Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2023ko azaroaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5308

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 13koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, euskara ikastaroetarako eskaintza egiteko bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei bai IVAPekin lankidetza hitzarmena berritu duten herri erakundeetako langileei, 2023-2024 ikasturteko bigarren lauhilekorako.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskadiko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileentzako eta IVAPekin lankidetza hitzarmena berritu duten herri-erakundeetako langileentzako 2023-2024 ikasturteko bigarren lauhilekorako ikastaro-deialdia onartzea, 1., 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunetarako, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 13.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen eta herri-erakundeetako langileen hizkuntza-gaikuntza eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena.– Parte-hartzaileak.

1.– Erakunde hauetako enplegatu publikoek parte har dezakete Hizkuntza Prestakuntzako Zerbitzuaren deialdi honetan:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileek.

Nolanahi, deialdi honetan ezin izango dute parte hartu honako hauek: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek, Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzura diharduten irakasleek, Ertzaintzaren langileek eta Justizia Administrazioko langileek. Langile horiek guztiek beren eremuetarako berariaz ezarritako deialdietan parte hartuko dute, nahi izanez gero, bere dimentsioaren eta behar espezifikoen arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udal- eta foru-administrazioek eta haien erakunde autonomoek.

c) Eusko Legebiltzarrak eta lurralde historikoetako Batzar Nagusiek.

d) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Arartekoak eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoak.

e) Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileek.

f) Lan Harremanen Kontseiluak eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak.

2.– Ebazpen honetan araututako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jasotzekotan, honako baldintza hauek bete beharko dituzte aurreko paragrafoan adierazitako erakunde publikoek, hain zuzen ere, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan adierazitakoak:

2.1.– Hizkuntza Normalkuntza Plana izan beharko dute onetsia, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.2.– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin, aldez aurretik lankidetza-hitzarmen bat eduki behar dute sinatuta, eta berrituta, aipatutako aginduaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

3.– Edonola ere, bere aurrekontu-baliabideen neurrian eskainiko du IVAPek hizkuntza-prestakuntza hau.

Hirugarrena.– Arau orokorrak eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

Ondoren zerrendatutako gaiak arautzeko 2023-2024 ikasturteko deialdi nagusietako oinarriak aplikatuko dira:

– Ordu-kredituari buruzko araubidea.

– Administrazioko taldeen osaera.

– Matrikula-orriaren bitartez eskolatzea.

– Eskolara joatearen eta asistentziaren gaineko kontrola.

– Ikastaroetan berandu hastea.

– Ikastaroak behin betiko uztea.

– Ikastaroen aprobetxamendu irizpideak.

– Eskainitako moduluak (egunean 2/3 ordukoak, trinkoak).

Administrazioko taldeak osatze aldera, deialdi osagarri honetan mailaketa-proba bakarra egingo da.

Aipatutakoak arautzeko, bi ebazpenok hartuko dira kontuan:

Batetik, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei dagokienez, erreferentzia zera izango da: 2023ko maiatzaren 3an IVAPeko zuzendariak emandako Ebazpena, 2023-2024 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2023-05-15eko EHAA; 90. zenbakia).

Bestetik, IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei dagokienez, erreferentzia zera izango da: 2023ko maiatzaren 3an IVAPeko zuzendariak emandako Ebazpena, 2023-2024 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2023-05-15eko EHAA; 90. zenbakia).

Laugarrena.– Interesdunak bete beharreko baldintzak.

Oraingo deialdi honetan otsailetik ekainera artekoa eskatzeko aukera izango dute interesatuek, betiere baldintza hauek betetzekotan:

a) Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, otsailerako ikastaro trinkoak besterik ezingo dute eskatu, hau da, bost orduko ikastaroak edo barnetegia.

b) Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatzerik izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.

Modulu-aldaketei dagokienez, oraingo deialdi honetan ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi.

Betiere HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute.

c) 2023ko urrian ikastaroa hasi ez dutenek ordu-kreditu positiboa izan behar dute, otsailean eskolaratzeko.

Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroak.

5.1.– Lanorduetako ikastaroen eskaintza.

Ebazpen honen II. eta III. eranskinetan adierazten dira deialdi honetan zein modulu eta ikastaro eskaintzen diren lanorduetan egiteko.

Deialdi hau 2023-2024 ikasturteko bigarrena da, eta bertan egiten den ikastaro-eskaintza mugatua da, gorago aipatu diren 2023ko maiatzaren 3ko Ebazpenetan iragarri bezala.

II. eranskinean, IVAPek antolatutako aurrez aurreko ikastaroetarako aurreikusitako moduluak jasotzen dira, baita horien ordutegia eta egutegia ere. IVAPek ahalmena du egoki irizten dituen egokitzapenak egiteko, bai hasierako eta amaierako datetan, bai eranskin horretan adierazitako ordutegietan. Gainera, modulu edo ordutegi jakin batean taldea osatzeko ikasle-kopuru nahikorik ez badago, komenigarri jotzen dituen aldaketak proposatzerik ere badu.

5.2.– Eskabideak nola egin, lanorduetako ikastaroetarako.

5.2.1.– IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeetako langileek (udalak, foru-aldundiak, UPV/EHU, etab.).

Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko. Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak grabatuko ditu, horiek besterik ez. Ondorioz, IVAPek ulertuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.

IVAPek, eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari baztertutako eskaerak zeintzuk diren.

5.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak.

Interesdunak https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean egingo du eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen edozein identifikazio-bitartekoren eta sinadura elektronikoaren bidez identifikatu ondoren. Honako helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Interesdunak ez badu https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko aukerarik, bere saileko edo erakundeko solaskideari jakinaraziko dio zein ikastaro egin nahi duen, eta hark grabatuko du eskabidea, IVAPeko euskara-ikastaroak kudeatzeko aplikazioan.

Interesdunak atxikita dituzten sailek eta erakundeek ikusgai izango dituzte lanorduetako ikastaroak egiteko jasotako eskabideak.

Sail bakoitzak kudeatuko ditu eskabideak, IVAPen aplikazio informatikoaren bidez. Sail bakoitzak eskabide horiek baimendu edo ukatuko ditu IVAPek berariaz jakinaraziko dion epean.

Ondoren, sailek eta erakundeek lanorduetako eskabideak onartu edo atzera botako dituzte.

IVAPek ulertuko du sail edo erakunde batek onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintza guztiak.

5.3.– Lanorduetako eskabideak egiteko epea.

Eskaerak IVAPeko aplikazioen bitartez bideratzeko epea hauxe izango da: azaroaren 28tik abenduaren 12ra bitartekoa.

Eusko Jaurlaritzako sailek abenduaren 15era arteko epea izango dute jasotako eskaerak izapidetzeko.

5.4.– Aldi baterako langileak eta lanorduetako ikastaroak.

Aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileak atxikita dituzten sailek eta erakundeek ziurtatu behar dute langile horiek zorrotz betetzen dituztela ikastaroak jasotzeko betekizunak (kontratatuta egotea, kontratua indarrean egotea), ikastaroak dirauen bitartean.

Horrez gain, IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakunde publikoek/sailek obligazioa izango dute ziurtatzeko zorrotz betetzen direla ikastaroak jasotzeko betekizunak (kontratatuta egotea, kontratua indarrean egotea), ikastaroak dirauen bitartean.

Seigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.

6.1.– Ikastaroen eskaintza lanorduz kanpo.

Lanorduz kanpoko ikastaroen ezaugarriak deialdi honen III. eranskinean adierazten dira.

6.2.– Eskabideak nola egin, lanorduz kanpoko ikastaroetarako.

6.2.1.– IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeetako langileak.

Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko. Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak grabatuko ditu, horiek besterik ez. Ondorioz, IVAPek ulertuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.

IVAPek, eskabideak aztertu eta gero, baztertutako eskaerak zein diren jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari.

6.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak lanorduz kanpoko ikastaroetarako.

Interesdunak https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean egingo du eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen edozein identifikazio-bitartekoren eta sinadura elektronikoaren bidez identifikatu ondoren. Honako helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Interesdunak ez badu https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko aukerarik, bere saileko edo erakundeko solaskideari jakinaraziko dio zein ikastaro egin nahi duen, eta hark grabatuko du bere eskabidea.

6.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak egiteko epea.

Eskaerak IVAPeko aplikazioen bitartez bideratzeko epea hauxe izango da: azaroaren 28tik abenduaren 15era bitartekoa.

6.4.– Aldi baterako langileak lanorduz kanpoko ikastaroetan.

Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko aldi baterako lan-kontratudun langileek edo bitarteko funtzionarioek egiaztatu egin beharko dute lan-hitzarmena badutela euren administrazioarekin, ikastaroak dirauen bitartean. Horretarako, lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute.

Aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeek ziurtatu beharko dute, langile horiek zorrotz betetzen dituztela ikastaroak jasotzeko betekizunak (kontratatuta egotea, kontratua indarrean egotea), ikastaroak dirauen bitartean.

6.5.– Matrikula-orriaren bidez finantzatutako ikastaroak kudeatzea.

Lanorduz kanpoko ikastaroak matrikula-orriaren bidez kudeatuko dira.

Euskaltegi homologatuetako ikastaroetan lanorduz kanpo egin beharreko ikastaroen eskaintza deialdi honen III. eranskinean dago jasota.

IVAPek matrikula-orri bat emango dio euskara-ikastaroetan parte hartzeko baimena duen langileari, baimendutako moduluan matrikula dadin, hark aukeratutako euskaltegi homologatuan.

Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea, ikastaroa hasi baino lehen.

IVAPa arduratuko da matrikula ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon behar du.

b) Egin daitezkeen ikastaroek HABEk araututakoak izan behar dute, eta deialdi honen III. eranskinean jasota egon.

Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula orria onartuko du eta kostu osoa ordainduko du. Inola ere ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko bestelako gasturik (joan-etorriak, materialak etab.).

Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo.

Ikaslea ez bada inongo euskaltegitan matrikulatzen, matrikula-orria itzuli beharko dio IVAPi.

Zazpigarrena.– Ikastaroen hasiera.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Hortaz, IVAPek bertan behera utziko ditu aurreneko egunetik eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

Lauhileko honetan moduluz aldatu diren ikasleen kasuan, ikastaro trinkoa izango da hasiera-dataren erreferentea, honela:

– Ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatu nahi duten ikasleek lehenik eta behin ikastaro trinkoa bukatu behar dute, eta ondoren aldatuko dira 2 orduko ikastarora.

– 2 orduko ikastarotik trinkora aldatu nahi duten ikasleek 2 orduko ikastaroan jarraituko dute harik eta ikastaro trinkoa hasi arte.

Zortzigarrena.– Datuen babesa.

Indarrean dagoen araudiaren arabera (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia), izaera pertsonaleko datuak «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Tratamendu horren helburua da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere.

Tratamendu horren arduraduna Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Zuzendaritza izango da, eta haren aurrean (edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko Ordezkariaren aurrean) baliatu daitezke datuen inguruko eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu, transferitu, mugatu, aurkaratu eta errebokatu; baita aplikatu beharreko araudiak aurrez ikusitako beste edozein eskubide ere.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalizazio-planaren betetze mailari buruzko ebaluazio-txostena egiteko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua); eta HABEri –Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari– (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez). Datuak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legeak kontrakoa agintzen ez badu.

Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta xehatua hemen kontsultatu dezakezu:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021500-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROAK
1.– BARNETEGIKO IKASTAROAK.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian edo Lazkaoko Maizpide euskaltegian izango dira ondorengo egutegien arabera:

Maizpide (Lazkao): otsailak 12-ekainak 21.

Aurten Bai (Zornotza): otsailak 12-ekainak 28.

Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegi horien eskaintzaren araberakoak direnez, gerta liteke aldatzea.

Matrikularen eta egonaldiaren gastuak IVAPek hartuko ditu bere gain.

2.– BOST ORDUKO IKASTAROAK.

Modulu honek egun osoko lan-liberazioa beharko du; izan ere, eskola orduez gain, ikasleak lan pertsonalerako ere beharko du denbora.

Bost orduko ikastaroek lauhileko iraupena izango dute. Deialdi honi dagokion bost orduko ikastaroa bigarren lauhilekoan egingo da. Hona hemen noiz hasi eta bukatuko diren IVAPeko taldeetako ikastaroak:

Otsailak 12-ekainak 21 (hiru ebaluaketa egingo dira).

2024ko martxoaren 28a eta apirilaren 5a eta tarteko egunak ez dira eskola egunak izango.

Matrikula gastuak IVAPek hartuko ditu bere gain.

3.– MODULU-ALDAKETAK.

3.1.– Bost orduko ikastarotik bi orduko ikastarora:

Bost orduko ikastarotik IVAPeko bi orduko talde batera aldatu diren ikasleek ondorengo egutegia izango dute: otsailak 19-ekainak 21.

2024ko martxoaren 25a eta apirilaren 5a eta tarteko egunak ez dira eskola egunak izango.

Euskaltegian matrikula-orriaren bidez matrikulatu diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia izango dute.

3.2.– Bi orduko ikastarotik bost orduko ikastarora:

Bi orduko ikastaroren batetik datozen ikasleek eranskin honen 2. puntuan adierazitako egutegia izango dute.

Matrikula-orriaren bidez matrikulatu diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia izango dute.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala