Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2023ko abenduaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5685

ERABAKIA, 2023ko abenduaren 14koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Teknikariak eta Kudeaketa eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen 2023ko enplegu publikoaren eskaintza onartzeko dena.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52. artikuluak aurreikusten duenez, administrazio publiko bakoitzean dauden langileekin bete ezin diren eta aurrekontu-izendapena duten giza baliabideen beharrizanak enplegu publikoaren eskaintzaren xede izango dira. Era berean, ezartzen du bertan adieraziko direla bete beharreko lanpostu hutsak, bai karrerako funtzionarioenak, bai lan-kontratudun langile finkoenak.

Bestalde, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen indarreko estatutuetako 59. artikuluak eta hurrengoek aurreikuspen bat ezartzen dute, Unibertsitateak, bere autonomia erabiliz, bere teknikariak eta kudeaketa eta administrazio- eta zerbitzuetako funtzionarioak edo lan-kontratudun langileak hautatzeko, bere lan-eskaintza publikoaren arabera.

UPV/EHUk enplegu garbia sortzeko bideari ekin dio azken urteotan, enplegu publikoa berreskuratu ahal izateko, plaza-kopuru handia duten enplegu publikoko eskaintzak onartuz.

Bide horretatik jarraituz, enplegu publikoaren eskaintza tresna baliotsua da Administrazioan talentu berria sartzen laguntzeko; izan ere, deitu beharreko plaza-kopurua eta beharrezko hizkuntza-eskakizunak ezartzeaz gain, horren ondoriozko hautaketa-prozesuen garapena eta eguneratzea bideratzeko balio du.

Hauek dira 2023rako lan-eskaintza publikoaren printzipio orientatzaileak:

– Lehenik eta behin, beharraren printzipioari erantzuten dio, birjarri behar diren plazak sartzeko helburuarekin.

– Oinarrizko helburu bati ere erantzuten dio: gardentasuna eta funtzio horretan sartzeko aukerei buruzko publizitatea herritarrei kudeaketa eta hedapenerako tresna gisa eratzen da.

Ildo horretan, enplegu publikoaren eskaintzak ziurtasuna eta gardentasuna ematen du etorkizuneko hautaketa-prozesuei begira, eta, horrela, herritarrek jakin dezakete, deitu beharreko plazak ez ezik, zein jarduera-arlotan dauden eta prozesuak garatzeko oinarrizko arauak zein diren.

Bestalde, enplegu publikoaren eskaintza urte bakoitzeko Estatuko aurrekontu orokorren legeari lotuta dago. Ildo horretan, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legeak finkatu egiten du 2023rako langileen birjarpen-tasa, eta % 120ra iristen da.

2023 birjarpen-tasari dagokion enplegu publikoaren eskaintza honen ondorioz argitaratzen diren deialdien bidez, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legearen laugarren xedapen iragankorrean jasotako aurreikuspenak bultzatuko dira, eta UPV/EHUn emandako zerbitzuengatiko lehiaketa-fasean oposizio-faseko puntuen % 45era arteko puntuazioa lortzeko aukera ezarriko da, bai eta zerbitzuak eskaintzeari eutsiko zaiola bermatzeko aukera ere, bertan xedatutakoaren arabera, eta bermerik handienekin garatuko dela ziurtatuko da. Horrek aukera emango du aldi baterako edo bitarteko lotura duten langileen egungo ehunekoa murrizten jarraitzeko, plantillen eta langileen egituren plangintza eta erregularizazio egokian aurrera egiteko, bai eta ohiko kudeaketa-prozesuak normalizatzeko ere.

Eskainitako plazen banaketa honako hau da:

– 19 lanpostu huts funtzionarioentzat; horietatik 2 barne-sustapenerako eskaintzen dira.

– 25 lanpostu huts lan-kontratudun langileentzat.

Desgaitasunen bat duten pertsonentzat beharrezkoa den plaza-erreserba ere aurreikusten da, baina horien ehunekoa dagozkien deialdietan zehaztu beharko da.

Era berean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Testu Bateginaren 14. artikuluan aitortutako funtzionario publikoen barne-sustapenerako eskubidea bermatze aldera, barne-sustapeneko prozesuen bidez deitu beharko diren plazak sartzen dira.

Aparteko kontsiderazioa egin behar zaie lan-kontratuko langileei, indarrean dagoen Hitzarmen Kolektiboak berak 15. artikuluaren 6. puntuan, lanpostu hutsak betetzeari buruzkoan, honako hau xedatzen baitu: «hurrengo artikuluan aurreikusitako lanpostu-igoera baino lehenagoko eta ondorengo lan-eskaintza publikoaren aurreko lanpostu hutsak betetzeko lehen lehiaketa orokorra amaitu ondoren, lan-kontratuko langile finkoen artean beharrezkoak diren prozedura guztiak gaituko dira, betiere bermatuz, gutxienez, lanpostu huts bakoitzeko deialdi bat egongo dela eskaintza egin aurretik beste edozein prozesutan».

Bestalde, 16. artikuluko 6. puntuak, lanbide-sustapenari buruzkoak, honako hau ezartzen du: «lehen sustapen-prozesua amaitu ondoren, aurreko artikuluko prozesuak gauzatuta, lan-kontratudun finkoen artean beharrezkoak diren prozedura guztiak gaituko dira, betiere bermatuz, gutxienez, lanpostu huts bakoitzeko deialdi bat egongo dela lan-eskaintza publikoan sartu aurretik».

Beraz, indarrean dagoen Hitzarmen Kolektiboak ezartzen du aldez aurretik lanpostuak betetzeko eta lanpostuz igotzeko prozesu bat egin behar dela prozedura horien bidez gutxienez behin deitu ez diren lanpostu hutsen kasuan.

Azkenik, aipatu behar da eskaintza honek Eusko Jaurlaritzaren aldeko iritzia duela.

Ondorioz, Funtzio Publikoa Erreformatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 18. artikuluan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 70. artikuluan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52. artikuluan eta UPV/EHUren indarreko Estatutuen 59. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Gerentziaren proposamenez eta 2023ko azaroaren 24ko eta 2023ko abenduaren 1eko Negoziazio Batzordeen bileretan sindikatuei entzun ondoren, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– 2023rako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartzea, I. eta II. eranskinetan jasotako baldintzetan.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Leioa, 2023ko abenduaren 14a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

I. ERANSKINA

Lehenengoa.– 2023ko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartzea.

Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 70. artikuluan, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52. artikuluan eta 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 31/2022 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Herriko Unibertsitateko teknikariak eta kudeaketa eta administrazio- eta zerbitzuetako langileen 2023ko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartzen da, akordio honetan ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Bigarrena.– Lan-eskaintza publikoaren kuantifikazioa.

Enplegu Publikoaren Eskaintzan sartzen dira Erabaki honen II. eranskinean zerrendatzen diren eta aurrekontuetan diruz hornituta dauden lanpostu hutsak.

Deialdien oinarriak TEKAZELen Negoziazio Mahaian negoziatuko dira, eta Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Hirugarrena.– Hautaketa-prozesuetan aplikatzeko irizpide orokorrak.

Enplegu Publikoaren Eskaintza honetatik eratorritako hautaketa-prozesuak UPV/EHUren beharretara hobekien egokitzen diren lanbide-profilak dituzten hautagaiak ebaluatu eta hautatzera bideratu beharko dira. Horrela, langileak hautatzeko prozesuetan nagusi diren berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak erabat errespetatuz, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legearen Laugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoaren arabera lehiaketa-oposizio bidez egituratutako deialdiek honako irizpide orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Hautaketa-probek eta -programek bete beharreko lanpostuei lotutako trebetasunak eta gaitasunak hautatu eta ebaluatzera bideratuta egon beharko dute.

b) Lehiaketa-faseko baremoan, bitarteko edo aldi baterako eginkizun parekagarriak bete dituzten hautagaiek egiaztatutako esperientziaren lehentasunezko balorazioa jaso beharko da.

c) Hautaketa-batzordeen edo hautaketa-probetarako epaimahaien osaera gizonen eta emakumeen arteko parekotasun-irizpideari eta inpartzialtasun- eta profesionaltasun-printzipioei egokituko zaie.

d) Hautaketa-batzordeen edo hautaketa-probetarako epaimahaien osaeran, desgaitasunen bat duten pertsonek minusbaliatuen txanda duten probetan parte hartzea sustatuko da.

e) Langileen Gerenteordetzaren web-orrian hautaketa-prozesuei buruzko helbide bat jarriko da, eta bertan jasoko dira deialdi bakoitza eta horietatik eratorritako ekitaldiak.

Oro har, eratorritako hautaketa-prozesuen deialdietako oinarriak, lan-eskaintza publiko horretatik, ekitaldietako notari eustea ezarri ahal izango dute, baldin eta dagokion ekitaldirako aurreikusitako gehieneko kalifikazioaren ehuneko 70 gainditzen badu. Neurri horren baliozkotasuna hurrengo deialdiari aplikatuko zaio, gai-zerrendaren edukia eta kalifikazio-modua antzekoak direnean.

Neurri hori deialdiaren oinarrietan agertu beharko da.

Laugarrena.– Desgaitasuna duten pertsonak.

1.– Deialdietan ez da bazterketarik ezarriko muga psikiko eta/edo fisikoengatik, dagozkion zeregin edo eginkizunak betetzearekin bateraezinak diren arren; nolanahi ere, dagokion deialdia argitaratzen den unean indarrean dagoen araudi aplikagarrira egokitu beharko da.

Horretarako, bai Administrazioak bai hautaketa-epaimahaiek organo tekniko eskudunen lankidetza-txostena eskatu ahal izango dute. Era berean, izangaiak deialdiaren xede diren lanpostuetan garatu ohi diren jarduerak egiteko duen gaitasunari buruzko txostena eskatu ahal izango diote administrazio-organo eskudunari.

2.– Eskaintza hau osatzen duten plaza guztietatik, eskaintza horretatik eratorritako hautaproben deialdietan, gutxienez ehuneko zazpiko kupoa gorde beharko da desgaitasunen bat duten pertsonen artean betetzeko. Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 4. artikuluaren 2. paragrafoan definitutakoak hartuko dira halakotzat. Gutxieneko ehuneko zazpia (7) erreserbatzeko, eskainitako plazen ehuneko bi (2) gutxienez desgaitasun intelektuala egiaztatzen duten pertsonek bete beharko dituzte, eta eskainitako gainerako plazak beste edozein desgaitasun egiaztatzen dutenek. Hori guztia Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 59. artikuluan xedatutakoa betez.

Desgaitasunen bat duten pertsonentzat gordetako plazak, hutsik geratzen badira, txanda irekiari gehitu ahal izango zaizkio.

3.– Hautaketa-prozesuetan, desgaitasunen bat duten pertsonentzat hala eskatzen badute, gainerako izangaiekiko baldintza-berdintasuna bermatzera bideratutako denboren eta bitartekoen egokitzapen posibleak ezarriko dira.

Bosgarrena.– Barne-sustapena.

Barne-sustapeneko prozesuak arautzen dituen legeriaren esparruan, funtzionarioentzako plazak deitzen dira.

Barne-sustapeneko hautaketa-prozesu horiek ohiko deialdi berriekin batera edo deialdi independente bidez deitu ahal izango dira.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoek zehaztuko dute zein taldek parte hartu ahal izango duen eta zein ezaugarri eta baldintza izango dituen.

Seigarrena.– Eskaintza gauzatzea.

Lan-eskaintza publiko honen xede diren lanpostuen deialdia dagokion aldizkari ofizialean argitaratu beharko da 2023ko abenduaren 31 baino lehen.

Hautaketa-prozesu horien ebazpena 2026ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko da.

Zazpigarrena.– EHAAn argitaratzea.

Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluaren eta Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52. artikuluaren arabera, deialdietan eskainitako plaza guztien ehuneko hamarrera arte gehitu ahal izango dira.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

II. ERANSKINA
2023KO ENPLEGU PUBLIKOAREN ESKAINTZA
(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala