
221. zk., 2023ko azaroaren 20a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (175 KB - 5 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5210
AGINDUA, 2023ko urriaren 26koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Santurtzi udalerriko San Juan del Rompeolas-en babes bereziko 42 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Etxebizitza hauen esleipen-prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenari jarraituko dio –Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa berau–. Izan ere, horrela ezartzen du Babes Publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluak. Aipatutako 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu III. kapituluan (alokairu-erregimeneko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipenak arautzen ditu), Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzako, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzeko abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetatik zazpigarrenak eraginda.
Era berean, nahitaezkoa da aipatzea 147/2023 Dekretua, urriaren 10ekoa, etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, zeinek, alde batetik, Azken Xedapenetako Lehenengoan aldatu egiten baitu martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta bestetik, Azken Xedapenetako Bigarrenean aldatu egiten baitu 2012ko urriaren 15eko Agindua.
Bigarrena.– 2018ko azaroaren 29ko Bizkaiko Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren ebazpenaren bidez, babes bereziko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen Santurtzi udalerriko San Juan del Rompelolas-eko 42 etxebizitzako sustapenak, zeina VISESAk (Euskadiko Etxebizitza eta Lurra) sustatzen baitu, EB2-1580/18-EC-000 espediente zenbakipean.
Hirugarrena.– Alokairuan esleituko diren 42 etxebizitza horietako 2 mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituentzat egokituta daude. Etxebizitza horietako bat logela bakarrekoa da eta 44,94 m2ko azalera du, eta besteak bi logela ditu eta 57,30 m2ko azalera. Gainontzeko 40 etxebizitzetatik, 6 etxebizitza logela bakarrekoak dira eta 37,88 m2ko azalera dute; beste 34 etxebizitzak bi logelakoak dira eta 47,58 m2 eta 61,91 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da. Etxebizitza hauek kupotan bananduko dira laugarren ebazpen zatian ezartzen den bezala.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera, bat etorrita Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak (etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa berau) 48. artikuluan xedatutakoarekin.
Bigarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa), azken xedapenetako zazpigarrenaren 4. puntuan, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua aldatzen du, zeinaren bidez etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak alokatzeko esleipen-prozedura arautzen duen. Txertatu berri den 47. bis artikuluaren arabera, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaituak, 36 urtetik beherako titular bat gutxienez duten bizikidetza-unitateak, etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboaren titularrak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. Aipatutako 47 bis artikuluko 5. puntuan adierazitako ehunekoak errespetatu behar dituzte etxebizitza-kupoek sustapen bakoitzeko.
Hirugarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa) txertatutako aldaketen ostean, Aginduaren 50. artikuluak egungo erredakzioan esaten du etxebizitzen esleipena 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera egingo dela, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoaren arabera, betiere prozeduran onartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du, honakoa kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna eta etxebizitza-premia berezia.
Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta sustapeneko etxebizitzek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Gauzak horrela, logela bateko etxebizitzetarako: 1 puntu emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta 1 puntu hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.
Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.
Bosgarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan esaten da noiz gertatzen den gainokupazioa etxebizitza edo bizitoki batean (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).
Seigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten ditu babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona.
Zazpigarrena.– Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua aldatzen du, eta dekretu horren 19. artikuluari 3. apartatu bat gehitzen dio, zeinak babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eska daitezkeen urteko gehieneko diru-sarrera haztatuen mugei eragiten baitie.
Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Santurtziko udalerrian, San Juan del Rompeolas eremuan, babes bereziko 42 etxebizitza esleitzeko prozedurari hasiera ematea. Sustapen honen espediente zenbakia EB2-1580/18-EC-000 da.
Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.
Hirugarrena.– Esleipen-prozedura honetan parte hartu ahal izango dute agindu hau argitaratzen den egunean honako baldintzak betetzen dituztenek:
a) Santurtziko udalerrian Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izen emanda egon behar da alokairuko eskatzaile gisa. Mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek parte hartu ahal izango dute edozein dela eskaera-udalerria.
b) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko titularretako batek Santurtziko udalerrian erroldatuta egon beharko du, etenik gabeko zortzi urteko antzinatasunaz prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den egunean. Dena dela, mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute egiaztatu behar udalerri honetan erroldatuta daudenik.
c) 2022. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 27.125 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktimek ez dituzte gutxieneko diru-sarrerak egiaztatu beharko. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortua duten pertsonek ere ez dituzte diru-sarrerak egiaztatu beharko. Eskakizuna egiaztatzeko, inskripzioko titular guztien diru-sarreren batura hartuko da aintzat.
d) Bizikidetza-unitatea osatzen dutenetatik inork ezin du izan ez etxebizitzarik jabetzan, ez azalera edo gozamen-eskubiderik, Agindua argitaratzen den egunean. Dena dela, etxebizitza-gabeziaren eskakizunari dagozkion salbuespenak aplikatuko dira, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9 bis artikuluari jarraituz, zeina urriaren 10eko 147/2023 dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak erantsi baitzuen.
e) Sustapen honetan ezin izango dute parte hartu 4 kide baino gehiagok osatutako bizikidetza unitateek.
Laugarrena.– Esleitu beharreko etxebizitza horietatik, kupo hauek gordeko dira:
a) 2 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituei egokitutakoak.
Etxebizitza horiek esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, bat etorrita 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):
Lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak esleituko zaizkie desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.
b) 40 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira, kupo hauek errespetatuta:
– 16 etxebizitza esleituko zaizkie (sustapen honetan esleituko direnen % 40,00) 36 urtetik beherako pertsonei, adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne.
– 3 etxebizitza esleituko zaizkie (sustapen honetan esleituko direnen % 7,50) agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duina eta egokia eskuratzeko eta legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten eskatzaileei.
– 11 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 27,50) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean.
– 10 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 25,00) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra).
Kupo horietakoren batean etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, etxebizitza horiekin handituko litzateke kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.
Era berean, kupo orokorreko eskaeren artetik etxebizitzarik esleitu gabe geratuko balitz, kupo bakoitzean gordetako etxebizitzak kontuan izanda eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean esleituko dira soberako etxebizitza horiek.
Gainera, egokitutako etxebizitzen soberakinak bigarren esleipenen araudiaren bitartez esleituko dira.
Bosgarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2. artikuluak egungo erredakzioan esaten duenari jarraituz, kolektibo bateko baino gehiagoko kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak etxebizitzen kopuru handiena duen kupoko taldera sartuko dira.
Seigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute 2023ko azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean (biak barne) hauetako bide baten bidez:
– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.
– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Zerbitzua, herritarrei arreta emateko zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Kale Nagusia 85, 48011 – Bilbao.
– Postaz: dokumentazioa Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara bidalita, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011 Bilbao. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.
Zazpigarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematze-irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz:
a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.765 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.766 eta 16.275 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 16.276 eta 27.125 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 27.126 eta 42.315 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.
b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: Bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko etxebizitzen logela kopurua hartuko da kontuan. Logela bakarreko etxebizitzak: 1 puntu emango zaie bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.
c) Antzinatasuna, alokairuko etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: 1 puntu emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.
d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.
Zortzigarrena.– Kontuan izango den baremazioa agindu hau publikatuko den egunekoa izango da. Berdinketa kasuan, antzinatasun handiena duen eskaeraren aldeko ebazpena emango da, eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.
Bederatzigarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko etxebizitzak gehienez bi kideko bizikidetza unitateei esleituko zaizkie; bi logelako etxebizitzak, berriz, gehienez lau kideko bizikidetza unitateei esleituko zaie.
Hamargarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren idazketa berrian ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan, irizpide hauei jarraituko zaie: Aginduaren 47 bis artikuluan zehaztutako kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.
Hamaikagarrena.– Esleipena amaitutakoan, prozeduran dauden kupoak bezainbeste itxaron-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenak egongo direla barruan. Itxaron-zerrendak amaitu ondoren, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio esleipenak egiteko.
Hamabigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).
Hamahirugarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 26a.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
RSS