Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2023ko abenduaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5648

183/2023 DEKRETUA, abenduaren 5ekoa, zeinaren bidez Bosko Taldea Federazioa entitatea gizarte-interesekotzat aitortzen baita.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 74. artikuluan xedatzen duenez, gizarte-interesekotzat deklaratu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak –erregelamenduz zehaztutako baldintzak betetzen dituztenak–, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egiten duen ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, aipatutako aitorpena eskatu du Bosko Taldea Federazioa entitateak, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazi bezala, Bosko Taldea Federazioa 1998. urtean eratu zen. Entitateak helburu hauek ditu:

a) Zerbitzu kualifikatua eskaintzea aisialdiko prebentzio eta hezkuntzan, gazte-animazioan eta garapen soziokulturalean, beraren hezkuntza-proposamenaren arabera horietan parte hartzen duten haur, nerabe eta gazteen erabateko sustapenean lagunduz elkarteei.

b) Balioetan hezteko ekimenak, topaketak, kanpainak eta bestelako jarduerak eta gizarte-sentsibilizazioko programak garatzea, gure gizartean elkartasunaren eta justiziaren aldeko konpromisoaren kultura, giza eskubideen defentsa, bakea eta kulturartekotasuna sustatzen dituztenak.

c) Elkarteen arteko animazio-, koordinazio- eta komunikazio-tresna izatea. Horretarako, haien beharren berri jakin behar du, elkarteen artean kezkak, giza baliabideak edo baliabide materialak eta esperientziak trukatzea sustatu behar du eta ekintza-eremu berriak bultzatu.

d) Federazioaren berezko jardun-eremuetan prestakuntza eta hausnarketa bultzatzea eta sustatzea.

e) Arreta berezia eskaintzea gizarte-bazterketa jasaten duten edo horren arriskua duten haur, nerabe eta gazteei, egoera hori eragiten duten kausak gainditzeko proiektuak sustatuz.

f) Haurren, nerabeen eta gazteen artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzea.

g) Europako integrazioaren ideala sustatzea, beste entitate eta erakunde publiko eta pribatu batzuekin parte hartuz eta lankidetzan arituz, berezkoak ditugun ekintzen bitartez.

h) Harremanak izatea aisialdian, gazte-animazioan eta kultura-garapenean diharduten beste entitate batzuekin, eta erakunde publikoekiko solaskide baliagarria izatea.

i) Gazteen gizarteratzea eta laneratzea erraztea.

j) Zailtasun sozial edo ekonomikoak dituzten haurren eta gazteen eskolatzea erraztea, eskolaz kanpoko laguntza-ekimenen bidez.

k) Gazte-informazioa zabaltzea eta hobetzea sustatzea.

l) Gazteen artean osasunerako hezkuntza, ingurumen-hezkuntza eta bide-hezkuntza sustatzea.

m) Gazteen artean euskara eta euskal kultura sustatzea.

Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe bete duela 2018tik aurrera erkidego honetan. Batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan dihardu lanean.

Aipatutako urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.

Ondorioz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko abenduaren 5eko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Bosko Taldea Federazioa entitatea gizarte-interesekoa dela deklaratzea, irizten baitzaio egiten dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen duela.

2. artikulua.– Bosko Taldea Federazioa entitateari aitorpen honek berekin dakartzan eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan jasotakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko abenduaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala