Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2023ko azaroaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

HEZKUNTZA SAILA
5329

AGINDUA, 2023ko azaroaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, karrerako funtzionario izendatzen dira 2022ko irailaren 22ko eta azaroaren 30eko Aginduen bidez deitutako iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautatuak izan diren izangaiak.

Hezkuntzako sailburuaren 2023ko ekainaren 21eko Aginduaren bidez, Hezkuntzako sailburuaren 2022ko irailaren 22ko eta azaroaren 30eko Aginduen bidez deitutako iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautatutako izangaien behin betiko zerrendak argitaratu ziren. 2023ko ekainaren 21eko Agindu hori sailburu beraren 2023ko uztailaren 3ko Aginduak aldatu zuen.

Era berean, Hezkuntzako sailburuaren 2023ko uztailaren 26ko Aginduaren bidez, aipatutako egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautatutako pertsonen zerrenda osagarria argitaratu zen, bai eta karrerako funtzionario izendatzeko eskubideak galdu zituzten pertsonen zerrenda ere, uko egiteagatik edo deialdian eskatutako baldintzak ez betetzeagatik. Eta sailburu beraren 2023ko urriaren 30eko Aginduaren bidez, bigarren zerrenda osagarri bat argitaratu zen.

Hezkuntzako sailburuaren irailaren 22ko eta azaroaren 30eko Agindu horien 9. oinarrian zehaztutakoarekin bat etorriz, hautatutakoak karrerako funtzionario izendatuko dira deialdi horietan ezarritako parte hartzeko baldintza orokorrak eta espezifikoak betetzen dituztela egiaztatu ondoren eta azterketa medikoa gainditu ondoren. Hala ere, ezinbesteko arrazoiengatik azterketa mediko horretan ebaluatu ezin izan direnen kasuan, izendapena atzeratu egingo da, azterketa gainditu arte.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musika eta Arte Eszenikoetako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoetako eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko karrerako funtzionario izendatzea Hezkuntzako sailburuaren 2022ko irailaren 22ko Aginduaren bidez deitutako iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautatutako pertsonak. I. eranskinean daude zerrendatuta pertsona horiek.

Hala ere, esleitutako erregistro pertsonalaren zenbakiaren (EPZ) ondoren (1. HE) edo (2. HE) adierazita agertzen diren pertsonen kasuan, karrerako funtzionario izendatzeko, 3 edo 5 urteko epean egiaztatu beharko dute adierazitako hizkuntza-eskakizuna, kasuaren arabera, lanpostuaz jabetzen direnetik, Hezkuntzako sailburuaren 2022ko irailaren 22ko Aginduaren 2.1.f oinarriaren 2. paragrafotik 6.era aurreikusitako kasuren batean egoteagatik.

Bigarrena.– Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten Kidegoko karrerako funtzionario izendatzea Hezkuntzako sailburuaren 2022ko azaroaren 30eko Aginduaren bidez deitutako iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautatutako pertsonak. II. eranskinean daude zerrendatuta pertsona horiek.

Hala ere, esleitutako erregistro pertsonalaren zenbakiaren (EPZ) ondoren (HE1) adierazita agertzen diren pertsonen kasuan, karrerako funtzionario izendatzeko, lanpostuaz jabetu eta 3 urteko epean adierazitako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharko dute, Hezkuntzako sailburuaren 2022ko azaroaren 30eko Aginduaren 2.1.f oinarriaren 2. paragrafoan aurreikusitako kasuan egoteagatik.

Hirugarrena.– Ezinbesteko arrazoiengatik aipatutako aginduen 8.3 eta 8.4 oinarrietan aurreikusitako azterketa medikoan ebaluatu ezin izan diren pertsonak karrerako funtzionario izendatzea atzeratzea, eta izendapena azterketa horretan gaitzat jotzearen baldintzapean uztea. III. eranskinean daude zerrendatuta pertsona horiek.

Laugarrena.– I. eta II. eranskinetan adierazitako pertsonentzat agindu honen arabera egindako izendapenek 2023ko abenduaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak; pertsona horiek egun horretan hartu beharko dute jabetza, ezinbesteko egoeretan izan ezik.

Bosgarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala