Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2023ko abenduaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5649

184/2023 DEKRETUA, abenduaren 5ekoa, Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Zerbitzu Sozialei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 74. artikuluan xedatzen duenez, interes sozialekotzat deklaratu ahal izango dira zerbitzu sozialak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz zehaztutako baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egiten duen ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte-zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzkoak, gizarte-intereseko deklarazioa lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, aipatutako deklarazioa eskatu du Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela deklaratzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazi bezala, Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea 1982. urtean eratu zen. Erakundeak helburu hauek ditu:

a) Gizartea eraldatzeko ekintza bateratua eta koordinatua egitea ekintza politiko eta herritar baten bidez; pertsonak eta haien inguruneak ahalduntzea; eta desgaitasun fisikoa edo organikoa duten pertsonentzat eta haien laguntza-sareentzat zerbitzuak, programak eta jarduerak eskaintzea.

Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2018tik aurrera, Euskal Autonomia Erkidego osoan. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan garatzen ditu bere eginkizunak.

Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez egingo da gizarte-intereseko deklarazioa, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.

Ondorioz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, eta 2023ko abenduaren 5eko Gobernu Kontseiluak proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea gizarte-interesekoa dela deklaratzea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileari aitorpen honen berezko eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko abenduaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala