Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2023ko azaroaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5335

171/2023 DEKRETUA, 2023ko azaroaren 14koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematen diona Sociedad Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematen diena sozietate horren estatutuen 2. artikulua aldatzeko adostasuna emateko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietate publikoaren kapital sozialean parte hartzen du, eta haren akziodun nagusia da.

Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia S.A. sozietatearen xedea da industria-arloko ekimena eta inbertsioa suspertzea eta sustatzea, industria-pabiloien multzo bat eraikiz, haren ustiapena kudeatuz, lokalak eta zerbitzuak sustatuz eta merkaturatuz, eta bertan ezarri nahi diren enpresak hautatuz eta gonbidatuz, teknologia aurreratuko jarduerak egingo dituzten enpresak, bereziki produktu, prozesu eta zerbitzuei aplikatutako elektronikaren eta informatikaren arloa sustatuz (hardwarea eta softwarea).

Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietateak kapital-gehikuntza batera jo behar du hainbat inbertsio finantzatzeko.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak baimena eskatu du Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Baimen hori beharrezkoa da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 110.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina). Izan ere, artikulu horrek ezartzen duenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana.

Aurreikusitako eragiketan, kapital-gehikuntza horretan SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundeak 1.476.383 eurorekin parte hartuko du, hau da, proposatutako gehikuntzaren % 73,82. Beraz, Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SAn izango duen partaidetza sozietate-kapitalaren % 73,82koa izango da.

Kapital-gehikuntzak kapital-sozietateen estatutu sozialen artikulua berridaztea dakar. Hori dela eta, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua aplikatu behar da. Artikulu horrek ezartzen duenez, zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo Instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko eta aldatzeko baiezkoa eman baino lehen, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatearen gainetik dagoen saileko buruak elkarrekin proposatuta.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko azaroaren 14an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematea Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-gehikuntzan milioi bat laurehun eta hirurogeita hamasei mila hirurehun eta laurogeita hiru (1.476.383) euroz parte hartzeko. Zenbateko hori gehikuntzaren % 73,82 da. Eragiketa horren ondoren, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak % 73,82ko partaidetza izango du sozietate horretan.

2. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titularitatekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea kapital-gehikuntzaren ondorioz Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko. Artikulu horren idazketak sozietatearen kapitalaren zenbateko berria jasoko du.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala