
238. zk., 2023ko abenduaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (97 KB - 1 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5578
AGINDUA, 2023ko azaroaren 9koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria ordezkatzeko araubidea xedatzen duena.
Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak 27. artikuluan ezartzen duenez, ordezkoak hartu ahal izango dira goi-kargudunen zereginak aldi batez betetzeko baldin eta haien lanpostuak hutsik badaude, goi-kargudunak absente edo gaixo badaude, eragozpen pertsonalen bat badute edo aitatasun- edo amatasun-baimena badaukate. Sailaren egitura organikoari buruzko dekretuak ezarriko du ordezkapenak egiteko modua.
Egitura organikoari buruzko dekretuan berariazko aurreikuspenik ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 13. artikuluaren hondar-klausulan xedatzen du ordeztutako pertsonaren gainetik dagoen administrazio-organoari dagokiola ordezkoa izendatzea.
Ez Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeari buruzko ekainaren 29ko 9/2007 Legeak, ez Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura eta antolaketari buruzko uztailaren 12ko 159/2011 Dekretuak, ez dute ezartzen Institutu horretako zuzendaria ordezkatzeko araubidea, lanpostua hutsik, titularra absente edo gaixorik badago. Beraz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari dagokio ordezkapenen araubidea zehaztea, goragoko hurrengo organoa den aldetik, eta 9/2007 Legearen 6.2.a) artikuluak Institutuaren zuzendaritza gorena izateko eginkizuna ematen baitio.
Komenigarritzat jo da ordezkapena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren mendeko zuzendaritza-organo batek egitea, eta, ondorioz, erantzukizun hori Saileko Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari ematea.
Horrela bada, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak ordezkatuko du Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria, lanpostua hutsik, titularra absente edo gaixorik badago.
Bigarrena.– Agindu honen bidez emandako eskumenak baliatuz Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak ematen dituen ebazpenen aurka jarritako administrazio-errekurtsoak, halakorik badago, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeko ekainaren 29ko 9/2007 Legeak 16. artikuluan xedatutakoaren arabera ebatziko dira.
Hirugarrena.– Ondoriorik gabe utziko da Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2017ko otsailaren 28ko Agindua, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria ordezkatzeko araubidea xedatzen duena.
Laugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 9a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
RSS