Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2024ko urtarrilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
75

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Zallako udalerrian (Bizkaia), Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena. Proiektu hori Uraren Euskal Agentziak sustatzen du.

AURREKARIAK

Ebazpena, 2022ko urtarrilaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Zallako udalerrian (Bizkaia), Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2023ko urtarrilaren 25ean argitaratutako Iragarkiaren bitartez, Uraren Euskal Agentziak jendaurrean jarri zituen Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiektua eta horri dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egokitzat jotako alegazioak aurkez zitezen. Hainbat alegazioa jaso dira, eta haien edukia espedientean jaso da.

Orobat, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko urtarrilaren 24an, Uraren Euskal Agentziak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, haien eskumenez baliatuz, egoki iritzitako oharren txosten osoa egin zezaten, 30 eguneko epean, kontsulta jakinarazi zen egunetik aurrera. Espedientean jaso da izapide horren emaitza. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du kontuan hartu direla ukitutako administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2023ko urriaren 23an, Uraren Euskal Agentziak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean osatu zuen Zallako udalerrian, Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera.

Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zen:

– «Zallako udalerrian (Bizkaia), Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua». FULCRUMek egin du, eta 2023ko maiatzeko data du.

– «Zallako udalerrian (Bizkaia), Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua» izeneko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa. FULCRUMek egin du, eta 2023ko maiatzeko data du.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.

– Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.

– Proiektuaren azken proposamenean sartzea egindako kontsulten emaitza eta horiek nola hartu diren kontuan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen-administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie arau horren II.D eranskinean zerrendatutako proiektu publiko edo pribatuei. Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar du, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskinean jasota baitago, 7.g epigrafean zehatz-mehatz: «Ibaiak bideratzea eta ibilguen ibilbidea aldatzea, egoera naturalean ubidea, gutxienez, 250 metro luze denean».

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Uraren Euskal Agentziak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumena duen organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu, eta honako hauek guztiak ikusi dira: 10/2021 Lege Orokorra, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Uraren Euskal Agentziak Zallako udalerrian (Bizkaia), Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, ingurumen-ondorioetarako soilik.

Uholdeen aurka babesteko proiektuaren jarduketa-esparrua Cadagua ibaia da, Aranguren inguruan, Zallako udal-mugartean. 2.700 metro inguruko luzeran jardun nahi da, Gueñesko udalerriaren mugatik Baular auzoko merkataritza-eraikinen eremuraino.

Proiektuaren helburu nagusia da jarduketen xede den eremuko uholde-arriskua ekiditea edo murriztea, betiere uholde-arriskua prebenitzea eta ur-masen egoera ona lortzea bateragarri egiteko filosofiari jarraituz.

Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko jarduketa Zalla-Gueñes uholde-arrisku handiko eremuari (UAHE ES017-BI-6-1) dagokion Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren berrikuspen eta eguneraketak (2022-2027 zikloa) jasotako neurri bat da.

Zalla-Gueñes uholde-arrisku handiko eremuan behin eta berriz izaten dira uholdeak, eta oso larriak izan daitezke, egungo ibilguak ez baitu ur-goraldiak hartzeko behar adinako edukierarik. Egoera hori larriagotu egiten da ibilguan egiturak daudelako, eta egitura horiek fluxua oztopatzen dutelako; horren ondorioz, 10 urteko errepikatze-denborako afekzioak eragiten dituzte ingurunean, Aranguren auzoa ia osorik barne hartuta.

Egoera horretan, uholde-arriskua nabarmen murrizteko, ezinbestekoa da egiturazko neurriak hartzea ibilgua oso aldatuta dagoen hirigune eta industrialde finkatu horretan, esku-hartze fisikoak egin behar baitira Cadagua ibaian.

Zehazki, proiektuaren xedea da, funtsean, ibilguari sekzio handiagoa ematea, bizitegi-eraikinek, industria-eraikinek eta azpiegiturek ibaiertzak okupatzearen ondorioz sortzen den estugunea saihesteko.

Jarduketak bi zatitan egingo dira, bata paper-fabrikako presa txikitik ibaian behera, eta bestea paper-fabrikatik ibaian gora.

1.– Zatia:

1. jarduketa.– ADIFen lurzatia.

Proposatzen da ADIFen zubien eta udal-mugartearekin muga egiten den lekuaren artean, Zallaren eta Gueñesen artean, ibilgua 400 m inguru zabaltzea eskuinaldean. Ibilguaren irekitze-zatiak, eskuinalderantz, 0 metrotik 29 metrora bitarteko zabalera aldakorra du eta % 1eko zeharkako malda ibairantz. Erdialdean (120 m), ezponden neurria 5H:1V izango da; gainerako eremuetan, aldiz, aurreikusten da ezpondak 3H:2V-koak izango direla, baina azken horiek lursail naturalaren gainean egingo dira.

Ibilgua zabaltzeko, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan (48096-00021 kodea) dagoen lurzati batean esku behar da. Proposatzen da kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen eremua osorik induskatzea eta, ondoren, material egokiz betetzea, erabat saneatzeko.

Jarduketa horren barnean sartzen da, halaber, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-kolektorearen ordez beste bat jartzea eta PRA-31 kutxatila aldatzea.

2. jarduketa.– Ezpondatik ibaian behera - Nicolas M.ª Urgoiti zubia.

Jarduketa hori eskuinaldean dauden Lucart eta Glefaran enpresei urak hartzea ahalbidetzen dien presa txikitik Adifen zubietaraino dagoen zatian egingo da. Zehazki, aurreikusten da Santander-Bilbo Concordia 780 linearen zubiaren ordez beste bat jartzea eta Asuncion Universidad - Aranguren 790 lineako zubia eraistea, aurreko presa txikitik ibaian gora. Zubi horietan egingo diren jarduketak ez dira uholdeen aurka babesteko proiektuaren xede, nahiz eta proiektu horretan zehaztuta dagoen zubi berria diseinatzen denean eremu horretan kontuan izan beharko den lehentasunezko fluxu-eremuaren zabalera. Salbatu beharreko gutxieneko argia 34 m-koa da, eta puntu horretan ibilguaren sekzioaren zabalera 40,5 m-koa da.

Jarduketa honetan aurreikusten da, halaber, ibilguaren hondoa egokitzea, 230 metroko luzeran gutxi gorabehera, eta zabalerak 6,5 metrotik 35 metrora bitartekoak izatea. Erregularizatzeko sakonera txikia denez (50 zentimetrotik beherakoa ibilguaren ardatzean), ezponden neurria 1:1 izatea aurreikusten da.

Zati horretan arrainen eskala bat eraikiko da; 22,60 metroko luzerako bi malda izango ditu eta hormigoi armatuz egingo da. Guztira 17 eskailera-maila izango ditu, gehienez ere 2,5 metroko luzera izango du eta 50 cm-ko zabalera. Guztiek izango dituzte pasatzeko irekiguneak goian eta behean, egituren onuradun diren espezieen kopurua handiagoa izateko. Arrainen eskala ainguratuta egongo da presa txikian, erdialdean.

2.– Zatia:

3. jarduketa.– HUA paper-fabrika.

Aranguren futbol-zelaiaren eta presa txikiaren artean dagoen eremuan ibilgua ezkerralderantz irekitzea aurreikusten da, 350 m inguruko luzeran. Ibilguaren sekzio hidrauliko berriaren bermak, ur gutxiko aldietan, 0 metrotik 25 metrora bitarteko zabalera aldakorra izango du, % 1eko zeharkako malda ibairantz eta 3H:2V-ko ezpondak.

Hondakin-uren araztegiaren (HUA) itxitura perimetrala lehengoratzea ere aurreikusten da; horretarako, luzetarako beste babes bat jarriko da (3. zk.). Babes hori 1,20 m-rainoko hormigoizko hesi bat izango da, sare elektrosoldatuz amaituko dena. Babesak 162 metroko luzera du eta 1+620 KPren eta 1+855 KPren artean dago. Fauna igaro ahal izateko, arrapalak jarriko dira luzetarako babesean. Arrapala horiek babesaren altuera bera izango dute eta 30 zentimetroko zabalera. Altxaerari dagokionez, arrapalek 45 º-ko angelua osatuko dute horizontalarekin eta gailurrak 2 metroko luzera izango du gutxienez.

Horrez gain, betelan txiki bat ere egingo da futbol-zelaiaren hegoaldean, erriberako bide bat egiteko. Betelanak 91 metro inguruko luzera izango du, 3H:2V-ko ezpondekin egingo da eta 2 metroko zabalerako gailurra izango du.

4. jarduketa.– Ojivar eta San Juan.

Ojivar auzoaren inguruan, 1+040 KPren eta 1+290 KPren artean, ibilguaren irekitze bikoitza egingo da ibaiaren eskuinaldean 150 metro inguruko luzeran. Jarduketak bitan banatuko du ur gutxiko aldietako ibilguaren sekzio hidraulikoa ibilguaren ohiko trazaduratik, eskuinaldean 41 metrotik 50 metrora bitarteko zabalera aldakorra duen beste sekzio bat jarriko baita ur handiko sasoietarako. Ibairantz dagoen zeharkako malda % 1ekoa izango da eta erabiliko diren behin betiko ezpondak 3H:2V-koak izango dira bi aldeetan.

Harri-lubetazko babesak ere jarriko dira ibilgu bikoitzaren sarreran eta irteeran. Harri-lubeta horrek hormigoiztatutako eremuak izango ditu oinarrian eta harri-lubeta askea gainerakoan.

1+115 KPren eta 1+520 KPren artean, ibaiaren ezkerraldean, 2. luzetarako babesa egingo da. Babes horren altuerak 1 metrotik 1,25 metrora bitartekoak izango dira. Hormigoizko hesi bat izango dute eta metalezko eskubanda bat gailurrean. Luzetarako babesean zehar, leku baxu guztietan euri-uren irteeraguneak jarriko dira. Irteeragune horiek atzera ezineko balbulak izango dituzte.

Fauna igaro ahal izateko, arrapalak jarriko dira luzetarako babesean. Arrapala horiek 3. jarduketan deskribatu diren ezaugarri orokor berak izango dituzte.

1+290 KPren eta 1+590 KPren artean, ibilgua eskuinaldera zabalduko da 300 m-ko luzeran, ibilgu bikoitzaren irteerarekin jarraitzeko. Jarduketak berma bat du, 37 metrorainoko zabalera aldakorrekoa eta % 1eko zeharkako malda ibairantz. Erabili diren behin betiko ezpondak 3H:2V-koak dira. Eremu horretan, lehendik dagoen landaredia mantenduko da proiektatutako bermaren eta ibilguaren ur txikiko ezpondaren artean, eta ibilgu bikoitza sortuko da.

Harri-lubetazko babesak egiteko lanek irauten duten bitartean ur-hesiak jartzea aurreikusten da. Ur-hesiaren estankotasuna bermatu ezin denez, urak etengabe ponpatuko dira dekantazio-putzu baterantz, egungo ibilgura itzuli aurretik.

5. jarduketa.– Oreña auzoa.

Sektore honetako jarduketak 0+700 KPtik 1+120 KPra bitartekoak dira, BI-636 errepidera doan zubitik ibaian behera.

Ezkerraldean ibilgu bikoitza egingo da. Ibilgu horrek 380 metroko luzera izango du, 43,6 metrotik 62 metrora bitarteko zabalera aldakorra, eta % 1eko zeharkako malda ibairantz. Behin betiko ezpondak 3H:2V-koak izango dira bi aldeetan. Bi uharte sortuko dira, metro 1eko altuerakoak, 3H:2V-ko malda eta zabalera aldakorra izango dutenak.

Ibilgu berriaren ezkerraldean barrena erriberako bide berri bat egingo da El Baular eta San Juan auzoen artean dagoen pasealeku hori edukitzen jarraitzeko.

Ibaian behera joanda berehala dagoen zatian bezala, ezinbestekoa da babeserako harri-lubetak jartzea ibilgu bikoitzaren sarreran nahiz irteeran. Harri-lubeta horiek aurrekoaren antzeko ezaugarriak izango dituzte. Eremu honetan obrak egiteko, aurreikusten da hemen ere ur-hesi bat egitea eta dekantazio-putzu bat jartzea.

6. jarduketa.– El Baular auzoko Eroski.

Jarduketa honek Mimetizeko ubidearen amaieratik BI-636 errepidera doan zubiraino hartzen du, eta El Baular auzoari dagokio. Eremu horretan jarduketa hauek proiektatu dira: 1. luzetarako babesa egitea, ibilgua bi aldeetarantz irekitzea, ibilguaren hondoa erregularizatzea eta euste-horma bat egitea (1. horma) Eroski merkataritza-gunearen hego-ekialdean.

Aurreikusten da ibilgua 0+440 KPtik 0+700 KPra handitzea. Ezkerraldean sekzio hidrauliko bat diseinatu da. Sekzio horrek ur gutxiko aldietako ibilgua eta 0 metrotik 37 metrora bitarteko zabalera aldakorra duen berma izango ditu. Eskuinaldean, bermak 0 metrotik 17 metrora bitartekoak izango dira. Bi zabaltze horiek % 1eko zeharkako malda izango dute ibairantz eta erabiliko diren ezpondak 3H:2V-koak izango dira.

Mimetizko meandroaren ezkerraldean, Eroski merkataritza-gunearen lurzatiaren iparraldean, 0+025 KPtik 0+385 KPraino luzetarako babes bat (1. zk.) jartzea aurreikusten da. Zati horretan, gaur egun, hormigoizko hesiaren gainean baranda bat dagoenez, dauden itxiturak areagotzea aurreikusi da; horretarako, lehendik dauden hesien gainean 85 zentimetroko altuerako hesiak egingo dira. Lehengo barandak kendu egingo dira eta haien ordez eskubandak jarriko dira.

Jarduketa honetan aurreikusten da, halaber, ibilguaren hondoa egokitzea 180 metro inguruko luzeran, eta gehienez ere 9,5 metroko zabalera aldakorrak jartzea. Erregularizatzeko sakonera txikia duenez (50 zentimetro baino gutxiago), 1:1eko ezpondak aurreikusten dira.

Azkenik, eta merkataritza-eraikina ibilguak irekitzeko proposatutako jarduerak egingo diren lekutik hurbil dagoenez, mikropilotezko pantaila bat eraikitzea proiektatu da. Pantaila hori lursailean ainguratuko da hormigoiztatutako harri-lubetaz egindako estalkiz, eta 5 metro inguruko altuera izango du. Jarduketa hau proiektatutako 1. hormari dagokio. Harri-lubetaz egindako estalkian 100 mm-ko diametroko hodi batzuk jarriko dira eta egokitu egingo dira martin arrantzalea eta uhalde-enara espezieek habia egiteko aukera izan dezaten.

Deskribatutako jarduketak hiru fasetan egingo dira, eremu horretan ibaian behetik hasita ibaian gorantz. Lanen iraupena 18 hilabetekoa izango da guztira. 1. faseak 1. eta 2. jarduketak barne hartzen ditu, 2. faseak 3. eta 4. jarduketak eta 3. faseak 5. eta 6. jarduketak. Fase bakoitzak 6-8 hilabete inguruko iraupena izango du, eta partzialki gainjarri egingo dira.

Jarduketa horiei esker, Aranguren auzoko herrigunea 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldien arriskutik babestu ahal izango da.

Ibilguaren edo haren erriberen inguruko indusketa-lanak egiteko, ibilgutik urrunen dagoen eremutik induskatuko da erribera alderantz, hondeaketa gehienak babes-lubeta bat izan dezan ohiko uholdeei aurre egiteko eta lehorrean lan egitea eta jariatze-urak kontrolatuta eta tratatuta hustea errazagoa izateko. Erribera aldea jarduketaren amaieran induskatuko da, betiere ibilguaren kanpoaldetik. Dena den, beharrezkoa izango da ibilguan lan egitea, batez ere arrainen eskalak egin bitartean eta presa txikitik ibaian behera ibilguaren hondoa erregularizatu bitartean, baita Baular auzoko eremuaren inguruan ibilguaren hondoa erregularizatzeko ere.

Induskatutako lurren bolumena 231.575 m3 izango da guztira; horietatik 51.575 m3-ren balioa handitu egingo da obran, eta 179.851 m3 deuseztatu egingo dira. Horrez gain, 34.888 m3-ko lur-mailegua beharko da.

Instalazio osagarrietarako lau eremu aurreikusi dira belardietan eta eremu artifizializatuetan.

Proiektuan instalazio osagarrietarako eremuak eta ibilguan zehar kaltetutako gainazalak lehengoratzea aurreikusten da; horretarako, eremu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta tratamendu desberdinak zehaztuko dira. Oro har, honako hau proposatzen du: sortutako berma berrietan hidroereintza egitea eta sortutako ezpondetan zuhaixka-erako espezieak landatzea, baita ezpondaren gailurrean zuhaizti-ilara bat landatzea eta hiru lurzatitan haltzadi kantauriarra landatzea ere.

Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):

A) Proiektua garatzeko kondizioek zein babes- eta zuzenketa-neurriek jarraitu egingo diete indarrean dagoen araudiari, Ebazpen honen apartatu hauetan ezarritakoari, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion guztian, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Uraren Euskal Agentziak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoari.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren fase orotan erantsitako txostenen edukia, baita jendaurreko informazioaren izapideak iraun duen bitartean jasotako alegazioak ere.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, Ingurumena Zaintzeko Programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Jarduketa Cadagua ibaian eta haren erriberetan, Aranguren inguruan (Zalla), egingo da 2.700 metro inguruko luzeran, Gueñesko udal-mugartearekin muga egiten duen lekutik Zallako udalerriko Baular auzoko merkataritza-eraikinak dauden eremuraino.

Cadagua ibaiaren zati hori Zalla-Gueñes ES017-BIZ-6-1 UAHEren barnean sartzen da, hiri-garapen gehienak 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan eta lehentasunezko fluxu-eremuan baitaude, eta, hain zuzen ere, proiektu honen xedea da Aranguren inguruan, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babestea.

Beraz, proiektu hau Zalla-Gueñes uholde-arrisku handiko eremuari (UAHE) dagokion (ES017-BI-6-1) «Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren berrikuspen eta eguneraketa (2022-2027 zikloa)» plangintzan jasota dago.

Proiektuak zuzenean eragindako eremua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestu bat, ezta inbentarioan sartutako bestelako gune babestu edo natura intereseko bat ere. Horrez gain, jarduketa-eremuan eta inguruan ez da hauteman Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.

Ingurunearen baldintzatzaile nagusiak hauek dira:

– Cadagua ibaia, jarduketaren xede den zatian, Cadagua ibaia II (ES073MAR002900) ur-masari dagokio, Nerbioi-Ibaizabal unitate hidrologikoan eta Kantauri Ekialdeko Demarkazioko erkidego arteko arroen eremuan.

Cadagua ibaiak 200 eta 400 km2 bitarteko isuri-arroa du aztergai den zatian; beraz, IV. maila dagokio. Gaur egun, ibaia oso artifizializatuta dago, jarduketa egingo den zati handi bat bideratuta baitago.

– Lurpeko urei dagokienez, eremua Hegoaldeko antiklinorioa (ES017MSBT017.006) ur-masako Balmaseda-Elorrio kuaternarioko sektorean dago. Gainera, interes hidrogeologikoko eremu baten barruan dago.

– Porositatea dela eta iragazkortasun handia duten alubioi-metakinen gainean dago jarduketa-eremua, eta akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna txikia da.

– Cadagua ibaiaren ertzak, jarduketaren xede den zatian, «91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen alubioi-basoak» Batasunaren intereseko habitat lehenetsi gisa identifikatzen dira. Gainera, erriberako basoaren ondoan, Batasunaren intereseko 6510 habitatekoak diren belardiak daude (altitude baxuko sega-belardi elkorrak; Alopecurus pratensis eta Sanguisorba officinalis).

– Cadagua ibaiaren zatia, jarduketaren xede dena, bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) hobetu beharreko zati gisa identifikatzen da bisoi europarraren Bizkaiko kudeaketa-planaren arabera. Gainera, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, badakigu azken urteetan igaraba (Lutra lutra) dagoela jarduketa-zatian eta naiadeen maskorrak daudela jarduera-zatitik ibaian behera eta ibaian gora.

– EAEko Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, jarduketaren xede den Cadagua ibaiaren ertzak balio estrategiko handikotzat jotzen dira, hiri-garapenek edo azpiegiturek hartzen ez dituztelako.

– Jarduketa egingo den ibai-zatiaren ertzetan EAEko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dauden sei lurzati identifikatu dira (48096-00044 Industriala - HUA; 48096-00020 Zabortegia; 48096-00061 Industriala - Paper-fabrika; 48096-00013 Industriala; 48096-00021 Zabortegia kodeak). Proiektatutako jarduketak 48096-00021 kodea duen lurzatian egingo dira zehazki, eta haren saneamendu osoa aurreikusten da.

– Kultura-ondareari dagokionez, Donejakue bidea Cadagua ibaiaren egungo ibilguarekiko paralelo dagoen bidezidor batetik doa, ibaiaren ezkerraldetik, 1 km inguruko zatian. Gainera, ibaiaren eskuinaldetik hurbil, paper-fabrikako presa txikitik ibaian gora 50 metro ingurura, Salcedo dorretxearen balizko arkeologia gunea dago.

– Bestalde, Arangurengo herrigunean Cadagua ibaia zeharkatzen duten zubiak Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusiaren zati dira, balio arkitektonikoa dutelako. Inbentario hori Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak arautzen du. Hala eta guztiz ere, gaur egun ez daude babestuta, indarrean dauden arau subsidiarioen «Kultura-intereseko ondasun higiezinen zerrendan» sartuta ez daudelako.

– Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak, Cadagua ibaiaren eskuinaldean, paper-fabrikako presa txikitik ibaian gora 200 metro inguruko zatian, ondo kontserbatutako landaredia duen eremu bat identifikatu du.

– Enkarterriko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren arabera, jarduketa-eremua «Cadagua ibaia» eta «Cadagua Bailararen hiri-ingurua» izeneko Interes Bereziko Eremuetan dago.

Proiektua gauzatzearen ondoriozko efektu nagusiak ibilguan eta haren ertzetan egingo diren jarduerak gauzatzearekin lotuta daude. Hauek dira jarduketak: ibaiaren sekzioa handitzea, ibaiaren hondoa erregularizatzea hainbat zatitan, arrainentzako eskala eraikitzea, hormak egitea eta kaltetutako zerbitzuak birjartzeko obrak egitea.

Jarduketa horietan, honako hauek egin beharko dira neurri handiagoan edo txikiagoan: ibilgua eta haren erriberak induskatu, ibilguaren barruan makinak ibili, ibaiertzetan lur-mugimenduak egin, inbentarioan jasota dagoen balizko lurzati kutsatu batean jarduketak egin, fabrika-obrak eraitsi eta berriro jarri, eta intereseko erriberako landaredia kendu (bereziki, haltzadi kantauriarra), eta baliteke horrek guztiak eragina izatea eraginpeko ur-masen egoera edo potentzial ekologikoa definitzen duten kalitate-elementuetan eta faunarentzako gaur egungo habitatak aldatzea.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, obrak lehorrean egingo dira eta ibilguari eta ingurune hidrikoaren kalitateari zuzenean eragin diezazkioketen kalteak mugatuko dira. Alabaina, garraiaketak ibaitik kentzeko eta arrainentzako eskala egiteko, makinak ibilguan sartu behar direnez eta ibilgua induskatu behar denez, proiektuak aurreikusten du ur-hesiak egitea, ibilgutik ateratako materialak erabiliz. Sortutako solido esekiak gutxiagotzeko, egokiena harri-lubetako harriak erabiltzea izango litzateke ur-hesien oinarria egiteko ur gutxiko sasoietako kotaraino.

Bidalitako dokumentazioaren arabera, oro har, 82.785 m2-ko azaleran jardungo dela aurreikusten da. Era berean, a priori, landareztatzera bideratutako aurrekontua behar adinakoa izango da lehengoratze-planoetan grafiatuta ez dauden aldi baterako okupazioak lehengoratzeko.

Kultura-ondareari dagokionez, proiektuak Donejakue Bidearen 400 metro inguruko luzerako zatian izango du eragina, Oreña auzoan proiektatutako mozketa birjarri egin beharko baita ezkerraldean. Jarduketa honek bateragarria izan behar du maiatzaren 24ko 66/2022 Dekretuarekin, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen duen Dekretua. Dena den, obrek iraun bitartean, Bidearen seinaleak mantendu egingo dira, erromesen pasabidea ez da etengo eta pasabide alternatiboa jarriko da.

EAEko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioan (48096-00021 kodea) jasota dagoen lurzatiari buruzko jarduketei dagokienez, kokalekuko lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa-txostenak (2022an eginak) aurkeztu dira, baita lurzatia hondeatzeko plan bat ere, lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozedura-esparruan gauzatuak (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean dago ezarrita prozedura hori). Lurzati horretan egingo diren jarduketek inpaktu negatiboak eragin ditzakete kutsatutako lurrak mugitzearen ondorioz, alabaina, lurzatiaren erabateko saneamendua aurreikusi da, lurzatia landareztatu egingo baita haltzadi kantauriarreko espezieekin eta, horren ondorioz, inpaktu orokorra positiboa izango da. Dena den, lurzati honetan egiten diren jarduketek kontuan hartuko dute ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa, baita lurzatiko lurzoruaren kalitatearen adierazpena ezartzen duen ebazpenak ezartzen duena ere, hala badagokio.

Bestalde, jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere. Ildo horretan, proiektuan aurreikusi da neurri egokiak hartuko direla Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezartzen dituen zehaztapenak betetzeko.

Sortutako hondakinei dagokienez, batez ere eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak eta hondeaketa-soberakinak (231.426 m3), hondakinak biltzeko eta bereizita kudeatzeko baldintzak planteatu dira. Hondakin batzuk Zallako udalerrian dauden lur-soberakinen biltegi batera eta hondakin arriskugabe eta geldoen zabortegi batera bideratuko dira.

Proiektua egin ondoren, ondorioak, oro har, positiboak izango dira, Cadagua ibaiari lotutako uholde-arriskua nabarmen murriztuko delako eta ibilguaren luzetarako konektagarritasuna hobetu egingo delako.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Uraren Euskal Agentziak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Neurri horiek eta kontrolerako izendatutako langileek ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritakoak bermatu beharko dituzte.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan eta proiektu-planoetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Aplikazio-araudian xedatutakoa gorabehera, honako prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko zaizkio proiektuari ondare naturala babeste aldera:

D.1.1.– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lanak eta lurzorua erabiltzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduera osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makina eta ibilgailuen zirkulazioa.

Ustekabeko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta lehengoratze-neurriak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du ebazpen honetako D.11 puntuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.

D.1.2.– Orokorrean, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko. Obrak mugakide dituzten natura-interes handiko eremuetan (91E0* «Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior dituzten alubioi-basoak» eta 6510 «Altitude baxuko sega–belardi elkorrak (Alpecurus pratensis, Sanguisorba officinalis)» Batasunaren intereseko habitat lehenetsietan) kontu handiz ibiliko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina.

Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu edo kendu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak eta Batasunaren intereseko habitatak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak ez izateko kolperik eta kalterik. Bestalde, zuinketako fasean eta lanak egiterakoan, ebazpen honetako D.11 puntuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan aipatutako eremu bereziki sentikorretan, Obraren Zuzendaritzari laguntzeko.

D.1.3.– Proiektuaren eraginpeko esparrua bisoi europarraren Interes Bereziko Eremuaren barruan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

Bisoi europarraren aleengan eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, kontuan hartuko dira honakoak: azaroaren 25eko 9/2021 Legea, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko dena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduradun gisa, xedatzen duena.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako aurretiko prospekzioaren arabera, neurri egokiak ezarriko dira eta obra-plana espeziearen aldi kritikora egokituko da, alde batera utzi gabe foru-organo eskudunak, hala badagokio, ezartzen duena.

D.1.4.– Lehendik dagoen presa txikiaren eta Cadaguaren ezkerraldean aurreikusitako babes-horma berrien iragazkortasuna hobetzeko aurreikusitako neurriak proiektuaren dokumentu teknikoan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Zehazki, paper-fabrikako presa txikian aurreikusitako arrainen eskalaren neurria zehaztu beharko da ibaiaren zati horretan dauden iktiofauna-espezieek eskala hori eraginkortasunez erabil dezaten, kontuan hartuta presa txikia ez dela beheratuko.

Fauna-pasabideen kasuan, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren «Fauna-pasabideak eta perimetro-hesiak diseinatzeko preskripzio teknikoak» dokumentuko preskripzio teknikoak kontsultatuko dira (2015).

D.1.5.– Ingurumen-inpaktuaren azterketak mugatutako instalazioen eremuak obren adjudikaziodunak egokituko ditu, egitekoak diren jarduerek ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko.

D.1.6.– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Buddleja davidii, Robinia pseudoacacia, Crocosmia aurea edo beste batzuk).

Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren landaretzarik gabeko eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Gainera, lurren jatorria kontrolatu beharko da; bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren kasuan. Ahal dela, ez da erabiliko espezie inbaditzaileekin kutsatuta egon litekeen lurrik.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

D.2.1.– Ibilguaren barruko obrak haren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira, ingurumen-inpaktuaren azterketan eta proiektuan aurreikusitakoarekin bat.

Ibilgura sartu behar izanez gero, makinak lan-plataforma (ur-hesia) baten gainean ibiliko dira. Plataforma hori eraikitzerakoan eta eraisterakoan ingurune hidrikora ahalik eta material xehe gutxien isurtzeko materialez osatuta egongo da. Ildo horretatik, plataformaren oinarria material lodiarekin edo harri-lubetazko harriekin egitea gomendatzen da, geotestil batez estalita, eta horren gainean betelana lurrez eta/edo dena bat egitea. Geotestilak, gainera, betelana eta harri-lubetaz egindako alboko babesa bereiziko ditu. Betelana harri-lubeta batek osatuko du, eremu horietan lanean arituko diren aldiari dagokion ohiko gehieneko ur-goraldiaren kotaraino.

Ibilguaren fluxua desbideratzeko egiten diren ur-hesiak eraikitzeko eta presa txikian arrainen eskala jartzea ahalbidetzeko, aurreko paragrafoan deskribatutako eraikitze-irizpideak beteko dira.

Ur-hesien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak Ebazpen honetako D.12 apartatuan aipatzen den lan-programan jasoko dira, eta berau aldatu egingo da obrak aurrera egin ahala aipatutako egitura horien kokapenaren aldaketak programatzen direnean.

D.2.2.– Ibilguaren edo haren erriberaren inguruko indusketa-lanak egiteko, ibilgutik urrunen dagoen eremutik induskatuko da erribera alderantz, hondeaketa gehienak defentsa bat edo ibilgua babesteko hesi bat izan dezan. Horrek erraztu egiten du lehorrean lan egitea eta jariatze-urak kontrolatuta eta tratatuta hustea. Erribera aldea jarduketaren amaieran induskatuko da, betiere ibilguaren kanpoaldetik.

D.2.3.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Egitura horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

Tratamendu-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, edukiera erabilgarria nahikoa izateko une oro eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izateko.

Dekantatutako jalkinak aldian-aldian jaso eta kudeatuko dira, ebazpen honen D.6 atalean xedatutakoaren arabera.

D.2.4.– Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, uhertasunaren aurkako hesi flotatzaileak instalatzea aurreikusten da ur-hesiaren edo lan-plataformaren aitzinamendu-eremuan. Beharrezkotzat jotzen da neurri hori beste eremu batzuetara ere hedatzea, hain zuzen ere, jarduketen ondorioz, ibilgura solido esekien ekarpena egin dela ikusten den eremuetara.

Teknikoki bideragarriak diren eta ibilguan nahiz haren habitatetan ingurumen-kalte gutxien sortuko duten irtenbideak aukeratuko dira, besteak beste, hesi flotatzaileak eta iragazleak (sare iragazlea duten flotagailuen sistema) eta jalkitze- eta iragazte-hesi malguko sistemak (cofferdam malgua), eta beti kontuan hartuz horiek ezarriko diren inguruaren berezitasunak (ibai-ohearen ezaugarriak, fluxua, ibilguaren sakonera; iktiofauna eta beste espezie urtar batzuk, irisgarritasuna, eraginak jasan ditzaketen landareak eta habitatak, espazio erabilgarria...).

Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak Ebazpen honetako D.12 apartatuan aipatzen den lan-programan jasoko dira, eta berau egokitu egingo da obrak aurrera egin ahala aipatu gailu horien kokapenean aldaketak programatzen direnean.

D.2.5.– Ibilguan isuri barreiatuak izango direla aurreikusi den eremuetan, ura iragazteko gailuz osatutako luzetarako hesiak jarriko dira, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoaren arabera.

D.2.6.– Lorra erauzi, ur-hesiak kendu edo beste hondeatze-lan batzuk egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak horretarako diseinatutako instalazioetan utziko dira aldi baterako, helmugara garraiatzeko eta han onartzeko eskatzen den hezetasun-mailara iritsi arte.

D.2.7.– Ez da lur-mugimendurik, hondeaketarik edo zulaketarik egingo lurra kutsatuta dagoela antzeman den guneetan, deskutsatze-lanak egin eta obren jarduketen ondorioz lurpeko uretara kutsadura-transferentziarik ez dela gertatuko bermatu arte.

D.2.8.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

D.2.9.– Lanak egiteko eremuetan hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, istripuz isuririk edo ihesik balego: biribilkiak, material pikortatua eta abar.

D.2.10.– Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira (ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatutakoak). Hormigoi-esnea inola ere ezin izango da isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako D.6 apartatuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

D.2.11.– Obren eraginez soildutako azaleren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obragune bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.

D.2.12.– Obrak dirauen bitartean, garbitze-lanen kontrol zehatza egingo da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduketa-eremuan eta eraginpeko ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, biztanleguneen inguruetan. Beharrezkoa bada, obrek eragindako lursailetan ureztatze-sistema bat ezarriko da.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Ingurumen-organoak zoruaren kalitate-prozeduretan ezar ditzakeen eta aplikatu behar diren baldintzak betetzeaz gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.3.1.– Cadaguaren eskuinaldea ADIFen lurzatiaren inguruan zabalduko den zatia lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratzen duen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko abenduaren 21eko Aginduan sartutako zabortegi moduko leku batean gauzatuko da. Zehazki, honako kode hau duen lurzatian: 48096-00021. Lurzatian proiektatutako jarduketak Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan ezarrita dagoen lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren kasuen artean dago jasota.

Ildo horretan, aurkeztutako dokumentazioaren artean kokalekuko lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa-txostenak (2022an eginak) eta lurzatia hondeatzeko plan bat daude.

Era berean, ezarritako lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozeduraren esparruan, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpena eman da. Ebazpen horren bidez, Uraren Euskal Agentziari baimena ematen zaio Zallako udal-mugartean (Bizkaia), Aranguren auzoan, Papelera Española SAren jabetzako zabortegi zaharraren kokalekuan eraikuntza-arrazoiak direla-eta materialak hondeatzeko, kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako lurzoruaren kalitatearen adierazpen-prozeduraren esparruan.

Aipatutako kokalekua eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak direla bermatze aldera, obrak aipatutako ebazpenean ezarritako baldintzen arabera egin beharko dira. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko ebazpenean ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.

D.3.2.– Gainerako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

D.3.3.– Horrez gain, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten beste leku batzuk antzematen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak badaude, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

D.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

D.4.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondorengo garbitze-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obren eraginpeko ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Pistak ureztatzeko eta aldi baterako estali gabe dauden eremuak eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen gainazalak garbitzeko sistema bat izan beharko da. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatu egingo dira.

D.4.2.– Obrak egiteko eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, solidoak atxikitzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentuen arabera. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Ebazpen honen D.12 apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta zatikirik ez barreiatzeko.

D.4.4.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak ibilguetatik urrun kokatuko dira.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketa, eraispen, zamalan eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, zarata sortzeko ordutegia mugatzean, erabilitako ekipoen zaraten kontrolean ere.

D.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoaldean erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (Kanpoaldean erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituena; apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horren 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.5.4.– Egunez bakarrik lan egingo da.

D.6.– Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinen kudeaketa Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean, eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.

D.6.2.– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

D.6.3.– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

D.6.4.– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.5.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

D.6.6.– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik antzemanez gero, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak, ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan, Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituenean, ezarritakoa ere.

D.6.7.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

D.6.8.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, proiektua gauzatzeko lanetan sortutako lur-mugimenduen balantzeak 231.426 m3 lur eta haitzeko soberakina ematen du, eta hori proiektuaren kokagunetik kanpo kudeatu beharko da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturalak direnez, eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

D.6.9.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.10.– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.11.– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubeten edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

D.6.12.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

D.6.13.– Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publikoa berdeari buruz xedatutakoa hartuko da kontuan.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

D.7.1.– Oreña auzoan Cadaguaren ezkerraldea zabaltzeak Donejakue Bidearen ibilbidearen 400 m inguruko zatian izango ditu ondorioak. Ildo horretan, maiatzaren 24ko 66/2022 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzen duen Dekretua aldatzen da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren arabera, aipatutako zatiari dekretu horren III. eranskineko II. kapituluan ezarritako zehaztapenak aplikatu behar zaizkio, zehazki 16. artikulua.

D.7.2.– Dena den, Donejakue Bidearen edo haren babes-eremuen trazaduran esku hartzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena beharko da aldez aurretik.

D.7.3.– Obrek iraun bitartean, Bidearen seinaleak mantendu egingo dira, erromesen pasabidea ez da etengo eta ondo seinaleztatutako pasabide alternatiboa jarriko da.

D.7.4.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak lehengoratzeko neurriak.

D.8.1.– Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraikiz egingo dira lehengoratze-lanak.

D.8.2.– Landareztatzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman beharko du; habitat naturalak sortu beharko dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotu.

D.8.3.– Obren eraginpeko eremu guztietan gauzatuko dira paisaian obra integratzeko lanak, baita, aurkeztutako lehengoratze-proiektuan ez agertu arren, obra-fasea amaituta aldaketak jasan dituzten eremuetan ere.

D.8.4.– Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, baita landare-estalkia manten dezaketen guneen landareztatzea ere.

D.8.5.– Eraginpeko eremu guztiak lehengoratzeko neurriak obrekin batera gauzatuko dira; horrela, obra egin ahala ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako birmoldatze- eta landareztatze-lanak gauzatuko dira. Lehengoratuko diren gainazalek ureztatze-sistema bat izan beharko dute, gutxienez landareztatzearen lehenengo faseetan.

D.8.6.– Lurrak mugitzean, landare-lurra modu desberdinduan kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren, eragindako espazioen lehengoratze- eta landareztatze-lanak errazteko.

D.8.7.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako birlandatze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.

D.9.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.

– Mehatxatutako flora- eta fauna-espezieen aleekiko eragina eta Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatetan duena kontrolatzea.

– Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

D.10.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Horren ondoriozko hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.11.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

D.12.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondorengo azpiapartatu hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.

Proposamen horiek lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta Obra Zuzendaritzak berariaz onartu beharko ditu –aldez aurretik, txosten bat egingo du aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bildu beharko ditu aipatutako programak:

– Lan-eremuetarako sarbideen kokapenaren eta ezaugarrien xehetasuna (xehetasun-kartografia barne): oinplanoa, luzetarako eta zeharkako profilak, lur-mugimenduak eta sortutako ezpondak.

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak; hor jasota egongo dira hondeaketa-lurrak eta landare-lurra behin-behinean biltzeko eremua, sarbideak, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira obrak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak.

– Ibilguan proiektatutako ur-hesien eta jalkinei eusteko aurreikusitako hesien kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Obren ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak. Dekantazio-putzuaren edo aurreikusitako beste gailu batzuen kokapen zehatza, neurriak eta tratamendu-ahalmena.

– Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan.

– Nahitaezkoa den dokumentazioa, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokalekuetan (48096-00021 kodea) eraikitze-arrazoiengatik hondeaketa baimentzen duen ebazpena betetzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat.

E) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da Ingurumena Zaintzeko Programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egongo da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, obrak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.

Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena jasoko da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.

E.2.– Obraren erabilera-mugen kontrola.

Egiaztatu egingo da lanen eremuak proiektuaren aurreikuspenei jarraitzen diela; obrek ez dute hartuko aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

– Obrek lurrazaleko ur-ibilguen eta lurpeko uren gainean sor ditzaketen eraginak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisikokimikoari buruzko egoera zehaztuko da obra-eremutik ibaian gora eta ibaian behera. Parametro hauek aztertuko dira gutxienez: pHa, eroankortasuna, material esekiak (mg/l), olio eta koipeen kontzentrazioa eta hidrokarburoen kontzentrazioa. Halaber, eraginpeko ur-masaren potentzial ekologikoa zehaztuko da ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako metodologiaren arabera.

Obrak egin bitartean, hamabost egunean behin uraren kalitate fisikokimikoaren kontrolak egingo dira ingurumen-inpaktuaren azterketan jasota dagoen 15. planoan adierazitako uraren kalitatearen jarraipen-puntuetan, obrak aipatutako puntuen eragin-eremuan egiten direnean, eta jarduketaren aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira.

– Obrak amaitu eta bi urtera, eragindako ur-masaren potentzial ekologikoa zehaztuko da jarduketaren aurreko fasean zehaztapena egin den puntu berberean.

E.4.– Isurketa-uren kalitatea kontrolatzea.

Oro har, ur-ingurunera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.11 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztatu beharko du urak isuri aurretik urak bideratzeko, drainatzeko eta atxikitzeko gailuek ondo funtzionatzen dutela. Horrez gain, ibaira material xeheak isuri diren aztertuko du, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.

Obrak egiten diren bitartean, hondakin-uren isurketak kontrolatuko dira arazketa-sistemen irteeran, astero. Isurketa-mugak eta aztertutako parametroak isurketa-baimenean adierazitakoak izango dira.

E.5.– Kalitate akustikoaren kontrola.

Zarata dela-eta obrek eragindako kalteak zehazteko asmoz, lanak egin aurretik kalitate akustikoaren egoera zein zen zehaztuko da ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako 15. planoan adierazitako puntuetan.

Obrak egin bitartean, hilean behin kalitate akustikoaren kontrolak egingo dira ingurumen-inpaktuaren azterketan jasota dagoen 15. planoan adierazitako jarraipen-puntuetan, obrak aipatutako puntuen eragin-eremuan egiten direnean. Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazten den metodologia erabiliko da.

E.6.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Obra amaitu ondorengo bi urteetan, proiektuak eragindako guneak lehengoratzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da urtean behin.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Uraren Euskal Agentziak, jarduketak sustatzen dituen aldetik, bere gain hartuko du lehengoratze-neurrien eraginkortasunaren jarraipena egitea, obraren bermealditik kanpo eta obrak amaitzen direnetik 5 urte igaro arte.

E.7.– Arrainen eskalaren funtzionamendua kontrolatzea.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, arrainen eskalaren eraginkortasunaren jarraipena egingo da.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Uraren Euskal Agentziak, jarduketak sustatzen dituen aldetik, bere gain hartuko du arrainen eskalaren eraginkortasunaren jarraipena egitea, obraren bermealditik kanpo eta obrak amaitzen direnetik 5 urte igaro arte.

E.8.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko ebazpenean ezarritakoak.

Programa horretan, kontrolatu beharreko parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentzia-balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginak hartzeko eta azterketa egiteko metodologia, kontrol-puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren inguruko xehetasunak ere jasoko dira.

E.9.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak.

Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako jarraipen-txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausak eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2021 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, Ingurumena Zaintzeko Programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Biak, Ingurumena Zaintzeko Programa eta egiaztapen-zerrenda, Uraren Euskal Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Aldez aurretik ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.

Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzako Programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, Ingurumena Zaintzako Programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

Hirugarrena.– Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aurrerapen nahikoaz jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 22a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala