Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2023ko abenduaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5762

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 20koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, 2024rako laguntzen deialdia egiten da, ekitaldi honetan EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako prestakuntza ematen duten entitate publiko zein pribatuentzat.

Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuak (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.) honako programa honen oinarri orokorrak ezartzen ditu: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programa. Betiere, bat etorriz 1997ko abenduaren 11n sinatu zen EAEko Laneko Osasunerako eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioaren III. atalean («Prebentziorako prestakuntza») ezarritakoarekin (1998ko urtarrilaren 27ko EHAA, 17. zk.).

Dirulaguntzen jarduera horretarako deialdia urtero egiten da, laneko arriskuen prebentzioaren arloan egiteko espezifikoak dituzten prebentzio-ordezkarien –langileen ordezkariak dira– oinarrizko prestakuntza bultzatzeko. Horrela, ezagutza arautzaile eta tekniko horiekin, enpresen zuzendaritzarekin lankidetzan jardun ahal izango dute prebentzio-ekintza hobetzeko, eta langileen lankidetza sustatu ahal izango dute Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko araudia aplikatzeko orduan. Eta, bereziki, besteak beste, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko araudia betetzen dela zaindu eta kontrolatuko dute, eta enpresak aldez aurretik kontsulta egin ahal izango die, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 33. artikuluaren arabera.

Horregatik, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, urteko deialdi publikoa onartzen da diruz laguntzeko 2024an EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak.

Aurrez aurreko prestakuntzak lehentasuna izaten jarraitzen du prebentzio-ordezkarientzat, kolektiboak prestakuntza-jardueretan izan dezakeen harremanagatik. Hala ere, prestakuntzak online ematea aukerakoa eta ez nahitaezko izaten jarraituko du bai prebentzio-ordezkarientzat, bai ebazpen honen xede diren erakunde publiko eta pribatuentzat.

Deialdi hau, bestalde, indarrean dagoen Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babesean egin da, zeina Osalanen webgunean argitaratuta baitago.

Kudeaketa bizkortzeko, deialdi hau EAEko 2024rako Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeari atxikiko zaio, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoari jarraituz. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen da. Ondorioz, deialdiko dirulaguntzak gauzatuko dira baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko aurrekontu orokorretan.

Dirulaguntza-deialdi hau honako hauen arabera arautzen da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen); Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori), eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak. Era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, ebazpen honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten erakunde publiko edo pribatuentzako 2024ko aurrekontu-ekitaldirako dirulaguntzen deialdia onartzea, 2024ko urtarrilaren 25etik abenduaren 5era bitartean (biak barne), uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Dekretu horren bitartez, oinarri orokorrak ezarri ziren dirulaguntza-programa honetarako: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuentzako dirulaguntzak (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko baliabide ekonomikoak. Zenbatekoa hirurehun mila (300.000) eurokoa izango da.

2.– Ebazpen honetan ezartzen denez, deialdi honen guztizko aurrekontu-zuzkiduratik, gehienez ere, 100.000 euro bideratuko dira zati arautzailearen prestakuntza finantzatzeko, eta, gehienez ere, 200.000 euro, zati teknikoaren prestakuntza finantzatzeko, hala xedatuta baitago uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 9. artikuluan. Dekretu horren bidez, honako programa honen oinarri orokorrak ezartzen dira: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programa.

3.– Dirulaguntza hauek emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako gastu-espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen da).

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi hau zuzendutako dago egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten entitateei. Erakundeok prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza emateko betekizunak bete behar dituzte, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuan araututakoari jarraituz (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.), eta, gainera, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak egiaztatuak izan behar dute. Hona hemen entitateok:

– Prestakuntza-zentroak, publikoak zein pribatuak.

– Erakunde sindikalak.

– Prebentzio-zerbitzu egiaztatuak, zerbitzuak itunduta dituzten enpresetako prebentzio-ordezkariei dagokienez.

2.– Erakunde eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte onuradun izateko:

2.1.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38 Lege Orokorraren 13. artikulua betetzea, onuradun edo erakunde laguntzaile izateko betekizunei buruzkoa. Hori dela eta, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusitako egoeretan egon behar dute, eta ez dute izango dirulaguntza publikoak lortzeko aukera ukatzen dien zehapen administratibo edo penalik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere.

2.2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina 50.5 artikulua betetzea. Artikulu horren arabera, ezin izango zaio inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen jarduera bati, ez eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, sexu-bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legedian ezarritakoaren arabera.

2.3.– Egunean izatea Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean jasotako betebeharrak prebentzio-antolamenduaren ereduari, arriskuen ebaluazioari, prebentzio-jardueraren plangintzari eta prebentzio-sistemaren auditoretzari dagokienez, hala badagokio. Era berean, azken bost urteetan zehapenik jaso ez izana laneko segurtasun eta osasunaren arloko arau-hauste larri eta/edo oso larriengatik.

2.4.– Ez jasotzea xede eta helburu bererako administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako laguntzarik edo dirulaguntzarik.

4. artikulua.– Eskaerak izapidetzea.

1.– EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-ordezkarien prestakuntza emateko akreditazioa jaso duten erakundeek dirulaguntza hau eskatu ahal izango diote Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera. Dekretu horren bitartez, oinarri orokorrak ezarri ziren dirulaguntza-programa honetarako: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuentzako dirulaguntzak.

2.– Ikasleak soilik izango dira prebentzio-ordezkariak, eta aldez aurretik inskribatuta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Erregistroan, zeina Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago.

3.– Eskaera-prozedura elektronikoa baino ez da. Prestakuntza-ekintzako, dirulaguntza-eskabidea eta dokumentazioa aurkeztu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa

a) Arlo arauemaileko prestakuntzari dagokionez:

Prebentzio-ordezkariei arlo arauemailean oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207805

b) Arlo teknikoko prestakuntzari dagokionez:

Prebentzio-ordezkariei arlo teknikoan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207806

Adierazitako prozedura elektronikoetatik deskargatuko dira dirulaguntza-eskabidea eta dokumentu-txantiloiak, ebazpen honetan eta I. eranskinean zehazten diren eta eskatzaileek aurkeztu behar dituztenak.

4.– Eskabide elektronikoarekin batera, honako eranskin hauek aurkeztu beharko dira, beteta:

«III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», dirulaguntzaren xede den prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten prebentzio-ordezkarien behin-behineko datuak jasotzen dituen dokumentua; ikastaroak ikasgela birtuala duen adierazten du.

«VIII. eranskina. Prestakuntza-erakundeak ikasgela birtualeko prestakuntzaren erabilerari buruz egindako erantzukizunpeko adierazpena», digitalki sinatua. Ikasgela birtuala erabiliko bada bakarrik aurkeztu beharko da.

5.– Eskabidea egin ondoko izapideak (jakinarazpenak, justifikazioak, espediente bakoitzera sartzea, izapidetzea eta jarraipena egitea) «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan enpresa eta erakundeentzat (pertsona juridikoak) onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (pertsona juridikoak izapidetze elektronikoa egitera behartuta daude, eta hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez; hau da helbidea: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

8.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 9an hasiko da, eta epe hori 2024ko azaroaren 22an amaituko da, 23:59an (egun biak barne), edo deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak agortzen direnean. Azken kasu horretan, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emango du horren berri EHAAn. Kasu horretan, egoera hori EHAAn argitaratu ondoren, ez da eskabide berririk onartuko, eta eskaerak ukatuko dira, baldin eta aurkeztuta badaude baina oraindik ebatzi gabe.

2.– Prestakuntza-erakundeek programatuta daukaten prestakuntza-ekintza bakoitza hasi baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez eskatu beharko diote dirulaguntza Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari. Gutxienez, 15 egun lehenago egitea gomendatzen da.

6. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko 10 eguneko epearen barnean, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskabideari ulertuko dela uko egin diola, betiere Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ondoren.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenen kontsulta egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko (https://www.euskadi.eus/egoitza «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Jakinarazpen hori egindakotzat joko da interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta 10 eguneko epean, interesdunak ez badu edukia eskuratu, ulertuko da uko egin diola eta izapidea prozeduraren arabera egin dela; non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, ezin izan dela sartu jakinarazpen horren edukira, teknikoki edo materialki.

7. artikulua.– Prestakuntza-ikasgela birtuala erabiltzea.

2024an ikasgela birtualaren erabilerari eutsiko zaio, aurrez aurreko prestakuntzaren balio berarekin. Ikasgela birtuala aukerakoa izango da, eta ez da nahitaezkoa izango ezein erakunderentzat.

Dena den, metodologia hori gehienez ere jardueraren iraupenaren ehuneko berrogeita hamarrean erabili ahal izango da arlo arauemaileko ikastaroetan, eta jardueraren iraupenaren ehuneko hogeita bostean arlo teknikoko ikastaroetan.

«Ikasgela birtualtzat» hartzen da ikasteko ingurunea, hots, tutore-prestatzaileak eta ikasleak biltzeko eta denbora errealean aritzeko ingurunea, aukera ematen duena izaera sinkronoa duen komunikazio-sistema telematiko baten bidez ezagutzak trukatzeko prozesua gauzatzeko, eta, hala, ikasgelan parte hartzen duten pertsonen ikaskuntza ahalbidetzeko.

Ikasgela birtualaren bidez ematen den prestakuntza egituratu eta antolatu egin behar da, une oro bermatzeko konektibitate sinkronizatua dagoela prestatzaileen eta parte hartzen duten prebentzio-ordezkarien artean, bai eta komunikazioak noranzko bikoak direla ere.

Ikasgela birtualeko prestakuntzari dagokionez, arlo arauemailean eskola-prestakuntzaren azken orduetan erabili ahal izango da (6 ordu, lanaldi batekin parekatu ohi dena), eta ikasleek in situ –eskola presentzialetara– joan beharko dute prestakuntza ematen duen erakundearen instalazioetara eskola-prestakuntzaren lehen orduetan (6 ordu).

Arlo teknikoko prestakuntzan, ikasgela birtuala prestakuntza-jardueraren hirugarren egunean erabili beharko da nahitaez (6 eskola-ordu), eta ikasleek in situ –modu presentzialean– joan beharko dute prestakuntza ematen duen erakundearen instalazioetara gainerako orduetan.

Ikasgela birtualeko teknika hori erabiltzea erabakitzen duten erakunde publiko eta pribatu prestatzaileek bermatu behar dituzte ezagutzaren transmisioa, helburuen garapena eta aurreikusitako edukiak. Ikastaroaren jarraipena egin ahal izateko, gutxienez telefono-zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat eman beharko dute, erabiltzaileek laguntza eskatu ahal izan dezaten arazo edo zalantza funtzionalik izanez gero. («VIII. eranskina. Prestakuntza-erakundeak ikasgela birtualeko prestakuntzaren erabilerari buruz egindako erantzukizunpeko adierazpena»). Ikasgela birtuala erabiltzeko, prebentzio-ordezkariaren berrespena eta erabilgarritasun-akordioa izan beharko dute («IX. eranskina. Prebentzio-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtuala erabiltzeko baimenari buruzkoa»).

Kontrolatzeko ea ikasleak bertaratzen diren ikasgela birtualeko klase-egunean, eta horren jarraipena egiteko, irakasleak parte-hartzaile bakoitzaren sinaduraren laukitxoan adierazi beharko du ea eguneko saiora joan den edo ez (BAI/SI edo EZ/NO), eta egun horretan sinatu beharko du. Gainera, egun horretako sinadura-zerrendari pantailaren kopia erantsiko dio, zeinetan agertuko baitira konektatutako parte-hartzaile guztiak. Gainerako egunetan, prebentzio-ordezkari bakoitzak sinatu beharko du, ohi bezala.

Osalan kontrol-organoa den heinean, Osalaneko langileek ikasgela birtualeko bertaratze-egiaztapenak egin ahal izango dituzte noizean behin. Horretarako, prestakuntza-erakundeak haren eskura jarriko ditu prestakuntza ematen den bitartean konexioa egin ahal izateko behar diren bitartekoak (esteka elektronikoa).

Finantzaketaren ondorioetarako, ikasgela birtualaren bidez emandako orduak ordu presentzialtzat hartuko dira.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– Deialdi honen xede diren prestakuntza-jarduerak finantzatzeko, prestakuntza-orduko aplika daitezkeen gehieneko modulu ekonomikoak 128,27 eurokoak izango dira eskola-orduko (modulu horien plangintza egitetik zein gauzatzetik eratorritako kostu guztiak barnean direla).

Eta 125/2018 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera.

2.– Prestakuntza-ekintzako, gehienez ere 15 prebentzio-ordezkarirentzat emango da dirulaguntza.

15 prebentzio-ordezkari bertaratzen ez diren kasuetan, gaztelaniaz emandako ikastaroetan, ekintzaren finantzaketa-ehunekoa uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da –beheko taulan dago jasota–.

3.– Gutxienez 10 ikasle biltzen ez dituzten taldeek ezingo dute dirulaguntzarik jaso. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzan euskararen erabilera sustatzeko, euskarazko taldeak salbuespen izango dira, eta gutxienez bost prebentzio-ordezkari biltzen dituzten taldeak onartuko dira. Euskarazko ekintzak honako taula honetan ezarritakoaren arabera finantzatuko dira:

(Ikus .PDF)

4.– Dirulaguntzaren zenbatekoak barnean hartzen ditu prestakuntza-materialen gastuak.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak ikasle guztiei doan emango dizkie dagozkien prestakuntza-eskuliburuak. Sobera geratzen diren eskuliburuak Osalani itzuli beharko zaizkio.

5.– Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzeko azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua aplikatuz, bazterkeriak prebenitzeko edo ezabatzeko xedearekin eta desgaitasunen bat duten prebentzio-ordezkariek prestakuntza jasotzeko dauzkaten zailtasunak edo desabantailak konpentsatu nahian, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarri guztiak jarriko ditu, deialdi honen kontura ordainduta.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez ere 15 egun balioduneko epean, dirulaguntzaren erakunde onuradunak aurkeztu egin beharko ditu exijitzen zaizkion dokumentuak. Dokumentu horien txantiloiak webguneko prozedura elektronikotik deskarga daitezke. Dirulaguntzen justifikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Dokumentu horiek guztiak behar bezala bete behar dira, eta informazio guztia izan behar dute. Erakunde eskatzaileak zuzendu beharko du zehaztasun-eza edo informazio-falta, eta, hori egin ezean, dirulaguntza ukatuko zaio.

Kontuan izan behar da arlo arauemailea ematen duten erakundeek honako hau eman behar dietela bertaratutakoei: «V. eranskina. Prebentzio-ordezkariei Arlo Teknikoko oinarrizko prestakuntza emateko akreditatutako zentroen zerrenda». Zerrenda hori eguneratu egingo da akreditatutako zentroen zerrenda aldatu ahala, baita deialdi honetan zehar ere. Zati arauemailea ematen duten erakundeek prebentzio-ordezkariei aurkeztu beharko diete prozedura elektronikoan dagoen zerrenda berriena, IV. eranskinaren bidez aukera dezaten zein izango den zati teknikoaren zentroa.

2.– Justifikazioan aurkeztu beharreko dokumentuak honako hauek dira:

«III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», behin betiko dokumentua, dirulaguntzaren xede den prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten prebentzio-ordezkarien azken datuak jasotzen dituena; prestakuntza-ekintzak ikasgela birtuala duen adieraziko du, hala baldin bada.

«II. eranskina. Asistentzia-kontrolerako orria» dokumentu eskaneatua pdf formatuan. Eranskin horrek adierazi behar du zein egunetan eman den prestakuntza-ekintza, zein diren prestakuntza-ekintza eman duten irakasleen eta bertaratutako prebentzio-ordezkari guztien NAN zenbakiak, izen-abizenak eta sinadura jasota. Irakasleak sinatu beharko ditu egun bakoitzeko kontrol-orri guztiak. Ikasgela birtualean emanez gero, pantailaren kopia erantsi beharko da, jasotzen duena zer parte-hartzaile egon diren konektatuta ikastaroa eman den egunean edo egunetan.

«IV. eranskina. Arlo teknikoko prestakuntza-zentroari eta ikasgela birtualaren erabilerari dagokienez prebentzio-ordezkariak egin duen aukerari buruzko datuak» dokumentu eskaneatu bakarra pdf formatuan. Dokumentu horrek jasoko ditu prebentzio-ordezkarien eskabide guztiak, zati teknikoa egiteko; V. eranskinean jasotako prestakuntza-zentro akreditatuetako bi aukeratuko dituzte. Era berean, jasoko du ea prestakuntza hori ikasgela birtualaren bidez egin nahi duten. IV. eranskin hori, bestalde, zati arauemailea ematen duten erakundeek aurkeztu beharko dute, eta, gainera, IV. eranskinean jasotzen den datu-babesari buruzko informazioa ere emango diete ikasleei. Arlo arauemailean, ikastaroa ikasgela birtualarekin egin bada, IV.2. eranskina ere aurkeztu beharko da.

«VI. eranskina. Ebaluazio-galdetegia. Prebentzio-ordezkaria» dokumentu eskaneatua. Dokumentu horrek jaso behar ditu prestakuntza-ekintzako ikasleek erantzundako inkestak; zenbat ikaslek eman duten izena eta zenbatek erantzun duten inkesta hori. irakaskuntza-metodologiak ikasgela birtual presentziala barne hartzen badu, 7. artikuluan ezarritako jarraibideak bete behar dira;: hau da, irakasleak parte-hartzaile bakoitzaren sinaduraren laukitxoan adierazi beharko du ea ikaslea eguneko saiora joan den edo ez (SI/BAI edo NO/EZ), eta ikasgela birtualeko egun horretan sinatu beharko du. Gainera, egun horretako sinadura-zerrendari pantailaren kopia bat erantsiko dio; pantaila horretan, agertu beharko dira konektatutako parte-hartzaile guztiak. Gainerako egunetan, prebentzio-ordezkari bakoitzak sinatu beharko du.

«VII. eranskina. Ebaluazio-galdetegia. Irakasleak» dokumentu eskaneatua. Dokumentu horrek jasoko du prestakuntza-ekintzaren irakasleak erantzundako inkesta, modu digitalean sinatua.

«IX. eranskina. Prebentzio-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtuala erabiltzeko baimenari buruzkoa». Ikasgela birtuala erabili bada bakarrik aurkeztu beharko da.

3.– Justifikazioak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eta bete beharreko ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira (https://www.euskadi.eus/egoitza), ebazpen honen 4.– 3.a) eta b) artikuluan adierazitako prozedura elektronikoetan.

4.– Administrazioak esleituta dauzka egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak. Horregatik, Administrazioak edozein unetan eskatuko die erakunde eskatzaileei beharrezkotzat jotzen duen informazio eta agiri osagarri oro, eskabidea, aurkeztutako dokumentuak eta erantzukizunpeko adierazpenak baloratzeko, baita agiri originalak ere, autentikoak direla egiaztatzeko. Horregatik, Administrazioak erabaki ahal izango du prozedurarekin ez jarraitzea, baldi eta emandako datuetan funtsezko zehaztasun falta, faltsutasuna edo omisioa antzematen badu, hargatik eragotzi gabe erakunde eskatzaileak izango lituzkeen bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko modua.

125/2018 Dekretuaren 13. artikuluaren arabera.

1.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emango du deialdiaren ebazpena, dirulaguntza ematea ala ez erabakitzeko; betiere aintzat hartuta organismo horretako teknikariek egindako txostenak.

2.– Eskabideek deialdiko betekizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan ebatziko dira, espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta jarduketa horietarako aurrez ikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Funtsak agortzen badira, ezetsi egingo dira deialdi honen esparruan aurkeztu diren eta ebazteke dauden eskabideak.

3.– Erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie zer ebatzi den, banaka, gehienez ere bi hilabeteko epean, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Ebazpenen jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Atal honetan aipatutako epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, erakunde interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskabideak ezetsi egin direla, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluak.

6.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Soilik publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira dirulaguntzak emateko ebazpenak.

11. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Prozedura honetan jasotzen diren datu pertsonalak honako hauen arabera tratatuko dira: 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673); eta datuen babesaren arloko gainerako garapen-araudia.

Jakitera ematen da datu pertsonalak «Prebentzio-ordezkarien prestakuntzaren dirulaguntzak eta kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea da tratamendu horren arduraduna. Hauek dira tratamendu horren xedea da: prebentzio-ordezkariak prestatzeko, laneko arriskuen prebentziorako ikastaroak antolatzea, dirulaguntzak kudeatzea, eta ikastaroen gaineko ziurtagiriak egitea.

Haren legitimazioa honako hau da: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko behar den tratamendua; 7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; eta 125/2018 Dekretua, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak. 1997ko abenduaren 19ko Ebazpena, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, «EAEko Osasun Arloko eta Lan Arriskuen Aurreneurrien Arloko Lanbidearteko Akordioa» erregistratzea eta argitaratzea agintzen duena.

Deialdi honetan parte hartzen dutenei buruzko datuak honako hartzaile hauei jakinarazi ahal izango zaizkie: Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa, interesdun legitimoak, autonomia-erkidegoko beste organo batzuk, sindikatuak eta langile-batzordeak eta prestakuntza-erakundeak.

Deialdi honetan parte hartzen dutenek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak baliatzeko, bai eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide baliatzeko ere.

Datuen Babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsultatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Datuak Babesteko ordezkariaren Tratamendu Jardueren Erregistrora jo daiteke (https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0625_eu.html).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, epea kontatzen hasiko da ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztia hala xedatuta dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan.

Barakaldo, 2023ko abenduaren 20a.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

I. ERANSKINA
ESKABIDEKO PROZEDURETAN JASOTZEN DIREN DATUEI BURUZKO INFORMAZIOA

Eranskin honek informazioa besterik ez du ematen, eta helburutzat du entitate interesdunei ezagutaraztea nolako egitura eta edukia aurkituko duten dirulaguntzaren eskabide elektronikoa egitean EAEko Eusko Jaurlaritzako Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza

1.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren laguntza.

Eusko Jaurlaritzak, DACIMA Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren bitartez (Eusko Jaurlaritzaren administrazio elektronikoan eskuduna baita), zenbait jarraibide-gidaliburu sortu ditu EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza pertsonek eta entitateek tramitazio elektronikoaren alderdiak ezagut ditzaten eta izapidetze horretan lagungarriak izan daitezen.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren menu horizontalean, «Laguntza» izeneko atal bat sortu da, eta, han, herritarrek eta entitateek eskuragarri izango dituzte izapidetzeko laguntza- eta euskarri-gida horiek.

Tramitazioan arazoren bat izanez gero:

– Tramitazio elektronikoan arazoren bat izanez gero, jarri harremanetan Erabiltzaileentzako (edo entitateentzako) Arreta Zentroarekin, 945 01 68 38 telefonora deituta.

Prozedura hauetan sortutako espediente guztiak hemen kontsulta daitezke:

«Nire karpeta» https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena.

Entitate eskatzaileak, dirulaguntza bat eskatu aurretik, egiaztatu beharko du betetzen dituela prestakuntza emateko eskakizunak, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuko 5. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

Entitate eskatzailea akreditatuta ez badago, edo aldatu baditu akreditatzeko kontuan hartutako baldintzak, akreditazioa eskatu beharko du EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza), honako hau baliatuta:

Prozedura elektronikoa: Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena (1042406) https://www.euskadi.eus/baimena/oinarrizko-prestakuntza-prebentzio-ordezkariak/y22-izapide/eu

Egiaztapena jakinarazi ondoren, lehen aldiz egiaztatutako entitateak aukera izango du kasuko ikastaroak emateko, eta, haiek eman ondoren, aukera izango du ebazpen honetan jasotako dirulaguntza eskatzeko.

3.– Dirulaguntza eskatzeko prozedura mota.

Eskaera egiteko prozedura elektronikoa baino ez da izango. Eskabidea izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztuko da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan https://www.euskadi.eus/egoitza, dagokion izapidean (Ikusi Izapideen katalogoa).

3.1.– Arlo normatiboa: dirulaguntza eskatzean prebentzio-ordezkarientzat arlo normatiboan oinarrizko mailako prestakuntza-ikastaroak egiteagatik, eskaerari gehitu beharko zaio exijitzen den dokumentazioa (III. eranskina eta VIII. eranskina, gela birtuala erabiltzen bada):

Prozedura elektronikoa: Prebentzio-ordezkariei arlo normatiboan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207803

3.2.– Arlo teknikoa: prebentzio-ordezkarientzat arlo teknikoan oinarrizko mailako prestakuntza-ikastaroak egiteagatik dirulaguntza eskatzean, eskaerari gehitu beharko zio exijitzen den dokumentazioa (III. eranskina eta VIII. eranskina, gela birtuala erabiltzen bada):

Prozedura elektronikoa: Prebentzio-ordezkariei arlo teknikoan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207804

4.– Eskabidea betetzeko jarraibideak.

Eskabidea betetzerakoan, ezinbestekoa da entitatearen edo enpresaren sinadura-txartela edo ziurtagiri elektronikoa izatea. Gogoan izan zure entitatearen edo antolakundearen izenean diharduzula.

– Informazioa identifikatzeko eta elektronikoki sinatzeko bitarteko onartuei buruz: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

– Ahalordeen erregistro elektroniko orokorra: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabidean, jarraibide guztiak aurkituko dituzu entitateko titularraren datuak betetzeko. Txartel edo ziurtagiri elektroniko egokiaren bidez konektatzean, eskabidean agertuko da zer dela-eta diharduzun. Zerrenda zabalgarrian ordezkatzen duzuna hautatu beharko duzu, eta, zenbait entitate edo enpresatakoa bazara edo zenbait ziurtagiri elektroniko badituzu, aukeratu behar duzu zein den ordezkatze edo ahalordetze zuzena.

Tramitazioaren pausoren batean arazoak izanez gero, jarri harremanetan 945 01 68 38 telefonora deituta.

Eskabidean, besteak beste, kontzeptu hauek azalduko dira:

– Eskatzailea: hartzailetzat jotakoak izango dira; normalean, IFK duten pertsona juridikoak.

– Organo instrukzio-egilea: Osalaneko Zuzendaritza Nagusia da; horregatik, ez da beste erregistrorik edo izenik sartu behar.

– Espedientean interesdun gisa dihardut: eskatzaile gehienek aukera hau hautatu beharko dute eskabidean, dagokien entitate juridikoaren langile gisa dihardute eta.

– Norbait ordezkatuz dihardut: baldin eta eskatzailearen langileak Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Elektronikoan erregistratuta badaude pertsona juridiko baten edo entitate baten langile gisa; kasu horretan, eskatzaileak bere identifikazio elektronikorako bitartekoak erabili ahal izango ditu, lan egiten duen entitatearen izenean. Kasu horretan, gainera, langileak bere entitatearen ordezkari gisa jardun dezake, eta entitatea espedientearen titular gisa agertuko da. Entitateko langile gisa izena emanda dauden langileek aukera izango dute entitatearen jakinarazpenak eta espedientearen xehetasunak ikusteko, eta, gainera, agiriak onetsi ahal izango dituzte, euren identifikazio elektronikorako bitartekoa erabilita (Nire karpeta aplikazioaren bidez).

5.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Entitate eskatzaileak, bere erantzukizunpean, egiaztatu behar du zenbait baldintza betetzen dituela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta aplikatzekoa den gainerako legedian araututako erantzukizunpeko adierazpenen bidez.

Horregatik, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikulu hori kontuan hartuta: 1) erantzukizunpeko adierazpena da interesdunak sinatutako dokumentu bat, zeinean adierazten baitu, bere erantzukizunpean, betetzen dituela indarrean den araudiak eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura baliatzeko ezarritako betekizunak, baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa, Administrazioaren esku jarriko duela hark hala eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian. Administrazioek noiznahi eskatu ahal izango dute aipatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa emateko, eta interesdunak eman egin beharko du. 4) Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Halaber, administrazio publikoak halako zerbait gertatu dela adierazten dueneko ebazpenak xedatu ahal izango du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa leheneratzera eskubidea aitortu edo baliatu edo jarduera hasi aurreko unera, eta ezinezkoa dela xede bereko beste prozedura bat hastea legeak zehaztutako epe batean; hori guztia, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarritako moduan.

Horrenbestez, entitate eskatzaileak hau adierazten du bere erantzukizunpean:

1) Betetzen dituela deialdian eta indarreko arauetan ezarritako eskakizunak.

2) Egia direla eskaera honetan eta aurkezpen- eta justifikazio-fasean gehitu zaizkion dokumentuetan jasotako datuak.

3) Badaukala akreditatzen duen dokumentazioa, eta Administrazioaren eskura jarriko duela eskatzen zaionean.

4) Ez duela izan inolako zehapen penal edo administratiborik, eragozten dionik dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea, bereziki aipatuta sexu-diskriminazioaren ondorioz gertatuak.

5) Betetzen dituela Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean honako hauek direla-eta jasotako betebeharrak: prebentzio-antolamenduko eredua, arriskuen ebaluazioa, prebentzio-jardueraren plangintza eta, kasua bada, prebentzio-sistemaren ikuskapena.

6) Ez duela zehapenik jaso arau-hauste astunen edo oso astunen ondorioz azken bost urteetan, laneko segurtasun- eta osasun-arloan.

7) Konpromisoa hartzen duela ezarritako betebeharrak betetzen jarraitzeko eskubidearen aitorpenari atxikitako denboran zehar.

8) Ez dela ari dirulaguntza edo laguntzarik jasotzen, xede eta helburu bererako, ez administrazio publikoetatik ez erakunde pribatuetatik.

6.– Espresuki uko egitea.

Administrazioak ofizioz kontsultatuko du jakiteko ea entitate eskatzailea egunean dagoen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez.

Erakunde eskatzailea ofiziozko egiaztatze horren edo instrukzio-organoak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeaz kontsulta egitearen aurka agertzen bada (39/2015 Legearen 28. artikuluan jasotako berariazko kontrakotasuna), berak erantsi beharko ditu dokumentuak, betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen dutenak. Horregatik, aurkakotasun espresuari dagokion laukia markatu beharko du, eta erantsi beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela egiaztatzeko behar diren dokumentuak (horretarako, «Dokumentuak gehitu» botoia erabil daiteke atal horretan, aukera ematen baitu espedientean sartu nahi diren dokumentuen kopia gehitzeko).

7.– Eskabidea sinatzea eta bidaltzea.

Azkenik, entitate eskatzaileak elektronikoki sinatuko du eskabidea, eta bidali egingo du. Eskabidea aurkeztu duela dioen erregistro telematikoa jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak elektronikoki sinatua.

Erregistro-dokumentuan, hauek jasoko dira: erregistroaren datuak (erregistro-zenbakia, erregistro-eguna eta aurkeztu den eguna), interesdun eskatzailearen datuak, helmuga, gaia eta erantsitako dokumentuen zerrenda.

Jarraian, dirulaguntza eskatzen duten entitateek ebazpenean zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez ere 15 eguneko epean.


Azterketa dokumentala