Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2023ko abenduaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
5757

87/2023 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren lehendakariarena, epaitegi honetako langileen lanpostuen zerrenda aldatzea onartzen duen erakundeko Osoko Bilkuraren erabakia argitaratzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek beren barne-egiturak arrazionalizatzeko eta antolatzeko, langile-premiak zehazteko, lanpostuetan jarduteko baldintzak zehazteko eta lanpostu bakoitza sailkatzeko erabiltzen dituzten tresnak dira lanpostuen zerrendak, eraginkortasun, efizientzia eta antolamendu-arrazionaltasunaren irizpideen arabera, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluak xedatzen duen moduan.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren azken lanpostuen zerrenda 2005eko irailaren 9an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), eta hainbat aldaketa egin zaizkio orduz geroztik. Azkena 2022ko maiatzaren 20ko EHAAn argitaratu zen (97. zenbakia).

Une honetan, lan-kargak aztertzeko eta plantilla berritzeko prozesuen ondorioz, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, beharrezkoa da HKEEko lanpostuen zerrenda berriz ere aldatzea, 2023ko aurrekontu-plantillan diruz hornitutako bi plaza gehitzeko eta plantillan jada amortizatuta dagoen beste plaza bat kentzeko.

Horrela, lanpostuen zerrenda aurrekontuko-dotazioetara egokitzen da, 2023ko ekitaldiari dagokion HKEEren ohiko lan-eskaintza publikoa onartu ahal izateko.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluaren 6. puntuak aurreikusten duen moduan, HKEEri aplikatu beharrekoa, 11/2022 Legeak berak ezartzen duen ordezkagarritasunaren arabera, lanpostuen zerrendaren bidez sortu eta amortizatu behar dira lanpostuak.

Hona hemen orain planteatzen diren aldaketen eduki xehakatua:

1.– Kudeaketa eta izapidetze elektronikoaren ondorioz, lanpostuen zerrendatik menpeko ordenantzaren lanpostua kendu da, horren dotazioak aurrekontu-plantillan ezabatuta baitzeuden 2022az geroztik.

2.– Bestalde, HKEEko plantilla berritzearen ondorioz etorkizunean egon daitezkeen beharrizanak aurreikusita, HKEEren 2023rako aurrekontuan, Administrazio Orokorreko teknikari batentzat (A Taldea, balizko A1 edo A2 azpitaldeak) dotazio bat duen lanpostu bat gehitu da, behin-behineko 24 lanpostu-mailako osagarriarekin, lanpostuaren behin-behineko monografian deskribatu diren behin-behineko zereginen arabera.

Honenbestez, lanpostu hori lanpostuen zerrendan sartzea proposatzen da, honako deskribapen honekin:

Administrazio orokorreko teknikaria, A, A1/A2 taldea, derrigorrezko 3. hizkuntza eskakizuna, iraungi gabeko derrigortasun-data, zuzenbidean, lan-harremanetan, ekonomian, enpresan edo antzekoetan graduaren edo lizentziaturaren unibertsitateko titulua duena.

Behin-behineko 24 lanpostu-mailako osagarria.

Esperientzia-baldintzak, 2 urte antzeko zereginetan.

3.– Azkenik, etorkizuneko erretiroak aurreikusita, jada 2022ko ekitaldian informatikako teknikariaren beste dotazio bat gaitu zen aurrekontuan, 26 lanpostu-mailako osagarrikoa; dotazio hori une honetan lanpostuen zerrendan sartu behar da, dagokion lan-eskaintza onartzeko, derrigorrezko 3. hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data iraungi gabea izanda.

Aldaketa honek funtzionarioaren izaerako lanpostuak eragiten ditu eta, honenbestez, Langileen Batzordeari nahitaezko jakinarazpena helarazi zaio.

Aldaketa puntual honek ez du eragotziko 2024ko ekitaldian lanpostuen beharrezko eguneratze betea onartzea, lanpostuen zerrenda berri bat moldatuta.

HKEEri aplikatu beharreko Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututakoaren arabera, eta 11/22 Legeak berak ezartzen duen osagarritasunaren arabera, hizkuntza-politikari dagokion nahitaezko txostena eskatu da.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 1/88 Legearen III. tituluko II. kapituluan eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Barne Araubideari buruzko Erregelamenduaren (HKEEren Osoko Bilkurak onartu zuen 2022-10-27an –2020-12-28ko EHAA, 247. zk.–) 5.5 artikuluko i) letran ezarritakoaren arabera, Osoko Bilkurak du aldaketa onartzeko eskumena, eta, erabaki ondoren, HKEEren Lehendakaritzak EHAAra bidali behar du, argitaratu eta ondorioak eragin ditzan.

Horregatik guztiagatik, Osoko Bilkurak onartzen du:

Lehenengoa.– Lanpostu zerrendaren aldaketa onartzea, zeina erabaki honen eranskinean jaso baita.

Bigarrena.– Lanpostu-zerrendaren aldaketa EHAAn argitaratzeko agintzea. Lanpostuen zerrenda aldatzeak eragingo dituen ondorioak zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 18a.

HKEEren lehendakaria,

ANA HELGUERA LÍBANO.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala