Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2023ko azaroaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5234

ERABAKIA, 2023ko urriaren 19ko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: Berezko Ikasketen Arautegia onartzeko dena.

Gaur egun, berezko ikasketak Berezko Ikasketen Arautegi Bateratuak arautzen ditu, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 7ko bileran onartutakoak (2018ko uztailaren 18ko EHAA, 138. zk), Gobernu Kontseiluaren 2022ko urriaren 20ko bileran eguneratua.

Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretua, unibertsitate irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituena, 2021eko irailaren 29an argitaratu zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunetara jarri zelarik indarrean.

Errege Dekretu hau Espainiako unibertsitate sistemako unibertsitateek emandako irakaskuntzei aplikatuko zaie, eta lehenengo aldiz eskaintzen du unibertsitateek garatzen duten prestakuntza etengabearen oinarrizko arauketa, hezkuntza eremu hau ordenatzen duelarik, non unibertsitateek gizarte konpromisoa erakusten baitute. Arauketa honetan, malgutasunari tarte zabala uzten zaion arren, prestakuntza horren egitura minimoki homogeneizatzen da eta titulu horietan kalitatearen ebaluazioaren kultura sartu.

Honek guztionek UPV/EHUren berezko ikasketen modeloa birdiseinatzeko beharra, prozesu horretan ari delarik.

UPV/EHUko Graduko Batzordeak, 2023ko urriaren 4an egindako bilkuran, eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak, 2023ko urriaren 2an egindako bilkuran, Berezko Ikasketen Arautegia onartzea erabaki dute.

Aurreko guztiagatik, eta Estatutuen 177.1 d) artikuluan adierazitakoa betetze aldera, Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak proposatuta, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Berezko Ikasketen Arautegia onestea.

Leioa, 2023ko urriaren 19a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

BEREZKO IKASKETEN ARAUTEGIA

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak, 2022ko urriaren 20ko erabakiz, Berezko Ikasketen Arautegia aldatu zuen, unibertsitate ikasketen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak eskatzen zituen gutxieneko aldaketak txertatzeko.

Estatuko oinarrizko arau horrek lehen aldiz ematen du unibertsitateek garatzen duten etengabeko prestakuntzaren oinarrizko arauketa, eta unibertsitateek haien konpromiso soziala erakusten duten hezkuntza espazio garrantzitsu hori antolatzen du, malgutasunerako tarte handia utziz, baina prestakuntza horren egitura gutxieneko neurrian homogeneizatuz eta titulu horien kalitatea ebaluatzeko kultura txertatuz.

Geroago, Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organiko berria sartu da indarrean, martxoaren 22koa, berezko ikasketei buruzko berritasunak dakartzana, nahiz eta berritasun horiek 822/2021 Errege Dekretuak ezartzen duen ildo berekoak diren.

Bestalde, UPV/EHUren 2022-2025 Plan Estrategikoak ondorengo helburua ezartzen du, besteak beste: Kalitatezko berezko eta etengabeko prestakuntza sustatzea, gizartearen eskaerari erantzuteko, online eskaintza eta euskarazko eskaintza zabalduta. Helburu horretatik abiatuta, UPV/EHUren Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoaren asmoa da testuinguru orokorreko eskariei erantzuna ematea eta UPV/EHUren Plan Estrategikoan graduondoko ikasketei buruz ezartzen diren ildo estrategikoak garatzea; gainera, bizitzan zeharreko prestakuntzarako helburuak finkatzen ditu: bizitza osoko prestakuntza eskaintza indartzea eta handitzea; UPV/EHUren online prestakuntzako eredua diseinatzea eta ezartzea; bizitza osoko prestakuntzaren kalitate prozesuak hobetzea eta optimizatzea; euskarazko eskaintza indartzea; enpresa, erakunde publiko eta gizarte erakundeekiko harremanak sendotzea; kudeaketa prozedurak arintzea eta sinplifikatzea; eta etengabeko prestakuntzak duen garrantzia aitortzea eta haren zabalkundea handitzea, unibertsitate mailan zein gizartean.

Hori guztia lortzeko, beharrezkoa da berezko prestakuntzako eredu berria garatzea, prestakuntza hori bultzatzen lagundu, eta etorkizunean Unibertsitateko Ikastegien Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemen babesean, berezko prestakuntzaren kalitatea indartzea eta kudeaketa prozedurak sinplifikatzea ahalbideratuko duena. Indarrean dagoen araudiak ikasketa horien etorkizuneko arauketa izan behar denaren oinarriak ezarri zituen, eta hori finkatzea da oraingo erregelamenduaren asmoa.

Estatutuek, gainera, eskumena ematen diete Graduko Batzordeari eta Graduondoko Batzordeari, 88.b) eta 90.b) artikuluetan, hurrenez hurren, bakoitzak bere arloko irakaskuntzak antolatu eta gestionatzeko arautegiak onartzeko proposamenak egiteko Gobernu Kontseiluari.

Horrela, Graduko Batzordearen 2023ko urriaren 4ko saioan eta Graduondoko Batzordearen 2023ko urriaren 2ko saioan eginiko proposamenari erantzunez, Gobernu Kontseiluak erabaki du arautegia aldatzea, honela:

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua eta aplikazio eremua.

1.– Arautegi honen helburua da UPV/EHUko berezko ikasketak arautzea. Zehazki, haien tipologia eta baldintzak finkatzea, eta haiek onartu eta antolatzeko prozedurak zehaztea.

2.– Arautegi honen aplikazio eremua izango dira UPV/EHUren berezko ikasketak, etengabeko prestakuntza barne, eta beste ikasketa batzuk, tartean bizitza profesional osoko prestakuntza.

Ez dira sartzen arautegi honetan jasotzen diren berezko ikasketen barruan UPV/EHUko langileentzako barne prestakuntzako ikastaroak; TEKAZEL eta irakasle-ikertzaileentzako ikastaroak, esaterako.

2. artikulua.– Berezko Ikasketen helburua.

Honako hauek dira berezko ikasketen helburuak:

1.– Ikasketa plan ofizialetan ez dauden ikasketak eskaintzea.

2.– Goi mailako eta Graduko eta/edo Graduondoko tituludunen prestakuntza akademikoa osatzea, haien garapen profesionala, zientifikoa, teknikoa eta artistikoa perfekzionatzeko aukera emanda.

3.– Maila profesionalean aplikatzeko aukerak ematen dituzten ikerkuntza arlo berriei arreta eskaintzea, instituzio, erakunde eta enpresekin lankidetza harremanak ezarrita.

4.– Profesionalei birziklatzeko aukera ematea, gizartearen eta enpresen eskakizun berrietara egokitzeko.

5.– Berezko ikasketek ez dute ematen doktoretzako programetan sartzeko aukerarik eta ez dute araututako lanbideak izateko gaitasunik ematen –salbuespenak salbuespen–, eta ikasketa horiei buruzko informazioak ez du horri dagokionez nahasketarik eragin behar.

3. artikulua.– Berezko ikasketetara sartzea eta onartua izatea.

1.– Berezko ikasketa bakoitzerako ezarritako berariazko betekizunak eta irizpideak gorabehera, ikasleek araudi honetan xedatzen dena eta I. eranskinean garatzen dena bete beharko dute.

2.– Aurretiaz tituluren bat izatea eskatzen duten berezko ikasketen kasuan, atzerriko titulua duten pertsonak dagokion titulua aurretiaz homologatu beharrik gabe sartuko dira.

3.– Titulua emateko proposamenean finkatuko dira, halaber, onartua izateko baldintzak.

4. artikulua.– Berezko ikasketen antolaketa eta erantzukizuna.

Ondoren adierazten diren modutan antolatu ahal izango dira UPV/EHUren berezko ikasketak:

1.– Oro har, UPV/EHUk antolatuko ditu bere berezko ikasketak.

2.– UPV/EHUk Estatuko zein atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera antolatu ahal izango ditu berezko ikasketak, bai eta herri administrazioarekin ere, edukia kolektibo jakin batzuen berariazko ezaugarri eta beharretara bideratzeko helburuz, eta dagokion lankidetza hitzarmenaren bitartez.

3.– Prestakuntzaren edo ikerkuntzaren arloetan aitortutako eskumenak dituzten Estatuko edo atzerriko beste unibertsitate, instituzio edo erakunde publiko edo pribatu batzuekin lankidetzan antolatu ahal izango ditu berezko ikasketak UPV/EHUk, dagozkion lankidetza hitzarmenen bitartez; hitzarmen horietan, aldeen betebeharrak eta ikasketen kudeaketa akademiko eta ekonomikorako prozedurak arautuko dira.

4.– Enpresa edo erakunde batek haren langileen etengabeko prestakuntzarako eskatuta antolatutako berezko ikasketak ere eman ahal izango ditu UPV/EHUk. Prestakuntza hori UPV/EHUk berak bakarrik antolatu ahal izango du, edo erakundearekin lankidetzan; azken kasu horretan, 2. atalean xedatutakoa beteta.

5.– UPV/EHUren ikastegiek, UPV/EHUri atxikitutako ikerkuntza institutuek eta ikerkuntzako berezko zentroek berezko ikasketak eman ahal izango dituzte, zentroa edo institutua sortzeko edo UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmenean aurreikusitakoari jarraikiz, eta horrekin batera, UPV/EHUk eta dagokion erakundeak sinatu beharko duten hitzarmen espezifikoan ezarritakoa, irakaskuntzak emateko eta kudeatzeko baldintzak finkatzeko.

5. artikulua.– Berezko ikasketen kudeaketa.

1.– Arautegi honetan ezarritakoa eta, hala badagokio, berezko ikasketen arloan eskuduna den Errektoreordetzak ikasturte bakoitzerako definitzen dituen izapideak eta egutegiak beteta kudeatuko dira berezko ikasketak.

2.– Titulua antolatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den organoko Teknikariek eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek (TEKAZEL) egingo dituzte, oro har, kudeaketa lanak, edo Berezko Ikasketen Unitateak, garapenak horretarako aukera ematen duen heinean. Berezko ikasketak kudeatzeko berariazko enkargua jasotzen denean, unibertsitatearen beraren beste baliabide batzuk erabili ahal izango dira (UPV/EHUren fundazioak, etab.).

Era berean, langileak kontratatu ahal izango dira unibertsitateko gerentziaren bidez, eta gerentzia izango da langileak hautatu eta kontratuak egingo dizkiena. Berezko ikasketen aurrekontuetatik ordainduko da kontratazioaren kostua.

II. TITULUA
BEREZKO IKASKETEN EGITURA, MODALITATEAK ETA MOTAK

6. artikulua.– Egitura modularra eta ECTS kreditu sistema.

1.– Oro har, berezko ikasketak elkarrengandik independenteak dira, eta haietako bakoitzarekin eskuratu ahal izango da dagokion titulua eta/edo egiaztapen ziurtagiria.

Ahal bada, berezko ikasketen edukia prestakuntza moduluetan egituratuko da, modulu horiek berezko ikasketa independente gisa eskaintzeko moduan. Egitura modular hori bultzatuko da, batez ere, Etengabeko Prestakuntzako Master Titulua eta Unibertsitate Espezializazioko Titulua eskuratzeko ikasketetan.

Ikasle bakoitzak ikasketak moduluka egin ditzan ere ahalbideratzen du antolaketa modular horrek, baita diplomak eta ziurtagiriak modu mailakatuan eskuratzea ere, maila akademiko handiagoko eta iraupen luzeagoko bat eskuratzera iritsi arte, baldin eta ikasketa bakoitzera sartzeko baldintzak betetzen badira. Kasu honetan, ikasketa luzeari dagokion titulu edo diploma eskuratzeko, beharrezkoa izan daiteke ikasleek jarduera akademiko gehigarriren bat egitea, zuzendaritza akademikoak erabakiko duena.

Ikasturteko memoria akademikoko ikasketa planean adierazi beharko da ikasketa baten barne diseinu modularra, bai eta ikasketa horiek egiteko eta ziurtagiri eta/edo titulua edo diploma eskuratzeko baldintzak ere.

Maila akademiko handiagoko eta iraupen luzeagoko ikasketa batera iristeko modulu ezberdinak egin ahal izango dira, ikasturte akademiko bakoitzean benetan zein ikasketa eskaintzen den; horrela, matrikula formalizatzeak eta moduluren bat gainditzeak ez du bermatuko hurrengoak egin ahal izatea. Matrikula egin baino lehen eman beharko zaie horren guztiaren berri ikasleei.

2.– Irakaskuntza hauen ikasketa planak osatzeko, ECTS kreditu sistema erabiliko da, oro har. ECTS europar kreditua 25 lan orduren parekoa da, gai bati dagozkion jakintzak, gaitasunak eta trebetasunak bereganatzeko ikasleak egin beharreko lanari dagozkionak. Ordu horien barruan sartuko dira eskola ordu teorikoak edo praktikoak; ikasgaia egunean prestatuta izateko beharrezko ikasketa orduak; mintegiak, lanak, kanpoko praktika akademikoak edo proiektuak egitera bideratutakoak, eta azterketak eta ebaluazio probak prestatzeko eta egiteko eskatzen diren orduak.

ECTS batetik beherako iraupena duten berezko ikasketen kasuan, ikasleek ikasteko gaiari dagozkion jakintza, gaitasun eta trebetasunak eskuratzeko beharko dituzten lanorduen arabera neurtuko dira. ECTS kreditua 10 ordu presentzialez eta ikasleen laneko 15 ordu ez presentzialez osatuta egon behar da.

7. artikulua.– Berezko ikasketak garatzeko modalitateak.

Irakaskuntza modalitate presentzialean, hibridoan edo birtualean (online) garatu ahal izango dira berezko ikasketak, aplikatzekoa den indarreko araudian eta unibertsitateko ikasketen ikasketa planak diseinatzeko jarraibide orokorretan xedatutakoari jarraikiz. Ikasketak emateko proposamenean adierazi beharko da zein irakaskuntza modalitate hautatu den.

Modalitate presentzialtzat jotzen da irakasleek eta ikasleek espazio fisiko berean jarduten duten modalitatea, nahiz eta interakzio hori ikasle batzuentzako bideokonferentzia sistemak erabilita ere eman.

Modalitate birtuala (online) da, berriz, ikasketa batez ere plataforma informatikoak erabilita emateko eta ebaluatzeko diseinatuta dagoenean. Online modalitatean, ikaskuntzan laguntzeko UPV/EHUk ematen duen plataforma informatikoa (gaur egun, eGela) irakaskuntza/ikaskuntza prozesuaren oinarria izango da, oro har, eta ikasleentzako materiala, ikasleek egin beharreko jarduerak eta beste jaso beharko ditu.

Ikasketako nota guztiak –partzialak zein azkenak– egon beharko dira jasota ikaskuntzan laguntzeko dagokion plataforma informatikoan.

Online modalitatean, bereziki garrantzitsua da ikasleei ematen zaien informazioa; horrela, bada, derrigorrezkoa izango da ondorengo informazioa jasotzea:

• Ikasketaren denbora plangintza, zein erritmo espero den eta planifikatutako aste bakoitzeko lan karga adierazita.

• Ikasketan jasota baldin badaude, bideokonferentzia saioen egunak eta orduak.

• Ikasketa egin ahal izateko zein baliabide material behar den.

• Autoebaluaziorako ariketak, ikasleek zernolako aurrerapenak egin dituzten jakin dezaten.

• Feedbacka ikasleek egindako lan, ariketa eta ebaluazioetan.

Online modalitatearen barruan, gainbegiratutako online modalitatea eta automatizatua bereizten dira.

Gainbegiratutako online modalitatean, irakasleek ikasleen jarraipen eta tutoretza prozesua beteko dute. Ikaskuntzan laguntzeko dagokion plataforma informatikoaren bitartez bideratu beharko dira komunikazio eta ohar guztiak, eta tutoretzak bideokonferentzia bidez egiteko aukera eskaini beharko da. Gainbegiratutako online modalitateko ikasketetan, komunikaziorako eta zalantzak argitzeko foroak izan beharko ditu ikaskuntzan laguntzeko plataformak; irakasleek emango dute arreta foro horietan, gutxienez astero irakaskuntza aldian.

Halaber, modalitate horretan, garrantzitsuentzat jotzen diren lanetan eta ebaluazioetan, ikasle bakoitzarentzako berariazko feedbacka sartzea gomendatzen da.

Online modalitate automatizatuan, ikaskuntza plataforman automatizatuta egon behar da lan guztien zuzenketa, feedbacka eta notak.

Ikasketa modalitate hibridotzat jotzen da ikasketaren kreditu kargaren % 40-60 online modalitatean eta gainerakoa modalitate presentzialean ematen duena.

8. artikulua.– Berezko Ikasketa motak.

Helburuak, hartzaileak eta lortuko diren titulu edo ziurtagiriak kontuan hartuta, UPV/EHUko berezko ikasketak sailkapen honen arabera antolatu eta egituratuko dira:

– Graduondoko Etengabeko Prestakuntzako ikasketak.

– Unibertsitate tituludun edo titulurik gabeko pertsonei zuzendutako mikrokredentzialak.

– Unibertsitate Hedakuntzako diplomak.

– Unibertsitate hedakuntzako bestelako berezko ikasketak.

9. artikulua.– Curriculumeko eta curriculumetik at dauden kanpoko praktika akademikoak.

1.– UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktiken Arautegiak eta aplikatzekoa den oinarrizko araudiak arautuko dituzte berezko ikasketetako ikasleen kanpoko praktika akademikoak eta ikasleek praktika horiek egin ditzaten sinatu beharreko hitzarmenak. Programak kanpoko praktika akademikoak egitea jasotzen duenean, dagokion hezkuntza lankidetzarako hitzarmenaren bitartez formalizatu beharko dira praktika horiek, aipatutako araudian ezarritako ereduei eta arautegi honetan xedatutakoari jarraikiz.

Indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera ordainduko dira Gizarte Segurantzarekiko kotizazioko eta zerga arloko obligazioak.

2.– Berezko Ikasketen zuzendari akademikoen eta arduradun akademikoen ardura izango da era honetako kanpoko praktika akademikoak antolatzea, koordinatzea eta kudeatzea; hau da, Praktika Programaren arduradunari dagozkion eginkizunak betetzen dituzten pertsonen ardura, baldin eta Batzorde Akademikoak ez badu berariaz beste pertsona bat izendatzen.

Batzorde Akademikoak edo, hala badagokio, arduradun akademikoak erabakiko du zein prozedura erabiliko den irakasleen artean kanpoko praktika akademikoetarako programa batean parte hartzen duten ikasleen tutore izendatzeko.

3.– Tituluaren proposamenean, argi eta garbi zehaztu beharko da kanpoko praktika akademikoak daudela eta praktika horiek curriculumaren barrukoak eta/edo curriculumetik kanpokoak direla. Halaber, definitu egin beharko da praktiken iraupena, ECTS kredituei dagokienez (curriculumaren barrukoak direnen kasuan) zein ordu baliokideei dagokienez.

4.– Ikastetxe batek bere irakaskuntza propioaren erantzukizuna bere gain hartzen duenean, kanpoko praktika akademikoen eta beharrezko diren hitzarmenen antolaketa eta kudeaketa ikastetxeak berak xedatutakoaren arabera egingo dira.

III. TITULUA
BEREZKO IKASKETETAKO IRAKASLEAK

10. artikulua.– Irakasleak eta haien arduraldia.

1.– Graduondoko etengabeko prestakuntzako ikasketak.

Ikasketa Planeko kredituen % 30 gutxienez UPV/EHUko irakasleek emango dute, baldin eta bateraezintasuneko irizpideak eta printzipioak errespetatzen badira.

Salbuespen gisa, portzentaje hori murrizteko behar bezala justifikatutako proposamena aurkeztu ahal izango zaio Batzorde eskudunari, hark eskaera aztertu eta onetsi dezan, justifikatuta dauden kasuetan, unibertsitate arteko ikasketa delako edo, kanpoko langile adituek parte hartzeagatik, UPV/EHUk etekina atera diezaiokeen jakintza arlo bateko ikasketa delako.

UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek gehienez ere 10 kreditu eman ahal izango dituzte guztira, ikasturte bakoitzean, unibertsitateko berezko ikasketak oro harturik.

Zuzendaritza lana kreditutan neurtu beharko da proposamenean, eta aurreko puntuan adierazitako kreditu kopuruan sartuko dira irakaslanari eta zuzendaritza lanari dagozkion kredituak.

Ikasketa hauetan irakasten duten edo zuzendaritza lana egiten duten irakasle-ikertzaileak, UPV/EHUkoak izan zein kanpokoak izan, ezin izango dira matrikulatu ikastaro horietan.

2.– Mikrokredentzialak, Diplomak eta unibertsitate hedakuntzako ikastaroak.

UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek gehienez ere 10 kreditu eman ahal izango dituzte guztira, ikasturte bakoitzean, unibertsitateko berezko ikasketetan.

Ikasketa hauetan irakasten duten edo zuzendaritza lana egiten duten irakasle-ikertzaileak, UPV/EHUkoak izan zein kanpokoak izan, ezin izango dira matrikulatu ikastaro horietan.

11. artikulua.– Irakasleen irakaskuntza jarduerak.

Ondorengo irakaskuntza jarduerak jaso ahal izango dituzte berezko ikasketek:

a) Irakaskuntza presentzial teorikoa edo praktikoa (ikasgelan, laborategietan edo kliniketan).

b) Irakaskuntza ez presentziala edo birtuala (irakaskuntza sinkronoa edo asinkronoa).

c) Tutoretza.

d) Konferentziak edo webinarrak.

e) Lanak, ariketak eta azterketak zuzentzea eta ebaluatzea.

f) Irakaskuntzako materialak prestatzea edo eguneratzea.

g) Praktika klinikoak gainbegiratzea.

h) Kanpoko praktika akademikoen tutoretza.

i) Ikerkuntza aldiak eta ikasketen amaierako lanak zuzentzea, haien jarraipena egitea eta ebaluatzea.

12. artikulua.– Irakasleen ordainsariak.

1.– UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen ordainsarien mugak izango dira 1930/84 Errege Dekretuko 5. artikuluan zehaztutakoak, 1450/89 Errege Dekretuaren bidez eguneratutakoak.

2.– Ikasketa hauetako irakasleek ordainsariak jaso ahal izango dituzte berezko ikasketen kargura.

3.– Master Ofizial edo Gradu Ofizialetako ikasketa planen barruan sartzen diren Berezko Ikasketen kasuan, ikasketa horietan egindako lana irakats betebeharren parte denez, UPV/EHUko irakasleei, arautegi honi jarraikiz, inola ere ezin izango zaie berezko ikasketa horietan ematen dituzten eskolen truke ordainsaririk ordaindu.

4.– Ordainsari guztiak urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen egin beharko dira berezko titulua amaitu baldin bada, eta martxoaren 30a baino lehen, tituluak ikasturte akademikoak baino gehiago irauten badu. Egun horiek igaro ondoren ordainketaren bat egiteko, beharrezkoa izango da aurretiaz Batzorde edo organo eskudunaren baimena izatea.

IV. TITULUA
BEREZKO IKASKETEN EZAUGARRIAK
I. KAPITULUA
GRADUONDOKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETAK

13. artikulua.– Definizioa eta ikasketetara sartzeko baldintzak.

Aurretiaz unibertsitate tituluren bat izanik, haien ezaupideak eta gaitasunak areagotzea, espezializatzea eta jakintzak eguneratzea helburu dutenei zuzendutako berezko ikasketak dira.

Erreferentzia gisa, Kualifikazioen Europako Esparruko 7. Mailaren parekoak dira, edo Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. Mailaren parekoak.

1.– Honako hauek egin ahal izango dituzte ikasketak:

– graduko unibertsitate titulua edo baliokidea dutenak, irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak zehaztutakoari jarraituz, non antolatzen baitira unibertsitateko ikasketa ofizialak eta hauen kalitatea bermatzeko prozedura, bai eta dekretu horren aurretiko unibertsitate titulazioren bat daukatenak ere.

– UPV/EHUn graduko berezko titulua egin dutenak, betiere berezko graduak graduko ikasketa ofizialen kreditu kopuru bera badauka.

– Gradu Amaierako Lana (GRAL) gainditzea eta, gehienez ere, 9 ECTS kreditu falta zaien Graduko ikasleak ikasketa horietan sartu eta matrikulatu ahal izango dira, baina inola ere ezingo dute berezko titulua eskuratu, aurretiaz ez badute ikasketok egiteko aukera ematen dien Graduko titulua eskuratu.

Beste unibertsitate batzuetako graduko berezko tituluak dituzten ikasleak ikasketetara sartzeko eta onartuak izateko, beharrezkoa izango da aurretiaz graduko titulazio ofizialen pareko den prestakuntza maila dutela egiazta dezaten eta ikasleek Unibertsitatera sartzeko eskatzen diren baldintzak bete ditzaten.

Atzerriko titulua izanik ikasketa hauetara sartu nahi dutenek ez dute titulu hori homologatu behar izango, nahikoa izango da Graduondoko Batzordeak baimena ematea, behin titulua eta dokumentu akademiko osagarriak egiaztatu ondoren (kasuan kasuko arautegi osagarrian zehazten denari jarraituz).

Ikasketetara sartzeko aparteko lehentasunak ezarri ahal izango ditu ikastaroko zuzendaritza akademikoak, onetsitako proposamenean horrelakorik jasota baldin badago.

Hitzarmen bati lotuta edo herri administrazio edo erakunde batek Unibertsitateari aginduta ematen diren ikasketen kasuan, dagokion hitzarmenean edo arautegian ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

2.– Duten iraupenaren, helburuen eta hartzaile diren ikasleen prestakuntzaren arabera, ondoren adierazten diren mota hauetakoren batekoak izan ahal izango dira, eta ondorengo tituluak eskuratu:

a) Etengabeko Prestakuntzako Masterra: Graduondoko ikasketak dira, unibertsitateko tituluren bat daukaten pertsonei zuzenduak. Titulu hau lortzera bideratutako irakaskuntzak 60, 90 edo 120 ECTSren iraupena izango du.

b) Unibertsitate Espezializazioko diploma. Graduondoko ikasketak dira, unibertsitateko tituluren bat daukaten pertsonei zuzenduak. 30-59 ECTS kreditu izango dituzte, eta seihileko bateko edo biko iraupena izango dute.

c) Unibertsitateko Aditu diploma. Espezializaziora eta/edo ezaupideak perfekzionatzera eta/edo eguneratzera bideratutako ikasketak dira, unibertsitate titulua duten pertsonei zuzenduta daudenak. 15-29 ECTS kreditu izango dituzte, eta seihileko bateko iraupena.

II. KAPITULUA
UNIBERTSITATE TITULUDUN EDO TITULURIK GABEKO PERTSONEI ZUZENDUTAKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETAK: MIKROEGIAZTAGIRIAK

14. artikulua.– Definizioa eta ezaugarriak.

Aurretiaz unibertsitateko titulazioa behar duten edo behar ez duten 15 kreditu ECTS baino gutxiagoko etengabeko prestakuntzako ikasketak eman ahal izango ditu UPV/EHUk, mikrokredentzial edo mikromodulu modura, iraupen laburreko prestakuntza jarduerekin lotutako ikaskuntzako emaitzak ziurtatzeko helburuz. Ikasketa horiek inola ere ezingo dira nahastu Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako ikastetxeek eskaintzen dituzten titulazioekin.

Unibertsitate Mikrokredentzialen berezko ikasketak iraupen laburreko prestakuntzako jarduerekin lotutako ikaskuntza emaitzak egiaztatzera bideratuta daude. Haien helburua da pertsona guztiek, bizitza osoan, gizartean erabat parte har dezaten laguntzera bideratutako ezaupide eta gaitasun berriak eskuratzeari dagozkion beharrak asetzea, enplegagarritasuna eta espezializazio maila handiko prestakuntza hobetzen eta lanbide berrietara birbideratzen lagunduz, eta unibertsitate mailako ikasketetarako hezkuntzako tranpolin gisa edo gizarteratzeko tresna gisa jokatuz.

Ikasketa horiek gaindituz gero, Unibertsitate Mikrokredentzialeko Ziurtagiria eskuratuko du ikasleak, ikasketa UPV/EHUko berezko ikasketa gisa onartua izan den berariazko izena izango duena.

Eskudun organoak ezartzen duen berariazko arautegiak ezartzen dituen baldintzetan garatu eta antolatuko dira ikasketa horiek.

III. KAPITULUA
UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO DIPLOMAK

15. artikulua.– Unibertsitate Hedakuntzako Diplomaren definizioa eta ezaugarriak.

Unibertsitateko titulaziorik gabeko pertsonei zuzendutako Etengabeko Prestakuntzako Ikasketak eman ahal izango ditu UPV/EHUk; ikasketa horien helburua izango da haiek lan munduan sartzeko aukerak hobetzen lagunduko duten prestakuntzako edo lanbideari dagozkion ezaupideak, gaitasunak eta trebetasunak areagotzea edo eguneratzea. Tipologia horren barruan, titulazio ofizialekin lotutako unibertsitate hedakuntzako diplomak eman ahal izango dira, besteak beste.

Ikasketa horiek 15 ECTS kredituko gutxieneko iraupena izango dute. Titulazio ofizialekin lotutako unibertsitate hedakuntzako diplomen kasuan, gutxienez 12 ECTS kreditu eduki ahal izango dute.

Erreferentzia gisa, Kualifikazioen Europako Esparruko kualifikazio mailarekin, edo Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko mailarekin nola lotzen diren ezarri ahal izango da proposamenean.

Ikasketa horiek gaindituz gero, dagokion izena izango duen Unibertsitate Hedakuntzako Diploma eskuratuko du ikasleak; diploma horretan, dagokion kreditu karga agertu beharko da.

Ikasketa emateko proposamenean definituko dira ikasketara sartzeko eta onartua izateko baldintzak.

16. artikulua.– Titulazio Ofizialekin lotutako Unibertsitate Hedakuntzako diploma.

1.– UPV/EHUk ematen duen edo dituen titulu ofizial batekin edo hainbatekin lotutako Unibertsitate Hedakuntzako Diploma eskuratzera bideratutako berezko ikasketak haiekin lotura hori duten titulazio ofizialak egiten ari direnei zuzenduta daude, eta 12 ECTS kreditu eduki ahal izango dute gutxienez.

Ikasketa emateko proposamenak UPV/EHUren titulazio ofizialarekiko edo ofizialekiko lotura ezarri eta justifikatu beharko du, eta titulazio horien ardura duen edo duen ikastegiak edo ikastegiek onetsi beharko dute. Ikasketara sartzeko eta onartua izateko baldintzak ere ezarri beharko ditu proposamenak; beharrezkoa izango da lotutako titulu ofiziala ikasten egotea.

Erreferentzia gisa, Kualifikazioen Europako Esparruko kualifikazio mailarekin, edo Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko mailarekin nola lotzen diren ezarri ahal izango da proposamenean.

Diploma diseinatzeko eta antolatzeko, kontuan izan beharko da hari lotutako ikasketa ofizialen egutegia, unibertsitate hedakuntzako diploma egitea titulu ofiziala ikasten ari direnentzako bateragarria izan dadin, eta ikasleen dedikazioari eta ordutegiei egokitu dakiokeen.

Honako izena izango du: «...Graduarekin/Masterrarekin lotutako Unibertsitate Hedakuntzako Diploma».

Diploma amaitzen duen, baina hura lotuta dagoen ikasketa ofiziala amaitzen ez duen ikasleak, berriz, «Unibertsitate Hedakuntzako Diploma» eskuratuko du.

Unibertsitate Hedakuntzako ikasketa horiek lotzen zaizkien ikasketa ofizialen Tituluaren Gehigarri Europarrean jaso beharko dira, eskudun batzordeak onetsitako ikasketa emateko proposamenean ezarritakoari jarraikiz.

Lotutako titulu ofizialarekin edo ofizialekin batera egin ahal izango da haien zabalkundea eta publizitatea, eta PLUS hitza erabili ahal izango da, dagokion Gradu edo Master ofizialari gehitzen zaion prestakuntza osagarria adierazteko.

2.– Aldez aurretik Unibertsitate Hedakuntzako Diploma lotzen zaion titulu ofiziala gainditu duten ikasleek diploma horretara sartzeko aukera izango dute, eta dagoeneko gainditu duten «...Graduarekin/Masterrarekin lotutako Unibertsitate Hedakuntzako Diploma» eskuratuko dute. Unibertsitate Hedakuntzako ikasketa horiek ez dira jasoko lotzen zaizkien eta aurrez gainditu diren ikasketa ofizialen Tituluaren Gehigarri Europarrean.

3.– Prestakuntza horiek lotzen zaizkien titulu ofizialak ikasten ari ez diren ikasleei ere eskaini ahal izango zaizkie, ikasketa emateko proposamenean hala adierazten bada. Ikasle horien kasuan, «Unibertsitate Hedakuntzako Diploma» jasoko dute, ikasketak gaindituz gero.

4.– Unibertsitate Hedakuntzako Diploma lotzen zaien ikasketa ofizialetako ikasleek lehentasuna izango dute onartuak izateko, lotutako ikasketa ofiziala aurretiaz gainditu dutenen eta ikasketa hori ikasten ez dutenen aurretik, azkeneko lekuan egongo baitira izangai horiek.

IV. KAPITULUA
UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO BESTE IKASKETA BATZUK

17. artikulua.– Unibertsitate hedakuntzako ikastaroak.

Ezaupideak areagotzea, espezializatzea, perfekzionatzea eta/edo eguneratzea ahalbideratzen duten ikasketak dira eta, oro har, 15 ECTS kreditu baino gutxiagokoak izango dira, baldin eta berariazko araudi bidez arautzen eta araudian beste iraupenen bat ezartzen ez bada, eta proposamenean xehatuko dira ikastaroaren antolaera eta baldintzak, araudi honetan ezartzen denari jarraikiz.

Sarbide eta onarpen baldintzak ere eskolak emateko proposamenean finkatuko dira. Hitzarmen baten bidez edo administrazio edo erakunde publiko batek unibertsitateari egindako enkarguz ematen diren ikasketak direnean, kasuan kasuko hitzarmen edo arautegian zehazten diren baldintzak bete beharko dira. Proposamenean, erreferentzia gisa, Kualifikazioen Europako Esparruaren kualifikazio mailarekin eta Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren mailarekin bat datorren ezarri ahal izango da.

Ikastaroa gaindituz gero, prestakuntzaren izen zehatza izango duen Ziurtagiria eskuratuko du ikasleak; izen hori honakoa izango da, oro har: «.............. Unibertsitate hedakuntzako ikastaroa».

Jarraian, UPV/EHUk eman ditzakeen unibertsitate hedakuntza ikastaro motetako batzuk ezartzen dira.

18. artikulua.– Kanpoko erakunde batek eskatutako edo in company prestakuntzako unibertsitate hedakuntzako ikastaroak.

UPV/EHUk kanpoko erakunde batek eskatutako berezko prestakuntzak eskaini ahal izango ditu, enpresa batek edo kanpoko beste edozein organismok bizitza profesional osoko prestakuntzarako hobekuntza profesionalera bideratuta daudenak barne.

Unibertsitate hedakuntzako ikastaro horiek erakunde baten berariazko prestakuntza beharretara egokitutako programak garatzen dituzte, kolektibo jakin bat trebatzeko helburuz, eta kanpoko erakunde batean edo unibertsitatean bertan izan dezake jatorria.

15 ECTS kreditu baino gutxiagoko iraupena izango du prestakuntzak, eta ikastaroa emateko proposamenean zehaztuko dira ikastarora sartzeko betekizunak. «...Prestakuntzako Unibertsitate hedakuntzako ikastaroa» izena izango dute. Neurriak hartu ahal izango dira, dagokion erakundeko ikasleak modu bateratuan matrikulatzeko aukera izan dezaten, baldin eta hori posible bada.

Erreferentzia gisa, Kualifikazioen Europako Esparruko kualifikazio mailarekin, edo Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko mailarekin nola lotzen diren ezarri ahal izango da proposamenean.

19. artikulua.– Gradu edo Master ofizialetan edo berezko titulazioetan integratutako unibertsitate hedakuntzako ikastaroak.

Unibertsitate hedakuntzako ikastaro gisa eskaini ahal izango dira berezko titulu baten edo Unibertsitateko Gradu ofizial edo Master baten ikasketa plana osatzen duten moduluak edo ikasgaiak, baldin eta 15 ECTS kreditu baino gutxiago badute. Onetsiak izateko, haien koherentzia akademikoa eta kudeaketaren bideragarritasuna aztertuko dira, batez ere ikasketa mota edo maila ezberdinetako gaiez osatuta daudenean.

Erreferentzia gisa, Kualifikazioen Europako Esparruko kualifikazio mailarekin, edo Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko mailarekin nola lotzen diren ezarri ahal izango da proposamenean.

«... Unibertsitate Hedakuntzako Ikastaroa» izena izango dute, eta mota edo jatorri ezberdineko gaiez osatuta egon ahal izango dira:

– berezko tituluetarako sortutako berariazko gaiak.

– Unibertsitateko Gradu edo Masterretako ikasgaiekin edo moduluekin bat datozen gaiak; ikasketa horiei dagokien irakaskuntza izango da parte hartzen duten irakasleen irakaskuntzako enkarguaren parte.

– Unibertsitateko Gradu edo Masterretako titulazioei dagozkien hautazko ikasgaiak; ikasketa horiei dagokien irakaskuntza izango da parte hartzen duten sailen irakaskuntzako enkarguaren parte.

20. artikulua.– Diziplinarteko, nazioarteko eta unibertsitate arteko unibertsitate hedakuntzako ikasketak. Definizioa eta baldintzak.

Diziplinarteko, nazioarteko eta unibertsitate arteko berezko ikasketak dira, hala nola Erasmus+ programako Programa Trinko Konbinatuak edo Blended Intensive Programmes (BIPs), eta berariazko arauketa izango dute.

Ikasleek ikasketa egin izanaren ziurtagiria eskuratuko dute, eta dagokion aitortza akademikoa ikasketa ofizialetan, arautzen denaren arabera.

21. artikulua.– Errektoreordetzek, ikastegiek, sailek edo unibertsitateko beste egitura batzuek antolatutako unibertsitate hedakuntzako beste prestakuntzak.

Etengabeko prestakuntzako tituluekin nahasteko aukerarik emango ez duten ezaugarriak dituzten unibertsitate hedakuntzako beste ikasketa batzuk eskaini ahal izango dira, eta errektoreordetzen edo ikasketok antolatzen dituzten unibertsitateko egituren berariazko aurreikuspenek arautuko dituzte; ez zaizkie aplikatuko araubide honetako aurreikuspenak, berariaz hala adierazten ez bada, edo berariazko araubideak berak hala aurreikusten ez badu. 2 ECTS kreditu baino gutxiagoko prestakuntza jarduerak izango dira, ikastaro, mintegi edo tailer formatua izango dutenak, eta Parte Hartze Ziurtagiria eskuratzera bideratuta egongo direnak.

V. TITULUA
BEREZKO IKASKETEN ANTOLAKUNTZA
I. KAPITULUA
GRADUONDOKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZA

22. artikulua.– Organo proposamengileak.

Errektoreak, ikastegiek (berezkoek eta atxikiek), sailek, ikerkuntza zentro propioek eta unibertsitate institutuek (berezkoek eta atxikiek) proposatu ahal izango dute, ezartzen den epearen barruan, ikasketa hauek eskuratzera bideratutako ikasketak onartzea.

23. artikulua.– Organo arduradunak eta partehartzaileak.

1.– Ikastegi, Sail, Ikerkuntzako Zentro propio edo UPV/EHUren institutu bakarrak edo hainbatek hartu ahal izango dute antolaketa eta zuzendaritza akademikoaren ardura. Ikasketak emateko proposamena Errektorearena baldin bada, Ikastegi, Sail edo Ikerkuntzako Zentro propio edo Institutu baten adostasuna izan beharko du.

2.– Ikastegi batek hartzen duenean bere gain ikasketa antolatzearen ardura, eskolaren edo fakultatearen prestakuntza eskaintzaren barruan sartuko da ikasketa hori, gainerako titulazioekin batera, eta kalitatea bermatzeko sistema bat izan beharko du, ikastegi arduradunak berak bermatuta, edo berezko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzak bermatuta. Gainerako kasuetan, erantzukizuna edo ardura ez duenean bere gain hartzen ikastegi edo fakultate batek, berezko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzak egingo du titulazioaren jarraipena.

3.– Ikasketa horiek, gainera, Batzorde Akademiko bat izango dute.

24. artikulua.– Zuzendaritza Akademikoa.

1.– Zuzendari akademikoa, UPV/EHUko irakasle-ikertzaile iraunkorra izan behar da eta, titulua antolatu edo kudeatzeko ardura daukan organoko kidea. Ezin izango da berezko titulu bat baino gehiagoren zuzendaritzaz arduratu, moduluz egituratuta ez badago behintzat, eta pertsona bat izan daiteke modulu guztien eta amaierako tituluaren arduraduna.

Ikastegi atxikiek irakatsitako tituluen kasuan, zuzendaritza akademikoa ikastegi horretako pertsonala izan daiteke edo UPV/EHUko kide izango den zuzendarikide bat izendatu.

Beste unibertsitate edo administrazio batzuekin batera antolatzen diren tituluen kasuan, erakunde horretako zuzendarikide bat ere egon ahal izango da. Kanpoko erakundeekin lankidetzan antolatzen diren ikasketetan, erakunde horiek ikasketez arduratuko den pertsona bat izendatu ahal izango dute, zuzendaritza akademikoarekin lankidetzan jardungo duena, zuzendaritzak dituen eginkizunetan.

2.– Etengabeko prestakuntzako master baten zuzendaria izateko, doktore titulua eduki behar da.

3.– Zuzendari akademikoak bere lanaren berri emango dio Batzorde Akademikoari. Hauek izango dira haren eginkizunak:

– Ikasketak emateko proposamena aurkeztea.

– Jarraipen txostena egitea.

– Dagozkion hitzarmenak prestatzea.

– Tituluaren jarraipena egitea.

– KBBSren txostena eskatzea.

– Ikasketen gorabeheren berri ematea batzorde eskudunari.

– Ikasketa horietan esku hartzen duten irakasleen irakaskuntza ziurtatzea, dagokion Saileko Zuzendaritzaren oniritziarekin.

– Aurrekontua gestionatzea, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.

– Ikasleen kanpoko praktika akademikoen programaz arduratzea, hala badagokio.

– Ikasketak behar bezala emateko eta ondo funtziona dezaten beharrezko izan daitezkeen gainerako guztiak.

Zuzendaritza lanak gutxienez 3 kredituko dedikazioa eskatuko duela balioesten da.

25. artikulua.– Batzorde Akademikoa.

Zuzendari akademikoa izango da buru eta, gainera, proposatutako tituluko bi irakaslek osatuko dute, horietako batek UPV/EHUkoa izan beharko duelarik. Gutxienez batzordekide batek etengabeko lotura izan beharko du UPV/EHUrekin.

Ikastegi atxikiek irakatsitako ikasketen kasuan, batzordea ikastegiak berak zehaztuko duen moduan osatuko da, atxikipen hitzarmenarekin bat egin beharko duena.

Batzorde Akademikoaren eskumenak dira:

– Ikasleak aukeratzeko irizpideak zehaztea.

– Ikasleak hautatu eta onartzea, eta ez-onartuen errekurtsoak ebaztea. Edozein kasutan, behin betiko onarpena izateko, ikasleek matrikula egin beharko dute UPV/EHUko kasuan kasuko administrazio atalean.

– Bekak esleitzea.

– Ikasleen amaierako ebaluazio orokorra egitea.

– Kanpoko praktika akademikoen arduraduna izendatzea, hala badagokio.

– Jarraipen txostena egitea, ikasketaren jarraipena egitea eta horretarako beharrezko adierazleak ematea; hori guztia, ikasketaren zuzendariarekin batera.

– Hitzarmenen bat sinatzea beharrezkoa denean, horiek prestatuko ditu, horien jarraipena egin eta, hala dagokionean, berritu egingo ditu, hori guztia ikasketaren zuzendariarekin batera.

– Aurrekontua osatzea, unitate organikoaz arduratzea onetsitako aurrekontuari egokituta, eta gastuak baimentzea, organo proposatzaileko arduradunarekin batera.

– Gainerako eskumen akademiko guztiak.

Batzordekide lanak gutxienez kreditu bateko dedikazioa eskatuko duela balioesten da.

26. artikulua.– Titulazioak emateko eta haien jarraipena egiteko proposamenen ebaluazioa.

1.– Ikasketaren zuzendari akademikoak prestatu eta aurkeztuko du ikasketa emateko proposamena, arautegi honen II. eranskinean definitzen den edukiari jarraikiz.

2.– UPV/EHUk etengabeko prestakuntzaren eta kontuan hartzen diren berezko tituluen kalitatea eta zorroztasun akademikoa eta zientifikoa bermatuko ditu, eta unibertsitatearen kalitatea bermatzeko barne sistemen ardura izango da hori.

3.– Graduondoko Batzordeak ebaluatuko du berezko titulua ematea onesteko aukera, batzorde horrek erabakitzen duen moduan, eta emaitza aldekoa izan beharko da, hura onesteko.

Etengabeko Prestakuntzako Masterraren kasuan, gobernu organoek onetsi baino lehen egingo da proposamenaren ebaluazioa, eta nahitaez izan beharko du Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren aldeko irizpena, loteslea izango dena. Aldeko txosten hori lortu ondoren, unibertsitateak RUCTn sartzeko eskatu ahal izango du, betiere aintzat hartutako gaian Etengabeko Prestakuntzako Masterra izenarekin.

Etengabeko Prestakuntzako Masterretarako proposamen berrien kasuan, unibertsitateak kanpo kontraste bat eskatu ahal izango dio Unibasq agentziari edo beste ebaluazio agentzia bati, proposamenaren kalitatea ziurtatzeko helburuz. Kanpo kontraste hori egiten bada, adierazitako ondoreetarako soilik egingo da, eta tituluari buruzko informazio publikoan ezin izango da adierazi titulazio hori unibertsitate titulu ofizialak ebaluatzeko erabiltzen diren parametro berdinen arabera ebaluatu denik.

Nolanahi ere, ikasketa horien kalitatea ziurtatzeko, titulazioaren jarraipena egingo da urtero, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren bitartez.

27. artikulua.– Eskaintza aurkeztea eta onestea.

1.– Gobernu Kontseiluak onetsiko du UPV/EHUren etengabeko prestakuntzako eskaintza, batzorde eskudunak proposatuta, eta Gizarte Kontseiluak eskaintzari buruzko txostena egingo du. Ikasketa eskaintza onesten den heinean, argitara emango da.

2.– Eskaintza aldeko txostenik jaso duten proposamen berriek osatuko dute, bai eta tituluen ondorengo edizioek ere, baldin eta hala adierazten badute beste edizio bat aurkeztuz horretarako ezarriko den epean.

3.– Organo proposatzaileek kasuan kasuko aurrekontua aurkeztu beharko dute, bai eta zehaztu ere hasierako proiektuarekiko aldaketak, geroago ezarriko denarekin bat etorrita. Era berean, zuzendari akademikoaren onespena aurkeztu beharko dute.

4.– Ebaluatu beharreko proposamen berri bat aurkeztu beharko da, irakasteko modua aldatzen bada, titulua eman gabe bi edizio igaro badira eta prestakuntza programan funtsezko aldaketak egiten badira.

5.– Proposamena behin onartuta aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak eman beharko du espresuki aldaketa egiteko baimena. Ikasketa planeko aldaketak matrikula egin aurretik jakinarazi eta baimendu beharko dira.

28. artikulua.– Jarraipen txostena, aurkezpena eta edukia.

1.– Ikasturte bakoitza amaitzen denean, organo proposatzaileek eta/edo antolatzaileek dagokion jarraipen txostena bete beharko dute, ikasketaren jarraipena egiteko beharrezko adierazleekin, txosten ekonomikoarekin eta txosten akademikoarekin. Dagozkion ikasketak hurrengo ikasturteetan eskaintzen jarrai daitezen, ezinbesteko baldintza izango da jarraipen txostena aurkeztea.

2.– Txosten ekonomikoan erakutsi beharko da aurrekontua bete egin dela eta aurrekontuaren egoera ekonomikoa aurkeztuko da. Honako hauek zehaztu beharko dira:

– Hasierako aurrekontuarekiko aldea.

– Aurrekontuaren behin betiko likidazioa.

– Ondasunen inbentarioa.

– Baliabide ekonomikoen kudeaketari buruzko txosten xehatua.

3.– Txosten akademikoak Kalitatea Bermatzeko Unibertsitatearen Barne Sistemak eskatzen dituen adierazleak eta ikasketa hobetzeko proposamenak jaso beharko ditu gutxienez.

II. KAPITULUA
UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO DIPLOMAK ETA IKASTAROAK

29. artikulua.– Organo proposamengilea.

Errektoreak, dagokion arloan eskumena duen Errektoreordetzak, ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek, UPV/EHUren ikerkuntza zentro propioek eta unibertsitate institutuek (berezkoek eta atxikiek) proposatu ahal izango dituzte unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketak. Proposamenak batzorde eskudunari aurkeztuko zaizkio.

30. artikulua.– Zuzendaritza Akademikoa.

1.– Zuzendari akademikoak beteko ditu zuzendaritza akademikoari dagozkion eginkizunak, eta UPV/EHUko plantillakoa izan beharko da. Beste unibertsitate edo administrazio batzuekin batera antolatzen diren ikasketen kasuan, erakunde horretako zuzendarikide bat ere egon ahal izango da. Kanpoko erakundeekin lankidetzan antolatzen diren ikasketetan, erakunde horiek ikasketez arduratuko den pertsona bat izendatu ahal izango dute, zuzendaritza akademikoarekin lankidetzan jardungo duena, zuzendaritzak dituen eginkizunetan.

Ikastegi atxikiek irakatsitako tituluen kasuan, zuzendaritza akademikoa ikastegi horretako pertsonala izan daiteke edo UPV/EHUko kide izango den zuzendarikide bat izendatu.

2.– 24.3 artikuluan esleitzen zaizkionak izango dira zuzendaritza akademikoaren eginkizunak, ikasketen berezitasunengatik beharrezkoak izan litezkeen egokitzapenekin.

3.– Unibertsitate hedakuntzako diplomen kasuan, 25. artikuluan graduondoko ikasketetarako ezartzen diren osaera eta eginkizun berberak izango dituen Batzorde Akademiko bat eratuko da.

4.– Ondorengo mugen barruan ezarrita geldituko da zuzendaritzaren jarduna:

– 10 ordu, 10 ECTS kreditu baino gutxiagoko ikastaroetan.

– 15 ordu, 10 eta 15 ECTS kreditu arteko ikastaro edo diplometan.

– 15 ETCS kreditu edo gehiagoko unibertsitate hedakuntzako diplometan: zuzendaritza lanak gutxienez 3 kredituko dedikazioa eskatuko duela balioesten da, eta batzordekide lanak, berriz, gutxienez kreditu bateko dedikazioa.

31. artikulua.– Kudeaketako organoak.

Zuzendari akademikoari dagokion Ikastegiaren, Sailaren, Ikerkuntza Zentro propioaren, Institutuaren edo Errektoreordetzaren araberakoa izango da ikasketa horien kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa, edo kudeaketa hori agindu zaion Unibertsitateko baliabidearen araberakoa.

32. artikulua.– Proposamenen edukia eta onespena.

1.– Ikasketaren arduradun akademikoak prestatu eta aurkeztu beharko du ikasketa emateko proposamena, arautegi honen III. eranskinean definitzen den edukiari jarraikiz:

2.– Unibertsitate hedakuntzako ikasketak batzorde eskudunak onartu beharko ditu. Lehen ere eman diren ikasketen kasuan, kontuan hartuko dira aurreko ikasturteetako jarraipen txostenak. Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren eskumena da, hala badagokio, matrikularen prezioa onestea, eta ikasketaren organo arduradunak proposatuta onetsiko da.

3.– Proposamena behin onartuta aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde edo organo eskudunak eman beharko du aldaketa egiteko baimena.

33. artikulua.– Jarraipen txostenaren eta Txosten Ekonomikoaren aurkezpena eta edukia.

1.– Ikasturte bakoitza amaitzen denean, eta hilabete bateko gehieneko epean, Zuzendari Akademikoak dagokion jarraipen txostena aurkeztu beharko du, txosten ekonomikoarekin batera. Dagozkion ikasketak hurrengo ikasturteetan eskaintzen jarrai daitezen, ezinbesteko baldintza izango da jarraipen txostena aurkeztea.

2.– Txosten ekonomikoan erakutsi beharko da aurrekontua bete egin dela eta aurrekontuaren egoera ekonomikoa aurkeztuko da. Honako hauek zehaztu beharko dira:

– Hasierako aurrekontuarekiko aldea.

– Aurrekontuaren behin betiko likidazioa.

– Ondasunen inbentarioa.

– Baliabide ekonomikoen kudeaketari buruzko txosten xehatua.

Datu ekonomiko horiek bat etorri beharko dira UPV/EHUren kontabilitateko erregistroekin.

3.– Datu akademikoei dagokienez, ondorengo alderdiak adieraziko dira, besteak beste: nola garatu den ikasketen egutegia; zein mailatan bete diren ikasturterako zeuden aurreikuspenak; ikasle kopurua (sexuaren arabera banakatuta); inkesten emaitzak; egin den ebaluazio mota; eta, hala badagokio, bertaratze ziurtagiriak emateko baldintzak.

VI. TITULUA
SARTZEA, ONARTUA IZATEA ETA MATRIKULA EGITEA
I. KAPITULUA
GRADUONDOKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZA

34. artikulua.– Aurretiko izen-ematea, onarpena eta berrespena.

1.– Graduondoko etengabeko prestakuntzako ikasketaren bat egin nahi dutenek izena emateko eskabidea egin beharko dute, hurrengo artikuluetan eta arautegi honen I. eranskinean xedatzen denaren arabera.

Izena emateko epea behin amaituta, titulazioko Batzorde Akademikoak etorkizuneko ikasleak aukeratu eta onartuko ditu.

Onartutako ikasleek berretsi egin beharko dute tituluan izena emateko eskaria.

2.– Programa moduluka egituratuta badago eta ikasleak bat edo gehiago egitea eskatzen badu, onarpen agirian zehaztuko da zeinetan izan den onartua, eta, hala dagokionean, zein titulu edo diploma eskuratzeko aukera izango lukeen. Agiri horretan adieraziko da gainerako moduluak egin ahal izango direla ikasketa horiek benetan ematen badira, Berezko Ikasketen Arautegian ezarritakoaren arabera.

35. artikulua.– Matrikula.

1.– Eskaria behin berretsita, ikasleek matrikula egin ahal izango dute on line, titulazio bakoitzerako zehazten den epean.

Matrikulak edizio jakin baterako formalizatzen dira, eta edizio horretan gainditu behar dira ikasketak. Geroago ematen den beste edizio batean ikasketa berberean matrikulatzeko, kredituak aitortzeari dagokionez ezartzen dena bete beharko du ikasle bakoitzak.

2.– Matrikularekin batera –I. eranskinean jasotzen denaren arabera– aurkeztu behar den dokumentazioa Berezko Ikasketen Unitatera bidali beharko da, han azter dezaten.

3.– Matrikulak behin-behinekoak izango dira, ikasleek aplikatu beharreko arautegian zehazten diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu arte. Matrikula egin denetik hiru hilabete igaro badira Berezko Ikasketen Atalak horren kontra ezer erabaki eta jakinarazi barik, matrikula onartutzat jo beharko da eta irmoa izango da ondorio guztietarako.

Matrikulak ez baditu betetzen baldintza guztiak, interesatuari horren berri emango zaio eta hamar egun dituela jakinarazi, zuzentzeko.

4.– Baldintzapeko matrikula.

Ikasketa ofizialak amaitzeko gradu amaierako lana eta, gehienez, 9 ECTS kreditu bakarrik falta zaizkien Graduko ikasleak onartuak izan eta matrikulatu egin ahal izango dira, baldin eta plaza librerik badago. Ikasleak, ikasturtea amaitu baino lehen, ikasketara sartzeko baldintzak betetzen ez baditu, matrikula baliogabetzat joko da ondore guztietarako, eta ez dute baliotasun akademikorik izango jasotako ikaskuntzek, eta ikasleak ez du izango ordaindutako tasak berreskuratzeko eskubiderik, ezta egindako ikasketen ziurtagiria jasotzekorik ere.

36. artikulua.– Graduondoko etengabeko prestakuntzako ikasketen matrikularen zenbatekoa eta ordainketa.

1.– Oro har, tarifa orokorra izango da matrikularen prezioa.

Prezio publikoak osorik ordainduko dira, Gizarte Kontseiluak preziook ez ordaintzeko edo murrizteko baldintzaren bat ezarri ezean.

UPV/EHUko berezko tituluetan pertsona bakoitzak arrazoi bakarra argudiatu ahal izango du tasetatik salbuesteko.

2.– Aurretiko izenematea ordaindu bada, kopuru hori kendu egingo zaio matrikularen zenbatekoari. Matrikularik egingo ez balitz, izena ematean ordaindutako dirua itzuliko da, baldin eta izena eman bada azkenean irakatsiko ez den titulua bada.

3.– Ikasketa ikasturte akademiko bat baino gehiagoan eskuratzeko programatuta baldin badago, matrikula independentea izango da urte bakoitzerako, eta urte akademiko horretan emango diren kredituei dagokien zenbatekoa ordaindu beharko da.

4.– Moduluka egituratuta dauden programetan ikasleak modulu solteetan matrikulatu ahal izango dira, tituluaren proposamenean aukera hori aurreikusten bada.

5.– Bi epetan ordaindu ahal izango da matrikularen zenbatekoa –% 50a epeetako bakoitzean–, baldin eta, organo proposatzaileak eskatuta, eskudun organo edo Batzordeak hala ezartzen badu.

37. artikulua.– Matrikula baliogabetzea eta ez ordaintzea.

1.– Behin-behinean onartutako matrikulak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, eta ez bada zuzentzen horretarako egongo den epearen barruan, baliogabetu egingo da.

Era berean, matrikula baliogabetu egingo da, interesdunak hala eskatzen badu. Kasu horretan, irakaskuntza saioak hasi ez badira, ordaindutako zenbatekoak itzuli egingo zaizkio interesdunari. Irakaskuntza saioak dagoeneko hasi badira, zenbateko guztiak ordaindu beharko dira, eta ez dira itzuliko ordura arte ordaindutakoak. Aurretiko izen-ematean ordaindutako kopuruak ez dira inola ere itzuliko.

2.– Ezarritako epeen barruan matrikula ordaintzen ez bada, baliogabetu egingo da.

Matrikularen zenbateko osoa ordaindu ez duten eta, adierazitako epeen barruan, matrikula baliogabetzeko eskabidea formalizatu ez duen ikasleari UPV/EHUren aldeko zorra sortuko zaio –ordaindu gabe dauden kopuruen guztizkoa–; zenbateko hori exijitu ahal izango zaio ikasketa horri edo beste edozeini dagokion titulua emateko, titulua berezkoa zein ofiziala izan.

Erabaki irmo bidez UPV/EHUrekiko zorduntzat jo den ikaslea ezin izango da matrikulatu unibertsitatearen berezko ikasketetan.

3.– Matrikula erabaki arrazoitu baten bidez baliogabetuko da, eta erabaki horren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo hark eskumena eskuordetu dion pertsonari.

II. KAPITULUA
UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO DIPLOMAK ETA IKASTAROAK

38. artikulua.– Aurretiko izenematea eta matrikula.

Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen izena eman eta matrikula ikasketen proposamenean jasotako egiturak egingo ditu.

Organo eskudunak hala ezartzen badu bakarrik egongo da prezio publikoak ordaintzetik salbuesteko eta/edo prezio murriztapenak lortzeko aukera.

39. artikulua.– Matrikula onartzea eta baliogabetzea.

1.– Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketek proposatu dituen organoak eta arduradun akademikoak burutuko dute ikasleen onarpena.

2.– Oro har, epe bakarrean ordaindu beharko da matrikula. Unibertsitate hedakuntzako ikastaroak proposatzen dituen organoak matrikularen zenbatekoa beste epe batzuetan ordaindu ahal izatea eskatu ahal izango dio eskudun organo edo Batzordeari.

3.– Matrikula dagozkion epearen edo epeen barruan ordaintzen ez bada, baliogabetu egingo da matrikula.

Era berean, matrikula baliogabetu egingo da, interesdunak hala eskatzen badu. Kasu horretan, irakaskuntza saioak hasi ez badira, interesdunak ordaindutako zenbatekoak itzuli egingo dira. Irakaskuntza saioak dagoeneko hasi badira, zenbateko guztiak ordaindu beharko dira, eta ez dira itzuliko ordura arte ordaindutakoak.

Matrikularen zenbateko osoa ordaindu ez duten eta, adierazitako epeen barruan, matrikula baliogabetzeko eskabidea formalizatu ez duen ikasleari UPV/EHUren aldeko zorra sortuko zaio –ordaindu gabe dauden kopuruen guztizkoa–; zenbateko hori exijitu ahal izango zaio ikasketa horri edo beste edozeini dagokion titulua emateko, titulua berezkoa zein ofiziala izan.

III. KAPITULUA
IKASLEEN ASEGURUAK

40. artikulua.– Ikasleen aseguruak.

Berezko ikasketetan matrikulatzen diren ikasleak ez dira Eskola Aseguruan sartuta egongo. Hala ere, berezko ikasketetako ikasleek «matrikulako gastu finkoak» ordaintzen dituzte matrikularekin batera; gastu horien barruan sartzen da unibertsitate txartela eta eskola asegurua ez den beste aseguru bat, UPV/EHUko goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik urte akademiko bakoitzean ordaindu beharreko prezioak finkatzen dituen Hezkuntza Sailaren Aginduak ezartzen duen kopuruarekin.

Kontzeptu hori behin baino ez da ordaintzen, nahiz eta ikaslea UPV/EHUko hainbat titulaziotan matrikulatuta egon; berdin da titulazio ofizialak edo berezkoak diren.

IV. KAPITULUA
EBALUAZIOA ETA KREDITUAK AITORTZEA

41. artikulua.– Graduondoko etengabeko prestakuntzako ikasketen ebaluazioa.

1.– Berezko titulua lortzeko, gaindituta izan beharko dira, horretarako zehaztutako ebaluazioaren bidez, bai tituluko ikasketak, bai jarduera akademikoak. Eskoletara joatea ez da izango, inolaz ere, nahikoa titulua eskuratzeko.

2.– Ebaluaziorako irizpideak tituluaren proposamenean zehaztu behar dira. Kalifikazioa Gai, Ez Gai edo Aurkezteke izango da, eta esleituriko kreditu guztiei dagokie. Ez da egongo zati bat gainditzeko aukerarik. Deialdi bakarra egingo da titulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko kredituak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik, ez bada batzorde eskudunak horretarako beren-beregiko baimena eman duela.

3.– Ikasleen gehienez % 20ak «bikaintasun aipamena» lortu ahal izango du eta tituluan jasota ageriko da.

4.– Ikasketak moduluka egituratuta badaude, ikasleek beheko moduluetako kredituak finkatuko dituzte, eta gero jarraitu ahal izango dute beste moduluetako kredituekin titulua lortzeko.

5.– Ikasturte bat baino gehiago irauten duten tituluetan ikasturte bakoitzean amaierako ebaluazioa egin ahal izango da. Ebaluazioa gaindituz gero, kalifikazioa gorde egingo zaio ikasleari eta hurrengo ikasturteren batean antolatuz gero titulazioa, kredituok aitortu ahal izango zaizkio titulazioa lortze aldera.

6.– Kalifikazioa berrikusteko prozedura Graduko eta Graduondoko batzordeek onartzen dituzten arau osagarrietan zehaztuko da.

42. artikulua.– Graduondoko etengabeko prestakuntzako ikasketetako eta unibertsitate hedakuntzako diplometako kredituak aitortzea.

1.– Berezko Tituluaren Batzorde Akademikoak ebatziko ditu graduondoko berezko tituluak eskuratzera bideratutako ikasketa programetako ikasgaiak aitortzeko eskabideak, arautegi honen IV. eranskinean xedatutakoa betez.

Titulazio bateko moduluak solte egiten dituzten ikasleek moduluak aitortzea eskatu ahal izango dute haiek egin ahala, tituluko prestakuntza osatze aldera, eta, hala dagokionean, titulua eskuratze aldera.

2.– Batzorde Akademikoaren erabakien aurkako gora jotzeko errekurtsoak jarri ahal izango dira berezko ikasketen arloan eskumena duen Errektoreordetzaren aurrean –UPV/EHUko errektoreak hari eskuordetuta–, hilabete bateko epean, jakinarazpena jaso ondorengo egunetik zenbatzen hasita.

3.– Nolanahi ere, kredituak aitortzen zaizkion ikasleak Gizarte Kontseiluak –Unibertsitateko eskudun organoak proposatuta– ezarri dituen prezioak ordaindu beharko ditu.

43. artikulua.– Unibertsitate hedakuntzako diplomen eta ikastaroen ebaluazioa.

1.– Proposamenean ezarriko da unibertsitate hedakuntzako diplomen ebaluazioa, eta graduondoko ikasketetarako ezarritakoari egokitu ahal izango zaio, edo beste modu batera diseinatuta egon daiteke proposamenean, prestakuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta.

2.– Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketetan, zuzendari akademikoak ikasleen zerrenda bidaliko du berezko ikasketen atalera, zehaztuta ikasle bakoitzari dagokion ziurtagiri mota –bertaratze ziurtagiria edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria–, bigarren hori ebaluazioa gainditu dutenentzat, ebaluazio motaren bat aurreikusi bada. Zerrenda hori ikasketaren zuzendari akademikoak sinatuko du.

VII. TITULUA
BEREZKO IKASKETETAKO TITULUAK, DIPLOMAK ETA ZIURTAGIRIAK

Ondorengo artikuluetan eta arautegi honen V. eranskinean xedatutakoaren arabera emango dira.

44. artikulua.– Graduondoko tituluak eta diplomak eskatzea eta ematea.

1.– Eskaera.

Dagozkion tituluak eta diplomak eskuratzeko eskabidea «online» egin ahal izango da, edo Berezko Ikasketen Atalean eta Campuseko Errektoreordetzek horretarako ezartzen dituzten bulegoetan aurkeztu ahal izango da dagokion eskabidea. Tituluak emateko prozedura batzorde eskudunak zehaztuko du.

Moduluka egindako matrikulari dagokionean, azken titulua lortu ahal izateko, modulu guztietako tituluak eskatu beharko dira nahitaez.

Titulazio osorako matrikulari dagokionean, ez da beharko modulu bakoitzeko titulua eskatu eta ordaintzea.

2.– Tituluak ematea.

Errektoreak emango ditu UPV/EHUko etengabeko prestakuntzako Master Tituluak eta berezko ikasketetako Diplomak eredu arautuari jarraituz, eta Berezko Tituluen Unibertsitate Erregistroan jasota geldituko dira, Unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta identifikazioko, zaintzako, ziurtapeneko eta izaera publikoko baldintza berberetan.

Gizarte Kontseiluak –ikasketaren arduraduna den organoak proposatuta– ikasturte bakoitzerako onesten dituen tarifak ordaindu beharko ditu eskatzaileak, UPV/EHUk eman beharreko tituluak eta ziurtagiriak eskuratzeko.

Tituluak beste titulu edo modulu solte batzuen aitorpenaren bidez eskuratu direnean, halaxe adierazi beharko da tituluaren atzealdean.

45. artikulua.– Graduondoko ikasketetako eta diplometako bertaratze ziurtagiria eta ziurtagiri akademikoa.

1.– Gai kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriak Batzorde Akademikoak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu haiek emateko baldintzak.

2.– Aurreko atalean aipatutako ziurtagiriez gain, dagozkien ikasketak Gai kalifikazio globalarekin gainditu dutenek, dagokion ziurtagiri akademikoa eskatu ahal izango dute Berezko Ikasketen Atalean.

46. artikulua.– Unibertsitate Hedakuntzako Ikastaroetako bertaratze ziurtagiria eta onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria.

1.– Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen eskoletara eta mintegietara joanez gero, «bertaratze ziurtagiria» lortu ahal izango du ikasleak, edo ebaluaziorik gainditu behar izanez gero, «onuraz parte hartzearen ziurtagiria».

2.– Ziurtagiria ematea.

Dagokion Errektoreordetzak emango ditu bertaratze ziurtagiria eta/edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria, eta ikastaroa antolatzen beste organismo edo erakunderen batek ere parte hartu badu, haiekin batera eman ahal izango dira. Nolanahi ere, Berezko Ikasketen Atalean erregistratuko dira ziurtagiriok.

VIII. TITULUA
BEREZKO IKASKETEN FINANTZAKETA ETA KUDEAKETA EKONOMIKOA

47. artikulua.– Finantzaketa.

Araudi honetan arautzen diren ikasketa propioak autofinantzatu egingo dira beti, eta proposamenean orekatuta egon beharko dira dirusarrerak eta gastuak.

48. artikulua.– Gestio ekonomikoa.

Gestio ekonomikoak UPV/EHUn indarrean dagoen arautegi orokorra eta hurrengo artikuluetan zehazten dena bete beharko du.

49. artikulua.– Gune organikoak irekitzea eta ixtea.

1.– Kudeaketa ekonomikorako, berezko ikasketa bakoitzak gune Organiko bat izango du, oro har, unibertsitateko Gerentziak horretarako xedatzen duenari jarraikiz, baina urte naturalaren barruan edizio bat baino gehiago egiten bada, gune organiko bera erabiliko da bi edizioetarako.

2.– UPV/EHUren aurrekontuetako III. Liburukiko Kudeaketa Ekonomikoaren Araubide Orokorrean ezarritakoari jarraikiz irekiko da gune organikoa, eta gune organikoak bere gain hartu beharreko gastuak baimentzen dituzten pertsonak izango dira araubide honen I. Tituluko 2. artikuluan adierazten diren sinatzaileak.

3.– Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen edizioa behin bukatuta, organikoa irekita egongo da hurrengo urtean gastuen kitapena egiteko edo berezko ikasketei buruzko arautegiko 53. artikuluan zehaztutakoari jarraituz erabiltzeko. Edonola ere, urte hori igarota, organikoa itxi egingo da, eta bertan dirurik geratzen bada, unibertsitatearen kontu orokorrera pasatuko da.

50. artikulua.– Sarrerak.

Honako jatorria izango dute ikasketen dirusarrerek:

a) Ikasleek izena ematerakoan eta matrikula gisa ordaintzen dituzten prezioak.

b) Dirulaguntza publikoak edo pribatuak.

c) Babesletzak, mezenasgoak edo dohaintzak.

d) Dagokion memoria ekonomikoan zehaztuko diren beste iturri batzuk.

51. artikulua.– Matrikulen diru sarrerak.

1.– Matrikularen diru sarrerak campusak horretarako sortutako kontuan egingo dira, eta jarduera honek eragindako gastuak finantzatzeko erabiliko dira zuzenean, betiere, aurrekontuari jarraituz.

2.– Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, Berezko Ikasketen Atalak dagozkion likidazioak egingo ditu, Kontabilitate Zerbitzuaren bitartez. Dirusarrerak kontabilizatu ondoren dirurik itzuli behar baldin bada, berezko ikasketen arduradunak zuzenean itzuliko dio ikasleari, tituluaren aurrekontuaren kargura.

52. artikulua.– Dirulaguntzen sarrerak.

1.– Graduondoko etengabeko prestakuntza eta Unibertsitate Hedakuntzako Diplomak.

Dirulaguntza jaso izana aitortuko da, eta kreditua esleituko zaio berezko tituluaren gune organikoari, dirulaguntzaren erabakia jasotzen denean.

Gorabeheraren bat dela-eta azkenean dirulaguntza jasotzen ez bada, deskontatu egingo da dirulaguntza horren kontura emandako kreditutik, edo, bestela, matrikulen kreditutik.

2.– Bestelako berezko ikasketak:

Dirulaguntzarik jasoz gero ikasketak burutzeko, dirulaguntza hori eskatu, gestionatu eta justifikatzearen ardura izango dute ikasketak proposatu dituen organoak eta arduradun akademikoak.

53. artikulua.– Superabita.

Edozein superabit gertatzen bada, hurrengo edizioan sor litekeen defizita estaltzeko erabili ahal izango da, aurkeztutako aurrekontuan matrikulen araberako dirusarrera baino txikiagoa delako.

54. artikulua.– Prezioak.

Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu –Gobernu Kontseiluak proposatuta– ikasketa horietarako dagozkion prezioak, bai eta tituluak eta ziurtagiriak eskatzeko tarifak ere.

55. artikulua.– Gastuen gestioa.

Berezko ikasketak emateagatik sortutako gastuak erabat ordaindu beharko dira matrikulen dirusarrerekin, dirulaguntzekin eta, hala badagokio, aurreko edizioko superabitarekin. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta honako hauek:

UPV/EHUren arlo ekonomikoko eskudun organoak ezartzen duen atxikipena aplikatuko da.

Ikasketen irakaskuntzan eta gestioan lanean ari diren UPV/EHUko irakasleei eta langileei nominaren bidez egingo zaizkie ordainketak, horretarako arautegi espezifikoari jarraituz.

Aurkezten den fakturaren arabera egingo zaizkie ordainketak UPV/EHUtik kanpoko langileei. Salbuespen gisa, fakturarik egin ezin badute, indarrean dagoen PFEZaren atxikipena aplikatuta egingo dira ordainketak.

Material inbentariagarria, unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen finantzatuz eskuratutakoa, UPV/EHUren ondarea izango da.

Master ofizialetako moduluak diren unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen kasuan, Masterra ematearen ondoriozko gastuak ordaintzeko erabili ahal izango dira dirusarrerak, Masterrak kudeatzeari buruzko araudiari jarraikiz.

IX. TITULUA
HITZARMENAK

Titulu honetan xedatutakoa Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegiko 25 f) artikuluan aipatzen den arautegi espezifikoa da, 2009ko apirilaren 24an onartutako arautegia (abenduaren 5eko EHAAn argitaratua).

UPV/EHUk berezko ikasketetarako lankidetza hitzarmenak sina ditzake beste erakunde batzuekin, alde biek interes orokorreko helburu bera izango dutelarik, eta interes orokor hori betetzeko betebeharrak haien gain hartuko dituztelarik.

Lankidetza hitzarmenak sina daitezen, Graduondoko Batzordeak sustatuko diren hitzarmenetarako ereduak onetsiko ditu, edo hitzarmenek jaso behar dituzten gutxieneko edukiak zein izan behar diren finkatuko du.

56. artikulua.– Hitzarmen motak.

Arautegi honetan aipatzen diren hitzarmenez gain, hitzarmen mota hauek sinatu ahal izango dira:

1.– Unibertsitate arteko lankidetzakoak edo beste erakunde batzuekiko lankidetzakoak, berezko ikasketak elkarrekin edo lankidetzan antolatzeko.

2.– Lokalak erabiltzeko hitzarmenak, finantzaziokoak edo berezko ikasketekin lotuta komenigarritzat jotzen diren beste batzuk.

3.– UPV/EHUri atxikitako ikastegi eta institutuek egiten dutenean, berezko ikasketen antolaketarako, ikasketa hauek eman eta kudeatzeko finkatzeko.

4.– Ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko beste instituzio edo erakunde publiko edo pribatu batzuekin lankidetzan jardutekoak. Hitzarmen horiek UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak Arautzeko Arautegian ezarritakoaren arabera arautuko dira.

57. artikulua.– Hitzarmenen gutxieneko edukia.

1.– Ikasketak beste unibertsitate batzuekin edo herri administrazioekin batera edo beste unibertsitate edo erakunde batzuekin lankidetzan antolatzeko hitzarmenak, edo prestakuntza kanpoko erakunde batekin lankidetzan emateko hitzarmena, haren eskariz:

UPV/EHUren eta beste aldearen edo aldeen artean sinatzen den hitzarmenak ondorengo alderdiak jaso beharko ditu, gutxienez: berezko tituluaren xedea eta izena, zela antolatuko den irakaskuntza, ikasketara sartzeko eta hautatua izateko betekizunak, zein unibertsitatek koordinatuko duen berezko titulua, zein unibertsitate arduratuko den ikasleen espedienteak zaintzeaz eta titulua emateaz, finantzazioari buruzko xehetasunak, zein organo arduratuko den koordinazioaz eta kudeaketaz, ikasketa plana eta ikasketa plana aldatzeko prozedura eta, hala badagokio, UPV/EHUko eskudun Batzordeak ezar litzakeen beste alderdi batzuk.

Unibertsitate arteko ikasketen kasuan, gainera, hitzarmenak zehaztu beharko du zein unibertsitate izango den ikasleen espedienteak zaintzeaz eta tituluak emateaz eta erregistratzeaz arduratuko dena. Atzerriko unibertsitateen kasuan, UPV/EHUk zainduko ditu ematen dituen berezko tituluak eskuratzen dituzten ikasleen espedienteak.

Lankidetza unibertsitateak ez diren beste erakunde batzuekin egiten denean, UPV/EHU arduratuko da ikasleen espedienteak zaintzeaz eta tituluak emateaz eta erregistratzeaz.

Hitzarmen hori berezko tituluaren proposamenarekin batera tramitatu eta onartuko da, eta tituluarekin zerikusia duten unibertsitateko arloen eta UPV/EHUko Gerentziaren onespena izan beharko du.

2.– Lokalen erabilera, finantzaketa edo komenigarritzat jotzen den beste edozein.

3.– UPV/EHUri atxikitako ikastegi eta institutuekiko kolaborazioan gutxienez ondorengo informazioa jaso beharko du hitzarmen horrek: nola antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den ikasketak antolatzeaz; zein izango den kudeaketa ekonomikoaren arduraduna; zein ikasketen arduraduna; alderdi finantzarioak eta, zehazki, UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak.

58. artikulua.– Hitzarmenak tramitatzea eta sinatzea.

1.– Batzorde eskudunak horretarako finkatuko dituen hitzarmen ereduekin bat datozen hitzarmenak zuzenean izenpetuko ditu ikasketen arduradun akademikoak, eta jakinaren gainean jarriko du batzorde eskuduna hitzarmena indarrean sartu aurretik.

2.– Hitzarmenak ez datozenean bat finkatutako ereduekin, batzorde eskudunak onartu beharko ditu eta kasuan kasuko errektoreordeak izenpetuko; aipatutako batzordeak baimena emanez gero, ikasketen arduradun akademikoak izenpetu ahalko ditu.

3.– Hitzarmena ikasketa emateko proposamenarekin batera tramitatzen den kasuetan, memoriarekin batera aurkeztu beharko da, eskudun Batzordeak onets dezan eta, ondoren, Gobernu Kontseiluari helaraziko zaio ikasketaren memoria. Edonola ere, jarduerak hasi baino lehen izenpetu beharko dute hitzarmena aldeek.

4.– Berezko Ikasketen Atalak bilduko ditu hitzarmenak sinatzeko beharko diren txosten guztiak.

Hitzarmen orok izan behar du justifikazio memoria, hitzarmena sinatzeak ekarriko duen onura edo horretarako dagoen beharra azaldu behar duena, eta beste alderdi hauek ere jaso behar dituena: zein jarduera garatuko den, aldeek haien gain hartzen dituzten konpromisoak, beharrezko azpiegitura, eta hitzarmenaren helburuak betetzeko zenbat langile eta baliabide dagoen. Sinatu nahi den hitzarmenaren beharra eta egokitasuna aztertu beharko du, izango duen inpaktu ekonomikoa eta hitzarmenaren xede den jardueraren kontratuz kanpoko izaera.

5.– Atxikitutako zentro eta institutuekiko lankidetza-hitzarmenak Batzorde eskudunak izapidetu eta onartuko ditu, eta eragindako unibertsitate-arloek informatuko dituzte, betiere, UPV/EHUko Gerentziak emango dute horien berri.

59. artikulua.– Gobernu Kontseiluari informazioa ematea eta hitzarmenak erregistratzea.

Sei hilabetetik behin, eskudun Errektoreordetzaren bitartez, sinatutako hitzarmenei buruzko informazioa emango zaio Gobernu Kontseiluari, hitzarmen horiek eskudun batzordeak ezarritako ereduekin bat etorri zein ez. Halaber, ikasleen datu pertsonalik ez dituztenak erregistratuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Graduondokoen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloetan eskumena duen Errektoreordetzari eskuordetzen zaio araudi hau aplikatzerakoan plantea litezkeen gai eta gorabehera guztiak interpretatzeko eta ebazteko eginkizuna.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

UPV/EHUko batzorde eskudunari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatuko duten arau osagarriak emateko.

Halaber, araudi honetan aipatzen diren hitzarmen ereduak onesteko eta araubide honen eranskinak aldatzeko ahalmena ematen zaio EHUko eskudun Batzordeari, Graduondokoen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloetan eskumena duen Errektoreordetzak proposatuta.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Esperientzia Ikasgeletan ematen diren unibertsitate hedakuntzako ikasketak.

UPV/EHUko Esperientzia Ikasgeletan berariazko araudi bidez erregulatzen den unibertsitate hedakuntzako prestakuntza ematen da: Giza Zientzietako Titulua, Akademia Antolakuntzako errektoreordearen 2001eko irailaren 12ko erabaki bidez arautzen dena; erabaki horrek Unibertsitateko hiru campusetan giza zientzietako unibertsitate titulua eskuratzera bideratutako ikasketak arautzen ditu, eta UPV/EHUren Behin-behineko Kontseiluak 2003ko abenduaren 15ean egindako saioan onetsitako Erabakiaren bitartez aldatu zen. Azken erabaki horren bitartez, Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua aldatzen da. Helduentzako ikastaroak UPV/EHUko Esperientzia Ikasgeletan ematen diren helduentzako unibertsitate ikastaroen araudiak arautzen ditu gaur egun, Gobernu Kontseiluaren 2005eko uztailaren 21eko saioan onetsitako Erabaki bidez onetsi zenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe geratuko da lehendik emandako zirkular, xedapen eta erabakietan jasotakoa, arautegi honetan zehaztutakoarekin bat ez datorren heinean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Arautegi honetan eta bera garatzen dutenetan zehaztuta ez dagoen guztirako indarrean dagoen legeriari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Arautegi hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean.

I. ERANSKINA
BEHIN-BEHINEKO IZEN-EMATEA, ONARPENA ETA MATRIKULA BEREZKO IKASKETETAN
1.– GRADUONDOKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZA.

1. artikulua.– Behin-behineko izen-ematea.

UPV/EHUn eskaintzen diren etengabeko prestakuntzako graduondoko ikasketetan matrikulatzeko prozesua abiatu aurretik, behin-behineko izen-emateak egiteko epe bat ezarriko da, halako ikasketak egin nahi dituztenentzat.

Ezarritako epe orokorrean egin beharko da eskaera, behin-behineko izen-ematea egiteko ezartzen den zenbatekoa ordaindu ondoren, hala badagokio. Eskaera online egin behar da, edo ikasketak kudeatzeko ardura duen organoan bertan aurkeztu behar da, kasu bakoitzean eskatzen den dokumentazioarekin batera. Berezko titulu bakoitza eskaintzen duten sail, institutu edo ikastegietako idazkaritzetan entregatuko da dokumentazio hori.

Behin-behineko izen-emateak egiteko epean ikasleen eskariak ez badira heltzen proposamenean jasotako gutxieneko ikasle kopurura, Errektoreordetza eskudunaren baimena beharko da graduondokoa eman ahal izateko, eta, horretarako, matrikulazioa hasi baino lehenago, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, aurrekontu berria gaineratuz. Matrikulazioari ezingo zaio ekin, inolaz ere, dagokion baimena izan arte.

2. artikulua.– Ikasleak onartzeko baldintzak.

1.– Graduondoko bakoitza emateko proposamenean ezar daitezkeen betekizun gehigarriak gorabehera, Berezko Ikasketen Arautegian adierazitako baldintzak bete beharko dituzte ikasleek, bai eta hurrengo artikuluetan adierazitakoa ere.

2.– Atzerriko titulua daukaten ikasleak.

Atzerriko titulua daukaten ikasleek ez dute titulua homologatu beharrik graduondokoa egiteko.

Ikasle horiek honako prozedura bete beharko dute:

Ikasleak, behin-behineko izen-ematea egitean, sarrera eskaria aurkeztuko dio Graduondoko Batzordeari edo egin nahi duen graduondokoaren Zuzendaritza Akademikoko arduradunari, agiri hauekin batera (gaztelaniara itzulita aurkeztu behar dira, frantsesez, ingelesez, italieraz edo portugesez daudenean izan ezik):

a) Titulu ofiziala: graduondoko ikasketetarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria.

b) Egindako irakasgaien ziurtagiria: izena, iraupena eta kalifikazioa jasota.

Itzulpenik behar izanez gero, honako hauek onartuko dira:

a) Espainiar estatuak atzerrian daukan edozein ordezkaritza diplomatikok edo kontsuletxek egindako itzulpena.

b) Eskatzailearen herrialdeak edo dokumentua egin duen herrialdeak Espainian daukan ordezkaritza diplomatikoak edo kontsuletxeak egindako itzulpena.

c) Zinpeko itzulpena, Espainian behar bezala baimenduta edo erregistratuta dagoen pertsonak egina.

Behin-behineko izen-ematea egiteko prozesuaren barruan, berezko tituluko zuzendari akademikoak ikaslearen espedientea eta aurkeztutako tituluaren egokitasunari buruzko txostena igorriko dio Graduondoko Batzordeari. Horiek aztertu ondoren, Graduondoko Batzordeak erabakiaren berri emango dio titulazioko Batzorde Akademikoari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren-beregi adierazi beharko dute ontzat ematen dutela ikaslea onartzea.

Onartuta egonda matrikula egin dutenei UPV/EHUren errektoreak egindako baimena emango zaie.

3.– Enpresen edo erakundeen eskariz antolatutako ikasketak direnean, enpresa edo erakunde horietako ikasle guztiak batera matrikulatu ahal izateko neurriak har daitezke, ahal den guztietan.

3. artikulua.– Ikasleen onarpena.

1.– Izena emateko epea behin amaituta, titulazioko Batzorde Akademikoak etorkizuneko ikasleak aukeratu eta onartuko ditu.

2.– Ikasleak hautatu ondoren, zuzendari akademikoak gestio hauek egin beharko ditu:

a) Ikasleari bere egoeraren berri ematea (onartuta, itxaron zerrendan edo kanporatuta dagoen). Onartutako ikasleek, edozelan ere, berretsi egin beharko dute onarpena.

b) Ikasle ez onartuei jakinarazi egin beharko die zein errekurtso mota aurkez dezaketen erabaki horren kontra, horretarako aukerarik egonez gero.

c) Onartutako ikasleei matrikula egiteko dataren berri ematea.

d) Berezko Ikasketen Atalari matrikula epearen berri ematea, epe hori hasi baino gutxien dela 5 egun lehenago eman ere. Jakinarazpenean jasota ageri beharko da zein egunetan hasiko den matrikula, baldin eta proposamenean zehaztutako data aldatu baldin bada. Bestalde, Zuzendaritza Akademikoak laguntzarik eman badu eskura dituen dirulaguntzen kargura, laguntza horiek jasota ageri dituen akta igorri beharko da.

3.– Programa moduluka egituratuta badago eta ikasleak bat edo gehiago egitea eskatzen badu, onarpen agirian zehaztuko da zeinetan izan den onartua, eta, hala dagokionean, zein titulu edo diploma eskuratzeko aukera izango lukeen. Agiri horretan adieraziko da gainerako moduluak egin ahal izango direla ikasketa horiek benetan ematen badira, Berezko Ikasketen Arautegian ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Matrikula.

1.– Plaza bat lortu duen ikasleak dagokion titulua eskuratzeko ezarri diren ikastaro guztietan egingo du matrikula.

Eskaria behin berretsita, ikasleek matrikula egin ahal izango dute online, titulazio bakoitzerako zehazten den epean.

2.– Matrikularekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak Berezko Ikasketen Atalera bidaliko dira.

3.– Matrikulak behin-behinekoak izango dira, ikasleek Berezko Ikasketen Arautegian zehazten diren baldintzak eta proposamenean zehaztutakoak betetzen dituztela egiaztatu arte. Matrikula egin denetik hiru hilabete igaro badira eskumena duen errektoreordetzak horren kontra ezer erabaki eta jakinarazi gabe, matrikula onartutzat jo beharko da eta irmoa izango da ondorio guztietarako.

Matrikulak ez baditu betetzen baldintza guztiak, interesatuari horren berri emango zaio eta hamar egun dituela jakinarazi, zuzentzeko. Ikasleak ez badu betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, aurkeztutako matrikula artxibatu egingo da. Interesdunak erantzunik ematen ez badu, matrikula eskaera bertan behera utziko da, horretarako emango den erabakiaren bidez.

4.– Erabaki irmo bidez UPV/EHUrekin zorretan dauden ikasleek ezin izango dute matrikularik egin UPV/EHUren berezko ikasketetan.

5.– Matrikula ez onartzeko erabakiak arrazoitua izan behar du eta ordaindutako prezio publikoak itzultzea ekarriko du. Erabaki horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari.

6.– Matrikula epea behin bukatuta, berezko tituluaren zuzendari akademikoak egiaztatu egin beharko du bete egin dela proposamenean zehaztutako gutxieneko matrikula kopurua. Ez bada gutxieneko hori bete, arautegiko 35. artikuluan zehaztutakoari jarraitu beharko dio. Aipatutako baldintzak betetzen ez badira, baimena eskatu beharko zaio eskumena duen Errektoreordetzari aurrekontu berriarekin. Ezin izango da eskolarik ematen hasi baimen hori izan gabe. Dagozkion aldaketak tituluaren jarraipen-txostenean eguneratuko dira.

5. artikulua.– Matrikula egiteko egunak.

Graduondoko bakoitzeko zuzendari akademikoak finkatuko ditu matrikula egiteko egunak, eta gehienez ere astebete emango da. Matrikula egiteko epea irekitzea eskatzeko, ezinbesteko baldintza da aurkeztutako proposamenean zehaztutako gutxieneko ikasle kopuruak berretsi izatea onarpena.

Matrikula epea bukatzen denetik eskolak hasi arte, gutxienez 10 eguneko epea egongo da.

Adierazitako egunetan edozein aldaketa egiteko, Graduondoko Batzordearen baimena beharko da.

6. artikulua.– Matrikula egiteko lekua eta dokumentazioa.

Onartutako pertsonen matrikula online egingo da, horretarako jarritako aplikazioan.

Matrikularekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa honako hau da (postaz bidali behar da Berezko Ikasketen Atalera):

a) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatea dutenek), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo Pasaportearen fotokopia edo Egoiliar Txartelaren fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).

b) Berezko titulurako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Titulua UPV/EHUn lortu dutenek 1988a baino oraintsuago, ez dute agiri hori aurkeztu beharrik.

c) Argazki bat, atzean izen-abizenak idatzita.

d) Ordainagiria, ondorengo artikuluan adierazitako moduari jarraiki.

e) Tasen murrizketa edo salbuespenerako eskubidea izanez gero, hori egiaztatuko duten agiriak.

7. artikulua.– Matrikula ordaintzea.

1.– Zenbatekoa.

Ikasleek ordaindu beharreko matrikularen zenbatekoa automatikoki kalkulatuko da matrikula eskaera egiten den unean, eta, hala badagokio, ikasturtez ikasturte Euskal Herriko Unibertsitateko goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezioak finkatu eta prezioetan salbuespenak eta murrizketak izateko baldintzak ezartzen dituen Hezkuntza Sailaren aginduan aurreikusitako matrikula gastu finkoak barne hartuko ditu.

Unibertsitatean beste ikasketa batzuk egiten egonez gero, lehenengo matrikula egitean ordainduko da.

Titulua ikasturte batean baino gehiagotan emateko programatu bada, urtean-urtean egin beharko da matrikula, eta urtean urteko matrikulan irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa baino ez da ordainduko.

Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu aitortutako kredituen tarifak, eta dagokion errektoreordetzak argitaratuko ditu.

2.– Ordaintzeko era.

Matrikula era honetara ordaindu ahal izango da:

a) Matrikula formalizatzean ematen den ordainagiri pertsonalizatua. Agiri horrekin, hurrengo puntuan adierazitako kontuan egin beharko da ordainketa. Kutxak zigilua ipiniko du ordainagirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ordainagiriaren jatorrizkoa Berezko Ikasketen Atalera bidali behar da. Ikasleak bikoiztua gordeko du, ordaindu izanaren agiri bezala.

b) Ordainketa pasabidea.

c) Banku transferentzia. Ikasleak diru sarreraren egiaztagiria bidali behar du Berezko Ikasketen Atalera.

3.– Horretarako jarritako sarrera kontua.

4.– Ordainketa egiteko egunak.

Ezarritako prezioak kopuru bakar batez ordaindu daitezke matrikula formalizatzeko unean, edo bi zatitan, zenbateko berdinetan; kasu horretan, matrikula egitean ordainduko da lehen zatia, eta jarraian adierazitako egunetan bigarrena.

Bigarren zatia ordaintzeko egunak arloko eskumena duen errektoreordetzak ezarriko ditu ikasturte bakoitzean.

8. artikulua.– Tasen murrizketa eta salbuespena.

1.– Tasen murrizketa eta tasak ordaintzetik salbuetsita egotea:

a) Berezko tituluaren antolatzaileek hala erabakita, dagokion titulurako emandako dirulaguntzetan sartuta egonez gero tasetarako finantzaketa. Besteak beste, EHUalumni deskontua.

b) Familia ugari berezietako kideek ez dute ezer ordaindu beharko; familia ugari orokorretako kideek, berriz, matrikularen % 50 ordaindu beharko dute. Familia ugari bateko kide izatea egiaztatu behar da Aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiri ofizialaren fotokopia erkatuaren bidez edo fotokopia eta jatorrizkoa aurkeztuta, biak parekatzeko. Agiriak indarrean egon behar du, eta iraungita badago, berritzeko tramiteetan dagoela egiaztatu beharko du interesatuak.

c) Ekintza terroristen biktimek eta beren ezkontide eta seme-alabek ez dute ezer ordaindu behar. Ekintza terroristen biktimek, izaera hori egiaztatzeko, Barne Ministerioko Herritarrentzako eta Terrorismoaren Biktimei Laguntza Emateko Azpizuzendaritza Orokorrak emandako agiria aurkeztuko dute; edo, bestela, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programaren babesa dutela adierazten duen erabakia.

d) Organo eskudunak aitortuta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun edo elbarritasun maila duten ikasleek ez dute ezer ordaindu beharko. Egoera hori Aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiriaren bidez egiaztatu behar da.

e) Ez dute ezer ordainduko genero indarkeriaren biktimek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean genero indarkeriaren biktimei laguntzeko dauden koordinazio mekanismoei buruzko martxoaren 1eko 29/2011 Dekretuaren babesean halakotzat jotzen badira, eta artikulu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak eskatzeko eskubidea izango dute haien kargura eta haiekin batera bizi diren 25 urtetik beherako seme-alabek.

f) Gizarte Kontseiluak ezarritako beste salbuespen batzuk.

UPV/EHUko berezko tituluetan, pertsona bakoitzak arrazoi bakarra argudiatu ahal izango du tasetatik salbuesteko, eta matrikulatzeko unean dokumentazio hori aurkeztu beharko du.

9. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.

1.– Matrikula baliogabetu ahal izango da, Berezko Ikasketen Arautegian ezarritakoaren arabera.

2.– Matrikula egin eta gero, erabakitzen bada ikasketak ez direla emango, honela jokatu beharko da:

– Erabakia antolatzaileek hartu badute, berezko tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, matrikula egiteko epea amaitu eta 5 eguneko epean. Jakinarazpen horretan adieraziko da zer tramite egin behar diren ordaindutako prezioak itzultzeko; izan ere, idatzia aurkeztu beharko da Berezko Ikasketen Atalean, adieraziz ikaslearen datuak, bankuko kontua (20 digitu), kontuaren titularra eta titularraren NANa (ikaslea bera ez bada).

– Erabakia Graduondoko Batzordeak hartu badu, zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, bost eguneko epearen barruan erabakiaren berri izan eta biharamunetik kontatzen hasita. Jakinarazpen horretan adieraziko da zer tramite egin behar diren ordaindutako prezio publikoak itzultzeko, aurreko atalean adierazitako moduan.

2.– UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO IKASTAROAK ETA DIPLOMAK.

10. artikulua.– Behin-behineko izen-ematea eta matrikula.

Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketetan, ikasketa horiek proposatu dituen egiturak egingo ditu behin-behineko izen-ematea eta matrikula.

Ikasketen ardura duen organoaren idazkaritzan egingo dira ikasleen matrikulak.

Matrikula epe bakarrean ordainduko da, unitate organikoak horretarako jarritako kontuan. Dena den, matrikularen ordainketa zatikatzeko baimena eman dezake eskumena duen batzordeak.

Ikasleak matrikula baliogabetzeko eskaria eginez gero, horrek ez du eragingo ordaindutakoa itzultzerik, ez bada ikasturtea hasi gabe dagoela.

11. artikulua.– Gastuen gestioa.

Behin matrikula amaituta, ikasketen ardura duen pertsonak tramite hauek egingo ditu:

Ardura duen sailak edo arloak ikasleen izen-ematea eta matrikula egingo du. Onartutako ikasleek dagokion kontuan ordainduko dituzte tasak, eta, gainera, aseguruaren zenbatekoa ordainduko dute (UPV/EHUko beste ikasketa batzuetan matrikulatuta daudela egiaztatzen ez dutenek bakarrik ordaindu beharko dute aseguruaren zenbateko hori, 4 euro).

II. ERANSKINA
GRADUONDOKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETEN PROPOSAMENA

1.– Izena, ezin izango da izan Gobernu Kontseiluak onartutako beste ikasketa batzuen berbera, eta ezin izango du nahasterik sortu beste titulu ofizial batzuekin.

2.– Zuzendari akademikoa, UPV/EHUko irakasle-ikertzailea izango da, eta titulua antolatu edo kudeatzeko ardura daukan organoko kidea. Berezko master baten zuzendari izateko, doktore titulua izan beharko da. Ikastegi atxikiek irakatsitako tituluen kasuan, ikastegi horretako langile bat izan daiteke zuzendari akademikoa, edo UPV/EHUko kide den zuzendarikide bat izenda daiteke.

3.– Unibertsitate arteko berezko tituluetan, unibertsitate bakoitzak izan ahalko du, gainera, bere zuzendari akademikoa.

4.– Graduondoko Batzordeak zehaztuta, irakaskuntza programaren ezaugarriak. Besteak beste, honako hauek izan daitezke: kreditu kopurua, ikastaroen eta mintegien edukia eta iraupena, nahitaezko eta hautazko kredituak, teorikoak eta praktikoak, eta horien programa; ikasturte bakoitzeko eskola orduen kopurua; ikasturtearen hasiera eta amaiera eguna; eskolak emateko tokia; egin beharreko kanpo praktikak; aurreikusitako ebaluazio sistema; eta, hala badagokio, ikerketa lan edo aplikazio teknikoko lan berezituengatik aitor daitekeen kreditu kopurua.

5.– Programa modulutan egituratuta dagoenean, zeintzuk diren modulu horiek, eta ea guztiak gainditzeak tituluren bat eskuratzea dakarren, eta hala bada, zein.

6.– Ikasleak zenbat kreditu egin behar dituen titulua lortzeko eta, modulurik badago, modulu bakoitza lortzeko.

7.– Zein epetan egin behar diren modulu guztiak amaierako titulua eskuratzeko.

8.– Gutxieneko ikasle kopurua proposamenean zehaztuko da, ikastaroaren autofinantzaketa eta bideragarritasuna bermatzeko moduan. Gehieneko ikasle kopurua ikastaroa emateko dauden baliabideen araberakoa izango da.

9.– Eskola guztiak euskaraz ematen direnean, 5 ikasle egon daitezke.

10.– Salbuespen moduan, eta batzorde eskudunak gaia aztertu eta onartu ondoren, ikasle gutxiagoko proposamen arrazoituak onartu ahal izango dira.

11.– Ikasketetan onartua izateko baldintzak, kontuan hartuta aratuegi honetan zehaztutako baldintza orokorrak.

12.– Irakasleen zerrenda, emango duten ordu kopurua zehaztuta. UPV/EHUko irakasleen kasuan, irakasle bakoitzak oniritzia eman beharko du parte hartzeko. Irakasle guztien curriculuma erantsi beharko da, eredu arautuari jarraituz osatua.

13.– Batzorde Akademikoa osatzeko proposamena. Batzordearen burua zuzendari akademikoa izango da (bat baino gehiago badaude, bakarra proposatu beharko da) eta, gainera, bi kide izango ditu, proposatzen den tituluko irakasleak biak, eta bietako batek UPV/EHUkoa izan behar du. Gutxien dela, batzordekide batek izan beharko du lotura iraunkorra UPV/EHUrekin. Ikastegi atxikiek irakatsitako ikasketen kasuan, ikastegiak berak zehaztuko duen moduan osatuko da batzordea, atxikipen hitzarmenarekin bat.

14.– Ikastegiaren, sailaren edo institutuaren baliabide materialak eta giza baliabideak, ikasketa berrien premiei aurre egiteko. Proposamenarekin batera, ikastegiko zuzendaritzak gelak erabiltzeko emandako baimena aurkeztu beharko da.

15.– Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.

• Diru sarreren aurrekontuan honako hauek zehaztu behar dira:

– Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.

– Erakunde publiko eta/edo pribatuen dirulaguntzak.

– Aurreikusitako beste diru sarrera batzuk.

• Gastuen aurrekontuan honako hauek zehaztu beharko dira:

– UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.

– UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.

– Administrazio eta kudeaketa lanetan diharduten langileen ordainsariak, hala dagokionean.

– Gastu orokorretarako atxikipena.

– Gainerako gastu orokorrak.

16.– Aurrekontuaren desglosea aurkeztu beharko da, ikaslea matrikula daitekeen modulu solte bakoitzerako.

III. ERANSKINA
UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO IKASTAROAK ETA DIPLOMAK IRAKASTEKO PROPOSAMENA

1.– Ikasketen arduraduna izendatzea.

2.– Batzorde eskudunak zehaztuta, irakaskuntza programaren ezaugarriak. Besteak beste, honako hauek izan daitezke: kreditu kopurua, ikastaroen eta mintegien edukia eta iraupena, nahitaezko eta hautazko kredituak, teorikoak eta praktikoak, eta horien programa; eskola orduen kopurua; hasiera eta amaiera eguna; eskolak emateko tokia; egin beharreko kanpo praktikak; aurreikusitako ebaluazio sistema.

3.– Gutxieneko ikasle kopurua proposamenean zehaztuko da, ikastaroaren autofinantzaketa eta bideragarritasuna bermatzeko moduan. Gehieneko ikasle kopurua ikastaroa emateko dauden baliabideen araberakoa izango da.

4.– Irakasleen zerrenda, emango duten ordu kopurua zehaztuta.

5.– Prestakuntza antolatzen duen egiturak dauzkan baliabide materialak eta giza baliabideak ikastaroaren premiei aurre egiteko. Proposatzaileak kasuan kasuko baimena eduki beharko du gelak erabiltzeko.

6.– Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.

• Diru sarreren aurrekontuan honako hauek zehaztu behar dira:

– Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.

– Erakunde publiko eta/edo pribatuen dirulaguntzak.

– Aurreikusitako beste diru sarrera batzuk.

• Gastuen aurrekontuan honako hauek zehaztu beharko dira:

– UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.

– UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.

– Administrazio eta kudeaketa lanetan diharduten langileen ordainsariak, hala dagokionean.

– Gastu orokorretarako atxikipena.

– Gainerako gastu orokorrak.

IV. ERANSKINA
KREDITUAK AITORTZEA

1. artikulua.– Definizioa.

Kredituak aitortzea da ontzat hartzea ikasleak beste ikasketa batzuetan lortutako kredituak (amaituta edo amaitzeke dituen ikasketetan), eta UPV/EHUn bertan zein beste unibertsitate batean lortutakoak (Estatuan zein atzerrian), hartara, graduondoko berezko titulu bat edo unibertsitate hedakuntzako diploma bat lortzeko ikasketetan burututako kreditutzat hartzeko. Kredituak aitortuz gero, titulazioan eskatutako kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko ikasleak.

2. artikulua.– Irizpide orokorrak.

Kredituak aitortzeko unitatea ikasketa planean jasotako irakasgaia izango da, eta kredituak aitortzean ez da oinarri hartuko irakasgaien edukien arteko antzekotasuna edo iraupena, ezpada gainditutako kredituei lotutako gaitasunak eta jakintzak. Ezin izango da, inolaz ere, krediturik aitortu amaierako lanagatik, tesinagatik edo antzekoengatik.

3. artikulua.– Berezko beste ikasketa batzuetan egindako kredituak aitortzea.

Berezko ikasketen Batzorde Akademikoak hala onartuta, ikasketa horietako ECTS kredituen % 30era arte aitor daiteke berezko beste ikasketa batzuetan gainditutako kredituengatik, kontuan hartuta horiei lotutako gaitasunak eta jakintzak.

Moduluka antolatutako proposamenetan, prestakuntza programa bateko kredituen % 100 aitor daiteke.

4. artikulua.– Ikasketa ofizialetan egindako kredituak aitortzea.

Graduondoko berezko tituluetan, unibertsitateko master tituluetan (ofizialetan) edo doktoregoan egindako kredituak aitortu ahal izango dira.

Graduko berezko tituluetan, lehenengo edo bigarren zikloko titulazio ofizialetan egindako kredituak aitortu ahal izango dira (diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa), edo graduko titulu ofizialetan egindakoak.

Bai batean, bai bestean, gehienez ere ikasketa planaren % 30 aitortu ahal izango da. Salbuespenezko egoeretan, zuzendari akademikoak eskaria egin ahalko dio batzorde eskudunari, ehuneko hori handitu dezan. Eskariak behar bezala justifikatuta egon beharko du, eta batzordeak erabakiko du onartu edo ez.

5. artikulua.– Izapideak.

Errektoreordetza eskudunak ezarri eta argitaratuko du ikasturte bakoitzeko epeen eta izapideen egutegia.

Ikasleak berezko tituluaren idazkaritzan aurkeztu behar du kredituak aitortzeko eskaria, errektoreordetza eskudunak ezarri eta dagokion web orrian argitaratu diren epeen barruan.

Dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Baliozkotu nahi diren ikasketen maila eta ezaugarriak egiaztatzeko ziurtagiri akademikoa; bertan jasoko dira gainditutako irakasgaiak eta lortutako puntuazioak.

b) Ikasketa plana edo egindako irakasgaien taula, hala dagokion ikastegiak, sailak edo institutuak egina.

6. artikulua.– Erabakia.

Tituluko Batzorde Akademikoak ebatziko du kredituak aitortzeko eskaria eta ikasleari jakinaraziko dio.

Erabakian ondokoak jaso beharko dira:

a) Aitortuko den kreditu kopurua, kreditu horiek zer irakasgaitakoak diren adierazita.

b) Onartu zaizkion ikasketa planeko irakasgaiak.

c) Eskaerari uko egiten bazaio, aitortu ez den kreditu kopurua, kreditu horiek zer irakasgaitakoak diren adierazita; halaber, uko egiteko arrazoi esplizituak azalduko dira.

d) Erabakiaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitateko errektoreordetza eskudunari, jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean.

Baliozkotzeei buruzko erabakiak hartu ondoren, baliozkotzeen akta bidaliko zaio Berezko Tituluen Atalari, ezarritako ereduaren arabera.

7. artikulua.– Aitortutako kredituak ordaintzea.

Aitortutako kredituak espedientean jaso aurretik, ikasleak ordaindu egin beharko ditu tasak:

a) Unibertsitate publikoetan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: dohainik.

b) Titularitate pribatuko unibertsitateetan edo atzerriko Unibertsitateetan eta/edo goi mailako hezkuntza zentroetan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren % 25.

c) UPV/EHUko berezko beste titulu batzuetan egindako ikasketengatik aitortutako kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren % 25. Salbu eta aitortutako kredituak modulu berekoak badira edo berezko tituluak handitu egin badu kreditu kopurua eta, ondorioz, maila handiagoko beste titulu bat eskaini. Kasu horretan, ez da ordaindu behar.

Salbuespenezko arrazoiak direla medio, ikasle bati ikasketa amaierako lana bakarrik falta bazaio graduondoko berezko ikasketak amaitzeko, eta lan hori egiteko matrikula hurrengo edizio batean egiten badu, aurreko edizioan gainditutako kredituen aintzatespena doakoa izan dadila eska diezaioke Batzorde Akademikoak errektoreordetza eskudunari.

d) Espainiako zein atzerriko beste unibertsitate batean eta/edo goi mailako hezkuntza zentro batean egindako berezko tituluengatik edo beste ikasketa batzuengatik: kredituari dagokion zenbatekoaren % 100.

e) UPV/EHUn etengabeko prestakuntzan egindako ikasketengatik aitortutako kreditua:

1.– Berezko titulu berean egindako moduluak: dohainik.

2.– Berezko beste titulu batean edo master ofizialetan egindako moduluak: kredituari dagokion zenbatekoaren % 25.

V. ERANSKINA
BEREZKO TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA
I. KAPITULUA
TITULUAK ETA DIPLOMAK EMATEA

1. artikulua.– Arau orokorra.

Errektoreak emango ditu, eredu normalizatuari jarraiki. Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratu beharko dira emandako tituluak, Unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan.

2. artikulua.– Prozedura.

1.– Tituluak eskuratzeko eskariak.

1.1.– Tituluak eskuratzeko eskariak Berezko Ikasketen Atalean aurkeztuko dira, edota Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko edo Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Interesatuak berak egindako eskaria.

b) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatea dutenek), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo Pasaportearen fotokopia edo Egoiliar Txartelaren fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).

c) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Salbuetsitako pertsonei dagokienez, I. eranskineko 8. artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

Berezko titulua edo diploma eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria bidaliko die Berezko Ikasketen Atalak ikasleei. Ziurtagiri horrek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte. Ziurtagiria ezarritako ereduari jarraituz egingo da.

Tituluak edo diplomak beste titulu edo modulu solte batzuen aitorpenaren bidez eskuratu direnean, halaxe adierazi beharko da tituluaren atzealdean.

1.2.– Berezko titulu edo diplomaren bat 1993-1994 ikasturtea baino lehen egin dutenek, aurreko puntuan adierazitako agiriez gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

1.– Berezko titulu edo diplomarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Berezko titulurako sarrera ematen duen titulua 1988. urteaz geroztik UPV/EHUn eskuratu dutenek ez dute agiri hori aurkeztu behar.

2.– Tituluak eta diplomak ematea.

Interesdunak berak jaso beharko du titulua edo diploma, inprimatu eta gero, Berezko Ikasketen Atalean. Ikasleak ezinezkoa badu bera joatea, baimena eman ahal izango dio beste bati (ahalorde notarialaren bidez) bere izenean titulua hartzeko.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, eta Berezko Ikasketen Atala dagoen herrian bizi ez bada interesduna, eskaria egin diezaioke idatziz atal horri, bere etxetik gertuen dagoen bulego hauetakoren batera bidal dezan titulua: Arabako Campuseko errektoreordetzara, Bizkaiko Campuseko errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzara, Probintziako Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritzara, Hezkuntza Bulegora edo Kontsuletxera.

Salbuespenez, titulua edo diploma ministerio bulegoen bidez ematerik ez duten probintzietan, posta ziurtatuaz igorriko zaio ikasleari eta hark bere gain hartuko ditu dokumentuak paira litzakeen kalteak eta arrazoi horregatik behar izan litekeen bikoiztuaren kostua.

Tituluak jasotzeko prozedura berari jarraituko zaio bikoiztuen kasuan (artikulu honetako 4. atala).

Titulua eman eta bost urte pasatzen badira interesduna haren bila joan izan gabe, Berezko Ikasketen Atalak hilabeteko epea emango dio interesdunari titulua jasotzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako erabakiaren bidez. Gainera, jakinaraziko dio titulua baliogabetu eta hautsi egingo dela, baldin eta epe horren barruan jasotzen ez bada. Titulua edo diploma hautsi egin bada, akta egin beharko da eta Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan gorde.

Ikasketak amaituta izanda titulua eskuratu baino lehenago hildako ikasleen kasuan, eta senideek eskaria egiten badute, titulua ematea egokia dela erabaki dezake Unibertsitateko errektoreak. Titulu horietan, dagokion diligentzia adieraziko da aurreko aldeko beheko aldean.

3.– Tituluaren izena titulua lortu duenaren generora, maskulino edo femeninora, egokitzea.

Tituluen edo ziurtagirien izenak eta bestelako aipamenak titulu hori lortu dutenen generoa, maskulinoa edo femeninoa, kontuan hartuta egingo dira.

4.– Bikoiztuak ematea.

a) Bikoiztuak ematea, jatorrizkoak hondatu egin direlako edo zuzenketak egin behar direlako:

Tituluko datuak zuzendu behar badira edo titulua hondatu egin bada, akats horiek Unibertsitatearenak izan gabe, interesdunak bikoiztu bat eskatu beharko du. Interesdunak, bikoiztua zergatik eskatzen duen justifikatzen duten dokumentuekin batera, jatorrizko titulua aurkeztu beharko du, edota titulua identifikatzeko aukera eskain dezaketen jatorrizkoaren zatiak.

Horrelakoetan, interesatuak berak ordaindu beharko ditu tasak.

Unibertsitatearen akats baten ondorioz egin behar bada zuzenketa, bikoiztua emateko prozedurari ofizioz ekingo dio Berezko Ikasketen Atalak. Interesdunak ez du tasarik ordaindu beharko kasu horretan.

Berezko Ikasketen Atalak emango dio hasiera bikoiztuak egiteko prozedurari.

b) Bikoiztuak ematea, titulua galdu delako edo lapurtu egin dutelako:

Jatorrizko titulua galtzeagatik edo lapurtzeagatik UPV/EHUren Berezko Tituluen bikoiztuak eman behar izanez gero, interesdunak eskaria egin beharko du, adieraziz zergatik eskatzen duen bikoiztua.

Titulua galdu edo lapurtu izana Unibertsitateari leporatu ahal zaionean, bikoiztua emateko prozedurari ofizioz ekingo dio Unibertsitateak berak. Interesatuak ez du ezer ordaindu beharko titulua berriz emateagatik.

Titulu bikoiztuan jasota agertuko da zergatik bikoiztu den; horretarako, dagokion diligentzia adieraziko da aurreko aldeko beheko aldean.

II. KAPITULUA
ZIURTAGIRIAK EMATEA

3. artikulua.– Ziurtagiriak eskatzea.

1.– Berezko titulu bateko ikasketak «Gai» kalifikazio globalarekin gainditzen dituzten ikasleek horren ziurtagiria eska dezakete Berezko Ikasketan Atalean eta Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (1993-1994 ikasturtetik aurrera matrikulatutako ikasleak):

a) Behar bezala beteriko eskaria.

b) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria.

2.– 1993-1994 ikasturtea baino lehenagoko ikasturteetan matrikulaturiko ikasleek, matrikulaturik egon diren ikastegi, sail edo institutuetako idazkaritzetan eskatu beharko dituzte ziurtagiri akademikoak, eta bertan adieraziko zaien dokumentazioa eman beharko dute.

3.– «Gai» kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriok Batzorde Akademikoak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu haiek emateko baldintzak.

III. KAPITULUA
ZIURTAGIRI ETA TITULUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK

Ziurtagiriak eta berezko tituluak emateko tasak UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu, batzorde eskudunak proposatuta, eta dagokion errektoreordetzak UPV/EHUren webgunean argitaratuko ditu.


Azterketa dokumentala