Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2023ko azaroaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5354

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Ingurumen-Adierazpen Estrategikoa.

AURREKARIAK

2015eko otsailaren 27an, Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) berrikuspenaren ingurumen-jasangarritasuneko txostenaren erreferentzia-agiria eman zen, hauetan xedatutakoaren indarrez: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorra, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Santurtziko Udalak jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, planaren aurrerapen-agiria jendaurrean jarrita bi hilez, 2016ko apirilaren 14ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko (70. zk.) iragarki baten bidez.

2020ko urriaren 29an, Udalak Planaren hasierako onarpena erabaki zuen, eta, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, jendaurrean jarri zuen 75 egun naturalez, 2020ko azaroaren 26ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko (228. zk.) iragarki baten bidez. Guztira, 193 alegazio jaso ziren, eta 12, epez kanpo. 2022ko maiatzaren 26an, Udalak, bigarrenez, hasierako onarpena erabaki zuen, eta jendaurreko informaziorako lehendabiziko epean jasotako alegazioak eta idatziak ebatzi zituen. Plana eta ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jarri zituen berriro, 45 egun balioduneko epean, 2022ko ekainaren 3ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko (106. zk.) iragarki baten bidez. Ondoren, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Santurtziko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Bigarren jendaurreko informazio-aldian, herritarrek 68 idazki aurkeztu zituzten, eta, kontsulten bidez, 22 erantzun jaso ziren.

2022ko abenduaren 20an, Planaren bigarren hasierako onarpena jendaurrean jarrita egon zen aldian jasotako alegazioak ebazteko txostena egin zen, proposamenak baietsi, zati batean baietsi eta ezetsita. Egun horretan bertan, Planaren dokumentazioa aurkeztu zen, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, behin-behinean onartzeko. Planaren memorian zegoen jasota administrazio publikoen aldetik jasotako txosten eta alegazioentzako erantzuna. 2023ko urtarrilaren 26an, behin-behinean onartu zen Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko agiria (2022ko abenduaren 20an aurkeztu zena), baita plan horretan jasotako ingurumen-azterketa estrategikoa ere.

2023ko azaroaren 10ean, Santurtziko Udalak Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskaera osatu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoari eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren esparruan, 18. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz. Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu, ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duen neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Gainera, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluaren arabera, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen planei eta programei, eta horien aldaketei eta berrikuspenei, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie, II.A eranskinean zehazten denari jarraikiz; izan ere, aipatu eranskin horretan jasotako planen eta programen artean daude hiri-antolamenduko plan orokorrak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Santurtziko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta erreferentziako dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren xedea da 1998tik indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako indarreko hirigintza-plangintza berrikustea. Planaren eremua Santurtziko udal-mugarte osoa da, 8,76 km2-ko azalera duena.

Planaren irizpide orokorra lurzoru-kontsumo zentzuzko eta jasangarria da, hazkunde berrien aldean hiri-birgaitzea eta -berroneratzea lehenetsita.

Planaren gainerako irizpideetatik batzuk hauek dira: kultur ondarea babestu eta sustatzea, ur-ibilguak babestea, Serantes mendiaren erabilera ludikoa mendiaren natur eta kultur balioen babesarekin uztartzea, eta udalerriko lurzoruak babestea, natur balio bereziagatik eraldatu edo suntsitu behar ez direnak, hain zuzen.

Planak garapen jasangarria bultzatzen du, eta, horretarako, hirian hutsik dauden lekuak betetzea proposatzen du, eta hiri-eremu degradatuak birgaitzea, bizitegi-eraikinak birgaituta eta lurzoru eraldatuetan jarduketa ekonomikoak ezartzeko aukera berriak sortuta (batik bat AE-2 Balparda y AE-1 Etxe-Uli exekuzio-eremuak). Planak SR-1 Lauaxeta sektorea garatzeko soilik aurreikusten du lurzoru naturala urbanizatzea (gaur egun nekazaritza-erabilera du); lurzoru urbanizagarri gisa ageri da indarreko plangintzan.

Planak honela sailkatzen du udal-mugarteko lurzorua: hiri-lurzorua, lurzoru urbanizagarria eta lurzoru urbanizaezina. Hiri-lurzoruaren barnean, Planak bizitegietarako hiri-lurzorua eta jarduketa ekonomikoetarako hiri-lurzorua bereizten ditu. Bizitegietarako hiri-lurzoruari dagokionez, Planak eraikigarritasun txikiko eremuak birdentsifikatzeari ematen dio lehentasuna, baita eremu degradatuak zerbitzu hornitzeari eta auzoak berroneratzeari, hiri-kirurgiako esku-hartzeen bidez. Lurzoru artifizializatua birgaitzea da asmoa, eta iraungo duten eraikinentzako zerbitzuak hobetzea. Kasu batzuetan, zuzkidura-jarduketen bidez, jasodurak baimentzen dira eraikin zaharrenetan, mehelinen arteko eraikinen erlaitzak altueran berdintzeko. Beste batzuetan, berroneratzeko, eraikinak eraitsiko dira, eta berriak eraiki, auzotarrek bertan jarrai dezaten, baina gaur egungo baldintzetara egokitutako etxebizitzetan. Era berean, Planak antolamenduan jasotzen dituen etxebizitzen irisgarritasuna hobetuko da bitarteko mekanikoen bidez, eta bide berriak urbanizatuko dira, irisgarritasuna hobetzeko.

Bizitegietarako hiri-lurzoruan, hauek zehazten dira:

– Jarduketa isolatuak: AA-1 Kueto (1 etxebizitza bloke), AAK Kueto-Ospitaleko malda (hiri-berroneratzea, urbanizatze-obrak) eta AAV Villar (azpiegitura- eta zerbitzu-zuzkidura, eta urbanizatzea; 32 eraikin finkatuko dira eta, hutsik dauden lurzatietan, 9 etxebizitza eraiki ahal izango dira).

– Egikaritze-unitateak: UE-1 Lauaxeta (2 etxebizitza bloke), UE-2 Hermanos Larrarte (2 etxebizitza bloke), egikaritze-unitateak: UE-3 Oyancas (4 etxebizitza bloke), UE– 4 JJ Mendizabal (ELSL eta 1 etxebizitza bloke), UE-5 Cuesta del Hospital Bajo (hiri-berroneratzea eta 2 etxebizitza bloke eraikitzea), UE-6 Las Viñas (hiri-berroneratzea, 5 etxebizitza bloke), UE-7 El Bullón (bide-jarraitutasuna eta 6 etxebizitza bloke), UE-8 Fontuso-Cuesta del Hospital Alto (urbanizatzea eta 4 etxebizitza bloke), UE-9 Regales (hiri-berroneratzea eta 2 etxebizitza bloke), UE-10 Ranzari (hiri-berroneratze eta 4 etxebizitza bloke).

Gainera, 31 zuzkidura-jarduketa aurreikusi dira.

Bestalde, Planak hiri-berroneratzeko jarduketak eta eraikinak birgaitzekoak barne hartzen ditu bizitegi-eremu hauetan: arrantzaleak etxetaldea, Aurora Voldosola etxetaldea eta San Juan de Dios etxetaldea.

Jarduketa-ekonomikoetarako hiri-lurzoruak aurreko plangintzan zehaztutakoak dira. Jarduketa-ekonomikoetarako, bi exekuzio-unitate zehazten dira: UE AE-1 Fabregas (1 eraikin, erabilera tertziariokoa) eta UE AE.– 2 Balparda (epai judizial irmo baten bidez baliogabetutako HAPB batekoa; Planak sektorea berregituratzea proposatzen du, eta sarbidea handitzea, eremuak hiri-bideak izan ditzan).

Bizitegietarako hiri-lurzoruan, SR-1 Lauaxeta sektorea zehazten da; bide-amaierako eta eraikinetarako sektorea, udalerriaren hego-mendebaldean. Plan partzial baten bidez garatuko da, eta 191 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da.

Bestalde, lurzoru urbanizagarrian, jarduketa-ekonomikoetarako hiru sektore zehazten dira: SAE-1 Etxe-Uli (plan partzial baten bidez garatuko da; arazoa da kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak dituela, eta Ballonti erreka dagoela), SAE-2 Butano (egungoen ordez ezarri daitezkeen lurzatiak eta eraikinak antolatzea, dagokion plan partzialaren bidez, eta garbigunea kokatzea) eta SAE-3 Depósitos (industria-jarduketen ondoriozko lurzoru kutsatuak eta degradatuak oneratzea, jarduketa ekonomikoetarako beste erabilera batzuk ezartzea, dagokion plan partziala garatuta).

Planeko bizitegi-eskaintza hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan zertuko da. Laburbilduz, Planean eskaintzen den etxebizitza kopuruaren hazkundea 1.316koa da, LAGen berrikuspeneko bizitegi-kuantifikazioan zehazten den gehieneko kopurua (2.234 etxebizitza) baino gutxiago dena.

Ekipamenduei dagokienez, eta Udalak egindako parte hartzeko prozesuaren arabera, uste da Santurtzik ekipamendu-maila egokia duela, biztanleria kontuan hartuta. Planak ekipamendu hauek zedarritzen ditu: ludiko-kulturala (LKU), kiroletakoa (KI), administraziokoa (AD), asistentziala (AS), sanitarioa (SA), irakaskuntzakoa (IR) eta hotelak (H).

Udalaren administrazio-sistema orokorraren kasuan, kontuan hartu da beharrezkoa dela handitzea, herritarrei zerbitzu hobea emateko; gaur egun barreiatuta dauden udal-lokalak zentralizatzea udaletxeari erantsitako orubean eta San Juan de Dios ekipamendu sanitario pribatuan.

Irakaskuntza-sistema orokorrari dagokionez, udalerriko biztanleria handitu egingo denez, eta, esaterako, Itsasoko Ama ikastetxea ezin denez handitu, Planak irakaskuntzarako erreserbatu du eremu bat Vista Alegren, eta irakaskuntzarako lurzati bat askatzea Kueton (prestakuntza dualerako campus bat sortzea proposatzen da). Planak, halaber, ikastetxe erlijiosoak berregituratzea jasotzen du; esaterako, Gurutzearen Alabak Santa Eulaliaren patronatuaren instalazioetara lekualdatzea.

Bestalde, Kaiko sistema ludiko-kultural orokorra zehazten da: Arrantzaleen Kofradia kokatuta dagoen etxe-uharte osoa hartuko du, kaian, Santurtziko parkearen alboan. Asmoa da erabilera sorta ahalik eta handiena izan dezala, eta ondare eraikia birgaitzea, erabilera publikoa izan dezan.

Azkenik, aintzat hartu dira bizitegi-erabilera Portalada eremutik kentzea eta udal-ekipamenduetarako lurzorua erreserbatzea eskatzen zuten alegazio ugariak; ondorioz, Planak Portaladan zuzkidura publikoko jarduketa bat zehazten du, eta, hala, etxebizitza-eraikinak eraitsiko dira eta eremua berroneratuko duen ekipamendu publiko bat eraikitzea aurreikusi da.

Bide-sareari dagokionez, Planak proposamen zuhurra egiten du; ingurumen- edo paisaia-inpaktu handiko eragiketak ekidin dira, eta irisgarri egiten ditu, lurzoru-kolonizazioa txikiagotuta, Planak antolamenduan sartzen ditu etxebizitzak. Planak Kabiezestik udalerrirako sarbideari hirugarren erreia gehitzea proposatzen du, eta San Juan de Rompeolasera Vista Alegretik sartzeko bidea zabaltzea (gaur egun, semaforoz araututa dago). Bide-sarea oinezkoen bideekin eta bidegorriekin osatuko da, mugikortasun jasangarria sustatzeko eta bultzatzeko. Halaber, Planak kontuan hartu du Santurtziko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (2019), Bizkaiko bidegorri-sarea integratuta (Ortuella Santurtzi eta Zierbenarekin bidegorriz lotzekoa).

Eremu libreen sistemari dagokionez, Kuetoko eremu librearen sistema orokorra aipatu behar da, Kuetoko begiralekuarena. Halaber, Serantes parkea aipatu behar da, barne hartzen dituena, Fuerte, Mazo eta Polvorin instalazio militar zaharrak. Parke horri dagokionez, Planak ezartzen du plan berezi bat behar dela egungo eraikinak eta eraikin balizkoak antolatzeko, basoberritze-ereduak ezartzeko, erabilera ludikoa, babes bereziak, etab.

Ingurune fisikoari eta naturalari dagozkion proposamenek barne hartzen du udalerriko lurzoru urbanizaezinaren antolamendua; alegia, udal-mugartearen mendebaldea, Serantes mendia dena elementu interesgarriena. Planaren arabera, udalerrian ez dago landagunerik.

Planak, hiri-lurzoru urbanizaezinari dagokionez, lurralde-antolamenduko kategoria hauek zehazten ditu:

– Nekazaritza eta abeltzaintzako eremua, eta landazabala, honela azpibanatuta: balio estrategiko handia (BEH) eta trantsizioko landa-paisaia (TLP).

– Lurrazaleko urak babesteko eremua (LUB).

– Babes bereziko eremua (BB).

– Ingurumena hobetzeko eremua (IH).

Planak honela definitzen du lurzoru urbanizaezineko kategoria bakoitza:

– Balio estrategiko handia: nekazaritza eta abeltzaintzako lurzoruak. A-8 autobidearen hegoaldean dagoen zerrenda bat da, udalerriaren mendebaldeko erdian, Ballonti errekaren alboan. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arauketaren arabera, nekazaritza-erabilerarako zaindu behar diren lurzoruak dira.

– Trantsizioko landa-paisaia: udalerriko lurzoru urbanizaezinen gehiengoa dira, kuantitaboki. Serantes mendiaren magalak nabarmentzen dira, baita ur-ibilguak edota hiri-lurzorua ere. Nekazaritza eta abeltzaintzakoa da erabilera egokia.

– Lurrazaleko uren babesa: Capetillo, Magdalena, Sorias, Ballonti eta Cercamar erreken ibilguak, eta bi zerrenda, 15 metroko zabalerakoak biak, ibilguaren alde banatan.

– Babes berezia: babes berezia behar izateko moduko ezaugarriren bat duten lurzoruak. Planak, kategoria honetan, kontuan hartu ditu erreferentzia-dokumentuan adierazten diren ingurumen-garrantziko eremuak: natura-intereseko eremuak (Zierbena eremua), interes lehenetsiko habitatak dauden eremuak (lehentasunezko habitatak eta baso autoktonoak), onura publikoko mendiak, erosio handiko lurzoruak.

Serantes mendiaren eremuan dauden babes bereziko eremuak zehatzago eta babes handiagoarekin arautu litezke mendiaren plan bereziaren bidez; Plana garatzean izapidetu beharko da.

– Ingurumen-hobekuntza: hobekuntza-jarduketaren bat behar duten lurzoruak, edo erosioa pairatu dezaketen lurzoruak. Serantes mendiaren mendebaldeko eremu zabal bat da, lurralde-antolamenduaren arabera, natura-interesekoa dena; erosio-arriskua du. Garaiera handian dago eremua, eta ia uren banalerrora arte iristen da, Santurtzi eta Zierbena arteko mugan; udalerri mugakideko lurrekin osatzen da eremua.

Planak, araudian, baldintzatzaile gainjarri hauek zehazten ditu:

– Zortasun aeronautikoa.

– Zortasun akustikoa, foru-errepideena eta trenbide-sistema orokorrarena.

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

– Erosioa izan dezaketen eremuak Muturreko erosio-prozesuak dituzten guneak.

– Uholde-arriskuko guneak: 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denbora dutenak.

– Ondare-elementuak.

– Onura publikoko mendiak.

– Natura-intereseko eremuak.

Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztu diren inpaktu akustikoari buruzko azterketen arabera (Tecnalia, 2023ko abuztua), udalerriko zenbait eremutan gainditu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen diren kalitate akustikoko helburuak.

Ingurumen-azterketa estrategikoak neurri zuzentzaile orokor batzuk jasotzen ditu, hirigintza-garapen berrien exekuzio-fasean aplikagarriak direnak Tartean, obrak neurriak hartu behar direla, hain zuzen ere, gai hauen gainean: hautsa barreiatzeak eragindako eragozpenak, obren zarata, hondakin-sorrera eta -kudeaketa, argi-kutsadura, jariatze-uren erasana, ibilguen erasana, etab. Era berean, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen gaineko legedia aplikagarria bete behar da, baita hondakin, indusketa-soberakinen kudeaketa, ondare eta zaratari buruzkoak ere. Azkenik, eraikin berrietan energia-efizientziako eta ur-kontsumoa aurrezteko neurriak sartzea beharrezkoa dela aipatzen da. Natur baliabideak kontserbatzeko neurriei dagokienez, ingurumen-azterketa estrategikoak paisaia-integrazioko azterketak sartzea aipatzen du, beharrezkoak badira, eta espezie mehatxatuen laukietako lurzoruak eraldatzeko jarduketen aurretik prospekzio-jarduketa egitea, baita, ahal den neurrian, zuhaitz autoktonoen multzoak errespetatzea eta landareztatzeetan espezie autoktonoak erabiltzea ere, besteak beste.

Ondorioz, Planaren hiri-garapeneko proposamenek, funtsean, hiri-lurzoruetan dute eragina –ingurumen-balio nabarmenik gabekoak–, bai eta eraldatutako eta, batzuetan, degradatutako inguruneetan eta indarreko plangintzak jada urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruetan ere. KAHak gainditzen diren hiri-berrikuntzako eremuetan dagozkien Babes Akustiko Bereziko Eremuak eta zona-planak zehazten dira. Ingurumenaren ikuspegitik, planteamendu hau oso positiboa da. Proposamenak ez du eragin negatiborik intereseko landaredian, faunan, eremu babestuetan edo natura-inguruneko beste elementu garrantzitsu batzuetan. Arrisku nagusiak kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei lotutakoak dira. Bestalde, Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak eta Planak lotura izatea positibotzat hartu daiteke, klima-aldaketaren eragina mugatzearen aldetik. Lurzoru ez-urbanizagarrian, Planaren zonakatzeak, baldintzatzaile gainjarriekin osatuta, egokiro babesten ditu udal-mugarteko natura-balioak.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2015eko otsailaren 27ko Ebazpenaren bidez emandako erreferentzia-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako erreferentzia-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Planak bermatuko du udalerriko baso autoktonoak eta Batasunaren intereseko habitatak babestuko direla, eta, horretarako, lurzoru urbanizaezinaren antolamendu-kategoriei gainjarritako baldintzatzaile batean sartuko ditu, bat etorriz 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak (Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoak), Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legea onartzen duen 1/2014 Legegintzako Dekretuak eta Lurralde Antolamendurako Gidalerroek ezarritakoarekin bat.

Kutsa dezaketen jarduketak edo instalazioak dauden lurzoruen mugaketa Planaren «I-06 Baldintzatzaile gainjarriak planoa»n adierazten da –Planaren araudiaren 2.9.21 artikuluaren arabera, antolamenduari gainjarritako baldintzatzaile bat dira– eta inbentarioan jasotako eremuen mugaketarekin eguneratuko da, eta, hala badagokio, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako lurzorua kutsa dezaketen jarduketak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzatien mugaketarekin eguneratuko da.

Serantes mendiaren Kontserbazio eta Babes Plan Bereziaren helburuen artean –Planaren 2.9.28 artikuluan daude jasota– sartu beharko dira flora mehatxatua duten eremuak, Europako interesa duten habitatak eta, hala badagokio, baso autoktonoak babestu eta kontserbatzeko helburuak, baita eremu eta habitat horien arrisku-faktoreak ezabatzea ere.

Bisoi europarraren (Musteola lutreola) kudeaketa-planean jasotako hobetu beharreko tarteetan egiten diren proiektuak erribera lehengoratzen eta bisoi europarraren habitata birsortzen saiatuko dira, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren I. eranskinaren 2.2.1 artikuluari jarraikiz.

Planeko araudiaren 2.9.5 artikuluaren arabera (lurzoru urbanizaezineko lurzatien itxierari buruzkoa da), lurzatiak heskai bizien bidez itxiko dira, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak erabilita. Itxitura mota horrekin, hesi natural bat eratuko da lurzatien artean, iragazkorra faunarentzat. Gainera, korridore ekologikoaren funtzioa beteko du toki-mailan. Faunarentzat iragazkorrak diren beste itxitura mota bat dira zurezko hesiak (oholen artean tartea dutenak, eta lurzorura 25 cm-ko tartea uzten dutenak), hesi elektrifikatuak edo alanbrezko sareak (sare-begi handikoak), lurzorura 25 cm-ko tartea utzita, baina ez dute korridore ekologikoaren funtzioa betetzen.

D.2.– Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari eta jabari publiko hidraulikoaren babesari buruzko neurriak.

Itsas-lehorreko jabari publikoari edo babes-zortasunari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, ur eta itsasertzen arloko organismo eskudunen aldez aurreko baimena beharko da. Baimenean, obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko dira, eta, hala dagokionean, behar diren zehaztapenak ezarriko dira.

Bidenabar, itsasoko eta lurreko jabari publikoarekiko mugakide diren lurretarako Itsasertzen Legeriak ezartzen dituen mugapenez eta 196/1997 Dekretuak, itsasoko eta lurreko jabari publikoko babeserako zortasun-zonetako erabileren baimenei buruzkoak, araututako jardunbideaz gain, nahitaez bete beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 ataleko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko erregulazioak.

Nolanahi ere, Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiaren 47. artikuluan jasotako txostena emateko eskumena duten administrazioek ezartzen dutena bete beharko da, hirigintza- eta lurralde-plangintzari buruzko txostenak emateari dagokionez.

Jabari publiko hidraulikoan eta horri lotutako babes-eremuetan egiten diren jarduketek dagokion administrazio hidraulikoaren aldez aurreko baimena beharko dute.

Edonola ere, Plana garatzeko tresnek justifikatu beharko dute aurreikusitako jarduketek ez dutela uholdeen aurreko kalteberatasuna areagotuko, ez eta hurbileko ingurunearen eta ibaian beherako ingurunearen uholde-arriskua nabarmen areagotuko edo hiri-eremuko uholdeen aurkako defentsa-jarduketak baldintzatuko ere.

Urbanizatu behar diren eremu berrietako drainatze-sistemari dagokionez, Planean (44. artikulua), EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPean (E.4 apartatua) eta Uraren Euskal Agentziaren 2022ko uztailaren 29ko txostenean ezarritakoaren arabera, komenigarritzat jotzen da urbanizazio berriek, ahal den neurrian, drainatze jasangarriko sistemak izatea (zoladura iragazkorrak erabiltzea, etab.), jariatze-uren emaria egungoa baino handiagoa bada, konpentsatu ahal izateko, egoki husteko edo kalterik ez eragiteko.

SAE.1 Etxe-Uli eta UE AE-2 Balparda eremuen hirigintza-fitxak EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAParen zehaztapenak barnean hartuko dituzte, eremu horiei aplikatzeko direnak, hain zuzen.

D.3.– Uren kalitatea babesteko neurriak.

Ballonti ibaiak SAE.1 Etxe-Uli industria-sektore urbanizagarrian estalita jarraitzeko proposamenari dagokionez, Ballonti ibaiko uren gaineko kalitate-arauak betetzen direla bermatu beharko da, ubideak ez dezan jaso gainean daukan hondakindegiko lixibiatu kutsaturik.

Plan hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dute.

Hala garatutako eremuetan nola sortu berrietan, saneamendu-kolektoreetara konektatzen diren isurketek Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu eta arazketa zerbitzua emateko ordenantza arautzailea bete beharko dute. Horretarako, kolektorera isurtzeko baimena izapidetu beharko da isurketak kontrolatzeko sailarekin. Baimen horretan, isurketak kasuan kasuko HUAren funtzionamendu ona bermatzeko bete behar dituen baldintzatzaileak jasota egongo dira, eta, partzuergoaren sare primariora zuzenean isurtzea beharrezkoa bada, behar den aurrerapenarekin eskatu beharko da dagokion baimena.

D.4.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzera zuzendutako neurriak.

Garatzeko zenbait eremu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan daude.

Garatzeko zenbait eremu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan badaude, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutako egoeraren bat gertatzen bada.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, lurzoruaren kalitatearen deklarazioa antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen egin beharko da; edo, bestela, jarduera urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Lurzoruaren kalitatearen ikerketak eta lehengoratze-neurrien diseinua eta exekuzioa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera akreditatutako erakundeek gauzatu beharko dituzte (Lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen du dekretu horrek).

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan dauden eremuen hirigintza-fitxetan berariaz aipatuko dira jarduera edo instalazio horiek, kokalekuaren erreferentzia-kodea adierazita.

D.5.– Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Planaren hirigintza-arau partikularrek, eremu bakoitzean, barnean hartu beharko dituzte antolamendu xehea duten eremuen inpaktu akustikoari buruzko azterketetan (Tecnalia, 2023ko abuztua) ezarritako baldintzak, eremuetako bakoitzari dagokion babes akustiko bereziko eremuaren mugaketa eta kasuan kasuko zona-planeko zehaztapenak barne. Eremu bakoitzean, gutxienez, hauek zehaztuko dira:

– Eremu akustikoa, aplikagarriak diren kalitate akustikoaren helburuak eta horien betetze-maila.

– Aipatutako azterketa akustikoan planteatutako baldintzak eta neurri zuzentzaileak, KAH aplikagarriak betetzen ez direla detektatu den exekuzio-unitate bakoitzerako.

– Eraikinen barrualdean kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla bermatzeko hartu beharreko neurriak.

– Bibrazio-mailen ebaluazioa egiteko derrigortasuna, aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, beharrezkoak izanez gero, neurri zuzentzaileak ezartzeko, trenbide-ardatz batetik 75 metrora baino gutxiagora eraikinak eraikitzea aurreikusten duten etorkizuneko hirigintza-garapenetarako.

Hala, batik bat UE AE 1 Fábregas garatzeko (portuari zerbitzu ematen dion trenbide-azpiegituratik gertu dago), berariazko bibrazio-azterketa bat egingo da trenbide-azpiegiturak etorkizuneko garapenean izan dezakeen eraginaz, eta, beharrezkoa bada, aurreikusitako erabilera soinu- eta bibrazio-mailekin bateragarria izatea bermatzeko behar diren neurriak hartuko dira.

Eraikinen barne-espazioen zehaztapenean kontuan hartuko da erabileren barne-banaketa. Hala, zaratarekiko sentikorrenak diren erabilerak fatxada isilenetan kokatuko dira. Nolanahi ere, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak barnealdeetarako ezartzen dituen kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira. Isolatze-balioak exekuzio-proiektuan justifikatu beharko dira, Eraikingintzaren Kode Teknikoan jasotako Zaratarekiko babesa HR oinarrizko dokumentuko zehaztapenei jarraikiz, kontuan hartuta erabiliko diren beira, arotzeria eta fatxada motak, fatxada-baoaren bolumena eta barnealdeko egongelen neurriak.

SR-1 Lauaxeta, A AE1 Etxe-Uli, SAE2 Butano eta S AE 3 Depósitos eremuak garatzeko antolamenduek (Planak ez du horietarako antolamendu xeherik jasotzen) barnean hartu beharko dute inpaktu akustikoari buruzko azterketa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluari jarraikiz.

Errepideen zortasun-eremuaren barruan dauden eremuetarako kontuan hartu beharko da urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan –azpiegitura autonomikoen zortasun akustikoko eremuaren ondorioei buruzkoan– zehaztutakoa.

D.6.– Lurraldearen paisaia-lehengoratzerako neurriak.

Bertako baldintza bioklimatikoetara egokitutako eta gutxieneko mantentze-lana behar duten landare-espezie autoktonoak erabiliko dira garapen-planetan eta proiektuetan sartzen diren eremuak lehengoratzeko eta, oro har, espazio libreak diseinatzeko. Hala badagokio, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira. Planaren esparruko berdeguneak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo bestelakoak). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartu beharko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

Zenbait jarduketa egiteko, paisaia-integrazioko azterketak beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kasu horietan, eskakizun hori eremu horietako arau partikularretan sartzeko beharra baloratu beharko da.

D.7.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, Ihoberen Eraikuntza jasangarrirako gidan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kantitatea edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Planak kontuan hartuko du, eraikitzeko udal-lizentzia emateko, etxebizitza kolektiboko eraikinen proiektuek garajeetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko behar diren aurreinstalazioak jaso beharko dituztela.

Eraikinak ahalik eta energia-efizientzia handiena lortzeko eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko diseinatuko dira. Ahal den neurrian, «kontsumo energetiko ia nulua» duten eraikinak lortzeko ahalegina egingo da.

Era berean, argiteria publikoan ahalik eta aurrezpen eta efizientzia handiena lortzea izango da xede.

D.8.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, erosketa publikoan, obra-kontratuak egikaritzeko klausula administratiboen baldintza-agirietan eta preskripzio tekniko partikularren agirietan adieraziko dira haietako bakoitzerako erabili beharreko azpiproduktuen, bigarren mailako lehengaien, material birziklatuen edo berrerabilerarako prestatzeko prozesuetatik eratorrien ehunekoak. Gutxienez, % 40an erabiliko dira material horiek, behar bezala justifikatutako arrazoi teknikoak direla-eta ehuneko hori murriztea beharrezkoa denean izan ezik.

D.9.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapenak gauzatzen diren bitarterako.

Urbanizazio- edo eraikuntza-obretan, obretako jardunbide egokitzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean aplikatzeko direnak. Zehazki, honako neurri hauek aplikatuko dira:

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek behar bezala bete beharko dituzte Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-neurriak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Plana lortzeko, eraisketak egingo dira hiri-eremu degradatuetan. Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, eraisketak egin aurretik, amianto-arriskua duten enpresen erregistroan inskribatutako enpresa batek lan-plan aurkeztu beharko dio lan-agintaritzari, onar dezan, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

– Kultur ondarearen babesa: balizko arkeologia guneetan egiten den obrak orok Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena izan beharko du. Aldundiak erabakiko du aurrez esku-hartze arkeologikoko proiektu bat egin behar den, ondare-inpaktua aztertzeko. Arkeologia- eta historia-intereseko objekturik edo aztarna materialik aurkitzen bada, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 74. artikuluan (4. eta 5. apartatuak) ezarritakoari jarraituko zaio.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Ingurumen-azterlan estrategikoak gainbegiratze-programa bat deskribatzen du, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako zehaztapenak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoez bestelako ingurumen-ondorioak detektatzeko. Udalak, ingurumen-jarraipenaren kontrol-organo den aldetik, lortutako emaitzen jarraipena egingo du bi urtean behin, eta, lortutako balioen arabera, hainbat xede zehaztuko ditu Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren indarraldian betetzeko.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta ingurumen-azterketa estrategikoan, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean eta Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2015eko otsailaren 27ko Ebazpenaren bidez eginiko erreferentzia-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lehendik artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera lehenestea, ingurumen-baliabideak era jasangarrian erabiltzea, naturagune babestuen kontserbazioa, Batasunaren intereseko habitatak errespetatzea, lurraldearen gaineko esku-hartzeak egoki integratzea paisaian, eta, konpentsazioaren aurretik, kalteen prebentzioa lehenestea.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Santurtziko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroak 13.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala