Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2023ko abenduaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
5779

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 1ekoa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2024. urteko ediziorako proiektuak aurkezteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean.

Halaber, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 40. artikuluaren arabera, gazteek boluntariotza-jardueretan parte har dezaten sustatzea euskal administrazio publikoei dagokie, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

Bestalde, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak –Lehendakariaren irailaren 23ko 18/2022 Dekretuaren bidez bigarrenez aldatuak– Lehendakaritzari esleitzen dizkio gazteriaren arloko egitekoak eta jardun-arloak.

Gazte Boluntariotzako Auzolandegien «Auzolandegiak» programa honetan datza: hainbat jatorritako gazte talde batek konpromisoa hartzen du, borondatez eta eskuzabaltasunez, bi astetik lau astera bitartean gizarte-proiekzioko lan bat egiteko, jarduera osagarriekin batera. «Auzolandegiak» programa bi deialdik osatzen dute; lehenengoak Euskadin egingo diren gazteen boluntariotza-eremuetako proiektuak hautatzeko oinarriak arautzen ditu, eta hautaketarako deialdia bera egiten du; bigarrenak, berriz, izena emateko oinarriak arautzen ditu, eta Euskadiko gazteek hainbat lurralde-eremutan eskainitako boluntariotza-esparruetan parte hartu ahal izateko deialdia egiten du.

Arau-esparru horretatik abiatuta, eta aurretiazko izapidetzearen bideari jarraituz, Gazteria Zuzendaritzak, aurten ere, Gazte Boluntariotzako Esparruen «Auzolandegiak» programaren barruan garatu beharreko proiektuak aurkezteko deialdia egin die erakundeei.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Lehendakaritzaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan islatuta agertuko da,

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2024. urteko ediziorako proiektuak aurkezteko deialdia egitea eta horren oinarri arautzaileak onartzea, ebazpen honen I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, ebazpen honen babesean emandako dirulaguntzak ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo berari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 1a.

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia,

JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.

I. ERANSKINA
EBAZPENA, TRANTSIZIO SOZIALAREN ETA 2030 AGENDAREN IDAZKARI NAGUSIARENA, ZEINAREN BIDEZ DEI EGITEN BAITZAIE EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE PUBLIKOEI ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ERAKUNDE PRIBATUEI EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN «AUZOLANDEGIAK» PROGRAMAREN 2024. URTEKO EDIZIORAKO PROIEKTUAK AURKEZTEKO
OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei egiten zaien deialdiaren arauak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2024. urteko ediziorako proiektuak aurkez ditzaten.

2. artikulua.– Definizioa.

Hona auzolandegitzat zer hartzen den: hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko, denbora-tarte jakin batean, eta egitasmo horren bitartez, besteak beste, elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturartekotasuna sustatzen dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– «Auzolandegiak» programarekin elkarlanean jarduteko interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek beren gizarte proiekzioko lan-egitasmoa aurkeztu ahal izango dute. Legez eratutako erakundeak izango dira eta dagokien Erregistroan eman beharko dute izena.

2.– Erakunde publikoek zein pribatuek, irabazi-asmorik gabekoek, administrazio-zehapena edo zehapen penala dutenek sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, hala nola emakumeen eta gizonen berdintasunekoa, ezin izango dute ebazpen honetan araututako deialdian parte hartu dagokion zehapenak ezartzen duen aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Proiektuen tipologia.

1.– Erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek edozein tipologia edo modalitatetako proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte, boluntarioek auzolandegietan egin beharreko lan-arloari dagokionez (ingurumena, arkeologia, berreraikitzea, gizarte-lana, antzerkia, artea, ondarea berreskuratzea...).

2.– Erakunde interesatuek kontuan hartu beharko dute auzolandegien xedea dela hainbat jatorri eta kulturatako gazteen arteko elkarbizitza eta kultura-trukea bultzatzea, auzolandegia hartuko duen komunitatearen onerako izango den boluntario-lanaren bidez, hau da, ondasun edo zerbitzu publiko izango den gizarte proiekzioko lan baten bidez.

5. artikulua.– Proiektuen baldintzak.

Hauek dira proiektuetan kontuan hartuko diren baldintzak:

a) Auzolandegiak, ahal dela, uztailean eta abuztuan egingo dira. Alabaina, aurreko eta ondoko hiletara ere luzatzea aztertuko du Gazteria Zuzendaritzak, erakunde interesatuek aurkezten dituzten proiektuen eskaintza ikusita. Aldi horren barruan, nahi duten denbora-tarte zehatza aukeratu ahal izango dute erakunde interesatuek auzolandegiak egiteko.

b) Ahal dela, auzolandegiak hamabost eguneko bi txandatan egingo dira; hala ere, hamabost eguneko txanda bakarra egin ahal izango da.

c) Proiektuak planteatzen direnean, bermatu beharko da boluntarioek eskaintzen diren txanda guztietan izango dutela lana.

d) Auzolandegietako txanda bakoitza 20 bat gazterentzat antolatuko da.

e) Proiektuak erakundearen onarpena duela egiaztatzeko, erakunde publiko edo pribatuaren organo eskudunak agiri bat aurkeztu beharko du, non proiektua burutzeko eta ebazpen hau betetzeko konpromisoa agertuko duen.

6. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskariak aztertu, balioetsi eta hautatzeko, Hautaketa Batzordea osatuko da. Hauek izango dira hautaketa-batzordeko kideak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz:

– Lehendakaria: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteria Zuzendaritzako arduraduna. Ordezkoa: Maria Jesus Emazabel Lekuona, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria.

– Bokala: Lourdes Ramírez de Ocáriz, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Agurtzane Iriondo Goti, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria.

– Bokala: Iker Garagarza Berger, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: Cristina Armendariz Fernandez, aholkulari juridikoa.

2.– Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: hurrengo artikuluan aipatzen diren balorazio-irizpideak kontuan hartuta, Hautaketa Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari.

Bestalde, Hautaketa Batzordea proiektua aurkeztutako erakundeekin ados jarri ahalko da aurkeztu dituzten datak aldatzeko, «Auzolandegiak» programaren eskaintza egokitze aldera.

7. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, eta, beraz, proiektuak hautatzeko, aurkeztutako guztien arteko alderaketa egingo da, beherago zehaztutako balioespen-irizpideak aintzat hartuta. 40 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak hautatuko dira. Hona hemen Hautaketa Batzordeak kontuan hartuko dituen balioespen-irizpideak:

a) Proiektuen interes soziala. Proiektuaren eragin soziala baloratuko da, hain zuzen ere, zertan lagunduko dion hartzen duen komunitateari eta zenbatean eragingo dion bere garapenari. Era berean, baloratu egingo da onuradunen kopurua eta baita zer-nolako emaitzak espero diren kokatuta egongo den eremuan: gehienez ere, 40 puntu.

b) Proposatutako lanaren iraunkortasuna eta baita sostengarria izatea parte-hartzaileei dagokienez eta hartuko duen lekuko komunitateari dagokionez ere: gehienez ere, 40 puntu.

c) Ostatuaren instalazioen baldintzak. Egokiro instalatutako sukaldea eta jakietarako biltegia izatea baloratuko da: gehienez ere, 15 puntu.

d) Proposamenaren originaltasuna: aurkeztutako proiektuaren izaera, ikuspuntu eta/edo metodologia berritzailea baloratuko da: gehienez ere, 5 puntu.

8. artikulua.– Erakundeen konpromisoak.

1.– Hautatutako proiektuak aurkeztu dituzten erakundeek honako prestazio hauek emateko konpromisoa hartuko dute eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak ez die, trukean, inolako diru-ordainketarik egingo:

a) Auzolandegiko lan eta jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialak, bai eta bertako lurra eta instalazioak parte-hartzaileen beharrizanetara egokitzeko beharrezkoak direnak ere.

b) Auzolandegiko lanen zuzendaritza teknikoetarako eta auzolandegiko lanak abian jartzeko beharrezkoak diren langileak, antolatzaileen gidaritzapean. Langile horiek auzolandegia hasi aurretik zuzendaritza- eta animazio-taldearekin biltzeko modua izan behar dute, udalerri edo komunitatean dauden baliabideak jakinarazteko eta horietarako sarbidea eman eta aldez aurretik programa eta jarduera osagarriak antolatzeko. Entitate eskatzaileak bermatu behar du 1/1996 Lege Organikoaren (urtarrilaren 15ekoa, adin txikikoen babes juridikoari buruzkoa) 13. artikuluko 5. zenbakian ezarritakoa beteko dela (haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarri bezala). Hots, adin txikikoekin harremanetan egoten diren langile guztiek (kontratudunek eta boluntarioek) izan behar dute sexu-delitugileen erregistro zentralak jaulkitako ziurtagiri negatiboa.

c) Parte-hartzaileei ostatu emateko lokal edo instalazioak, behar bezalako higienea, osasungarritasuna eta segurtasuna bermatuko dituztenak, auzolandegiko eremuan garatuko diren jardueretara egokituta. Instalazioen deskribapenean zehaztu behar da ea ahalmen urritasunik duten pertsonentzat egokituta dauden ala ez, eta, eraikuntza-oztoporik egonez gero, horien zerrenda jaso. Halaber, ahal dela, erakundeak auzolandegiko taldearentzat bakarrik erreserbatuko du ostatu-lekua, auzolandegiak dirauen bitartean. Osterantzean, horren berri eman behar zaio lehenbailehen Gazteria Zuzendaritzari.

Instalazioek, gutxienez, honako guneak izango dituzte:

– Lo egiteko gune bat, gutxienez, ohatzeekin edo ohatzerik gabe.

– Auzolandegiko zuzendaritza- eta animazio-taldearentzat gune bat.

– Jolas-jarduerak egiteko materiala gordetzeko gune bat.

– Dutxak eta komunak, gazteen ostatu-lekuan edo handik gertu. Zehaztu beharko da bainugelak eraikin berean edo beste batean dauden, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat irisgarriak diren, eta oztopo arkitektonikoak zerrendatu.

– Jarduerak egiteko gune bat.

– Sukaldea eta jangela.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egin beharreko jarduera soziokultural edo aisialdikoen jardunaldi bat, gutxienez, ziurtatzen duten elementu material eta pertsonalak.

e) Gazte boluntarioak garraiatzeko modua, lantokia ostatua duten lekutik urruti baldin badago.

f) Beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak, parte-hartzaileek lanean osasun fisikoan eta bizian inolako arriskurik izan ez dezaten.

g) Ostatu-lekuan garbiketa egiteko materiala.

h) Auzolandegia egingo den tokiko eta inguruko kultura-aukerak erakustea, programak bilatzen duen kulturarteko ikaskuntzaren helburua egoki bete dadin.

i) Udaleko kirol-instalazioetara sartzeko trabarik ez jartzea auzolandegiko parte-hartzaileei.

j) Behin auzolandegia bukatu eta gero, egindako lanaren gaineko dokumentazio grafikoa ere bilduko duen txosten bat aurkeztea.

k) Auzolandegiko parte-hartzaileei hasierako harrera eta bukaerako agurra egitea.

l) Gazteria Zuzendaritzari komunikatzea, deialdia egin aurretik edo, hala badagokio, egin aurretik, lankidetza honen esparruan garatzen den auzolandegiarekin lotutako edozein hedapen- edo komunikazio-ekintza egiteko aurreikuspena.

m) Auzolandegia amaitzen den egunean, erakundeak izendatutako pertsona batek egiaztatuko du ostatu eta sukalderako instalazioak jardueraren hasieran zeuden baldintza berberetan daudela, eta Gazteria Zuzendaritzak emandako adostasun-partea sinatu beharko du.

n) Udalak datu pertsonalak babesteari eta tratatzeari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela zainduko du.

ń) Aurrekoa alde batera utzi gabe, egokitzat jotzen dituen beste elementu edo prestazio batzuk ematea, Gazteria Zuzendaritzako arduradun antolatzaileen aldez aurreko baimenarekin.

2.– Gazteria Zuzendaritzak honako prestazio hauek emango ditu:

a) Jardueraren antolaketa orokorra.

b) Auzolandegia sustatzea, eta parte-hartzaileak izapidetzea eta inskribatzea.

c) Jardueraren arduradunak.

d) Elikadura edo elikadura horren kostuak.

e) Parte-hartzaileen, instalazioen eta materialen asegurua (istripu-asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua).

f) Instalazioak egokitzeko materialak (ohatzeak, sukalderako materialak, etab.).

9. artikulua.– Proiektuak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.

10. artikulua.– Proiektuak aurkezteko lekua eta modua.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, zuzentzeko, justifikatzeko eta egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Era berean, elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan eman beharko du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Ebazpena honen eranskinean jasotako eskabide-eredua, eta eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1050707

3.– Eskaeraren ondorengo izapideak egiteko eta espedientea ikusteko ondorengo webgunea baliatuko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

11. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Erakunde interesdunek honako agiriak bidali behar dituzte:

a) Auzolandegiaren proiektu teknikoa, honakoak xehe-xehe jasoko dituena: egin beharreko lanak, lekua eta egunak, eta proiektuaren helburu zehatza ulertzen lagundu dezakeen beste edozein alderdi. Gainera, ostatu-lekuko instalazioen deskribapen zehatza jaso beharko da, eta, hala badagokio, baita sukaldearena eta haren ekipamenduarena ere, eta janari-biltegiarena ere bai. Bai proiektu teknikoaren deskribapena bai instalazioena material grafikoaz lagunduta aurkeztu beharko da.

b) Proiektuak duen interes sozialaren, kulturalaren edo historikoaren justifikazioa.

c) Proiektuak erakundearen onarpena duela egiaztatzeko, erakunde publiko edo pribatuaren organo eskudunak agiri bat aurkeztu beharko du, non proiektua burutzeko eta ebazpen hau betetzeko konpromisoa agertuko duen.

d) Auzolandegian egin beharreko jardueren eta proposamenen zerrenda, inguruneak kultura aldetik dituen baliabideak erakusteko.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena ez daudela zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian, sexu-diskriminazioaren ondoriozko zigorrak edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik ezarritakoak barne.

2.– Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek, gainera, honako informazio hau bidaliko dute:

a) Estatutuen kopia (baldin eta, pertsona juridikoa izateagatik, nahitaezkoa bada, indarrean dagoen legeriaren arabera) edo, erakunde motaren arabera, eratze eskrituraren kopia.

Eskatzaileak dokumentazio hori lehenago aurkeztu badu Administrazio horretan eta hura oraindik indarrean baldin badago, ez da beharrezkoa izango berriro aurkeztea. Kasu honetan, Administrazioak ofizioz egiaztatuko du. Horretarako, nahikoa izango da dokumentazio hori zein sail edo zuzendaritzatan aurkeztu zuen adieraztea.

b) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza boterea.

c) Erakundearen egoitza EAEn dagoela egiaztatzen duen agiria.

d) Dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria (elkarteena, fundazioena edo dagokiona).

12. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskaera izapidetzea onartzeko eskatzen diren agirietakoren bat faltako balitz, agiriotan formazko akatsen bat balego edo baloraziorako aurkeztutako dokumentazioan akatsik aurkituko balitz, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesatuari, Nire Karpeta-n bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), akatsa zuzen dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan. Jakinarazpen horretan adieraziko zaio, hori egin ezean, ebazpena emango dela eta, ondoren, eskaeran atzera egindakotzat edo eskabidea izapidetzea onartzeko eskubidea amaitutzat joko dela.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– «Auzolandegiak» programarako proiektuak onartzeko ebazpena, Hautaketa Batzordeak egindako proposamena ikusita, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak emango du, proiektuak aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko epean.

2.– Ematen den ebazpena sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie, erakunde interesdunei, Nire Karpeta-n bidez, ebazpen hau indarrean sartzen denetik aurrera.

3.– Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe amaitzen bada, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte beren asmoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Orokorrean ezaguna izan dadin, eta erakunde interesdunei berariaz eta banaka jakinarazteko beharra alde batera utzita, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da «Auzolandegiak» programarako onartutako proiektuen zerrenda.

6.– Proiektuak gauzatzeko hautatu diren erakundeek deialdian ezarritako konpromiso guztiak onartuko dituzte. Erakunde horiek, Gazteria Zuzendaritzara bidali beharko dute aldeen arteko lankidetzaren onarpena, auzolana egiteko.

14. artikulua.– Jarduera bertan behera uztea.

Gazteria Zuzendaritzak proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jar dezaketen arrazoi teknikoak daudela deritzonean, bertan behera utzi ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharreko auzolandegi bat. Gertaera horrek ez du ekarriko inolako kalte-ordainik proiektua aurkeztu duen erakundearentzat.

15. artikulua.– Datu pertsonalen erabilera.

Onartutako proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publikoek edo irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoa betetzen dela zainduko dute.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: «Auzolandegiak» eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programak.

Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.

Helburua: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak:

– Elkarteak eta irabazi asmorik gabeko organizazioak.

– Europako Batasuneko organoak.

– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

– Toki administrazioko beste organo batzuk.

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/103700-capa1-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

II. ERANSKINA
ESKABIDEAN GEHITU BEHARREKO DATUAK. ESKABIDEA DAGOKION FORMULARIO ELEKTRONIKOAREN BIDEZ EGIN BEHAR DA

1.– Identifikatu.

Identifikazio datuak:

Eskatzailea

Honen izenean ari da: Pertsona/ Entitate interesdun gisa espedientean/Ordezkaria

Identifikazio-dokumentua, Zenbakia*, Erakundearen Izena*

Espedientean interesa duten pertsonak: Identifikazio-dokumentua, Zenbakia, Izena, Lehen abizena, Bigarren abizena, Sexua

Jakinarazpenetarako datuak:

Jakinarazpenak eta komunikazioak helbide honetara bidaliko dira: Espedientea tramitatzen den bitartean Administrazioak bidalitako jakinarazpenak honi zuzenduko zaizkio:

Harremanetarako hizkuntza, Jakinarazpen eta komunikazioaren bidezkoa: Elektronikoa. Jakinarazpen eta komunikazioak Nire Karpeta-ra bidaliko dira.

Abisuak jasotzeko datuak: Posta elektronikoa*, Telefono mugikorra

(Bide elektronikoa: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43.2 artikuluaren arabera, 10 egun naturaleko epean ez bada sartzen jakinarazpen elektroniko batera, ulertuko da uko egin diola: izapidea egintzat joko da, eta administrazioak aurrera jarraituko du prozedurarekin).

Datu pertsonalen tratamendua:

Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak.

Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.

Helburua: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak:

– Elkarteak eta irabazi asmorik gabeko organizazioak.

– Europako Batasuneko organoak.

– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

– Toki administrazioko beste organo batzuk.

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/103700-capa1-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

2.– Datuak bete.

Proiektuari buruzko datuak:

Informaziorako kontaktua den pertsonaren identifikazio-datuak: Izena*, Lehen abizena*, Bigarren abizena, Karguduna (betetzen duen lanpostua)*, Telefono finkoa, Telefono mugikorra, Helbide elektronikoa.

Proiektua:

Proiektuaren izena*

Erantzukizunpeko adierazpenak:

Zure erantzukizunpean aitortzen duzu adierazpen hauetan azaltzen diren datuak benetakoak direla. Administrazioak prozedurarekin ez jarraitzea erabaki dezake datuak zehatzak ez badira, zerbait nahita esan gabe geratu bada edo faltsuak badira. Horrek ez du eragotziko izan daitezkeen bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboek aurrera egitea.

Adierazten dut:

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, 50. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena. Bai/ez.

– Betetzen ditu indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak*. Bai/Ez.

– Deklaratzen du hemen jasotako datu guztiak egiazkoak direla eta osorik daudela, baita aurkezten dudan dokumentazioa ere, eta nire gain hartzen dut dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

3.– Dokumentuak erantsi.

Prozeduran eskatzen diren dokumentu motak ikus ditzakezu jarraian. Dokumenturen bat igotzeko, sakatu Erantsi. Mota bereko dokumentu gehiago eransteko, sakatu Gehitu.

Eskatutako dokumentuak/ igotako dokumentuak/ Ekintzak.

Proiektua. (Erantsi/Bilatu/Aurkeztua).

Argazkia. (Erantsi/Bilatu/Aurkeztua).

Erakunde eskatzaile publiko edo pribatuaren organo eskudunak igorritako txostena, zeinak, onartua izanez gero, aurkeztutako proiektua aurrera eramateko eta Ebazpen hau betetzeko bere konpromezua bermatuko du. (Erantsi/Bilatu/Aurkeztua).

4.– Sinatu eta bidali.


Azterketa dokumentala