Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2024ko urtarrilaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
25

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) «A.3 Teresategi» eta «AÑ.10 Errekalde (II)» eremuetako eta Bide Sistema Orokorraren urbanizazio-proiektuko ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2023ko irailaren 26an, Lasarte-Oriako Udalak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Lasarte-Oriako «A.33 Teresategi» eta «AÑ.10 Errekalde (II)» eremuetako eta Bide Sistema Orokorraren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko urriaren 20an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat organismoren aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko E7 taldeko 7.a epigrafean ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie industrialdeetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuei. Ildo horretan, proiektuak Lasarte-Oriako «A.33 Teresategi» eta «AÑ.10 Errekalde (II)» eremuak eta Bide Sistema Orokorra urbanizatzeko beharrezkoak diren industria izaerako obrak definitzen ditu.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Lasarte-Oriako «A.33 Teresategi» eta «AÑ.10 Errekalde (II)» eremuak eta Bide Sistema Orokorra urbanizatzeko proiekturako, honela:

A) Proiektuaren xedea da Lasarte-Oriako «A.33 Teresategi» eta «AÑ.10 Errekalde (II)» eremuak eta Bide Sistema Orokorra urbanizatzeko behar diren obra guztiak diseinatzea eta definitzea.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Lasarte-Oriako «A.33 Teresategi» eta «AÑ.10 Errekalde (II)» eremuak eta Bide Sare Orokorra urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematen baita, proiektuaren ingurumen-dokumentua edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideen arabera:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

«A.33 Teresategi» eta «AÑ.10 Errekalde (II)» eremuen eta Bide Sistema Orokorraren urbanizazio-proiektuaren (aurrerantzean, urbanizazio-proiektua) xedea da 34.134 m2-ko lurzoru baten urbanizazioa definitzea, hura garatzeko beharrezko diren zerbitzuak emateko. Urbanizazio-proiektuaren muga gehienak Lasarte-Orian daude, eta azalera txiki bat (432 m2) Donostian.

Urbanizazio-proiektua honako jarduketa hauek osatzen dute:

– Bi noranzkoko bide perimetrala egitea, bi puntutan GI-2132 errepidearekin lotzen duena.

– Oinezkoentzako bi sarbide nagusi egitea: lehena, beilatokitik; bestea, Euskotrenen geltokira daraman gaineko pasabidearekin lotzen den kaletik.

– Lurzati tertziariorako sarbidean igogailu bat eraikitzea, Errekaldeko urbanizazioa eta eremu berria lotzeko, kota desberdinetan baitaude.

– Behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren zerbitzuen azpiegiturak (hornidura, saneamendua, elektrizitatea, etab.) instalatzea.

Proiektuaren jarduketa nagusiak hauek dira:

• Eraispenak eta aurretiko lanak: espaloiak eta hormatxoak eraistea, eta seinaleak, hiri-altzariak, lehendik dauden argiak, etab., kentzea.

• Ezponda egonkortzea: 1H:2V ezponda bat proiektatzen da, arroka osasuntsuan, sare metalikoz sendotuta.

• Errekaren trazadura desbideratzea 68 metro inguruko luzeran. Ibilgu trapezoidal bat diseinatu da, ezpondekin, ibaiertzeko landarediarekin eta zati batean harri-lubetarekin, eta Salix spp. aldaxkekin landareztatuko da.

• Euri-uren sarea eremuaren ondoko biltodiraino eramango da, eta ur beltzen saneamendua Teresategi eremuko ur beltzen sarera konektatuko den biltodi batetik igaroko da. Ur-hornidura hornidura-saretik egingo da, eta Errekalde poligonoko bi puntutan konektatuta egongo da.

• Energia elektrikoaren (erdi-tentsioko linea eremuaren perimetrotik lurperatuko da), telekomunikazioen, gasaren eta argi publikoen azpiegiturak instalatuko dira.

• Espaloiak eta bideak zolatuko dira. Lorezaintzako lanak egingo dira (509 zuhaitz landatzea aurreikusten da) eta hiri-altzariak jarriko dira.

• Igogailu bat jarriko da lurzati tertziarioan.

Obra egiteko, hiru fase aurreikusten dira:

1.– Ekialdea urbanizatzea eta linea elektrikoak desbideratzea: ekialdeko eremuko lur-mugimenduak; ekialdeko sarbidea Errekalde poligonotik; errekaren desbideratzea; erdiko lurzatiaren bide perimetralaren zati bat, azpiegiturak barne, eta bulegoak dituen eraikinari dagokion lurzatiaren urbanizazioa.

2.– Hegoaldea eta mendebaldea urbanizatzea: lur-mugimenduak, mendebaldeko sarbidea eta bide perimetrala lurzati nagusiaren hegoaldean eta mendebaldean, azpiegiturak barne.

3.– Sarbideak eta Errekaldeko poligonoa berrurbanizatzeko obrak: Errekalde poligonoa eta GI-2132 berrurbanizatzea; GI-2132 errepideko sarbideak eta irteerak berrantolatzea; poligonoan zehar oinezkoentzako bide bat jartzea, poligonoaren barrualdea berriz zolatzea eta seinale horizontalak berritzea.

Teresategi eremuko urbanizazio-obrek lur-mugimendu asko egitea dakarte, lurzatiaren orografiaren ondorioz. Urbanizazio-proiektuak bide-kotaraino induskatzea barne hartzen du, baina ez sotoaren indusketa. Soberako lurrak baimendutako hainbat betelanetara eraman beharko dira.

Ustez, hogeita lau hilekoa da obrak egikaritzeko epea.

Alternatibei dagokienez, honako hauek aurkeztu dira: 0 alternatiba, ez esku hartzekoa; 3 antolamendu-alternatiba; bideei buruzko 3 alternatiba; oinezkoentzako 4 irisgarritasun-alternatiba eta errekaren eremurako 3 alternatiba. 0 alternatiba Lasarte-Oriako plangintzako arau subsidiarioek baztertu zuten.

Hiru antolamendu-alternatiben ingurumen-eraginak alderatzeko azterketatik ondoriozta daiteke O3 Alternatiba dela ingurumenaren aldetik ondoen baloratutakoa, azkenean garatua izan dena. Alternatiba horrek lurzorua gutxiago artifizializatzea dakar, birlandatzeko moduko espazio libreen azalera handiagoa planteatzen duelako, eta, ondorioz, O1 Alternatibak baino gutxiago eragiten diolako egun bertan dagoen landarediari. Gainera, O3 alternatibak inpaktu txikiagoa du paisaian, proposatutako eraikinak O1 alternatiban proposatutakoak baino baxuagoak baitira. Azkenik, O1 eta O2 alternatibek ez diote ibai-ibilguen geomorfologiari eragiten; haatik, O3 alternatibaren kasuan, eragin hori positibotzat jo da; izan ere, eremuaren ekialdea zeharkatzen duen ibilgu txiki etena, zeina egun harri-lubetazko hormen bidez bideratzen baita, berriz landareztatzeko moduko ezpondek bideratuko lukete.

Bideei buruzko alternatibei dagokienez, ingurumenaren ikuspegitik, uste da ez dagoela alde nabarmenik haien artean; soilik V3 alternatibak modu eraginkorragoan konpontzen dituela bai garapenaren barneko trafikoa, bai GI-2632 errepideko trafikoa. Era berean, mugikortasun jasangarria sustatzen du, eta Euskotreneko geralekutik zein autobus-geltokitik oinezkoentzako sarbidea izango du.

Eremurako irisgarritasun-alternatibei dagokienez, antzekoak dira egikaritze-fasean, eta ustiapen-faserako, ustez, A3 alternatiba da onuragarriena: batetik, igogailuaren beharrik izan gabe irisgarritasuna ahalbidetzen duelako; eta, bestetik, horrek energia-kontsumoa eta gas kutsagarrien eta berotegi-efektuko gasen emisioa murrizten dituelako.

Azkenik, errekarentzat R3 alternatiba da onena ustez, berriz landatzeko moduko ezpondak dituelako eta ez duelako errekaren eremura sartzen uzten. Horrek balorazio hobea du fauna-habitataren ikuspegitik.

2.– Proiektuaren kokapena.

Teresategiko eremua oso eremu antropizatuan kokatzen da: hegoaldean eta mendebaldean AP-8 autobidearekin egiten du muga, eta iparraldean Errekaldeko poligonoarekin, non hirugarren sektoreko beharrezko diren zerbitzuak eskaintzen baitira eta GI-2132 errepidetik sarbideak dituen; ekialdean landazabaleko eremu batekin egiten du muga, zeinak heskaiak eta baso hostozabalen masa txikiak baititu.

Proiektatutako jarduketek balio gutxiko lurzoruak okupatzen dituzte, nekazaritza-ikuspegitik, eta ez diote eragiten Añorga errekari; hala ere, aldatu egiten da AP-8aren beste aldean dauden Larrekoetxe (Lasarte) eta Jauregi (Hernani) auzoetan jatorria duen ibarbide txiki batek isurtzen dituen jariatze-urak biltzeko harri-lubetazko hormen kanal bat.

Eremuan dagoen landaredia zuhaitzez osatzen da, eta espezie aloktonoak dira nagusi, horietako batzuk inbaditzaileak. Faunaren ikuspegitik, nabarmendu behar da eremutik 700 metrora ferra-saguzar mediterraneoaren lehentasunezko suspetze-babesleku bat dagoela, baina gaur egun ez dago horren erabileraren berririk.

Ez «A.33-Teresategi» hirigintzako esku-hartze eremua, ez haren ingurune hurbila, ez dira ez eremu babestuak, ez inbentariatutako interes naturalistikoko lekuak ere (EAEko espazio esanguratsuen katalogo irekiko espazioak, LAGetako interes naturalistikoko eremuen zerrenda irekia eta EAEko hezeguneen inbentarioa). EAEko Igarobide Ekologikoen sareari buruzko azterketan zehazten diren egiturazko elementurik ere ez dago (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Eremuaren paisaia-kalitatea ingurunearen antropizazioak baldintzatzen du (AP-1, GI-2132, konexio-korapiloa N-634 – GI-11 – AP-1, GI-2132, Euskotrenen linea, Errekalde poligonoa, linea elektrikoak, etab.), eta haren paisaia-hauskortasuna baxua dela uste da, haren ikuspen-arroaren % 1,40tik baino ez baita ikusten.

Ez da ondare arkeologikoko edo arkitektonikoko elementurik identifikatu LHI «A.33 Teresategi» eremuan.

Halaber, ez da ingurumen-arrisku nabarmenik hauteman: ez da uholde-arriskuko eremua, ez eta lehentasunezko fluxu-eremuena ere; ez dago akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handiko edo oso handiko eremuetan, eta ez die eragiten kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei. Higadura-arriskuaren ikuspegitik, eremuaren ekialdean 900 m2-ko eremu txiki bat dago, EAEko higadura hidriko laminarraren maparen arabera higadura nabaria duena (begi hutsez ikus daiteke).

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obra-fasean sortuko dira. Hauek dira proiektua garatzean egingo diren jarduketak: sastrakak kentzea eta landareak moztea, urbanizazio-plataformak egiteko indusketak egitea, bai eta zangak eta zimenduak jartzea ere.

Inpaktu handiena landare-estalkia kentzeak eragingo du, eremuaren azaleraren zatirik handiena estaltzen baitu. Dena den, eremuaren ekialdean dauden haritz eta/edo lizarren bat kaltetu daitekeen arren, ez da aurreikusten intereseko ezein formaziori edo arriskuan dagoen flora-espezieri eragingo zaionik. Era berean, lurzoru naturala galduko da, urbanizazioak behin betiko okupatuko baitu eremua, eta berreskuratu ahal izango da aldi baterako okupazioetan.

Lur-mugimenduen ondorioz sortutako soberakinak betelanak egiteko eramango dira, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak xedatzen duen eran hartarako baimena izango duten lekuetara.

Gainera, lurpetik eta zati batean harri-lubetazko hormen artetik doan ibilgua desbideratzeak eta lurrazalean azaleratzeak ezpondak landareztatzea eta naturalizatzea ahalbidetzen du, harri-lubetak aldaxkatzean eta ibai-bazterretan haltzadi-sail batean oinarrituta.

Bestalde, proposatzen diren jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da gizakien habitataren kalitatea (zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotu egingo dira); lurzoruak edo urak kutsa litezke lurra mugitzean eragindako nahi gabeko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sor litezke sastrakak kendu, landareak moztu edo inausteko lanak egiten direnean.

Azkenik, egoera akustikoari dagokionez, inpaktu akustikoaren ebaluazioa oinarri izan duen azterketa akustikoaren emaitzen arabera, oro har, aldekoa izan daiteke egun eta arratsaldeko tarteetan, eraikinaren hego-ekialdeko eta hego-mendebaldeko izkinako solairuartean izan ezik, zeinak kaltegarritzat jotzen diren. Gauez, aldiz, aldekoa da fatxada guztietan.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Lasarte-Oriako «A.33 Teresategi» eta «AÑ.10 Errekalde (II)» eremuen eta Bide Sistema Orokorraren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko. Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

Hurrengo apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Landaredi autoktonoa kentzea eta/edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira proiektuaren eremuan dauden zuhaitz-ale eta unada autoktonoak, eta, bereziki, eremuaren ekialdean dauden haritzak eta/edo lizarrak.

– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Buddlelia davidii, Phyllostachys aurea edo beste batzuk).

– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditutako eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Horrez gain, kontrolatu egingo da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.

– Landareztatzeetan, lehentasuna emango zaio haltzadi kantauriarraren berezko espezieak landatzeari (Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Corylus avellana, Crataegus monogyna, Salix sp., etab.).

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako jarritako guneetatik kanpo egin.

Paisaia babestera eta ukitutako eremuak lehengoratzera zuzendutako neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako bilketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Erabiltzen diren makinek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, ez izateko arriskurik inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak proiektuaren eragin-eremura hedatzeko.

– Bai baldintza-agiriak bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezartzen dituen segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute haien kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

– Obraguneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

Kultura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenaren arabera zaharberritzeen arrakasta bermatzeko, eta lehengoratutako lurrazalak eta ezarri beharreko landare-estalduraren tipologia ikusita, beharrezkotzat jotzen da landareztatzea mantentzeko berme-aldia 5 urtera luzatzea obrak egin ondoren.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hortaz, ez da beharrezkotzat jotzen Lasarte-Oriako «A.33 Teresategi» eta «AÑ.10 Errekalde (II)» eremuen eta Bide Sistema Orokorraren urbanizazio-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Lasarte-Oriako Udalari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 5a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala