Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2023ko abenduaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5672

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 29koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez dirulaguntzak arautzen baitira 2024ko ekitaldirako, asoziazionismoa sustatzeko eta bultzatzeko emakumeek parte har dezatela Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan.

Emakunde eratzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtsezko helburua da emakume eta gizonen berdintasun erreala eta eraginkorra lortzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen maila eta esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea, berdintasun hori, izatez eta zuzenbidez, bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea, eta emakumeen aurkako diskriminazio era guztiak desagerraraztea EAEn.

Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 27.3 artikuluak administrazio publikoei exijitzen die lagun diezaietela elkarte eta erakundeei jarduerak egiten gizarte berdintzaile eta indarkeria matxistarik gabea lortzeko, non pertsona guztiak libreak izango baitira hala eremu pribatuan nola publikoan, nork bere gaitasun pertsonalak garatzeko eta erabakiak hartzeko generoaren araberako rol tradizionalak ezarritako mugarik gabe; non berdin kontuan hartu, baloratu eta sustatuko baitira emakume eta gizonen jokabide, asmo eta premiak, eta lankidetza publiko eta pribatuko bideak sustatuko baitira erakunde horiekin –hala nola emakume-etxeak–, emakumeak ahalduntzeko eta espazioak sortzeko emakumeen kontrako indarkeria matxista kasuak antzemateko eta biktimei laguntzeko.

Bestalde, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 16.1 artikuluak, zeina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen, aditzera ematen du Eusko Jaurlaritzak plan oroko bat onartuko duela, modu koordinatuan eta globalean jasoko duena zer partaidetza-ildok eta jarraibidek bideratu behar duten euskal botere publikoen jarduera emakume eta gizonen berdintasunaren arloan. Horrela, bada, Berdintasunerako indarrean den VII. Planak bost printzipio orientatzaile ditu: 1) paradigma feminista: teoria eta praktika modura, aukera ematen du azaltzeko eta ulertzeko nola eta zergatik gertatzen diren emakume eta gizonen arteko desberdintasunak eta diskriminazioak; 2) genero-ikuspegia: aukera ematen du desberdintasunak ikusarazteko; 3) intersekzionalitatea: ekiteko proposamen konplexuago eta integratzaileago bat dakar, non emakumeak, beren aniztasunetik, zeharkatzen baititu hizkuntzak, klaseak, etniak, jatorriak, sexu-orientazioak, aniztasun funtzionalak, eta abar; 4) emakumeen ahalduntzea: ezinbesteko baldintza da berdintasuna lortzeko, zeina helburua, tresna eta prozesu bat baita, eta 5) giza garapen jasangarria: gizakien premiak beste batzuk dira, zeren emakumeen premiak gehitzen dira, eta lehentasunezkotzat jotzen dira.

Horrenbestez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aurreikusten du 2024ko ekitaldian dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko emakume- elkarteei eta -federazioei, baldin eta haien xede eta jardun-eremu bakarra bada emakumeen eta gizonen berdintasun erreala sustatzea.

Bestetik, deialdi hau Emakunde-Emakumeko Euskal Erakundearen 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babespean egiten da. Plan hori 2023ko urriaren 11ko Ebazpen bidez onartu zen. Era berean, dirulaguntzetarako honako hauetan araututako araubideari lotuta dago: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, eta lege horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.

Kudeaketa bizkortzeko, deialdi hau bideratzeko, gastu-espedientearen izapide aurreratuak egiten dira; beraz, deialdia gauzatzeko, helburu honetarako kreditu egokia eta nahikoa egon behar du EAEko 2024ko Aurrekontu Orokorretan.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Kontuan izanik zer helburu deskribatu diren, 2024ko dirulaguntza-deialdia arautzen eta onartzen da, asoziazionismoa sustatzeko eta bultzatzeko emakumeek parte har dezatela Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan. Deialdian, publizitate-, konkurrentzia- eta objetibotasun-irizpideak aplikatu beharko dira, bat etorriz Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak 2023ko urriaren 11n emandako Ebazpenarekin, zeinaren bidez onartzen baita Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko 2024ko Dirulaguntza Plan Estrategikoa, ebazpen honen eranskin modura azaltzen dena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan prozedurari buruz aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 29a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.

ERANSKINA
DIRULAGUNTZA-DEIALDIA, 2024KO EKITALDIRAKO, ASOZIAZIONISMOA SUSTATZEKO ETA BULTZATZEKO EMAKUMEEK PARTE HAR DEZATELA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ESPARRU GUZTIETAN

1. artikulua.– Xedea eta denbora-eremua.

Ebazpen honen xedea da arautzea zer dirulaguntza emango dizkien Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak irabazi-asmorik gabeko emakume-elkarteei eta -federazioei, baldin eta haien xede eta jardun-eremu bakarra bada emakumeen eta gizonen berdintasun erreala sustatzea, proiektuak egin ditzaten 2024ko ekitaldian –urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean–, ondorengo artikuluetan adierazten diren baldintzetan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa laurehun mila (400.000) eurokoa izango da.

Dirulaguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako dirulaguntzak eska ditzakete bai Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen aplikazio-eremuko irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarteek eta federazioek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen aplikazio-eremuko fundazioek, baldin eta haien xede eta jardun-eremu bakarra bada emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea, eta betetzen badituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan xedatutako baldintzak; besteak beste, egunean badituzte tributu-betebeharrak itzultzeko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Elkarte, federazio eta fundazio horiek, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan garatu beharko dute beren jarduera, eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan eduki.

Egiaztatzeko ea emakumeek osatutako erakundeak diren, haien estatutuak aztertuko dira; zehazki, elkartera sartzeari buruzko artikulua, eta nola osatzen den zuzendaritza-batzordea; horretarako, Eusko Jaurlaritzako elkarteen erregistroaren ziurtagiria beharko da.

2.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hizkera ez-sexista erabili beharko da dirulaguntza eskatzen duten erakundeek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainerako testuetan. Era berean, genero-estereotipoak ez errepikatzea eta emakumeen eta gizonen berdintasuna aktiboki sustatzea egiten diren irudi, komunikazio, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.

3.– Emakumeen eta gizonen egoeran nolako inpaktua izan dezaketen jakiteko, erakunde onuradunei eskatuko zaie ezen, dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak betetzen dituztela justifikatzeko memorietan, sexuaren arabera banakatuta aurkez dezatela nor diren emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak, pertsona titularrak eta langileak, eta zer langile kontratatu dituen erakundeak, dirulaguntza eragin duen zerbitzua emateko. Betiere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3.d) artikuluak ezarritakoaren arabera.

4.– Dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko dira itzultze- edo zehatze-prozedura guztiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen esparruan hasi direnak eta oraindik izapidetzen ari direnak. Laguntza ordaintzeko, halaber, beharrezkoa izango da ordainduta izatea itzultze-betebehar guztiak.

5.– Aurkeztutako eskabide baten helburua bat ez badator dirulaguntzen lerro honekin, baina organo kudeatzaileak uste badu sar daitekeela administrazio-ebazpena eman aurreko fasean egon eta Emakundekoa den beste laguntza-lerro batean, organo horrek erabaki dezake eskabide hori beste laguntza-lerro batean sartzea, hots, bere helburura gehien gerturatzen den laguntza-lerroan. Eskabidea aurrena jaso duen lerroaren organo kudeatzaileak eskabide hori bidaliko dio azkenean hura hartuko duen lerroaren organo kudeatzaileari, eta horren berri emango zaio erakunde eskatzaileari, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Erakunde eskatzaileak epe horretan aurka egiten ez badu, ulertuko da lerro-aldaketa hori onartu duela.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– EAEn indarrean den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren esparruan, eta betiere ikuspegi feminista eta intersekzionala txertatuta, proiektuek honako hauek egitera bideratuak beharko dute:

a) Emakumeen eskubideak zabaltzea aniztasunetik, emakume-mugimenduaren historiatik eta pentsamendu feministatik.

b) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ikerketa eta dibulgazioa, eta emakumeen erreferenteak eta genealogiak sortzea.

c) Ikuspegi feminista duten prozesu parte-hartzaileak sustatzea, ahalduntze indibiduala, kolektiboa, soziala eta politikoa bultzatuko dutenak, horrela emakumeen presentzia, protagonismoa eta lidergoa finkatuz askotariko prozesu eta espazioetan.

d) Esperientziak, belaunaldien arteko itunak eta elkarte-mugimenduaren koordinazioa sustatzea eta trukatzea, sareko partaidetza-prozesuen bidez.

e) Prestakuntza eta sentsibilizazioa paradigma feministatik.

f) Gizonen erantzunkidetasuna eta kontziliazioa sustatzea etxeko lanetan eta arduretan eta familia- eta gizarte-zaintzan.

Dirulaguntzak jaso ahal izateko, trebetasunen ikaskuntzarako proiektuak (eskulangintza, elektrizitatea, sukaldaritza, arotzeria, etab.) beste jarduera batzuekin osatu beharko dira, hain zuzen ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko sentsibilizazio-, informazio- edo trebakuntza-jarduerekin, eta/edo genero-ikuspegia barne hartu beharko dute.

2.– Proiektuak ezin izango diruz lagundu, baldin eta:

a) Aisialdirako baino ez diren jarduerak biltzen badituzte.

b) Beste erakunde batzuei eskainiko zaizkien zerbitzu eta ekintzak finantzatzea badute xede.

c) Genero-ikuspegia barne hartzen ez badute.

4.– Gehienez ere, erakundeek bina proiektu edo programa aurkeztu ahal izango dituzte. Biak aurkeztuko dira eskabide bakar batean.

5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta diru-zenbatekoaren zehaztapena.

1.– Laguntzak esleitzeko, artikulu honen 5. paragrafoan aurreikusitako norgehiagoka-prozedura erabiliko da.

Horretarako, garaiz eta moldez aurkeztutako eskabideak aztertuta esleituko dira laguntzak, eta onartutako aurrekontuaren % 100 finantzatu ahal izango da, 10. artikuluan zehaztutako irizpideei jarraikiz. Erakunde eta proiektu bakoitzari 12.000 euro emango zaio gehienez ere, nahiz eta proiektu bakoitzaren guztizko zenbatekoa kopuru hori baino handiagoa izan.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako aurrekontua onartzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

Dirulaguntza kalkulatzeko, gehienez ere 12.000 euroko zenbatekoa hartuko da erreferentziatzat bi proiektuetarako, berdin dela proiektuaren guztizko kostua edo Emakunderi eskatutako zenbatekoa kopuru hori baino handiagoa den ala ez.

Soilik diruz lagun daitezke honako gastu hauek: aurrekontuaren exekuzioari ezinbestean loturik izanik, erakunde eskatzaileak aurkeztutako proiektuko aurrekontu zehaztu eta banakatuan jasotzen diren gastu arruntak, baldin eta hura garatzeari argiro lotuak badira. Justifikatzeko orduan, gastuok ezingo dute inola ere gainditu proiektuari guztira emandako % 12.

Hori dela eta, ez dira diruz lagundiko gastu hauek:

Erakunde eskatzailearen ohiko funtzionamendutik eratorritako gastuak (argi-kontsumoa, gasa, telefonoa, bulegoko material suntsikorra eta abar).

Material ez-suntsikorreko gastuek (ordenagailuak, argazki-kamerak, inprimagailuak, ziurtagiri digitalak ematea, eta abar).

Elikagaiak (otorduak, askariak, eta abar), salbu hizlari eta dinamizatzaileen dietak.

BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta erakunde eskatzaileak zerga hori deklaratu behar duenean.

Dieten eta joan-etorrien baremo-erreferentzia izango da Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoa (ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak aldatu zuen), betiere jardueren garapenarekin hertsiki lotuta badaude. Soilik onartuko dira prestatzaileen dietak eta joan-etorriak, edota proiektuko zerbitzu espezifikoren baterako kontratatu diren langileenak.

Soilik sartuko dira barruan langile-gastuak (soldatak eta Gizarte Segurantza), baldin eta haiek jasotzen dituzten pertsonak esklusiboki ari badira diruz lagundutako proiektuaren garapenean.

Profesionalek arlo horretan emango duten prestakuntza orduko 90 eurokoa izango da gai orokorretarako edo lehenago emandako edukietarako, eta orduko 150 eurokoa prestatu beharreko eduki espezifikoago edo teknikoagoetarako. Balorazio-batzordeak uste badu prestakuntza-orduen aurrekontua gehiegizkoa dela, aurrekontua egokitu egin beharko da deialdian definitutako zenbatekora Alderdi hori aurrekontuan egiaztatuko da.

3.– Baldin eta, artikulu honen eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera, diruz lagundu ezin diren gastuak agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, hautaketa-batzordeak ez ditu zenbatuko gastu diruz lagungarrien aurrekontua zehazteko orduan; izan ere, ebazpen-proposamenean, aurrekontu hori hartuko da aintzat dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.

4.– Dirulaguntzaren zenbatekoa baremo hauen arabera kalkulatuko da:

Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aintzat hartuko da, balorazio-irizpideak aplikatuta, balorazio-fasean bakoitzak lortu duen puntuazioa. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta ehuneko hori aurkeztutako aurrekontuaren gainean aplikatuko da.

5.– Laguntzak emateko, honela jardungo da:

a) Proiektu batek, diruz lagungarri izateko, 31 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

b) Lehenik, 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, eta deialdirako emandako guztizko dotazioaren hainbanaketa egingo da, baldin eta dotazio hori ez bada nahikoa aurrez kalkulatutako zenbatekoen arabera dirulaguntzak ordaintzeko.

c) Baldin eta deialdirako emandako guztizko dotazioa agortzen ez bada 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei laguntzak eman ondoren, gainerako saldoa erabiliko da laguntzak esleitzeko 31 eta 70 puntu bitartean lortu dituzten proiektuei. Kasu horretan, a) idatzi-zatian aurreikusitako modu berean jardungo da.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hasiko da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta 2024ko otsailaren 2an amaituko da, egun hori barne.

2.– Erakundeko, eskabide bakar bat aurkeztu ahal izango da, gehienez ere bi proiektu bilduko dituena. Bi proiektu baino gehiago aurkezte badira, erakundeari eskatu ahal izango zaio erabaki dezan zer proiektu baztertzen edo mantentzen duen.

3.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala eta oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denez. Hortaz, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0092710

4.– Ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira izapideak elektronikoki; horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko, hau erabili behar da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6.– Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematiko bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein egiaztagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Esteka honen bidez kontsultatu ahal izango da zer ziurtagiri elektroniko onartzen diren: https://www.euskadi.eus/informazioa/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu

7.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, nahi duten hizkuntzan. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Eskabideak, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabideekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

1.1.– Proiektua, I. eranskinaren arabera (2024ko abenduaren 31ra arte egin beharreko jarduerekin). Gehienez ere, 10 orrialde proiektuko.

Proiektuan, aurrekontua sartu beharko da, eta gastuak banan-banan jasoko dira kontzeptuko: prestakuntza-orduak, dinamizazio-orduak, joan-etorrietako gastuak edo dieta, eta abar. Bestela, dokumentu horretako zenbatekoa egokitu egin beharko da ezarritako mugara.

1.2.– Elkartea edo fundazioa Eusko Jaurlaritzako Erregistro Ofizialeko inskripzioa eta zuzendaritza-batzordeko osaeraren ziurtagiri eguneratua, baldin eta aurretik aurkeztu ez bada edo aldaketak izan badira. Inskripzioa eta ziurtagiria ofizioz egiaztatuko dira.

1.3.– Erakundearen estatutu eguneratuen kopia, baldin eta aurretik aurkeztu ez badira edo aldaketak izan badituzte.

1.4.– Erakundearen identifikazio fiskaleko txartelaren kopia, lehenagoko dirulaguntzetan dokumentu horiek aurkeztu ez dituztenentzat, edo dokumentuetan aldaketak izan direnerako.

1.5.– «Datuen alta/Hirugarren interesduna», baldin eta aurretik aurkeztu ez bada edo aldaketak izan baditu. Inprimaki hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

1.6.– Dokumentazioa, egiaztatzen duena programa garatu behar duenak prestakuntza eta/edo esperientzia duela emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean, 10.1 artikuluan jasotako irizpideak egoki baloratzeko.

1.7.– 10. artikuluan aurreikusitako esleipen-irizpideak egiaztatzeko aukera ematen duen beste dokumentu oro, baremazioa egiteko.

2.– Edozein Administraziotan dauden dokumentuak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko da noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuok, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Ondoren zehazten diren eskakizunak betetzen dituela frogatzeko, erakunde eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango du, eskabidean bertan ageri den ereduaren arabera:

– Erakunde eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo erakunde pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari da, eta/edo halakorik eskatu du, eta onartu zaio edo ebazteko zain dago.

– Erakunde eskatzaileak ez du dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erakundea ez dago martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.2 artikuluan jasotzen den inongo egoeratan; izan ere, artikulu horrek xedatzen du pertsona fisikoak eta juridikoak ezingo direla laguntza edo dirulaguntza publikoen onuradun izan, baldin eta administratiboki edo penalki zehatuak izan badira sexuagatik diskriminatzeagatik edo ez betetzeagatik emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko araudia, zehapenak ezarritako aldian zehar. Era berean, xedatzen du enpresek ere ezingo dutela laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso, baldin eta berdintasun-plana indarrean eduki behar badute, baina ez badute; 50 langile baino gehiagoko langileko enpresek ere ezingo dute laguntza edo dirulaguntza publikorik jaso, baldin eta ez badute egiaztatzen neurriak ezarri dituztela hala aurre egiteko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari eta sexu-indarkeriari nola jarrera horiek eragozteko; betiere, estatuko legeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

– Erakunde eskatzailea ez dago itzulketa-edo zehapen-prozedura baten pean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez.

– Erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabidean eta agirietan jasotako datuak, eta betetzen ditu indarrean den deialdian laguntza hauen onuradun izateko ezarritako eskakizunak.

4.– organo kudeatzaileak automatikoki eta behar bezain beste aldiz egiaztatuko du ea laguntzen erakunde eskatzaileek betetzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Horretarako, ez da beharrezkoa izango erakundeek hori onartzea, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluak xedatzen duenarekin. Kasu horretan, eskatzaileak ez du ziurtagiririk aurkeztu beharko, salbu espresuki ukatzen badu onarpena.

5.– Administrazioak edozein unetan eskatuko die eskatzaileei informazioa eta dokumentu osagarriak aurkezteko, beharrezkoak jotzen baditu proiektua baloratzeko; era berean, dokumentu originalak eskatu ahal izango dizkie, egiaztatzeko haien autentikotasuna.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7. artikuluan eskatutako dokumenturen bat falta bada, falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio Emakundek interesdunari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egin ezean, eskabidea ezetsiko dela; ezesteko, ebazpena emango da aurretiaz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea.

1.– Hautaketa- eta jarraipen-batzorde bat osatuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko eta emandako dirulaguntzen jarraipena egiteko. egiaztatuko du ea betetzen diren deialdi honetan ezarritako baldintzak; ondoren, esleipen-proposamen arrazoitua aurkeztuko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, laguntzak emateko ebazpena eman dezan. Gero, justifikazioari dagokion jarraipena egingo du.

2.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeko kideak:

a) Lehendakaria: Miren Josune Irabien Marigorta andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.

Ordezkoa: Miren Elgarresta Larrabide andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

b) Batzordekideak:

Sonia Gonzalez andrea, Programa eta Prestakuntza arloko arduraduna.

Ordezkoa: Mari Jose Etxegoien Arzuaga andrea, Herritarren Berdintasunerako eskubideak Defendatzeko arloko arduraduna.

Begoña Calvo Vicandi andrea, Aholkularitza Juridikoaren arloko arduraduna.

Ordezkoa: Unay Casado Lataburu jauna, Aholkularitza Juridikoaren arloko teknikaria.

Maria Montserrat Parra Jorna andrea, Programa eta Prestakuntza arloko arduraduna.

Ordezkoa: Haizea Miranda Martinez de Lapera andrea, Programa eta Prestakuntza arloko teknikaria.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arloko arduraduna edo, hala badagokio, haren ordezkoa.

10. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

a) Programaren kalitate teknikoa. 50 puntu, gehienez.

Proiektua formulatzea: VII. Planarekin identifikatzea, proiektuaren deskripzioa eta justifikazioa, xedeak formulatzea, publiko hartzailea... 20 puntu.

Metodologia parte-hartzailea. 5 puntu.

Ebaluazio-sistema. 5 puntu.

– Genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzea. 10 puntu.

– Proiektuaren originaltasuna eta kreatibitatea. 5 puntu.

– Proiektuaren bideragarritasuna (aurrekontua eta kronograma). 5 puntu.

b) Proiektuaren neurri espezifikoak. 40 puntu, gehienez.

– Proiektua estrategia eta prozesu zabalago baten parte da, eta/edo hura sendotzen du. 5 puntu.

– Zabaltzeko sistema. 5 puntu, gehienez.

– Eragin soziala eta gaitasun biderkatzailea. 5 puntu.

– Toki-komunitatearen inplikazioa. Beste erakunde edota administrazio batzuekin lankidetzan aritzea. Soilik baloratuko da lankidetzan aritzea diruz lagundutako proiektua, eta justifikatu beharko da; horretarako, proiektuan lankidetzan diharduen erakundearen egiaztagiria aurkeztu beharko da. 5 puntu.

– Zer neurri aurreikusten diren proiektuan kontuan hartzeko aniztasuna eta/edo diskriminazio mota oro. 5 puntu, gehienez.

– Familia, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko baliabideak, neurriak edo zerbitzuak jartzen dira. 5 puntu, gehienez.

– Erantzukizun partekatua sustatzen du, eta zaintza-lanak goresten. 5 puntu.

– Lehentasuna ematen dio euskara erabiltzeari jardueraren publizitatean edo garapenean. 5 puntu, gehienez.

c) Erakundearen ibilbidea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. 10 puntu.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gainfinantzatzen ez bada. Gainfinantzatuz gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

2.– Aurrekontuan sartu beharko da ea dirulaguntzarik eskatu zaion beste erakunde publiko edo pribatu bati, nahiz eta artean ez ezagutu horren ebazpenik.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari dagokio prozedura hori ebaztea, hautaketa- eta jarraipen-batzordearen proposamenaren arabera. Interesdunek azaldutako arazo guztiak erabakiko dira bertan.

2.– Ebazpen horretan, eskatutako dirulaguntza ematen den ala ez zehaztuko da. Ematen bada, erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako jardun-proiektua zehaztuko dira. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzeko arrazoiak ere jasoko dira.

3.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emango da argitara, eta bertan argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Halaber, egoitza elektronikoaren bidez, banan-banan jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publikotasun-ondorioak izan ditzan. https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

4.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzarako eskaera ezetsi dela esan nahiko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 14. artikuluetan xedatutakoarekin, honako betebehar hauek izango dituzte ebazpen honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi –hau da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu– eta hamar eguneko epean erakunde onuradunek dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egin ezean, esan nahiko du dirulaguntza onartu dutela.

b) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari jakinaraztea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana.

c) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia bidaltzea, baldin eta aurreragoko dirulaguntzetan aurkeztu ez bada edo aldaketak izan baditu. Eranskin hori eskuratzeko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

d) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea, non eta ez den aplikatzen 15. artikuluan ezarritakoa, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek une oro egiaztatu ahal izatea onartu beharko dute.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

f) Diruz lagundutako jardueretan bariazio edo aldaketaren bat izan bada edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk lortu badira, idatziz jakinaraztea, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.

g) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten egiaztagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

h) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka agerraraztea, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke marka. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik sortzen den agirian. Jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan adierazi behar da elkarte, federazio edo fundazioa dela jarduera horren edukiak bere gain hartzen dituena.

i) EAEko bi hizkuntza ofizialetan egin beharko dute diruz lagundutako proiektuaren eta jardueren publizitatea, hala xedatuta baitago Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2023 Legearen 81. artikuluan.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Dirulaguntza zatika ordainduko da: % 75, 2024ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura ordainduko da, ez bazaio uko egin 13.a) artikuluan aipatutako epean, eta gainerako % 25a, 2025eko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatzen duenean diruz lagundutako jardueretan sortutako gastu guztiak justifikatu direla; bigarren zatia ordaintzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira 2025eko martxoaren 1era arteko epean (egun hori barne):

– Proiektu bakoitzeko jasotako funts publikoen erabilera justifikatzeko memoria teknikoa, II. eranskinaren arabera.

– Emakundek eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuek diruz lagundutako jardueren gastu eta sarrera guztien memoria ekonomikoa, II. eranskinaren ereduaren arabera, kontuan izanik diruz lagundu daitezkeen gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan jasotako eskakizunak bete beharko dituztela.

– Faktura edo ordainagiri originalak, egiaztatzen dutenak benetan gauzatu dela Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak diruz lagundutako gastua. Fakturetako edo agirietako gastuaren data 2024ko abenduaren 31 izango da, gehien jota. Prestatzaileen fakturek bananduta azaldu beharko dituzte dietak eta joan-etorriak.

– Egiaztatu beharko da fakturak ordaindu direla. Ordainagirien muga-eguna proiektuaren exekuzio-aldiaren ostekoa izan daiteke, baldin eta data hori hitzemanda badago justifikazio-epearen barruan.

– PFEZaren ordainagiriak, halakorik badago. Soldatapeko langile-gastuen eta profesionalek emandako fakturen kasuan, T10 edo 190 eredua erantsi beharko zaio ordainagiriari.

– Egiaztagiria, dagokion foru ogasunak egina, egiaztatzen duena erakunde eskatzailea BEZaz salbuetsita dagoela.

– Diruz lagundutako jardueratik ondorioztatzen de produktu digitala edo inprimatua, halakorik badago.

– Soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak justifikatzeko egiaztagiriak, baldin eta hartzaileak soil-soilik ari badira diruz lagundutako proiektua garatzen.

– Egiaztagiriak, segurtatzen dutenak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean, eta elkarteek, federazioek edo fundazioek bere egin dituztela haien edukiak.

2.– Justifikatutako gastuak izango dira proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzari dagozkionak.

3.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko dokumentu bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Aldaketarik izanez gero, aldatu ahal izango da dirulaguntzak emateko ebazpena; dena den, beharrezkoa izango da onuradun izateko gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzea. Era berean, ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturen laguntzarik edo dirulaguntzarik lortzen bada aldin berean.

2.– Jardueraren garapena aldatu eta zailtzen duen gorabeherarik badago, erakunde onuradunek, salbuespen gisa, eskatu ahal izango dute diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko, eta jarduera gauzatzeko eta dagozkion gastuak justifikatzeko modua eta epeak aldatzeko. Aldaketa horiek baimendu egin ahal izango dira, hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira. Diruz lagundutako jarduera exekutatzeko epea aldatzeari buruzkoa bada eskatutako aldaketa, aldaketa hori baimendu egingo da, baldin eta exekuziorako epe berria 2024ko ekitaldian sartzen bada. Aldaketa egiteko eskabideetan behar beste arrazoitu beharko da zergatik aldatzen edo zailtzen den jardueraren garapena, eta eskabide horiek Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak agertu eta berehala eta, betiere, proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

3.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentuak edo artikulu honetako aurreko apartatuan aipatutakoak jaso eta gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak aztertu eta ebaluatuko ditu, eta aldatu eta/edo likidatuko du emandako dirulaguntza; horretarako, ebazpen bat emango du, administrazio-bideari amaiera emango diona. Horretaz gainera, ebazpen horretan, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu, hala behar denean; itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du –hala badagokio–, eta 15 eguneko epea emango du dirua itzultzeko.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko du bidezkoa den ala ez aldaketa baimentzea, eskabidea erregistroan sartzen den egunetik aurrera hilabeteko epean; epe hori igarota, ez bada ebazpen espresurik eman edo jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da.

16. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Antzemanez gero Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako ez-betetzeren bat izan, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, bai jasotako zenbatekoak, baidagozkien berandutze-interesak; betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako ekintzak.

a) Jasotako dirulaguntza hasierako proiektuan azaltzen zen jarduerarako barik, beste baterako erabiltzea osorik edo partez.

b) Aurkeztutako proiektuan aldaketak sartzea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak baimendutako aldaketen kasuan izan ezik, aurreko artikuluan ezarritakoa dela bide.

c) Faltsuak izatea aurkeztutako eskabidean edo agirietan jasotako datuak, dirulaguntza emateko balio izan dutenak.

Dirulaguntzaren onuradunak dirulaguntzak emateko ebazpenean edo ebazpen honetan ezarritako baldintzaren bat bete ezean edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako ez-betetzeren bat dagoela ikusiz gero, prozedura-izapide egokiak bideratu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo partzialki galduko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio jasotako zenbatekoak, berandutze-interesekin, hargatik eragotzi gabe bidezkoak izan daitezkeen gainerako ekintzak. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin –698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten izaki laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezartzen dituena–; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan ezarritakoarekin.

2.– Deialdian jasotako betebeharrak partez bakarrik betetzen badira, eta konpromisoak betetzera bideratu badira, jasotako zenbatekoen zati bat itzuli behar izango da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.n) eta 37.2 artikuluekin bat etorriz. Graduazio-irizpide gisa ezartzen dira ondoren jasotako baldintza osagarrien ez-betetzeak; izan ere, emandako zenbateko osoaren % 20rainoko gutxitzea ekar dezakete, proportzionaltasun printzipioa errespetatuz, betiere:

a) Ez jakinaraztea, idatziz, diruz lagundutako jardueretan egin nahi den bariazio edo aldaketa oro.

b) Ez adieraztea diruz lagundutako jarduerei buruzko publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza, hots, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka ez jartzea.

c) Hizkeraren edo irudiren erabilera sexista egitea.

d) Ez aurkeztea memoria teknikoa eta ekonomikoa, egiaztatzen duena nola aplikatu diren justifikazioaldiko funts guztiak.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 698/1991 Dekretuan xedatuarekin (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena), ezarritako baldintzak eta/edo betekizunak betetzen ez direnean, hau izango da emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.

18. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

Helburua: dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo erakundeei.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

Hartzaileak:

– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

– Interesdun legitimatuak.

– Organo judizialak.

– Kontuen Epaitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.

– Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.

Eskubideak: Emakundek botere publikoen eginkizun bat betetzen diharduela sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datu horiek. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta Erregelamenduan aurreikusitako beste eskubide oro ere. Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).


Azterketa dokumentala