Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2024ko urtarrilaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko arau subsidiarioen (UG)IL.03 eremuko I.03.01 lurzatia zatitzeko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko abuztuaren 3an, Hernaniko Udalak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari eskatu zion abian jar zezala Hernaniko arau subsidiarioen (UG)IL.03 eremuko I.03.01 lurzatia zatitzeko plan bereziari (aurrerantzean, plana) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.

2023ko irailaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultatzeko izapidea hasi zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Hernaniko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena ondo babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Hernaniko arau subsidiarioen (UG)IL.03 eremuko I.03.01 lurzatia zatitzeko plan berezia (aurrerantzean, plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer planek eta programek eduki behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hernaniko arau subsidiarioen (UG)IL.03 eremuko I.03.01 lurzatia zatitzeko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua Hernaniko arau subsidiarioen Urumea/Goia (UG) hirigintza-eremuaren Ibarluze-Lizarraga (IL) azpieremuaren (UG) IL.03 eremuko 1. lurzatia da; alegia, SU-29.1 eremuaren (Lizarraga) barrualdea birgaitzeko plan bereziaren 1. lurzati pribatua (plan berezi hori 2000ko otsailaren 9an onetsi zuen Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak behin betiko, eta Hernaniko indarreko arau subsidiarioetan finkatu zen).

IL.03.1 lurzatia bi lurzati hauetan zatitzea da planaren helburua: IL.03.1A eta IL.03.1B. IL.03.1 lurzatiaren guztizko azalera pribatua 8.862 m2-koa da; horietatik, 6.362 m2 IL.03.1.A lurzatirako izango dira, eta 2.500 m2 IL.03.1.B lurzatirako. IL.03.1 lurzatiaren barruko 4.431 m2 industrial libreak, berriz, honela banatuko dira: 3.181 m2 IL.03.1.A lurzatira, eta 1.250 m2 IL.03.1.B lurzatira. Azkenik, IL.03.1 lurzatiari esleitutako 4.431 m2-ko sabai-azalera ere banatuko da lurzati berrien artean; hala, IL.03.1.A lurzatiko gehieneko okupazioa 3.181 m2 (t)-koa izango da, eta IL.03.1.B lurzatikoa 1.250 m2 (t)-koa. Banaketak ez du aldatzen indarreko zonakatze xehakatua, eta lagapen-eremu publikoak errespetatzen ditu, baita kudeaketa-eremua ere (exekuzio-unitate bakar bat da). Lerrokadurak eta sestrak ere ez dira aldatuko, ezta eraikuntza-baldintzak ere.

IL.03.1A eta IL.03.1.B lurzatien hirigintza-fitxaren arabera, bi lurzatietan solairu bakarreko eraikin bat eraiki ahalko da, sestra gainean, lurzatiaren % 50 hartuta gehienez ere eta erlaitzerainoko altuera 8 metrokoa izanda gehienez ere. Alabaina, goi-tentsio handiko linea bat igarotzen da IL.03.1B lurzatitik (220 kV, d/c, Arkale-Hernani 1 eta 2), eta linearen eragin-esparruak IL.03.1.B lurzati osoa barne hartzen du; beraz, praktikan, linea hori hor dagoen bitartean, ezin izango da eraikinik edo instalazio industrialik eraiki bertan.

Aztergai dugun eremuko oraingo egoerari estaldura ematen dio planak; batetik, etorkizuneko IL.03.1A lurzatian, ibilgailuak gordetzeko instalazioak, administrazio-eraikin bat eta urbanizazio osagarria daude, eta, bestetik, etorkizuneko IL.03.1.B lurzatira bideratutako eremuan, aire zabaleko biltegi bat dago, makineria alokatzen duen enpresa batek makineria-piezak gordetzen dituena.

Aukerei dagokienez, planaren ezaugarriak direla eta, ez da bestelako kokapenik proposatu. 0 aukera edo «eskurik ez sartzeko aukera» aztertu da, baina baztertu egin da, galarazi egiten duelako lurzoruaren erabilera optimizatzea. Hala, proposatutako antolamendua da teknikoki bideragarri bakarra, IL.03.1 lurzatia zatitu besterik ez baita egin behar, gainerako hirigintza-parametroak aldatu gabe. Garatutako aukera hautatu da, lurzoru industrial finkatu baten erabilera optimizatzea delako asmoa. Bestalde, IL.03.1B lurzatian ezin denez eraiki, esleitutako eraikigarritasuna kentzeko aukera aztertu da, baina, Hernaniko arau subsidiarioak ez betetzea dakarrenez horrek, aukera hori bazter utzi da.

Etorkizuneko IL.03.1A lurzatian, esleitutako eraikigarritasuna exekutatu da duela gutxi, dagoeneko badagoen jardueraren premiekin bat. IL.03.1B lurzatiaren eraikigarritasuna exekutatu ahalko litzateke, eraikuntza-proiektu baten bidez, baldin eta goi-tentsio handiko linea elektrikorik egongo ez balitz.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planean ez dago baldintzatzailerik, besteak beste kokalekuari, izaerari, neurriei eta funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planaren antolamendu-eremua Hernaniko Ereñotzu auzoko Lizarraga industrialdeko hiri-lurzoru finkatuko IL.03.1 lurzatia da. Planak lurzati hori bitan zatitu baino ez du egiten, geroko bi lurzatiak birdefinituz, eta bien artean banatzen du eraikigarritasuna. Hortaz, ez du aldatzen indarreko zonakatze xehakatua, eta eraikigarritasun-baldintzak, lerrokadurak eta sestrak ere ez, eta lagapen-eremu publikoak nahiz kudeaketa-eremua errespetatzen ditu. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hautematen plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, baldin eta besteak beste natur ondareari, uholde-arriskuari, urei, lurzoru poluituei, zaratari eta kutsadura akustikoari, isuriei, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta hondakinen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren eremuak 11.668 m2-ko azalera hartzen du, nahiz eta azalera horren 8.862 m2 diren haren xede partikularra; alegia, eremuko guztizko azalera pribatua. Hiri-lurzoru finkatu bat da, eta, historian, industria-jarduera garatu izan da han; Hernaniko Ereñotzu auzoko Lizarraga industrialdean dago, GI-3410 errepidearen eta Urumea ibaiaren artean. Gaur egun, toki horretan, ibilgailuak (autobusak) gordetzeko instalazioak, eraikin administratibo bat eta urbanizazio osagarria daude, baita aire zabaleko makineria-biltegi bat ere.

Eremua «Urumearen unitate hidrologikoan (UH)» sartuta dago, eta unitatea, Kantauri Mendebaldeko Mugape Hidrografikoan (ES017). Urumea ibaiaren eskuinaldean dago, Lastaola meandroan. Jabari hidrauliko publikoan dago: zortasun-eremua eta zaintza-eremua dauzka. Plangintzaren eskumen-eremuei dagokienez, eremua erkidego barruko arroen barruan dago, eta Uraren Euskal Agentziak (URA) du haren gaineko eskumena uraren arloan. Plan Hidrologikoak Babestutako Zonen Erregistroari dagokionez, eremuak ingurune urtarrarekin lotutako habitatak eta espezieak babesteko eremu batzuk ukitzen ditu (ES2120015 Urumea Ibaia KBEa), baita hornidurarako harguneak dauzkaten masak ere (Urumea III). Eremuaren ondoan, Urumeako uren hargune bat dago (kodea: 40000672).

Litologiari dagokionez, kuaternarioko gainazaleko alubioi-metakinak daude, iragazkortasun ertaina dutenak porositateagatik; metakin horietan betelan antropikoak egin dira. Dagoen artifizializazioa aintzat hartuta, lurzoruek, zeinak nagusiki lauak baitira, ez daukate gaitasun agrologikorik.

Eremua «Andoain-Oiartzun» lurpeko ur-masaren «Andoain kuaternarioa» karga-sektorearen gainean dago, interes hidrologikoko eremu batean; halere, akuiferoak kutsatzeko kalteberatasuna txikia da.

Eremuaren zatirik handienean, lurzoru artifizializatuak eta landaredi erruderala daude; Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiak (geoEuskadi) hiriguneetan eta lugorrietan (landaredi erruderal-nitrofiloa) sartzen du planaren eremua. Eusko Jaurlaritzaren habitaten kartografiak (geoEuskadi 2019), halaber, lehentasunezko intereseko 910E* habitata (ibaiertzeko lizardi eurosiberiarra) identifikatu du Urumea ibaiaren ertzean, eremuaren hegoaldean; emandako dokumentazioak orban bat zehazten du Urumearen ertzeko ezpondan, birsorkuntzako alubioi-baso baten zerrenda estu bat (1.054 m2), non zuhaitz-geruza bat (batez ere, haltzak, Alnus glutinosa), zuhaixka-geruza bat (batez ere, zumeak, Salix atrocinerea) eta behe-geruzak (laharrak, Rubus sp.) baitaude. Halaber, Buddleja davidii flora-espezie exotiko inbaditzailearen hainbat ale identifikatu ditu.

Eremuak, hegoaldean, Urumea ibaiaren ES2120015 KBEa ukitzen du (Natura 2000 Sarea), gutxi gorabehera 2.500 m2-an. Urumea ibaia, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Igarobide Ekologikoen Sarean sartuta dago, konektatu beharreko eremu nukleo gisa (Urumea KBEa) eta interes bereziko ibai-tarte konektore gisa; gainera, EAEko Azpiegitura Berdeko «bilbe urdinaren» parte da (LAG), eta «biodibertsitatearen erreserba» (konektatu beharreko eremuak). Ez du beste katalogo batzuetako eremurik ukitzen (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako intereseko naturaguneen zerrenda). Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.

Eremuan ez dago mehatxupeko fauna kudeatzeko plan onetsietan sartutako lekurik; halere, intereseko hainbat espezie daude eremuaren hegoaldean kokatutako Urumea ibaiaren KBEari lotuta (hala nola izokina, aingira, itsas amuarraina eta kolaka arrantza-espezieak), baita alubioi-basora lotutako hegaztiak (adibidez, ur-zozoa eta martin arrantzalea) eta ibaiari lotutako ugaztunak ere (besteak beste, bisoi europarra eta desman piriniotarra), eta azken biek planaren eremuko uretan gora onetsi diren kudeaketa-planak dauzkate.

Planaren xede diren lurzatietan ez dago kalifikatutako edo inbentarioan jasotako kultura-ondareko elementurik.

Egoera akustikoari buruz, ingurumen-dokumentu estrategikoak dio, bat etorrita LAECOR enpresak 2016an Hernanin egindako zarataren maparekin, planaren eremuan ez dela hauteman ingurune-zaratarekin lotutako gatazkarik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, planaren xede den lurzatia, batetik, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauzkaten lurzoruen inbentarioan (geoEuskadin eskuragarri) jasotako toki batean dago, 20040-00007 kodea duen tokian (industria-erako tokia). Toki horrek, baina, lurzoru-kalitatearen adierazpena dauka (Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2017ko abenduaren 14ko Ebazpena), zeinaren arabera tokia bateragarria baita industria-erabilerarekin. Ebazpenak xedapen bereziak ezartzen ditu (indusketa-plana idaztea), etorkizunean materiala induskatu behar bada ere, eta, era berean, zoladura berriro jartzeko betebeharra ezartzen du. Emandako dokumentazioaren arabera, etorkizuneko IL.03.1A lurzatian hormigoi-geruza bat jarri da; etorkizuneko IL.03.1.B lurzatian, berriz, asfalto-geruza bat.

Bestetik, uholde-arrisku handiko eremu batean dago planaren eremua: Urumea-1 (kodea: ES017-GIP-17-1). Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dauka eremuaren zatirik handienak; halere, hegoaldean, Urumea ibaiaren ondoan, 10 eta 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dago, baita lehentasunezko fluxu-lerroa ere.

Bestelako arriskuei dagokienez, salgai arriskutsuak errepide bidez garraiatzean gerta daitezkeen istripuak aipatu behar ditugu, arriskua handia baita, eremua GI-3410 errepidearen (arrisku handiko ardatza) 100 eta 200 metroko erasan-zerrenden barruan dagoelako. Gainera, eremuak Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresak egotearen ondoriozko arriskua du. Zehazki, SEVESO III. Zuzentarauaren mendeko EHER (Electroquímica de Hernani SA) enpresaren jarduketa-eremuaren barruan dago (JE, 895 m). Ez da honako arriskurik identifikatu: higadura-arriskuak, sismikotasunaren ondoriozko arriskuak, baso-sutearen arriskua edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia duten eremuak.

Arau subsidiarioen testu bateginean, honako baldintza gainjarri hauek jasotzen dira eremurako: 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, jarduera arriskutsuen segurtasun-eremua, Natura 2000 Sareko gunea (Urumea ibaia), intereseko landaredia (Urumea ibaiaren alubioi-basoa), fauna-intereseko eremua (Urumea ibaia), ibai-igarobide ekologikoa (Urumea ibaia) eta Urumea ibaiaren zortasun-eremua.

Planak bi lurzatitan banantzen du oraingo IL.03.1 lurzatia (IL.03.1A eta IL.03.1B lurzatietan), zonifikazio xehakatua eta eraikigarritasun-parametroak, lerrokadurak eta sestrak edota indarreko beste baldintza batzuk aldatu gabe. Etorkizuneko IL.03.1A lurzatian, eraikigarritasuna exekutatu da orain gutxi, oraingo jardueraren premiekin bat; IL.03.1B lurzatiari esleitutako eraikigarritasuna (1.250 m2 (t)), ordea, exekutatzeko dago, lurzatian ez baitago eraikinik oraintxe bertan. Gaur egun, goi-tentsio handiko linea elektriko batek zeharkatzen du lurzati hori, eta, beraz, haren eraginpean dago. Hala, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, lurzati horretan eraikigarritasuna ezin da exekutatu, baina hirigintza-dokumentazioak ez du gauza bera esaten; horrenbestez, linea elektrikoa desagertzen bada IL.03.1B lurzatiaren eraikigarritasuna exekutatu ahalko dela irizten diogu. Edonola ere, etorkizuneko IL.03.1.B lurzatiari dagokion eraikigarritasuna ez da berria, indarreko plangintzan jasotzen baita dagoeneko.

Planaren eremuko inguruabarrak direla eta, aintzat hartu behar dira bai IL.03.1 lurzatia bi lurzatitan zatitzearen ondoriozko erasanak (eremuaren oraingo egoerari erantzuteko egingo da zatiketa; hots, ibilgailuak gordetzeko instalazioak, administrazio-eraikin bat eta makineria-piezen aire zabaleko biltegi bat jartzeko), bai IL.03.1B lurzatian –gaur egungo murrizketak desagertzen badira– eraikigarritasuna exekutatzearen ondoriozkoak. Beraz, plana garatzearen ondoriozko inpaktu nagusiak lotuta egongo dira aipatutako jardueretara eta, hala badagokio, baita gauzatzeko dagoen eraikigarritasunaren exekuziora ere. Hauek dira: hondakinak, lur-mugimenduak, makineriaren joan-etorriak, gainazaleko urei erasateko arriskuak (nahi gabeko isurien ondoriozkoak), intereseko landarediari erasateko arriskuak, emisio atmosferiko eta akustikoak eta abar; guztiak ere eremu urbanizatu batean.

Planaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruak daude, eta, horietan indusketa-lanik egin nahi bada, hala makineriaren biltegia moldatzeko, nola gauzatzeko dagoen eraikigarritasuna exekutatzeko, lurzoru-kalitatearen adierazpena bete beharko da (Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2017ko abenduaren 14ko Ebazpena), industria-erako tokiari buruzkoa (kodea: 20040-00007).

Bestalde, etorkizunean IL.03.1B lurzatiaren eraikigarritasuna exekutatzen bada, exekuzioa bat etorri beharko da natura-ondarea zaintzeko araudiarekin, eremuaren zati batek Natura 2000 Sarea ukitzen du eta, eta kontuan hartu beharko dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa (2022-2027) eta Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Hala, planak bi lurzatitan zatitzen du oraingo IL.03.1 lurzatia, indarreko hirigintza-parametro bat bera ere aldatu gabe. IL.03.1.A lurzati berriak antolamenduaren araberako eraikigarritasuna kontsumitu du, bere jardueraren premiak betetzeko, eta etorkizuneko IL.03.1.B lurzatiak oraindik ez du aurreikusitako eraikigarritasuna exekutatu, goi-tentsio handiko linea elektrikoaren ondoriozko murrizketa sektorialengatik, nahiz eta indarreko antolamenduak horretarako bidea eman.

Proposatzen diren jarduketen eta horietatik eratorritako erasanen izaera dela eta, uste dugu inpaktu horiek, oro har, aldi baterako eta txikiak izango direla, baldin eta indarreko legedia betetzen bada (batez ere, natura-ondareari, uholde-arriskuari, urei, lurzoru poluituei, zaratari eta kutsadura akustikoari, hondakinei eta isuriei eta segurtasunari eta osasunari buruzkoa) eta obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez dugu uste jarduketek eragin nabarmenik izango dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen ditugu Hernaniko arau subsidiarioen (UG)IL.03 eremuko I.03.01 lurzatia zatitzeko plan berezian txertatzeko, planak ondorio kaltegarri handirik izan ez dezan ingurumenean eta, horrela, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar ez dakion.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Planak ibarbasoak zaintzeko neurriak jasoko ditu. Alde horretatik, ibarbasoa indartzea proposatzen dugu, ematen dituen zerbitzu ekosistemikoak hobetzeko (besteak beste, uholdeen aurrean), orain dagoen haltzadi kantauriarra (HIC 91E0*) modu aktiboan leheneratuz eta planaren eremuaren zortasun-eremu osoan ezarriz.

Ibarbasoan Buddleja davidii espeziea dagoenez, inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonokoak kontrolatu eta desagerrarazteko neurriak sartu beharko lirateke leheneratze-lanetan.

IL.03.1.B lurzatiari esleitutako eraikigarritasuna exekutatzen bada, eremuak Urumea ibaiaren KBEa ukitzen duenez, natura-ondarea zaintzeko araudian xedatutakoari helduko zaio, tokiaren kudeaketarekin zuzeneko loturarik izan gabe edo kudeaketarako beharrezkoak izan gabe Natura Sareko eremuei eragin diezaieketen proiektuei dagokienez (42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa).

– Jabari publiko hidraulikoa babestera eta uholde-arriskuak murriztera bideratutako neurriak.

IL.03.1.A eta IL.03.1.B lurzatietako lurzoruaren erabilerek kontuan hartuko dituzte Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak (2022-2027) uholde-arriskua duten eremuak kudeatzeko ematen dituen irizpideak (urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuak onartu zuen plan hidrologiko hori, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Júcarreko eta Kantauri Ekialde, Miño-Sil, Duero, Tajo, Guadianako mugape hidrografikoetako espainiar alderdiko eta Ebroko plan hidrologikoen berrikuspena onartzekoak).

Eraikuntza-materiala eta makineria-piezak gordetzeko aire zabaleko biltegia, IL.03.1B lurzatian jarriko dena, azalera iragazgaiztuan jarriko da, Urumea ibaitik, Urumea ibaiaren KBEtik eta ibai horren ibaiertzeko landareditik ahalik eta urrunen. Nolanahi ere, ez du gaindituko lurzatiaren hirigintza-fitxan jasotzen den eraikinaren gehieneko lerrokaduraren lerroa, Urumea ibaiaren noranzkoan.

Aire zabaleko biltegiak areka bat izango du euri-urak biltzeko, baita hidrokarburoetarako iragazki bat ere, eta lurzatian material xurgatzaileak egongo dira istripuzko isuriak biltzeko (erregaiak, olioak, eta abar).

Edonola ere, urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren 37.6 artikulua aplikatzeko, lurzatiaren uholde-arriskua dela eta, ezingo da inolako hondakinik metatu.

Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko da.

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

IL.03.1A eta IL.03.1B lurzatietako industria-erako tokiaren (kodea: 20040-00007) lurzoru-kalitatearen adierazpenean jasotzen diren zehaztapenak beteko dira (Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2017ko abenduaren 14ko Ebazpena). Ebazpenak xedapen bereziak ezartzen ditu (indusketa-plana idaztea), etorkizunean toki horretan materiala induskatu behar bada ere, hala makineriaren biltegia moldatzeko, nola gauzatzeko dagoen eraikigarritasuna exekutatzeko.

– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

– Salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuari buruzko neurriak (errepideak).

Errepidez eta trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzeak dakarren arriskua dela-eta sor daitezkeen larrialdiei aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko plan berezian adierazitakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).

– Beste babes- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aurretik adierazitakoa ezertan galarazi gabe, IL.03.1B lurzatiari esleitutako eraikigarritasuna garatzen bada, neurriak hartuko dira, eta neurriok loturik egongo dira obrak egiteari, soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira. Arreta berezia jarriko zaio Urumea ibaiaren ibaiertzeko landarediaren babesari.

Ibai-uren kalitatea babestea: zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu dadin lurrazaleko uretara; neurri horien artean egongo dira, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuetarako tranpak eta iragazkiak.

Hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, indusketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegi batera eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko. Nolanahi ere, 20040-00007 kodea duen tokiaren lurzoruaren kalitate-adierazpenaren arabera jardungo da (Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2017ko abenduaren 14ko Ebazpena).

Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa: obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Hernaniko arau subsidiarioen (UG)IL.03 eremuko I.03.01 lurzatia zatitzeko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Hernaniko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Hernaniko arau subsidiarioen (UG)IL.03 eremuko I.03.01 lurzatia zatitzeko plan berezia onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 28a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala