Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2023ko azaroaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5336

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 8koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zarauzko Errotaberri 24 eremuaren Plan Partzialean 4C lurzatiari dagokionez egin beharreko aldaketa puntualaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa.

AURREKARIAK

Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko irailaren 27ko Ebazpenaren bidez, EAED-179INET espedientearen esparruan, Zarauzko Errotaberri 24 Eremuaren Plan Partzialean 4C lurzatiari dagokionez egin beharreko Aldaketa Puntualaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

2023ko apirilaren 17an egindako bilkuran, Zarauzko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onespena eman zion Errotaberri 24 eremuko plan partzialean 4C lurzatiari dagokionez egin beharreko aldaketaren dokumentuari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Zarauzko Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, 2023ko apirilaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko (78. zenbakia) iragarkiaren bidez. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.

Zarauzko Udalak, 2023-08-07ko ziurtagiri baten bidez, jendaurreko informazioaren aldian alegazio bakarra aurkeztu zela adierazi zuen, eta alegazio horren edukia igorri zuen, administrazio publikoei entzuteko izapidean jasotako txostenekin batera; horien emaitza eta edukia administrazio-espedientean jasota daude.

2023ko abuztuaren 18an, Zarauzko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Zarauzko Errotaberri 24 Eremuaren Plan Partzialean 4C lurzatiari dagokionez egin beharreko Aldaketa Puntualaren (aurrerantzean, Plana) Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiteko.

Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: Plan Partzialaren behin betiko proposamena (hasierako onespenerako dokumentua), 2022ko abendukoa; Ingurumen Azterketa Estrategikoa, 2022ko abendukoa; eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-eragin nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumenaren babes-maila handia bermatuko du eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, plan, programa eta proiektuen lanketan, ezarpenean, onarpenean eta baimentzean ingurumen-alderdiak integratuko ditu, ingurumenaren aldetik bideragarriak diren alternatibak aztertu eta hautatuko ditu, ingurumenaren gaineko eragin kaltegarriak prebenitu, zuzendu eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen- eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A. eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei –hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilera– erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan, eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Zarauzko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Planak ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zarauzko Errotaberri 24 Eremuaren Plan Partzialean 4C lurzatiari dagokionez egin beharreko Aldaketa Puntualaren ingurumen-adierazpena formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren eremua Errotaberri 24 Eremua da, Zarauzko hiri-sarearen hegoaldean kokatua, Errotaberri industrialdean. Zehazki, 4C lurzatiari dagokio, zeinak 1.871 m2-ko azalera baitu. Iparraldean, industrialdeko Urteta Bidearekin egiten du muga; ekialdean, 4B lurzatiarekin; mendebaldean, PE-19 lurzatiarekin; eta hegoaldean, lurzoru urbanizaezinarekin.

Planaren xedea zera da, Zarauzko Errotaberri 24 Eremuaren Plan Partzialaren zehaztapenen zati baten antolamendua doitzea, 4C lurzatian transformazio-azpiestazio elektriko bat finkatzeko, existitzen diren lineen aprobetxamendua eta zerbitzuaren kalitatea hobetze aldera. Planak antolamendu xehatuaren parametroak baino ez ditu aldatzen, irabazizko eraikigarritasuna eta zehaztutako sistema orokorrak aldatu gabe.

Laburbilduz, planaren helburu nagusiak honako hauek dira:

– Plan Partzialaren erabilerak aldatzea, 4. industria-lurzatian 1. motako 2. erabilera (energia elektrikoko sarea) berariaz jaso dezan; erabilera produktiboarekin bateragarriak eta onargarriak direnen artean dago erabilera hori.

– 4. lurzatian eraikuntzaren lerrokadurak eta lurzatiaren okupazioa berraztertzea, transformazio-azpiestazioa (TA) ezartzea ahalbidetuko duen hirigintza-antolamendua egite aldera.

– 4. lurzatiaren barruan sor daitezkeen balizko azpilurzati pribatuen arteko bide-zortasuna bermatzea, Plan Partzialaren eskakizunak betetzeko.

– Plan Partzialaren araudia aldatzea lurzati-itxierei dagokienez, halako instalazioetarako araudi espezifikoan ezarritako baldintzak betetzea ahalbidetzeko (337/2014 Errege Dekretua, maiatzaren 9koa, goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko Erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak –01. JTO-GTEtik 23.era bitartean– onartzen dituena).

Indarrean dagoen Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (aurrerantzean, HAPO), 2007ko azaroaren 28an onartutako Errotaberri 24 Eremuaren Plan Partzialean zehaztutakoa jasotzen du. Ildo horretan, 24 Errotaberri Eremua lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzen du, erabilera global produktiboaren kalifikazioarekin. Gaur egun, eremuaren urbanizazio orokorra gauzatzen ari da, faseka, eta dagoeneko partzialki garatuta dago.

4. industria-lurzatiak 5.223 m2-ko azalera du, guztira. Zehazki, 4C lurzatiak (aurreikuspenen arabera, bertan ezarriko da transformazio-azpiestazioa) 1.871 m2-ko azalera du. Bestalde, PE-19 lurzatiak –mendebaldetik aurrekoarekin mugakide denak– 1.955 m2-ko azalera du.

Planak honako aldaketa hauek jasotzen ditu:

– Baimendutako erabilerak: gaur egun 4C lurzatian erabilera produktiboa dago baimenduta (7. erabilera). Planak, Plan Partzialaren erabilera bateragarri eta onargarrien artean, erabilera produktiboarekin batera, energia elektrikoko sare gisako erabilera jasotzen du (2. erabilera, 1. mota), egikaritze-eremuan nagusi den ekoizpen- eta industria-erabilerarekin bateragarria.

– Lurzati eraikigarriaren azalera: azpiestazioaren antolamendua dela-eta, beharrezkoa da esleitutako gehieneko okupazioa aldatzea eta Plan Partzialaren arabera eraikigarriak ez diren zatiak okupatzea.

– Alde batetik, Planak 4C eta PE-19 lurzatien arteko atzeraemangunea 10 metrotik 5 metrora murrizten du, eraikuntzarik gabeko gune hori aprobetxatuz lurzati mugakideen arteko pasabide edo bide pribatua eraikitzeko.

– Bestalde, PE-19 lurzatiaren aurrealdea udal-errepidearen eta toki-sareko errepidearen arteko trantsizio-eremu bat denez, zortasun-eremuaren atzeraemangunea txikiagotu ahalko da, zehazki, 7 metrora murriztuz galtzadarantz eta 5 metrora lurzatiaren mugaraino.

– Adierazitako distantziak errespetatzen dituen lurzati eraikigarriaren azalera bat zehaztu da, 1.249 m2-koa, Plan Partzialak jasotzen zuena (1.173 m2) baino handiagoa.

– Lurzati mugakideetara igarotzeko bide-zorra: bide-zorra PE-19 merkataritza-lurzatian sortzeko aukera planteatzen da, lurzati pribatuan izan beharrean; hala, gainerako azpilurzatiek behar den bidearen bitartez izango lukete sarbidea. Gune hori 4. lurzatiaren PE-19 lurzatiaren gaineko bide-zortasun gisa zehaztuko litzateke, eta haren eraikuntza, kontserbazioa eta mantentzea 4. lurzatiaren kontura izango dira.

– Eraikuntza-profila eta altuerak: «sotoa + etxabea + 2 solairu» profila izango du, indarrean dagoen Plan Partzialean zehaztutako «sotoa + etxabea + 1 solairu» profilaren ordez. Egungo araudiaren arabera, eraikinek 12 metro baino gutxiagoko altuera izango dute, komunikazio-antena eta goi-tentsioko dorreak kenduta; industria-instalazio berezi gisa justifikatuta daude horiek. Gainera, energia elektrikoko sare gisako erabilerari lotutako jardueretarako, Planak eraikin prefabrikatuak ezartzeko aukera ematen du, barne-neurriak egungo Plan Partzialaren araudian adierazitakoekin bat ez etorri arren.

– Proiektu bakarraren beharra: 4C azpilurzatian egingo diren eraikuntzak gainerako 4A eta 4B azpilurzatietan egingo direnetatik independenteak izateko aukera ematen da, lurzati osorako proiektu bakar bat eduki behar izan gabe.

– Lurzati pribatuen itxiturak: salbuespen batzuk ezartzen dira Plan Partzialean zehaztutako lurzati-itxituren ezaugarriei dagokienez, kasu justifikatuetan –adibidez, aztergai dugunean–, eta aukera ematen da azpiestazioetarako existitzen diren itxitura normalizatuak baliatzeko, betiere 337/2014 Errege Dekretuan jasotako xedapenak eta haren Jarraibide Tekniko Osagarriak betetzen badituzte.

Zehazki, 4C lurzatian, azpiestazioak funtziona dezan, honako hauek instalatuko dira: GIS eraikin bat (Gas Insulated Switchgear), 132 kV-ko gelaxkekin, bi GTMI eraikin (goi-tentsioko multzo integralak), 30 kV-ko gelaxkekin, kontrol- eta -komunikazio eraikina, antena mugakide batekin, eta bi transformadore elektriko trifasiko, 132/30 kV-koak (aldamenean maniobrak egiteko guneak behar dira, transformadoreak haien gelaxketara sartu eta haietatik ateratzeko, tentsio-dorreetarako eta abarretarako).

Gaur egungo zerbitzua hobetzeko beharra justifikatuta, Errotaberri auzoan dagoen azpiestazioa handitzerik ez dagoenez, azpiestazioa Errotaberri 24 Eremuan ezartzea hautatu aurretik beste kokapen-aukera batzuk aztertu ziren, batez ere lurzoru urbanizaezinean kokatzeko, baina ezetsi egin ziren, lurzoru agrologikoa okupatu behar zelako, eta sartzeko eta hurbileko lineekin konektatzeko arazoak eragiten zituztelako, baita arrisku naturalak ere. Azpiestazioa ezartzeko Errotaberri 24 Eremua aukeratu ondoren, era berean, bi kokapen-aukera aztertu ziren, 4B eta 4C lurzatiak, hurrenez hurren, eta, azkenean, azpiestazioa 4C lurzatian ezartzea erabaki zen, baldintza hobeak dituelako.

Halaber, 4C lurzatiaren barruan, 4 antolamendu-aukera posible aztertu dira, eta azkenean D aukera hautatu da. Azken horretan, ibilgailuak PE-19 eta 4C lurzatien artean igaroko dira, PE-19 lurzatiaren barruan, eta bide pribatua 5 m-ra murriztuko da. Horrenbestez, PE-19 lurzatiaren azalera eraikigarria 1.249 m2-koa izango da (Plan Partzialak 1.173 m2-koa aurreikusten du).

Plana garatzeko, azpiestazioaren eraikuntza-proiektu bat eta horri lotutako linea elektrikoa gauzatzeko beste bat aurreikusten dira.

Planaren eremua artifizial bihurtutako eremu bat da, Errotaberri 24 Eremuan egiten ari diren urbanizazio-obren ondorioz. Ildo horretan, eremuaren intereseko balio natural nagusia hegoaldera hedatzen den zuhaitz-masa txiki bat da, besterik gabe, existitzen den linea elektrikoaren aire-zortasunaren eta Urteta Bidea errepidearen artekoa.

Eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Oriako unitate hidrologikoan dago. Zehazki, Ińurritza ibaiaren isurialdean dago (Ińurritza-A ur-masa gisa dago identifikatuta hori). Ibilgua egikaritze-eremutik 150dik gora metro mendebaldera igarotzen da, gaur egun garatzen ari diren beste lursail batzuek bereizita, Errotaberri 24 Eremuaren barnean. Bestalde, 100 m mendebaldera (gutxi gorabehera) Basarte erreka dago. Aipatzekoa da EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren kartografiaren arabera, egikaritze-eremuaren iparraldean, industrialdeko bidetik erreka bat igaroko litzatekeela, 1-10 km2-ko isurialde-arrokoa.

Egikaritze-eremuko material litologikoak honako hauek dira funtsean: hareharriak –batzuetan kareharriak– eta lutitak, porositateagatiko iragazkortasun txikikoak.

Aztergai den eremua Zumaia-Irun lurpeko ur-masaren gainean dago. Egikaritze-eremutik hurbil, lehen aipatutako ibilguen inguruan, Ipar Antiklinorioa domeinuko Zumaia-Irun lurpeko ur-masa kuaternarioen sektorea identifikatzen da. Haren mugaketa bat dator, funtsean, interes hidrogeologikoko gune batekin ere. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren Gune Babestuen Erregistroaren arabera, mantenugai-ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen bilketa-gune batean dago egikaritze-eremua.

Egikaritze-eremuak gaur egun duen artifizializazio-maila kontuan hartuta, ez du landaredi askorik, edo espezie erruderal eta nitrofiloetara mugatzen da. Egikaritze-eremutik kanpo, hegoaldean, haritzen baso-masa txiki bat dago.

Egikaritze-eremua Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan aipatutako hegazti-fauna ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko babes-eremuen artean sartzen den Pagoeta-Urteta sektoretik hurbil dago –agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatu eta hegazti-faunaren babes-eremuak argitaratu ziren–. Aipatutako eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, Goi-tentsioko linea elektrikoetako hegaztien elektrokuzioaren eta talken ondoriozko heriotzak murrizteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz.

Ez dago jasota interes geologikoko tokirik dagoenik, eta, era berean, ez dago naturagune babesturik, natura-intereseko beste ezein gunerik, ez dago lotuta EAEko Igarobide Ekologikoen Sarearekin eta ez dago kudeaketa-plan bat duen fauna-espezie mehatxaturik. Aipatzekoa da mendebaldean, Basarte erreka dagoen tokian, Ińurritzako paduraren (A1G3 kodea) hegoaldeko muturra dagoela; padura hori Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planeko hezeguneen inbentarioan bilduta dago, I. taldearen barruan.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, arestian adierazitako ibai-ibilguak «Zarautz» Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) daude bilduta (ES017-GIP-ORI-01 kodea). Hala ere, UAHE horrekin lotutako uholde-arriskuko eremuek ez dute eraginik 4C lurzatian.

Bestelako arriskuei dagokienez, egikaritze-eremuak oso kalteberatasun txikia du azpian dituen akuiferoen kutsadurari dagokionez.

Egikaritze-eremuaren barruan ez da identifikatu Kultura Ondasun izendatutako arkitektura-intereseko elementurik. Alabaina, arkeologia-ondareari dagokionez, egikaritze-eremuaren barruan bi Balizko Arkeologia Gune daude, Ontziola (ageriko egiturarik gabe) (E) –9. fitxa–, eta Errotaberri errota (D) –10. fitxa–, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko irailaren 17ko Erabakiaren bidez aitortuak (ebazpen horren bidez, 1997ko irailaren 11ko erabakiak iragartzen ziren, hau da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko hainbat udalerri Balizko Arkeologia Gune aitortzen zituzten erabakiak). Era berean, inguruan dauden Bombas Itur enpresaren industria-eraikinak eta Errotaberri baserriak ondare-interesa dute; azken horren kasuan, tokiko babesa ematea proposatu da.

Zarauzko Zarata Mapa Totalaren arabera (2018), egikaritze-eremuan 60 dB(A) baino gutxiagoko soinu-mailak identifikatu dira egunez eta arratsaldez, eta 50 dB(A) baino txikiagokoak, berriz, gauez.

B) Ebazpen hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko irailaren 27ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, Ingurumen Azterketa Estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren txostenaren arabera, ACTEO enpresak 2022ko apirilean egindako prospekzio arkeologikoa osatuko da, orubearen balio arkeologikoari buruzko aurretiazko azterlan bat eginez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua aplikatuz. Zehazki, azterketan, Ontziola eta Errotaberri errota Balizko Arkeologia Guneen babesaren identitatea hartuko da kontuan (Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko irailaren 17ko Ebazpena [EHAA, 208. zk., 1997-10-30]), eta errekaren ibilguan eta inguruetan errotari eratxikitako instalazioak egon daitezkeela.

4. lurzatian aipatutako instalazioen hondarrak kontserbatu badira, eta programatutako obra-proiektua eta lur-mugimenduak bateraezinak badira hura kontserbatzearekin, dokumentazio arkeologikoaren eta fotogrametrikoaren bidez erregistratu beharko dira.

Horrez gain, lur-mugimenduak egingo diren gunean, baliabide mekanikoak erabiliz, ebaluazio-zundaketa programa bat egiteko eskatzen da. Lur-mugimendu horiek eragindako azalera erreferentziatzat hartuta, 2 x 2 m-ko zundaketa bat egingo da lur-mugimenduen 5 x 5 m-ko modulu bakoitzeko. Hori egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiari baimen-eskaera bat aurkeztuko zaio, dagokion proiektuarekin batera. Proiektu horretan bertan, Errotaberri errotari eratxikitako instalazioen hondarrak erregistratzeko eta dokumentatzeko lanak sartuko dira, prospekzio-lan osagarrietan identifikatu badira.

Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.2.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Aurreikusitako instalazioa lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat hartzen da. Beraz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, jardueraren titularrak lurzoruaren egoerari buruzko txostenak aurkeztu beharko ditu ingurumen-organoaren aurrean, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 8. artikuluan aurreikusitakoak, dekretu horren VII. eranskinean deskribatzen den edukiarekin eta irismenarekin, dagokion maiztasunarekin, aipatutako artikuluan adierazitakoaren arabera.

D.3.– Zaraten eraginak murrizteko neurriak.

Aurkeztutako azterlan akustikoan ondorioztatzen denez, bete egingo dira industria-erabilerako lurzorua nagusi den lurralde-eremu/sektoreetako jarduera berrietan aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak.

Nolanahi ere, azterlan horrek azpiestazioan proiektatutako bi transformadoreetako baten eragin akustikoa soilik aztertzen du, zeinaren kasuan L formako su-hesi bat eta alboko pantaila akustiko bat jartzea aurreikusten baita, emisio-balioak nabarmen murrizteko neurri gisa. Aldaketa puntual honetan aurreikusitako bigarren transformadorea ezarriz gero, aplikatu beharreko zarata-immisioaren balioak betetzen direla ziurtatzeko neurri egokiak hartu beharko dira.

Hala, aurrekoa gorabehera, aldaketa hau garatzeko proiektuak justifikatu eta bermatu beharko du industria-erabilerako lurzorua nagusi den lurralde-eremu/sektoreetako jarduera berrietan aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak beteko direla, bai eta inguruko bizitegi-erabilerako eraikinetan eta gainerako erabilera sentikorretan aplikatu beharrekoak ere, azkenean ezarriko diren foku akustiko igorle guztiak kontuan hartuta.

Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere, besteak beste.

Obrak egitean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko.

D.4.– Planaren garapena ingurumenean integratzeko neurriak.

Garapen-proiektuan ingurumen- eta paisaia-lehengoratzea definituko dira, landareztatu daitezkeen garapenaren egikaritzearen eraginpeko gune guztiak barne hartuta.

D.5.– Aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean ingurumena babesteko neurri orokorrak.

Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurriak aplikatu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Lurzoruen babesa: Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarbideak egitea eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, lurzatiaren hegoaldean dagoen hostozabalen masa kaltetu gabe; halaber, zuzenean okupatu behar ez diren eremuetan ez da mozte- eta eskokatze-lanik egingo.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Zarauzko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Egunez egingo dira lanak, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

D.6.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Aipatutako egikaritze-eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea da gidaliburu horren helburua.

Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Eraikinen barne-kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

D.7.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio Planaren ingurumen-jarraipenak, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

Urbanizazio-proiektuak obretan zehar egin beharreko kontrolak zehaztu beharko ditu, bereziki Balizko Arkeologia Guneekin lotutakoak. Kontrol bakoitzerako, kontrol-parametroak, metodologia, aldizkakotasuna eta atalase-balioak zehaztuko dira, besteak beste.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2022ko irailaren 27an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; sortutako hondakinak egoki kudeatzea; egikaritze-eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Zarauzko Errotaberri 24 Eremuaren Plan Partzialean 4C lurzatiari dagokionez egin beharreko Aldaketa Puntuala onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Zarauzko Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 8a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala