Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2024ko urtarrilaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
24

118/2023 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita honako erabaki hau: Gobernu Kontseiluaren 2020ko apirilaren 14ko Erabakiaren bidez onartutako hitzarmen-eredu normalizatua aldatzekoa, lehendik izenpetutako hitzarmenak aldatzeko eranskinaren eredu normalizatua onartzekoa, eta unibertsitate publikoekin aldaketa-eranskin horiek izenpetzeko baimena ematekoa, bai eta eranskin horiek unibertsitate pribatuekin sinatzea aintzat hartzekoa ere.

Gobernu Kontseiluak, 2023ko abenduaren 19an egindako bilkuran, onartu du erabakia (Gobernu Kontseiluaren 2020ko apirilaren 14ko Erabakiaren bidez onartutako hitzarmen-eredu normalizatua aldatzekoa, lehendik izenpetutako hitzarmenak aldatzeko eranskinaren eredu normalizatua onartzekoa, eta unibertsitate publikoekin aldaketa-eranskin horiek izenpetzeko baimena ematekoa, bai eta eranskin horiek unibertsitate pribatuekin sinatzea aintzat hartzekoa ere). Beraz, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ondorengo Erabakiaren testua: Gobernu Kontseiluaren 2020ko apirilaren 14ko Erabakiaren bidez onartutako hitzarmen-eredu normalizatua aldatzekoa, lehendik izenpetutako hitzarmenak aldatzeko eranskinaren eredu normalizatua onartzekoa, eta unibertsitate publikoekin aldaketa-eranskin horiek izenpetzeko baimena ematekoa, bai eta eranskin horiek unibertsitate pribatuekin sinatzea aintzat hartzekoa ere. Testu hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 27KO 118/2023 EBAZPENARENA
ERABAKIA, 2020KO APIRILAREN 14AN ONARTUTAKO HITZARMEN-EREDU NORMALIZATUA ALDATZEN DUENA, LEHENDIK IZENPETUTAKO HITZARMENAK ALDATZEKO ERANSKINAREN EREDU NORMALIZATUA ONARTZEN DUENA, ETA UNIBERTSITATE PUBLIKOEKIN ALDAKETA-ERANSKIN HORIEK IZENPETZEKO BAIMENA EMATEN DUENA, BAI ETA ERANSKIN HORIEK UNIBERTSITATE PRIBATUEKIN SINATZEA AINTZAT HARTZEN DUENA ERE

Martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 9. artikulua aplikatzeko (33/2018 Dekretua, martxoaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan irakaskuntzan aritzeko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicuma eta titulazioagatik masterra egin ezin dutenentzat prestakuntza baliokideari dagokiona), Gobernu Kontseiluak, 2020ko apirilaren 14ko bilkuran, lankidetza-hitzarmenaren eredu normalizatu bat onartu zuen autonomia-erkidego honen lurralde-eremutik kanpoko unibertsitate publikoekin, autonomia-erkidego horretan erroldatutako ikasleek dekretu horretan araututako praktikak egin zitzaten, eta baimena eman zuen hezkuntza-arloan eskumena duen saileko titularrak eredu horrekin bat datozen hitzarmen guztiak sina zitzan.

Era berean, 2020ko maiatzaren 19ko bilkuran, Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmenaren eredu normalizatuaren berri hartzeko erabakia hartu zuen. Eredu hori autonomia-erkidegotik kanpoko unibertsitate pribatuekin sinatuko da, aipatutako artikulua aplikatuz, bertan erroldatutako ikasleek martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuan araututako praktikak egin ditzaten.

Aurten, 2023an, aipatutako eredu eta hitzarmenetan eragina duten arau batzuk iragarri dira; zehazki, praktiketako zentroetan ematen diren curriculumak onartzen dituzten arauak indargabetu dira, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatu da (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori). Testu bategin hori martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuaren bidez egin zen, pentsiodunen eskubideak zabaltzeko, genero-arrakala murrizteko eta pentsio-sistema publikoaren iraunkortasun-esparru berri bat ezartzeko premiazko neurriei buruzkoa. Zehazki, berrogeita hamabigarren xedapen gehigarri berri bat gehitu da, izenburu honekin: «Prestakuntza-programetan sartuta dauden prestakuntza-praktikak edo kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzea», gizarteratze horren erregulazioa aldatzeko.

Beharrezkoa da, beraz, Gobernu Kontseiluaren Erabakiak onartutako eredu normalizatua aldatzea, indarrean dauden hitzarmenak aldatzeko eranskin bat sartzea, eta eremu horretako unibertsitate pribatuekin egindako hitzarmenei dagokienez Hezkuntza Saileko titularrak egingo dituen aldaketa baliokideen berri izatea.

Horregatik, Hezkuntzako sailburuak proposatuta eta eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak honako erabakia hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Gobernu Kontseiluaren 2020ko apirilaren 14ko Erabakiaren bidez onartutako I. eranskinean jasotako eredu normalizatua aldatzea, autonomia-erkidego honen lurralde-eremutik kanpoko unibertsitate publikoekin lankidetza-hitzarmena sinatzekoa, bertan erroldatutako ikasleek martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuan araututako praktikak egin ditzaten:

1.– Eredu normalizatu horren azalpen-zatiari paragrafo hauek gehitzen zaizkio:

«Bestalde, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 Dekretuak onartu ditu. Dekretu horien bidez, Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumak ezartzen dira, hurrenez hurren, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen dira, euskal hezkuntza-sistemak lortutako hezkuntza-mailak hobetzeko eta XXI. mendeko erronka handiei erantzun behar dieten hezkuntza-jomugak bultzatzeko. Hori guztia, 2030erako Garapen Jasangarriaren (Unesco) helburu nagusiekin bat etorriz, eta honako hauek nabarmenduz: 4. helburua, "Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatiboa bermatzea eta guztiontzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea", eta Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioa (2018), etengabeko ikaskuntzarako funtsezko gaitasunei buruzkoa.

Dekretu horietan adierazten da irakasleek rol aktiboa hartu behar dutela ikaskuntza-prozesuan, eta haien lidergoa irakasten duten eremuaren, arloaren edo irakasgaiaren ezagutza adituan oinarritzen dela, baita aplikatzen dituzten trebetasun didaktiko eta metodologiko koherenteetan ere. Gainera, ikaskuntza partekatura edo ikaskuntza autonomora bideratutako jardueren gidari, orientatzaile edo estimulatzaile gisa jardun behar du, bai eta talde-lanerako edo elkarlanerako, proiektukako lanerako edo ikasleen garapen integralari eraginkortasunez laguntzen dion beste edozein irakaskuntza- eta ikaskuntza-modalitaterako ere. Tutorearen rola indartu egiten da etapa guztietan, ikasleen bideratzaile eta gidari gisa, ikasle guztien bizikidetza ona eta arrakasta sustatzeko.»

2.– Hitzarmen-eredu normalizatu horren hirugarren klausulan, 1. paragrafoan («Unibertsitateak hartutako konpromisoak»), 8. puntu berri bat gehitu da eduki honekin:

«8.– Enpresaren izaera onartzea, ikasleek practicuma egitearen ondorioz Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ondorioetarako, eta, beraz, prestakuntza-programetan sartutako prestakuntza-praktikak edo kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzearen arloan indarrean dagoen legerian ezarritako kudeaketa eta ordainketa-betebeharrak bere gain hartzea.»

3.– «Hezkuntza Sailaren konpromisoei» buruzko 2. atalean aipatutako hitzarmenaren hirugarren klausulan, aldatu egiten da testua, eta honela geratzen da:

«Dagokion unibertsitateari ikastetxe ziurtatuetan praktikak egiteko eskuragarri dauden plazen berri ematea, bigarren klausulan aipatzen diren ikasleei plazak esleitu ondoren, honako lehentasun-sistemaren arabera:

a) Lehenik eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate Sistemaren barruko unibertsitateei.

b) Bigarrenik, euskal unibertsitate-sistematik kanpoko eskolei, fakultateei edo bestelako zentroei, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenei.

c) Hirugarrenik, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitateei.»

Bigarrena.– Aurreko atalean aipatutako Erabakiak onartutako eredu normalizatuaren arabera unibertsitate publikoekin izenpetutako hitzarmenen aldaketa-gehigarriak onartzea, indarrean daudenak, eta, era berean, hezkuntza arloan eskumena duen saileko titularrak eredu horrekin bat datozen gehigarri guztiak izenpetzeko baimena ematea.

Aldaketa-gehigarriak erabaki honen II. eranskinetik XXV. eranskinera bitartekoak dira.

Hirugarrena.– Unibertsitate pribatuekiko hitzarmen-eredu normalizatuaren aldaketaren berri izatea. Aldaketa hori 2020ko maiatzaren 19ko bilkuran aurkeztu zitzaion Kontseilu honi:

Ereduaren aldaketaren edukia lehen atalean unibertsitate publikoekiko eredurako jasotakoaren berdina da.

Laugarrena.– Unibertsitate pribatuekin sinatutako hitzarmenak, indarrean daudenak, aldatzeko eranskinaren eredu normalizatuaren berri izatea.

Aldaketa-eranskinaren eredu normalizatua erabaki honen eranskinean jasotakoa da.

Bosgarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

I. ERANSKINA

Lankidetza-Hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta XXXXX Unibertsitatearen artekoa, ikasketa hauetan practicuma egiteko: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradu-tituluak; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle-lanbideetan aritzeko gaitzen duen master-titulua; eta titulazioa dela-eta master-ikasketarik egin ezin duten pertsonei Lanbide Heziketako irakasle izateko eskatzen zaien prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko xxxxxaren xxean.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Jokin Bildarratz Sorron jauna, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua.

Bestetik, XXXXX jauna/andrea, XXXXX Unibertsitateko errektorea.

PARTE-HARTZAILEAK:

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta ordez, Hezkuntzako sailburua, 2023ko abenduaren 19an egindako Gobernu Kontseiluan hartutako Erabakiaren bidez eskuratu zuena ahalmena hitzarmen hau sinatzeko.

XXXXX Unibertsitatearen izenean eta ordez, bertako errektorea. Gaitasun hori XXXXX Erabakiak eman zion.

Elkarri aitortzen diote behar den legezko ahalmena badutela hitzarmen hau sinatzeko.

ADIERAZTEN DUTE:

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluak ezartzen du irakaskuntzetan irakasle aritzeko beharrezkoa izango dela kasuan kasuko titulazio akademikoa eta Gobernuak irakaskuntza bakoitzerako ezartzen duen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea.

Abenduaren 27ko ECI/3854/2007 eta ECI/3857/2007 ministerio-aginduek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasle-lanetan aritzeko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko betekizunak ezartzen dituzte hurrenez hurren; bada, bertan jasotzen denez, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle izateko plangintzan, practicum bat egitea aurreikusten da. Practicum hori praktiketako tutore izateko ziurtatutako unibertsitateko irakasleen eta Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako irakasleen tutoretzapean egingo da, betiere hezkuntza-administrazioen eta unibertsitateen arteko hitzarmenen bitartez praktiketako prestakuntza-zentro gisa ziurtatutako Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan.

Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren 9. artikuluak, bestalde, ezartzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan irakasle izateko, derrigorrezkoa izango dela Hezkuntzako Lege Organikoko 94., 95. eta 97. artikuluetan ezarritako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen master titulu ofizial bat izatea; Hezkuntzako Lege Organikoko zazpigarren xedapen gehigarriak, era berean, ezartzen du aipatutako master titulua izateak egiaztatzen duela Legearen 96. eta 98. artikuluetan arte-irakaskuntza profesionaletan eta kirol-irakaskuntzan irakasle izateko eskatutako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa izatea, eta, helburu horrekin, hezkuntza-arloan eskumena duen ministerioari agintzen dio ECI/3858/2007 Aginduaren edukia osatzeko.

Abenduaren 27ko ECI/3858/2007 Aginduak ezartzen du zer baldintza bete behar den hezkuntza-sistemako etapa jakin batzuetan irakasle izateko eskatutako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoko master titulu ofizialak egiaztatzeko. Aipatu aginduaren eranskinaren 5. apartatuak hau ezartzen du: «Ikasketak egituratuko dira kontuan izanik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako, arte-irakaskuntzako, hizkuntzen irakaskuntzako eta kirol-irakaskuntzako irakasgaiak eta irakaskuntza-eremuak». Hau ere gaineratzen du: «Practicuma unibertsitateen eta hezkuntza-administrazioen arteko hitzarmenen bitartez ezarritako hezkuntza-erakundeekin elkarlanean egingo da. Practicuma egiten parte hartzen duten hezkuntza-erakundeak praktika-zentro gisa aitortuta egon beharko dira, baita ikasleen orientazioaren eta tutoretzaren ardura izango duten tutoreak ere».

Irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduak, zeinaren bidez irakaskuntzarako titulu baliokidea duten baina master-ikasketak egin ezin dituztenentzat eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokidea ezartzen baita, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala lortzeko ikasketen betekizunak definitzen ditu, irakaskuntza-ondorioetarako lanbide-heziketako edo kiroletako irakaskuntzetarako baliokidetzat jotako titulazio bat izan eta irakaskuntza horiek ematen aritu nahi dutenentzat. Prestakuntza honen plangintzan practicum bat aurreikusten da, hezkuntza-administrazioek ezarritako irakaskuntzak ematen dituzten hezkuntza-erakundeekin lankidetzan egingo dena, eta horren kredituak presentzialak izango dira. Practicuma egiten parte hartzen duten hezkuntza-erakundeak praktika-zentro gisa onartu beharko dira, baita ikasleen orientazioaren eta tutoretzaren ardura izango duten tutoreak ere.

Practicumaren aldi horren helburuak hauek dira: eskarmentua lortzea bakoitzaren espezialitateari dagozkion gaien plangintza zein ebaluazioa egiteko eta eskolak emateko; irakasle-lanerako ahozko eta idatzizko adierazpena ongi menderatzen dutela egiaztatzea, eta ikaskuntza eta bizikidetza erraztuko dituen giroa sustatzeko beharrezko gizarte-trebetasunak menderatzea.

Uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren bidez, unibertsitate-ikasleen kanpoko jarduera akademikoak arautzen dira.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuak onartu ditu. Dekretu horien bidez, Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumak ezartzen dira, hurrenez hurren, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen dira, euskal hezkuntza-sistemak lortutako hezkuntza-mailak hobetzeko eta XXI. mendeko erronka handiei erantzun behar dieten hezkuntza-jomugak bultzatzeko. Hori guztia, 2030erako Garapen Jasangarriaren (Unesco) helburu nagusiekin bat etorriz, eta honako hauek nabarmenduz: 4. helburua, «Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatiboa bermatzea eta guztiontzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea», eta Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioa (2018), etengabeko ikaskuntzarako funtsezko gaitasunei buruzkoa.

Dekretu horietan adierazten da irakasleek rol aktiboa hartu behar dutela ikaskuntza-prozesuan, eta haien lidergoa irakasten duten eremuaren, arloaren edo irakasgaiaren ezagutza adituan oinarritzen dela, baita aplikatzen dituzten trebetasun didaktiko eta metodologiko koherenteetan ere. Gainera, ikaskuntza partekatura edo ikaskuntza autonomora bideratutako jardueren gidari, orientatzaile edo estimulatzaile gisa jardun behar du, bai eta talde-lanerako edo elkarlanerako, proiektukako lanerako edo ikasleen garapen integralari eraginkortasunez laguntzen dion beste edozein irakaskuntza- eta ikaskuntza-modalitaterako ere. Tutorearen rola indartu egiten da etapa guztietan, ikasleen bideratzaile eta gidari gisa, ikasle guztien bizikidetza ona eta arrakasta sustatzeko.

Azkenik, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretua argitaratu da, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-zentroetan irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicumari eta titulazioa dela-eta master-ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzako prestakuntza baliokidearen practicumari buruzkoa.

Azken dekretu horren 9. artikuluan, Hezkuntza Sailaren eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo kokatuta dauden unibertsitateen arteko lankidetza aipatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden ikasleen kasurako, eta horretarako lankidetza-hitzarmen bat sinatu behar dela zehazten da.

Hezkuntza Sailak badaki zein garrantzitsua den hasierako prestakuntza zorrotza eta kalitate handikoa eskaintzea etorkizunean irakasle izango direnei, euskal hezkuntza-sistemaren funtzionamendu egokia eta kalitatea bermatzeko. Horregatik bultzatu nahi ditu, hain zuzen ere, jardunbide egokiak dituzten hezkuntza-zentroen parte-hartzea eta hezkuntza-berrikuntza eta -esperimentazioarekin konprometitutako irakasle eskarmentudunen lankidetza. Horrez gain, egiteko horri merezi duen aintzatespena eman nahi dio.

Orain arte adierazitako guztiarengatik, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, ondorengo klausulek arautuko dutena.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuak xedatutakoaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta XXXXX Unibertsitatearen eta haren zentro atxikien (aurrerantzean, «unibertsitatea») arteko elkarlanerako baldintzak zehaztea, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden ikasleek aukera izan dezaten practicuma egiteko funts publikoz finantzatutako zentroetan (betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak praktiketako prestakuntza-zentro gisa ziurtatutakoetan), ikasketa hauen kasuan: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradu-tituluak; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle-lanbideetan aritzeko gaitzen duen master-titulua; eta titulazioa dela-eta master-ikasketarik egin ezin duten pertsonei Lanbide Heziketako irakasle izateko eskatzen zaien prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa.

Aurreko paragrafoan aipatutako praktikak curriculum-praktikak dira, aurrez aipatu diren graduen, masterraren edo prestakuntza baliokidearen ikasketa-planetakoak.

Bigarrena.– Practicumeko ikasleak.

Hitzarmen honen helburuetarako, practicumeko ikasle gisa hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden ikasleak, lehen klausulan aurreikusitako ikasketak unibertsitatean egiten ari direnak eta, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuan ezarritako baldintza eta prozedurak betez, unibertsitateak esleitu dituenak hezkuntza-arloan eskumena duen sailak praktika-zentro gisa aitortutako irakaskuntza-zentro batera.

Hirugarrena.– Aldeen konpromisoak.

1.– Unibertsitatearen konpromisoak.

Unibertsitateak ekintza hauetarako konpromisoa hartzen du:

1.– Venia docendi delakoa baimentzea tutoreei eta koordinatzaileei, betiere irakaskuntza-zentroetako zuzendarien proposamena jarraituz.

2.– Irakasle bat izendatzea practicuma egiten ari den ikasle bakoitzaren tutore gisa, baita Praktiken Programako arduradun bat ere.

3.– Ikasturte bakoitzean practicuma egin behar duten matrikulatutako ikasleen zerrenda bidaltzea hezkuntza-berriztatzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzari; ikasle bakoitzeko, zehaztu beharko dute ikasleari esleituko zaion irakasle tutoreak zer etapa edo espezialitatekoa izan behar duen eta praktikak zer lurraldetan egitea gustatuko litzaiokeen. Zerrendaren amaieran, unibertsitateak adierazi beharko du zerrendan agertzen diren pertsona guztiek dituztela Adingabearen gaineko babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluak aipatutako ziurtagiriak.

4.– Practicumaren plangintza orokorra egitea, eta hezkuntza-alorrean eskumena duen sailari ikastetxeetan praktikak egiteko egutegiaren eta ordutegiaren berri ematea.

5.– Prestakuntza-proiektua egitea eta ikastetxeko tutoreei eta ikastetxeko koordinatzaileari ematea; bertan zehaztu behar da zer konpetentzia edo gaitasun lortu nahi diren, ikasketaren helburuak zeintzuk diren, zer ebaluazio-irizpide erabiliko diren, kalifikazioan nola hartuko duten parte, eta unibertsitateko tutoreen eta ikasleen erantzukizunak eta konpromisoak zein diren. Prestakuntza-proiektu hori programa indibidualizatu batean zehaztuko da, eta ikastetxearekin koordinatuta egingo da, I. eranskineko ereduaren arabera.

6.– Prozedura propioak jarraituz, ikasle bakoitzari practicuma egiteko dagokion ikastetxea esleitzea, betiere kontuan izanik praktika-zentro gisa ziurtatutako zentroa izan behar duela.

7.– Hezkuntza-berrikuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari txosten bat bidaltzea ikasturtearen amaieran, praktiketako ikasleak hartu dituzten prestakuntza-zentroen zerrendarekin, honako hauek zehaztuz: praktiketan izandako ikasle bakoitzaren ikastetxeko koordinatzailea zein izan den, praktiketako ikasle bakoitzaren ikastetxeko tutorea zein izan den, praktikak zer etapa edo espezialitatetakoak izan diren, eta unibertsitateko tutoreak eta ikastetxeko tutoreak egindako lanak balorazio positiboa edo negatiboa jaso duen tutoretzapean izandako ikaslearen aldetik. Txosten horretan, zer gorabehera izan diren ere jaso behar da, baita nola konpondu diren eta hurrengo ikasturterako zer hobekuntza-proposamen egiten diren ere.

8.– Enpresaren izaera onartzea, ikasleek practicuma egitearen ondorioz Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ondorioetarako, eta, beraz, prestakuntza-programetan sartutako prestakuntza-praktikak edo kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzearen arloan indarrean dagoen legerian ezarritako kudeaketa eta ordainketa betebeharrak bere gain hartzea.

2.– Hezkuntza Sailaren konpromisoak

Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak jarduera hauek egingo ditu:

1.– Praktika-zentro gisa ziurtatu ikasleek practicuma egin behar duten hezkuntza-zentroak.

2.– Ikastetxeko tutoreak eta ikastetxeko koordinatzaileak egiaztatu.

3.– Dagokion unibertsitateari ikastetxe ziurtatuetan praktikak egiteko eskuragarri dauden plazen berri eman, bigarren klausulan aipatzen diren ikasleei plazak esleitu ondoren, honako lehentasun-sistemaren arabera:

a) Lehenik eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate Sistemaren barruko unibertsitateei.

b) Bigarrenik, euskal unibertsitate-sistematik kanpoko eskolei, fakultateei edo bestelako zentroei, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenei.

c) Hirugarrenik, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitateei.

Laugarrena.– Ikastetxeko koordinatzailea eta ikastetxeko practicumeko tutorea ikastetxeetan.

1.– Praktiketako koordinatzaile bat eduki behar du praktiketako prestakuntza-zentro bakoitzak. Haren ardura izango da praktikak behar bezala egiten ari direla zaintzea. Ikastetxeko zuzendaria izango da praktiketako koordinatzailea; zeregin hori, hala badagokio, ikasketaburuari eskuordetu diezaioke. Ikastetxe batean praktiketako bi ikasle edo gutxiago badaude, ikastetxeko practicumeko tutoreetako bat izango da koordinatzailea. Martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritako funtzioak izango ditu praktiketako koordinatzaileak.

2.– Praktiketako prestakuntza-zentroko tutore izango dira ikastetxeko koordinatzaileak practicuma egiten ari diren ikasleei esleitutakoak. Irakasle horiek hezkuntza-berrikuntzaren arloan eskumena duen Hezkuntza Saileko zuzendaritzak egiaztatu behar ditu, betiere, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitako funtzioak betetzeko ezarritako baldintzen arabera. Ikasturte bakoitzean ikastetxeko tutore bakoitzari esleitu ahal zaion ikasle kopurua martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 5.3 artikuluan xedatutakoa izango da.

Bosgarrena.– Praktiken Programaren arduraduna eta practicumaren tutorea unibertsitatean.

Unibertsitateak ikasketotako irakasle bat izendatuko du practicuma egiten duen ikasle bakoitzaren unibertsitateko tutore izateko, eta praktiken arduradun bat ere izendatuko du.

1.– Praktiken Programaren arduraduna:

Praktiken Programaren arduraduna ikasketon irakasle ere izango da, eta bere arduraren barruan sartuko da ikasleen practicuma koordinatzea praktika-zentro gisa onartutako zentroarekin. Koordinazio horrek eskatzen du behar besteko harremana izatea dagokion ikastetxeko zuzendariarekin, practicumaren ikastetxeko koordinatzailearekin eta ikastetxeko tutorearekin.

1.1.– Praktiken Programaren arduradunaren profilak irizpide hauei erantzungo die:

a) Hitzarmen honen xede diren ikasketetako irakasle taldeko kide izatea, izan irakasle izan kolaboratzaile.

b) Irakasleen prestakuntzan eskarmentua izatea.

c) Berrikuntzako proiektuetan eta ikastetxeentzako aholkularitza-proiektuetan parte hartu izana.

d) Taldean lan egiten jakitea, bai lankide dituen gainontzeko unibertsitateko tutoreekin bai ikastetxeetako tutoreekin.

1.2.– Honako zeregin hauek izango ditu Praktiken Programaren arduradunak:

a) Unibertsitatearen erreferentea izatea ikastetxearekiko harremanetan.

b) Practicumeko ikasleen unibertsitateko tutoreekin egin beharreko bileren egutegia koordinatzea.

c) Practicumeko ikasleen eskura jartzea unibertsitateak dituen orotariko baliabideak.

d) Hezkuntza Sailari komunikatzea izaten diren gorabehera garrantzitsu guztiak.

e) Hezkuntza Sailaren eta unibertsitatearen arteko Jarraipen Batzordean (hitzarmen honetan sortutakoan) parte hartzea.

f) Ikastetxeetan egindako praktikak ebaluatuko dituen urteko txosten orokor bat egitea.

2.– Unibertsitateko tutorea:

Tutore hori izango da unibertsitatetik ikaslearen practicumaren jarraipen zorrotza egingo duena, eta, azken finean, praktikak kalifikatuko dituena. Gainera, behar adina bisita egingo dizkie ikasketa horietako ikasleei, ikastetxeetan praktikak egiten ari diren bitartean.

2.1.– Izendapena egiteko, irizpide hauei begiratuko zaie:

a) Hitzarmen honen xede diren ikasketetako irakasle taldeko kide izatea, izan irakasle izan kolaboratzaile.

b) Irakasleen prestakuntzan eskarmentua izatea.

c) Ikerkuntzako, berrikuntzako eta ikastetxeentzako aholkularitza-proiektuetan parte hartu izana lehenetsiko da.

2.2.– Honako zeregin hauek izango ditu unibertsitateko tutoreak:

a) Ikasleek practicumean egin beharreko prestakuntza-ekintza orokorrak diseinatzea ikastetxearekin lankidetzan, ikastetxearen hizkuntza-ereduaren arabera.

b.) Ikasleek praktiken plan orokorraren barnean egin beharreko prestakuntza-ekintza orokorrak proposatzea.

c) Practicumaren prestakuntza-prozesua ebaluatu eta kalifikatzea, unibertsitatearen araudi propioaren arabera.

d) Ikastetxeetan praktikak egiten ari diren garaian ikasleen jarraipena bermatzea.

Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten bitartean, eskubide eta betebehar hauek izango dituzte ikasleek: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicumari buruzko martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 3. artikuluko 2. eta 3. puntuetan ezarritakoak.

2.– Aipatutako dekretuan aurreikusitako betebeharrak bete ezean, praktikak aldez aurretik bertan behera utzi ahal izango dira. Horretarako, unibertsitateak edo ikastetxeak egoeraren berri eman beharko dio hezkuntza-arloan eskumena duen saileko Irakaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari, zeinak gehienez 10 eguneko epean ebatzi beharko baitu bidezkoa den praktikak aldez aurretik bertan behera uztea.

3.– Ikasleak aukera izango du praktiketara ez joateko azterketak egiteko edo aurreikusitako bestelako unibertsitateko jarduera akademikoak egiteko; horretarako, baina, hiru egun lehenago justifikatu beharko du egoera ikastetxeko tutorearen aurrean. Ikasleak arrazoi akademikoen edota bestelako arrazoien ondorioz praktiketara joaterik ez badu, ahal bezain laster jakinarazi beharko dio bai unibertsitateko tutoreari bai ikastetxeko tutoreari; gainera, unibertsitateko tutoreak horretarako baimena eman beharko dio, hala badagokio.

Zazpigarrena.– Ikastetxearen eta ikasleen arteko harremana.

Kontuan hartuta prestakuntza egitea dela kanpoko praktika akademikoen helburua, horietatik inoiz ez da etorriko lan-harreman batek dakarren eginbeharrik, eta praktiken edukiak ezin izango du lanpostuen berezko lan-prestazioaren ordezko izan.

Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.

1.– Unibertsitateak erantzukizun zibileko poliza bat dauka hitzartuta ikasleek praktikan zehar eragin ditzaketen kalteak ordaintzeko.

