Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2023ko abenduaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5437

AGINDUA, 2023ko azaroaren 29koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez jakinarazten baita martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan eta otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan aurreikusitako seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzen aurrekontu-zuzkidurak eguneratu direla 2023ko ekitaldirako.

2023ko otsailaren 21ean, Jaurlaritzaren Kontseiluak seme-alabaren bat duten familientzako laguntzei buruzko 27/2023 Dekretua onartu zuen, eta hura 2023an finantzatzeko 237.846.200,00 euroko gastua baimentzea erabaki zuen, honela banatuta: 91.270.000,00 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio; 80.905.500,00 euro 2024ko konpromiso-kredituari; 48.247.400,00 euro 2025eko konpromiso-kredituari; 16.466.300,00 euro 2026ko konpromiso-kredituari; eta 957.000,00 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

Ondoren, 2023ko martxoaren 7ko Akordioaren bidez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 16.672.200,00 euroko gastua baimendu zuen, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan araututako seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak 2023an finantzatzeko.

Hasierako baimen horiek etorkizunean egin beharreko zabaltzeak estaltzen zituzten, besteak beste, egiten ziren eskaeren arabera, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa bazegoen.

Otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren 12.2 artikuluan eta martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedatutakoa betez, bi aurrekontu-zuzkidurak argitaratu ziren, otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren xedapen gehigarriaren bidez eta seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzen aurrekontu-zuzkiduraren berri ematen zuen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez.

Artikulu berberek adierazten dute, aurrekontu-zuzkidura eguneratuz gero, familia-politikaren arloan eskumena duen saileko sailburuaren agindu bidez jakinarazi beharko dela.

Beharrezkoa da ere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 17. artikuluaren c) letrak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia eta Haurren Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 15.2 artikuluak xedatzen duenez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da.

Horren ondorioz, otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan eta martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan familia-politikaren eskumena daukan sailari egindako aipamena ulertzeko, gaur egun, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari egindakotzat hartu behar da, eta dagozkion aginduak ematea hango sailburuari dagokio.

Gaur egun, 30/2015 Dekretuaren aplikazioan lortutako aurrekontu-betearazpenak eta aurrekontu-ekitaldi hau amaitu aurretik artatu beharreko gastu-bolumenak aukera ematen dute hasierako aurrekontu-zuzkidura 4.865.800,00 eurotan murrizteko.

Aldi berean, 27/2023 Dekretuaren aplikazioan lortutako aurrekontuaren gauzatze-maila, aurkezten diren eskaeren bolumena eta laguntzek familietan duten eragina kontuan hartuta, seme-alabak hazteko premia saihestezinak asetzeko laguntza ekonomikoa ematen baitute, beharrezkoa da arau horretarako hasieran baimendutako aurrekontu-zuzkidura handitzea, zehazki 2023ko ordainketa-kredituari eta 2024ko eta 2025eko konpromiso-kredituei dagokienez, honako zenbateko hauetan: 11.923.900,00 euro 2023ko ordainketa-krediturako; 4.385.700,00 euro 2024ko konpromiso-krediturako; eta 1.030.600,00 euro 2025eko konpromiso-krediturako.

Horren ondorioz, bidezkoa da agindu hau ematea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan eta otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan aurreikusitako seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzen aurrekontu-zuzkidurak 2023ko ekitaldirako eguneratu direla jakinarazteko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan eta otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren 12.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan araututako seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzetarako ekitaldi honetarako hasierako aurrekontu-zuzkidura 4.865.800,00 eurotan murrizten da, eta zenbateko eguneratua 11.806.400,00 eurokoa da.

2.– Otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan araututako seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzetarako ekitaldi honetarako hasierako aurrekontu-zuzkidura 17.340.200,00 eurotan handitzen da, honela banakatuta: 11.923.900,00 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio; 4.385.700,00 euro 2024ko konpromiso-kredituari; eta 1.030.600,00 euro 2025eko konpromiso-kredituari.

Eguneratutako aurrekontu-zuzkidura, beraz, 255.186.400,00 eurokoa da, honela banatuta: 103.193.900,00 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio; 85.291.200,00 euro 2024ko konpromiso-kredituari; 49.278.000,00 euro 2025eko konpromiso-kredituari; 16.466.300,00 euro 2026ko konpromiso-kredituari; eta 957.000,00 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan eta otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan (30.1 eta 12.1 artikuluetan, hurrenez hurren) xedatutakoaren arabera, hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneratzerik gertatzen bada, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez argitaratuko da hori.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 29a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala