
225. zk., 2023ko azaroaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EUSKAL TRENBIDE SAREA
5290
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 9koa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Kontratazio batzorde delegatuaren presidentearena, «Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen egoitzetan vending-makinak ustiatzeko jabari publikoko emakidaren» espedientea eta gastua onartzen dituena (Vending 2024).
AURREKARIAK
Lehenengoa.– ETSren Zirkulazio eta Kudeaketa Saila Euskal Trenbide Sarearen bulegoetan vending-makinak ustiatzeko jabari publikoko emakida izapidetzen hasi zen.
Bigarrena.– Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 33.750,00 eurokoa da urteko gutxieneko kanonerako, eta zenbateko hori gorantz hobetu daiteke. Gauzatzeko epea zazpi (7) urtekoa da.
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Baldintza Partikularren Pleguaren xedea erabilera pribatiborako jabari publikoko emakida arautzea da, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 68.b artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Euskal Trenbide Sarearen bulegoetan vending-makinak instalatu eta ustiatzeko; hori guztia, kontratazio-agirietan ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.– Makinetan edari alkoholgabeak eta elikagaiak jarriko dira ETSko langileen eta trenbidearen erabiltzaileentzako. Horretarako, emakidadunak behar diren espedienteak izapidetu beharko ditu, emakida ustiatzeko eta bere jarduera gauzatzeko eska daitezkeen mota guztietako baimenak eta lizentziak bere kontura eta arriskura lortzeko.
Hirugarrena.– Aipatutako kontratuaren baldintza partikularren plegua aztertuta, behar bezala betetzen da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoa, jabari publikoko emakidei buruzkoa.
Laugarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategineko 70.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, ETSri dagokio, ondasuna atxikita duen erakundea den aldetik, administrazio-emakidei buruzko espedienteak izapidetzea.
Bosgarrena.– Baldintza orokorretan sartu beharreko edukiari dagokionez, pleguan honako hauek jasotzen dira:
– Ondasuna edo eskubidea erabiltzeko araubidea.
– Baimenak edo emakidak bete beharreko ekonomia-araubidea.
– Jarri beharreko bermea, hala badagokio.
– Kontserbazio- eta mantentze-gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak bere gain hartzea, bai eta ondasuna bere izaeraren arabera erabiltzeko eta jasotzen den egoeran entregatzeko konpromisoa ere.
– Ondasunaren erabilerak edo haren gainean egin beharreko jarduerak eskatzen dituen lizentzia eta baimen guztiak bere kontura eskuratzeko konpromisoa.
– Okupazioaren ondoriozko erantzukizuna bere gain hartzea, eta, hala badagokio, dagokion aseguru-poliza formalizatzeko betebeharra aipatzea.
– Lagatzaileak baimenaren xede den ondasuna ikuskatzeko ahalmena gordetzea, baimeneko baldintzen arabera erabiltzen dela bermatzeko.
– Luzapen- eta subrogazio-epea eta, hala badagokio, araubidea, aldez aurreko baimena beharko duena, eta
– Azkentzeko arrazoiak.
Seigarrena.– Hautatutako esleipen-prozedura izapide ireki bidezko konkurrentzia da, eta, hori zehazteko, modu osagarrian, SPKLren 156. artikulutik 158. artikulura ezarritakoari jarraituko zaio. Iragarkia EHAAn argitaratu beharko da, gutxienez kontratazio-araudian finkatutako epean. Interesdunek 30 eguneko epea izango dute eskaintzak aurkezteko.
Zazpigarrena.– Baldintza berezien pleguan emakidaren indarraldia arautzen da. Iraupenak ez du gaindituko Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 93. artikuluan ezarritako epeak.
Zortzigarrena.– Balorazio-irizpideei dagokienez, baldintza partikularren pleguan kontratua esleitzeko irizpideak zehazten dira, emakida esleitzeko irizpideak zehazten dira, eta automatikoki edo formulak aplikatuz kuantifika daitezkeen irizpideak ezartzen dira.
Horiek horrela, ETSren Kontratazio Batzorde Delegatuak honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– «Euskal Trenbide Sareko egoitzetan vending-makinak ustiatzeko jabari publikoko emakida» buruzko espedientea eta gastua onartzea.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskadiko kontratatzailearen profilean argitaratzeko agintzea.
Bilbao, 2023ko azaroaren 9a.
Kontratazio batzorde delegatuaren presidentea,
ERNESTO MARTINEZ DE CABREDO ARRIETA.
RSS