Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2023ko abenduaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5760

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 12koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendari nagusiarena. Horren bidez, laneko segurtasunaren eta osasunaren eremuan ikerketa-proiektuak egiteko laguntzak ematea ebazten duena.

EGITATEAK

1.– 2023ko irailaren 1ean, ebazpen hau argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: Ebazpena, 2023ko uztailaren 14koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia egiten duena.

2.– Eskatutako laguntza jasoko duten ikerketa komisionatuko proiektuak eta SAF€RAko batzordeak onartutako ikerketa-proiektuak dirulaguntza emateko baldintzen arabera ezarritako epean garatu behar dira, eta ezin izango dira bi urtetik gorakoak izan. Bi kasuetan, laguntza emateko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen epea.

3.– 2023ko azaroaren 2an amaitu zen eskabideak aurkezteko epea; guztira, 6 eskabide aurkeztu ziren.

4.– Eskabideak balorazio-batzordeak ebaluatu zituen, deialdiaren oinarrietan ezarritako irizpide eta haztapenen arabera, eta proposamena Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari jakinarazi zion, ebazpena eman zezan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia egiten duen Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2023ko uztailaren 14ko Ebazpenaren 19.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Jarduerarako Araudia onartzeko den uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuak emandako eskumenekin bat etorriz, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpen bidez emango edo ukatuko ditu eskatutako laguntzak.

Horiek horrela, balorazio-batzordearen proposamena ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dirulaguntza ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako eskabideei ematea. Onuradunak eta laguntzen zenbatekoak ere I. eranskinean azaltzen dira.

Bigarrena.– Dirulaguntza ukatzea ebazpen honen II. eranskinean zehaztutako eskabideei.

Hirugarrena.– Laguntzen ordainketa Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2023ko uztailaren 14ko Ebazpenaren arabera egingo da (ebazpen horren bidez, laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia egin zen); hau da:

– SAF€RAren esparruan garatutako ikerketa-proiektuak:

Laguntza onartzeko izapideak bete ostean, dirulaguntzaren zati bat aurreratu bat egingo da, ikerketa-proiektua burutzeko jarduerak egiten hasteko beharrezko den finantzaketa gisa. Zehazki, emandako laguntzaren zenbateko osoaren % 25 ordainduko da, eta 2023ko ekitaldian gauzatuko da.

2024an, emandako laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50 ordainduko da.

Ikerketa-proiektua egindakoan, laguntzaren azkeneko % 25a ordainduko da, 2025eko ekitaldian.

Ikerketa-proiektua hasi eta urtebete igaro ondoren, eta bigarren ordainketa egin baino lehen, erakunde onuradunek jarraipen-memoria bat eta ordura arte egindako gastuak jasotzen dituen memoria ekonomiko bat aurkeztu beharko dituzte –puntu honetan adierazitako ebazpenaren III. eta IV. eranskinetako ereduak erabiliz hurrenez hurren–, bai eta egindako gastuen fakturak eta egiaztagiriak ere.

– Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan garatutako ikerketa-proiektuak:

Laguntza onartzeko izapideak bete ostean, dirulaguntzaren zati bat aurreratu bat egingo da, ikerketa-proiektua burutzeko jarduerak egiten hasteko beharrezko den finantzaketa gisa. Zehazki, emandako laguntzaren zenbateko osoaren % 50eko ordainduko da, eta 2023ko ekitaldian gauzatuko da.

2024an, emandako laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 25 ordainduko da.

Ikerketa-proiektua egindakoan, laguntzaren azkeneko % 25a ordainduko da, 2025eko ekitaldian.

Ikerketa-proiektua hasi eta urtebete igaro ondoren, eta bigarren ordainketa egin baino lehen, erakunde onuradunek jarraipen-memoria bat eta ordura arte egindako gastuak jasotzen dituen memoria ekonomiko bat aurkeztu beharko dituzte –puntu honetan adierazitako ebazpenaren III. eta IV. eranskinetako ereduak erabiliz hurrenez hurren–, bai eta egindako gastuen fakturak eta egiaztagiriak ere.

Laugarrena.– Ebazpen hau interesatuta dauden pertsona eta erakundeei jakinaraztea, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Bosgarrena.– Ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, hortaz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean hasiko da epea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Barakaldo, 2023ko abenduaren 12a.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

I. ERANSKINA.

1.– SAF€RAren esparruko proiektuen balorazioa:

Balorazio-batzordeak erabaki du, SAF€RAko balorazio-batzordeak ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, beheko proiektuei dirulaguntza eman dakien onartzearen alde agertzea. Laguntzak hurrenkera honetan emango dira:

1) Aplikazio energetikoetan erabiltzen diren 2D material aurreratuen bizi-ziklo seguruagoa (Safe2energy).

– Enpresa: GAIKER fundazioa (IFK: G48870380).

– Ikertzaile nagusia: Isabel Rodríguez Llopis.

– Gaiker fundazioari (IFK: G48870380), ebazpena sinatzen denean, honela ordainduko zaio: laguntza onartu ostean, 2023an, 25.000 euro; ebazpena sinatu eta urtebetera 50.000 euro, eta bigarren urtera 25.000 euro.

2) Safe – and sustainability-by-design – approaches for energy storage systems in Green and circular economy (SuESS).

– Enpresa: BBD BioPhenix SL (IFK: B75082669).

– Ikertzaile nagusia: Andrea Weiner.

– BBD BioPhenix SLU enpresari (IFK: B75082669), ebazpena sinatzen denean, honela ordainduko zaio: laguntza onartu ostean, 2023an, 12.500 euro; ebazpena sinatu eta urtebetera 25.000 euro, eta bigarren urtera 12.500 euro.

Oharra: Osalanen aurkeztutako eskabidearen aurrekontuko datuen arabera eskatutako laguntza 63.000 eurokoa bada ere bi urteetarako, SAF€RAko Batzordean aurkeztu zen jatorrizko proiektuan zehazten zen Osalanek emandako laguntzak 50.000 eurokoa izango zela guztira (proiektuaren 1. eta 18. orrialdeak). Dirulaguntza hori emango zaio proiektuari: 25.000 euro urtean.

3) Segurtasunaren erronkak kudeaketa algoritmikoan eta lan duina egiteko irtenbideak Lan Plataforma Digitaletan.

– Enpresa: PESI Plataforma Española de Seguridad Industrial (IFK: G01453455).

– Ikertzaile nagusia: José Javier Larrañeta Ibáñez.

– PESI Plataforma Española de Seguridad Industrial plataformari (IFK: G01453455), ebazpena sinatzen denean, honela ordainduko zaio: laguntza onartu ostean, 2023an, 12.500 euro; ebazpena sinatu eta urtebetera 25.000 euro, eta bigarren urtera 12.500 euro.

Oharra: Osalanen aurkeztutako eskabidearen aurrekontuko datuen arabera eskatutako laguntza 57.120 eurokoa bada ere bi urteetarako, 2023ko apirilaren 28an Eric Marsden-ek, SAF€RAren deialdiko Idazkaritzako kideak, Wilms jaunari/andreari eta Vanderbeek jaunari/andreari mezu elektroniko baten bidez azaldu zien PESIk egin behar zuen proiektuaren zatirako Osalanek emandako laguntza gehienez ere 50.000 eurokoa izango zela bi urteetarako. Dirulaguntza hori emango zaio proiektuari: 25.000 euro urtean.

2.– Laneko Segurtasun eta Osasunari lotutako proiektuen balorazioa.

Balorazio-batzordea bildu zen eta honako proiektu hauei dirulaguntza ematea onartu zuen:

1) Prozesu onkologikoetatik bizirik atera diren pertsonak lanean hasteko zailtasunei buruzko azterlana, narriadura kognitiboan zentralizatua (langileentzako gidak, enpresentzako eta haien prebentzio-zerbitzuentzako balorazio-tresna).

– Enpresa: Osarten Kooperatiba Elkartea (IFK: F20757779).

– Ikertzaile nagusia: Cristina Iruretagoyena Pérez.

– Osarten Kooperatiba Elkarteari (IFK: F20757779), ebazpena sinatzen denean, honela ordainduko zaio: laguntza onartu ostean, 2023an, 25.000 euro; urtebetera 12.500 euro, eta bigarren urtera, 12.500 euro.

– Balorazioa: Irizpide teknikoa: 42,5 puntuak, guztira: 67,5.

2) Ergonomia 5.0. Segurtasun jasangarria eta prebentiboa.

– Enpresa: Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU (IFK: Q4818001B).

– Ikertzaile nagusia: Izaskun Álvarez Meaza.

– Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHUri (IFK: Q4818001B) ebazpena sinatzen denean ordainduko zaio: laguntza onartu ostean, 2023an, 25.000 euro; ebazpena sinatu eta urtebetera, 12.500 euro, eta bigarren urtera, 12.500 euro.

– Balorazioa: Irizpide teknikoa: 42 puntuak, guztira: 65.

Balorazio positiboa izan duten proiektu horiek txosten osagarri bat jaso ahal izango dute, deialdiaren ebazpenean jasotako alderdi batzuk betetzen direla bermatzeko.

II. ERANSKINA.

Balorazio-batzordea bildu ondoren, dirulaguntza emateko aipatzen den proiektua ez baloratzea erabaki du:

Industria-erakundeen eraldaketa digitalean segurtasuna eta prebentzioa ezartzeko erreferentzia-esparrua eta tresnak, genero-ikuspegia kontuan hartuta.

– Enpresa: PESI Plataforma Española de Seguridad Industrial (IFK: G01453455).

– Ikertzaile nagusia: José Javier Larrañeta Ibáñez.

– Balorazioa: Ez da baloratu, ikerketa-proiektu baten egiturarik ez duelako eta deialdia egin duen ebazpenaren I. eranskinean jasotako gaiekin bat ez datorrelako.


Azterketa dokumentala