Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2023ko azaroaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5365

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 14koa, Industria Administrazioaren Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez berritzen baita Asociación Empresarial de Fontanería, Saneamiento, Gas, Calefacción y Afines de Vizcaya (Afonvi) elkartearen baimena, baimendutako profesionalak prestatzeko aitortutako erakunde gisa.

Espedientea: 48/EX-D-2023-2.

AURREKARIAK:

Bat.– ?2023ko uztailaren 13an, Asociación Empresarial de Fontanería, Saneamiento, Gas, Calefacción y Afines de Vizcaya (Afonvi) erakundearen ordezkariak, ondoko espezialitateetan baimendutako profesionalak prestatzeko aitortutako erakunde gisa baimena berritzeko eskaera aurkeztu zuen Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan.

– Barruko ur-instalazioak (IA).

– Gas instalazioak (IGA, IGB, IGC).

– Instalazio termikoak eraikinetan (IMT).

– Petrolio ekoizkin likidoak (ICL1, ICL2, RCL3).

– Fluordun gasak dituzten ekipoen maneiatzailea (GF1, GF2, GF4).

Bi.– Eskabide horrekin batera, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitako eskakizun eta baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ziren. Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen ditu dekretu horrek. Aurkeztutakoak honako hauek dira:

– Erakundea identifikatzeko datuak. Egoitzaren helbidea: Jon Arrospide kalea, 14 (sarrera Iruña kaleko aldapatik), 48014 Bilbao.

– Erakundeak dagozkion prestakuntza-ekintzak emateko dituen instalazioen eta giza baliabideen eta baliabide teknikoen deskribapena.

– Garatuko diren ikastaroei buruzko zehaztapenak, aurreikusitako gaiak, metodologia, antolakuntza eta ebaluazio-sistemak xehetasunez azalduta.

– Ikastaroen zati praktikoa emateko, honako instalazio hauek lagatzeko akordioa:

– Santurtziko Pajares kaleko 34an dagoen CIFP San Jorge LHII.

– Portugaleteko Miguel de Unamuno kaleko 19an dagoen CIFP Repelega LHII.

Hiru.– Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Administrazio Industrialeko eta Energetikoko teknikariak, 2023ko azaroaren 13an, berritze-baimenaren aldeko txostena eman dio Asociación Empresarial de Fontanería, Saneamiento, Gas, Calefacción y Afines de Vizcaya (Afonvi) enpresari aitortutako erakunde gisa jarduteko.

Espedientearen ebazpenean, honako hauek hartu behar dira kontuan eta berariaz aipatu:

OINARRI JURIDIKOAK:

Bat.– Industria Administrazioaren Bizkaiko lurralde-ordezkaria da ebazpen hau ezartzeko organo eskuduna, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) ezarritakoaren arabera.

Bi.– Industria segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26. artikuluan ezartzen denez, egun prestakuntza-ikastaroak emateko aitortuta dauden entitateek 5 urterik behin berritu beharko dute baimena, dekretu horren 25. artikuluan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Hiru.– Ondorioz, eskatzaileak aurkeztutako agirietan ikusten denez, Asociación Empresarial de Fontanería, Saneamiento, Gas, Calefacción y Afines de Vizcaya (Afonvi) erakundeak baditu aipatutako dekretuko 22. artikuluan eskatzen diren gutxieneko instalazioak; zehazki, aitortutako erakundearen akreditazioa jasotzeko direnak. Instalazioak, bestalde, Bizkaiko Lurralde Historikoan daude.

Lau.– Labur esanda, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretu horretan ezarritakoari jarraituz izapidetu da prozedura, eta, halaber, erakunde eskatzaileak, bere aldetik, dekretu horren 25. artikuluan jasotako egiaztagiri nahikoa aurkeztu ditu.

Aipatutako lege-manuak eta oro har eta gai honetan aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Industria segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Asociación Empresarial de Fontanería, Saneamiento, Gas, Calefacción y Afines de Vizcaya (Afonvi) erakundeari profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko baimena berritzea, honako espezialitate hauetan:

– Barruko ur-instalazioak (IA).

– Gas instalazioak (IGA, IGB, IGC).

– Instalazio termikoak eraikinetan (IMT).

– Petrolio ekoizkin likidoak (ICL1, ICL2, RCL3).

– Fluordun gasak dituzten ekipoen maneiatzailea (GF1, GF2, GF4).

2.– Erakunde horrek baimena du Bizkaiko Lurralde Historikoan dauden eta akreditazioa duten instalazioetan ikastaroak emateko. Eskolak beste instalazio batzuetan eman nahi baditu, baimena eskatu beharko du horretarako eskumena duen lurralde-ordezkaritzan, eta egiaztatu beharko du instalazio horiek betetzen dituztela martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzak.

3.– Aitortutako erakunde orok bete beharko ditu legezko xedapenek eta erregelamenduzkoek ezartzen dituzten eginbeharrak; bereziki, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitakoak.

4.– Aitortutako erakundeek galdu egingo dute aitortutako erakundearen kalifikazioa, baldin eta ez badituzte betetzen aipatu dekretuan xedatutako betebeharrak eta konpromisoak edo aplikatu behar diren bestelako arauak.

5.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.

6.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Bilbao, 2023ko azaroaren 14a.

Industria Administrazioaren Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

Adolfo González Berruete.


Azterketa dokumentala