2.– Ez unibertsitateak ez praktiketako ikasleek ez dute erantzukizunik izango kalterik sortzen bada ikastetxeko tutoreak emandako agindu edo jarraibideen ondorioz, horiek praktiken jarduera-programan ez badaude.

Bederatzigarrena.– Poltsa edo laguntza.

Ikasleek ez dute dirurik jasoko praktikak egitearen truke.

Hamargarrena.– Ikasleen datuak babestea.

Hezkuntza-zentroan praktikak egiten dituzten ikasleen datu pertsonalen erabilera hitzarmen honetan jasotako helburuetara mugatuko du zentroak, hauek beteta: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalak tratatzeari eta datu horiek aske zirkulatzeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa; eta datuen babeserako gainontzeko araudia.

Era berean, hitzarmen honetako sinatzaileek beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte aipatutako araudian jasotako datu pertsonalen babeseko eskubide guztiak zaintzeko.

Hamaikagarrena.– Hitzarmena sinatzen duten unibertsitateen beste konpromisoak.

1.– Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, unibertsitateak konpromisoa hartzen du ikasleei hitzarmen honetako edukia ezagutarazteko eragiten dien guztian.

2.– Aurretik esandakoaren ondorioz, ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat emango dio unibertsitateak ikasleak praktikak egingo dituen ikastetxeari (I. eranskina).

3.– Martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 4.5 artikulua betez, praktiketako prestakuntza-zentroek ez dute diru-kopururik jasoko bertako instalazioetan egiten diren praktiketako jarduerak konpentsatzeko.

Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Funts publikoekin finantzatutako zentroetan egindako praktiken Jarraipen Batzordeak –martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 13. artikuluak sortua– dituen funtzioei kalterik egin gabe, hitzarmen honen Jarraipen Batzorde bat sortzen da jarraian zehaztutako osaera eta funtzioekin.

2.– Jarraipen Batzordea hitzarmen hau sinatu duten erakundeek izendatutako bina ordezkarik osatuko dute: Hezkuntza Sailaren aldetik, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria –edo hark eskuordetutako pertsona–, Jarraipen Batzordeko burua izango dena, eta irakasleen hobekuntzarako arloaren ordezkari bat, idazkaria izango dena; eta unibertsitatearen aldetik, bertako errektorea –edo hark eskuordetutako pertsona–, eta Praktiken Programako arduradunetako bat.

3.– Hitzarmen honen Jarraipen Batzordeari dagokio hitzarmena bera eta sinatzaileek hartutako konpromisoak betetzen direla zaindu eta kontrolatzea, baita sor daitezkeen interpretazio-zalantzak ebaztea ere.

Hamahirugarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo ikasturtean jarriko da indarrean, eta lau urteko indarraldia izango du.

Dena dela, alderdiek salatu ahalko dute hitzarmena, betiere hemen hitzartutakoak indarrik ez izatea nahi duten ikasturtearen aurreko ikasturteko martxoa baino lehen. Hitzarmenaren salaketa idatziz egin beharko da, eta horrek ez du eraginik izango salaketa egiten den unean egiten ari diren praktiketan, hargatik eragotzi gabe seigarren klausulan ezarritakoa praktikak aldez aurretik bertan behera uzteari buruz. Halaber, adierazitako indarraldia amaitu baino lehen, bi alderdiek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, gehienez ere beste lau urtez.

Hamalaugarrena.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.

Hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 51. artikuluan jasotako kasuetan azkenduko da.

Hitzarmena ikasturtean zehar bertan behera geratzen den kasuetan, ikasturtea amaitu arte izango du eragina.

Hamabosgarrena.– Izaera eta araubide juridikoa.

Hitzarmen honek administrazio izaera du eta, interpretatzeko eta garatzeko, indarreko ordenamendu juridiko-administratiboari lotu behar zaio.

Aplikatzekoak dira, besteak beste, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicumari eta titulazioa dela-eta master-ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzako prestakuntza baliokidearen practicumari buruzkoa; eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen II. kapituluaren 3. sekzioa eta VI. kapitulua.

Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, alderdiek hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta goian adierazitako egunean eta lekuan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Unibertsitateko errektorea,

XXXXX XXXXX.


Azterketa dokumentala