
220. zk., 2023ko azaroaren 17a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (683 KB - 97 orri.)
- EPUB (5197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
5175
AGINDUA, 2023ko azaroaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez seigarren aldiz aldatzen baita agindu hau: Agindua, 2012ko abuztuaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartu zen. Ondoren, agindu horretan aldaketak egin dira, betiere zerrenden kudeaketa eraginkorragoa, bateratuagoa eta operatiboagoa errazteko, irakasleek bete beharreko lanpostu guztiak urtero betetzeak eskatzen dituen espezifikotasunak kontuan hartuta, bai eta kudeaketa sortzen ziren premia berrietara egokitzeko ere.
Komeni da testu berri bat onartzea, 2012ko abuztuaren 27ko Aginduan egin diren aldaketa guztiak jasoko dituena eta bertan jasotako zenbait alderdi berrikusiko dituena. Hala ere, une honetan ikusten da beharrezkoa dela, 2023-2024 ikasturteari begira, erregulazioa egokitzea Lanbide Heziketako irakaskuntzei dagokienez, kontuan hartuta onartu direla abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena, eta martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzekoa, Lanbide Heziketako irakaskuntzak berrikusi eta eraldatzeko xedez, zeinak, besteak beste, irakaskuntzako funtzio publikoaren antolamendua osatzen duten kidegoei eragiten dien. Hala, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa desagertzekotzat jotzen da, Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidego berria sortzen da, eta hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren esparruan irakasten duten irakasleen espezialitateak berrantolatzen dira. Kidego berri horretan Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoari atxikita zeuden 10 espezialitate baino ez dira sartzen, eta gainerakoak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegora igarotzen dira. Horren guztiaren ondorioz, aurreikusten da Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartzea 3/2020 Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritako titulazio-baldintzak betetzen dituzten Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko, desagertzear dagoen kidegoko karrerako irakasle funtzionarioak, 2026ko urtarrilaren 19ra arte, eta karrerako gainerako funtzionarioak aipatutako desagertzear dagoen kidego horretan mantentzea.
Beraz, adierazitako arau-aldaketek hautagaien zerrenden kudeaketa arautzen duen araudia egokitu beharra dakarte, sortu berri den kidego berria eta Lanbide Heziketako espezialitateak dagozkien irakasleen kidegoetan berrantolatzea aurreikusiz, agindu honen II. eranskinean aurreikusitakoaren arabera. Era berean, III. eranskinean, Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidego berriko espezialitate jakin batzuen zerrendetan, sarbidea eman dezaketen unibertsitatez kanpoko titulazioak zabaltzen dira (Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariaren titulazioak), urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretuan hautaketa-prozesuetarako aurreikusitakoaren ildotik (800/2022 Errege Dekretua, urriaren 4koa, Iraungi beharrekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzea arautzen duena eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleei buruzko zenbait errege-dekretu aldatzen dituena). Dena den, kontuan hartu behar da hautagaien-zerrendetan sartzeko hautaketa-sistema titulazio jakin batzuk izatean soilik oinarritzen dela.
Agindu honen xedapen gehigarriari dagokionez, aurreikusten da hautagai guztiak berrantolaketak eragindako lanbide-heziketako espezialitateetako zerrendetan mantentzea, dagokien irakasle-kidegoari dagokionez, baina aurreikuspen espezifiko bat jasotzen da III. eranskinean aurreikusten ez diren unibertsitatez kanpoko tituluak dituztenentzat, zeinak 2025-2026 ikasturtera arte egongo baitira zerrendetan, karrerako funtzionarioentzat aurreikusitakoaren ildotik, baina hautagaiak Hezkuntza Sailarekin lotzen dituen behin-behinekotasun-ezaugarrietara egokituta.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren arabera (uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuaren bidez onartua), jarraibideak aldeen artean negoziatuta eguneratu behar dira, eta baldintza hori negoziazio sektorialaren bidez bete da.
Hori guztia dela eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 8. Artikuluaren 1. apartatua aldatzea («Hautagaien zerrendetan sartzeko baldintza espezifikoak»).
8. artikuluaren 1. Apartatua aldatzen da («Hautagaien zerrendetan sartzeko eskakizun espezifikoak»), eta honela geratzen da idatzita:
«8. artikulua.– Hautagaien zerrendetan sartzeko eskakizun espezifikoak.
1.– Jarraian zehazten diren tituluak izatea honako zerrenda hauetako taldeetarako:
a) Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza: maisu/maistraren, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakaslearen edo Lehen Hezkuntzako maisu/maistraren titulua, edo dagokion gradu-titulua.
b) Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa (Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateak), Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakaskuntzak, Musika Irakaskuntza, Arte Dramatikoko eta Dantzako goi-mailako arte-irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakaskuntzak (Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko espezialitateak): doktore-, lizentziatu-, ingeniari- edo arkitektu-titulua edo irakaskuntzaren ondorioetarako horien baliokide den gradu-titulua edo beste titulu baliokide batzuk.
c) Lanbide Heziketa (Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoko espezialitateak): diplomatura, arkitektura teknikoa, ingeniaritza teknikoa edo gradu titulua, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura edo Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariaren beste titulu batzuk, irakaskuntzarako baliokidetzat jotakoak.»
Bigarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 8. artikuluko 3.2 apartatua aldatzea («Hautagaien zerrendetan sartzeko baldintza espezifikoak»).
8. artikuluaren 3.2 apartatua aldatzen da («Hautagaien zerrendetan sartzeko baldintza espezifikoak»), eta honela idatzita geratzen da:
«3.2.– Lanbide Heziketako espezialitateetan, zeinen zerrendetan sartzeko aski baita irakaskuntza-ondorioetarako baliokide aitortu diren unibertsitatez kanpoko titulazioak izatea, hautagaiak halako titulazio baliokide bat badauka, prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren betekizuna betetzat joko da, goian adierazitako kasuetan nahiz honako kasu hauetan:
– Irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduan aurreikusitakoaren arabera, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokidea duela egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.
– 2014ko irailaren 1a baino lehen, behar bezala baimendutako irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatuetan bi ikasturte osotan edo, bestela, hamabi hilabetez jarraian edo etenka irakastean ari izana, dagozkion maila eta irakaskuntzetan.»
Hirugarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 33. artikuluaren laugarren apartatua aldatzea («Zerrendaren espezialitatea kontuan hartzea lanpostu jakin batzuetara deitzeko»).
33. artikuluaren laugarren apartatua aldatzen da («Zerrendaren espezialitatea kontuan hartzea lanpostu jakin batzuetara deitzeko»), eta honela geratzen da idatzita:
«4.– Lanbide Heziketako irakaskuntzei dagozkien espezialitateetako lanpostuak, Zereginen Ikaskuntzarako Geletan kokatuta daudenak, lanpostuaren profilari erantzuten dion espezialitateko zerrendan dauden pertsonekin beteko dira. Lanpostua betetzea borondatezkoa izango da.»
Laugarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren I. eranskineko («Merezimenduen baremoa») A) ataleko 5. oharra aldatzea.
I. eranskineko («Merezimenduen baremoa») A) atalekoo 5. oharra aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:
«5.– 2.2. eta 2.3. ataletan ez dira kontuan hartuko maila bakoitzean sartzeko oro har eskatzen diren ondorengo titulazioak:
– Haur eta Lehen Hezkuntza: maisu-maistraren, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakaslearen edo Lehen Hezkuntzako maisu-maistraren titulua edo dagokion gradu-titulua.
– Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa (Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateak), Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakaskuntzak (Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko irakasleentzat gordetako irakasgaiak), Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakaskuntzak, Musika Irakaskuntzak eta Arte Dramatikoko eta Dantzako goi-mailako arte-Irakaskuntzak: doktoretza, lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza titulua edo dagokion gradu-titulua.
– Lanbide Heziketa (Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoko espezialitateak): diplomatura, arkitektura teknikoa, ingeniaritza teknikoa edo dagokion graduko titulua.
Adierazitako tituluetako bat baremaziotik baztertuta, hautagaia dagoen zerrendako mailaren arabera, dituen gainerako tituluak barematuko dira.
Hautagaiak bera dagoen zerrendaren mailarako goian aipatu diren titulu bat bera ere ez badu, bai, ordea, zerrenda horretan sartzeko aukera ematen duen maila baxuagoko bestelako tituluren bat, azken hori ez zaio barematuko, eta hautagai horrek dituen gainerako tituluak zenbatuko dira.»
Bosgarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren I. eranskineko («Merezimenduen baremoa») B) atalaren lehenenego paragrafoa aldatzea.
I. eranskineko («Merezimenduen baremoa») B) atalaren lehenenego paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:
«B) Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoari dagozkion espezialitateei baino ez zaie aplikatuko.»
Seigarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren II. eranskina («Espezialitateak eta irakasgaiak») aldatzea.
II. eranskina («Espezialitateak eta irakasgaiak») aldatzen da, eta agindu honen eranskinean xedatutakoaren arabera idatzita geratzen da.
Zazpigarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskina («Titulazio eta espezialitateen taulak») aldatzea.
III. eranskina aldatzen da («Titulazio eta espezialitateen taulak») eta agindu honen eranskinean xedatutakoaren arabera idatzita geratzen da.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendetan jarraitzea, Lanbide Heziketako espezialitateak berrantolatu ondoren.
Iraungi beharrekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitate-zerrendetan sartuta zeuden eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan edo Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegora pasa diren hautagaiak, agindu honen II. eranskinean aurreikusitako berrantolaketaren arabera, espezialitate horietako zerrendetan mantenduko dira, bai eta urteko birbaremazio-prozesuen ondoren eratuko diren etorkizuneko zerrendetan ere, eta adierazitako berrantolaketaren arabera izendatuko dira dagokien kidegoan, salbu agindu honen III. eranskinean jasota ez dauden unibertsitatez kanpoko titulazioak dituzten hautagaiak. Azken kasu horretan, zerrenda horietan jarraituko dute 2025-2026 ikasturtea amaitu arte, eta hortik aurrera bertan jarraitzeko eskubidea galduko dute.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Hala ere, lehenengo, bigarren, seigarren eta zazpigarren atalek baita xedapen gehigarri bakarrak ere 2023ko irailaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak, eta laugarren eta bosgarren atalek 2024-2025 ikasturterako zerrenden birbaremazio-prozesutik aurrera izango dituzte ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 7a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS