
240. zk., 2023ko abenduaren 19a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (183 KB - 9 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5626
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Durangoko (Bizkaia) Correosen eraikin zaharra eraberritzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2023ko urriaren 6an, Durangoko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Durangoko (Bizkaia) Correosen eraikin zaharra eraberritzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egin zedin. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 75. artikulua aplikatuta, 2023ko urriaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Durangoko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira nahitaez ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Durangoko Correosen eraikin zaharra eraberritzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Durangoko Correosen eraikin zaharra eraberritzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua da Durangoko Correosen eraikin zaharra dagoen lurzatiaren (Zeharkalea 4) hirigintza-antolamendu xehatua aldatzea, eraikina eraberritu, eta hauteman diren beharretara egokitzeko, gizarte- eta kultura-erabilera izan dezan.
Gaur egun, eraikinak ez du erabilerarik, eta, Durangoko arau subsidiarioen arabera, antolamenduz kanpo dago. Hala, orube-okupazioa murriztea proposatzen da, eta udaletxearen plazari azalera handiagoa ematea. Durangoko Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Bereziak barne hartzen du arau subsidiarioetan eraikinaz jasota dagoena.
Halaber, eraikina bat ez datorren elementu gisa dago sailkatuta Durangoko (Bizkaia) Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa, Monumentu Multzo izendapenaz, sailkatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko den urtarrilaren 14ko 4/1997 Dekretuari jarraikiz (1997ko urtarrilaren 30eko EHAA, 20. zk.).
Horren aurrean, Planaren asmoa da eraikinaren kalifikazio xehatua aldatzea, eta ekipamendu gisa sailkatzea. Horretarako, egungo eraikinari eutsiko zaio, eraikigarritasunari eta oinplano-okupazioari dagokienez, eta barnealdea eraberrituko da udalerriko eskari soziokulturalei erantzuteko. Hala, kanpo-morfologia eraberrituko da (estalkia eta fatxadak) Durangoko Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Bereziaren eta aipatu 4/1997 Dekretuaren zehaztapenak betetzeko.
Orubearen azalera erabilgarria 147,59 m2-koa da eta eraikinaren oinplano-okupazioa 146,21 m2-koa. Eraikinak sotoa, beheko solairua, hiru goiko solairu eta estalpeko solairu bat ditu. Bi isurkiko teilatuaren gailurra 17 m-ko altueran dago plazarekiko.
Zehazki, eraikinaren eraberritzeak hauek hartuko ditu barnean:
– Lurgainak eta atzeraemanguneak kentzea.
– Goreneko altuerak eta estalkien pendizak errespetatzea.
– Alde zaharraren estetikari eustea.
– EKTa betetzen dela bermatzea.
– Lubakirako sarbidea oztopatzen duen tximinia deuseztatzea.
Eremuaren ingurunea urbanizatuta dago; beraz, aurkeztu den dokumentazioaren arabera, Plana dagokion hirigintzako jarduketa-planaren eta eraikina eraberritzeko planaren arabera gauzatuko da.
Ingurumen-agiriak 3 aukera proposatzen ditu: Durangoko arau subsidiarioetako zehaztapenei eustea; eraikina egungo baldintzetan kontserbatzea; eta eraikina eraberritzeko plan berezia egitea.
Arau subsidiarioetako antolamenduari eta irizpideei eustea baztertu da, jarduketaren kostu ekonomiko handia dela eta, eta horren ondoriozko eraikina funtzionala izatea zaila zatekeelako. Bestalde, teilatu-hegalak, atzeraemanguneak eta estalkiak ez datoz bat Durangoko alde zaharrean indarrean den araudiarekin; beraz, eraikina egungo baldintzetan kontserbatzea ere baztertu egin da.
Aitzitik, eraikina finkatu, eta ekipamendu gisa birgaitzeak, horrek bai, horrek egoki erantzuten die hauteman diren beharrei.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planean ez dago baldintzatzailerik, besteak beste, kokalekuari, izaerari, neurriei eta funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zein neurritan eragiten duen beste planetan edo programetan, hierarkizatuak daudenak barne: Durangoko arau subsidiarioen eta Durangoko Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Bereziaren arabera, Correosen eraikin zaharra dagoen lurzatia antolamenduz kanpo dago; aitzitik, Durangoko (Bizkaia) Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa, Monumentu Multzo izendapenaz, sailkatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko den urtarrilaren 14ko 4/1997 Dekretuaren arabera, bat ez datorren elementua da. Horren aurrean, Planak lurzatiaren gaineko antolamendu xehatua aldatzen du, eraikina egungo eraikigarritasunarekin finkatzeko (erabilerarik ez du), baina barnealdea zein kanpoaldea birgaitzea ahalbidetuz. Hala, ekipamendu-erabilera aurreikusiari bide ematen dio eta Durangoko Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Berezian eta 4/1997 Dekretuan zehazten diren eraikuntza-irizpideetara eta irizpide estetikoetara egokitzen du. Hori horrela, Planak ez dakar indarrean dagoen plangintzakoez bestelako ingurumen-efekturik, ezta aldaketarik ere hierarkian gorago dauden plan edo programetan. Beraz, ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Planaren egokitasuna ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko, garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, betiere ukitutako eremuko jarduerak eta jarduketak, besteak beste, kutsadura akustikoari, segurtasunari eta osasunari, lurzoruei, ingurumenari, isuriei, urei eta hondakinen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eremuko balizko kalteen ezaugarriak:
Planak barne hartzen duen eremua Durangoko alde zaharrean dago, Zeharkalea eta Artekalea gurutzatzen diren lekuan, udaletxearen parean. Beraz, eremu erabat antropizatua da, eta ez du ingurumen-elementu nabarmenik. Lurzatiak 147,59 m2 ditu.
Eremua Ibaizabalen unitate hidrologikoaren barnean dago, eta unitate hori, aldiz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Mañarierreka ibaia, Ibaizabal I Ibaia (ES059MAR002780) ur-masa gisa identifikatuta dagoena, eremutik 50 bat metrora igarotzen da, tartean hainbat eraikin eta eremu urbanizatu daudela. Masaren egoera orokorra ona baino okerragoa da.
Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren arabera, Mañarierreka ibaia hornidura-harguneak dituen ur-masa bat da, ibilguari loturiko hainbat ondare-elementu ditu eta espezie mehatxatuen interes bereziko eremua da, zehazki, bisoi europarrarena (Musteola lutreola), zeina galzorian dagoen espezie gisa baitago katalogatuta; kudeaketa-plana du Bizkaiko Lurralde Historikoan.
Eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren eta Balmaseda-Elorrio kuaternarioko sektorearen gainean dago. Halaber, interes hidrogeologikoko eremu baten barruan dago.
Eremuaren eta inguruaren artifizializatze-maila dela eta, ez dago landaredirik, eta ingurune urbanizatuetako berezko fauna-espezieak baino ez daude. Ez da mehatxatutako flora-espezierik identifikatu eremuan. Ingurumen-dokumentuaren arabera, baliteke eraikina intereseko espezie batzuek erabiltzea, esaterako, kiroptero zenbaitek eta hegaztiek.
Eremuan ez dago naturagune babesturik, ez eta EAEko Korridoreen Sareko elementurik edo Geologia Intereseko Lekurik ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrenda). Eremuan ez dago Geologia Intereseko Lekurik, eta ez da hauteman mehatxatutako espezierik, ezta Batasunaren Intereseko Habitatik ere.
Kultur intereseko elementuei dagokienez, lurzatia Durangoko alde zaharreko monumentu-multzoak eta Durangoko alde zaharreko arkeologia-guneak zedarritutako eremuan dago. Esandakoaren arabera, Planaren xede den eraikina bat ez datorren elementu gisa dago sailkatuta Durangoko (Bizkaia) Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa, Monumentu Multzo izendapenaz, sailkatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko den urtarrilaren 14ko 4/1997 Dekretuan (1997ko urtarrilaren 30eko EHAA, 20. zk.). Arau horrek finkatzen du eraikinaren babes-erregimena. Nolanahi ere, inguruko hainbat elementu eraiki Kultur Ondasun izendatuta daude.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eraikina datzan akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia da, eta eremua ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako ezein lurzatiren barnean. Hala ere, Mañarierreka ibaiari loturiko «Ibaizabal ibaia ES017-BIZ-9-1» Uholde Arrisku Handiko Eremuaren barnean dago, eta 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du. Lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo dago.
Aurkeztutako Inpaktu Akustikoari buruzko Azterlanaren arabera, azterketaren eremuan, 2 metroko altueran, gaur egun, kanpoaldean aplikatzeko diren kalitate akustikoko helburuak betetzen dira; E motako eremu akustikoa da, ekipamendu-erabilera aurreikusia kontuan hartuta.
Azaldutakoa kontuan hartuta, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak egikaritze-faseari lotuta daude; alegia, eraikina eraberritzeko obrei. Jarduketa horien ondorioz, makinak hara-hona ibiliko dira, eta emisio atmosferikoak, hondakinak, isuriak, zaratak eta abar sortuko dira, eta horrek eragina izan dezake lurrazaleko uren kalitatean (kasu horretan, zeharkako afekzioak gerta daitezke euri-urak biltzeko sistemen bidez), baita airean ere.
Jarduketa aurreikusiak kontuan hartuta, ez da inpaktu handirik espero lurzoru-okupazioa handitzeagatik edo lur-mugimenduengatik. Halaber, Mañarierreka ibaiarekiko distantzia dela eta, ez da espero ibaiari loturiko intereseko balioei eragitea.
Beste inpaktu posible batzuk emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenekin lotutakoak dira.
