzarmenak, ahaidetasunik gabeko zelula ama hematopoietikoen transplanteen programa garatzekoak, bigarren klausulan honakoa ezartzen du: alde batetik, lankidetza-hitzarmenak sinatu beharko direla jarduera garatu nahi den autonomia-erkidegoetako agintaritzekin hezur-muinaren dohaintzari buruzko informazio-kanpainak egiteko; eta, bestetik, Osasun Ministerioaren eta Josep Carreras Fundazioaren artean sinatutako hitzarmenari heldu nahi dioten autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuek gerora hitzarmen bat sinatu beharko dutela Fundazioarekin, hitzarmen horren oinarriari eta printzipioei, baldintza teknikoei eta horiek lortzeko aplikatu beharreko neurriei, beharrezko baliabide ekonomikoei eta organoen garapenaren arduradunei buruzkoa.

Bosgarrena.– Osasun Sailak, Osakidetzak eta Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 1996an, zenbait urtez isilbidez berritua, Euskal Autonomia Erkidegoan REDMOren garapena bermatzeko.

Ildo horretan, hiru aldeek sinatutako hitzarmen bakar batek interes konkurrente guztiak ase ditzakeela uste da.

Seigarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea) indarrean sartzeak asko aldatu zuen 1996ko hitzarmenaren indarraldi-araubidea. Lege horrek debekatu egiten zituen luzapen automatikoak 2020ko urritik aurrera. Hori dela-eta eta urteekin gomendagarritzat jo diren beste zehaztapen batzuk direla-eta, beste hitzarmen bat idazteko beharra dago. Hitzarmen berri hori erakunde sinatzaileek hezur-muineko dohaintzak bultzatzeko eta Hezur-muin Emaileen Erregistroaren funtzionamenduan laguntzeko zehaztapenak eta baldintzak arautzeko izango da.

Horren aurrean, aldeek, hitzarmen honen bidez, horietako bakoitzari esleitutako funtzioak garatzeko helburuak, jarduerak eta bitartekoak zehaztu nahi dituzte, borondatezko emaileak kudeatzeko eta ahaidetasunik gabeko emaileen zelula ama hematopoietikoen transplante bat behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteei osasun-arreta hobea emateko.

Eta, hortaz, adostu egiten dituzte honako

KLAUSULAK.

Lehenengoa.– 1.– Osakidetzak eta Fundazioak, bakoitzari dagokion eskumenen esparruan, behar diren ekintzak egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan Hezur-muin Emaileen Erregistroa (REDMO) garatzeko.

2.– Osakidetzak eta Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta zelula ama hematopoietikoen transplante bat behar duten pazienteen osasun-arreta hobetzen lagunduko dute, honako ekintza hauen bidez:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan zelula ama hematopoietikoen borondatezko dohaintza sustatzea, Fundazioarekin eta Osasun Sailarekin lankidetzan.

2.– Osasun Zerbitzuko zentroetako histokonpatibilitateko laborategiak baliatzea, emaile izateko hautagaiei HLA tipifikazioa egiteko.

3.– Emailearen datu pertsonalak eta bere HLA tipifikazioa Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratzea.

4.– Ahaidetasunik gabeko emaileen datuetako informazioaren kalitatearen etengabeko hobekuntza sustatzea.

3.– Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hezur-muin emaileen behar beste kanpaina masibo bultzatuko ditu Euskadin, batez ere Josep Carreras Fundazioak eskatzen dizkionak.

4.– Fundazioak, gainera, HLA proteinaren tipifikazioan lagunduko du, autonomia-erkidegoak hala eskatuta, inolako fakturaziorik gabe.

Bigarrena.– Osakidetzak, Transplanteen Koordinazio Autonomikoaren bidez, Fundazioari jakinaraziko dio zein diren dagozkion analisiak egin ahal izateko emaileen erreferentzia-zentroak eta akreditatutako laborategiak. Era berean, identifikatu eta jakinaraziko ditu borondatezko emaileak bilatzeko baimendutako zentroak edo zilbor-hesteko odol-unitate bateragarriak, odol periferikoaren eta hezur-muinaren zelula ama hematopoietikoak lortzeko, eta ahaidetasunik gabeko emaileen transplante hematopoietikoak egiteko baimendutako ospitale-zentroak.

Hainbat prozesutan inplikatutako erakundeek (emaileen zentroak, erauzketa-/bilketa-zentroak eta transplante-zentroak) Osakidetzak ezarritako gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Hezur-muina Emateko Estatuko Planean eta Zilbor-hesteko Odolaren Estatuko Planean zehaztutako gutxieneko kalitate-estandarrak eta Lurralde arteko Osasuneko Kontseiluko Estatuko Transplanteen Batzordean onartzen diren ebazpenak ere. Era berean, zentroaren eta Fundazioaren arteko lankidetza-akordioak sinatu beharko dituzte, uztailaren 4ko 9/2014 Errege Lege Dekretuak eskatzen duen moduan.

Osakidetzak arduratu behar du bere zentroek indarrean dauden akreditazio-baldintzak betetzen dituztela bermatzeaz, eta, hala egin ezean, ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio REDMOri, behar diren neurriak har ditzan.

Hirugarrena.– Osakidetzako Transplanteen Koordinazio Autonomikoak edo hark eskuordetzen duen unitate edo zerbitzuak jasoko ditu autonomia-erkidegoko zentroetatik datozen transplanteetarako zelula ama hematopoietikoen emaileak bilatzen hasteko eskaerak, eta Fundazioari helaraziko dizkio, bilatzen hasteko.

Osakidetzako Transplanteen Koordinazio Autonomikoaren edo hark eskuordetzen duen unitate edo zerbitzuaren baimen espliziturik ezean, ez da hasiko emaileen bilaketarik.

Ahaidetasunik gabeko emaileak bilatzeko, Estatuko Osasun Sistemak, Lurralde arteko Kontseiluko Transplanteen Batzordearen mendekoa den Zelula Ama Hematopoietikoen Azpibatzordearen bidez, zehazten dituen jarraibideak bete beharko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren gaixoentzat bateragarriak diren zelula ama hematopoietikoak bilatzeko eta lortzeko kudeaketa REDMOri egokituko zaio. Bilaketa-prozesuan, REDMOren funtzionamendua organo eta ehunak erauzteari eta transplantatzeari buruz indarrean dagoen araudiaren araberakoa izango da, bai eta hura partaide den emaileen erregistroen munduko elkartearen (World Marrow Donor Association, aurrerantzean «WMDA») kalitate-estandarren araberakoa ere.

Bilaketa hasteko eskaeren aipamena ez badago jasota SHTko adituen komiteak onartutako ahaidetasunik gabeko emailea bilatzeko jarraibideen dokumentuan, Osakidetzako Transplanteen Koordinazio Autonomikoak, edo hark eskuordetzen duen erakundeak, eskaera bidaliko dio Transplanteen Estatuko Erakundeari, eta hark Zelula Ama Hematopoietikoen Transplanteen Adituen Batzordeak balioesteko bidaliko du.

Bilaketarako ezarritako denbora igarotakoan ez bada emaile aproposik aurkitu (borondatezko emaileak bilatzeko gutxieneko eskakizunen dokumentuan definitutakoaren arabera), REDMOk jakinaraziko du bilaketa bertan behera uzten duela. Pazientearen ardura duen ospitaleak, une horretan bertan edo denbora bat igaro ostean, bilaketa berriz hasteko eska dezake, behar bezala arrazoituta eta Transplanteen Koordinazio Autonomikoaren edo hark eskuordetzen duen unitate edo zerbitzuaren oniritziarekin.

Laugarrena.– Osakidetzako Transplanteen Koordinazio Autonomikoak eta Euskadiko transfusio-medikuntzako zentroek HLA proteina tipifikatzeko emaileen informazioko, zitazioko, elkarrizketa pertsonalizatuko eta erregistroko prozedura finkatuko dute, PNDMOk ezartzen duen moduan.

Euskal Autonomia Erkidegoko emaile efektibo baten zelula ama hematopoietikoak lortu behar badira, Osakidetzak, borondatezko emaileen hezur-muina edo odol periferikoa eskuratzeko baimena duten zentroen bidez, horiek lortuko ditu, paziente hartzailearen jatorrizko zentroarekin lankidetzan, REDMOren koordinazioaren bidez.

Bosgarrena.– Erakunde sinatzaileek Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Legea (abenduaren 5eko 3/2018 Legea) betetzera eta Datuen Babeseko Erregelamendu Orokorrean (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua) ezarritakoa betetzera behartzen dute beren burua.

Autonomia-erkidegoetako edo osasun-zerbitzu publikoetako erregistroetatik datuak REDMOn sartzea borondatezkoa izango da beti interesdunentzat, eta aldez aurretik jakinarazi beharko zaie datuak ematea borondatezkoa dela eta 9/2014 Errege Lege Dekretuan ezarritako doakotasunaren eta irabazi-asmorik gabeko izaeraren printzipioak betetzen dituela.

Datu horiek helburu mediko-asistentzialetarako soilik erabiliko dira, konfidentzialtasunez. Interesdunek beren datuak ezabatzeko eta parte-hartze posibleari uko egiteko aukera izan dezaten bermatuko da, edozein unetan eta zergatia adierazi behar izan gabe. Gainera, REDMO fitxategiaren tratamenduaren arduradunen edo kargudunen aurrean, interesdunek datuak eskuratzeko, ezabatzeko eta zuzentzeko, horien aurka egiteko eta horiek mugatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datu pertsonalak babesteko araudiak baimentzen dien beste edozein ere.

Fundazioak, REDMOri dagokionez, Datuen Babeseko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 (EB) Erregelamendua) jasotako segurtasun-neurriak hartu beharko ditu, eta, bereziki, 32., 33., 34. eta 35. artikuluei dagozkienak.

Aldeek adosten dute DBEOren 89. artikuluan ezarritakoa beteko dutela, partekatutako datuetarako. Teknikoki posible bada, aldeek pseudonimoak erabiliko dituzte, baina, edonola ere, neurri tekniko eta antolaketa-neurri egokiak hartu beharko dituzte datu pertsonalak honakoetatik babesteko: istripuzko ala legez kontrako suntsipenetik edo istripuzko galeratik, alteraziotik, dibulgaziotik edo baimenik gabe eskuratzetik. Horrez gain, segurtasun-maila egokia izango dute babestu beharreko datuen prozesamenduak eta izaerak dakarren arriskuari begira, eta datu pertsonalak pseudonimizatzea ahalbidetuko duten sistema teknikoak lortzera bideratuta egingo dute lan.

Aldeek prozedurak edukiko dituzte datu pertsonaletarako sarbidea izateko baimena duen edozein hirugarrenek, prozesatzaileek barne, datuen konfidentzialtasuna eta segurtasuna errespeta eta manten ditzaten.

Fundazioa, REDMOren titularra den aldetik, erregistroa kudeatzeko eta erabiltzeko arduraduna da (ONTk eskuordetuta), eta Borondatezko Emaileen Estatuko Erregistroaren azken arduraduna da.

Zelula ama hematopoietikoak bilatzeko eta lortzeko soilik eskuratu ahal izango dira erregistroko datuak, ahaidetasunik gabeko emaileen zelula ama hematopoietikoen transplanteari buruzko nazioarteko arauei jarraikiz, hitzarmen honen hamabigarren klausulan ezarritakoari ezertan eragotzi gabe.

Seigarrena.– Osakidetzak finantzatuko ditu borondatezko emaile izateko hautagaiei hark zehaztutako zerbitzu-laborategietan HLA tipoaren zehaztapena eta proba osagarriak egiteagatik sortutako gastuak. Osasun Zerbitzuak egokitzat jotako aurrekontu-mugak ezarriko ditu.

Zazpigarrena.– Bateragarritasun-analisiek (edo balizko emailearekin lotutako beste batzuek) beste herrialde batzuetan eragin ditzaketen kostuengatiko fakturak (zeinak dagozkien erregistroek bidaliko dituzten eta REDMOk izapidetuko dituen) eta REDMOk bilaketa kudeatzeagatik sortzen dituen kostuak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren kontura izango dira.

REDMOk transplanteari lotutako lorpen-, garraio- eta kudeaketa-kostuen fakturak transplantea egingo duen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko ospitale-zentroak hartuko ditu bere gain, betiere zentro eskatzailea eta transplante-zentroa autonomia-erkidego berean badaude. Bestela, zentro eskatzailearen kontura izango dira.

Kontzeptuak eta dagozkien tarifak Lurralde arteko Kontseiluaren Transplanteen Batzordean Estatuko Osasun Sistemarako tarifei buruz hartutako akordioetan jasota daude (1. eranskina: Indarrean dauden tarifak). Tarifa horiek aldian-aldian eguneratuko dira.

Fundazioak hilero aurkeztuko dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Transplanteen Koordinazio Autonomikoari Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoentzako emaileen bilaketengatik egindako tipajeen fakturei buruzko informazio zehatza eta erkidego horretan egindako transplanteetarako zelula ama hematopoietikoak lortu eta garraiatzeari buruzko informazioa, bai eta Lurralde arteko Kontseiluaren Transplanteen Batzordearen erabakietan oinarritutako fakturei buruzkoa ere.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, Transplanteen Koordinazio Autonomikoak fakturak egiaztatu ondoren, dagokion zenbatekoa ordainduko du horretarako gordetako aurrekontu-partidaren kargura.

Zortzigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Transplanteen Koordinazio Autonomikoak, edo hark eskuordetzen duenak, REDMOri beste herrialde batzuetatik transplanteak egiteko hautagaien bateragarritasun-analisiek (edo balizko emailearekin zerikusia duten beste analisi batzuek) eragindako fakturak bidaliko dizkio, REDMO izango baita faktura horiek nazioarteko erregistroekin izapidetuko dituena. Lurralde arteko Kontseiluaren Transplanteen Batzordean adostutako gehieneko tarifak aplikatuko dira, eta ondorengo urteetan egokitzen zaizkien gehikuntzekin eguneratuko dira (I. eranskina: Indarrean dauden tarifak).

Bederatzigarrena.– REDMOk informazio- eta prestakuntza-programa espezifiko bat egingo du profesional sanitarioentzako eta Transplanteen Koordinazio Autonomikoarentzako. Horrez gain, laguntza eta aholkularitza emango du dohaintza sustatzen, emaile izateko hautagaien HLAren tipifikatzen eta zelula ama hematopoietikoak lortzen laguntzen duten zentroak teknologikoki hobetzeko.

Hamargarrena.– Kalitate-adierazleak ezarriko dira, Fundazioarekin bat, REDMOren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko funtzionamendua optimizatzeko asmotan (II. eranskina: Kalitatearen adierazleak).

Hamaikagarrena.– Hitzarmen hau aplikatzeagatik sor daitezkeen gatazken jarraipena, aldaketa posibleak, interpretazioa eta konponketa egiteko, batzorde misto parekide bat eratuko da. Batzorde hori Osasun Saileko bi kidek, Osakidetzako bi kidek eta Fundazioaren bi ordezkarik osatuko dute.

Batzordea aldeetako batek eskatzen duenean bilduko da, sinatzen duen autonomia-erkidegoan. Bilerara egoki iritzitako aholkulariak joan ahal izango dira, hitzarekin eta botorik gabe.

Jarraipen-batzordearen funtzionamendurako eta erabakiak hartzeko araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean ezarritakoaren araberakoa izango da.

Batzordeak beharrezko neurriak hartuko ditu erregistroan jasotako datuen konfidentzialtasuna bermatzeko, eta inskribatutako emaile guztien intimitatea errespetatzen dela zainduko du.

Hamabigarrena.– Osasun Zerbitzuko zentroek zelula ama hematopoietikoen emaileen erregistroan sartzeko eskaera egiten badute zelula ama hematopoietikoen transplantea egiteko azterketa ez den beste arrazoiren batengatik, eskaera egin aurretik emaileen beren eta batzorde mistoaren baimena beharko dute.

Hamahirugarrena.– Aldeek Estatuan eta nazioartean indarrean dauden arauak errespetatuko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

– 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.

– Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren, Josep Carreras Nazioarteko Fundazioaren eta Transplanteen Estatuko Erakundearen arteko hitzarmena, ahaidetasunik gabeko emaileen zelula ama hematopoietikoak transplantatzeko 2018ko maiatzaren 20ko programa eta haren 2021eko ekainaren 2ko luzapena garatzekoa.

– Transplante Hematopoietikoaren Estatuko Estrategia 2020-2025, 2019ko uztailaren 3an onartutako Hezur-muinaren Estatuko Planaren 3. fasea.

– 318/2016 Errege Dekretua, abuztuaren 5ekoa, giza zelulak eta ehunak emateko sustapen- eta publizitate-jardueretarako baimena emateko prozedura arautzen duena.

– 9/2014 Errege Lege Dekretua, uztailaren 4koa, Giza zelulak eta ehunak eman, eskuratu, ebaluatu, prozesatu, zaindu, biltegiratu eta banatzerakoan bete beharreko kalitate- eta segurtasun-arauak zehaztu eta horiek gizakiengan erabiltzeko koordinazio- eta funtzionamendu-arauak onartzen dituena.

– International Standards 2020 for unrelated hematopoietic progenitor cell donor registries. World Marrow Donor Association.

– Gomendio eta gutxieneko baldintzak, ahaidetasunik gabeko emaile histobateragarriak bilatzeko, zelula ama hematopoietikoen transplanteak egin ahal izateko. 2020ko azaroa.

– Ahaidetasunik gabeko emaileak bilatzeko jarraibideen dokumentua. 2019ko uztaila.

– 65/2006 Errege Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, lagin biologikoak inportatzeko eta esportatzeko baldintzak ezartzen dituena.

Hamalaugarrena.– Hitzarmen hau izenpetzeak ez du ekarriko Osasun Zerbitzuarekin hitzarmen honen xede diren jarduerak garatzen dituzten fundazioaren mendeko pertsona edo profesionalen arteko lan-harremanik edo bestelakorik, ez eta Osasun Zerbitzu Publikoarekin elkarlanean dihardutenen inolako lan- edo merkataritza-loturarik edo merezimendurik ere, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko ente publikoan edo administrazio orokorrean lanpostuak betetzeko badira.

Hamabosgarrena.– Hitzarmen honen indarraldia berau sinatzen den egunetik aurrera hasiko da, eta lau urtekoa izango da. Epe hori amaitu aurretik, edozein unetan, aldeek hitzartu dezakete beste lau urterako luzatzea.

Hitzarmen hau suntsiarazteko nahikoa izango da aldeek klausularen bat ez betetzea; bereziki, honako hauek hartuko dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea eta luzatzeko erabakirik ez hartzea.

b) Bi alderdien adostasuna.

c) Aldeetako edozeinek bere aldetik atzera egitea, ondoreak izan baino 3 hilabete lehenago jakinarazita.

d) Aldeetako edozeinek onartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.1.c) artikuluan jasotzen den moduan.

Kasu horretan, aldeetako edozeinek errekerimendu bat egin ahalko dio betebehar edo konpromisoak bete ez dituen aldeari, hiru hilabeteko epean bete gabekotzat jotzen diren betebehar edo konpromiso horiek bete ditzan. Errekerimendua honako hauei komunikatuko zaie: hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei.

Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta ez-betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen aldeak alde sinatzaileei jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsitzen bada, baliteke sortutako kalteak ordaindu behar izatea, hala aurreikusita badago.

e) Hitzarmena deusez deklaratzen duen erabaki judiziala ematea.

f) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi.

Hitzarmena suntsiarazteko arrazoietako bat gertatzean jardueraren bat martxan bada, aldeek, Jarraipen Batzordeak proposatuta, erabaki ahalko dute martxan diren jardueren artean egokitzat jotzen dituztenekin jarraitzea eta amaitzea, bukatzeko epe luzaezin bat ezarrita. Epe hori igaro ostean, likidatu egin beharko dira.

Hamaseigarrena.– Hitzarmen hau juridiko-administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean aurreikusitako hitzarmenen araubide juridikoaren mende dago. Dena den, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen printzipioak aplikatuko zaizkio sor daitezkeen zalantzak argitzeko.

Hitzarmenaren betearazpenak sor ditzakeen eztabaidak adiskidetasunez konpontzeko konpromisoa hartzen dute aldeek.

Aurrekoari ezertan eragotzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari dagokio eztabaida horiek ebaztea.

Ados daudela adierazteko, hitzarmen hau sinatzen dute, adierazitako lekuan eta egunean.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

Leuzemiaren kontrako Josep Carreras Fundazioa,

CALIXTO MUT TERRÉS-CAMALÓ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala