Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2024ko urtarrilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
77

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Amarako merkantzien saihesbidea eraikitzeko proiektua».

2008. urtean, ETSk Amarako saihesbideari buruzko informazio-azterlana idazteko lanak esleitu zituen, alternatibak sortzeko eta merkantzien zirkulazioari irtenbide bat emateko, Amarako geltokiko trenbide-hondartzaren luzera-mugak eta errebotea saihestuz.

Orduan, Añorgako eta Anoetako egungo geltokien arteko trazadura-aukera ugari aztertu ziren.

Informazio-azterlan hori idazteko aldian, Donostialdeko Metroa operazioa sortu zen, Lugaritzeko egungo geltokiaren eta Amara-Morlans eremuaren arteko itsasertzeko trazaduraren saihesbide batean oinarrituta, eta zerbitzuaren kalitatea metroarenera aldatuta.

Donostialdeko metroaren kontzepzioan izandako kontzeptu-aldaketek Amarako merkantzien saihesbidearen filosofia aldatzea eragin zuten. Lugaritz-Mirakontxa-Easo saihesbidearen arabera, gaur egungo hegoaldeko saihesbideak (Lugaritz-Amara) galdu egiten zituen bidaiarien joan-etorriak, lehenengo saihesbidea martxan jartzean.

Horrela, bada, Lugaritzeko egungo tunelari etorkizunean ahalik eta erabilgarritasun handiena emateko, merkantzien by-pass alternatibek Lugaritzeko tunelaren trazadura eta instalazioak ahalik eta gehien aprobetxatzen dituzte, baina tunelaren puntu batetik Morlans/Errondo pasealekuko egungo topoaren trazadurarekin lotuz.

2021eko abenduaren 14an, Garraio Azpiegituren zuzendariak «Donostiako Amarako trenbide-saihesbidearen informazio-azterlana» onartu zuen, eta jendaurrean jarri zen, baina ez zen alegaziorik jaso.

2022ko otsailaren 24an, ETSk «Donostiako Amarako trenbide-saihesbidea eraikitzeko proiektua» idazteko zerbitzu-kontratua esleitu zion FULCRUM, Planificación, Análisis y Proyecto SAU enpresari.

Etorkizuneko trenbide-saihesbideak Morlans errekastoari eragiten dio, eta Morlans errekastoaren proiektua Merkantzien Saihesbidea kontratuaren barruan dago. Aparte idazten den proiektua da, ebazpen honen bidez onartzen den proiektuaren aurreko fase batean.

Gaur egun, Amarako geltokian ETSren bi linea elkartzen dira: Bilbo-Donostia eta Donostia-Hendaia (topoa), biak errei itsuan.

Bilbo-Donostia linea Errekalde auzotik sartzen da hirira, eta, Añorga eta Lugaritz igaro ondoren, Aieteko tunelean sartzen da, Amarako geltokira zuzenean iristeko.

Bestalde, Donostia-Hendaia linea, Amarako geltokitik hegoalderantz abiatzen dena, Morlanseko ibarbidearen parean lurperatzen da; ondoren, azalera itzultzen da, Amara Berri auzoa inguratuz, eta Anoetako geltokian sestra berriro beheratzen da.

Azterlanaren helburua da bi lineak lotzeko adar bat zehaztea, eta, beraz, azterlanaren eremua bi lineen arteko lotura-eremura mugatzen da, Aieteko tunela ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

«Amarako saihesbidea eraikitzeko proiektuaren» helburua da Lugaritz eta Anoetako merkantziak Lugaritz-Easoko saihesbidea martxan jarri ondoren lotzeko trenbide-adar berri bat ezartzeko egin behar den obra zibila zehaztea, eraikuntza-mailan, Aieteko tunelaren aprobetxamendu handiagoa bilatuz.

Proiektatutako linea berria tunelean eta tunel faltsuan garatuko da erabat.

Proposatutako trazadura Donostia-Hendaia linearekiko konexioa optimizatzeko irtenbide gisa sortu da, eskatutako funtzionaltasuna bermatzeko eta gas-fabrika zaharraren eraikin babestuari kalterik ez eragiteko.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua zazpi milioi ehun hirurogeita hamaika mila ehun laurogeita bost euro eta hogeita hemeretzi zentimokoa da (7.171.185,39). Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hamar milioi hirurehun hogeita bost mila zazpiehun eta laurogeita bederatzi euro eta laurogeita lau zentimokoa (10.325.789,84) dela, BEZ barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: zortzi milioi bostehun eta laurogeita bat mila berrehun eta hamar euro eta hirurogeita bat zentimokoa da (8.581.210,61).

Obrak egiteko hamazortzi (18) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua, eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren sareko obren proiektuak onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, honako hau

EBATZI DUT:

Lehengoaa.– «Amarako merkantzien saihesbidea eraikitzeko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZ barne, hamar milioi hirurehun eta hogeita bost mila zazpiehun eta laurogeita bederatzi euro eta laurogeita lau zentimokoa da (10.325.789,84), eta obrak egiteko epea hamazortzi (18) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 15a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala