Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2023ko abenduaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5438

176/2023 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kide batzuk kargutik kendu eta beste batzuk izendatzeko dena.

Apirilaren 20ko 3/2007 Legearen bidez, Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautu zen, honako helburu honekin: euskara eta euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea, hedatzea eta proiektatzea, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan.

Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legeak eta Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak ezartzen dute Etxepare Euskal Institutua kide anitzeko bi organok (Patronatua eta Zuzendaritza Kontseilua) eta kide bakarreko batek (zuzendaria) osatuko dutela institutua.

Era berean, Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamendua onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 14.c) artikuluak xedatzen du Zuzendaritza Kontseiluko kideak izango direla, besteak beste, Gobernu Kontseiluak lau urterako izendatutako bi kontseilukide, Patronatuaren ordezkari gisa eta haren proposamenez.

2023ko uztailaren 17an egindako bileran, Patronatuak erabaki zuen Edurne Ormazabal Azpiroz andrea proposatzea Gobernu Kontseiluari Zuzendaritza Kontseiluan sar zezaten Patronatuaren ordezkari gisa, Myriam Miranda Barrondo andrearen ordez. Ondoren, urriaren 24ko 158/2023 Dekretuaren bidez, Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuko kideak kendu eta izendatu ziren, eta Myriam Miranda Barrondo andrea Patronatuko ez-berezko kideen kargutik kendu zuten, euskal letren, filologiaren eta kulturaren ordezkari gisa. Ostera, Edurne Ormazabal Azpiroz andrea izendatu zuten euskal letrak, filologia eta kultura ordezkatzen dituen Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuko ez-berezko kide, lau urterako.

Horiek horrela, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 6., 7. eta 8. artikuluetan xedatutakoaren arabera –non Patronatuaren eta Zuzendaritza Kontseiluaren osaera arautzen baita–, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko azaroaren 21eko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kontseilukideen kargutik kentzea honako hau:

– Myriam Miranda Barrondo andrea.

2. artikulua.– Etxepare Euskal Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kontseilukide izendatzea honako hau:

– Edurne Ormazabal Azpiroz andrea.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala