Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2023ko abenduaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5434

175/2023 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariak sozietatearen estatutuetako 6. artikuluaren aldaketaren aldeko botoa emateko.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartu zen; testu horren 110.1 artikuluak hau xedatzen du: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez sozietatea loturik dagoen edo loturik egongo den saileko buruak egin behar dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Era berean, EOL Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 111.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek estatutu sozialak eta haien aldaketak onartzeko, Gobernu Kontseiluak eman behar du horretarako baimena.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuan, doako eskuratzea ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa da sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietateko kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak % 50eko partaidetza du sozietate horren kapitalean; Bizkaiko Foru Aldundiak du gainerako % 50a.

«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen xedea edozelako motatako artelan eta arte-sorkuntzak eskuratu eta ustiatzea da, baita arte-erakusketak eta -erakustaldiak antolatzea ere.

2023ko urriaren 2an, sozietateak ezohiko batzar orokorra egin zuen (ez zen aldez aurreko deialdirik egin, bazkide guztiak han baitzeuden), eta erabaki zuen, besteak beste, kapital-gehikuntza bat proposatzea, Bilboko Guggenheim museoaren bilduma propioaren 2023ko ekitaldiko eskuratze-programarako beharrezkoak ziren baliabideak lortzeko xedez. Proposamen horrek berekin dakar Eusko Jaurlaritzak sozietatean beste 3.153 partizipazio harpidetzea, 1.894.984,53 eurorenak guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eutsi diezaion. Batzarrak, halaber, sozietatearen estatutuetako 6. artikulua aldatzea erabaki zuen, sozietatearen kapitalari buruzkoa bera.

3.153 partizipazio horiek harpidetzeko kreditu egoki eta nahikoa dagoenez, eta lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Horretaz gain, kapital-gehikuntzaren ondorioz, beharrezkoa da «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea; artikulu hori sozietatearen kapitalari buruzkoa da, hain zuzen.

Hori dela eta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko azaroaren 21ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte har dezan, sozietatearen batzar nagusiak adostutako gehikuntzan 1.894.984,53 euro jarrita sozietatearen 3.153 partizipazio eskuratzeko, ordainketa bakarra eginda; partizipazio bakoitzaren balio nominala 601,01 euro da.

EAEko Administrazio Orokorrak bere gain hartutako partizipazio sozialen balio nominal osoa 2023ko abenduaren 1a baino lehen ordainduko da, eskudirutan, Europako dibisa erkidean.

Gehikuntzaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietatearen kapitalean 62.301.898,62 euroko partaidetza izango du, 103.662 partizipaziorekin. Kapital sozialaren % 50eko partaidetza izango du, eta beste % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» enpresaren kapital soziala 124.603.797,24 eurokoa izango da, 207.324 partizipaziotan banatua.

2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko partizipazioen ordezkariei oniritzia eman diezaioten «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikuluaren aldaketari, aipatutako gehikuntzaren ondoriozko kapital sozialaren zifra berrira egokitu behar baita artikuluaren testua.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala