Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2023ko azaroaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5159

109/2023 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin 2023an estatistikaren arloan lankidetza-hitzarmen bat ezartzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin 2023an estatistikaren arloan sinatutako hitzarmena. Hitzarmen hori Ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 9KO 109/2023 EBAZPENARENA
HITZARMENA, ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURA MINISTERIOAREN BIDEZ ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILAREN BIDEZ ARTEKOA, 2023KO ESTATISTIKAREN ARLOKOA
Madril, 2023ko abuztuaren 18a.
BILDU DIRA:

Batetik, Ernesto Abati García-Manso jauna, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako idazkariordea, berau izendatzeko abenduaren 2ko 961/2021 Errege Dekretuari jarraikiz eta aipatu departamenduaren izenean eta hura ordezkatuz, zenbait gastu administratzeko mugak ezartzeko eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan eskumenen eskuordetzeari buruzko urtarrilaren 10eko APA/21/2019 Aginduaren 2. atala, II. kapitulua, 1. epigrafean eskuordetutako ahalmenekin bat.

Eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, eta hura ordezkatuz María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Lehendakariaren 23/2020 Dekretuari jarraikiz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua izendatzekoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 8. artikuluak emandako ahalmenez baliatuta.

Bi alderdiek hitzarmen hau izenpetzeko behar besteko gaitasuna aitortu diote elkarri, eta, ados jarrita, honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Espainiako Konstituzioaren 149.1.31.ª artikuluan ezarritakoarekin bat dihardu Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak; artikulu horrek estatuarentzat bakarrik gordetzen du estatuaren helburuetarako estatistikaren arloko eskumena.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegorako interesgarriak diren estatistiken gaineko eskumen esklusiboa hartu du bere gain Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Autonomia Estatutuaren 10.37 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Bigarrena.– Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legeren xedea da estatuaren helburuetarako estatistiken funtzioa arautzea. Bada, haren 41. artikuluan ezartzen duenez, estatistika-eragiketen garapenari buruzko hitzarmenak egin ahal izango dituzte Estatuaren Administrazioko eta autonomia-erkidegoetako estatistika-zerbitzuek, horiek hobetu eta eraginkorrago egiteko bikoiztasunak eta gastuak saihesteko. Hitzarmen horiek zehaztu beharko dituzte, koordinazioak hala eskatzen duenean, informazioa bildu, tratatu eta zabaltzeari buruzko prozedura teknikoak eta eragiketa horiek burutzeko epeak. Hitzarmenen esparruan, estatuko zerbitzuek estatuaren edo autonomien helburuetarako estatistiken finantzazioan parte hartzeko formulak ezarri ahal izango dira.

Hirugarrena.– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza-harreman estua izan dute, eta estatistikaren arloko alde biko hitzarmenak izenpetu dituzte, euren lurralde-eremuan informazioa bildu, grabatu eta datuak baliozkotzeko behar diren egitekoak urtero burutu daitezen, dagokion estatistika-programa egikaritzeko xedez.

Laugarrena.– Alderdi horien iritziz, egokia da bai haien eskumenez baliatuta hitzarmen bat izenpetzea prestatutako estatistiken harmonizaziorako eta alderagarritasunerako, baita informazioa biltzeko iturri bakarra ezartzeko ere, bikoiztasunak, dibergentziak eta informazio-emaileari eragozpenak saihestu eta Estatistika programa egikaritzeak dakarren kostua minimizatze aldera, eta bai estaldura-, fidagarritasun- eta aukera-maila nahikoa bermatzea, Espainiako eta Europar Batasuneko araudiaren eskakizunekin bat.

Bosgarrena.– Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak aurreikusten du bi administrazio publikoren edo gehiagoren artean hitzarmenak izenpetzea, eta horietan barne hartu ahal izango da bitartekoak, zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea norbere eskumenez edo delegatutakoez baliatzeko. Ondorioz, administrazioen arteko hitzarmen hau izenpetzeko gaituta daude alderdiak, aipatutako legearen 47.2 a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Azaldutako guztiagatik, alderdiek erabaki dute hitzarmen hau sinatzea, honako klausula hauek aintzat harturik.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da alderdi sinatzaileen elkarrekintza ezartzea nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako estatistikaren arloan, hain zuzen ere, 2023an, nekazal-ustiategietan, establezimenduetan, industria-enpresetan eta nekazal-produktuen azoketan informazioa biltzeko egiteko zehatzak burutzeko, baita horiek grabatu eta baliozkotzea ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, hitzarmen honen 4. klausulan aipatutako estatistika programak egikaritzeko xedez.

Bigarrena.– Jarduketak.

1.– Jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak:

a) Estatistika-programa egikaritzeko behar diren estatistika-eragiketak egitea, autonomia-erkidegoaren helburuetarako estatistikei buruzko eskumen esklusiboaz baliatuta.

b) Bi alderdien artean adostutako estatistika-eragiketak egitea 2023an, eta, ondoren, erdietsitako emaitzak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari helaraztea, ezarritako egutegiarekin bat.

c) Behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak izatea, izan zuzenean zein zeharka, adostutako estatistika-eragiketak egiteko.

2.– Jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak:

a) Estatistikaren arloan autonomia-erkidegoak egindako eragiketak tratatzea, araztea, integratzea eta zabaltzea, ezarritako egutegiarekin bat etorriz.

b) Hirugarren klausulan ezarritakoarekin bat finantzatzea Estatistika Programa egiteko autonomia-erkidegoak egin behar duen lanen zatia.

3.– Eranskinean daude jasota jarduketen xehetasunak eta 2023rako aurrekontua.

Hirugarrena.– Aurrekontua, finantzazioa eta ordaintzeko modua.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak finantzatuko du hitzarmen hau, 2023an indarrean diren Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura –21.01.411M.640.08 aurrekontu-aplikazioa–.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren gehieneko ekarpena 85.008,61 eurokoa da, eta alderdiek adostutako estatistika-eragiketak egikaritzeko bideratuko dira, erabakitako urteko plangintzarekin eta estatistika-eragiketen egutegiarekin bat.

Zenbateko hori banku-transferentziaren bidez ordainduko dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari –kodeak: ES81-2095-0611-0521-3100-0143–, egindako lanak egiaztatu eta Ministerioak adostasuna ziurtatu eta gero.

Autonomia-erkidegoak behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak ezarriko ditu adostutako estatistika-eragiketak egiteko.

Laugarrena.– Lan-programak.

Autonomia-erkidegoak egin behar dituen estatistika-eragiketak eta egiten dituen lan zehatzak –zeinak hitzarmen honen oinarria baitira– 2021-2024 Estatistika Plan Nazionalean –abenduaren 15eko 1110/2020 Errege Dekretuaren bidez onartua– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari izendatu zaizkionak izango dira, zeinetan autonomia-erkidegoa erakunde laguntzaile gisa agertzen baita, eta, horretarako, 2023. urteko programa onartzeko urtarrilaren 17ko 17/2023 Errege Dekretua aplikatuko da. Gainera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak argitaratutako metodologiarekin bat, nekazaritzako eskualdeko kontu ekonomikoak prestatzeko behar diren eragiketak ere egingo ditu.

Estatistika-eragiketa horiek nahitaezkoak dira, Europako araudiari erantzuteagatik edo Europako araudiak betetzeko beharrezko informazio-iturri izateagatik.

Europako araudian zehaztutako zabalkunde-egutegian eta aurreko apartatuan aipatutako urteko programetan argitaratutako zabalkunde-egutegian zehaztutako epeak bete ahal izateko behar besteko aurrerapenez helaraziko dira datuak.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

Jarraipen-batzorde bat eratuko da hitzarmen honen betetze-maila ebaluatzeko; alderdi bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute. Batzorde hori urtean behin gutxienez bilduko da, eta beharrizanek hala eskatzen duten bakoitzean. Akta, txosten edo erabakiaren kopia bat bidaliko zaie batzorde horretako kideei.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Analisi, Koordinazio eta Estatistikako zuzendariorde nagusiak jardungo du batzorde horren lehendakari gisa, edo hark eskuordetzen duen pertsonak, eta, idazkari gisa, berriz, autonomia-erkidegoko funtzionario batek.

Alderdien arteko adostasunez hartuko dira jarraipen-batzordearen erabakiak.

Autonomia-erkidegoan eskumena duen erakunde titularrak izendatuko ditu batzordeko autonomia-erkidegoko ordezkariak.

Jarraipen-batzordea arduratuko da hitzarmenaren egikaritzearen jarraipenaz, zaintzaz eta kontrolaz eta hitzarmena egikaritzean jazo litezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak ebazteaz.

Seigarrena.– Eraginkortasuna eta iraupena.

Hitzarmen honek eragina izango du Estatuko Sektore Publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu eta 2023ko abenduaren 31ra arte, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Hitzarmena indarrean jartzen denean, autonomia-erkidegoak bere gardentasun-atarian argitaratu ahal izango du. Aldez aurretik, eta aukeran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu ahal izango dira.

Zazpigarrena.– Aldatzea eta azkentzea.

Alderdiek hala erabakiz gero, hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdi bietako edozeinek proposatuta; horretarako, dagokion aldaketa-eranskina sinatuko dute alderdiek, zeina iraupen-aldia amaitu baino lehen sinatu beharko baita.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 51.1 artikuluarekin bat etorriz, hitzarmenak azkentzen dira edo hitzartu ziren jarduketak burutzeagatik edo hitzarmena suntsiarazteko arrazoiren bat gertatzeagatik.

Gainera, artikulu beraren 2. apartatuaren arabera, hauek dira hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoiak:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.

b) Alderdi sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

c) Alderdi sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak urratzea.

Kasu horretan, errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio urraketa egin duen alderdiari beste alderdiak, epe jakin batean bete ditzan urratutzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori jakinaraziko zaie hitzarmena egikaritzearen jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoaz arduratzen denari eta gainerako alderdi sinatzaileei.

Baldin eta, eskarian adierazitako epea igarotakoan, urraketak bere horretan jarraitzen badu, hitzarmena suntsiarazteko arrazoia jakinaraziko die zuzentzeko eskatu zuen alderdiak sinatzaileei, eta, beraz, hitzarmena suntsituta geratuko da.

d) Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

e) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi gabeko beste edozein arrazoi.

Aurrez suntsiarazten bada hitzarmena, abian diren jarduketak egiten jarraituko da, hitzarmena suntsiaraztean alderdiek zehaztuko duten epe luzaezinean, harik eta horiek erabat amaitu arte, baina ez da jarduketa berririk hasiko.

Zortzigarrena.– Araubide juridikoa eta gatazkak konpontzea edo jurisdikzioa.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitakoa betetzen du hitzarmen honek.

Baldin eta hitzarmen honen interpretazioan eta egikaritzean sor litezkeen auziak jarraipen-batzordeak konpondu ezin baditu, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari jakinaraziko zaizkio, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat.

Eta, adostasun-froga gisa, eta hitzartzen dena behar bezala jasota gera dadin, hitzarmen hau sinatzen dute alderdiek, elektronikoki.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroa,

EE, urtarrilaren 10eko APA/21/2019 Agindua.

Idazkariordea,

ERNESTO ABATI GARCÍA-MANSO.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala