
232. zk., 2023ko abenduaren 5a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (187 KB - 8 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5432
114/2023 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, argitara emateko Estatistikako Institutu Nazionalarekin sinatutako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko ohiko egoiliar gisa Aseguramenduko Informazio Sisteman alta emanda dauden pertsonen errolda-basean agertzen den bizilekua egiaztatzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du aipatutako hitzarmena, eta, dagokion besteko publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatistikako Institutu Nazionalarekin sinatutako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko ohiko egoiliar gisa Aseguramenduko Informazio Sisteman alta emanda dauden pertsonen errolda-basean agertzen den bizilekua egiaztatzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honi erantsita dator.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 27a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 27KO 114/2023 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ARTEKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO OHIKO EGOILIAR GISA HERRITARREN OINARRIZKO ASEGURAMENDUAREN INFORMAZIO-SISTEMAN (SIABP) ALTA EMANDA DAUDEN PERTSONEN ERROLDA-BASEAN AGERTZEN DEN BIZILEKUA EGIAZTATZEKO
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Osasuneko sailburua, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Gobernu Kontseiluak, 2023ko irailaren 26an egindako bilkuran, berariazko baimena eman baitzion akordio hau izenpetzeko. Honako manu hauek emandako eskumenen arabera dihardu: martxoaren 23ko 116/2021 Dekretua (Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena); lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 12.1.a) artikulua (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu), eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua.
Beste aldetik, Carlos Javier Ballano Fernández jauna, Estatistikako Institutu Nazionaleko Estatistika Plangintzako eta Prozesuetako zuzendari nagusia, urriaren 5eko 835/2022 Errege Dekretuaren bidez izendatua, erakunde horren izenean jardunez, erakundeko lehendakariak eskuordetuta eta eskumenak eskuordetzeko, EINeko lehendakariak 2022ko urriaren 24an emandako Ebazpeneko (urriaren 28ko BOE, 259. zk.) aurreneko apartatuaren 1.f) puntuan ezarritakoarekin bat etorriz.
HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 4. artikuluaren arabera, osasuna babesteko eskubidearen izaera unibertsala da lege orokorretan, bertako egoiliar eta igaroko bidaiari guztien aplikatu beharrekoa, lankidetza-hitzarmenetan eta nazioarteko hitzarmenetan aurreikusitako moduan eta baldintzetan.
Osasun-txartela da zerbitzu sanitarioak eskuratzeko giltza, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen arabera. Halaber, erabiltzaileek Espainiako Osasun Sisteman beren burua identifikatzeko tresna da. Horregatik, ezinbesteko tresna da Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan asistentzia sanitario publikoaren aseguramendua, antolamendua eta prestazioa kudeatzeko.
Urriaren 4ko 252/1988 Dekretuak ezartzen du osasun-txartel indibiduala nola erabili, fakultatiboek nola atxiki behar duten eta pediatriako arreta jasotzeko adina zein den.
Bestalde, Osasuneko sailburuordearen 2007ko azaroaren 22ko Ebazpenak osasun-txartel indibidualaren modelo berria onartu zuen EAEko sistema sanitarioak bermatutako prestazio sanitario publikoak jasotzeko eskubidea egiaztatzen duen agiri, eta aurreko osasun-txartel indibidualaren diseinuen baliozkotasuna mantendu zuen.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren arabera, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzari dagokio osasun-txartel indibidualaren zehaztapenak definitzea eta kudeatzea, aseguramenduaren egiaztagiri gisa, bai eta EAEko aseguramendu sanitario publikoaren erregistro nagusia kudeatzea ere.
Osasun-txartel indibiduala arautzen duen urtarrilaren 30eko 183/2004 Errege Dekretuaren 2. artikuluak (Osasun-txartel indibidualaren bidalketa eta baliozkotasuna), hau ezartzen du 1. apartatuan: «Erkidegoetako Osasun Administrazioak eta Espainiako Kudeaketa Sanitarioko Institutuak osasun-txartel indibidual bat emango diete (euskarri informatikoarekin) haien lurralde-esparruan bizi diren pertsonei, baldin eta asistentzia sanitario publikorako eskubidea egiaztatuta badute».
Herritarren oinarrizko aseguramenduaren informazio-sistema (SIABP) EAEko sistema sanitario publikoaren erabiltzaileen datuen oinarrizko erregistroa da, eta helburu du EAEko herritarrek asistentzia sanitarioa jasotzeko duten eskubidearen egiaztapena kudeatzea eta osasun-txartel indibiduala (OTI) bidaltzea.
Bigarrena.– Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 17.3 artikuluan ezartzen duenaren arabera, udalek Estatistikako Institutu Nazionalari igorriko dizkiote beren errolden datuak, Estatuko Administrazio Orokorrak erregelamendu bidez zehazten duen moduan, udalerri guztietako erroldak koordinatzeko.
Hirugarrena.– Udal-errolda administrazio-erregistro bat da, eta haren lagapena Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoaren arabera arautzen da, eta hauxe dio: «Udalerriko erroldako zehaztasunak doakionaren aldez aurreko baimenik gabe emango zaizkie zehaztasunok eska ditzaten beste administrazio publikoei, bakoitzari bere eskumenak betetzeko beharrezkoak dituenean bakarrik, eta bizilekuari zein egoitzari dagokienez zehaztasunok esanguratsuak diren gaietarako soil-soilik».
Laugarrena.– Udal-errolda, datu pertsonalak dituen erregistroa denez, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren mende dago, eta lege horrek 8.2 artikuluan honakoa ezartzen du: «Datu pertsonalen tratamendua interes publikoan oinarritzeko edo arduradunari (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1.e) artikuluak xedatutakoaren arabera esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizunean oinarritzeko, lege-mailako arau batek esleitutako eskumenaren ondorio izan beharko du tratamenduak».
Bosgarrena.– Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, «Edozein bide erabiliz eskaerak egin, eta interesdunek administrazio publikoen eskuetan dauden datu pertsonalak ematen badituzte, eskaeraren hartzailea den organoak beharrezko diren egiaztatze-lanak egiteko aukera izango du, dituen eskumenen barruan, datuak benetakoak direla egiaztatzeko».
Seigarrena.– Tratamenduari buruzko printzipioen gaineko 2016/679 Erregelamenduaren (EB) 5.1.d) artikuluaren arabera, datuak zehatzak eta, beharrezkoa bada, eguneratuak izango dira; arrazoizko neurri guztiak hartuko dira luzamendurik gabe ezerezteko edo zuzentzeko tratamenduaren helburuei begira zehaztugabeak diren datu pertsonalak («zehaztasuna»).
Zazpigarrena.– Uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuak, biztanleriari eta toki-erakundeen lurralde mugaketari buruzkoak, onartutako erregelamenduaren 83.3 artikuluan, abenduaren 20ko 2612/1996 Errege Dekretuak emandako idazkeran ezarritakoaren arabera: «Estatistikako Institutu Nazionalaren esku dauden errolden datuak ezin izango dira oinarri gisa erabili erregelamendu honen 61. artikuluan araututako errolda-ziurtagiriak edo -bolanteak emateko».
Zortzigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakin behar du ea Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden eta herritarren oinarrizko aseguramenduaren informazio-sisteman (SIABP) alta emanda dauden pertsonak benetan bere lurralde-eremuan bizi diren; helbidea edo bizilekua datu garrantzitsua da haien eskumenak gauzatzeko.
Bederatzigarrena.– 2016/679 Erregelamenduaren (EB) 5.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, Osasun Sailak aurreko paragrafoan adierazitako xedeetarako baino ezingo ditu erabili jasotako erroldako datuak, eta ezingo ditu beste helburu batzuetarako erabili.
Hamargarrena.– Egoera horrek Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetzarako bide formal bat ezartzea gomendatzen du.
Horregatik guztiagatik, bi alderdiek hitzarmen hau sinatzea adostu dute, eta honakoak izango dira hura arautuko duten
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Estatistikako Institutu Nazionalaren (aurrerantzean, EIN) eta Osasun Sailaren arteko lankidetza-esparru orokorra ezartzea, SIABPen erroldatuta dauden pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direla egiaztatzeko aldiro-aldiro.
Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.
1.– Osasun Sailak konpromisoa hartu du EINeri zuzenean fitxategi bat bidaltzeko, SIABPen Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatu gisa alta emanda dauden eta informazio eguneratua behar den pertsonen datu pertsonalak bilduta izateko.
Behin EINen erantzuna jasota, hitzarmen honen hirugarren klausulan adierazitako informazioarekin, Osasun Sailak ezin izango dio ezein herritarri SIABPen baja eman informazio hori oinarri hartuta soilik, eta, beraz, herritarrari zuzenean eskatu beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko udal batek emandako errolda-ziurtagiri edo -bolante eguneratua aurkez dezan.
2.– EINek konpromisoa hartu du SIABPen datu-basetik datorren eskabide-fitxategia jasotzeko, bere errolden datu-basearekin alderatzeko eta, erantzunekin, 4 fitxategi sortzeko, hirugarren klausulan adierazitako metodologiaren arabera, betiere kontuan hartuta emandako informazioak lortu nahi den helbururako izan ditzakeen salbuespenak, honako hauek direla-eta:
a) Osasun Sailaren SIABPen datu-basean agertzen diren identifikazio-datuek eta EINen errolda-basean ager daitezkeenak desberdinak izan daitezke, edo baliteke, baita ere, identifikatzailerik ez egotea ere (NAN, AIZ, jatorrizko nortasun-agiria Europar Batasuneko estatu kideetako herritar nazionalen kasuan, Europako Esparru Ekonomikoko akordioan parte hartzen duten beste estatu batzuetako herritarren kasuan, edo, hitzarmen edo nazioarteko hitzarmen baten ondorioz aipatutako estatuetako herritarrentzat aurreikusitako araubide juridikoa hedatzen zaien estatuetako herritarren kasuan, edo pasaportea). Balizko desberdintasun horiek, kasu batzuetan, ez dute bermatzen biztanle berberei dagozkien beste inskripzio batzuk egon daitezkeela datu desberdinekin, eta, beraz, emandako informazioa behar bezain zuhur erabili beharko litzateke beti.
b) Ezin da ziurtatu EINen errolda-basea udaletako udal-erroldekin bat datorrenik edo osatuta dagoenik, eguneratze- eta koordinazio-prozesuei datxezkien desfaseak direla medio. Udalak dira ziurtagiriak emateko ahalmena dutenak, Biztanleriari eta Toki Erakundeen Lurralde Mugaketari buruzko Erregelamenduak ezartzen duen moduan.
3.– Osasun Sailak hitzematen du EINetik jasotako informazioa soilik erabiliko duela eskatu duen helbururako, hots, aldian behin SIABPen erroldatu gisa alta emanda dauden pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direla egiaztatzeko eta bere kudeaketan aplikatzean eratorritako ondorengo jarduketetan.
Hirugarrena.– Fitxategiak trukatzeko metodologia.
Sei hilean behin trukatu ahal izango dira fitxategiak, salbu eta alderdiek beste bat jartzea erabakitzen badute, inguruabar bereziek hala gomendatzean.
Trukeak testu-fitxategi arrunten bidez egingo dira, alderdien artean adostu beharreko bitarteko seguru baten bidez, eta honako informazio hau eduki behar du:
a)Eskabideen fitxategia:
Fitxategiak.txt testuko formatuan egon behar du, eskatzen diren datuak dituen herritar bakoitzeko erregistro batekin, honako aldagai hauekin:
Barne-identifikatzailea 16.
Izena 20.
1. abizena 25.
2. abizena 25.
NAN/AIZ 9.
Pasaportea 15.
FNAC 8.
Sexua 1.
b) Bilaketa-prozedurak:
EINen nazio-mailako errolda-basearen aurkako bilaketa egingo da, eta aurkitutakotzat joko da baldin hautagai bat edo gehiago aurkitzen badira, baja emanda egon ala ez, baldin eta bilatutako datuak eta aurkitutakoak bat badatoz. Altan dagoen erabiltzaile bat eta baja emanda duen beste bat aurkitzen badira, altan dagoen erregistroa bakarrik hartuko da kontuan, eta bestea baztertu egingo da. Irizpide hauen bidez egingo da bilaketa hori:
Bat etortzea [Jaiotza-data eta NANa (NAN baliodunak bakarrik)] edo identitatea [izen-abizenak eta FNACa) edo identitatea (abizenak eta NANa)] bat etortzea.
NANik ezean, eskura dagoen identifikazio-dokumentuaren bidez egingo da bilaketa (AIZ, jatorrizko nortasun-agiria Europar Batasuneko estatu kideetako herritarren kasuan, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko akordioan parte hartzen duten beste estatu batzuetako herritarren kasuan, edo hitzarmen edo nazioarteko hitzarmen baten bidez aipatutako estatuetako herritarrentzat aurreikusitako araubide juridikoa edo pasaportea aplikatzen zaien estatuetako herritarren kasuan).
Bilaketaren emaitzetatik abiatuta, bilaketaren sarrera-erregistroak sailkatuko dira, eta c) apartatuan zerrendatutako 4 erantzun-fitxategiak sortuko dira, Osasun Sailak bidalitako fitxategiarekin alderatu ondoren.
c) Erantzun-fitxategiak:
Erantzun-fitxategiak 4 izango dira, eta honako hauek jasoko dituzte:
1.fitxategia: Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitutakoak. Bertan, sarrera-fitxategiko erregistroak sartuko dira, baldin eta gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan baja emanda ez dagoen hautagairen bat aurkitzen bada.
2. fitxategia: beste autonomia-erkidego batean aurkitutakoak. Bertan, gutxienez, baja emanda ez dagoen hautagairen bat duten erregistroak sartuko dira, baina horietako batek ere ezin du Euskal Autonomia Erkidegoan egon.
3. fitxategia: bajan aurkitutakoak. Bertan, gutxienez hautagai bat duten erregistroak sartuko dira, baina denak baja emanda. Alta emanda dagoen bat eta bajan dagoen beste bat agertzen badira, hemen ez da ezer erregistratuko, baina bai, ordea, 1. edo 2. fitxategian.
4. fitxategia: aurkitu gabeak.
Laugarrena.– Jarraipen-batzordea.
Jarraipen-batzorde bat sortuko da hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko. Batzorde horrek ebatziko ditu hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen arazoak.
Batzordea alderdi bakoitzeko hiru ordezkariz osatuko da, eta beharrezkoa den guztietan bilduko da.
Honako hauek osatuko dute hitzarmenaren jarraipen-batzordea:
– EINen aldetik:
Estatistika Demografikoen Zuzendariordetza Nagusiko bi lagun.
Estatistika Koordinatu eta Planifikatzeko Zuzendariordetza Nagusiko lagun bat.
– Osasun Sailaren aldetik:
Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendariordetzako titularra.
Aseguramendu Zerbitzuko Burutzako titularra.
Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak izendatutako lagun bat, osasun-txartel indibidualaren unitate bateko arduraduna.
Estatistika Demografikoen Zuzendariordetza Nagusiko titularra edo haren ordezkoa izango da batzordeburu. Idazkari gisa, aseguramendu sanitarioaren arloan eskumena duen zuzendariordetza nagusiko titularrak izendatutako funtzionario bat arituko da.
Batzordeburuak deituta bilduko da batzordea, alderdietako edozeinek beharrezkotzat jotzen duenean, eta, gutxienez, urtean behin, hitzarmenaren garapena eta betetze-maila aztertzeko. Erabakietan berdinketa egonez gero, batzordeburuari dagokio kalitateko botoa ematea haiek ebazteko.
Jarraipen-batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean ezarritakoaren araberakoa izango da.
Bosgarrena.– Finantzaketa.
Ez da inongo kontraprestazio ekonomikorik sortuko alderdien artean hitzarmen honetan hartutako konpromisoak betetzearen eta garatzearen ondorioz, eta hitzarmenak ez die gasturik eragingo erakunde sinatzaileei.
Seigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau alderdien adostasunarekin gauzatuko da, eta eraginkorra izango da Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu ondoren, eta indarrean jarraituko du lau urtez, erregistro horretan inskribatzen denetik zenbatzen hasita. Halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeari kalterik egin gabe. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabakitzerik izango dute hitzarmena berariaz luzatzea, gehienez ere beste lau urtez. Horretarako, legez nahitaezkoak diren izapideak egin beharko dira, erregistro horretan inskribatzea barne. Zortzi urte horiek igaro ondoren, hitzarmena iraungita geratuko da, eta hitzarmeneko konpromisoekin jarraitu nahi izanez gero, beste hitzarmen bat sinatu beharko da.
Zazpigarrena.– Kontratuko betebeharrak eta hartutako konpromisoak ez betetzea.
Hitzarmen hau sinatzen duen alderdietako edozeinek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu, gehienez ere bi hilabeteko epean betetzeko eskatuko zaio. Errekerimendua hitzarmenaren jarraipen-batzordeari jakinaraziko zaio (laugarren klausulan xedatuta daude batzorde horri buruzkoak).
Baldin errekerimenduan adierazitako epea igaro eta ez betetzeak oraindik badirau, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko dio badagoela hitzarmena suntsitzeko arrazoia, eta hitzarmena suntsitua dagoela ulertuko da.
Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Lankidetza-hitzarmen hau bi alderdiak ados jarrita alda daiteke, alderdietako edozeinek proposatuta. Horretarako, dagokion aldaketa-gehigarria sinatu beharko dute, hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik formalizatuta.
Bederatzigarrena.– Hitzarmena azkentzeko eta suntsiarazteko arrazoiak.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen honen xedea bete delako edo suntsiarazteko arrazoiren bat izan delako azkenduko da.
Suntsiarazteko arrazoi izango dira:
Indarraldia amaitzea, hitzarmenaren luzapena adostu gabe.
Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
Sinatzaileren batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak.
Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.
Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo legeetan aurreikusita badago.
Hitzarmena zazpigarren klausulan arautzen ez diren arrazoiengatik suntsiarazten bada, bi alderdiak ados egon gabe, suntsitu nahi duen alderdiak beste alderdiari jakinarazi beharko zaio modu frogagarrian, gutxienez bi hilabete lehenago.
Hitzarmena hitzarmenean bertan edo legean aurreikusitako edozein arrazoirengatik suntsiarazten bada, jarraipen-batzordeak ezarriko du zer epe dagoen hitzarmen honetatik eratorrita gauzatzen ari diren jarduketak amaitzeko, eta epe hori luzaezina izango da.
Hamargarrena.– Araubide juridiko eta jurisdikzio aplikagarria.
Hitzarmen hau hitzarmen administratibo bat da, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitartekoak izango ditu arau.
Hitzarmen hau interpretatzean, aldatzean, garatzean eta aplikatzean sor daitezkeen ondoreetatik sortutako auziak hitzarmen honetan aurreikusitako jarraipen-batzordeak ebatziko ditu. Alderdiek ez balute akordiorik lortuko, hitzarmena indarrean dagoen bitartean sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko lirateke, uztailaren 13ko 29/1998 Lege arautzailearen arabera.
Eta ados daudela adierazteko, hitzarmena sinatu dute honako hauek:
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Erakundeko lehendakariak eskuordetuta. Ebazpena, 2022ko urriaren 24koa, Estatistikako Institutu Nazionalaren Lehendakaritzarena (urriaren 28ko BOE).
Estatistikako Institutu Nazionaleko Estatistika Plangintzaren eta Prozesuen zuzendari nagusia,
CARLOS JAVIER BALLANO FERNÁNDEZ.
RSS