Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2024ko urtarrilaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
10

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 5ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Eubako (Amorebieta-Etxano) trenbide pasagunea kentzeko oinezkoentzako igarobidea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2023ko azaroaren 30eko Ebazpenaren bidez, «Eubako (Amorebieta-Etxano) trenbide pasagunea kentzeko oinezkoentzako igarobidea eraikitzeko proiektua» onetsi zen.

Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak trenbide-pasagunea kentzea planteatzen du, bi egituraren bidez: batetik, proiektu honen xede den oinezkoentzako pasagunea, Euba auzoaren herrigunearen ondoan dagoena, eta, bestetik, ibilgailuen zirkulaziorako gaineko pasabide bat sortzea, proiektu independente baten xede izango dena eta egungo trenbide-pasagunearen hegoaldean kokatuko dena.

Proiektuaren xedea da, beraz, ETSk eskatutako eskakizun teknikoak betetzen dituen eta Euban (Amorebieta) oinezkoentzako pasabide bat eraikitzeko eta Bilbao-Donostia linean egun dagoen trenbide-pasagunea kentzeko egin beharreko obrak zehaztu eta baloratuko dituen eraikuntza-proiektu bat idaztea.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Eubako (Amorebieta-Etxano) trenbide pasagunea kentzeko oinezkoentzako igarobidea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Amorebieta-Etxanoko udaletxeko iragarki-taulan ere erakutsiko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 5a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala