
221. zk., 2023ko azaroaren 20a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (356 KB - 23 orri.)
- EPUB (532 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5212
AGINDUA, 2023ko azaroaren 14koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralen bidez Irisgarritasun Unibertsaleko Estrategia ezartzeko eta bertan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko toki-erakundeentzako dirulaguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten duena.
2017an, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak 20 urte bete zituela-eta indarrean jarri zenetik, Eusko Legebiltzarrak adierazpen instituzional bat onartu zuen. Horren bidez, laugarren puntuan, irisgarritasun unibertsala sustatzeko estrategia bati heltzeko deia egin zien erakunde publikoei, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari, ekimen hori gidatu eta bultza zezan, zeharkakoa izateko, hirugarren sektoreko erakundeekin lankidetzan.
Horregatik, ISEK-Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluak Osoko Bilkura berezia egin zuen egunarekin bat, eta lehendakariaren adierazpenaren bidez, Euskadik konpromisoa hartu du Irisgarritasun Unibertsaleko Estrategia bat, eta horri lotutako Ekintza Plana, ezartzeko. Gobernu Kontseiluak 2020ko otsailaren 4an onartu zuen estrategia hori, eta ekintza-plana, berriz, 2021eko azaroaren 2an.
Estrategia horren bidez, irisgarritasuna gainditu nahi da, hau da, desgaitasuna duten pertsonentzako oztopo fisikoak ezabatzea, kontzeptu zabalago eta unibertsalago baten bidez. Kontzeptu horrek bermatuko du ingurune, prozesu, produktu eta zerbitzu guztiak erabat erabilgarriak eta ulergarriak izango direla pertsona guztientzat eta bizitzako esparru guztietan, eta bat etorriko da desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenarekin.
Estrategiak honako helburu estrategiko hauek ezartzen ditu:
– Irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudia guztiz betetzen dela ziurtatzea.
– Irisgarritasuna kudeaketa publikoan oinarrizko eta zeharkako elementu gisa txertatzea.
– Gizarte osoaren sentsibilizazioa eta kontzientziazioa hobetzea bereziki eragindako kolektiboei buruz, hala nola desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonei eta adinekoei buruz.
– Irisgarritasun unibertsalari buruzko prestakuntza bultzatzea.
– Garapen teknologikoa sustatzea eta irisgarritasunaren arloan berrikuntza eta kalitatea ikertzea sustatzea.
– Gobernantza-eredu berri bat sortzea, estrategia gidatzeko eta ezagutza sortzeko.
Estrategia hori garatzen duen Ekintza Planak, guztira, zeharkako 41 ekintza identifikatzen ditu, hainbat arlotako ekimenak bultzatzeko: hirigintza eta eraikuntza, garraioa, turismoa, justizia, kultura-ondarea, kultura, aisialdia, hezkuntza, osasuna eta lanaren arlokoak. Ekintza horien artean, 4. ekintza nabarmendu behar da. Lau urteko irisgarritasun-programak idazteko eta eguneratzeko beharra identifikatzen du, eta Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategian (aurrerantzean, PIAU) definitutako unibertsaltasun-ikuspegia txertatzen du.
Zehazki, toki-eremuan, PIAUak herritarren eguneroko bizitzan gehien hurbiltzen diren eta eragiten duten tresnetako bat dira, edonoren eskura dauden inguruneak eta zerbitzuak lortzeko konpromiso hori ezartzeari begira, ingurune eta zerbitzu horiek ahalik eta autonomoen erabiltzeko.
Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea indarrean jarri zenetik, erakunde publiko guztiek beren lau urteko planak diseinatzeko betebeharra ezarri zen, irisgarritasuna sustatzeko beharrezko sustapen-neurri gisa.
Horregatik, orain arte, gure Erkidegoko toki-erakunde asko izan dira irisgarritasuna planifikatzeko tresna horiez hornitzen joan direnak, nahiz eta tresna horien edukia hiri-espazioetan eta eraikin publikoetan oztopo arkitektonikoak kentzera bideratu duten, eta horrek gabezia nabarmena dakar, irisgarritasunaren izaera unibertsala erdiesteko neurrien aurreikuspena kaskarragoa delako: irisgarritasun fisikoaz haratago, hau da, irisgarritasun bisual, entzunezko, kognitibo edo organikoaz haratago.
Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategia egin bitartean, irisgarritasunaren eremuan beharrezkoa den zeharkakotasun eta unibertsaltasun hori lortzen lagunduko duten ekintzak abian jartzeko beharra identifikatu zen. Horretarako, ISEK-Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluak bere gain hartu du PIAU Irisgarritasun Unibertsala Sustatzeko Plan Integralak idazteko gida bat idazteko konpromisoa. Gida hori ez da mugatzen arau-eskakizunak zorrotz betetzera, ez eta oztopo arkitektonikoei dagokienez ere, erakundeentzat eredu izan daitekeena, beren planak ikuspegi berri horretatik ezartzeko garaian.
Horren ondorioz, zeharkako ekintzak egin beharko dira toki-eremuan, eta, horietan, erantzun integrala lortzeko eskumena duten arlo guztiek esku hartuko dute, gizartean parte hartzeko mekanismoak sustatuz eta, oro har, herritar guztientzako zerbitzuen kalitatea hobetzeko jarduketak bultzatuz.
Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak adierazten du, halaber, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek irisgarritasuna sustatzeko behar diren sustapen-neurriak hartzea bultzatuko dutela, eta diruz lagundu daitezkeen programetan lehentasunezko jarduketa gisa adieraziko dutela obra jakin batzuk finantzatzea, hain zuzen ere hauek: hiri-inguruneen eta espazio publikoen irisgarritasun-baldintzetara, eraikuntzara, garraiora eta komunikazio-sistemetara egokitzeko xedea duten obrak.
Azaldutakoan oinarrituta, toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzen salbuespenezko agindu bat argitaratzeari ekintza positiboko neurri egokia irizten zaio, erakunde horien Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integral berriek eta horiek ezartzearen ondoriozko jarduketek ikuspegi zabalagoa izan dezaten, hainbat alderdi aintzat hartzeko aldera: unibertsaltasuna, zeharkakotasuna, guztiontzako diseinua, eragile guztien inplikazioa, bizitza independentearen sustapena eta aukera-berdintasuna. Izan ere alderdi horiek, irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen legediaren printzipiotzat hartuta daude, bai eta, batez ere, Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategian bertan ere, eta horrelako ekintzei ekiteko baliabide gutxien dituzten biztanleria txikiko erakundeei arreta handiagoa eman behar zaie, orain arte nagusi zen irisgarritasunaren ikuspegia eguneratu eta gainditzeko moduan (murriztailea baitzen zeharo).
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16.4 artikuluari jarraituz, agindu honen bidez ez da bikoiztasunik gertatzen erakunde onuradunen eta Administrazio autonomikoaren artean irisgarritasunaren arloan, Eusko Jaurlaritzak sustatutako udalaz gaindiko programa autonomiko bat ezartzeko berariazko dirulaguntza lerro bat delako, Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategia.
Gainera, dirulaguntzen lerro hori salbuespenezkoa da, eta 111.2 artikuluan jasotako printzipioetara egokitzen da, finantzaketa baldintzatuaren salbuespenei dagokienez, eta honako printzipio hauek betetzen ditu:
– Toki-erakundeen parte-hartzearen printzipioa, toki-erakunde bakoitza baita, Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralak idazterakoan, erakundearen eta autonomia-erkidegoaren interesak bateratzeko lehentasunak finkatzen dituena.
– Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioa; izan ere, erakunde bakoitzak, planaren bitartez, zorrotz planifikatuko ditu planaren denbora-eremuan aurreikusitako inbertsioak.
– Zerbitzuen efizientziaren, eraginkortasunaren eta kalitatearen printzipioa; izan ere, Planak berak zerbitzuen ebaluazioa jaso beharko du, bai eta herritarrek parte hartzeko mekanismoak ere, herritarrenganako zerbitzuen kalitatea ziurtatu aldera.
Bestalde, laguntza-araubide horrek ez du lehia aldatzen, eta, beraz, barne-merkatuarekin bateragarria da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluan xedatutakoaren arabera, ez baitira Erkidegoko zuzenbidearekin bateraezinak diren estatu-laguntzak.
Dirulaguntzen araubide hori Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bidez onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak eskatzen duen bezala, eta agindu honetan adierazitako edukiarekin. Dokumentu hori herritarren eskura dago sailaren webgunean.
Deialdi hau aldez aurretik izapidetzen da, baina baldintzatuta: dirulaguntzaren gehieneko kopurua ematekotan, ezinbestekoa izango da ebazpena agertuko den unean kreditu egokia eta nahikoa edukitzea.
Horiek horrela, eta eskumena daukadanez kontu hau ebazteko -Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak-, eta Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da, salbuespenez, Irisgarritasun Unibertsala Sustatzeko Plan Integralak (aurrerantzean, PIAU) egiteko edo dauden irisgarritasun-planak eguneratzeko EAEko toki-erakundeei emango zaizkien dirulaguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea, bai eta plan horietan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko laguntzak arautu eta deitzea ere.
2.– Administrazio publikoek irisgarritasuna sustatzeko neurri gisa, abenduaren 4ko 20/1997 Legean aurreikusitakoa oinarritzat hartzen duten tresnak dira PIAUak, planaren erakunde sustatzailearen eskumeneko esparruei aplikatutako irisgarritasun-baldintzetara pixkanaka egokitzea lortzeko. Baldintza horiek, gainera, Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategian zehaztutako printzipioak eta helburuak jasotzen dituzte, horiek ezartzeko ekintza positiboko neurri gisa.
2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.
1.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira bi ildotan bereizitako jarduketa hauek:
a) 1. lerroa.– Irisgarritasun unibertsaleko plan integralak –PIAU. egitea eta idaztea.
PIAUen azterketa- eta esku-hartze eremuak barne hartuko ditu planaren sustatzailea den arlo, sail edo mendeko beste erakunde batzuen ingurune fisikoa, zerbitzu publikoak eta informazio- eta komunikazio-bideak, lehendik daudenak eta/edo aurreikusitakoak.
Dirulaguntzaren xede diren PIAUen gutxieneko edukiak honako hauek jasoko ditu: proposamen estrategiko bat, abiapuntuko egoeraren analisi eta diagnostikorako atal bat, jarduketa-plan bat, kudeaketa-plan bat eta komunikazio-plan bat, agindu honen I. eranskinean jasotako ereduaren arabera.
Lehendik dauden irisgarritasun-planak eguneratzerik egongo da, baldin eta indarrean dagoen plana onartu zenetik lau urte baino gehiago igaro ez badira eta eguneratze horrek planaren edukia osatuko badu, PIAUetarako adierazitakora egokitu arte. Horrez gain, eguneratutako planaren esparruan lortutako emaitzen ebaluazioa ere egin behar izango da.
b) 2. lerroa.– PIAUetan aurreikusitako irisgarritasun-arloko jarduketak gauzatzea.
1.– Irisgarritasun fisikoaren, sentsorialaren eta kognitiboaren beharretara egokitzeko ingurune fisikoan jarduteko proposamenak diruz laguntzeko modukotzat joko dira, baldin eta honako talde hauetakoren batean kokatzen badira:
– Ibilbide irisgarriak diseinatzea, igogailuak edo plataforma jasotzaile bertikalak, higiene-zerbitzuak eta aldagela egokituak instalatuz, hiri-ingurunean zein eraikinen barrualdean.
– Hiri-inguruneen eta eraikinen seinaleztapena hobetzea, edonorentzat ulergarria izan dadin; horretarako, wayfinding orientazio- eta mugikortasun-baliabideak erabiliko dira, sinbolo edo piktograma unibertsalak sartuko dira, edo informazioa eta orientazioa hobetuko duten sistemak edo teknologiak sartuko dira, hala nola begizta magnetikoak edo alerta-sistema edo abisu irisgarriak.
2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketek toki-erakundearen Irisgarritasun Planean sartuta egon behar dute.
3.– Toki-erakunde onuradunak 2020an edo geroago onartutako Irisgarritasun Plan bat badu, eskaeran bertan justifikatu beharko da hori.
4.– Toki-erakunde onuradunak 2020an edo geroago onartutako Irisgarritasun Planik ez duenean, eskatzaileak PIAU bat egiteko konpromisoa adierazi beharko du, indarrean dagoena ordezkatzeko. PIAU horrek laguntza-lerro honen bidez lortutako dirulaguntza likidatu aurretik idatzita egon beharko du, eta, aldi berean, 1. lerroren bidez finantzatzeko eskaera egiteko aukera badago.
5.– Hobekuntza-obrak gauzatze horrek kultura-interesekotzat jotako edo beste edozein babes-araubideri lotutako hiri-inguruneei edo higiezinei eragiten dienean, babes-araubide aplikagarria kudeatzeko eskumena duen organoak aldeko txostena eman beharko die obra horiei, edo, hala badagokio, baimena eman, bere araudiaren arabera.
6.– Ez dira diruz lagunduko:
a) Aurri-egoeran dauden edo egon daitezkeen eraikinetarako jarduketak.
b) Erabilera nagusia bizitegia duten eraikinetan esku hartzeko proposamenak, baldin eta, Eraikinen Ikuskapen Teknikoei buruzko uztailaren 24ko 117/2018 Dekretuaren aplikazio-eremuaren barruan egonik, Ikuskapen Teknikoen Erregistroan (Euskoregite) argitaratutako eraikinaren ikuskapen teknikoa ez badute.
c) Nagusiki bizitegi-erabilera duten eraikinetan esku hartzeko proposamenak, baldin eta, Eraikinen Ikuskapen Teknikoei buruzko uztailaren 24ko 117/2018 Dekretuaren aplikazio-eremuaren barruan egonik, 1., 2. edo 3. esku-hartze maila duten patologiak identifikatuta badituzte, laguntza-lerro honen bidez lortutako dirulaguntza likidatu aurretik zuzendu direla egiaztatzen denean izan ezik.
d) Hiri-ingurunean eta sarbide eta erabilera publikoko eraikinetan irisgarritasun unibertsala bermatzera bideratuta ez dauden jarduketak.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako jarduketaren bat egin nahi duten udalak, mankomunitateak, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko koadrilak izango dira laguntza hauen onuradunak.
2.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduketaren % 100 azpikontratatu dezake, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa betez.
3.– Erakunde hauek ezin izango dira erakunde onuradun izan:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan jasotako egoeraren batean daudenak.
b) Horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenak, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4. artikulua.– Irisgarritasunaren aurrekontu babesgarria eta diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa.
1.– Irisgarritasun-aurrekontu babesgarria da 2. artikuluan deskribatutako diruz laguntzeko moduko jarduketak gauzatzeko aurreikusitako aurrekontua, laguntza-eskaeran adierazita, zergak, tasak eta eremua irisgarritasun unibertsalaren baldintzetara egokitzearekin zuzeneko loturarik ez duten partidak izan ezik.
2.– Eskabide bakoitzaren irisgarritasun-aurrekontu babesgarria ezin izango da honako zenbateko hauek baino txikiagoa izan, eskatzen den dirulaguntzen lerroaren arabera:
– 1. lerroa: 10.000 euro.
– 2. lerroa: 50.000 euro.
3.– Diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekotzat joko da irisgarritasunaren aurrekontu babesgarriari aplikatu beharreko ehuneko hauetatik handiena aplikatzearen emaitza:
a) % 85 - 1. lerroko aurrekontu babesgarrietarako.
b) % 70 - 2. lerroko aurrekontu babesgarrietarako, hiri-ingurunean ibilbide irisgarriak diseinatzeko igogailuak edo plataforma jasotzaile bertikalak eta higiene-zerbitzuak edo aldagela egokituak jarriz.
c) 2. lerroko aurrekontu babesgarrietarako, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren arabera kultura-intereseko deklaratutako titulartasuneko eta erabilera publikoko eraikinetan kokatzen direnak:
% 85 - Babes berezia duten eraikinak.
% 80 - Babes ertaina duten eraikinak.
% 75 - Oinarrizko babesa duten eraikinak.
d) 2. lerroko jarduketetarako, monumentu-multzo izendatutako ingurune babestuaren barruan titulartasun eta erabilera publikoko hiri-inguruneetan edo eraikinetan kokatzen badira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren arabera:
% 85 - Babes berezia duen monumentu-multzoa.
% 80 - Babes ertaina duen monumentu-multzoa.
% 75 - Oinarrizko babesa duen monumentu-multzoa.
e)% 75 - 2. lerroko jarduketetarako, degradatutzat edo birgaitze integratutzat jotako eremuetan badaude.
f) % 75 - 2. lerroko jarduketetarako, 2.000 biztanletik beherako udalerrietan badaude.
g) % 50 - 2. lerroko jarduketak, aurrekoen ez bestelakoak.
4.– Erakunde bakoitzari lerro bakoitzean eman dakiokeen gehieneko zenbatekoak ezin izango ditu honako zenbateko hauek gainditu:
– 1. lerroa: 50.000 euro.
– 2. lerroa: 500.000 euro.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Erakunde interesdunek helbide elektroniko honetan aurkeztu beharko dituzte eskabideak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0088510
Halaber, eskabideak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eskuragarri egongo dira aipatutako egoitza elektronikoan.
Eskaeraren eta kontsulten ondorengo izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, https://euskadi.eus helbidean, Egoitza elektronikoa/Nire karpeta atalean.
3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) eta Datuak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa indargabetzen dituena) ezarritakoaren arabera.
6. artikulua.– Eskaeraren edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Erakunde eskatzaile bakoitzak jarduketa bakarra sartu dezake eskabide bakoitzeko.
2.– Egoitza elektronikoan aurkeztutako eskabideen edukia II. eranskinean jasotakoa izango da.
3.– Eskabideekin batera, III. eranskinean zehaztutako agiriak aurkeztu beharko dira.
7. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Baldin eta laguntza kudeatzen duen organoak ikusten badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat dagoela, edo eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dizkio, zuzendu edo aurkez dezan. Halaber, ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan emandako ebazpenaren ondoren.
2.– Era berean, aurkeztutako eskabidea II. eta III. eranskinetan adierazitakoarekin bat ez badator, emandako zuzenketa-epea igaro ondoren, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
3.– Eskaera izapidetzeko onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko ardura duen organoak aurkeztutako proposamena behar bezala baloratzeko egokitzat jotzen duen informazioa eska diezaioke erakunde eskatzaileari, 10 eguneko epean eman dezan. Hala egiten ez badu, eskatutako informazioa kontuan hartu gabe baloratuko dela adieraziko zaio.
8. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura eta irizpideak.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta egiaztatzeko, balorazio-epaimahai bat eratuko da. Honako hauek osatuko dute epaimahai hori:
– Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak (edo Etxebizitza sailburuordeak izendatutako ordezkoak), epaimahaiburu jardunez.
– Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzako Lurzorua Kudeatzeko Zerbitzuaren arduradunak (edo Etxebizitza sailburuordeak izendatutako ordezkoak).
– Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzako teknikari batek, horretarako izendatuta (edo Etxebizitza sailburuordeak izendatutako ordezkoak), idazkari gisa jardunez.
Balorazio-epaimahaiaren osaera dirulaguntzen eskatzaileei jakinaraziko zaie, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan araututako errefusatze-araubidearen ondorioetarako.
Epaimahai horrek, agindu honetan ezarritako irizpideak aplikatuta, ebazpen-proposamena egingo du, eta Etxebizitza Sailburuordetzari helaraziko dio. Proposamen horretan, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, lehentasun-ordenaren arabera. Bertan, honako hauek adieraziko dira: laguntzaren xede diren jarduketak, proposatutako dirulaguntzen zenbatekoa, eta, hala badagokio, ezestea proposatzen diren eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak.
Gainera, Balorazio Epaimahaiak, beharrezkotzat joz gero, bere zeregina betetzeko egokitzat jotzen dituen argibideak eskatu diezazkie interesdunei. Balorazio Epaimahaiak, bere eginkizunak betez, bere bileretara joatea edo aholkua eska diezaieke arlo horretan beharrezkotzat jotzen dituen adituei.
2.– Epe barruan aurkeztutako eta agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien gehieneko zenbateko subentzionagarriak zehaztu ondoren, dagoen aurrekontu-zuzkidura gainditzen bada, lehentasun-hurrenkera honi jarraituko zaio:
1) Lehenengo eta behin, 1. lerroari buruzko eskaerei erantzungo zaie.
Erabilgarri dagoen zuzkiduraren zenbatekoa ez bada nahikoa 1. lerro honetara aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, zuzkidura proportzionalki hainbanatuko da aurrekontu babesgarriaren arabera, eta 2. lerroari dagozkion laguntza-eskabideak ukatzea erabakiko da, beharrezkoa izanez gero.
2) 1. lerrorako emandako dirulaguntzak deskontatu ondoren, aurrekontu-zuzkiduraren gainerako zenbatekoa honako lehentasun-irizpide hauei jarraituz banatuko da 2. lerrorako, dagoen zuzkidura agortu arte:
a) Lehenik eta behin, hiri-ingurunean igogailuak jartzeko obretarako eskabideak.
b) Bigarrenik, kultura-intereseko iritzitako titulartasuneko eta erabilera publikoko eraikinen edo monumentu-multzo izendatutako ingurune babestuen barruan dauden eraikinen irisgarritasuna hobetzeko jarduketetarako eskabideak.
c) Hirugarrenik, 2.000 biztanletik beherako udalerrietan, birgaitze integratuko eremuetan edo eremu degradatuetan jarduteko eskabideak.
d) Laugarrenik, gainerako eskabideak.
3.– Erabilgarri dagoen zuzkiduraren zenbatekoa ez bada nahikoa 2. lerroan aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, azpitalde bakoitzean aurkeztutakoak hartuko dira kontuan, adierazitako ordenari jarraituz. Aurkeztutako eskabideak hainbanatuko dira kreditu nahikorik ez dagoen azpitaldean, eta laguntza-eskaerak ukatzea erabaki dezake gainerako krediturik ez duten taldeetan.
4.– Erakunde bakoitzari 500.000,00 euro emango zaizkio asko jota, aurreko aginduaren babesean. Aurreko paragrafoetan deskribatutako esleipen-irizpidearen arabera, erakunde bati diruz lagundu nahi zaizkion jarduketen zenbatekoen baturak kopuru hori gainditzen badu bi lerro posibleen multzoan, erakunde horrek 2. lerroan eskatutako jarduketak artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritako lehentasun-ordenaren arabera antolatuko dira, erakunde berari diruz lagundu dakiokeen gehieneko zenbateko hori agortu arte.
9. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, Balorazio Epaimahaiak proposatuta.
2.– Ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak eman diren edo, hala badagokio, ukatu diren. Lehenengoen kasuan, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, zer dirulaguntza-lerrori atxikitzen zaion, jarduketaren identifikazioa, lotutako aurrekontu babesgarria eta emandako zenbatekoa, aurrekontu hori urteka banatuta, eta jarduketak gauzatzeko epea. Ukatutakoen kasuan, erakunde eskatzailearen nortasuna ez ezik, ukatzeko arrazoiak ere jasoko dira.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete erakunde interesdunek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.
4.– Ebazpena sei hilabeteko epean jakinarazi beharko da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita, eta administrazioaren isiltasuna ezeslea izango da.
5.– Dirulaguntzak emateko prozeduraren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, argitara eman dadin.
6.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.
10. artikulua.– Dirulaguntzaren xede diren jarduketen denbora-eremua.
1.– Agindu hau argitaratzen den egunetik aurrera hasi eta 2025eko urriaren 1a baino lehen amaitu beharko dira 1. lerroari dagozkion laguntzen xede diren jarduketak.
2.– Agindu hau argitaratzen denetik aurrera hasita eta 2026ko urriaren 1a baino lehen amaituta egon beharko dute 2. lerroari dagozkion laguntzen xede diren jarduketek.
3.– Dirulaguntza ordaintzeko eskatutako justifikazio-agiriak 12. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan aurkeztu beharko dira, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa ezartzen dituena.
4.– Jarduketa aurreikusitako epean amaitzea eragozten duen bestelako arrazoiren bat gertatzen bada, erakunde onuradunak luzapen bakarra eska dezake, gauzatze-epea amaitu baino lehen eta justifikatuta. Izan ere, baldin eta egiaztatzen bada jarduketa gauzatzen hasi dela. Luzapen horrek gehienez ere urtebeteko iraupena izango du, eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren onartu beharko da, Etxebizitza sailburuordearen ebazpen bidez. Ebazpen horretan ezarriko da, halaber, azken likidazioa gauzatzeko eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko azken eguna.
11. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak eta dirulaguntzen beste betekizun batzuk.
1.– Agindu honetan araututako itzuli beharrik gabeko laguntzen eta dirulaguntzen pertsona eta erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
2.– Emandako dirulaguntza onartzeari dagokionez, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela ulertuko da.
3.– Jasotako laguntzen berri emateko, erakunde onuradunak:
a) Agindu honen bidez emandako dirulaguntzaren berri emango du webgune ofizialean, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila aipatuko du deialdia egin duen organo gisa.
b) Laguntza jaso duten Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralen (PIAU) eta horien eguneratzeen memorietan jaso beharko da dokumentu hori Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren laguntzarekin egin dela, agindu honen babesean, eta dirulaguntzaren ehunekoa ere adierazi beharko da. Gainera, sail horren logotipoa sartu beharko da egiten diren dokumentu guztietan.
c) Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralen edukia erakunde onuradunaren web-orrian sartu beharko da, kontsulta publikoa ahalbidetzeko.
d) Agindu honen babesean gauzatutako igogailuetan -bai hiri-igogailuak, bai eraikinetakoak- plaka metaliko bat jarriko da, laguntzaren behin betiko ebazpena jakinarazi ondoren jakinaraziko den ereduaren arabera, bertan zehaztutako ezaugarriekin.
4.– Artikulu honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan edo horren ordezko araudian xedatutakoa aplikatuko da.
12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
1.– Dirulaguntza ordaintzeko eskatzen diren agiriak aurkezteko azken egunak artikulu honen puntuetan ezarritakoak izango dira, salbu eta jarduketa gauzatzeko luzapena adostu bada; kasu horretan, dagokion ebazpenean xedatutakoa bete beharko da.
2.– Likidazioaren aurretik egindako ordainketa partzialek ezin izango dute emandako dirulaguntza osoaren % 90 gainditu.
3.– Jarduketaren amaiera justifikatzeko aurkeztutako dokumentazioa edo egindako jarduketa zuzendu behar bada, emandako dirulaguntza osoaren % 10 gordeko da, harik eta eskatutako zuzenketa egin dela egiaztatu arte.
4.– Emandako dirulaguntza hainbat ordainketaren bidez ordainduko da, honako prozeduraren arabera:
1.– Lerroa: irisgarritasun unibertsaleko plan integralak –PIAU- egitea eta idaztea.
Hasierako ordainketa: 2024ko ekitaldian, emandako zenbateko osoaren % 20ko ordainketa bakarra egingo da, jarduketa hasi dela justifikatu ondoren hori egiaztatzen duen agiriekin: lizitazioaren argitalpena, edo esleipen-ebazpena, edo horretarako sinatutako kontratua. Jarduketak 2024ko azaroaren 15a baino lehen hasi izana ez justifikatzeak emandako dirulaguntza galtzea ekarriko du.
Gainerako laguntza ordaintzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, 2025eko urriaren 31 baino lehen, eta dirulaguntza kudeatzeko plataforma digitalaren bidez:
a) Amaitutako PIAUren alea.
b) Dagokion publizitatea 11. artikuluan xedatutakoaren arabera egin dela egiaztatzeko agiria.
c) Plana idazteko formalizatutako kontratuari dagozkion fakturak, eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere (2024ko urtarrilaren 1a baino geroago eta 2025eko urriaren 31 baino lehen emanak).
d) Erakunde onuradunaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzeko: lerro honetan emandako dirulaguntzaren xedea eta helburua bete direla, horretarako bideratutako zenbatekoak, eta jarduketa sektore publikoan kontratazioari aplikatu beharreko araudiaren arabera kontratatu dela.
e) Erakunde onuradunaren ziurtagiria, helburu bererako beste dirulaguntza batzuei buruzkoa, eskatutako eta emandako zenbatekoak zehaztuz, eta BEZa finantzatu den ala ez den adieraziz.
2 Lerroa: PIAUetan aurreikusitako irisgarritasun-arloko jarduketak gauzatzea.
Hasierako ordainketa: 2024ko ekitaldian, emandako zenbateko osoaren % 20ko ordainketa bakarra egingo da, jarduketa hasi dela justifikatu ondoren hori egiaztatzen duen agiriekin: lizitazioaren argitalpena, edo esleipen-ebazpena, edo horretarako sinatutako kontratua. Jarduketak 2024ko azaroaren 15a baino lehen hasi izana ez justifikatzeak emandako dirulaguntza galtzea ekarriko du.
2. lerroan emandako dirulaguntzen kasuan, laguntzaren gainerakoa ordainketa bakoitzerako eskatutako dokumentuak aurkeztu ondoren ordainduko da, dirulaguntza kudeatzeko plataforma digitalaren bidez. Gutxienez, urte bakoitzean ordainketa bat dakarren justifikazio bat aurkeztu beharko da, nahiz eta jarduketa amaitzeko epea luzatzea eskatu eta onartu bada ere.
2025eko ordainketa partzialak: 2025eko urriaren 31 baino lehen zerrendatzen diren dokumentuak aurkeztu ondoren egingo dira. Ordainketa partzialen gehieneko kopuruak ez du gaindituko urte horretarako emandako urteko zenbatekoa.
a) Orain arte egindako obra-ziurtagiriak, laburpenarekin eta kapituluen eta partiden banakapenarekin.
b) Ziurtagiriei dagozkien fakturak eta horien ordainagiriak (2024ko urtarrilaren 1a baino geroago emandakoak).
2026ko ordainketa partzialak: 2026ko uztailaren 31 baino lehen, zerrendatzen diren honako dokumentu hauek aurkeztu ondoren egingo dira:
a) Orain arte egindako obra-ziurtagiriak, laburpenarekin eta kapituluen eta partiden banakapenarekin.
b) Ziurtagiriei dagozkien fakturak eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiria, 2024ko urtarrilaren 1a baino geroago emandakoak.
Laguntzaren likidazioa: jarduketa amaitu ondoren egingo da, 2026ko urriaren 31 baino lehen honako dokumentu hauek aurkeztu ondoren:
a) Azkeneko obra-ziurtagiria, laburpenarekin eta kapituluen eta partiden banakapenarekin.
b) Gastuari dagozkion fakturak eta ordainagiriak (2024ko urtarrilaren 1a eta 2026ko urriaren 31 baino lehenagokoak).
c) Obra-hasierako akta (zuinketa-akta).
d) Obra-harreraren akta (harrera-akta).
e) Egindako obraren eta ingurune hurbilaren argazki-dokumentazioa, formatu digitalean eta jarduketaren alderdi guztiak bistaratzeko definizio nahikoarekin.
f) Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legearekin bat etorriz, teknikari eskudunaren ziurtagiria, gauzatutako jarduketak irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoa betetzen duela ziurtatzen duena: 20/1997 Legea, abenduaren 4koa, Irisgarritasuna Sustatzekoa, eta 68/2000 Dekretua, apirilaren 11koa, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio- eta komunikazio-sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena.
g) Gainera, eraikinetan egindako jarduketen kasuan, Eraikuntzaren Kode Teknikoa-DB SUAn ezarritako oinarrizko eskakizunak betetzen direla egiaztatuko da, eta hiri-inguruneko jarduketen kasuan, uztailaren 23ko TMA/851/2021 Agindua, espazio publiko urbanizatuetara iristeko eta horiek erabiltzeko oinarrizko irisgarritasun-baldintzei eta diskriminaziorik ezari buruzko dokumentu teknikoa garatzen duena.
h) Erakunde onuradunaren ziurtagiria, honako hauek jasotzen dituena: lerro honetan emandako dirulaguntzaren xedea eta helburua bete direla, horretarako bideratutako zenbatekoak, eta jarduketa kontratatu dela sektore publikoan kontratazioari aplikatu beharreko araudiaren arabera.
i) Erakunde onuradunaren ziurtagiria, helburu bererako emandako beste dirulaguntza batzuei buruzkoa, eskatutako eta emandako zenbatekoak zehaztuta, eta BEZa finantzatu den adierazita.
j) Obra-amaierako ziurtagiria, gainbegiratua edo bisatua, jarduketa mota dela-eta nahitaezkoa denean, eta beti diruz lagundutako igogailuen eta plataformen kasuetan.
k) Igogailuen eta plataformen kasuan: instalazioa martxan jarri izanaren ziurtagiria, autonomia-erkidegoko organo eskudunak baimenduta.
l) Dagokion publizitatea 11. artikuluan xedatutakoaren arabera egin izanaren egiaztagiriak.
m) Idatzitako PIAUren alea. PIAUren idazketa deialdi honetako 1. lerroaren bidez ere diruz lagundu bada, nahikoa izango da dirulaguntza horren espediente-zenbakia identifikatzen duen dokumentu bat aurkeztea.
13. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Dirulaguntza hauek berariaz bateraezinak dira Etxebizitza Sailburuordetzak jarduketa bererako emandako laguntzekin.
2.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira funts publiko edo pribatuen kontura helburu bererako jaso daitezkeen beste laguntza batzuekin.
3.– Dirulaguntzen zenbatekoa, bakarka hartuta edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ezingo da izan, inola ere, diruz lagundutako jarduketaren kostua baino handiagoa. Hala ere, helburu bererako jasotako laguntzen zenbateko osoa gehi arau honetan emandako dirulaguntzaren zenbatekoa azken kostu osoa baino handiagoa bada, laguntza-erregimen honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, soberakinari dagokion kopuruan.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasotzen bada, edo, hala bada, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabideren bat eskuratzen bada, dirulaguntza emateko ateratako ebazpena aldatzerik izango da, betiere dirulaguntzen arauan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, oinarrizko alderdiei eragiten ez bazaie edo laguntza emateko, erakunde onuraduna zehazteko edo hirugarrenei eskubideak kaltetzen edo urratzen ez bazaizkie.
15. artikulua.– Eskaeraren hasierako baldintzak aldatzea.
1.– Hasieran aurreikusitako eta ebazpenaren bidez onartutako gastu edo jarduketei dagokienez egin nahi den edozein aldaketak ez dio inola ere eragingo diruz lagundutako jarduketen izaerari, eta hori egin aurretik eskatu beharko da, eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak berariaz onartu beharko du.
2.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketak gertatu direla, eta aldaketa horien ondorioz litekeena dela ebazpena aldatu izana, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntza eman duen organoak badu aurkeztutako justifikazioa onartzerik, baldin eta hirugarren batzuen eskubideak kaltetzen ez badira.
3.– Jarduketaren behin betiko benetako kostua laguntza emateko kontuan hartu zen aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da, eta, orduan, jarduketaren kostu babesgarri berriari dagokion ehunekoa aplikatuko zaio, eta, hala badagokio, soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da.
4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez du onuraduna salbuesten dagozkion zehapenetatik.
16. artikulua.– Ez-betetzea eta itzultzeko prozedura.
1.– Erakunde onuradunak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza eskatu eta eman zeneko xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntza eragin zuen jarduketa burutzen ez badu, eskatutako helburuetarako erabili duela behar bezala justifikatzen ez badu edo, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko du, baita aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.
2.– Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. paragrafoan aurreikusitako kasuan, diruz lagundutako jarduketaren kostuaren gainean lortutako soberakina itzuli beharko da, bai eta dagokion berandutze-interesa ere.
17. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Erakunde eskatzaileak atzera egin dezake, eta eskaera baztertu. Atzera egite hori eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik egin beharko da, eta agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztuko dio. Organo horrek, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea, eta amaitutzat emango du horretarako prozedura.
2.– Erakunde onuradunak uko egin diezaioke emandako laguntzari; emandako dirulaguntza onartu ondoren, uko egitekotan. Uko egitea laguntzen organo kudeatzaileari aurkeztuko dio, eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du uko egitea, eta amaitutzat emango du horretarako prozedura. Erakunde onuradunak, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.
18. artikulua.– Helegiteak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
19. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzari dagokio agindu honen arabera emandako dirulaguntzak kudeatzea.
20. artikulua.– Aurrekontu-funtsa.
Dirulaguntzen deialdi honetarako aurrekontu-zuzkiduraren guztizko zenbatekoa bost milioi eurokoa da (5.000.000,00), honela banatuta:
– 2024. urtea: milioi bat euro (1.000.000,00).
– 2025. urtea: bi milioi euro (2.000.000,00).
– 2026. urtea: bi milioi euro (2.000.000,00).
Funtsa 2024.1000821000.1.43124.721.00 PEP 2024/000013 irisgarritasuna 2024 partidaren barruan dago.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan berariaz aurreikusten ez den guztirako, honako hauetan bildutako aurreikuspenak aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 14a.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
RSS