Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2023ko azaroaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5136

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 7koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bat argitara ematekoa. Erabaki horren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2023rako laguntza-deialdia –Lehen Aukera programa– finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzen dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko azaroaren 7ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2023rako laguntza-deialdia –Lehen Aukera programa– finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzea erabaki du. Bada, bat etorriz maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoarekin, abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazketan, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hura argitaratzea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2023ko azaroaren 7ko Erabakia, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2023rako laguntza-deialdia –Lehen Aukera programa– finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzen dituena.

Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek onartzen den egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Argitaratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 7a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERABAKIA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO 2023RAKO LAGUNTZAK –LEHEN AUKERA PROGRAMA– FINANTZATZERA BIDERATUTAKO BALIABIDE EKONOMIKOAK HANDITZEN DITUENA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2023rako laguntza-deialdia onartu zuen –Lehen Aukera programa–, zeina 2022ko abenduaren 30ean argitaratu baitzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (249. zk).

Deialdi horren arabera, 7.000.000 euro bideratuko dira laguntzak finantzatzera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren kargura; zenbateko horretatik, 3.780.000 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 3.220.000 euro, 2023ko konpromiso-kredituari.

Hori da, hain zuzen, laguntzak emateko ezarri den muga. Dena den, deialdiak xedatzen du kopuru hori handitu ahal izango dela, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Hala balitz, hori guztia argitara eman beharko da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

Gazte langabeak kontratatzeko aurkeztu den eskabide kopuruak nabarmen gainditu ditu aurreikuspenak. Horrek esan nahi du, batetik, enpresek oso ongi erantzun diotela deialdiaren bidez lortu nahi den helburuari –hau da, gazteen enplegua sustatzeari– eta, bestetik, laguntzetara bideratutako baliabide ekonomikoak eskas geratu direla.

Beharrezkoa da, beraz, egoerari erantzuna ematea eta ekimen horretarako laguntza areagotzea, laguntza-programa hori ekonomikoki indartuz, ahalik eta eskaera gehienei erantzute aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2023ko azaroaren 7ko bilkuran, erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2023rako laguntza-deialdia –Lehen Aukera programa– finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzea (zenbatekoa: 1.666.667 euro), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 3211-Enplegua programaren kargura, honela banatuta: 866.667 euro, 2023ko ordainketa-kredituaren kargura, eta 800.000 euro, 2024ko konpromiso-kredituaren kargura.

Ondorioz, aipatutako deialdiaren babesean emango diren laguntzak finantzatzera bideratuko den aurrekontu-kreditua 8.666.667 euro izango da, guztira; zenbateko horretatik, 4.646.667 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 4.020.000 euro 2024ko konpromiso-kredituari.

Lan-kontratuetarako dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu daitezke, deialdian adierazitako baldintzetan.


Azterketa dokumentala