Bestalde, kontuan hartuta eremua Durangoko alde zaharreko monumentu-multzoak eta Durangoko alde zaharreko arkeologia-guneak zedarritutako gunean dagoela, kultur ondasun horiek izendatzeko dekretuetan ezarritako esku hartzeko irizpideak bete beharko dira, eta, oro har, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa.
Proposatzen diren jarduketen eta horietatik eratorritako eraginen tasuna dela eta, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, betiere indarreko legedia betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei, eta kultur ondarea babesteari buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira. Hala, jarduketen inpaktuak aldi baterako eta hutsalak izango dira.
Ustiapen-fasean, eraikinaren ekipamendu-jarduera handitzearen ondorio izango dira eraginak, eta, ziur aski, eremuko mugikortasuna areagotuko dituzte, baita hondakinen sorrera, energia-iturrien erabilera eta abar ere. Nolanahi ere, eragin horiek txikiak izango dira, eta eremuaren inguruko egungo erabilerekin parekagarriak.
Uholde-arriskuari dagokionez, Ura-Uraren Euskal Agentziaren txostenaren arabera, eremuaren ezaugarriak direla-eta, eta bizitegi-erabilera gehiago espero ez denez (eraikigarritasunari eta oinplano-okupazioari eutsiko zaie), Plana garatzeak ez du ekarriko kalteberatasuna handitzea. Nolanahi ere, indarreko Plan Hidrologikoaren 45. artikuluan xedatutakoa errespetatu beharko da.
Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, etorkizunean beteko dira E motako eremu akustikoetan aplikatzeko diren kalitate akustikoko helburuak, eraikinaren ekipamendu-erabilera aurreikusia kontuan hartuta. Halaber, eraikinaren aerotermia-sistemak inguruan (bizitegi-erabilera du bereizgarri) izan lezakeen inpaktu akustikoa aztertzen da. Lortutako emaitzen arabera, beteko dira kalitate akustikoko helburuak hala Planaren xede den eraikinean, nola inguruko eraikinetan.
Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Hori horrela, Planak orubearen antolamendu xehatua aldatzen du; finkatutzat sailkatzen du, eta birgaitzeko aukera ematen dute hirigintza-baldintzek, eraikigarritasunari eta oinplano-okupazioari dagokienez.
Beraz, kontuan hartuta eremuaren egungo egoera, Planetik eratorritako jarduketak eta prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, inpaktuak txikiak izango dira.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta afektazio-eremuko esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen dituztenean, besteak beste, zaratari, lurzoruei, hondakinen kudeaketari, kultur ondareari, isurketei, urei, ingurumenari, segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betetzen badute.
3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek txertatu behar dira Durangoko (Bizkaia) Correosen eraikin zaharra eraberritzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezian, ez dezan izan ondorio kaltegarri nabarmenik ingurumenean, eta, horrenbestez, egin behar izan ez dakion ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egiteko:
• Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– Kontuan hartuta eremua Durangoko alde zaharreko monumentu-multzoak eta Durangoko alde zaharreko arkeologia-guneak zedarritutako gunean dagoela, izendapen horiek xedatzen dituzten ebazpenetan ezarritakoa bete beharko da (1997ko urtarrilaren 30eko EHAA, 20. zk. eta 1995eko urriaren 24ko EHAA, 203. zk., hurrenez hurren).
– Halaber, Plana garatzean gauzaturiko jarduketa orok Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan xedatutakoari jarraituko dio.
– Nolanahi ere, orokorrean, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako zehaztapenak bete beharko dira, kalterik egin gabe Bizkaiko Foru Aldundiak ezar dezakeenari.
• Uholde-arriskuari dagozkion neurriak:
– Jarduketek indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoa bete beharko dute, batez ere araudi horren 45. artikuluan xedatutakoa. Ondorioz, eraikinak uholde-arriskua kontuan hartuta diseinatuko dira, eta lurpeko garajeak eta sotoak eraiki ahal izango dira, baldin eta eremuaren estankotasuna bermatuta badago 500 urteko errepikatze-denborako uraldien aurrean, eta arnasbideak zein hustubideak aipatu uraldien kotatik gora jarrita. Gainera, kontuan hartu beharko da uholdeek eragindako larrialdietarako irisgarritasuna.
– Jabari publiko hidraulikoari eragiten dion edo babes-eremuetan (zortasun- eta zaintza-eremua) kokatzen den jarduera orotan Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko administrazio-baimena beharko da. Baimen hori Ura-Uraren Euskal Agentziaren bidez izapidetuko da.
• Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
– Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenek eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean. Plana onartzeko, zehazki bermatuko da 213/2012 Dekretuaren 36., 37. eta 45. artikuluak betetzen direla.
– Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.
• Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –makinak gordetzeko gunea, obra-txabolak eta obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne– ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Durangoko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketaren alde ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoaren azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:
• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo iturri berriztaezinen bidez sortzea energia.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Durangoko (Bizkaia) Correosen eraikin zaharra eraberritzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Durangoko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Durangoko (Bizkaia) Correosen eraikin zaharra eraberritzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 20a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS