Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2023ko azaroaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5283

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Beasainen (Gipuzkoa) parke fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko uztailaren 27an, Beasaingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Beasainen (Gipuzkoa) parke fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko irailaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Beasaingo Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Beasaingo parke fotovoltaikoaren plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da 42.958 m2-ko azalera duen hirigintza-eremu bat mugatu eta antolatzea, eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezarri ahal izateko Beasainen. Instalazioak 2,178 MWp-ko xede-potentzia izango du, eta 2.805 MWh-ko urteko ekoizpena, gutxi gorabehera.

Instalazioa, zehazki, bi helburu betetzeko erabiliko da: Sasietako Mankomunitateak energia sortu nahi du, zabortegiko instalazioen kontsumorako; eta Beasaingo Udalak aurreikusita dauka energia-komunitate kooperatibo bat sortzea.

Planaren eremua Sasietako zabortegiaren hegoaldean dagoen lursail bat da; +300 kotan dago, gutxi gorabehera, Beasaingo hirigunetik 1,5 km hego-mendebaldera, landa-ingurune batean. «Idiazabal kalea»ren bideak erdibitzen du lursaila, eta zenbait azpiegiturak zeharkatzen dute, hala nola gasbide batek eta aireko hiru lineak. Horrek guztiak baldintzatu egiten du instalazio fotovoltaikoa ezartzea.

Beasaingo Arau Subsidiarioen arabera, lurzoru urbanizaezin gisa dago sailkatuta lursaila. Zehazki, iparraldeko erdia zehatz-mehatz zonakatuta dago oinarrizko azpiegituren sistema orokor gisa (Sasietako zabortegia), eta hegoaldeko beste erdia, berriz, trantsizioko landa-paisaia da, nekazaritzako eta abeltzaintzako kategorikoa, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proposatutako erabilera bategarria da indarrean dauden Arau Subsidiarioen zehaztapenekin eta Beasaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin (egun berrikusten ari dira plana). Arau Subsidiarioek honela zonakatzen dute Planaren eremua: «Sasietako eskualde zabortegia» eta «Nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko eremua (L-2)». Bi alde horietan, betiere Mankomunitatearen zerbitzu-azpiegitura gisa baimentzen da aurreikusitako erabilera, eta ezinbestekoa da interes publikokotzat deklaratzea. Bestalde, Beasaingo HAPOk erabilera fotovoltaikoa aurreikusten du eremu horretarako. Era berean, Plana bat dator Energia Berriztagarrien LPSrekin (egun, idazten ari da); izan ere, iturri berriztagarrietatik datorren energia lortzeko eskala ertaineko instalazio bat planteatzen du, eta, gainera, instalazioa ez da egongo aipatutako LPSak bazterketa-eremu gisa edo gaitasun oso txikiko eremu gisa zedarritutako eremuetan.

Planak erabilera xehatuko lau gune zehazten ditu eremuan:

– Plaka fotovoltaikoen eta transformazio-zentroen gunea (35.650 m2): Plaka fotovoltaikoak hegaletan banatuko dira, landa-bidearen alde banatan. Bi transformazio-zentro aurreikusten dira, lursailaren iparraldeko mugan. Hesitutako esparru batean kokatuko dira instalazio horiek.

– Plaka fotovoltaikorik gabeko gunea: Bat dator instalazioaren ertzeko zonekin, eta berdeguneak egingo dira hor.

– Gizarte-ekipamendurako gunea: Errezkarate baserria dagoen aldea da: egun, hormak eta teilatuaren zati bat baino ez ditu. Gune honetan, eraikina berriz eraikitzeko baimena ematen da, interpretazio-zentro bat egiteko eta energia berriztagarriekin lotutako dibulgazio-jarduerak egiteko. Eraikigarritasuna, lerrokadurak, altuera eta eraikuntza-profila finkatzen dira.

– Landa-bidea: lehenago aipatutako landa-bidea da, lursaila erdibitzen duena.

Instalaziora sartzeko, egun dauden bideak erabiliko dira, eta ez da aurreikusten ibilgailuen mugimendu handirik ustiapenean.

Aurreikuspenen arabera, instalazioa eremuaren ipar-mendebaldean dagoen 13,2 kV-ko linearekin konektatuko da, eta, hortaz, ez da aurreikusten aireko linea elektriko berririk egitea. Nolanahi ere, konexioa azkenean beste puntu batean egingo balitz, konexio-puntura iritsi arteko linea lurpetik igaroko litzateke.

Plakak hegoaldera begira jarriko dira, ahalik eta errendimendu handiena lortzeko. Egitura eremuko orografiara egokituko da, zimendatzerik egin beharrik gabe, eraisten denean lursaila hasierako egoeran egon dadin.

Panelak egitura finkoetan jarriko dira, lurzoruan ainguratuta, tinkatze-sistema baten bidez. Hartara, panelak 21 eta 42 moduluko multzoetan jarriko dira, 7 eta 14 moduluko 3 ilaratan banatuta, horizontalarekiko 10.ş-ko inklinazioarekin. Halaber, multzo horiek 9,6 m-ko tarteetan banatuko dira, iparraldetik hegoaldera, eta, gehienez ere, 3 m-ko altuera izango dute.

Bi transformazio-zentro egiteko asmoa dago (TZ), 2500 kVA-koak, inbertsorearen irteerako tentsioa 680-880 V-tik 12/30 kV-ko goi-tentsiora igotzeko. TZak hartuko dituzten etxolen gehieneko altuera 4 m izango da.

Plana parke fotovoltaikoa gauzatzeko obra-proiektuaren bidez garatuko da.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak, 0 aukeraz gainera, egungo egoerari eusteko garapen-alternatiba bat aztertzen du. 0 aukera baztertzen du, trantsizio energetikoaren bidez lortu nahi diren helburuen ildoan baitago.

Bestalde, 1. aukera onartzea justifikatzen du, haren kokapena egokiagoa delakoan halako erabileretarako. Izan ere, eremua degradatua da, ingurumen- eta paisaia-balio txikikoa, sarbide egokiak ditu, bai eta linea elektriko bat ere, aurrerago sortuko den elektrizitatea eramateko. Gainera, Beasaingo HAPOn (izapidetzen ari da) aurreikusitako erabilera fotovoltaikoko eremu bat da, eta jarduerak jasangarritasun energetikoa sustatuko luke udalerrian.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazio bat ezartzeko esparrua finkatzen du. Plana obrak gauzatzeko proiektu baten bidez garatuko da. Dokumentuak etorkizunean planaren edo programaren esparruan gauzatuko den proiektu motari buruzko nahikoa informazio jasotzen du, eta nahikoa da egiaztatzeko ez dela beharrezkoa izango haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: plana bateragarria da indarrean dauden arau subsidiarioen zehaztapenekin eta Beasaingo HAPOrekin (egun berraztertzen ari da). Horrez gain, bat dator Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialarekin (idazketa-prozesuan dago). Planak, era berean, Euskadiko 2030erako Energia Estrategian (3E2030) jasotako helburuei erantzuten die. Estrategia horrek energia berriztagarrien potentzia instalatua handitzea planteatzen du, energia-eredu jasangarriago bateranzko pausoak emateko.

Arau Subsidiarioek honela zonakatzen dute Planaren eremua: «Sasietako eskualde zabortegia» eta «Nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko eremua (L-2)». Bi alde horietan, betiere Mankomunitatearen zerbitzu-azpiegitura gisa baimentzen da aurreikusitako erabilera, eta ezinbestekoa da interes publikokotzat deklaratzea. Bestalde, Beasaingo HAPOk erabilera fotovoltaikoa aurreikusten du eremu horretarako.

Bestalde, honela egiten du bat Energia Berriztagarrien LPSarekin: eskala ertaineko instalazio bat planteatzen da, iturri berriztagarrien bidez energia lortzeko, eta, gainera, instalazioa ez da egongo aipatutako LPSak bazterketa-eremu gisa edo gaitasun oso txikiko eremu gisa zedarritutako eremuetan.

Nolanahi ere, Beasainen eguzki-instalazio fotovoltaikoa ezartzea interes publikokotzat deklaratu behar da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ebazpen bidez, hala xedatuta baitago Euskadiko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 28.5 artikuluan eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 4.2 artikuluan.

Aurrekoa kontuan hartuta, ez da bateraezintasunik ikusten hierarkian gorago dagoen plangintzarekin, betiere aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen badira.

c) Plana ingurumen-irizpideak barne hartzeko egokia den, bereziki garapen jasangarria sustatzeko: Planak energia berriztagarriko instalazio bat gauzatzea sustatzen du; beraz, ingurumen-onurak dakartza, garapen jasangarriari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari dagokienez.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afekzio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta hondakinen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez, bai eta ebazpen honetako 3. apartatuan jasotako zehaztapenak eta neurri zuzentzaileak betez ere, eta bat etorriz ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua 42.958 m2-ko lurzoru urbanizaezineko lursail bat da, Beasaingo udalerriko hego-mendebaldeko muturrean dagoena landa- eta industria-ingurune batean. Iparraldean, Sasietako zabortegia du mugakide; gainerakoan, baso- eta zuhaixka-formazioak ditu inguruan: espezie autoktonoak eta Pinus radiata espeziearen sailak. Egun, sega-belardiak mantentzeko erabiltzen da batik bat.

Aztergai dugun eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Oriako Unitate Hidrologikoan dago. Lursaila, zehazki, bi isurketa-arro hauen artean banatzen da: «Oria III» ur-masa, hego-ekialdean, eta «Estanda», ipar-ekialdean. Ibilgu nagusiak eremutik 500 metro baino urrunago daude. Gutxi gorabehera 200 metro mendebaldera, jariatze bat igarotzen da, eta Estanda ibaian isurtzen da.

Eremuaren iparraldeko erdia hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago. Ez dago interes hidrogeologikoko gunerik, eta ez da identifikatu Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan sartutako elementurik.

Eremuko landaredia, funtsean, belar-landareak dira, egun duen larre-erabilerari lotuak. Zehazki, eremua banatzen duen landa-bidearen iparraldeko lursailetan, Batasunaren Intereseko Habitat (BIH) hau dago: altitude baxuko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis) (kodea: 6510). Bide horren hegoaldeko lursailak ere larreetarako erabiltzen dira gaur egun; hala ere, eremu horrek presio handia jasan izan du lehenago, moto-kroseko pista gisa erabiltzen baitzen. Horren gain, baso-espezie autoktonoen masa txikiak eta ale bakanak ere badaude eremuaren barruan. Bestalde, lursailak mugakide ditu Pinus radiata espeziearen landareak eta hostozabalen formazio naturalak, eta, ipar-mendebaldeko muturrean, txilardi atlantikoen 4030 BIHa, Ulex sp espeziekoak nagusi direla.

Eremuko fauna landa-inguruneko eta hiri-inguruko berezko espezieak dira; ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu.

Eremua hegaztiak linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko babes-eremuko Sasieta sektorean dago. Agindu honen bidez deklaratu ziren eremu horiek: Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez mugatzen baitira mehatxupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak eta argitaratzen baitira abifaunaren babes-eremuak. Eremua zeharkatzen duten zenbait linea elektriko ez datoz bat abifauna babesteko baldintza teknikoekin. Aipatutako eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz (abifauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena). Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ekoitzitako energia elektrikoaren ebakuazioa egiteko, eremuaren ipar-mendebaldeko muturrean dagoen euskarria (13,2 kV-ko linea) erabiltzea aurreikusten da, zeinaren linea ez baitator bat aipatutako preskripzioekin.

Eremua ez dator bat naturagune babestuekin, ez eta EAEko Korridoreen Sareko elementuekin edo interes geologikoko lekuekin ere. Halaber, ez dator bat beste katalogo batzuetako espazioekin ere (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrenda).

Eremuan ez da identifikatu katalogatutako edo inbentariatutako kultura-intereseko elementurik.

Paisaiari dagokionez, EAEko Paisaien Katalogoaren arabera (2005), eremua Arriarango eta Ordiziako arro bisualen artean banatzen da. Arro horiek paisaia-balio apala dute, eta oso arruntak dira; hori dela eta, ez daude sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Bikainen Katalogoan. Eremuaren inguruko paisaia hiri-ingurukoa da, eta baso-landaketak eta industria-jarduerak dira nagusi.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak estatu-mailan egindako energia berriztagarrietarako ingurumen-zonakatzearen arabera, eremua ingurumen-sentsibilitate oso txikiko alde batean dago. Hala ere, geoEuskadin eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, lursaila energia fotovoltaikoko proiektuak ezartzeko sentsibilitate handiko eremu batean dago.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberetasuna txikia da eremuan. Era berean, eremuan ez dago lursailik lurzorua kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoenik; ez du uholde-arriskurik, eta ez da kaltebera SEVESO enpresen istripu larriekiko. Lursailak ez du baso-suteak izateko arriskurik, baina, perimetroan, baditu baso-egitura kalteberak.

Deskribapen hori kontuan hartuta, inpaktu nagusiak obra-fasean sortutakoak izango dira. Jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, emisio atmosferikoak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab.. Horrek guztiak airearen eta lurzoruaren kalitatean eragin dezake.

Plana garatzeko, 42.958 m2-ko lurzoru-azalera okupatu beharko da; hor, landare-estaldura belarkara da, nagusiki. Haren zati handi bat 6510 BIHarekin bat dator. Nolanahi ere, sustatzailearen esanetan, inpaktu hori txikia izango da; izan ere, lursailetara sartzeko, egun dagoen landa-bidea erabiliko da, eta, plaka fotovoltaikoen lerrokadurak instalatzeko, lur-mugimendu txikiak egingo dira, inken bidez bermatuta eta instalazioak lurraren morfologiara egokituta. Horrek guztiak egun dagoen landaredia ezabatzea ere mugatuko luke.

Lursailaren gaitasun agrologikoaren gaineko inpaktuei dagokienez, kontuan hartuta lursaila ez dela Balio Estrategiko Handiko lurzoru gisa identifikatzen, partez artifizializatutako eremua dela eta instalazioaren diseinuaren bidez lurzoruaren gaineko okupazioa mugatuko dela, IDEk bateragarritzat jotzen du inpaktu hori. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuak baztertu egiten du landa-lurzoruan eragin nabarmenak izatea, baina, hala ere, zenbait neurri ezartzen ditu, lursailaren ezaugarriak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapena kontserbatzeko.

Paisaiari dagokionez, aurkeztutako agirien artean, Planaren garapenak izango dituen eraginen azterketa espezifiko bat dago; hor ondorioztatzen denez, jarduketa ez da nabarmen ikusiko, eta Planean proposatutako neurriek paisaia-inpaktua murriztuko dute. Hortaz, jarduketa onargarria da ingurune horretan.

Faunari dagokionez, aurreikusitako instalazio berriak ez du berekin ekarriko aireko ebakuazio-linea berririk egitea abifaunari edo kiropteroei kalte egin diezaiekeenik, hegaztiak elektrokuziotik babesteko eremu gisa deklaratutako eremu batean. Baldintza hori dela-eta identifikatzen da eremu hori energia berriztagarriak instalatzeko sentsibilitate handiko eremu gisa. Hala ere, ekoitzitako energia, a priori, eremuaren ipar-mendebaldeko mugan dagoen euskarriaren bidez eramango da; euskarri horri lotutako linea elektrikoa ez litzateke bat etorriko abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako preskripzio teknikoekin.

Oro har, ustiapen-fasean positibotzat jotzen dira Planaren garapenetik eratorritako inpaktuak; izan ere, energia iturri berriztagarrien bidez ekoizteak bat egiten du trantsizio energetikorako helburuekin, erregai fosilekiko mendekotasuna murrizten du eta klima-aldaketaren ondorioak arintzen laguntzen du.

Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dira Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren zehaztapenak. Agindu horren bidez, hegazti-espezie mehatxatuen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak zedarritzen dira eta abifaunaren babes-eremuak –non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira– argitaratzen.

Hori dela eta, jarraian aipatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, jasangarritasunaren aldekoak eta ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituenak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta afekzio-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenaren babesari, eta hondakinen eta isurketen kudeaketari dagokienez.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Beasainen (Gipuzkoa) parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Plana garatzeko jarduketen eta eragindako ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, jarduketa horiek gauzatzean aplikatu beharreko neurriek lotura izango dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, obren okupazio-mugen kontrolarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, natura-baliabideen (landaredia eta fauna basatia) gaineko eraginen prebentzioarekin eta eragindako lurrak lehengoratzearekin.

Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

• Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira lehentasunez; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Landaredia kentzeko egin behar diren lanak, kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, landare-formazio interesgarriei eragitea saihestuko da.

• Ez zaie eragingo lursailaren mugetako puntu batzuetan dauden espezie autoktonoen heskaiei. Halaber, lursailaren barruan, egun dauden espezie autoktonoen zuhaitz- eta zuhaixka-aleak kontserbatzeko ahalegina egingo da, instalazioko elementuen kokapena lehen aipatutako intereseko landarediarekin bateragarri eginez.

Halako eremuetan, in situ mugatu beharko dira behar bezala babestu beharreko zuhaitz- eta zuhaixka-aleak, nahi gabeko kalterik jasan ez dezaten.

• Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lur mugimenduak egitean ahalik eta hondakin fin gutxien isuriko dira drainatze sarera. Beharrezko prebentzio-neurriak hartu beharko dira, obretatik datozen solido esekiz beteriko jariatze-urak ibilguetara eta beste ur-puntu batzuetara ez iristeko.

• Instalazio fotovoltaikoan sortutako energia elektrikoa eramateko linea berriraino doan konexioa lurpekoa izan beharko da, eta trazadura, ahal den guztietan, lehendik dauden bide edo pistetara egokituko da.

• Landare-lurra gaika kenduko da zangak, azpiestazio elektrikoa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landare-lur hori landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea in situ gordeko da.

• Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

• Ezpondetan eta egin beharreko jarduketen ondorioz landaredi naturalik ez duten beste eremu batzuetan, eta plaka fotovoltaikoak instalatzeko planteatutako eremuen ondoan daudenetan, landare-lurra jarriko da lodiera nahikoan, eta ingurumen- eta paisaia-integrazioko neurriak aurreikusiko dira. Jarduketa hauek egingo dira: birmoldatzea, ereitea eta zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak landatzea.

• Lursailaren ekialdeko mugan landare-pantaila bat jarriko da, eta tokiko landaredi potentzialaren berezko zuhaixka-espezie autoktonoekin heskai bat osatuko da, eguzki-instalazioa ingurutik ahalik eta gutxien ikus dadin, instalazio fotovoltaikoaren ekoizpen-ahalmenean eragin nabarmenik izan gabe.

• Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ezabatzeko eta lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko; orobat, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere.

• Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

• Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

• Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredi naturala, ahal dela, ganaduaren larratzearen bidez kontrolatuko da, gehiegizko larratzea saihestuz. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko.

• Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuak egindako txostenaren arabera, gomendatzen da Planaren hirigintza-araudian berariaz «abeltzaintza-praktikak» jasotzea eremuko erabilera bateragarri gisa.

Horrez gain, ganadua parke fotovoltaikoaren ondoko eremuetan ere bazkatzeko aukera aztertuko da, hala nola Sasietako zabortegian itxitako eremuetan, mekanizatu daitezkeen eremuak prestatuz horretarako.

• Instalazio fotovoltaikoaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du; hesi-efektua saihestu behar du, eta ingurunean integratu behar da. Ezaugarri hauek izango ditu:

– Ehiza- edo abeltzaintza-sarea, ahal dela 2 m-tik gorakoa ez dena. Ez da erabiliko bihurdura soileko sarerik, ez eta txarrantxa edo bestelako elementu ebakitzailerik ere.

– Tamaina txiki eta ertaineko fauna igarotzeko moduko diseinu iragazkorra. Behealdean, sare-argi zabala, hesi osoaren behealdea 20-30 cm goratuz.

– «Katazulo» motako pasabideak egitea. Behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatuko da, inguruko landarediari eutsiz, bi norabideetan igaro ahal izateko moduan.

– Hesia hegaztiek talka ez egiteko gailuekin seinaleztatzea.

• Proiektuak sortuko duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioko eta azpiestazioaren inguruko argiztapena egokitu beharko da, faunaren gaineko eragina saihesteko. Erabiliko diren argiek argiztapen jasangarriko irizpideak barne hartu beharko dituzte, instalazioetako energia-kontsumoa murrizteko eta gaueko argi-kutsadura gutxitzeko.

• Panelek abifaunan «dei-efektua» ez izateko eta instalazioaren eragin bisuala murrizteko, horiek jarri aurretik, sustatzaileak modulu fotovoltaikoei tratamendu kimiko anti-islatzailea emateko aukera aztertu beharko du, argia islatzea minimizatzeko edo saihesteko, baita ilargi beteko gauetan ere.

• Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenaren arabera, lursailaren barruko linea elektrikoek sortutako inpaktuak zuzentzeko behar diren kudeaketei hasiera eman beharra ezartzen da; hori dela eta, gomendatzen da abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan zehaztutako elektrokuzioaren eta talken aurkako neurriak hartzea (1432/2008 Errege Dekretua, abifauna goi-tentsioko linea elektrikoekin talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituena).

• Instalazioak uztea. Jarduera uzten den garaian aplikatu beharreko berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desegiteko lanak babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuz egingo dira, obra-lanetarako ezarri zirenen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraispen-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu beharko dira.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Beasainen parke fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Beasaingo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Beasainen parke fotovoltaikoa ezartzeko plan berezia onartuko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 13a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala